Iragarkia
169. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FUNES
Ordenantzak, Administrazio prozedura erkide elektronikoa
eta Gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituztenak. Behin betiko onespena
Funesko Udalak, 2018ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen Funesko Udalean administrazio prozedura erkide elektronikoa eta Gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituzten ordenantzak. Horiek 2018ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, ekainaren 20an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantzak behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen dira, behar diren ondorioak izan ditzaten.
1. Funesko Udalean Administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena.
HITZAURREA
Administrazio prozedurari eta araubide juridikoari buruzko lege berriek (batik bat lehenbizikoak) izandako eragina ikusita, administrazio elektronikoari buruzko udal ordenantzak eta erregelamenduak horien arabera egokitu behar dira. Honela definitzen da administrazio elektronikoa: «administrazio publikoetan IKTak erabiltzea, eta, horiekin batera, antolakuntzan aldaketak egitea eta gaitasun berriak bereganatzea, zerbitzu publikoak eta prozesu demokratikoak hobetzeko eta politika publikoen babesa indartzeko.» (Europako Batzordea).
Herritarren ikuspegitik, zenbait “pertsonen eskubide” aitortzen dira, eta administrazioarekin harremanetan egoteko bidea aukeratzea da horietan garrantzitsuena. Pertsona juridikoen eta pertsona fisiko jakin batzuen kasuan, bide hori elektronikoa izango da derrigor. Administrazioa sinplifikatzea da lege erreforma egiteko beste arrazoietako bat, eta funtsean, erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko aukera eta edozein administrazio publikotan egindako edozein agiri ez aurkezteko eskubidea dira horren isla. Zalantzarik gabe, sinplifikatzeko beste moduetako bat izan da administrazioaren eta herritarren harremanetan identifikazio elektronikoko sistemak orokortu izana –ahal zen heinean–, sinadura legeak zorrozki murriztutako kasuetan baino ez baita behar.
Administrazioari dagokionez, eskubideak eraginkor bihurtzeko mekanismoak ezarri behar ditu, ororen gainetik. Barnera begira, prozedurak erabat elektronikoa izan behar du: erregistroa elektronikoa eta bakarra da, eta agiri original elektronikoen edo paperezko originalen egiazko kopien sarrera erregistratuko du; espedientea ofizioz eta bitarteko elektronikoekin irekiko da, eta elektronikoki izapidetu eta sinatu diren agiri elektronikoez osatutako indizea izango da (frogak, txostenak, irizpenak...); artxiboa Segurtasun Eskema Nazionalak iragaziko du, bakarra ere izango da eta sortutako agiri administratiboak bitarteko elektronikoen bidez segurtasunez eta konfidentzialtasunez gordetzeko balioko du. Espediente horiek izapidetzeari dagokionez, sinadura elektronikoa da gakoa, eta sinadura ziurtagiria izan behar dute prozedura izapidetzean erantzukizunen bat duten langile publiko guztiek, sinatzeko, zentzu hertsienean, zein informazioa izapidetzeko edo bidaltzeko. Pertsonari zuzenean lotutako sinadura elektronikoaz gain, azpimarratzekoa da administrazio jarduketa automatizatua orokortu dela, nortasun, organo eta denbora zigiluei esker, nagusiki.
Hitz gutxitan, honako hauetara egokitzeko beharrak justifikatzen du ordenantza hau onetsi behar izatea: prozedura eta araubide juridikoko lege berriak eta Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordearen (CORAren) ondoriozko beste berriago batzuk, batez ere gardentasunari dagokiona (prozedura elektronikoarekin duen loturarengatik ere bai).
Egiturari dagokionez, ordenantza hau bederatzi titulutan antolatuta dago, eta xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ere baditu.
I. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta honako hauek arautu: ordenantzaren helburua eta aplikazio eremua, eta tokiko eremuan administrazio prozedura elektronikoa zuzen ezartzeko informazioa eta laguntza eman behar duten zenbait printzipio tokiko eremuan nola garatu. Azkenik, herritarren eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu.
II. tituluak “Administrazio prozedura elektronikoak” honako hau du helburu: administrazioaren alderdi guztien sinplifikazioa oinarri hartuta, prozedura izapidetzean gakoak txertatzea, administrazio publikoaren funtzionamenduaren ardatz izan behar duen heinean. Atal honetan, bereziki garrantzitsuak dira jakinarazpen elektronikoa arautzen duten alderdiak, herritarrentzat berme handia baitira prozeduran, eta artxibo elektronikoa, toki entitateek administrazio elektronikoa ezartzean aurre egin beharreko erronka nagusietakoa baita. Izan ere, toki entitateek ez dute gaiari buruzko berezko arauketarik, eta, beraz, titulu honetan jasotako antolamenduak gabezia hori bete eta tokiko administrazioen berezitasunei irtenbidea eman nahi die.
III. tituluak egoitza elektronikoa tokiko eremuan arautzea du xede, eta, horretarako, honako hauek garatzen ditu: hura sortzeko prozedura, haren ezaugarriak eta gutxieneko edukia, eta egoitzaren segurtasunari eta erantzukizunari buruzko gaiak.
Bestalde, IV. tituluak identifikazioa eta sinadura elektronikoa arautzen ditu, bai zerbitzu elektronikoen kanpo erabiltzaile diren herritarren eta enpresen kasuan, bai langile publikoen kasuan. Halaber, administrazio-eguneratze automatizatuaren beste ziurtagiri batzuk ere arautzen ditu. Ikuspegi teknikotik, beharbada, arauaren titulurik konplexuena da, araubide juridikoko eta prozedurako legeei eta europar ReIDAS erregelamenduari egokitu behar zaielako. Lehenik, udalak honako lege betebehar hau gauzatu behar du: “administrazio publiko bakoitzak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne) publikoa izango da eta baliabide elektronikoen bidez eskuratzeko modukoa”. Gainera, “administrazio publiko bakoitzak bere zigilu elektronikoak egiaztatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu”. Horrenbestez, ordenantzaren puntu honek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura politikaren ziurtagiri profilak jasotzen dituen eranskinak ezarritakoa betetzen du, berezko zigilu ziurtagiriak egiteari dagokionez. Edonola ere, zigilu zerrendaren publizitatea arautzeko beharrari eutsiko zaio, eta batez ere adierazteko egoitza elektronikoan argitaratu behar direla, dagokion tituluan ezarritakoari jarraikiz. Bestalde, eraginkortasunaren mesedetan arautu dugu sarbide elektroniko bakoitzak egoitza elektronikoa izango duela. Kasu honetan, beharrezkoa denez egoitzak webgunea kautotzeko ziurtagiri kualifikatua edo bitarteko baliokideren bat izatea (40/2015 Legearen 38.6 artikuluaren arabera), onartzen ahal da informazio hori berriz kautotu behar ez izatea. Nolanahi ere, administrazioak badu aukera tabletan eskuz idatzitako sinadura elektronikoa gaitzeko. Herritarren kasuan ere jasotzen da, eta beharrezkoa izango da, besteak beste, bulegotik kanpo egiten diren ikuskapenen aktak sinatzeko. Horrez gain, elektronikoki sinatzeko beste sistema batzuk ere jasotzen dira.
Interesdunen sinadurari dagokionez, ezarri da onartzen diren identifikazio elektronikoko sistemek Segurtasun Eskema Nazionalak informazio sistema bakoitzerako xedatzen duenarekin bat etorri behar dutela. Gainera, ordezkariaren figura gorantz doala ikusita, pertsona juridikoen edo izaera juridikorik gabeko entitateen ordezkari diren pertsona fisikoen ziurtagiriak onartzen dira soilik. “Gako itunduaren sistemei eta administrazio publikoek ezarritako baldintzetan baliozkotzat hartzen duten beste sistemei” dagokienez, Cl@ve barruko identifikazio sistemak erabiltzea onartzen da, horiei atxiki ondoren: Cl@ve Iraunkorra, Cl@ve PINa eta Cl@ve Sinadura (Polizia Zuzendaritza Nagusiak egindako NANe ziurtagiria, gako zentralizatuarekin). Horrez gain, onartu egingo dira, dagokion prozedura gauzatu ondoren eta segurtasun mailaren arabera, Segurtasun Eskema Nazionala eta ReIDAS betetzen direla bermatzen duen beste edozein identifikazio sistema publiko edo pribatu.
Edonola ere, 39/2015 Legearen 9.3 artikuluaren arabera, udalak Estatuko Administrazio Orokorrak onartzen dituen identifikazio sistema guztiak onartzen ditu, baina egoki diren izapideetarako erabiltzen ahalko dira, segurtasun maila kontuan izanik, eta Segurtasun Eskema Nazionalean eta, igorpenez, ReIDAS erregelamenduan ezarritakoa betez. Horregatik:
a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak dakar pertsona juridikoari zuzenean, ordezkaririk gabe, egozten zaiola jarduketa.
b) Zigilu elektronikoa mugarik gabe erabiltzen ahal da, onartzen den izapide multzoaren barruan.
c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabiltzen ahal dute sinadura elektronikoaren sistemaren ordez, baina sistema bat nahiz bestea erabiltzen ahal da, interesdunaren erabakiaren arabera.
Identifikatzeko eta sinatzeko beste sistema batzuei dagokienez, ez dugu abagunea galdu nahi izan tabletan atzitutako eskuzko sinadura elektronikoaren erabilera ezartzeko (eta udal bakoitzari sartzeko aukera emateko). Aurrez aurreko eragiketetan (HAB) erabiliko litzateke. Ez da sinadura elektronikoko sistema aurreratu bat, baina, eraginkortasunaren eta zerbitzuaren aldetik, erabilgarria da.
Gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren arteko konexioa oinarrizko harremana da, gardentasuna ezartzeko helburua eraginkortasunez lortzeko, gardentasuna erakundeen kalitate demokratikoa hobetzeko tresna baita. Hortaz, V. tituluak bi nozioen arteko elkarrekintza arautzen du, administrazio elektronikoa tresnatzat hartuta, eta gardentasunak biltzen dituen bi alderdietan: publizitate aktiboa eta informazioa eskuratzeko eskubidea. Orobat, balio publikoa sortzeko hurrengo urratsa ere hartzen du kontuan, hots, informazioa berrerabiltzea, baita ediktu- eta iragarki-taula (orain, eremu elektronikoan) hedatzeko tresna gisa duen balioa ere.
Nolanahi ere, titulu honetako arauketa Funesko Udalak kasuan-kasuan onetsi duen arauketaren osagarri izango da, baita Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak Gardentasunerako, Informazioa Eskuratzeko eta Berrerabiltzeko Ordenantza Ereduaren osagarri ere, eta gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren elkarrekiko erlazioa hartu behar da oinarritzat.
VI. tituluak honako hau du xede: Funesko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakundeen Erregistro Elektroniko Orokorra sortzea eta arautzea, baita laguntza bulegoek beren zerbitzuan eta herritarrei laguntza ematean betetzen duten eginkizuna arautzea ere. Horrez gain, erregistroko epeen zenbaketa eta herritarrek administrazio prozeduretarako agiriak ematea arautuko dira, burokrazia ezabatzea eta gizarteak administrazio zama txikiagoa izatea izanik helburu.
Ordenantzaren VII. titulua lizitazio elektronikoari buruzkoa da. Apartatu honetan, nabarmentzekoa da beharrezkotzat ezartzen duela prozedura horiek elektronikoki izapidetzea –pertsona juridikoei dagozkielako, gehien-gehienetan, edo administrazio prozedurak direlako, azken finean– eta, hala badagokio, konkurrentzia eta gardentasun printzipioak sustatzen dituen lizitazio plataforma bat erabiltzea. Prozedurei dagokienez, nabarmentzekoa da, halaber, Europako Kontratazio Agiri Bakarra (EKAB) orokortu eta enkante elektronikoak sustatuko direla, baita kontratazio bulegoak eta erosketa zentralak ere, antolakuntzari dagokionez.
VIII. tituluak antolakuntza eta eskumenen gaikuntza jorratzen ditu, eta ordenantza hau, zehazki, eta, oro har, administrazio elektronikoa ezartzearen ondorioz sortzen diren antolakuntza alderdi oso praktikoei erantzuna ematen saiatzen da. Azpimarratzekoa da alkateak Elkarreragingarritasun Arau Teknikoekin lotutako soft law arauak emateko eskumena duela, hala nola agiriak sinatzeko eta kudeatzeko politikak eta segurtasun agiria.
