Iragarkia
169. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OTEITZA
Aldaketa Administrazio elektronikoa arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena
Oteitzako Udalak, 2018ko maiatzaren 17an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Administrazio elektronikoa arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa.
Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 12an, eta legez ezarritako jendaurreko epea alegaziorik, kexarik edo oharrik gabe iragan denez, argitara ematen da behin betiko aldaturiko ordenantzaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritako aginduei jarraituz.
Oteitzan, 2018ko abuztuaren 1ean.–Alkatea, Tirso Salvatierra Martínez de Eulate.
UDAL ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUENA
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzearekin batera, berariaz indargabetu ziren honako xedapen hauek:
a) 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
b) 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrak Zerbitzu Publikoetara Bide Elektronikoz Sartzeari buruzkoa.
c) 1671/2009 Errege Dekretua, azaroaren 6koa, Herritarrak Zerbitzu Publikoetara Bide Elektronikoz Sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duena, honako artikulu hauek: 2.3, 10., 13., 14., 15., 16., 26., 27., 28., 29.1.a), 29.1.d), 31., 32., 33., 35., 36., 39., 48. eta 50. artikuluak, lehen xedapen gehigarriaren 1., 2. eta 4. atalak, hirugarren xedapen gehigarria, lehenbiziko xedapen iragankorra, bigarren xedapen iragankorra, hirugarren xedapen iragankorra eta laugarren xedapen iragankorra.
Beraz, Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza aldatu behar da. Oteitzako Udalak behin betiko onetsi ondoren, 2011ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 19an.
Aitzineko guztia kontuan izanik, Oteitzako Udalak, legezko betebehar horren jakitun eta herritarrari Administrazioa hurbiltzeko eta zerbitzu hobea eskaintzeko aukera bikaina dela ziur izanik, ordenantza hau onetsi du kanal telematikoa abian jartzeari begira berak bere gain hartu behar dituen konpromiso eta betebeharrak zehazteko, herritarrak udal zerbitzuak erabiltzeko bide nagusi gisa. Horrenbertzez, herritarraren eta hurbilen duten Administrazioaren arteko harremana errazteko eskura dauden bitarteko elektronikoak erabiliko dituen administrazioa bultzatzeko Oteitzako Udalak harturiko konpromisoaren esparrua arautzen du ordenantza honek, horrekin hobetuko baita herritarrari eskainitako zerbitzua, eta herritarrarendako erraza izanen da Udal Administraziora iristea egunak dituen 24 orduetan eta asteak dituen zazpi egunetan.
ATARIKO TITULUA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da udal administrazioaren alde elektronikoak arautzea, eta egoitza elektronikoaren, erregistro elektronikoaren eta administrazioko kudeaketa elektronikoaren araubide juridikoa sortu eta zehaztea. Horren bidez gauzatzen da herritarrek duten Udalaren zerbitzu publikoen sarbide elektronikoa erabiltzeko eskubidea.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Ordenantza hau Udal Administrazioa osatzen duten erakunde publiko eta entitateetan aplikatuko da, honako hauek harturik:
a) Oteitzako Udala osatzen duten alorrak eta zerbitzuak.
b) Oteitzako Udalaren mendeko erakunde autonomoak.
c) Oteitzako Udalak, berarekin loturik, sor ditzakeen enpresa erakunde publikoak.
d) Pertsona fisikoak, juridikoak eta nortasunik gabeko erakundeak, aplikazio esparruaren barneko entitateekiko harremanetan.
2. Enpresa publikoek eta zuzenbide pribatuko gainerako erakunde publikoek, horietan Oteitzako Udalaren partaidetza zuzena edo zeharkakoa gehiengoa bada, behar diren neurriak hartuko dituzte udal eskumeneko zerbitzu publikoen prestazioen esparruan, zerbitzu horiek bitarteko elektronikoen bidez eman ahal izateko, ordenantza honetan azaldutako printzipioen arabera zuzenbide publikoarekin loturiko jarduerak gauzatzen dituztenean.
3. Aurreko apartatuan xedatua udal eskumeneko zerbitzu publikoen enpresa kontzesiodunei ere aplikatuko zaie zerbitzu publiko horien prestazioaren esparruan. Horretarako, Udal Administrazioak bere kontratazio agirietan islatu ahal izanen du adjudikaziodunak duen obligazioa zerbitzua bitarteko elektronikoen bidez emateko.
4. Ordenantza hau ez zaie aplikatuko Udal Administrazioari eta haren mendeko erakunde publikoei zuzenbide pribatuaren araubidean egiten dituzten jardueretan, haien eskumen esparruan ahalmen publikoetan aritzean baizik ez baita aplikatuko.
3. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honi dagokionez, honako esanahi hau izanen dute ondoko hauek:
–Administrazio jarduera automatizatua: behar bezala programaturiko informazio sistema batek sorturiko administrazio jarduera, pertsona fisiko batek esku hartzeko beharrik izan gabe kasu bakan bakoitzean. Tramite egintzak edo prozedurak ebazteko egintzak hartzen ditu barnean, baita komunikazio egintza soilak ere.
–Aplikazioa: informatika erabiliz arazo bat konpontzeko helburua duen programa edo programa multzoa da.
–Autentifikazioa: bitarteko elektronikoak erabiliz egiaztatzea pertsona edo erakunde baten nortasuna, eta orobat egiaztatzea eragiketa, transakzio eta dokumentuetan azaldutako borondatearen edukia eta azken horien osotasuna eta egiletza.
–Kanalak: eduki eta zerbitzuen egiturak edo hedabideak, barne direla buruz buruko bidea, telefonikoa eta telematikoa, baita gaur egun dauden bertze batzuk edo etorkizunean egon daitezkeenak ere (gailu mugikorrak, TDT...).
–Ziurtagiri elektronikoa: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 6. artikuluaren arabera: “ziurtapen-zerbitzuen emaile batek elektronikoki sinaturiko dokumentua, sinadura egiaztatzeko datu batzuk sinatzaile batekin lotu eta haren nortasuna baieztatzen duena”.
–Ziurtagiri elektroniko aitortua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11. artikuluaren arabera: “ziurtagiri aitortuak dira ziurtapen-zerbitzuen emaile batek eginiko ziurtagiri elektronikoak, lege honetan zehazturiko baldintzak betetzen dituenean eskatzaileen nortasuna eta gainerako inguruabarrak egiaztatzeari eta egiten dituzten ziurtapen-zerbitzuen fidagarritasunari eta bermeei dagokienez”.
–Herritarrak: Administrazio Publikoekin harremanetan jartzen diren edo jartzen ahal diren pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta nortasunik gabeko erakundeak.
–Helbide elektronikoa: komunikazio sare batean informazioa edo zerbitzuak ematen dituen ekipo edo sistema elektroniko baten identifikatzailea.
–Dokumentu elektronikoa: edozein motatako informazioa modu elektronikoan, euskarri elektronikoan, formatu jakin baten arabera artxibatua, eta identifikazio eta tratamendu bereizia izan dezakeena.
–Estandar irekia: honako baldintza hauek biltzen dituena:
- Publikoa izatea eta erabilera dohainekoa edo sartzeko zailtasunik eragiten ez duen kostuan izatea.
- Jabetza intelektual edo industrialaren eskubidea ordaintzea ez da izanen hura erabiltzeko edo aplikatzeko baldintza.
–Sinadura elektronikoa: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, “datu elektronikoen multzoa, bertze batzuekin batera edo haiekin loturik daudenak, sinatzailea identifikatzeko bide gisa erabil daitezkeenak”.
–Sinadura elektroniko aurreratua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, “sinadura elektronikoa, sinatzailea identifikatzeko eta sinaturiko datuen edozein aldaketa atzemateko bidea ematen duena, soilik sinatzailearekin eta dagozkion datuekin lotua, sinatzaileak kontrolpean eduki ditzakeen baliabideen bitartez sortua”.
–Sinadura elektroniko aitortua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, “ziurtagiri aitortuan oinarrituriko sinadura elektroniko aurreratua, sinadura sortzeko gailu seguru baten bitartez sortua”.
–Elkarreragingarritasuna: informazio sistemen gaitasuna eta, beraz, horietan oinarritzen diren prozeduren gaitasuna, datuak partekatzeko eta haien artean informazioaren trukea eta ezagutza bideratzeko.
–Bitarteko elektronikoa: dokumentuak, datuak eta informazioak ekoitzi, bildu edo transmititzeko bidea ematen duen mekanismoa, instalazioa, ekipoa edo sistema, edozein komunikazio sare ireki edo mugatu barne dela, hala nola Internet, telefonia finko eta mugikorra edo bertze.
