170. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

421/2018 EBAZPENA, abuztuaren 14ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, “Ikastetxe publikoentzako laguntzak, egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko 2018-2019 ikasturtean” deialdia onesten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza arloan bidezkoak diren neurriak hartu behar ditu egoera ahulean dauden ikasleei behar duten arreta emateko, hezkuntza sisteman ezarritako hezkuntza eta prestakuntza arloko xedeak lor ditzaten.

93/2008 Foru Aginduak, Nafarroako ikastetxeetan aniztasunari erantzuteko modua arautzen duenak, 36. artikuluan dio Hezkuntza Departamentuak behar diren baliabideak eta laguntzak jarriko dituela Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan eskolaturik dauden egoera sozioekonomiko ahuleko ikasleen desorekak konpentsatzeko eta berdintasuna bermatzeko.

Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoetan matrikulatutako ikasle horiei laguntza ematen die hainbat baliabide materialen bitartez, hala nola eskola materialerako laguntza ekonomikoa eta ikasgelatik kanpoko eskola jardueretarako eta Gorputz Hezkuntzako ekipamendurako laguntza.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du deialdi publiko bat onesteko, ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko behar diren baliabideak aztertu eta esleitu daitezen 2018-2019 ikasturterako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen 1. eranskinean jaso diren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko behar diren baliabideak onartu eta esleitu ahal izateko deialdi publikoari dagozkio.

2. 2018-2019 ikasturtean deialdi honen xedeko baliabide ekonomikoak finantzatzeko kreditua 650.600 eurokoa izanen da gehienez ere, 2018ko aurrekontuko “Aniztasunari Erantzuteko Plana. Ikastetxe publikoetan hezkuntza-konpentsazioko ekintzak egitea egoera ahulean dauden ikasleentzat” izeneko 420002-42190-2269-322400 partidaren kargura.

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

650.600,00 euro

420002 42190 2269 322400

“Aniztasunari Erantzuteko Plana. Ikastetxe publikoetan hezkuntza-konpentsazioko ekintzak egitea egoera ahulean dauden ikasleentzat”

2018

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari, Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 14an.–Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, Hasier Morras Aranoa. (Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ordez, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 1eko 109/2017 Foru Aginduaren arabera)

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko behar diren baliabide materialak
onartu eta esleitzeko deialdi publikoari dagozkionak

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe publikoei diru-laguntza bat ematea, haien eskolatzea errazteko eta behar duten materiala faltako ez zaiela bermatzeko.

Ebazpen honen bidez ematen diren baliabideak oso-osorik bideratuko dira, desabantailazko egoera ekonomikoa izanik, hezkuntza sisteman sartzeko, irauteko edo aurrera egiteko zailtasunak dituzten ikasleentzat.

2. Eskabideak aurkezteko epea eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Zuzendaritza taldeak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik jasotako informazioarekin eta ikastetxean bertan eskura duenarekin, eskaeraren xedeko ikasleak baloratuko ditu eta horren gaineko txostena emanen dio Eskola Kontseiluari (ikastetxean eskura dagoen informazioa EDUCA kudeaketa sisteman dago, egoera sozioekonomiko ahulean eta/edo gizarte laguntzen menpe dauden familiako kideen atalean). Gero, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari igorriko dio 2018-2019 ikasturterako laguntza eskaera.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak ikastetxeek igorritako informazioa EDUCA kudeaketa sisteman jasotakoarekin bat datorrela egiaztatuko du.

Eskaerak deialdi honen 2. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

3. Zuzkidura ekonomikoa.

2018-2019 ikasturterako deialdiaren xedeko baliabide ekonomikoak finantzatuko dituen kreditua 650.600 eurokoa izanen da gehienez ere, 2018ko aurrekontuko “Aniztasunari Erantzuteko Plana. Ikastetxe publikoetan hezkuntza-konpentsazioko ekintzak egitea egoera ahulean dauden ikasleentzat” izeneko 420002-42190-2269-322400 partidaren kargura.

Modulu ekonomikoak ikastetxeei emanen zaizkie goian aipatutako jardueretan eta xedeetarako erabil ditzaten, baina aurreko puntuan aipatutako partidaren zenbatekoak horiek baldintzatuko ditu, hartutako datuak egiaztatzeko asmoz EDUCA programa kontsultatu ondoren.

Ikastetxe bakoitzari dagozkion diru kopuruak ebazpen bakar baten bidez ordainduko dira, eta familiei ez zaie zuzeneko diru ekarpenik emanen inoiz ere.

Ikasle bakoitzari esleituko zaion modulua zehazteko, partidaren guztirakoa, ikastetxe eskatzaileen kopurua eta laguntza jasotzen duten ikasleen kopurua hartuko dira kontuan.

Orobat, datu horiek guztiak EDUCA programan jasotakoekin alderatuko dira.

4. Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

Deialdi hau Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebatziko du, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak proposatuta, eta ikastetxeei jakinaraziko zaie. Eskabidean espresuki eskatzen bada, jakinarazpen hori telematika bidez egiten ahalko da, betiere gaitutako helbide elektroniko bat izanez gero (Posta Zerbitzuari eskatua).

5. Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.

Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko deialdi honen bidez esleitzen diren baliabide ekonomikoak honako hauetarako izanen dira:

Eskolako materiala erostea: testuliburuak, material osagarria (hiztegiak, atlasak, karpetak eta abar).

Gorputz Hezkuntzako ekipamendua.

Ikaslearen diru-ekarpena behar duten gelatik kanpoko eskola jardueretarako laguntza ekonomikoa (kultur bisitak, lan ateraldiak, txangoak eta abar).

Dirua ez da behin ere erabiliko eskolako jantokiko edo eskola garraioko zorrak ordaintzeko, zerbitzu horrek berariazko laguntzak ditu eta.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak egiaztatuko du deialdiaren xedeko laguntzak deialdiaren helburuetarako erabili direla, dagokion gastuen justifikazioa eskatuz, egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleetatik eskolatzen duten ehunekoa dela-eta ikastetxe mota guztiak ordezkatzen dituzten ikastetxe publikoen %5en laginketa baten bidez. Horretarako, hautatutako ikastetxeetako zuzendaritzak justifikazio memoria bat aurkeztuko du laguntza horren bidez erositako materialen eta ekipamenduen eta finantzatutako jarduera osagarrien gastuei buruz, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan, 2019ko ekainaren 30ean beranduenez; memoria horrek barnean hartuko du 3. eranskina, behar bezala betea.

2. ERANSKINA

Diru-laguntza eskaera (PDFa).

3. ERANSKINA

Deialdiaren xedeko gastuen zerrenda (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1810336