Azkenik, IX. titulua komunikazioen gainekoa da, eta entitatearen barne funtzionamendua hobetzea du xede, batez ere udalkideei dagokienez. Horretarako, bitarteko elektronikoen erabilera orokortuko du, behar-beharrezkoa den Komunikazio Plan baten barnean.
Ordenantzari bukaera emateko, xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ditu; azken horien artean, azpimarratzekoa da grabatzeko eta grabazioa sinatzeko sistema ezartzen dela ikus-entzunezko agiriak sortzeko, akta gisa eta haren balioarekin –Ikus-entzunezko akta–.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
1. Ordenantzak honako hau du helburu: Funesko Udalaren administrazio kudeaketarako administrazio prozedura erkidea garatzea, eta kasu orotan, izapidetze hori bitarteko elektronikoen bidez egingo da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidegoaren urriaren 1eko 39/2015 Legea edo Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea betez.
2. Horretarako, ordenantza honek honako xede hau izango du: batetik, baldintza eta ondorio juridikoak arautzea administrazio jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko, Funesko Udalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen arteko harremanetan, bai eta herritarrekiko harremanetan ere, betiere haien eskubideak berma daitezen, eta, bestetik, eta, bereziki, administrazio prozedurak izapidetzean baliabide elektronikoak erabiltzeak dituen ondorio juridikoak eta baldintzak arautzea.
3. Halaber, ordenantza honek oinarri arautzaileak xedatzen ditu udalaren administrazio-izapideak eta -prozedurak izapidetze elektronikoan txertatzeko.
4. Ordenantza hau udalak arauak emateko eta bere burua antolatzeko ahalmenaren babesean eman da; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. eta 70.bis.3 artikuluek aitortzen dute ahalmen hori.
2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.
1. Ordenantza hau entitate hauetan aplikatuko da (aurrerantzean denak batera toki entitate izendatuko dira):
a) Funesko Udala osatzen duten administrazio organoak.
b) Haren mendeko edo harekin lotutako erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.
c) Haren mendeko edo hari lotutako merkataritza enpresak eta zuzenbide pribatuko beste entitateak, administrazio ahalmenak gauzatzen badituzte eta, ordenantza hau zehazki horiei buruz ari denean.
2. Horrez gain, Udaleko zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen adjudikazio-hartzaileei aplikatuko zaie, lizitazio pleguek edo kontratu agiriek hala ezartzen dutenean, Funesko Udalarekin, eta erabiltzaileekin eta herritarrekin dituzten harremanetan, eta dagozkion zerbitzu publikoak emateko jardueren barnean.
3. Ordenantza hau herritarrei ere aplikatuko zaie. Horrelakotzat hartuko dira administrazio publikoekin jarduteko gaitasuna dutenak, Funesko Udalarekiko eta lehenbiziko apartatuan adierazitako beste entitateekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzen dituztenean.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluaren arabera, honako hauek dute administrazioekin jarduteko gaitasuna:
a) Arau zibilen arabera jarduteko gaitasuna duten pertsona juridikoek edo fisikoek.
b) Adingabekoek, beren eskubideak eta interesak gauzatu eta defendatzeko, antolamendu juridikoak baimena ematen badu jarduketa horiek guraso-ahala, zaintza edo kuradoretza gauzatzen duen pertsonaren laguntzarik gabe gauzatzeko. Salbuetsita daude adingabeko ezinduak, ezintasun mailak dagozkion eskubideak edo interesak gauzatu edo defendatzeari eragiten badio.
c) Ukitutakoen taldeek, nortasun juridikorik ez duten elkarteek eta entitateek, eta ondare independenteek edo autonomoek, lege batek berariaz hala adierazten badu.
3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.
1. Funesko Udalak parte hartzen duen jardueretan aplikatuko da ordenantza hau. Zehatz-mehatz, hauetan:
a) Herritarrekiko harremanetan, izaera juridiko administratiboa badute.
b) Herritarrek toki entitate honen eskura dagoen informazio publiko administratiboari eta datu administratiboei buruzko kontsultak egitean.
c) Administrazio izapide eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.
d) Toki entitateak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioa tratatzean.
2. Halaber, ordenantza honetako printzipio orokorrak prozedura administratiboaren arauen mende ez dauden herritarraren komunikazioei aplikatuko zaizkie, eta bereziki, abisuak eta gorabeherak jakinarazteari, erreklamazioak eta kexak egiteari, iradokizunak aurkezteari, toki organoei galderak egiteari eta eskaerei eta bestelako partaidetza moduei, berariaz arautzen ez diren bitartean.
3. Funesko Udalak bermatuko du herritarrak zerbitzu elektronikoetan sartzea, hainbat kanaletako sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:
a) Buruz buruko harrerarako zehazten diren bulegoak: ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko dituzte, libreki eta dohainik jarri ere. Laguntza eta orientabidea izan beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistemen bidez.
b) Funesko Udaleko eta haren mendeko edo hari lotutako erakundeen organoetarako sarbide elektroniko orokorrak, komunikazio sareen bidez herritarren eskura daudenak.
c) Telefonoz harrera egiteko zerbitzuak: aukera ematen dute, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten heinean, herritarrari aurreko apartatuetan aipatu diren informazio eta zerbitzu elektronikoetan sarbidea emateko.
4. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Funesko Udalak eta haren mendeko erakundeek Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 2ko 40/2015 Legearen 3. artikuluan zerrendatutako printzipioak errespetatu beharko dituzte beren antolaketan, jarduketetan eta sektore publikoko gainontzeko entitateekiko eta herritarrekiko harremanetan.
2. Era berean, tokian administrazio prozedura elektronikoaren ezarpena indartzeko, garatzeko eta xehatzeko helburuz, ondorengo artikuluetan jasotzen diren printzipioen arabera jardun beharko dute.
5. artikulua. Administrazio elektronikoaren antolakuntza printzipioak.
a) Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa.
Informazioa, eta tramite eta prozedura administratiboak elektronikoki jasotzea bultzatuko duena, printzipio konstituzional hauek modu eraginkorragoan gauzatzeko: administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.
b) Sinplifikazio administratiboaren printzipioa.
Prozesu, prozedura eta tramite administratiboen sinplifikazioa eta integrazioa lortzea, eta herritarrarentzako zerbitzua hobetzea xede izango dituena; horretarako, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko da eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuko dira, eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuko, araudi aplikagarriarekin bat, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz.
c) Baliabide elektronikoak bultzatzeko printzipioa.
Baliabide elektronikoen benetako erabilera bultzatuko duena bere jarduera guztietan, eta, bereziki, herritarrarekiko harremanetan; horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide materialak erabiliko dira, eraginkorrak izan daitezen, eta herritarrek baliabide elektronikoak erabiltzea bultzatzeko pizgarriak ezarriko dira.
d) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa.
Ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko duena, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Hala, garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren baliabide teknologiko egokienak, eta bereziki saihestuko da interes orokorretik aldentzen diren sektore pribatuarekiko kontzertazioak. Bereziki sustatuko da kode irekiko softwarearen erabilera administrazio elektronikoan.
e) Elkarreragingarritasunaren printzipioa.
Elkarreragingarritasun estandarren erabilera bermatuko duena, eta begiratuko, erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, betiere irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, alkatetzak beharrezkoak diren elkarreragingarritasun arau tekniko guztiak onetsiko ditu, ordenantza hau behar bezala garatzeko, betiere Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
f) Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa.
Herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna bermatzen ditu, datuen babesari buruzko araudian eta datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan. Toki entitateen organoek eta departamentuek batera erabiltzen duten informazioan jasotako herritarren datu pertsonalek babes berezia jasoko dute. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, Alkatetzak informazioaren segurtasunerako politikari buruzko agiria eta beharrezko segurtasuneko arau teknikoak onetsiko ditu, hura behar bezala garatzeko, betiere Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
g) Gardentasun printzipioa.
Haren fitxategietan dagoen informazioaren eta administrazio jardueren hedapen, publizitate eta gardentasunik handiena erraztuko da, sektore publikoaren gardentasunari buruzko legeriarekin eta gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin bat.
h) Eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak.
Printzipio horiek zuzenduko dute bitarteko elektronikoen ezarpena, eta irizpide hauen arabera egingo da:
–Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.
–Zein populazio sektoretarako den.
–Zerbitzuaren prestaziorako lortzen ahal diren hobekuntzak.
–Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako udal antolakuntzarekin eta udalaren informazio sistemekin.
–Beharrezkoak diren ahalegin teknikoen, antolakuntza ahaleginen eta ahalegin ekonomikoen maila.
–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.
i) Lankidetza printzipioa.
Herritarrekiko zerbitzua eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetzea da helburua, eta, horretarako, hitzarmenak, akordioak eta kontratuak egingo dira elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkideek eta bezeroek administrazioarekin duten harremana errazteko.
j) Parte hartze printzipioa.
Parte hartzeko eskubideak gauzatzean bitarteko elektronikoen erabilera sustatzera behartzen du, bitarteko elektronikoen berezko tresnen bidez eta fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak errespetatuz; bereziki honako eskubide hauek: eskatzeko eskubidea; entzunaldiko eta informazio publikorako eskubideak; herritarren ekimena; kontsultak egitea eta kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea eta ideiak eta iritziak jendaurrean eztabaidatzea eta adieraztea.
6. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipioak.
a) Eskuragarritasun eta erabilgarritasun printzipioa.
Honako hauek bermatzen ditu:
–Sistema errazak erabiltzea, herritarrarentzako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.
–Irizpide bateratuak erabiltzea, informazioa ikertzeko eta ikusteko, informazioa ahalik eta hobekien hedatzeko, eskuragarritasun eta dokumentuen tratamenduaren nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz.
–Administrazio egintzak eta agiriak ulergarriak izatea, ahal den heinean, hizkuntza erraza eta kulturalki irisgarria erabiliz agiri horiek pertsona gehienek intelektualki ulertzeko modukoak izateko.
–Halaber, desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura behar diren baliabideak jartzea, informazio administratiboa baliabide elektronikoen bidez lor dezaten, oro har onarturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.
b) Toki entitateak argitaratzen duen informazioaren zehaztasunaren printzipioa.
Informazioa baliabide elektronikoen bidez lortzean, bermatuko duena dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki berdin-berdina, egiazkoa eta zehatza izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galaraziko edo zailduko bulego publikoetan edo beste baliabide tradizionalen bidez buruz buru egiten den harrera.
c) Eguneratzeko premia.
Bide elektronikoetatik eskuratzen ahal den administrazio-informazioa eguneratzea bermatzen du. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.
d) Datu pertsonalen babesaren bermearen printzipioa.
Beharrezko egiten du une bakoitzean eskura dagoen teknologia baliatzea, datu pertsonalen babesari datxezkion eskubideak ziurtatzeko, eta xedeak edo adostasunak babestu gabeko edozein trazabilitate pertsonal galarazteko segurtasun neurriak bermatzea.
e) Kontsulta irekiaren printzipioa, denen eskura eta irekia dagoen informazio baliabideei dagokienez.
Honako hauek bermatzen ditu:
–Indarreko legeriaren arabera denen eskura dagoen informazio administratiboa irisgarria izatea, aldez aurretik inolako identifikaziorik eskatu gabe.
–Indarreko legeriaren arabera publikoa eta orokorra den informazioa doakoa izatea, zerga ordenantzetan ezarritakoa eragotzi gabe.
7. artikulua. Herritarrak prozedura administratiboetan elektronikoki sartzearen printzipioak.
a) Legezkotasun printzipioa.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako berme juridikoen osotasuna mantentzea bermatzen du.
b) Baliabide elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzeko printzipioa.
Eragozten du bitarteko elektronikoak erabiltzeak bazterkeriarik edo kalterik ekarriko duela toki entitateekiko harremanetan erabiltzen dituenarendako.
c) Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa.
Behartzen du behar diren ekintzak bultzatzera trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezartzeko, herritarrak noiznahi, eta baliabide elektronikoen bidez, tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.
d) Baliabideen intermodalitatearen printzipioa.
Horren arabera, ordenantza honetan eta hura hedatzen duten arauetan ezarri bezala, baliabide baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez jarraitu ahal izango du, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira.
Bide elektronikotik sarbidea duten izapideak eta prozedurak toki entitateak zehazten dituen kanal eta bitarteko elektronikoen bidez gauzatzen ahalko dira.
e) Proportzionaltasun printzipioa.
Honako hauek bermatzen ditu:
–Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haien araberakoak baizik ez direla izango eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak.
–Helbururako beharrezkoak diren datuak baizik ez zaizkiela eskatuko herritarrei.
8. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza sustatzeko printzipioak, administrazio elektronikoaren arloan.
a) Administrazio arteko lankidetza eta elkarlanaren printzipioa.
Herritarrarendako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketan eraginkortasuna hobetzeko xedez, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko duena, ordenantza honetan ezarritakoak gauzatze aldera, besteak beste, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak.
Horretaz gainera, printzipio hau betetzeko, toki entitateak:
–Erkidegoaren esku eta, bereziki, toki entitateen eta gainerako administrazio publikoen esku jarriko ditu bere administrazio elektronikoko aplikazioak.
–Argitara emango ditu beste administrazio publikoekin sinatutako akordio eta hitzarmenak.
b) Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa.
Toki entitateak behartzen ditu beste administrazio publikoei euskarri elektronikoan dituen interesdunei buruzko datuetan sartzea erraztera, eta aipatutako datuetan segurtasuna eta osotasuna izateko berme handienekin sartzeko behar diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu.
Aurreko atalean aipaturiko datuen eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, Administrazio Publikoek, beren eginkizunetan ari direnean, beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabakitzeko eskatzen dituztenetara.
9. artikulua. Herritarraren eskubideak.
Ordenantza honen esparruan, herritarrei aitortzen zaizkie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako eskubideak, bai eta beste arau batzuetan aitortzen zaizkienak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Funesko Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea.
b) Funesko Udalari bitarteko horien bidezko harremana exijitzeko eskubidea, eta agiriak formatu elektronikoen bidez jasotzeko eskubidea.
c) Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko eskubidea.
d) Informazio administratiboan, erregistroetan eta fitxategietan baliabide elektronikoen bidez sartzeko eskubidea.
e) Udalaren erabakiak hartzeko prozesuetan eta haren kudeaketa hobetzean baliabide elektronikoen bidez parte hartzeko eskubidea, eta egindako eskaera eta kontsulten erantzuna jasotzekoa.
f) Administrazio elektronikoa erabiltzean formakuntza eta euskarria eskura izateko eskubidea.
g) Administrazio elektronikoan sartu eta hura erabiltzeko eskubidea, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak.
h) Datu pertsonalen konfidentzialtasunerako eta babeserako eskubidea, eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak, bereziki, emandako informazio pertsonala beste xede batzuetarako ez erabiltzekoa.
i) Toki entitatearekiko komunikazioen pribatutasunerako eta segurtasunerako eskubidea, bai eta toki entitateak egin ditzakeen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.
j) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak toki entitateak formatu elektronikoan kontserbatzeko eskubidea.
10. artikulua. Herritarren betebeharrak.
1. Administrazioaren jardueran eta Funesko Udalarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzearen esparruan, eta administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu eta kudeaketa egokia bermatzeko asmoz, herritarren jarduketan, aplikaziozkoa den estatuko eta autonomietako oinarrizko legeria bete beharko da, eta, bereziki, honako betebehar hauek izango dira:
a) Fede onez erabili behar ditu administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak eta gehiegikeriak ekidingo dira.
b) Funesko Udalari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza eman behar dio, zertarako eskatzen den, horren araberakoa.
c) Funesko Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez dituen administrazio harremanetan, bere burua identifikatu behar du, indarreko araudiak hala eskatzen badu.
d) Zaindu egin behar ditu baliabide elektronikoen bidez Funesko Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo besterenezinak.
e) Begiratu behar ditu pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.
2. Gainera, pertsona juridikoek eta Administrazio publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan aipatutako beste pertsonek eta entitateek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte Funesko Udalarekin harremanetan egoteko.
II. TITULUA
Administrazio prozedura elektronikoa
I. KAPITULUA
Administrazio prozedura elektronikoen tramitazioa
11. artikulua. Administrazio eraginkortasunaren printzipioa: analisia, sinplifikazioa eta aurretiazko hobekuntza.
1. Arauketa onaren eraginkortasun printzipioa aplikatuz, Funesko Udalak berrikuntza prozesua gauzatuko du bere administrazio jarduketan, balio publikoa sortzeko, eta prozesu horrek bektore hauek jasoko ditu: balio analisia, ideiak sortzea, berriz diseinatzea, optimizatzea, sinplifikatzea, irekitzea eta administrazio zamak ezabatzea. Informazio-aplikazioak eta -sistemak toki entitatearen administrazio jarduketan txertatu aurretik gauzatuko da prozesu hori.
2. Aipatutako berrikuntza prozesua administrazio- eta antolakuntza-eremu hauetan gauzatuko da:
a) Prozeduren eremuan.
b) Arauen eremuan.
c) Antolakuntzaren eremuan.
12. artikulua. Prozeduren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.
1. Funesko Udalak herritarren zama murriztuko du, eta, hartara, administrazio prozedurak abiaraztean, honako agiri hauek ez dira beharrezkoak izango, aplikaziozko araudi erregulatzaileak salbuespenez kontrakoa ezartzen ez badu:
a) Nortasun agiri nazionalaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia.
b) Toki entitateak berak eskakizun jakinak betetzen direla egiaztatzeko eman behar duen edozein ziurtagiri edo agiri.
c) Toki entitateak berak aurretiaz egin eta/edo igorri duen edozein agiri.
d) Beste administrazio publiko batek egin eta/edo igorri duen edozein agiri, sektore publikoko datuen bitartekotza plataformen bidez eskuratzen ahal bada.
e) Aplikaziozkoa den araudi erregulatzaileak eskatzen ez duen edozein datu edo agiri.
f) Interesdunek aurretiaz edozein administrazio publikotan eman dituzten datuak edo agiriak, administrazio horrek bitartekotza plataformetan besteen eskura jartzen baditu eta interesdunak adierazten badu noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen datu edo agiri horiek. Kasu horretan, kontsulta egiteko baimena ematen duela jotzen da, baldin eta berriz erabiltzeari berariaz kontra egiten ez badio edo berariazko baimena ematea exijitzen duen lege berezirik ez badago.
g) Beharrezko informazioa izanik ere, interesdunak hala eskatuta, datu edo metadatu gisa sartzen ahal den edozein agiri edo agiriren kopia.
Herritarrendako zama murrizteko helburu berarekin:
a) Administrazio prozeduretako eskaera- eta abiarazte-betebeharren maiztasuna murriztuko du.
b) Erantzukizunpeko adierazpenei eta aurretiazko komunikazioei lehentasuna emango die, bai eta aurretiaz eman diren baimenen eta lizentzien berritze automatikoei ere.
c) Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatuko ditu, arauetan ezarritako erantzun epeak eta denborak murrizteko.
2. Funesko Udalak, aurreko apartatuaren arabera, aldizka berrikusi eta aztertuko du sektore publikoko bitartekotza plataformetan zama murriztea ahalbidetzen duten zerbitzu berriak agertzeak ukitutako administrazio prozeduren multzoa. Nolanahi ere, interesdunek ez dituzte aurkeztu beharko toki entitateek bitartekotza-plataformen bidez bitartekotza zerbitzuak martxan jarri eta hilabetera lortzen ahal diren agiriak.
3. Funesko Udalak bideragarritasuna aztertuko du, eta administrazio prozedura erkidearen izapidetze sinplifikatuaren alde egingo du, ahal denean. Haren egoitza elektronikoak eguneratuta mantenduko ditu izapidetze sinplifikatuaren eredu hori aplikagarri duten administrazio prozedurak. Hala ere, interesdunak eskubidea izango du berariaz horri kontra egiteko eta izapidetze arrunta aukeratzeko.
13. artikulua. Arauketaren eremuko berrikuntza, irekitzea eta parte-hartzea.
1. Funesko Udalak Gobernu Irekiaren printzipio hauek aplikatuko ditu bere ahalmenak eta jarduera egikaritzean indarrean dituen ordenantzak eta erregelamenduak jendaurrean jarri, egin eta horien kontu ematen dituenean:
a) Gardentasuna indarreko eta etorkizuneko arauetan eta erregelamenduetan.
b) Herritarrek ordenantzak eta erregelamenduak egiten eta hobetzen parte hartzea eta laguntzea.
c) Indarreko ordenantzen eta erregelamenduen emaitzen eta eraginen kontuak ematea.
2. Funesko Udalak gardentasun aktiboa emango dio eta Gardentasun Atariko araudiaren atalean argitaratuko du informazio hau:
a) Aplikaziozko araudia, toki entitateen eremuan indarrean dauden ordenantzen eta erregelamenduen multzoa barne.
b) Erregelamenduen proiektuak, berari badagokio horiek abiaraztea.
c) Sektoreko legeria indardunaren arabera, izapidetzean zehar epe batez jendaurrean egon behar duten agiriak.
d) Onetsitako Urteko Plan Arautzailea, hurrengo urtean onesteko aurkeztuko diren erregelamendu ekimenak jasoko dituenak. Horrela, tokiko segurtasun juridikoa ikusgai egongo da.
3. Funesko Udalak sustatuko du herritarrek parte hartzea erregelamenduak eta ordenantzak egitean. Horretarako, lehenbizi, kontsulta publikoa egingo du, ukitzen ahal diren subjektu eta erakunde esanguratsuenen iritzia biltzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluaren esparrua eta zuzentarauak betez. Kontsulta publiko horren analisia jasotzen duen agiria erregelamendu edo ordenantzaren proiektuaren zati izango da, eta erregelamendu edo ordenantza izapidetu bitartean argitaratuko da. Agiri horretan, aurkeztutako proposamenak onartu edo ukatu izana arrazoituko da, eta prozedurarekin jarraitzea beharrezkoa den ala ez adieraziko da.
Nolanahi ere, espedientean, honako informazio hau jasoko da:
a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.
b) Zergatik den beharrezkoa eta egokia araua onestea.
c) Lortu beharreko helburuak zein diren, eta helburu horiek benetan betetzen direla egiaztatzeko eta ebaluatzeko eta gizarteari kontuak emateko sistema.
d) Kontsulta publikoan atera diren arauzko eta ez arauzko aukerako irtenbideak baztertu izanaren arrazoiak.
4. Herritarrek dauden ekimen arautzaileen hobekuntzan parte hartzea sustatuko du Funesko Udalak. Horretarako, bideak sortuko ditu herritarrek unean indarrean dauden ordenantzetan eta erregelamenduetan hobetzen ahal diren edo funtzionatzen ez duten alderdiei buruzko iritzia emateko.
5. Funesko Udalak onetsitako ordenantzen eta erregelamenduen oinarrizko helburuen ebaluazio adierazleak argitaratuko ditu, bere Gardentasun Atariko “Zerbitzu Publikoen Kalitatea” kategorian. Konpromisoa hartuko du erregelamendu ekimenak hobetzeko eta sinplifikatzeko, baita helburuen betetze mailan ebaluazio ona ez dutenak baliogabetzeko ere, gizartearendako ahalik eta administrazio zamarik txikiena duen indarreko arau eredu iraunkor baten alde.
14. artikulua. Antolakuntzaren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.
Funesko Udalak berrikuntza eta sinplifikazio printzipioak aplikatuko ditu antolakuntzaren eremuan, eraginkortasunaren mesedetan eta herritarrei bideratuta, eta honako irizpide eta berrikuntza hauei lehentasuna emango die, besteak beste:
a) Gobernu organoen artean, erabakiak eraginkortasunez hartzera bideratutako ordezkaritza araubidea ezartzea, eta pertsona bakarreko organoek erabakitzen ahal dutena kide anitzeko organoen esku ez uztea.
b) Zerbitzu maila handiko herritarrendako arreta bulegoak sortzea, berehalako erantzuna eman ahal izateko eta arreta ematen den unean bertan izapidetze proaktiboa egin ahal izateko.
c) Prozesuetan eta zeharkakotasunean oinarritutako antolakuntza ereduak, lantaldeetan sormena eta talentua bultzatzeko.
d) Erregistro osagarriak edo departamentuetako erregistroak ezabatzea eta administrazio kudeaketaren informazio aplikazioek eta sistemek eskaintzen duten trazabilitatearekin ordeztea.
e) Administrazioaren jarduketa fluxuen gaineko balio erantsia analizatzeko teknikak erabiltzea, herritarrei eta toki erakundeari balioa eransten dioten antolakuntza unitateak identifikatzeko, sustatzeko eta optimizatzeko, helburua izanik eraginkortasun publikoa lortzea eta analisi horren arabera alferrikakoak diren gainerako unitateak ezabatzea.
15. artikulua. Administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztuaren berezitasunak.