–Sarbide-puntu elektronikoa: Interneteko domeinu batean bildutako web orrien multzoa. Horien helburua da erabiltzaileari sarbidea eskaintzea, modu erraz eta integratuan, pertsona talde baten berariazko beharrak konpontzeko baliabide eta zerbitzu batzuetarako edo erakunde publiko baten informazioa eta zerbitzuak eskuratzeko.
–Sinadura elektronikoko sistema: sinadura elektronikoa sortzeko esku hartzen duten elementuen multzoa. Ziurtagiri elektronikoan oinarrituriko sinadura elektronikoaren kasuan, gutxienez honako hauek osatzen dute sistema: ziurtagiri elektronikoa, euskarria, irakurgailua, erabilitako sinadura aplikazioa eta sinaturiko dokumentuaren hartzaileak erabilitako interpretazio eta egiaztatze sistema.
–Denbora-zigilua: konfiantzazko hirugarren batek egiaztatzea bitarteko elektronikoen bidez eginiko edozein eragiketa edo transakzioren data eta ordua.
–Zerbitzu jarduera: norbere konturako edozein jarduera ekonomiko, gehienetan ordainsari baten truke emana.
–Zerbitzu jardueraren emailea: zerbitzu jarduera bat eskaintzen edo egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa.
4. artikulua. Printzipio orokorrak administrazio elektronikoaren arloan.
Administrazio elektronikoaren arloan, Oteitzako Udal Administrazioak printzipio hauen arabera jokatuko du:
–Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa: Udal Administrazioak informazioak, tramiteak eta prozedurak administrazio elektronikoan jasotzeko lana bultzatuko du, printzipio konstituzional hauek modu eraginkorragoan gauzatzeko: Administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.
–Sinplifikazio administratiboaren printzipioa: Udal Administrazioak, prozesu, prozedura eta tramite administratiboen sinplifikazioa eta integrazioa lortzeko, eta herritarrarendako zerbitzua hobetzeko, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko du, nola eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuz eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuz, aplikatu beharreko araudiaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz.
–Bitarteko elektronikoak bultzatzeko printzipioa: Udal Administrazioak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.bis artikuluaren 3. apartatuak xedatua betetzeko, lehentasunez bitarteko elektronikoen erabilera bultzatuko du bere jarduera guztietan, eta bereziki, herritarrarekiko harremanetan. Udal Administrazioak pizgarriak ezarri ahal izanen ditu herritarren artean bitarteko elektronikoen erabilera bultzatzeko, ordenantza honetan zehazturiko baldintzetan.
–Neutraltasun teknologikoaren eta elkarreragingarritasunaren printzipioa: Udal Administrazioak ordenantza honetan arauturiko jardueren gauzatzea bermatuko du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Era berean, elkarreragingarritasunaren estandarrak hartuko ditu erabilitako informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta bertze administrazioenekin, eta beroriek ezagut ditzaten, beti ere Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalaren barnean une bakoitzean erregelamenduz onesten denarekin bat.
–Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa: Udal Administrazioak, administrazio elektronikoa bultzatzean, herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna babesa bermatuko ditu, datuen babesari buruzko araudian, Segurtasun Eskema Nazionalean eta konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehazturiko baldintzetan.
–Doakotasunaren printzipioa: Administrazioak ezin izanen du diru ordain osagarririk eskatu herritarrarekin dituen harremanetan bitarteko elektroniko informatikoak eta telematikoak erabiltzeagatik.
–Parte-hartzearen printzipioa: Udal Administrazioak bitarteko elektronikoen erabilera bultzatuko du parte hartze eskubideak gauzatzeko, batik bat eskaera eskubidea, entzutea eta informazio publikoa izateko eskubideak, herritarren ekimena, kontsultak eta abisu, kexa, erreklamazio eta iradokizunen aurkezpena.
–Irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioa: Udal Administrazioak sistema errazen erabilera bermatuko du, herritarrarendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko. Udal Administrazioak irizpide bateratuen erabilera bultzatuko du informazioa bilatu eta ikusteko, informazioaren hedapena ahalik eta hobekien egin ahal izateko, irisgarritasun eta dokumentuen tratamenduaren nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz. Udal Administrazioak desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura jarriko ditu pertsona horiek Administrazioaren inguruko informazioa bitarteko elektronikoen bidez eta berdintasun baldintzetan lortzeko beharrezko diren baliabideak, orokorrean aitorturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.
–Informazioaren zehaztasunaren eta baliabide eskaintzaren printzipioa: Udal Administrazioak, informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatuko du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki berdin-berdina izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galaraziko edo zailduko bulego publikoetan buruz buru egiten den harrera edo bertze baliabide tradizionalen bidez egiten dena.
–Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa: bitarteko elektronikoak erabiltzeak ez du inolako diskriminazio edo kalterik ekarriko Udal Administrazioarekin bertze bitarteko batzuen bidez harremanetan jartzen den herritarrarendako, hori guztia bitarteko elektronikoen erabilera bultzatzeko neurriak ukatu gabe.
–Borondatezkotasunaren printzipioa: Udal Administrazioarekiko komunikazio telematikorako sistemak lege maila duen arau batek halaxe zehazten duenean soilik izanen dira nahitaezkoak eta esklusiboak administrazioen arteko harremanetan, bai eta harreman juridiko eta zerga harremanetan eta maila bereziko harremanetan ere, aplikatu beharreko arau juridikoen arabera.
–Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa: Udal Administrazioak behar diren ekintzak bultzatuko ditu trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezartzeko, herritarrak noiznahi, eta bitarteko elektronikoen bidez, tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.
–Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa: Udal Administrazioak behar diren neurriak bultzatuko ditu bitarteko baten bidez hasitako prozedurak bertze baten bidez jarraitu ahal izateko, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira.
–Administrazioen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioa: herritarrarendako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketan eraginkortasuna hobetzeko xedez, Udalak, gainerako Administrazio Publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko du, bereziki ordenantza honetan jasotzen diren aurreikuspenak gauza eta aplika daitezen, bertzeak bertze, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak. Bereziki, Udal Administrazioak, aukeraturiko sistema eta soluzioen elkarreragingarritasuna bermatuko du, baita herritarrari zerbitzuak batera egitea ere, posible denean.
–Gainerako Administrazio Publikoen sarbidearen eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa: Udal Administrazioak bertze Administrazio Publikoei bidea emanen die interesdunen inguruan euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta zehaztuko ditu datu horietan segurtasuna eta osotasuna izateko berme handienekin sartzeko behar diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak. Aurreko atalean aipaturiko datuen eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, Administrazio Publikoek, beren eginkizunetan ari direnean, beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabakitzeko eskatzen dituztenetara. Datu horietan sarbide izateko, interesdunak baimena emana izan behar du edo bertzela lege maila duen arau batek halaxe aurreikusi behar du.
LEHEN TITULUA
Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoari dagokionez, eta zerbitzu elektronikoen katalogoa
I. KAPITULUA
Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoari dagokionez
5. artikulua. Herritarraren eskubideak.
1. Herritarrari onartzen zaio Udal Administrazioarekin harremanetan jartzeko eskubidea bitarteko elektronikoak erabilita, indarrean dagoen legerian finkaturiko baldintzetan.
2. Gainera, jarduera administratiboan bitarteko elektronikoak erabiltzeari loturik, eta indarrean dagoen legerian eta ordenantza honetan aurreikusitako baldintzetan, honako eskubide hauek ditu herritarrak:
a) Udal Administrazioarekin administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektroniko baten bidez komunikatzeko.
b) Prozedura bakoitzerako une bakoitzean eskura daudenen artean, Udal Administrazioarekin bitarteko elektronikoez harremanetan jartzeko kanala hautatzeko.
c) Udal Administrazioarekiko harremanetan, bitarteko elektronikoak erabiltzean, laguntza jasotzeko.
d) Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta dokumentuak ez aurkezteko. Administrazio Publiko horiek, aurrerapen teknikoek horretarako aukera ematen duten heinean, bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte informazio hori biltzeko, baldin eta, datu pertsonalen kasuan, interesdunen baimena badute, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoak zehazturiko baldintzetan, edo lege mailako arau batek hala zehazten duenean, bildutako datu eta dokumentuen araudiaren arabera murrizketak daudenean izan ezik. Bitarteko elektronikoen bidez egin eta jaso ahal izanen da baimen hori.
e) Udal Administrazioak eta haren erakunde publikoek eskainitako zerbitzuetarako sarbide elektronikoan berdintasuna izateko.
f) Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren tramitazio egoeraren berri bitarteko elektronikoen bidez izateko, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informazioan sartzeko mugak paratzen dituenean izan ezik.
g) Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren barneko dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak lortzeko.
h) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak Udal Administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzeko.
i) Tramitazio elektronikorako behar diren baliabideak lortzeko (betiere Nortasun Agiri Nazionalaren sinadura elektronikoko sistemak erabili ahal izanen dituzte pertsona fisikoek, Udal Administrazioarekin edozein tramite elektroniko egiteko), eta Administrazio Publikoaren esparruan sinadura elektronikorako aitorturiko bertze sistema batzuk erabiltzeko.
j) Datu pertsonalak babesteko, eta, bereziki, Udal Administrazioaren fitxategi, sistema eta aplikazioetan dauden datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko.
k) Bitarteko elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoen kalitaterako.
l) Udal Administrazioarekin harremanetan jartzeko aplikazioak edo sistemak hautatzeko, baldin eta estandar irekiak edo, hala behar badu, herritarren artean erabiltzen direnak erabiltzen baditu.
m) Konstituzioak eta legeek aitortzen dizkieten bertze edozein.
