17. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MONTEAGUDO

Ordenantza, Udalaren padel pistaren funtzionamendua eta erabilera arautzen dituena. Behin betiko onespena

Monteagudoko Udalak, 2017ko irailaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalaren padel pistaren funtzionamendua eta erabilera arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2017ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 16an, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Monteagudon, 2017ko azaroaren 29an.–Alkatea, Mariano Herrero Ibáñez.

PADEL PISTAREN FUNTZIONAMENDUAREN ETA ERABILERAREN ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udalaren kirol instalazioetan padelean jarduteko, padel pistaren funtzionamenduaren eta erabileraren oinarrizko baldintzak ezartzea.

2. artikulua. Erabiltzaileak.

Udalaren padel pista erabiltzeko baldintzak eta eskakizunak, ordenantza honetan jasotzen direnak, betetzen dituen pertsona fisiko oro izaten ahalko da erabiltzaile.

12 urtetik beherako haurrek, betiere heldu batek lagunduta, erabiltzen ahalko dituzte pistak.

Kirol instalazioetako bazkide izateak ez du eskubiderik ez abantailarik ematen gainerako erabiltzaileekin alderatuta.

3. artikulua. Pistaren kontserbazioa eta ekipamendu egokia.

Bizikletek, motorrek eta antzeko beste ibilgailuek ezin izango dute padel pistaren inguruko eremu urbanizatura sartu. Ibilgailuek horretarako dauden lekuetan aparkatu beharko dute.

Pistan sartu aurretik, jokalariek oinetakoetan eraman ditzaketen lur edo lokatz arrastoak kendu beharko dituzte. Halaber, pistatik ateratzen direnean, saiatuko dira botilarik edo bestelako arrastorik ez uzten.

Erabiltzaileak okerren bat ikusten badu instalazioan, sartzeko behar den kontrol gunean eman beharko du horren berri.

Pista erabiltzeko, kirolerako egoki diren ekipamendua eta oinetakoak eraman beharko dira.

Erabiltzen diren erraketak eta pilotak propio padelekoak izan beharko dira.

4. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Monteagudoko Udalak ez du inolako erantzukizunik izango kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

Parte-hartzaileek, erreserba egiten duten unean, egin nahi duten kirol ariketak egiteko sasoian daudela adierazten dute.

5. artikulua. Pistak erreserbatzea.

Padeleko pista erreserbatu ahal izateko ez da beharrezkoa izango kirol instalazioetako bazkide izatea.

Pista erreserbatzeko txandak ordubetekoak izango dira partida bakoitzerako eta pistan gutxienez 2 jokalari beharko dira.

Erabiltzaileak kontrol gunean pistako giltzak jaso, bere NANa utzi eta berarekin batera doazen jokalarien izenak eman beharko ditu.

Jokatzeko ordua bukatutakoan, erabiltzaileek pista utzi eta beren gauza guztiak jasoko dituzte. Sartzeko atea itxi eta giltza kontrol gunean itzuliko dute eta beren NANa itzuliko diete bertan.

Erabiltzaileek padeleko pista erabiltzea ahalbidetuko da aurretik erreserbaturik ez dagoenean eta erabiltzeko denbora bakarra ordubete izango da, ez bada berriz alokatzen dela, betiere beste inork eskaera eginda ez badu. Erabiltzaile berberak ezin izango du erreserbatu astean 2 ordutik gora ere, ez bada erreserbatu gabeko tarteak daudela.

Erreserbak idazteko kontrol gunean kudeatuko den liburu bat egongo da. Bertan erreserba egiten duen erabiltzailearen eta gainerako jokalarien izenak idatziko dira.

Erreserba egiterakoan pista okupaturik badago, itxaron zerrenda ezarriko da kontrol gunean. Zerrendako taldeek izena emateko hurrenkeran hartuko dute libre gelditzen denean.

Erreserbaturiko orduaren 10 minutu igarota, erabiltzaileek ez badute pista okupatzen, erreserba bertan behera geldituko da.

Erreserbaturiko pista bat ez bada erabiliko, 4 ordu lehenago jakinaraziko da. Horrela egiten ez bada, erabiltzaile horrek ezin izango du pista erreserbatu astebetez.

Pista aurreko egunean erreserbatu beharko da, betiere kontrol gunean bertan, eta pistak libre egonez gero, orduantxe egiten ahalko da.

6. artikulua. Kontrol gunea.

Kirol instalazioetan sartzeko kontrolean egongo da igerilekuetako garaian egunero, eta urteko gainerako garaietan, asteburuetan; udaletxean goizez astelehenetik ostiralera astegunez, igerilekuetako garaia ez denean, eta gizarte etxean arratsaldez astelehenetik ostegunera eta asteburua ez den jaiegunetan, igerilekuetako garaia ez denean.

Udalak, era berean, Gaztediaren Etxea egokitzen ahalko du kontrol gune gisa.

7. artikulua. Padel pista erabiltzeko tasak

Pista erabiltzea doakoa izango da Kirol Instalazioetako bazkideendako.

Kirol Instalazioetako bazkide ez direnek, padel pista erabili ahal izateko kirol instalazioetara sartzeko ezarritako tarifa bera ordaindu beharko dute.

8. artikulua. Jarduerak garatzea (lehiaketak, txapelketak, ikastaroak, etab.).

Monteagudoko Udalak padel jarduerak garatzen ahalko ditu Kirol eta Gazteria Kontseilaritzak edo beste kirol erakunderen batek programatuak, esaterako, lehiaketak, txapelketak, etab. Ondorioz erreserba sistema baliogabetuko da harik eta lehiaketa horiek bukatu bitartean.

Monteagudoko Udalak padel ikastaroak adosten ahalko ditu. Kasu horretan, ikastaroak ematen diren orduetan, pista ikastarorako erreserbatuko da.

9. artikulua. Padel pistak ireki eta ixteko orduak.

Ordutegia gainerako kirol instalazioek duten bera izango da.

10. artikulua. Zehapenak.

Erreserbaturiko pista bat ez bada erabiliko, 4 ordu lehenago jakinaraziko da. Horrela egiten ez bada, erabiltzaile horrek ezin izango du pista erreserbatu astebetez.

Instalazioak modu okerrean erabiltzen dituztenei edo kalteak nahita sortzen dituztenei zehapena jarriko zaie eta ondorioz ezin izango dute padel pistarik erabili hilabete batez. Gainera, udalaren titulartasuneko ondasunetan kalte-galerarik gertatzen bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzte.

Horrelako jarrera errepikatzen dutenentzako zehapena izanen da gutxienez 6 hilabetez padel pistarik erabili ezin izatea.

Zehapen prozedura egin beharko da Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari jarraikiz eta, betiere, zehapenak ezarri aurretik, interesdunari entzunaldia eman beharko zaio.

Monteagudoko Udalak zilegi izango du indarreko araudian aldaketak egitea, instalazioak hobeki erabili eta baliatzeko xedez.

Iragarkiaren kodea: L1713979