1. Funesko Udalak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztura jotzen ahal du, interes publikoko arrazoiengatik edo prozedura konplexua ez izateagatik komenigarria bada. Kasu horretan, dagokion egoitza elektronikoak argitaratuko du zer prozedura izapidetuko diren bide horretatik. Hala ere, ahalik eta informazio gehiena emateko eta eskuratzeko aukera errazteko asmoz, informazio hori Gardentasun Atarian ere argitaratzen ahal da.
Iritziko zaio prozedura ez dela konplexua honako kasu hauetan:
a) instrukzioan bi administrazio unitatek parte hartzea gehienez edo.
b) ebazteko epea hiru hilabetekoa izatea gehienez.
2. Prozedura ebatzi aurretik edozein unetan, hura izapidetzeko eskumena duen organoak erabakitzen ahal du izapidetze arruntarekin jarraitzea, baldin eta espedientean erabaki hori hartzea aholkatzen duten arrazoiak nahikoa egiaztatzen badira eta, interesdunak izapidetze erraztua eskatu badu ere, erabaki horren aurka ez badago.
3. Funesko Udalak ofizioz erabakitzen badu prozeduraren izapidetze erraztua egingo duela, interesdunei jakinarazi beharko die. Horietakoren batek, jakinarazpena jaso eta bost eguneko epean, horri kontra egiten badio, udalak izapidetze arruntari jarraitu beharko dio.
4. Interesdunek prozeduraren izapidetze erraztua eskatzen ahal dute. Izapidetzeko eskumena duen organoak uste badu ez dela 1. apartatuan ezarritako arrazoietako bat betetzen, eskaera horri uko egiten ahal dio, eskaera aurkeztu eta hurrengo bost egunetan, eta interesdunak ezin izango du errekurtsorik jarri. Bost eguneko epe hori igarota, eskaera ezetsitzat joko da.
5. Izapidetze arrunta burutzeko denbora gutxiago falta den kasuetan izan ezik, modu erraztuan izapidetutako administrazio prozedurak hogeita hamar egunean ebatzi beharko dira, interesdunari izapidetze erraztua egingo dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Honako izapide hauek izango dituzte soil-soilik:
a) Prozedura abiaraztea, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.
b) Eskaera zuzentzea, hala badagokio.
c) Prozeduraren hasieran egindako alegazioak, bost eguneko epean.
d) Entzunaldia, ebazpena interesdunaren kalterako izatekoa denean soilik.
e) Kasu bakoitzari aplikatzen zaion araudi espezifikoaren arabera dagozkion txostenak.
f) Ebazpena.
6. Prozeduraren batean aurreko apartatuan jaso ez den izapideren bat egin behar bada, prozedura modu arruntean izapidetuko da, salbu eta izapide hori bost egun balioduneko epean ebazten ahal bada; azken kasu horretan, izapidetze erraztuarekin jarraitzen ahal du udalak.
II. KAPITULUA
Administrazio prozedura elektronikoen jakinarazpena
16. artikulua. Jakinarazteko organo eskuduna.
1. Ebazpenak eta administrazio egintzak ematen dituen organoak egingo die jakinarazpena ukitutako eskubideak eta interesak dituzten interesdunei. Jakinarazpena era automatizatuan egingo da lehentasunez, eskura jartzeko sistema elektronikoaren bidez.
2. Dena dela, Idazkaritzak emango du kide anitzeko organoen erabakien berri, horiek egiaztatu ondoren. Jakinarazpena era automatizatuan egingo da lehentasunez, duen sinadura elektronikoko sistemaren bidez.
17. artikulua. Jakinarazteko epea.
1. Jakinarazpen oro hamar eguneko epean egin behar da, egintza egin den egunetik aurrera. Ebazpenaren testu osoa ekarriko dute, eta adieraziko bide administratiboari amaiera ematen dion ala ez, zer errekurtso den bidezko bide administratiboan zein judizialean, zer organori zuzendu behar zaion eta zer epe dagoen haiek jartzeko, ukatu gabe interesdunek baliatzen ahal dutela, hala badagokio, bidezkotzat jotzen duten beste edozein.
18. artikulua. Datuen babesa eta jakinarazpenaren beste muga batzuk.
1. Funesko Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu ebazpenetan eta administrazio egintzetan jasotako datu pertsonalak babesteko, interesdun bat baino gehiago direnean jakinarazpenaren hartzaile, eta, hala badagokio, gardentasun legerian ezarritako beste muga batzuk aplikatuko ditu.
2. Neurri horiek honako hauek hartzen ahal dituzte barne, besteak beste: transkripzioa, erabakien eta ebazpenen egiaztapen partziala egiteko, zeina automatikoki egingo baita metadatuak erabiliz, hala badagokio, eta egiaztatu eta jakinarazi behar ez diren eranskinak erabiltzea.
3. Edonola ere, datuak eskuratzeko mugak badaude, hala adierazi beharko da, gardentasun legeriak ezarritako baldintzetan.
19. artikulua. Jakinarazpenen abisuak jasotzeko gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa.
1. Interesdunak edo haren ordezkariak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa adierazten ahal du, jakinarazpenak egin izanaren abisuak jasotzeko, jakinarazpenak edozein modutara eginda ere. Funesko Udalak zehaztuko du zer gailu elektroniko onartzen dituen baliozkotzat artikulu honetan araututako abisua egiteko.
2. Horretarako, interesdunak edo haren ordezkariak bere burua identifikatu beharko du, toki entitateak horretarako onartu duen sistemaren bidez, eta dagozkion datuak bete beharko ditu.
3. Interesduna edo haren ordezkaria izango da informazio hori eguneratuta izatearen erantzule bakarra.
20. artikulua. Jakinarazpena elektronikoki igortzea eta burutzea.
1. Jakinarazpena idatziz eta euskarri elektroniko originalean sortuko da beti, eta administrazio prozedura erkidearen legerian ezarritako metadatuak eta bestelako edukiak jasoko ditu. Halaber, hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera egingo da.
2. Jakinarazpen elektronikoa egiteko, baliozkotzat hartzen dira helbide elektroniko gaitua eta toki entitatearen egoitza elektronikora sartzean jakinarazpena jasotzea.
3. Jakinarazpena, hala ere, interesdunaren edo haren ordezkariaren esku jarriko da toki entitatearen egoitza elektronikoan, eta abisua bidaliko da interesdunak edo haren ordezkariak adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora.
4. Elektronikoki bertaratzean jakinarazpena gauzatu ahal izateko, erabilitako sistemak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Jakinarazpena atzitzen duen pertsonaren identifikazioa egiaztatuta gelditu behar da, toki entitateak ordenantza honen baldintzen arabera ezarritako moduan.
b) Argi eta garbi adierazi beharko da interesdunak edukiak atzitu izana jakinarazpentzat hartuko dela, dagozkion lege ondorioetarako.
c) Jasota geratu beharko da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpenaren edukia atzitu izana, eta zer egunetan eta ordutan atzitu duten ere bai.
5. Horrez gain, interesdunak edo haren ordezkariak borondatez hala eskatu badu edo legez edo arauz jakinarazpenak bitarteko elektronikoetatik jasotzeko obligazioa badu, toki entitateak gaitutako helbide elektroniko bakarrean jartzen ahal du jakinarazpena interesdunaren edo haren ordezkariaren eskura, araudi erregulatzaileak xedatutako baldintzetan.
21. artikulua. Jakinarazpena paperezko euskarriaren bidez egitea.
1. Administrazio prozedura erkidearen legerian ezarritako kasuetan, Funesko Udalak paperezko euskarrian egin beharko du jakinarazpena. Horretarako, posta zerbitzuen legeriak ezarritako mekanismoak erabiltzen ahal ditu, haren zerbitzuko langile publiko baten bitartez eman jakinarazpena, edo interesdunari edo haren ordezkariari toki entitatearen bulegoetara edo horretarako gaitutako tokira bertaratzeko eskatu.
2. Kasu horretan, egoitza elektronikoan eskura jarritako jakinarazpenaren egiazko kopia bat sortu beharko da paperean, modu automatizatuan. Horretarako, jakinarazpena egiten duen organoaren egiaztapen kode segurua edo toki entitatearen kode orokorra erabiliko dira.
3. Posta zerbitzuaren bidezko jakinarazpenak unean indarrean dagoen araudiak ezarri bezala egingo dira.
4. Bulegoetara bertaratuta edo langile publikoen bitartez ematen diren paperezko jakinarazpenak egitean, idatziz eta elektronikoki jasota utzi behar da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena jaso dutela. Jakinarazpena, halaber, digitalizatuko da, egiazko kopia elektronikoa eginez, espedientean sartzeko.
5. Paperez egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri behar dira toki entitatearen egoitza elektronikoan, aukera izan dezan horien edukia borondatez atzitzeko.
22. artikulua. Jakinarazi ezin izan diren iragarkiak argitaratzea.
1. Jakinarazpena ezin izan denean aurreko artikuluen baldintzetan burutu, Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuko da.
Horretarako, banakako iragarkiak edo jakinarazpena jasotzeko bertaratzekoak argitaratzen ahal dira, eranskin gisa.
2. Funesko Udalak taulan argitaratzeko beste administrazio publiko batzuek igorritako jakinarazpenen iragarkiak jasotzen baditu, argitalpen hori toki entitatearen bulegoetan eskuratzen ahal den taula fisikoan edo elektronikoan soilik argitaratuko da.
III. KAPITULUA
Artxibo elektronikoa
23. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.
1. Agiriak eta jarduketak edozein artxibo elektronikotan jasotzean, gardentasun obligazioak betetzea erraztu behar da, eta aukera eman behar du herritarrei informazioa garaiz, azkar eta eguneratuta emateko.
2. Administrazio jarduketetan erabilitako agiri guztiak bitarteko elektronikoen bidez gordeko dira, salbu eta ezin bada eta modu arrazoituan egiaztatzen bada ezinezkoa dela.
Jatorrizko euskarrian gordeko dira egiazko kopia elektroniko bidez espediente elektronikoan gorde ezin diren euskarri fisikoko agiriak, legeak ezarritako baldintzetan.
3. Nolanahi ere, Funesko Udalak agiriak hobeki jaso eta kudeatzeko beharrezkoa duen eta egoki deritzon agiri elektronikoen artxiboa izaten ahalko du, ordenantza honen 96. artikuluan aipatzen den Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agiriak ezarritakoaren arabera.
4. Aurreko apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Funesko Udalak artxibo elektroniko bakarra izan beharko du, bukatutako prozedurei dagozkion agiri elektronikoekin, aplikaziozkoa den araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan.
24. artikulua. Kontserbatzeko formatuak eta euskarriak.
1. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbestean, bai formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren izaera eta osotasuna segurtatuko duen beste edozeinetan erreproduzitu ahal izateko.
2. Amaitutako prozedurei dagozkien agiri elektronikoak honako hau ahalbidetzen duen formatu batean gorde beharko dira: agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzea, baita kontsultatzeko moduan daudela bermatzea ere eman zirenetik edozer denbora igaro dela ere. Horretarako, jatorrizko formatua kontserbazio formatura aldatzen ahal da, egiazko kopia elektronikoa sortuz.
3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, frogagiri izaten jarraitzen duten bitartean, agiri elektronikoak beren formatu originalean gorde beharko dira ahal bada, sinadura elektronikoarekin eta metadatuekin batera.
4. Funesko Udalak datuak aplikazio desberdinetatik atzitzeko aukera ematen duten formatuetara eta euskarrietara aldatzeko prozedurak ezarriko ditu, hala beharrezkoa denean.
25. artikulua. Artxibo elektronikoen bermeak eta segurtasun neurriak.
1. Dokumentuak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako dokumentuen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa.
2. Bereziki, artxibo elektroniko guztiek bermatuko dute erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legerian ezarritako bermeak betetzen direla ere, eta administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoak berreskuratu eta luzaroan kontserbatzen dituztela, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi zikloari buruzko berezitasunekin bat.
3. Agiriak kudeatzeko politikak, toki entitateak Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agirian zehaztutako segurtasun politikarekin batera, agiri elektronikoei aplikatzen zaizkien segurtasun neurriak ezarriko ditu.
26. artikulua. Artxiboen kudeaketa erregulatzen duen araudia betetzea.
1. Artxibo elektronikoen eta, bereziki, bukatutako prozedurei dagokien agiri elektronikoen artxibo bakarraren ezarpena indarreko legeriak ezartzen dituen beste sistemekin eta artxibo sareekin bateragarria izango da, eta dagozkion zaintza- edo eskualdaketa-erantzukizunen banaketa errespetatu beharko du.