3. Bereziki, zerbitzu jarduerak ezartzeko prozeduretan, herritarrak eskubidea du informazio hau eskuratzeko bitarteko elektronikoen bitartez:
a) Zerbitzu jardueretara iristeko eta haietan aritzeko behar diren prozedura eta tramiteak.
b) Zerbitzu jarduerekin ikusteko duten gaietan eskumena duten agintarien gaineko datuak, bai eta haiekin ikusteko duten elkarte eta erakunde profesionalen gainekoak ere.
c) Zerbitzu jardueren emaileen gaineko erregistro eta datu-base publikoetan sartzeko baliabide eta baldintzak, eta errekurtsoak paratzeko bideak, auzirik pizten bada agintari eskudunen, emaileen eta hartzaileen artean, edozein dela ere.
6. artikulua. Administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra.
1. Pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko Udal Administrazioarekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera. Pertsona bakoitzak edozein unetan aldatzen ahalko du Administrazio Publikoekin komunikatzeko aukeratu bidea.
2. Nolanahi ere, honako subjektu hauek, gutxienez, beharturik daude bitarteko elektronikoak erabiltzera Administrazio Publikoekin harremanetan administrazio-prozedura baten edozein tramite egiteko:
a) Pertsona juridikoak.
b) Nortasun juridikorik gabeko entitateak.
c) Nahitaez elkargokide egitea eskatzen duen lanbide-jardueraren bat egiten dutenak, administrazio publikoekin lanbide-jarduera hori gauzatzean egiten dituzten tramite eta jarduketetarako. Betiere ulertuko da talde horretan sartzen direla notarioak, jabetza-erregistratzaileak eta merkataritzako erregistratzaileak.
d) Administrazioarekiko harreman elektronikoa izatera beharturik dauden interesdunen ordezkariak.
e) Administrazio publikoetako langileak, enplegatu publiko izateagatik haiekin egiten dituzten tramite eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehaztu bezala.
3. Erregelamendu bidez, Administrazioek ezartzen ahalko dute nahitaezkoa dela bitarteko elektronikoen bidez jartzea harremanetan, bai prozedura batzuetarako, bai eta, beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztaturiko bertze arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat ere.
7. artikulua. Zerbitzu elektronikoetan sarbide izateko baliabideak.
1. Udal Administrazioak bere eskumenen esparruan ematen diren zerbitzu elektronikoetarako sarbidea bermatuko dio herritarrari hainbat kanaleko sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:
a) Erregistroaren alorreko laguntza-bulegoa, zeinak ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko baitu, libreki eta dohainik jarri ere. Laguntza eta orientabidea izan beharko dute haien erabileraz, dela kokaturik dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehituriko sistemen bidez.
b) Sarbide-puntu elektronikoak: zerbitzu eta erakunde publiko desberdinek sortu eta kudeaturiko egoitza elektronikoak dira, herritar guztien eskura daudenak, komunikazio sareen bidez.
Hona hemen sarbide-puntu nagusia, haren bidez, herritarrak, Udal Administrazioarekin dituen harremanetan, dagoen informazio guztia eta eskura dauden zerbitzu guztiak eskuratu ahal izateko: www.oteiza.es.
8. artikulua. Bitarteko elektronikoen sustapena.
Udal Administrazioak neurriak hartu ahal izanen ditu herritarrak eskaera, prozedura eta administrazio tramite batzuk bitarteko elektronikoen bidez egin ditzan bultzatzeko.
9. artikulua. Datuen transmisioa administrazio publikoen artean.
1. 5.2.b) artikuluan aitorturiko eskubidea eraginkortasunez erabiltzeko, Udal Administrazioak bertze Administrazio Publikoei aukera emanen die interesdunen inguruan euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehazturikoaren arabera.
2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako Administrazio Publikoek beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera herritarrari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko. Era berean, eskatuko da, datu pertsonaletara sarbidea izateko, interesdunak baimena ematea Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan zehazturiko baldintzetan, edo lege maila duen arau batek halaxe baimentzea.
3. Artikulu honetan xedatzen denari dagokionez, Udal Administrazioak bertze administrazio publikoekin behar diren hitzarmenak sinatzen ahalko ditu haietako bakoitzak harturiko sistema eta moduen elkarreragingarritasuna bermatzeko eta, hartara, dokumentu elektronikoak eta legeak xedaturikora egokitzen diren identifikazio eta autentifikazio baliabideen elkarren onarpena bultzatzeko. Betiere, herritarrari zerbitzu egiteko printzipioan eta sinplifikazio administratiborako printzipioan oinarrituko dira lankidetza harreman horiek.
II. KAPITULUA
Tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoa
10. artikulua. Kudeaketa elektronikoaren arloan prozedurarako eskuliburuak onestea.
1. Eskumena duten udal zerbitzuek zehaztuko dute, ukituriko alor funtzionalekin bat eta zerbitzu juridikoek txostena egin ondoan, zein diren segitu beharreko prozedurak bitarteko elektronikoen bidez egin daitezkeen kudeaketa edo informazio tramite bakoitzerako, eduki funtzionalagatik dagokien alorrean. Behin prozedurak zehaztuta, dagokien eskuliburua onetsiko da alkatearen ebazpenaren bidez.
2. Prozedurarako eskuliburuak zehaztuko ditu erregistro telematikoan sartuko diren dokumentuak eta formatuak, baita horien funtzionamendurako baldintzak ere. Orobat islatuko ditu herritarrek elektronikoki egin nahi dituzten proiektuei, jarduerei edo eskaerei xedapenek ezartzen dizkieten baldintza juridiko edo teknikoak.
3. Tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoa jendearen eskura egonen da Oteitzako Udalaren egoitza elektroniko nagusian, baita erregistroaren alorreko laguntza-bulegoan ere.
BIGARREN TITULUA
Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa
I. KAPITULUA
Egoitza elektronikoa
11. artikulua. Egoitza elektronikoak.
1. Egoitza elektronikoak dira herritarraren eskura dauden helbide elektroniko guztiak, horiek posible egiten dituzten telekomunikazio sareen titularitatea, kudeaketa eta administrazioa Oteitzako Udalaren organo, alor, administrazio entitate edo erakunde publiko bati bere eskumenak erabiltzean dagozkionean.
2. Oteitzako Udala eta haren erakunde publiko desberdinak arduratuko dira egoitza elektroniko bakoitzaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz.
3. Udal zerbitzu eskudunek txostena egin ondotik ezarriko dira egoitza elektronikoak, interesa duen organo, unitate edo erakundeak eskatuta, publizitate, erantzukizun, kalitate, segurtasun, eskuragarritasun, irisgarritasun, neutraltasun eta elkarreragingarritasun printzipioei loturik. Egoitzaren titularraren identifikazioa ziurtatuko da beti, baita iradokizunak eta kexak egiteko baliabideen eskuragarritasuna ere.
4. Beharrezkoa denean, komunikazio seguruak izateko bidea emanen duten sistemak ezarriko dira egoitza elektroniko desberdinetan.
5. Oteitzako Udalaren eta haren erakunde publikoen titulartasunekoak diren egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenak ere.
6. Oteitzako Udalean erregistro eguneratua edukiko da, egoitza elektronikoekin eta haien ezaugarriekin, haiek erabiltzeko baldintzekin eta haien titularrekin.
12. artikulua. Egoitza elektroniko nagusia.
