2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
“Iruñeko Udalaren Operatzaile Energetikoa SM” udal erakunde merkataritza-sozietate publiko mugatua sortzea.
Behin betiko onespena
Udalbatzak, 2018ko ekainaren 7an egin osoko bilkuran eta erregelamenduzko quoruma zuela, honako erabaki hau hartu zuen:
1.–Behin betiko onestea “Iruñeko Udalaren Operatzaile Energetikoa Sozietate Mugatua” udal erakunde merkataritza-sozietate mugatua sortzeko memoria.
2.–Onestea “Iruñeko Udalaren Operatzaile Energetikoa Sozietate Mugatua” merkataritza-sozietatearen eraketa.
3.–Onestea Iruñeko Operatzaile Energetikoa SM sozietatearen estatutuak, energia elektrikoa salduko baitu.
4.–Sozietatea hiru mila (3.000,00) euroko kapital sozialaz zuzkitzea. Akzio bakar batek ordezkatuko du, oso-osorik Iruñeko Udalak harpidetua eta ordaindua.
5.–3.000,00 euroko gastua baimentzea, 2018ko aurrekontuaren kargura.
6.–Alkateari ahalmena ematea sozietatea eratzeko ekitaldian agertzeko, Iruñeko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, baita estatutuak sinatzeko eta beharrezkoak diren egintzak, izapideak eta kudeaketak egiteko ere, sozietatea eratu eta inskribatu dadin eta behar diren baliabide materialak zein langileriarenak izan ditzan.
7.–Joseba Asirón Sáez alkatea izendatzea, Batzar Nagusian ordezkari gisa, sozietatea abian jartzeko behar diren erabakiak har ditzan sozietatea eratzen den unean. Organo horren eskumenekoak dira erabaki horiek, eta estatutuen 12. artikuluan jasotzen dira:
–Administratzaileak izendatzea.
–Batzarburua izendatzea.
–Batzarburuordea izendatzea.
–Idazkaria izendatzea.
–Batzar Nagusiaren bilkuren aktak onestea, horiek bukatu eta gero.
8.–Estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, sozietatea Nafarroako Merkataritza Erregistroan inskribatzea eta, sozietateak nortasun juridikoa lortzen duenean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko foru legerian eta hura garatzen duen arautegian ezarritako jarduketak egitea.
9.–Sozietatearen Administrazio Kontseilua Tokiko Gobernu Batzarrak izendatzen dituen kideek osatuko dute.
Behin betiko onespenaren erabaki honek ondorio juridikoak izan ditzan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, behin betiko testuarekin eta estatutuekin batera.
1. ERANSKINA
Iruñeko udalaren operatzaile energetikoa smko estatutuak
I. titulua
Izena, xedea, helbidea eta iraupena
1. artikulua. “Iruñeko Udalaren Operatzaile Energetikoa SM” izena izanen du merkataritza-sozietateak. Kapitaleko Sozietateei buruzko Legeak arautuko du.
2. artikulua. Hau da sozietatearen xede nagusia: iturri berriztagarriek emaniko elektrizitatea ekoiztu eta saltzeko jarduerak egitea, Iruñeko Udalari eta zehazten diren hirugarrenei dagozkien horniduretarako, alegia energiarekin zerikusia duten zerbitzuei buruzko jarduerak egitea.
“EJSN D3514: Energia elektrikoaren salmenta” kategoriari dagokio jarduera nagusia.
Horrez gain, hauek izanen ditu xede sozial gisa:
–Egungo instalazio fotovoltaikoa kudeatu eta hura hedatzen saiatzea, Udalaren eskura dagoen ondarea baliatuta.
–Erraztasunak ematea herritarrek eta gizarte eragileek energia berdea jar dezaten (energia-aholkularitza).
–Sortzekoa den enpresa merkaturatzaileak eragindako diru-sarrerak berrinbertitzea pobrezia energetikoari aurre egiteko programetan.
Sozietate hau Iruñeko Udalaren baliabide propio gisa eratzen da, eta bete beharreko mandatuak eman ahal zaizkio, xede sozialaren jarduerekin zerikusia dutenak.