2. Halaber, artxibo elektroniko bakarraz gain, artxibo historikoarekin jarraitzen ahal da, dagokion estatuko eta autonomiako araudiaren arabera.
3. Agiri elektroniko horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.
27. artikulua. Agiri elektronikoetan sartzea.
1. Herritarrek agiri elektronikoetan sartzea gardentasuna arautzeko legeriak ezarritakoaren arabera arautuko da.
2. Gainerako administrazio publikoak ordenantza honetan araututako agiri eta artxibo elektronikoetara sartzeari dagokionez, baldin eta eskatzaileak toki entitateari aurretiaz emandako agiriak ez emateko eskubidea gauzatzen badu, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen duen legeriak ezarritako mugen barruan jardun behar da, dokumentazioa araudi erregulatzaileak xedatutakoaren arabera ezabatu ez bada.
III. TITULUA
Egoitza elektronikoa
28. artikulua. Egoitza elektronikoa.
1. Funesko Udalaren egoitza elektronikoa sortu da, eta URL helbide honetan dago eskuragarri: www.villadefunes.com.
Funesko Udala da egoitza elektronikoaren titularra.
Egoitza elektroniko bakarra egongo da udaleko organo guztietarako, eta entitate eta erakunde publikoak zein haren mende dauden kapital erabat publikoko toki entitateak eta entitate mistoak sartzen ahal dira hor.
2. Egoitza elektronikoak printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.
Egoitza elektronikoa erabiliko da norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunearen kautotze ziurtagiri onartua edo kualifikatua edo horren baliokidea erabiliz.
Egoitza elektronikoa erabilgarri egongo da herritarrentzat urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan. Mantentze-lan tekniko edo operatiboarekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izango da eten egoitzaren erabilgarritasuna, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aldez aurretik iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan bertan, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.
29. artikulua. Prozeduren katalogoa.
Aipatu 39/2015 Legearen 53.1.f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egiteko asmoa duen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.
Zentzu berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.
Ondorio horietarako, udalak publikoki jakitera emango du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izango du katalogo hori.
30. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.
Egoitza elektronikoak legeri aplikagarrian ezarritako edukia izango du, eta, edozein kasutan, honako hauek adieraziko dira:
a) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz.
b) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.
c) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemak.
d) Udaleko administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.
e) Erregistro elektronikorako sarbide bat eta egoitzaren bidez irisgarriak diren erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko ebazpenerako sarbidea.
f) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.
g) Informazio administratiboaren inbentarioa, udalak emandako prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.
h) Herritarrak udaleko administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda.
i) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.
j) Espedientearen izapidetze egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, interesdunak bere burua identifikatu ondoren.
k) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin kautotutako agirien egiazkotasuna eta osotasuna egiaztatzea.
l) Data eta ordu ofiziala.
m) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.
n) Adierazi egingo da zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.
o) Eguneratutako direktorio geografikoa, interesdunari bere etxetik gertuen dagoen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoa identifikatzen lagunduko diona.
p) Administrazio organo, zentro edo unitateen indarreko identifikazio kodeak.
q) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.
31. artikulua. Egoitza elektronikoaren ezaugarriak.
1. Jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egoitza elektronikoaren bitartez egingo dira, beharrezkoa denean toki entitateak, beste administrazio publikoek edo herritarrek bitarteko elektronikoekin kautotzea. Halaber, organo eskudunak zerbitzuen eraginkortasunaren eta kalitatearen mesederako ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egiten ahalko dira, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkion kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.
2. Egoitza elektronikoaren bidez lortzen ahal diren zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneraketa bermatu behar dira.
3. Egoitza elektroniko hauetan informazioak, zerbitzuak eta salerosketak argitaratzean, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrak erabili ohi dituenak ere.
4. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izango ditu, baldin eta beharrezkoak badira.
5. Egoitza elektronikoek webgunearen kautotze ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak edo horien bitarteko baliokidea erabiliko dituzte beren burua identifikatzeko eta haiekin komunikazio segurua bermatzeko.
6. Funesko Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.
32. artikulua. Egoitza elektronikoetan identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.
1. Funesko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektroniko badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.
2. Egoitza elektronikoak eskuragarri izango du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo dagokion aldizkari ofizialari lotutako estekaren bidez.
3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna ziurtatu beharko dituzte, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari jarraikiz.
33. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.
1. Egoitza elektronikoak ediktuen ohol elektroniko bat izango du. Bertan legearen eta araudien arabera zehazten diren egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.
2. Udalak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.
34. artikulua. Publizitate aktiboa.
Udalak aldian behin emango du argitara jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturiko jardueren gardentasuna bermatzeko beharrezkoa den eguneratutako informazioa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Legeak (abenduaren 9ko 19/2013) xedatutakoaren arabera.
Alde horretatik, Udalak honako hauek emango ditu argitara:
–Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.
–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioak, hala ordenantzak edo araudiak nola zerga araudiak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.
–Informazio ekonomikoari eta aurrekontuari buruzkoa, bai eta estatistikoa ere.
35. artikulua. Kontratatzailearen profila.
Egoitza elektronikotik Udalaren kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egongo da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatutakoarekin.
36. artikulua. Erantzukizuneko arau bereziak.
1. Egoitza elektroniko bat sortuz gero, haren titularrak izango du ardura egoitza elektroniko horren bidez eskuratzen ahal diren informazio eta zerbitzuen osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz. Egoitza elektronikoak beste organo edo administrazio publiko baten erantzukizunpeko esteka edo loturaren bat badu, egoitza elektronikoaren titularra ez da azken horren osotasunaren, egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzule izango.
Egoitzak beharrezko bitartekoak ezarriko ditu herritarrek jakin dezaten eskuratzen duten informazioa edo zerbitzua egoitzarena den, egoitza ez den sarbide puntu batena den edo hirugarren batena den.
2. Egoitza elektronikoen titular diren organo edo erakunde publikoek erantzukizuna izango dute beren eduki propioen ondorioz eta, solidarioki, eduki komunen ondorioz ere bai.
IV. TITULUA
Identifikazio eta sinadura elektronikoa
I. KAPITULUA
Interesdunen identifikazioa eta sinadura elektronikoa
37. artikulua. Identifikazio eta autentifikatze sistemak.
Erabiliko diren identifikazio eta autentifikatze sistemak ezarrita daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legearen I. tituluko II. kapituluan.
Udal administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabili ahalko dute, betiere aldez aurreko erregistrokoa bada eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko aukera ematen badu. Zehazki, sistema hauek erabiltzen ahalko dira:
a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko onartuetan edo gaituetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.
b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko onartuetan edo gaituetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira.
c) Gako itunduko sistemak eta udal administrazioak ontzat eman dezakeen edozein sistema, ezartzen diren modu eta balditzetan.
Interesdunek edozein bitarteko erabili ahal izango dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren egiazkotasuna, bai eta dokumentuaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.
Interesdunek udal administrazioarekin harremanean jartzeko bitarteko elektronikoak hautatzen badituzte, baliozkotzat joko dira sinaduraren ondorioetarako. a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak «Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda»ko emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.
d) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak «Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda»ko emaileek emanak badira.
e) Udaleko administrazioak ontzat ematen ahal duen beste edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.
Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, nahikoa izango da interesdunek aldez aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) ezarritako edozein identifikazio bitartekoren bidez.
Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baino ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:
a) Eskaerak egiteko.
b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.
c) Errekurtsoak jartzeko.
d) Akzioetan atzera egiteko.
e) Eskubideei uko egiteko.
38. artikulua. Sinadura edo zigilu elektronikoari buruzko arau orokorrak.
1. Legez hala eskatzen ahal denean, interesdunek elektronikoki sinatzen ahalko dute, identifikazio elektronikoko edozein bitarteko eta konfiantzazko zerbitzuen legerian ezarritako edozein bitarteko erabiliz, haien borondatea eta baimena egiazkoak direla elektronikoki egiaztatzeko aukera ematen badu, dagokion jarduketarako eskatutako segurtasun mailaren arabera eta aplikaziozko legerian eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.
2. Konfiantzazko edozein sistema erabiltzeak doakoa izan behar du toki entitatearentzat, eta Estatuko eta Europako Batasuneko elkarreragingarritasun arauak bete beharko ditu.
3. Toki entitateak, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak jasotako arauak aplikatuz, ezin izango du identifikazio elektronikoko sistema erabili interesdunari honako hauek erabiltzeko eskatu behar badio: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kualifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kualifikatua.
4. Kasu horretan, mugaz gaindiko jarduketa bada, Europako Batasuneko gainerako estatu kideetan bizilekua duten interesdunek honako hauek erabiltzen ahal dituzte, baina Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1506 (EB) Exekuzio Erabakiak zehaztutako formatuetan soil-soilik: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kualifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kualifikatua. Erabaki horrek ezartzen du zer zehaztapen izan behar dituzten sektore publikoko erakundeek aitortu behar dituzten sinadura elektroniko aurreratuen eta zigilu aurreratuen formatuek, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 27. artikuluaren 5. apartatuari eta 37. artikuluaren 5. apartatuari jarraikiz.
Espainian bizilekua duten interesdunek ere erabiltzen ahal dituzte aipatutako formatuak.
5. Toki entitateak ez du inolaz ere eskatuko sinadura edo zigilu elektroniko kualifikatua baino berme maila handiagoa duen sinadura edo zigilu elektronikoko sistema bat erabiltzeko.
6. Sinatzeko erabiltzen den identifikazio sistemak ez badu aukera ematen agiria osorik dagoela eta aldatu ezin dela egiaztatzeko, toki entitateak alderdi horiek ziurtatzeko mekanismo teknikoak ezarri beharko ditu bere identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikan.
7. Funesko Udalak jarduketa bakoitzean onartzen diren sinadura elektronikoko sistemak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.
II. KAPITULUA
Toki entitatearen identifikazioa
eta sinadura elektronikoa
39. artikulua. Toki entitatearen identifikazioa eta sinadura elektroniko automatizatua.
1. Funesko Udalak modu automatizatuan elektronikoki sinatzen ahal du, bai eta identifikatu ere, ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kualifikatua erabiliz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emango dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legeak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.
2. Ahal dela, toki entitate honetako egoitza elektronikoaren ziurtagiri kualifikatuak entitatearen organoei emango zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, toki entitateak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatua izateko bere izenean.
Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak jasoko dituzte, Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea izan ezik, ez baita beharrezkoa izango.
3. Funesko Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.
4. Era berean, Funesko Udalak kode seguruko egiaztapen sistemak erabiltzen ahal ditu modu automatizatuan sinatzeko, eta, ahal dela, toki entitateko organoei emango zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak gauza ditzaten. Dena dela, toki entitateak kode seguruko egiaztapen sistema ere izaten ahal du bere izenean.
Toki entitatearen egiaztapen orokorrerako kode segurua agiri elektronikoen paperezko kopiak egiazkoak direla bermatzeko erabiltzen ahal da.
Nolanahi ere, egiaztapenerako kode seguruak nahikoa berme tekniko eman beharko ditu, dagokion jarduketarako eskatzen den segurtasun mailarekin betez, aplikaziozko legeriak eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.
5. Baliozkoa izateko, egiaztapenerako kode segurua sortu beharko da Alkatetza/Burutzaren edo hark eskuordetutako organoaren dekretu bidez, eta berme hauek eman beharko ditu:
a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea eta igorlearekin duen lotura bakarra eta ausazkoa izatea.
b) Ziurtagiri kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuaren baliokidea den segurtasun kriptografikoa izatea.
c) Kode bidez kautotutako agiria egoitza elektronikoaren –eta, hala badagokio, hura gordetzen duen artxiboaren– bidez eskuratzea, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan zehar. Pertsonek berehala eta doan eskuratzen ahalko dute agiria.
Egiaztapenerako kode segurua sortzeko tresna Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
6. Toki entitatea bere Internet atarian edo sarbide puntuan argitaratutako informazioan identifikatu dela iritzi ahal izateko, atari edo puntu horrek egoitza elektronikoa izan behar du.
Egoitza elektronikotik kanpo informazioa argitaratzen bada, toki entitateak kautotu beharko du, kapitulu honetan xedatutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako edozein erabiliz.
40. artikulua. Toki entitateko langileen identifikazioa eta sinadura elektronikoa.
1. Funesko Udaleko organoen titularrek edo kideek eta udalaren zerbitzuko langileek ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kualifikatua erabiltzen ahalko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emango dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legeak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.