1. Sarbide-puntu nagusi elektronikoa ezarri da udal administrazioaren egoitza elektroniko nagusi gisa, hau da: www.oteiza.es. Egoitza horretan, herritarren eskura jarriko da zerbitzuen zerrenda eta haietan sartzeko manera, eta Udal Administrazioaren eta haren erakunde publikoen gainerako sarbide-puntu elektronikoekin koordinaturik egonen da, esteka zuzena izanen baitu haietara.
2. Egoitza elektroniko nagusia gaztelaniaz eta euskaraz egonen da.
3. Oteitzako Udalaren Zerbitzu Orokorrak arduratuko dira Udal Administrazioaren egoitza elektroniko nagusiaz, eta haiei dagokie egoitza horien kudeaketa eta administrazioa, edukiari dagokionez, bertze udal alor eta zerbitzu batzuek izan ditzaketen eskumenak ukatu gabe.
13. artikulua. Iragarki edo ediktuen oholaren argitalpen elektronikoa.
1. Prozedura administratibo, arau juridiko edo ebazpen judizialaren arabera iragarki edo ediktuen oholean argitaratu behar diren egintzak eta jakinarazpenak egoitza elektroniko nagusian ere argitaratuko dira. Egoki juzgatzen denean eta legeak horretarako aukera ematen duenean, iragarki edo ediktuen oholean argitaratu beharrean egoitza elektroniko nagusian argitaratu ahal izanen da, baina horretaz ohartaraziko da gaur egun iragarki edo ediktuen oholerako dagoen espazio fisikoan.
2. Egoitza elektroniko nagusiaren bidez kontsultatu ahal izanen da iragarki ohol elektronikoa, Udalak horretarako paratu duen edozein terminaletan. Nolanahi ere, bermaturik egonen da herritar guztiek sarbidea izatea, baita behar den laguntza ere hura kontsultatzeko, eta ez da eskatuko herritarraren nortasuna egiaztatzeko mekanismo berezirik.
3. Iragarki ohol elektronikoa Udal Administrazioaren egoitza elektroniko nagusian nahi duenaren eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan. Arrazoi teknikoak direla-eta ediktuen ohol elektronikoa ez dela ibiliko aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie ahalik eta azkarren, ohola kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.
4. Edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktuen ohol elektronikoak; bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.
II. KAPITULUA
Informazio eginkizuna eta haren hedapena bitarteko elektronikoen bidez
14. artikulua. Informazio orokorra.
Egoitza elektroniko nagusiaren bidez eta inolako identifikaziorik gabe, herritarrek sarbidea izanen dute, nahi dutenean eta gau eta egun, honako informazio honetan:
a) Udal Administrazioa eta haren erakunde autonomoak osatzen dituzten zerbitzu, erakunde eta administrazio unitateen identifikazio, helburu, eskumen, egitura, funtzionamendu, kokaleku eta arduradunen ingurukoa.
b) Herritarrak egin nahi dituen proiektu, jarduera edo eskariei xedapenek ezartzen dizkieten baldintza juridiko edo teknikoei dagokiena.
c) Udal Administrazioak egiten dituen zerbitzuen katalogo orokorra, prozeduren tramitazioari, zerbitzu publikoei eta prestazioei buruzko informazioaz gainera, eta Administrazio Publikoekiko harremanean herritarrak jakin beharreko bertze datu guztiak, herritarrarendako interes handiena duten udalez kanpoko zerbitzu eta tramiteei buruzkoak osaturik.
Adibide gisa, Udal Administrazioak honako informazio hau argitaratuko du:
–Udal zerbitzuen katalogo orokorra.
–Gobernu organoen akordioak, haiek izan ditzaketen datu pertsonalak ezkutatzea deusetan ukatu gabe.
–Ordenantzak eta Udalaren gainerako arauak, ordenantza fiskalak barne.
–Udalaren aurrekontua eta onetsiriko kontu orokorrak.
–Hirigintza-plangintzako figurak.
–Informazio publikoaren iragarkiak.
–Kontratazio administratiboaren prozedurak.
–Diru-laguntzak emateko prozedurak.
–Langileak aukeratzeko prozedurak.
–Udal tramite eta prozeduren inprimakiak eta datu-orriak.
–Udal kale-izendegia.
d) Prozeduraren edo haren zati baten ezagutza, informazio publikoan, herritarrak egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera izanik.
e) Herritarrak parte hartzeko prozedurak.
f) Abisu, kexa eta iradokizunen postontzia.
g) Herritarrarendako interes orokorrekoak diren kontu edo aferak, herritarraren bizi kalitatea hobetzen lagun dezaketenak eta gizartean eragin berezia dutenak barne, hala nola alor hauetakoak: osasuna, kultura, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, ingurumena, garraioa, merkataritza, kirola eta aisialdia.
15. artikulua. Informazio partikularra.
1. Informazio partikularra izanen da tramitean dauden prozeduren egoerari edo edukiei dagokiena, eta, Administrazioaren zerbitzuan egonik, prozedura horien tramitazioaren ardura duten agintari eta langileen identifikazioari dagokiona.
2. Hurrengo kapituluan zehazturiko baliabideen bidez egiaztatu ondoan, interesdun izaera aitortzen zaien pertsonek bitarteko elektronikoak erabili ahal izanen dituzte honako hauetarako:
a) Prozeduraren tramitazio egoeraren berri noiznahi izateko.
b) Espedientean jasotzen diren agirietan sarbidea izateko.
c) Entzunaldi tramitean parte hartzeko, egokitzat hartzen diren dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkeztu beharrez.
III. KAPITULUA
Identifikazioa eta autentifikazioa
16. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio moduak.
1. Herritarrak sinadura elektronikoko sistema hauek erabiltzen ahalko ditu Udal Administrazioarekin telematikoki harremanetan jartzeko:
a) Nortasun Agiri Nazionalean jasotako sinadura elektronikoko sistemak, pertsona fisikoentzat. Berariazko araubide bat izanen da horien erabilera eta ondorioak arautzeko.
b) Sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, ziurtagiri elektroniko aitortuan oinarrituak barne. Tramitazio elektronikorako une bakoitzean onarturiko sinadura elektroniko aurreratuko sistemen zerrenda eta ezaugarriak eskura egonen dira egoitza elektroniko nagusian, kasu bakoitzean ziurtagiri elektroniko horiek egiten dituzten emaileak zehaztuta.
2. Udal Administrazioak, berriz, honako sistema hauek erabili ahal izanen ditu identifikazio elektronikorako eta egiten dituen dokumentu elektronikoak egiaztatzeko:
a) Sinadura elektronikoko sistemak, gailu seguru edo segurtasun ertaineko ziurtagirien erabileran oinarrituak, egoitza elektronikoa identifikatu eta harekin komunikazio seguruak egin ahal izateko; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari.
b) Sinadura elektronikoko sistemak, administrazio jarduera automatizaturako; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari, 33. artikuluan xedaturikoa bete ondoan: ziurtagiri elektronikoan oinarrituriko zigilu elektronikoa eta egiaztatzeko kode segurua. Udal Administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda publikoa izanen da, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek egiten dituztenak barne; egoitza elektroniko nagusian izanen da hartarako sarbidea. Gainera, dagokion egoitza elektronikoan sartzean, elektronikoki sortzen diren dokumentuen osotasuna egiaztatzeko bidea izanen da udal erregistroetan dagoenaren froga edo egiaztapen gisa, egiaztatzeko kode seguruaren bidez.
c) Udal Administrazioaren eta haren erakunde publikoen zerbitzuko langileen sinadura elektronikoa. Horri dagokionez, Oteitzako Udalak sinadura elektronikoko sistemez hornituko ditu bere langileak, batera identifikatzeko zein den postu edo karguaren titularra eta zer administrazio edo organotan egiten duen zerbitzu; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari. Behar izanez gero, langile horiek Nortasun Agiri Nazionalean oinarrituriko sinadura elektronikoa erabili ahal izanen dute, agindu honetan xedatzen denari dagokionez.
d) Datuen truke elektronikoa komunikazio inguru itxietan. Komunikazio inguru itxietan helarazitako dokumentu elektronikoak baliozkoak izanen dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako. Ondorio horietarako, inguruaren segurtasuna eta helarazitako datuen babesa ziurtatuko dira.
Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onetsi beharko dira, Udal Administrazioaren barnean, baimendutako igorle eta hartzaileen zerrenda eta trukatu beharreko datuen izaera. Trukea bertze administrazio publiko batekin egiten denean, informazioa helarazte horrek arau izanen dituen baldintzak eta bermeak finkatuko dira aurretik, horretarako sinaturiko hitzarmenean.