Xede sozialaren jardueraren bat egiterakoan, legezko xedapenek eskatzen baldin badute titulu profesional, administrazio baimen edo erregistro publikoetan egiteko inskripziorik, titulu hori dutenek egin beharko dute jarduera. Halaber, jarduerak ezin izanen dira hasi administrazio baldintzak betetzen ez diren bitartean, hala behar badu.
3. artikulua. Hona hemen sozietatearen helbidea: San Saturnino 2, Iruña. Administrazio Kontseiluak eskumena izanen du sukurtsalak sortu, kendu edo lekualdatzeko, baita egoitza soziala aldatzeko ere, betiere udal-mugartearen barnean.
4. artikulua. Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du. Eraketak ondorioak izanen ditu sortze-eskritura ematen den egunetik aurrera, hori baita eragiketak egiten hasi zen eguna.
II. TITULUA
Kapital soziala
5. artikulua. Kapital soziala 3.000,00 eurokoa izanen da. Oso-osorik harpidetua eta ordaindua dagoen partizipazio batek ordezkatzen du. Partizipazioa Iruñeko Udalarena eta ez beste inorena izanen da.
6. artikulua. Sozietateak handitu edo murrizten ahalko du kapital soziala, indarrean dauden legezko xedapenei jarraituz.
Batzar Nagusiak zehaztuko ditu handitze eta murrizte bakoitzaren baldintzak eta modua.
7. artikulua. Sozietateak obligazioak jaulki ditzake, izendunak zein eramailearenak, hipotekakoak ala beste. Batzar Nagusiaren erabaki bidez egin behar da, Batzarrak zehaztutako interesarekin, ordaintzeko epearekin eta gainerako baldintzekin, betiere Kapitaleko Sozietateei buruzko Legeak ezarritako muga eta betebeharren barnean.
III. TITULUA
Sozietatearen gobernua eta administrazioa
8. artikulua. Honako hauek izanen dira sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak:
1. Batzar Nagusia.
2. Administrazio Kontseilua.
3. Kudeatzailetza.
I. KAPITULUA
Batzar Nagusia
9. artikulua. Iruñeko Udalaren Osoko Bilkura izanen da Batzar Nagusia.
10. artikulua. Batzar Nagusiak bilkura arrunta eginen du, urteko lehenbiziko seihilekoan, sozietatearen kudeaketa onetsi edo ezesteko, aurreko ekitaldiko urteko kontuak onesteko, halakorik bada, eta emaitzaren aplikazioaz ebazteko. Halaber, bilkura berezia eginen du, organo eskudunak hura deitzen duen bakoitzean edo Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak eskatuta. Horrela bada, Batzar Nagusiaren bilkura deitu beharko da eskaeraren erabakia hartu eta hurrengo 30 egunetan.
11. artikulua. Batzar Nagusia deitutzat joko da eta edozein gai jorratzeko balioz eratua egonen da, betiere horren kide bakarra -Iruñeko Udala- baldin badago eta bilkura egitea onartu bada.
12. artikulua. Batzar Nagusiak eskumena du honako gai hauei buruz eztabaidatu eta erabakitzeko:
a) Urteko kontuak onestea, emaitza aplikatzea eta sozietatearen kudeaketa onestea.
b) Administratzaileak, likidatzaileak eta, hala bada, kontu-ikuskariak izendatzea eta kargutik kentzea, baita haietako edozeinen aurka jotzea ere, erantzukizuneko gizarte-ekintza erabiliz.
c) Sozietatearen estatutuak aldatzea.
d) Kapital soziala handitu eta murriztea.
e) Lehentasunez harpidetzeko edo beregain hartzeko eskubidea kentzea edo mugatzea.
f) Funtsezko aktiboak erosi, besterendu edo beste sozietate bati ematea. Aktibo bat funtsezkotzat hartuko da baldin eta eragiketaren zenbatekoa onetsitako azken balantzearen aktiboen ehuneko hogeita bost baino handiagoa bada.
g) Aktiboak eta pasiboak eraldatu, fusionatu, zatitu edo osorik lagatzea, eta helbidea atzerrira eramatea.
h) Sozietatea desegitea.
i) Likidazioaren azkeneko balantzea onestea.
j) Legeriak ezartzen dituen bestelako gaiak.