2. Toki entitateek emango dizkiete ziurtagiri horiek beren zerbitzuko langileei. Hala ere, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko dokumentuan, baimena ematen ahal dute pertsona horiek borondatez erabiltzeko pertsonalak soilik diren ziurtagiri kualifikatuak.
Ziurtagiriek informazio osagarria izaten ahal dute, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz eta gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako mugak errespetatuz.
3. Goitizena darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak ematen ahal dira, indarreko legeriak mugak ezartzen baditu agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Goitizena osatzeko, lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea erabiliko da.
Organo judizialek edo legitimazioa duten beste organo eta pertsonek eskatzen ahal dute goitizena darabilten ziurtagiri kualifikatuak dituzten sinatzaileen nortasuna jakinarazteko, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluak xedatutako kasuetan.
4. Funesko Udalak, Alkatetza udalburutzaren dekretu bidez, gako itunduen sistema propioa igortzen eta kudeatzen ahal du bere langile publikoendako, eta, dekretu horretan, gakoak erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak arautuko dira. Halaber, bermatu behar duen segurtasun mailaren arabera, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua eta Batzordearen 2015eko irailaren 2015/1502 (EB) Exekuzio Erregelamendua bete beharko ditu. Erregelamendu horrek identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun mailetarako zehaztapen eta prozedura minimoak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 8. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoa betez.
Halaber, toki entitatea beste administrazio publikoek gako itunduetan oinarrituz eskaintzen dituzten identifikazio eta sinadura sistemei atxikitzen ahal zaie, baldin eta segurtasun maila nahikoa badute.
5. Funesko Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezartzen ahal ditu, haren zerbitzuko pertsonek buruz buruko harremanetan erabiltzeko.
Mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki entitateak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.
41. artikulua. Aurreko artikulu guztietarako arau orokorrak.
1. Toki entitateak eskuratuko dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoen eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean jasotakoa beteko dute. Politika hori honako hauetan ezarritakoaren arabera onetsi da: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) 18. artikulua eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren (herritarrek zerbitzu publikoetara elektronikoki sartzea arautzen duen ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duena) 24. artikulua.
2. Funesko Udalak ziurtagirietan oinarritutako sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzea sustatuko du, sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua eginez.
3. Elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta ziurtagiri kualifikatuetan oinarritzen ez diren sistemekin kautotutako agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea ahalbidetzeko, Funesko Udalak ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko propioa gainezartzen ahal du agirietan, beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei bidaltzeko edo haien eskura jartzeko.
V. TITULUA
Informazio administratiboa hedatzea
eta eskuratzea baliabide elektronikoen bidez
I. KAPITULUA
Publizitate aktiboa
42. artikulua. Publizitate aktiboaren betebeharren esparrua.
1. Funesko Udalaren publizitate aktiboko betebeharrak bide elektronikotik gauzatu beharko dira, ahal bada egoitza elektronikoaren bidez, informazio publikoaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen duen kanala baita.
2. Administrazio elektronikoa behin betiko ezartzearekin batera, Funesko Udalak bere artxiboetan eta administrazio jarduketetan jasotako informazioaren hedapen, publizitate eta gardentasun ahalik eta handienak sustatuko ditu, antolamendu juridikoa eta aitortutako jardunbide onak betez.
3. Funesko Udalak bere ekimenez argitaratuko du bere ezaugarri bereziengatik gardentasuna sustatzen duen, kontuak hobeki ematea ahalbidetzen duen eta herritarren eskubideak gauzatzea errazten duen informazioa, baita gizartearendako eta jarduera ekonomikoaren sustapen eta garapenerako erabilgarriena dena ere.
43. artikulua. Administrazio prozedura elektronikoaren eta gardentasunaren arteko loturak.
1. Administrazio prozedura elektronikoaren ezarpenak bermatu behar du informazioa formatu egokian sortuko dela, hura publizitatu ahal izateko, irisgarria izateko, eta, bereziki, balio publikoa emateko berrerabilia izateko. Horretarako, dokumentazioa kudeatzeko politikarako estrategia gauzatuko da. Estrategia Alkatetza udalburutzak onetsitako agiri batean zehaztuko da, ordenantza honen 93. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, eta bermatu behar du agiri elektronikoaren bizi ziklo osoan kudeaketa eredua eraginkorra izango dela.
Bereziki, estrategia horrek honako hauek bete beharko ditu:
a) Gardentasun atarian informazioa iraultzean, automatismo maila handiagoa bermatzeko sistemak eta mekanismoak ezarriko ditu, eta informazioa ahalik eta eguneratuen mantenduko.
b) Gardentasunaren gaineko lege obligazioak betetzearen ondorioz izapide berriak txertatzea eta administrazio izapidetzea konplexuago bihurtzea ekidingo du.
c) Argitalpenean adieraziko du zein unitatek duen informazioaren ardura eta noiz eguneratu zen azkenekoz.
d) Herritarrei arreta emateko sistemak udaleko gainerako antolakuntzarekin eta informazio sistemekin integratuko ditu.
2. Prozedurak errazteko printzipioa aplikatuz, publizitate aktiboari buruzko informazioa eskuratzeak errazago izan behar luke, lehenago aipatutakoari jarraituz.
44. artikulua. Informazioaren kalitatea eta eskuragarritasuna.
1. Informazio administratiboa eta interes orokorreko informazioa egunean 24 orduz eta urteko 365 egunez izango da eskuragarri egoitza elektronikoan, kalitatearekin, eta horien edukiaren ulergarritasuna bermatu beharko da, Europako eta nazioarteko irizpide eta estandarrei jarraikiz. Informazioaren publizitateak sistema errazen erabilera bermatuko du, herritarrendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.
2. Egoitza elektronikoetan edo beste edozein formatu motatan jasotzen den informazioak egiazkoa izan beharko du, erraz eskuratzekoa, ez-baztertzailea, argia, erraza eta zehatza. Halaber, herritarrek ulertzeko moduko mezu eta hizkuntzarekin egituratu beharko da eta, bereziki, herritarrei emandako informazioaren irismena hobeki ulertzen laguntzen ahal dieten bideoak, grafikoak, argazkiak, irudiak eta orriaren edo agiri euskarriaren konposiziorako beste edozein bitarteko erabiliko dira.
3. Publizitate aktiboaren adierazpen grafikoak izango dira lehentasunezko bitartekoa konplexutasun handiko gaien edo datuen publizitate aktiboa egiteko. Lehentasun hori aplikatu ahalko da informazio ekonomiko-finantzarioaren kasuan, bereziki, baita honako helburu hauek dituen informazio guztian ere: baliabide publikoak erabiltzea, politika publikoak lehenestea, herritarrak zerbitzu publikoekin asebeteta gelditzea edo estatistiken edo ehunekoen bidez erakusten ahal den beste edozein.
4. Funesko Udalak desgaitasun edo dibertsitate funtzionalen bat duten herritarren eskura jarriko ditu egoitza elektronikoko informazio guztia eskuratzeko beharrezko baliabideak, udalaren baliabide teknologikoak eta ekonomikoak zein diren.
5. Toki entitateak zuzenean edo hirugarren pertsonen edo entitateen bitartez sortzen dituen agirietan eta euskarrietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatuko da, hizkera mota guztietan.
45. artikulua. Kanal ez-elektronikoak erabiltzea.
1. Herritarrek informazioa formatu elektronikoan eskuragarri izateak ez du inola ere ordezkatu behar Funesko Udalak bere egoitzetan edo beste kanal batzuen bidez (hala nola telefonoan) ematen duen arreta pertsonalizatua.
2. Irisgarritasun unibertsalaren printzipioa bermatzeko, Funesko Udalak beste baliabide batzuen bidez hedatu beharko du informazioa, bitarteko elektronikoak eskuratu ezin dituzten herritarrek ezagutu dezaten eta, bereziki, Interneten nabigatzeko baliabideak, bitartekoak edo ezagutzak ez dituzten herritar taldeek edo pertsonek. Pertsona eta talde horiei guztiei publizitate aktiboko baliabideak edo informazio bera eskuratzeko tresnak emango zaizkie, beste pertsonek edo taldeek eskuratzen ahal duten informazio bera lortu eta eskubide berak gauzatu ditzaten, udalaren baliabide teknologikoak eta ekonomikoak aintzat hartuta.
46. artikulua. Publizitate aktiboaren mugak.
1. Informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko eta datuen babesari buruzko gatazkak ebazteko legezko mugak aplikatuko zaizkie publizitate aktiboa egiteko lege betebeharrei eta Funesko Udalak bitarteko elektronikoen bidez hedatzen duen gainontzeko informazioari, indarreko araudiak ezarritako baldintzetan.
2. Informazioa hedatzean berdintasun printzipioa eta ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko, Funesko Udalak haztapen irizpideak onetsiko ditu gertatzen ahal diren gatazkak ebazteko prozesuetarako, kontrol organoek ematen ahal dituzten irizpenen informazio balioa baztertu gabe.
47. artikulua. Datuak irekitzea.
1. Funesko Udalak informazio publikoa berrerabiltzea sustatuko du, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen gaineko oinarrizko legeria betez. Udalak aske erabiltzeko dituen datuak herritarrek erabili ahal izatea da helburua.
2. Administrazio elektronikoaren garapenaren esparruan, Funesko Udalak beharrezko neurriak jarriko ditu bere esku dauden datuak irekitzeko, horiek berrerabiltze aldera eta pribatutasunaren, segurtasunaren edo jabetzaren mugak erabat errespetatuz. Honako honetan datza datuak irekitzea: datuak web bidez eskuratzen ahal den formatu digital, estandarizatu eta irekian eskuragarri jartzea, herritarrek eta eragile konputazionalek horiek ulertzea eta berrerabiltzea ahalbidetzen duen egitura argia eta esplizitua erabiliz.
48. artikulua. Herritarrek publizitate aktiboan parte hartzea.
Funesko Udaleko egoitza elektronikoan, espazio bat gaituko da herritarrek proposamenak eta iradokizunak egin ditzaten, eskatutako informazioari buruz zein haien eskura jarritako informazioari buruz, eta erabilitako formatu, programa edo lengoaia informatikoei dagokionez.
Espazio horrek datuak irekitzeko eta berrerabiltzeko aplikazio informatikoen garapenean parte hartzea ere gaitzen ahal du.
II. KAPITULUA
Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea
1. ATALA
Araubide juridikoa
49. artikulua. Informazio publikoaren eskuragarritasunaren aldeko printzipio orokorra.
Oro har, informazio publikoaren eskuragarritasuna sustatuko da. Eskuratzeko mugarik edo eskuratzeko eskabidea ez onartzeko arrazoirik badago, erantzuna edo ebazpena arrazoitu beharko da, eta, halaber, erabat edo partzialki ez onartzea justifikatzen duten oinarriak adierazi beharko dira, baita, hala badagokio, eskuratzeko eta publizitatea egiteko ezintasunaren epea ere.
50. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
1. Honako hauetan ezarritakoak arautuko du informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: abenduaren 9ko 19/2013 Legea (gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzkoa) eta hura garatzen duten oinarrizko arauak, garapeneko lege autonomikoa (toki entitateei aplikatzen ahal bazaie) eta ordenantza hau.
2. Ez da araubide hori aplikatuko, eskuratzeko eskubideari buruzko arauketa berezia badago edo eskatzaileak martxan dagoen prozesu bateko agiriak eskuratu nahi baditu eta prozesu horretan interesdun ere bada. Kasu horretan, dagokion administrazio prozedura erregulatzen duen araudiak gobernatuko du informazioaren eskuragarritasuna, abenduaren 9ko 19/2013 Legea lehen xedapen gehigarriak ezarritakoa betez.
Burututako espedientea bada, informazioa modu iraunkorrean eskuratzeko printzipioaren arabera, informazioa bere zaintzapean duenak espedientea zuzenean eskuratzeko aukera bermatuko beharko du, dagokion prozedura erregulatutako arauek ezartzen dutenaren arabera, eta interesdunak interesdun egoera egiaztatu beharko du lehenbizi, aipatutako espedientean jasotako dokumentuen kopia lortzeko eskubideari kalterik egin gabe.
51. artikulua. Eskubidearen titulartasuna.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13.d) artikuluak xedatutakoa aintzat hartuz, lege horren 3. artikuluaren arabera administrazio publikoetan jarduteko gaitasuna dutenak dira lege berak xedatzen duen informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen titularrak.