17. artikulua. Ziurtagiri elektronikoen bidezko identifikazioaren eta autentifikazioaren elkarreragingarritasuna.
1. Oteitzako Udalak berarekin modu elektronikoan harremanetan jartzeko baliozkotzat hartuko ditu ziurtapen-zerbitzuaren emaileek eginiko ziurtagiri elektroniko aitortuak, baldin eta ziurtapen-zerbitzuak egiten dituen horrek lehenbizikoaren eskura jartzen badu behar den informazioa, teknologikoki bideragarriak diren baldintzetan, eta harendako inolako kosturik gabe.
2. Administrazio Publikoren batek erabili edo onarturiko sinadura elektronikoko sistemak ez badira aurreko atalean aipatu diren ziurtagirietan oinarritzen, Oteitzako Udalak onar litzake soilik hala adosten badu delako Administrazio horiekin, elkarren onarpenaren printzipioarekin bat eta elkarrekikotasun printzipioarekin bat.
3. Oteitzako Udalak behar diren bideak jarriko ditu, bere eskumen esparruan onarturiko ziurtagiri guztien baliogabetze egoera eta sinadura egiaztatzeko.
18. artikulua. Funtzionario publikoen identifikazio eta autentifikazio lana.
1. Bitarteko elektronikoen bidez edozein tramitazio egiteko, kapitulu honetan ezarritako sinadura elektronikoaren tresnaren baten bidez herritarraren identifikazioa edo autentifikazioa eskatzen denean, eta hark horrelakorik ez duenean, identifikazio edo autentifikazio hori modu baliozkoan egin ahal izanen dute funtzionario publikoek, udal idazkariak horretarako ahalmena eman ondoan, sinadura elektronikorako horniturik dauden sistemaren bidez. Horretarako, herritarrak bere burua identifikatu beharko du eta berariaz baimena eman, eta hori jasota geratuko da desadostasunak edo auziak sortzen direnerako.
2. Udalak, artikulu honetan arauturiko identifikazioa edo autentifikazioa egiteko ahalmena duten funtzionarioen erregistroa eguneratua izanen du.
19. artikulua. Tramitazio elektronikorako ordezkapena.
1. Herritarra ordezkarien bitartez aritzen ahalko da Udal Administrazioan bitarteko elektronikoen bidez egiten diren prozedura eta tramite administratiboetan, legeria orokorrak aurreikusten duenari eta ordenantza honek ezartzen duenari jarraikiz. Hala bada, jarduteko ahalmen osoa duen eta sinadura elektroniko aitortuaren ziurtagiria duen edozein pertsona fisikok, bertze pertsona fisiko edo juridikoak ordezkatu ahal izanen ditu bitarteko elektronikoaren bidez Oteitzako Udalean egiten diren prozedura eta tramite administratiboetan. Kasu horietan, eginiko jarduketak baliozkoak izan daitezen, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Oteitzako Udalak noiznahi eska baitezake hori.
2. Oteitzako Udalari dagokionez bertze pertsona fisiko edo juridikoen ordezkari gisa aritu nahi duen pertsona fisikoak, honako bide hauetatik egiaztatuko du ordezkaritza hori:
a) Notarioaren aurrean egiaztaturiko sinadura duen dokumentu publiko edo pribatuaren bidez, ordezkatua pertsona juridikoa denean edo epailearen erabakiz desgaituriko pertsona fisikoa denean (legezko ordezkaritza).
b) Ordezkatua eta ordezkaria, biak, eskumena duen administrazio organoaren aurrean agertuta, ordezkaturikoa jarduteko gaitasun osoa duen pertsona fisikoa denean (borondatezko ordezkaritza).
3. Aitzineko puntuan xedatua deusetan ukatu gabe, Udalak ordezkarien errolda eratzen ahal du tramitazio telematikorako, beren jarduera profesionalagatik Oteitzako Udalarekin tramitazio administratiboak hirugarren pertsonen izenean egiten dituzten pertsona juridikoen legezko ordezkariek osaturik hura. Pertsona horiek, ordezkarien erroldako kide izatean, pertsona fisiko zehatzen ordezkaritzen altak eman ahal izanen dituzte, horretarako dokumentu egokian haiek behar den baimena eman ondotik.
4. Ordezkaritza Oteitzako Udalarekin lotzen dituzten tramite guztietarako eman ahal izanen da orokorrean, edo soilik tramite bat edo batzuk egiteko, aurkezturiko egiaztagirian jasotakoari edo ordezkaritza emateko egintzan ordezkatuak adierazitakoari jarraikiz.
5. Emaniko ordezkaritza hori aldi baterako edo denbora mugarik gabe izan daiteke; ordezkatuak geroago baliogabetzen duen arteko balioa izanen du, azken kasu horretan.
20. artikulua. Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroa.
1. Oteitzako Udalak Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroa izanen du, interesdunek modu baliozkoan egiten dituzten inskripzio guztiak jaso beharrez.
2. Eskumena duen organoak eredu normalizatua onetsiko du Tramitazio Elektronikorako Ordezkarien Erregistroan alta, aldaketa edo baja eskaerak egiteko, eta hura betetzea ezinbesteko baldintza izanen da ordezkaritza aipatu erregistro horretan inskribatzeko. Ordezkaritzaren inskripzioaren iraupen epea eta haren norainokoa jasoko ditu.
3. Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroan alta, aldaketa edo baja eskaerak, Oteitzako Udalak hiru hilabeteko epean berariaz erabakiko ditu, eta baietsitzat joko dira epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen.
21. artikulua. Interesdunak bat baino gehiago direnean.
Eskaera telematiko batean interesdun bat baino gehiago dagoenean, eskaera hori elektronikoki sinatuko dute guztiek, eta espresuki adierazten denarekin eginen dira jarduketak, edo bertzela, lehen sinatzaile gisa agertzen den interesdunarekin.
IV. KAPITULUA
Erregistro elektroniko orokorra
22. artikulua. Erregistroak.
1. Oteitzako Udalak erregistro elektroniko orokorra izanen du, edozein administrazio organotan, erakunde publikotan edo haiei loturik edo haien mende dauden entitatetan aurkeztu edo jasotzen den agiri ororen idazpena eginen da. Halaber, hartan idatzi ahalko da bertze organo edo partikularrei zuzendutako agiri ofizialen irteera.
Administrazio bakoitzarekin loturiko edo haren mendeko erakunde publikoak beren erregistro elektronikoa izaten ahalko dute, Oteitzako Udalaren erregistro elektroniko orokorrarekin guztiz elkarreragingarri eta interkonektatuta.
Oteitzako Udalaren erregistro elektroniko orokorrak erregistro elektronikoetara sartzeko aukera emanen duen atari gisa funtzionatuko du, eta datu pertsonalak babestearen arloko legerian ezarritako segurtasun berme eta neurriak beteko ditu.
Erregistro elektronikoak sortzeko xedapenak kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko dira, eta haren testu osoa kontsultatu nahi duenaren eskura egon beharko da erregistrora sartzeko egoitza elektronikoan. Nolanahi ere, erregistro elektronikoak sortzeko xedapenek zehaztuko dute zein den haien kudeaketaren ardura duen organo edo unitatea, baita data eta ordu ofiziala zein diren ere eta orobat egun baliogabeak.
Erregistro bakoitzean sartzeko egoitza elektronikoan agertuko da bertan has daitezkeen tramiteen zerrenda eguneratua.
2. Dokumentuen sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraikiko zaio idazpenak egiteko, eta egin diren eguna adieraziko da. Erregistro-tramitea burututa, dokumentuak luzatu gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, zein erregistrotan jaso diren, handik.
3. Oteitzako Udalaren erregistro elektronikoak bermatuko du honako hauek adieraztea egiten den idazpen bakoitzean: zenbakia, dokumentu mota adierazten duen epigrafea, dokumentua aurkeztu den eguna eta ordua, interesdun edo administrazio-organo igorlea, hala badagokio, eta pertsona edo administrazio-organo hartzailea, eta erregistraturiko idazki edo komunikazioaren edukiaren aipamena. Horretarako, hartu-agiri bat sortuko da automatikoki; agiri hori dagokion dokumentuaren kopia autentifikatua izanen da, eta honako hauek adieraziko ditu: dokumentua aurkeztu den eguna eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia, eta bertzelako dokumentuen egiaztagiriak, halakorik bada, dokumentu horien osotasuna bermatzeko eta baita atzera bota ez direla egiaztatzeko ere.