II. KAPITULUA
Administrazio Kontseilua
13. artikulua. Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Nagusiak zehaztuko du administratzaile kopurua; gutxienez zazpi izanen dira eta gehienez hamaika.
14. artikulua. Ezin izanen da administratzaile izan legerian ezarritako bateraezintasun- edo ezgaitasun-arrazoietako edozeinetan daudenak.
Administratzaile izendatua izateko ez da beharrezkoa izanen Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurako kide izatea. Hala ere, Administrazio Kontseiluko kide gehienek ubalbatzakide izan behar dute.
Administratzaileak 4 urteko epeetarako izendatuko dira, eta berriz ere izendatu ahal izanen dira, 4 urteko beste epe baterako edo gehiagorako.
Administratzaile kargua ez da ordainduko, baina kalte-ordainak jaso ahalko dira karguan jarduteak eragiten dizkien kalteengatik.
15. artikulua. Iruñeko Udaleko alkatea administratzaile bada, hark beteko du, nahitaez, Administrazio Kontseiluko burutza.
Kontseiluak hautatuko du, bere kideen artean, buruordea, Kontseiluko burua ordeztuko duena hura gaixorik, kanpoan edo bateraezintasun kasuetan badago, edo bilkuretara joaten ez bada.
Kontseiluak berak izendatuko du idazkaria, administratzaileetako bat izan daitekeena. Administratzaileetako bat ez bada, idazkariak hizpidea izanen du Kontseiluko bilkuretan, baina botorik ez.
Kudeatzaile izendatzen den pertsona bilkuretan egonen da, eta hizpidea izanen du, baina botorik ez.
16. artikulua. Kontseiluak bilkura izanen du hiru hilean behin, gutxienez, eta betiere burutzak deitzen duen guztietan edo osatzen dutenen herenak eskatzen duenean.
Bilkurak deialdian adierazitako toki, egun eta orduan izanen dira. Kontseiluko burutzak eginen du deialdia berrogeita zortzi ordu lehenago, eta bertan jasoko dira aztertzeko gaien zerrenda eta behar den informazio osagarria. Ahal dela, deialdia posta elektroniko bidez eginen da, administratzaile bakoitzak emandako helbidera igorriz. Deialdia jakinarazpen pertsonal bidez egin daiteke, baita posta edo bestelako bitartekoen bidez ere, deialdia, gai zerrenda eta informazio osagarria behar bezala jasotzen direla bermatzen badute.
Halaber, presako deialdiak egin daitezke berrogeita zortzi orduan baino gutxiagoan, aurreko paragrafoan ezarritako baldintza berei jarraituz.
17. artikulua. Administrazio Kontseilua baliozko moduan eratzeko, kideen edo haien ordezkarien erdiak gehi batek egon beharko dute bilkuran. Kide kopurua bakoitia bada, administratzaileen gehiengoak egon behar du.
Ordezkaria bilkura bakoitzerako hautatu beharko da, eta beste administratzaile batek jaso ahalko du ordezkaritza, ez beste inork, burutzari igorritako idazki baten bidez.
Bilkurara bertaratutako administratzaileen gehiengo osoz hartuko dira erabakiak, legezko quorum handiagorik ez bada eskatzen. Berdinketetan, burutzak izanen du boto erabakigarria.
18. artikulua. Administrazio Kontseiluari dagozkio sozietatearen administrazioa eta ordezkaritza. Ahalmen eta botere guztiak izanen ditu sozietatearen interesak kudeatu, zuzendu eta administratzeko, Batzar Nagusiari espresuki utzitako kasuetan izan ezik.
Kontseiluari dagozkio, nolanahi ere, gastuen eta diru-sarreren aurreikuspen-egoerak urtero onestea, baita sozietatearen jarduketaren, inbertsioen eta finantzaketaren urteko programak.