Eskubide hori nazionalitate, auzotasun edo antzeko baldintzarik eskatu gabe gauzatuko da, eta prestakuntza, baliabideak, egoera pertsonalak edo baldintza edo egoera soziala edozein dela ere, hori guztia legeek kasu bakoitzean ezartzen dituzten baldintzak eragotzi gabe.
52. artikulua. Informazio publikoa.
1. Kapitulu honen ondorioetarako, informazio publikotzat hartzen dira hurrengo apartatuan zerrendatutako subjektuetako batek dituen edukiak edo agiriak, formatua edo euskarria edozein dela ere, beren eginkizunak gauzatzean sortu edo lortu badituzte, informazioa zer datatan sortu den alde batera utzita.
2. Hauek dira aurreko apartatuak aipatzen dituen subjektuak:
a) Funesko Udala.
b) Erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateak, udalarekin lotutakoak edo haren menpeko direnak.
c) Merkataritza sozietateak, baldin eta kapital sozialean aurreko bi letretan aipatutako entitateen partaidetza, zuzena edo ez-zuzena,%50etik gorakoa bada.
d) Funesko Udalaren mendeko edo harekin lotutako fundazioak eta elkarteak.
Horiek guztiak daude kapitulu honetan ezarritakoak behartuta.
53. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
1. Kapitulu honetan ezarritakoa bete behar duten subjektuek informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea edo eskuragarri egotea sustatuko dute, datu pertsonalak babesteko eskubidea inolaz ere eragotzi gabe.
2. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan arautzen diren datu pertsonalen babesaren ondoriozko mugak aplikatuko dira. Informazioak bereziki babestutako datuak dituenean, publizitatea aurrez disoziazio eginez soilik gauzatuko da.
3. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebaztean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete ostean soilik emango da datu bereziki babestuak dituen informazioa.
Informazioak identifikaziorako baino ez diren datuak baditu, organoaren antolakuntzarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotuak, eskuratzeko aukera oro har emango da, baldin eta, kasu zehatz horretan, datu pertsonalen babesa edo konstituzionalki babestutako beste eskubide batzuk gailentzen ez badira.
Informazioak ez badu bereziki babestutako daturik, eskuratzeko baimena ematen ahal da, informazioa hedatzearen interes publikoa eta ukitutakoen datuen babesaren eskubidea haztatu ondoren. Horretarako, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15.3 artikuluak, eta Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak batera ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, besteak beste. Haztapen horren ostean, datu pertsonalak dituen informazioa eman nahi bada, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19.3 artikuluan ezarritako alegazio izapidea egin beharko da aurrena.
4. Ukitutako pertsonak identifikatzea eragotzi ahal izateko informazioa bereizita ematen bada, ez da 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa aplikatuko.
5. Oro har, informazioa eskuratzeko ebazpenetan, eskatzaileari berariaz adieraziko zaio datu pertsonalak babesteko araudia aplikatuko dela informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzearen bidez lortutako datuen geroko tratamenduan.
6. Ordenantza honen esparruan eskumena duten organoek artikulu honetan ezarritakoari buruzko kontsultak egiten ahal dizkiote toki entitatean datuak babesteko eskumena duen unitateari.
7. Artikulu honetan jasotzen ez diren kasuetan, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduan babesteari buruzkoa eta Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 95/46/EE Zuzentaraua baliogabetzen duena; eta, bestetik, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.
54. artikulua. Beste muga batzuk.
1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluak eta dagokion sektoreko legerian ezarritako mugak aplikatuko dira.
2. Muga horien interpretazioa ezin izango da zabaldu, Nafarroako Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak edo autonomia erkidegoaren organo eskudunak ezarritako irizpideak betez, eta informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea eta ahalik eta eskuragarrien egotea sustatuko du, muga horiek kaltetu gabe. Edonola ere, ezarritako mugak modu arrazoituan eta neurriz aplikatuko dira, mugaren bidez babestu nahi den interes publikoa eta hedapenerako interes publikoa kontuan hartuta.
2. ATALA
Prozedura
1. AZPIATALA
Ebazteko eskumena
55. artikulua. Organo eskudunak.
1. Funesko Udalak informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoei buruzko informazioa identifikatuko du eta publizitate nahikoa emango dio. Ahalik eta espezializazio handiena sustatuko du, eta eskumenak sakabanatzea ekidingo, eraginkortasun printzipioa eta eskubide hori hobeki babestea ziurtatzeko.
Edonola ere, Funesko Udalaren organo eskudunei dagokie informazioa eskuratzeko eskaerak ebaztea, baldin eta ordenantza honen 51.2 artikuluaren b), c) eta d) letren bitartean zerrendatzen diren erakundeen edo entitateen esku edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatu duten kontratu baten adjudikaziodunen esku badago.
2. Informazioa eskuratzeko eskaerak jasotzen dituzten organoak inhibitu egingo dira, nahiz eta beren esku dagoen informazio publikoa izan, baldin beste batek prestatu edo sortu badu, osorik edo nagusiki. Kasu horretan, eskuduntzat jotzen den organoari igorriko diote eskaera, eta eskatzaileari jakinaraziko diote hori.
Modu berean jokatuko dute aurreko apartatuaren bigarren paragrafoan aipatzen diren erakundeek eta entitateek, jasotzen dituzten informazio eskaerei dagokienez.
2. AZPIATALA
Eskatzailea aurretiaz identifikatu gabe eskuratzeko prozedura
56. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.
1. Kapitulu honek behartzen dituen subjektuek informazio publikoa eskuratzeko bide bat ezartzen ahalko dute, eskatzailearen nortasuna egiaztatzea eskatzen ez duena, eta, horren bidez, jada argitaratu den informazioa edo baldintza hauek betetzen dituena emango zaie soilik:
a) Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluan zerrendatutako mugetako bat bera ere aplikaziozkoa ez izatea.
b) Datu pertsonalaren babesari ez eragitea, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan xedatutako baldintzetan.
c) Ez onartzeko kausetako bat bera ere aplikaziozkoa ez izatea.
a) eta b) paragrafoetako mugetako bat, ez onartzeko kausaren bat edo eskuratzeko araubide juridiko espezifikoren bat aplikatzen ahal bada, eskaerak ebazteko eskumena duen organoak informazioa eskuratzeko eskaerari uko egingo dio. Eskatzaileari jakinaraziko dio hori, hark egoki baderitzo ordenantza honetako 52. artikuluan eta hurrengoetan araututako prozedura abiarazteko.
2. Eskatzaileak helbide elektroniko bat eman beharko du, informazioa edo argitaratutako informazioaren kokalekua ematen zaiola bermatu ahal izateko.
3. Eskatutako informazioa honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridikoen edo fisikoen esku badago, ebazteko eskumena duen organoak hari eskatuko dio informazioa: zerbitzu publikoak ematea, administrazio ahalmenak gauzatzea edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatutako sektore publikoko kontratu baten adjudikaziodun izatea. Errekerimenduan, informazioa bidaltzeko epea adieraziko da; gehienez, 15 egun naturalekoa izango da epe hori.
Epe hori bete ezean, isun hertsatzaileak jartzen ahal dira, baldin legeak horretarako baimena ematen badu.
4. Bide horretatik egindako informazio eskaeren erantzuna hilabeteko epean bidali behar da, ebazteko eskumena duen organoari hura izapidetzea esleitu zaion egunetik zenbatzen hasita.
Emandako informazioa ez bada aurretiaz argitaratu, garrantzitsua bada eta hura hedatzea interes orokorrekoa bada, Gardentasun Atarian argitaratuko da, eta informazioaren kokaleku zehatzaren berri emango zaio eskatzaileari.
5. Artikulu honen arabera onartu edo ukatzen diren informazio eskuratzeei ez zaie abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan jasotako aurkaratze araubidea aplikatuko.
6. Informazioa eskuratzeko bide hori aurretiaz erabili arren, eskuratzeko eskabidea egin ahal izango da, ordenantza honen 56. artikuluan ezarritakoa betez, baldin eta eskatzaileak uste badu organo eskudunak emandako erantzuna ez dela nahikoa edo egokia, edo administrazio ebazpena lortu nahi badu gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritako edukiarekin eta bermeekin.
2. AZPIATALA
Eskatzailea aurretiaz identifikatuta eskuratzeko prozedura
57. artikulua. Eskaera.
1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoek eskatzaileei ez diete identitateari buruzko datu gehiagorik eskatuko, ebazteko eta jakinarazteko behar-beharrezkoak direnak baino.
Ordenantza honi lotutako entitateen zerbitzuko langileek laguntza eta informazioa eman behar diete hala eskatzen duten pertsonei, beren eskabideak aurkezteko moduari eta lekuari buruz, eta, batez ere, desgaitasunen bat edo informazioa eskuratzea zailtzen duten egoera pertsonalen bat dutenei.
2. Informazioa eskuratzeko eskabidea urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bitartekoetako edozeinen bidez aurkezten ahal da, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 17.2 artikuluan aipatzen diren datuak jasota uzteko aukera ematen badu.
Informazio publikoa eskuratzeko eskabideak aurkeztean, ahalik baldintza gutxien eskatuko dira eskatzailearen nortasuna bitarteko elektronikoen bidez egiaztatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta hura garatzen duten arauek hala ahalbidetzen duten heinean.
Eskabidea egitea errazagoa izan dadin, eredu normalizatua onetsiko da, eta herritarren eskura jarri.
3. Informazio publikoa eskuratzeko, ez da beharrezkoa izango eskaera arrazoitzea. Nolanahi ere, interesdunak adierazitako interesa edo motibazioa kontuan hartzen ahalko da, hala badagokio, informazioa zabaltzearen interes publikoa eta eskatutako informazioan agertzen diren eta datuen titular diren ukituen eskubideak haztatzeko, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. Eskaeraren aurkezpena ez dago epeen mende.
5. Eskabidea jaso eta hurrengo bost egunetan, ebazteko eskumena duen organoak ebazpena eman eta jakinarazteko ezarrita dagoen gehieneko epearen berri emango dio eskatzaileari, bai eta adierazi ere administrazio-isiltasunak izan dezakeen ondorioa, administrazio prozeduraren gaineko araudiak xedatutako baldintzetan.
58. artikulua. Ez onartzea.
1. Ebazteko eskumena duen organoak informazioa eskuratzeko eskabidea izapidetzeari uko egiten ahal dio, ebazpen arrazoitu bidez, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 18. artikuluan zerrendatutako kausetako bat gertatzen bada. Abiapuntutzat hartuko da informazioaren eskuragarritasuna ahalik eta gehien erraztearen aldeko printzipio orokorra, eta Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak eta, hala badagokio, autonomia erkidegoaren organo baliokideak onartutako irizpideei jarraituko zaie.
2. Ondorio horietarako, ez onartzeko kausak irizpide hauen arabera aplikatuko dira:
a) Informazioa prestatzeko edo argitaratzeko fasean badago, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer epetan aurreikusten den erabilgarri izango dela eta zer organori dagokion informazioa prestatzea edo argitaratzea.
b) Ohiko tratamendu informatikoa ez da berregitetzat hartuko.
c) Aginduzko txostenak eta aginduzkoak izan ez arren ebazpenen zioetan zuzenean ala zeharka erabili diren agiriak ez dira osagarritzat edo lagungarritzat hartuko.
59. artikulua. Izapidetzea.
1. Prozedura bitarteko elektronikoetatik izapidetuko da.
2. Eskatutako informazioa honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridikoen edo fisikoen esku badago, ebazteko eskumena duen organoak hari eskatuko dio informazioa: zerbitzu publikoak ematea, administrazio ahalmenak gauzatzea edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatutako sektore publikoko kontratu baten adjudikaziodun izatea. Errekerimenduan, informazioa bidaltzeko epea adieraziko da; gehienez, 15 egun naturalekoa izango da epe hori. Epe hori bete ezean, isun hertsatzaileak jartzen ahal dira, baldin legeak horretarako baimena ematen badu.
3. Informazio eskabidea zuzentzeko izapideek, baldin informazioa behar bezala identifikatu ez bada, eta behar bezala identifikatutako eskubide eta interesen titularren entzunaldi izapideek ebazpena emateko epea eten egingo dute, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritako moduan.
4. Eskatzaileari emango zaio aurreko apartatuan jasotako etetearen eta etenaren bukaeraren berri, jakin dezan nola zenbatu ebazteko epea.
60. artikulua. Ebazpena eta jakinarazpena.