4. Interesdunek Oteitzako Udalari helarazi nahi dizkioten agiriak hemen aurkezten ahal dira:
a) Oteitzako Udalaren erregistro elektronikoan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen diren subjektuen gainerako erregistro elektronikoetan.
b) Posta bulegoetan, arauz ezartzen den moduan.
c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul bulegoetan.
d) Erregistroaren alorreko laguntza-bulegoetan.
e) Indarreko xedapenek ezartzen duten bertze edozeinetan.
Administrazio guztien erregistro elektronikoak guztiz elkarreragingarriak izanen dira, horien bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa bermatuz, bai eta erregistro-idazpenak eta edozein erregistrotan aurkezten diren dokumentuak telematikoki bidaltzeko aukera emanez.
5. Oteitzako Udalean buruz buru aurkezturiko agiriak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroaren alorreko laguntza-bulegoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. artikuluan xedaturikoaren arabera, horiek administrazio espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkezturiko dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitalizatu ezin diren formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.
6. Dagokion bulego publikora transferentzia eginda kitatzen ahal da Oteitzako Udalari agiriak aurkeztean ordaindu behar zaion edozein zenbateko, bertze bitarteko batzuetatik ordaintzeko aukera baztertu gabe.
23. artikulua. Epeen zenbaketa erregistroetan.
1. Oteitzako Udalak argitaratuko du zer egun eta ordutan dagoen zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoa, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.
2. Oteitzako Udalaren erregistro elektronikoa, epeen zenbaketarako, sartzeko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan oinarrituko da, eta behar diren segurtasun neurriak izanen ditu bere segurtasuna bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egonen da.
Erregistro elektronikoak arau hauen arabera funtzionatuko du:
a) Aukera emanen du dokumentuak urteko egun guztietako eguneko hogeita lau orduetan aurkezteko.
b) Egun baliogabe batean aurekezten dena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan jaso dela ulertuko da, salbu arau batek egun baliogabean jasotzeko aukera ematen badu.
c) Epeen zenbaketaren hasiera Oteitzako Udalaren erregistro elektronikoan zer egunetan eta ordutan aurkeztu ziren aintzat hartuz erabakiko da, eta horren berri eman beharko zaio dokumentua aurkeztu zuenari.
24. artikulua. Epea luzatzea.
Baldin eta, intzidentzia tekniko baten ondorioz, kasuan kasuko sistemak edo aplikazioak ez badu ohiko moduan funtzionatu, toki entitateak iraungi ez diren epeak luzatzea erabakitzen ahal du, arazoa konpontzen ez den bitartean. Izaniko intzidentzia teknikoa eta iraungi ez den epearen berariazko luzapena argitaratu beharko ditu egoitza elektronikoan.
V. KAPITULUA
Komunikazio elektronikoak
25. artikulua. Komunikazio elektronikoak.
1. Udal Administrazioarekin harremanetan jartzeko herritarrak duen eskubidea bermatzeko, telematika bidezko komunikazioa bermatuko da, ondorio juridiko osoekin, ordenantza honek ezartzen duenaren babesean.
2. Lege mailako arau batek elektronikoa ez den bitarteko bat erabiltzeko agintzen duenean izan ezik, herritarrak noiznahi hautatzen ahalko du Udal Administrazioarekin bitarteko elektronikoaren bidez komunikatzeko manera. Bitarteko batzuen edo bertzeen bidez komunikatzeko hautuak ez du herritarra lotuko, honek noiznahi hautatzen ahalko baitu hasieran hautatu ez bertzeko bitartekoa.
3. Herritarrak berariaz eskatu edo onartu duenean baizik ez ditu Udal Administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko herritarrarekiko komunikazioetan.
4. Bitarteko elektronikoen bidez eginiko komunikazioak baliozkotzat hartuko dira, baldin eta gelditzen bada egiaztaturik eta jasota bidali direla eta jaso direla eta haiek egin diren eguna eta komunikazioen eduki osoa, baita modu fede-emailean identifikatzen badira igorlea eta hartzailea ere.
5. Udal Administrazioak bitarteko elektronikoen bidez eginiko komunikazioen segurtasuna eta osotasuna begiratuko ditu, neurri egokiak ezarrita haien xede diren datuen izaeraren arabera.
6. Berarekin komunikatzeko eskubidea erabiltzeko herritarrek eskura dituzten bitarteko elektronikoen berri emanen du Udal Administrazioak bere egoitza elektroniko nagusian.
HIRUGARREN TITULUA
Prozeduren kudeaketa elektronikoa
I. KAPITULUA
Jarduteko printzipioak prozeduren kudeaketa elektronikoan
26. artikulua. Bitarteko elektronikoen aplikazioa prozeduren kudeaketan.
1. Lan prozesuetan eta prozeduren eta administrazio jardueraren kudeaketan bitarteko elektronikoak aplikatzeko tenorean, irizpide hauek hartuko dira kontuan: eraginkortasuna, herritarrarekiko zerbitzua eta sinplifikazio administratiboa.
2. Udal Administrazioaren jardueraren kudeaketa elektronikoak beti errespetatuko ditu eskumenaren titulartasuna eta erabilera, eskumen hura esleiturik duen Administrazio, organo edo erakundearen aldetik, eta orobat beteko ditu jarduera bakoitzaren gaineko arauetan zehazten diren baldintza formal eta materialak.
27. artikulua. Kudeaketan bitarteko elektronikoak aplikatzeko aurretiazko baldintzak.
1. Administrazio prozeduren kudeaketan bitarteko elektronikoak aplikatzeko, ordenantza honen 9. artikuluan zehazturiko mekanikari jarraituko zaio; aurretiaz, prozedura, prozesu edo zerbitzuaren diseinu berri funtzionalaren eta sinplifikazioaren azterketa beharko da, Antolaketaren eta Kalitatearen Zerbitzuaren kargura, eta Udalaren zerbitzu juridikoek ikus-onetsia emanen diote onetsi aurretik.
2. Azterketa horretan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan bereziki:
–Herritarrari eskaturiko dokumentazioa kendu edo murriztea, datuekin, datuen transmisioekin edo ziurtagiriekin ordezkatuta, edo haren ekarpenaren arauketa tramitazioa bururatzean.
–Parte hartzeko, gardentasunerako eta informaziorako baliabideak edo tresnak aurreikustea.
–Epeak, alferrikako tramiteak eta erantzuteko denborak murriztea.
–Lan kargen eta barne komunikazioen banaketa arrazionalizatzea.
II. KAPITULUA
Prozeduren tramitazioan bitarteko elektronikoak erabiltzea
28. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko prozeduraren hastapena.
1. Interesdunak halako administrazio prozedura batzuei hasiera ematen ahalko die bitarteko elektronikoen bidez, tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoan jasotako udal zerbitzuetatik etorriak badira.
2. Interesdunak prozedura bat hastea nahi badu, horretarako eskaerak urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluak ezarritako beharkizunak bete beharko ditu; bereziki, jakinarazpenetarako bitarteko elektroniko edo toki fisikoa identifikatu beharko da. Horrez gain, abisuak bidaltzeko edo jakinarazpena interesdunaren eskura jartzeko helbide elektronikoa eta/edo gailu elektronikoa adierazi ahalko da.
3. Eskaera hauetan interesdunak bere eskura dituen dokumentuen kopia digitalizatuak jaso ahal izanen ditu; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko du sinadura elektroniko aurreratuko sistemaren bidez. Udal Administrazioak aurkezturiko kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko eskatu ahal izanen dio dagokion artxiboari. Salbuespen gisa, eta soilik erkatze hori egin ezin denean, eskatu ahal izanen dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko.
4. Kopia horiek aurkezteak erran nahi du Udal Administrazioari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta erabiltzeko.
5. Udalaren erregistroaren alorreko laguntza-bulegoa beharturik dago prozeduraren identifikazio kodea ematea interesdunari, honek ezagutzen ez duenean, eta identifikazio kodeen zerrenda mantentzera egoitza elektronikoan.
Telematikoki aurkezturiko eskaera, jakinarazpen eta idazkien kasuan, aurkezpen eguna eta ordua egiaztatzen dituen agiria eskatzen ahalko dute interesdunek.
6. Haien erabilera erraztu eta bultzatzeko egoki juzgatzen denean, administrazio elektronikoaren atarian eskaeren sistema normalizatuek egiaztapen automatikoak izaten ahalko dituzte, aurkezturiko informazioa bere sistemetan edo bertze Administrazio batzuen sistemetan jasotako datuekin bat heldu ote den ikusteko; eskaintzen ahalko dituzte, halaber, inprimaki elektronikoaren eremuak beteta, osorik edo zati batean, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.