III. KAPITULUA
Kudeatzailetza
19. artikulua. Administrazio Kontseiluak ahaldun bat izendatu ahalko du. Horrek kudeatzaile postuan jardunen du, eta zerbitzu tekniko eta administratiboen burutza beteko, baita Administrazio Kontseiluak ahalordetzeen bidez agintzen dizkion eginkizunak ere, Merkataritza Kodearen 281. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Nolanahi ere, Kudeatzailetzaren eskumenekoak dira honako hauek:
a) Izapidetze arruntak egitea (besteak beste, edozein erakunderen aurrean egiteko inskripzioak eskatzea eta agiriak jasotzea).
b) Sozietatearen langileria erabat kudeatzea (besteak beste, bidezko zehapenak ezartzea, aparteko orduak baimentzea eta behar diren langileak kontratatzea, Administrazio Kontseiluak onetsitako ordainsariei buruzko araubidearen eta plantillaren arabera).
c) Sozietatearen kudeaketa ekonomikoa eramatea (besteak beste, edozein motatako ordainketak egitea edo baimentzea, fakturak jaulkitzea, transferentziak agintzea eta taloiak sinatzea).
d) Kontratazioak egitea, balio zenbatetsia ez bada 30.000 euro (BEZa kanpo) baino handiagoa, mailegu kontratuen kasuan izan ezik, Administrazio Kontseiluaren eskumenekoak baitira.
e) Obra, zerbitzu eta horniduren harrera baimentzea.
Kudeatzailetzaren ebazpenak Administrazio Kontseiluaren bilkura bakoitzaren gai zerrendan jasoko dira, kontseilukide guztiek ezagut ditzaten.
20. artikulua. Kudeatzaile postua dedikazio esklusiboko araubidean beteko da. Titularrak ezin izanen du bestelako edozein lanbidetan jardun, ezta industriako edo merkataritzako beste edozein jardueratan ere, salbu eta Kontseiluak kasu bereziren baterako berariazko baimena ematen badio.
Administrazio Kontseiluak zehaztuko ditu postuan aritzeak dakartzan eskubideak eta eginbeharrak.
IV. TITULUA
Araubide ekonomikoa
21. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa urte naturalari dagokio.
22. artikulua. Sozietateak urtero igorriko dizkio Iruñeko Udalari gastuen eta diru-sarreren aurreikuspenak, baita jarduketaren, inbertsioen eta finantzaketaren urteko programak ere.
23. artikulua. Sozietatearen kontabilitatea merkataritzako antolamendu juridikora egokitu behar da, baita indarrean dagoen enpresa pribatuentzako Kontabilitateko Plan Orokorrera ere, deusetan ukatu gabe eragiketen berri ematea Nafarroako Kontuen Ganberari (eragiketaren izaera edozein izanda ere) eta Iruñeko Udalaren ikuskatzearen menpe egotea.
24. artikulua. Administrazio Kontseiluak urteko kontuak, kudeaketari buruzko txostena eta emaitza aplikatzeko proposamena eginen ditu. Sozietatearen ekitaldia itxi eta hiru hilabetean aurkeztu beharko ditu horiek.
25. artikulua. Bidezko izan daitezkeen legezko edo beharrezko erreserbak lehentasunez hartu behar direla baztertu gabe, mozkinak funtsak osatzeko erabiliko dira, borondatezko erreserbakoak edo handitzetarakoak.
V. TITULUA
Desegitea eta likidazioa
26. artikulua. Sozietatea deseginen da Sozietateei buruzko Legean aipatutako edozein arrazoirengatik.
27. artikulua. Sozietatea deseginez gero, eta likidazioko eragiketak egin ondoren, Iruñeko Udalak hartuko du bere gain ondoriozko aktiboa, halakorik bada, erregistro-idazpenak aldez aurretik deuseztatu gabe bada ere.
Argitara ematen da, orok jakin dezan.
Iruñean, 2018ko abuztuaren 2an.–Alkatea udalburua, Joseba Asirón Sáez.
Iragarkiaren kodea: L1810026