29. artikulua. Administrazio espedientea.
1. Administrazio espedientea da dokumentu eta jarduketen multzo ordenatua, administrazio ebazpenaren aurrekari eta oinarri izateko balio duena eta hura betearazteko eginbideak ere jasotzen dituena.
2. Espedienteak formatu elektronikoa izan behar du, eta haren osagai izan behar duten dokumentu, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatuko da, eta barnean dituen dokumentu guztien aurkibide batekin joanen, bidaltzen denean. Espedientean jaso behar da, orobat, harturiko ebazpenaren kopia elektroniko ziurtatua.
3. Arau baten ondorioz espediente elektroniko bat bidali beharra dagoenean, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoetan ezarritakoaren arabera bidaliko da, osorik, orrialdeak zenbakiturik, autentifikaturik eta aurkibide batez lagundurik.
4. Informazio lagungarria edo sostengukoa ez da administrazio espedientearen parte izanen.
30. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko prozeduraren instrukzioa.
1. Prozedura bizkortasunaren printzipioaren mende dago, eta Oteitzako Udalak ofizioz eta bitarteko elektronikoen bidez bideratuko ditu tramite guztiak, gardentasun eta publizitate irizpideak errespetatuz.
1. Oteitzako Udalak ofizioz eta bitarteko elektronikoen bidez gauzatuko ditu behar diren instrukzio egintza guztiak. Informazio sistema eta aplikazio horiek denbora eta epeen kontrola eta prozeduren ardura duten organoen identifikazioa bermatuko dute, baita espedienteen tramitazio antolatua ere, eta prozeduren sinplifikazioa eta publizitatea erraztuko dute.
2. Prozeduren instrukzio elektroniko horretatik esku hartzen duten organo eta unitateen arteko komunikazioak sortzen badira, txostenak igorri eta jasotzeari eta bertzelako jarduerei dagokionez, txostenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 26. artikuluko baldintzen arabera, 10 eguneko epean, salbu xedapen batek edo gainerako epeen betetzeak epe luzeago eta laburrago bat ahalbidetu edo exijitzen badu.
3. Halaber, prozedura edo jarduera administratibo batean bitarteko elektronikoak erabilita alegazioak aurkezteko edo entzute tramitea egiteko aukera jasotzen bada, Udal Administrazioak bermatuko du beteko direla bai aurreko paragrafoan aipaturiko artikuluan xedatua bai ordenantza honek jakinarazpen elektronikoetan aritzeaz den bezainbatean egiten dituen aurreikuspenak.
31. artikulua. Interesdunak tramitazio egoeraren inguruko informazioan sarbide izatea.
1. Aplikatu beharreko araudiak informazio honi murrizketak ezartzen dizkionean izan ezik, herritarrak jakiten ahalko du, ordenantza honen bigarren tituluaren III. kapituluan aurreikusitako sistemen bidez bere burua identifikatu eta egiaztatu ondoan, titular, ordezkari baimendu edo interesdun gisa ageri den edozein espedienteren tramitazio egoera, sarrera murriztuko zerbitzu elektronikoaren bidez; administrazio elektronikoaren atariaren bidez izanen da hartan sarbide.
2. Espedienteen tramitazio egoeraren gaineko informazioak eginiko tramite egintzen zerrenda jasoko du, adierazita haren edukia zein den eta zein egunetan eman ziren, eta horrez gain, aipaturiko tramite ekintza horietako bakoitzean sortu ziren dokumentuen on line sarbidea.
3. Aitzineko paragrafoetan deskribaturiko informazioaz gainera, berak eginiko idatzi, komunikazio eta eskaera guztien zerrenda lortu ahal izanen du herritarrak, horiek Udal Administrazioaren sarrera erregistroan jasota geratu badira, baita handik igorri zaizkion komunikazio eta ofizio guztiena ere horiek irteera erregistroan jasota geratu badira.
32. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko prozeduraren amaiera.
1. Administrazio prozedura bat amaitzen duen egintza edo ebazpena elektronikoki emanen da, interesdunak jakinarazpenetarako adierazitako modua eta tokia deusetan ukatu gabe.
2. Bitarteko elektronikoak erabilita ebatzitako prozedura batek bermatuko du eskumena duen organoaren nortasuna, ordenantza honetan horretarako aurreikusitako tresnetakoren bat erabilita.
33. artikulua. Jakinarazpenak egiteko baldintza orokorrak.
1. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta beti interesdunak horiek bide horretatik jasotzeko betebeharra duenean.
Aurrekoa gorabehera, Udalak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egiten ahalko ditu, honako kasu hauetan:
a) Interesduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean erregistroaren alorreko laguntza-bulegoan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.
b) Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean ematea Udaleko langile batek.
Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliodunak baldin eta honako hauek idatziz jasotzeko aukera ematen badute: jakinarazpena bidali dela edo erabiltzeko moduan jarri dela, interesdunak edo haren ordezkariak jaso duela edo bertan sartu dela, eduki guztia, eta bidaltzailearen eta hartzailearen nortasun fidagarria. Jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.
Jakinarazpen elektronikoak jasotzera beharturik ez dauden interesdunek edozein unetan erabaki eta jakinarazten ahalko diote Udalari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hurrengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko edo bide horien bidez egiteari uzteko.
Modu osagarrian, interesdunak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa ematen ahalko ditu, artikulu honetan arauturiko abisuetarako, baina ez jakinarazpenetarako.
2. Jakinarazpen hauek ez dira inolaz ere bitarteko elektronikoen bidez eginen:
a) Jakinarazi beharreko egintzak formatu elektroniko bihurtu ezin diren elementuak dituenean.
b) Obligaziodunen aldeko ordainbideak dituztenak, hala nola txekeak.
3. Interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan, hark horretarako adierazitako bidea erabiliz eginen da jakinarazpena. Jakinarazpena elektronikoa izanen da, administrazioarekin harreman elektronikoa izatera beharturik badago.
4. Alde batera utzita jakinarazpena paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin den, Mankomunitateak interesdunari abisua igorriko dio hark adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakin dezan jakinarazpen bat duela eskura Mankomunitatearen egoitza elektronikoan edo gaituriko helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori egin ezik ere, jakinarazpena guztiz baliozkotzat joko da.
5. Interesdunari jakinarazpena zenbait bideren bitartez egiten zaionean, lehenengo jakinarazpenaren data hartuko da aintzat.
34. artikulua. Jakinarazpena paperezko euskarriaren bidez egitea.
1. Paperez egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri behar dira Oteitzako Udalaren egoitza elektronikoan, aukera izan dezan horien edukia borondatez atzitzeko.
2. Interesdunak egoitza elektronikoan eskuratzen badu jakinarazpenaren edukia, aukera eskainiko zaio gainerako jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko.
35. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpena.
1. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak Oteitzako Udalaren egoitza elektronikoan agertuz eginen da. Agertzea ulertuko da interesdunak, edo haren ordezkariak –behar bezala identifikatuta– jakinarazpenaren edukian sartzea.
2. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak egintzat joko dira haien edukian sartzearekin bat. Jakinarazpen elektronikoa nahitaezkoa denean, edo interesdunak hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan.
3. Interesdunek, baldin eta Oteitzako Udalarekin bitarteko elektronikoen bidezko harremanak badituzte, eskubidea izanen dute kasuan kasuko informazioa eskuratzeko Oteitzako Udalaren sarbide-puntu nagusi elektronikoan. Udal Administrazioa beharturik dago dokumentuen kopiak ematera; beharkizun hori betetzat joko da dokumentuak sarbide atarian edo dagokion egoitza elektronikoan interesdunen eskura jartzen direnean.
III. KAPITULUA
Dokumentu eta artxibo elektronikoak
36. artikulua. Administrazio publikoek eginiko dokumentuak.
1. Administrazio-dokumentu publikoak dira Administrazio Publikoek baliozki eginikoak. Oteitzako Udalak administrazio-dokumentuak idatziz eginen ditu, bitarteko elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu modu egokiagoan adierazi eta jaso behar direla.
2. Baliozkotzat jotzeko, agiri elektronikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Edozein eratako euskarri elektronikoan artxibaturik izatea informazioa, identifikatzeko eta bereiziki tratatzeko modukoa den formatu baten arabera.
b) Indibidualizatzeko aukera ematen duten identifikazio datuak izatea, hargatik eragotzi gabe espediente elektroniko batean sartzeko aukera.
c) Eman diren unearen denbora-erreferentzia bat izatea.
d) Eskatzen diren gutxieneko metadatuak izatea.
e) Aplikatzekoa den araudiaren arabera dagozkion sinadura elektronikoak izatea.
Baliozkotzat joko dira betekizun horiek betetzen dituzten eta hirugarren bati bitarteko elektronikoz helarazten zaizkion dokumentu elektronikoak.
3. Ez dute sinadura elektronikoaren beharrik izanen Oteitzako Udalak egin eta informazio hutserako argitaratzen diren dokumentu elektronikoek eta, orobat, administrazio espediente baten parte ez direnek. Dokumentu horien jatorria beti identifikatu beharra dago.
37. artikulua. Administrazio publikoek eginiko kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna.
1. Oteitzako Udalak erabakiko du zer organok dituen eskumenak administrazio-dokumentu publiko edo pribatuen kopia autentikoak egiteko.
Dokumentu pribatuen kopia autentikoek ondorio administratibo hutsak dituzte. Administrazio publiko batek eginiko kopia autentikoak baliozkoak izanen dira gainerako administrazioetan.
Gaituriko funtzionario baten edo administrazio jarduketa automatizatu baten bidez eginen dira kopia autentikoak, eta eguneraturik edukiko da erregistro bat, kopia autentikoak egiteko gaiturik dauden funtzionarioak agertuko dituena; horrek eta gainerako administrazio publikoetakoek guztiz elkarreragingarriak izan behar dute, eta interkonektaturik egon, gaikuntza horren baliozkotasuna egiaztatzeko.
2. Administrazio-dokumentu publiko edo pribatu baten kopia autentikotzat joko da, edozein euskarritan eginda dagoela ere, Oteitzako Udaleko organo eskudunek eginikoak, bermaturik geratzen bada kopia egin duen organoaren identitatea eta dokumentuaren edukia.
Kopia autentikoek jatorrizko agirien baliozkotasun eta eraginkortasun berak izanen dituzte.
3. Kopia elektronikoen edo paperezkoen identitatea eta edukia bermatzeko eta, beraz, kopia autentikoak direla bermatzeko, Mankomunitateak bete beharko ditu Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean, Segurtasunaren Eskema Nazionalean eta haiek garatzeko arau teknikoetan ezarritakoa, eta orobat arau hauek:
a) Jatorrizko dokumentu elektroniko baten edo kopia elektroniko autentiko baten kopia elektronikoek, formatu-aldaketa izan edo ez, berekin eraman beharko dituzte kopia direla egiaztatzen duten eta dokumentua kontsultatzean bistaratzen diren metadatuak.
b) Paper-euskarria edo digitaliza daitekeen bertze euskarri ez-elektroniko bat duten dokumentuen kopia elektronikoen kasuan, dokumentuak digitalizatu egin beharko dira, eta kopiek berekin eraman beharko dituzte kopia direla egiaztatzen duten eta dokumentua kontsultatzean bistaratzen diren metadatuak.
c) Dokumentu elektronikoen paper-euskarriko kopiek adieraziko dute kopia direla, eta elektronikoki sorturiko kode bat edo bertze egiaztatze-sistema bat izanen, aukera emanen duena kopiaren autentikotasuna kontrastatzeko, kopia egin duen organo edo erakunde publikoaren fitxategi elektronikoetan sartuz.
d) Paperean diren jatorrizko dokumentuen paper-euskarriko kopiak administrazioaren esku dagoen dokumentu elektronikoaren paperezko kopia autentiko bat eginez emanen dira, edo, bertzela, jatorrizko dokumentuaren kopia autentikoa daraman agerbide elektroniko baten bitartez.
4. Interesdunek noiznahi eskatzen ahalko dute Udal Administrazioak baliozki emaniko administrazio-dokumentu publikoen kopia autentikoak emateko. Jatorrizko dokumentua eman zuen organoari zuzenduko zaio eskaera, eta, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea aplikatzeak dakartzan salbuespenak salbuespen, hamabost eguneko epea emanen da, eskaera Oteitzako Udalaren erregistro elektronikoan jasotzen denetik hasita; kopia autentikoa dela adieraziko da espresuki kopiaren dokumentuan.
38. artikulua. Administrazio prozeduran interesdunek ekarritako dokumentuak.
1. Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek eginak diren dokumentuen kopiak ekartzera, interesdunak adostasuna adierazi badio dokumentu horiek kontsultatzeari edo eskuratzeari. Interesdunek kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena eman dutela ulertuko da, ez badute prozeduran aurkakotasun espresa adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresa adierazi beharra.
Interesdunaren aurkakotasunik ez bada, Oteitzako Udalak elektronikoki eskuratuko ditu dokumentuak, bere sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestaturiko bertze sistema bati kontsulta eginez.
2. Oteitzako Udalak ez dizkie interesdunei eskatuko araudiaren arabera beharrezkoak ez diren datuak edo dokumentuak, edo interesdunak aurretik aurkezturikoak. Interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organori eman zizkion aipaturiko agiriak, eta Udalak elektronikoki eskuratuko ditu. Salbuespenez, aipaturiko dokumentuak ezin badira eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko zaizkio interesdunari.
3. Salbuespenez, interesdunari dokumentu originala eskatzen bazaio eta dokumentu horren euskarria papera bada, interesdunak kopia autentikoa lortu beharko du, elektronikoki aurkeztu aurretik. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori.
4. Interesdunek administrazio-prozedurara ekartzen dituzten kopiek administrazio publikoen jardueraren eremuan bakarrik izanen dute eraginkortasuna, eta interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.
39. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.
1. Oteitzako Udalak fitxategi elektroniko bakarra izanen du amaituriko prozeduretako dokumentu elektronikoetarako, aplikatzekoa den araudian ezarri bezala.
2. Agiri elektronikoak gordeko diren formatuak bermatu beharko du dokumentuaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, bai eta haiei kontsulta egin ahal izatea, igarotzen den denbora igarota. Edozein kasutan, datuak bertze formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera bermatuko da, aplikazio ezberdinetatik sarbidea izan dezaten. Dokumentu horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.
3. Dokumentuak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako dokumentuen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa. Bereziki, erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola bermatuko dute, bai eta datuak babesteari buruzko legerian ezarritako bermeak betetzen direla ere.
40. artikulua. Espediente elektronikoa.
1. Espediente elektronikoa izanen da prozedura administratibo bati dagozkion dokumentu elektronikoen multzoa, edozein dela ere daukaten informazio mota.
2. Udal Administrazioak sinaturiko aurkibide elektronikoaren bidez bermatuko da espediente elektronikoen zenbakitzea, haren osotasuna segurtatuz. Dokumentu batek espediente elektroniko batean baino gehiagotan egon behar duenean, ukituriko espediente elektronikoetan haren kopia benetakoak daudela bermatuko da, ordenantza honen 37.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
3. Herritarra zein espediente elektronikotan agertzen den interesdun gisa, titular, nahiz titularraren ordezkari, nahiz bidezko eta zuzeneko interes baten titular izanik, guztiak haren eskura egonen dira, kontsulta ditzan, egoitza elektroniko nagusian dagoen administrazio elektronikoaren atarian, ordenantza honen 16.1 artikuluan aurreikusitako baliabideen bidez beren nortasuna egiaztatu ondotik. Hala eta guztiz ere, kontsulta hori mugatu ahal izanen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
4. Udal Administrazioak bermatuko du espediente elektronikoaren kopia lortzeko interesdunak duen eskubidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37.8 artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eta legezko ondorio guztietarako, espediente elektronikoa interesdunaren eskura jarri ahal izanen da espedienteak bidali beharrean. Espediente elektronikoa bere eskura jarri aurretik, bere burua identifikatu eta interesdun izaera egiaztatuko du ordenantza honen 16.1 artikuluan aurreikusitako baliabideetakoren baten bidez.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Oteitzako Udalak Estatuko Administrazio Orokorraren plataforma eta erregistroei atxikitzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Udal Administrazioak bermatuko du Estatuko Administrazio Orokorraren plataforma eta erregistroei atxikitzea, ahalordetzeen erregistro elektronikoari, erregistro elektronikoari, artxibo elektroniko bakarrari, datu-bitartekaritzako plataformari eta Administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektronikoari buruz aurreikusitakoa betetzeko 2018ko urriaren 2an, baldin eta aurrekontuko xedapenek eta teknologiaren bilakaerak horretarako bidea ematen badute.
Bigarrena.–Indarra hartzea.
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun geroago hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1809942
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