1. Ebazpena eta jakinarazpena hilabeteko epean egingo dira gehienez ere, eskabidea toki entitatearen erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori beste hilabete batez luzatzen ahal da, eskatzaileari jakinarazi ostean, eskatutako informazioa bolumen handikoa edo konplexua bada. Ebazpena emateko gehieneko epea iraganik berariaz ebazpena eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Jakinarazpena eskatzaileari eta prozeduran parte hartu duten hirugarren interesdunei jakinaraziko zaie, eta han emango zaie ebazpenaren kontra jartzen ahal dituzten errekurtsoen eta erreklamazioen berri.
2. Ebazteko eskumena duen organoak uste badu informazioa garrantzitsua dela eta interes orokorrekoa dela hura hedatzea, Gardentasun Atarian argitaratzea aginduko du, datu pertsonalak bereizi ondoren. Argitaratze hori informazioaren eskuragarritasuna formalizatzeko modalitatetzat hartzen ahal da. Kasu horretan, ebazpenaren jakinarazpenean, informazioaren kokaleku zehatza adieraziko da.
3. Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluaren mugak aplikatuz ematen den ebazpena publiko egingo da, datu pertsonalak bereizirik eta interesdunei jakinarazi ondoren.
Aipatutako artikulua betez eskabideari uko eginez gero, epe bat igarotzearen menpe egoten ahal da informazioaren eskuragarritasuna, baldin eta ukoaren arrazoia loturik baldin badago toki entitate eskuduna bakar-bakarrik ukitzen duen interes batekin.
Kasu horretan, gaitzesteko ebazpenean, epe horren eta epea igaro ondoren beste eskabide bat egiteko aukeraren berri emango zaio eskatzaileari.
61. artikulua. Eskuragarritasuna gauzatzea.
1. Informazioaren eskuragarritasuna abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera formalizatuko da. Lehentasunez, bide elektronikoz gauzatuko da, salbu eta posible ez denean, edo eskatzaileak administrazioarekin bitarteko elektronikoetatik harremanetan egoteko betebeharra ez duenean eta berariaz beste bide bat aukeratu duenean.
2. Ebazpenaren informazio iturrietara, artxiboetara edo espedienteetara zuzenean sartzeko eskabideen kasuan, bermatu behar da eskuratzeko baimena ematen denean zerbitzuari ez zaiola eragozten.
Kasu horietan, eskuratzeko eskaerari uko egiten ahal dio ebazpenak, lekuaren eta agirien edo informazioaren euskarri originalen zaintzarako eta kontserbaziorako segurtasun baldintzak horretarako aukera ematen ez badute.
3. ATALA
Aurkaratze araubidea
62. artikulua. Aurkaratzeko legezko bideak.
Informazio publikoa eskuratzeko prozedura bati bukaera ematen dion ebazpen espresuen zein presuntziozkoen kontra, erreklamazioa aurkezten ahal da Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluan edo autonomia erkidegoko organo baliokidean, aukeran eta administrazioarekiko auzibidean aurkaratu aurretik, bat etorririk abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan xedatuarekin.
63. artikulua. Kexak eta erreklamazioak.
Edozein pertsonak erabiltzen ahal du kexen eta iradokizunen sistema adierazteko ez dagoela ados informazio publikoa eskuratzeko eskabidea izapidetzearekin edo horren gaineko ebazpenarekin. Bide hori erabiltzeak ez ditu aurkaratzeko lege baliabideak aurkezteko epeak etengo.
III. KAPITULUA
Informazioa berrerabiltzea
1. ATALA
Xedapen orokorrak
64. artikulua. Berrerabiltzearen helburuak.
1. Funesko Udalak eta ordenantza honen aplikazio esparruan eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek beren jardunean sortutako informazioaren berrerabiltzeak erakusten du sektore publikoak duen elkarlaneko gardentasuna, eta funtsezko helburu du gizartean balio publikoa sortzea.
2. Ordenantza honen aplikazio esparruko entitateek eta erakundeek behar diren eginahalak egingo dituzte beren informazio publiko berrerabilgarriaren katalogoa federa dadin sektore publikoko gainerako entitateen katalogoekin batera, modu erantsian, plataforma komunetan, hala nola http://datos.gob.es plataforman, helburu bakarra izanik laguntza ematea informazio publiko berrerabilgarriaren katalogo bakar bat sortzeko, gizartearen sektore berrerabiltzailearen jarduera erraztea, eta, hala, sektore publikoaren elkarlaneko gardentasunak sortutako balio sozial, berritzaile eta ekonomikoa handitzea.
65. artikulua. Jabetza intelektualaren eta eskubide esklusiboen mende dauden agiriak berrerabiltzeari aplikatzeko araubidea.
1. Jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideen mende dauden dokumentuei ez zaie aplikatzen ordenantza honetan araututako informazioaren berrerabilpena, bereziki hirugarrenena denean.
Ordenantza honen ondorioetarako, jabetza intelektualeko eskubidetzat jotzen dira egile eskubideak eta antzekoak, barnean direla babesteko modu espezifikoak.
2. Ordenantza honek ez du galarazten bere aplikazio-eremuko erakundeek jabetza intelektualeko eskubideak izatea.
3. Ordenantza honen aplikazio esparruan sartutako entitateek beren jabetza intelektualeko eskubideak berrerabiltzea errazteko moduan erabiliko dituzte beti ere.
66. artikulua. Irizpide orokorrak.
1. Aurreko artikuluetan aipatzen den informazio publikoa berrerabiltzen ahalko da, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen arloko indarreko araudian ezarritako mugen barnean.
2. Oro har, argitaratutako edo herritarren eskura utzitako informazio guztia izango da berrerabilgarria eta eskuragarria, aldez aurreko baimen beharrik gabe eta doan, salbu hartan berariaz kontrakorik adierazten bada.
3. Bereziki, bai ordenantza honetan bai abenduaren 9ko 19/2013 Legean publizitate aktibotzat jotzen den informazioa berrerabiltzeko ez da inoiz aldez aurreko baimenik eta/edo baldintza espezifikorik beharko, eta makinek irakurtzeko moduko formatu elektronikoetan eskainiko da, formatu irekietan, aukera izan dadin zabaltzeko, berrerabiltzeko eta aprobetxatzeko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan, baita informazio baliabideak berrerabiltzeari buruzko Elkarreragingarritasuneko Arau Teknikoan ezarritako moduan ere (arau hori Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak 2013ko otsailaren 19an emandako Ebazpenaren bidez onetsi zen), edo hura ordezten duen arauan ezarritako moduan.
4. Datu pertsonalak dituzten agiriak berrerabiltzean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da.
Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 5.3 eta 15. artikuluetan aipatutako haztapenak ondorioztatzen badu datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea lehenetsi behar dela, salbu eta datuak bereizten badira, Lege horren 15.4 artikuluan adierazi bezala, informazioa ez da inolaz ere berrerabiliko.
67. artikulua. Berrerabiltzeko baldintzak.
1. Informazioa berrerabiltzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Informazioaren edukia, metadatuak barne, ez aldatzea.
b) Informazioaren esanahia ez desitxuratzea.
c) Iturria aipatzea.
d) Azken eguneraketaren data aipatzea.
e) Informazioak datu pertsonalak dituenean, datu horiek etorkizunean zer helbururekin berrerabiltzen ahal diren aintzat hartzea.
f) Bereizita eman arren informazioak berrerabiltzeko prozesuan interesdunak identifikatu ahal izateko elementu nahikoak baditu, bereizteko prozedura beste iturri batzuetako datuak erantsiz leheneratzeko debekua.
2. Informazio publikoa argitaratzeak edo eskuragarri uzteak berarekin dakar informazioa jatorrian argitaratu duen entitateak doan lagatzen dituela, eta ez esklusiboki, berrerabiltzea gauzatzeko beharrezkoak diren jabetza intelektualeko eskubideak, izaera unibertsalarekin eta Legeak baimentzen duen gehieneko eperako.
3. Informazioa argitaratzen den atal, web-orri edo egoitza elektroniko berean, berrerabiltzeko baldintza orokorrak argitaratuko dira.
68. artikulua. Tarifak.
1. Funesko Udalak, dagokion zerga ordenantza onetsi ondoren, sortutako informazioa berrerabiltzeko tarifak eskatzen ahal ditu, eta horien zenbatekoak ezin izango du informazioa erreproduzitu, eskura jarri eta hedatzeko kostu marjinalen guztizkoa gainditu.
2. Udalarekin lotuta edo haren mende dauden eta ordenantza honen aplikazio eremukoak diren entitateek eta erakundeek sortutako informazioa berrerabiltzeko tarifak eskatzen ahal dituzte, eta tarifa horiek informazioa erreproduzitu, eskura jarri eta hedatzeko kostu marjinaletara mugatuko dira.
Ez zaio muga hori honako hauei aplikatuko:
a) Zerbitzu publikoko helburuak gauzatzearen kostuen zati handi bat estaltzeko diru-sarrerak sortu behar dituzten entitateak eta erakundeak.
b) Liburutegiak, museoak eta artxiboak.
Muga hori ez zaio agirien berrerabiltzeari ere aplikatuko baldin eta entitate eta erakunde horiei eskatzen bazaie diru-sarrera nahikoak sortzea agiriak jasotzeko, sortzeko, erreproduzitzeko eta hedatzeko kostuen zati handi bat estaltzeko. Aurretiaz zehaztuko da zer agiri motari ez zaion mugarik ezarriko, eta bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira, posible eta egokia denean.
Aurretiaz ezarritakoarekin bat etorriz muga hori aplikaziozkoa ez denean, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legearen 7. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera ezarriko da berrerabiltzeko prezioa.
3. Tarifa desberdinak aplikatzen ahal dira, helburu komertzialetarako edo ez-komertzialetarako berrerabiltzen den.
4. Posible eta egokia den guztietan, bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira ordenantza honen aplikazio eremuaren barneko entitateen esku dauden agiriak berrerabiltzeko tarifak, aplikatzen ahal diren baldintzak eta horien benetako zenbatekoa, baita kalkulurako erabilitako oinarria ere.
5. Tarifa bat aplikatzen den gainerako kasuetan, ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek aurretiaz adieraziko dute zer faktore hartuko diren kontuan hura kalkulatzeko. Hala eskatzen zaienean, entitateek azalduko dute, halaber, nola kalkulatu duten berrerabiltze zehatzerako tarifa hori.
69. artikulua. Eskubide esklusiboak debekatzea.
1. Oro har, debekatua da informazioa berrerabiltzearen arloan akordio esklusiboak izatea. Merkatuko eragile potentzial guztientzat irekia dago agiriak berrerabiltzea, baita eragile batek edo gehiagok jadanik balio erantsiko produktuak ustiatzen badituzte ere agiri horietan oinarriturik. Agirietan eta hirugarrenetan jasotzen ahal diren sektore publikoko erakundeen arteko bestelako kontratu edo akordioek ez dute eskubide esklusiborik emango.
2. Nolanahi ere, interes publikoko zerbitzu bat emateko eskubide esklusibo bat behar denean, ordenantza honen aplikazio eremuko entitateak aldian behin berrikusiko du, gehienez ere hiru urtetik behin, eskubide esklusiboa onartzea justifikatu zuen arrazoiaren balioa.
3. Salbuespenez, baliabide kulturalak digitalizatzearekin lotutako akordio esklusiboa badago, esklusibotasunak ez ditu hamar urte baino gehiago iraunen, oro har. Gehiago iraungo balu, hamaikagarren urtean berrikusiko litzateke, eta, hala badagokio, zazpi urtetik behin, hortik aurrera. Akordio horiek gardenak ere izan behar dute, eta jendaurrean jarriko dira.
4. Aurreko paragrafoaren ildotik ezarritako akordio esklusiborik badago, administrazioari edo dagokion sektore publikoko erakundeari, akordio horren barnean, digitalizatutako baliabide kulturalaren kopia emango zaio, originalaren kalitate eta ezaugarri berekin (formatua, bereizmena, kolore gama, etab.), haren metadatuekin eta dagozkion arau nazionaletan eta nazioartekoetan ezarritako digitalizazio baldintza teknikoekin. Kopia hori berrerabiltzeko eskuragarri egongo da esklusibotasun epealdia bukatu ondoren.
70. artikulua. Informazioa berrerabiltzeko modalitateak.
1. Funesko Udalak sailkatuko du beren esku dagoen informazio guztiaren berrerabiltzea, berrerabiltzeko modalitate hauetako batean argitaratzen bada:
a) Publikoaren eskura jarritako agiriak berrerabiltzea, baldintzarik gabe.
b) Publikoaren eskura jarritako agiriak berrerabiltzea, ereduzko lizentzietan ezarritako baldintzekin.
c) Agiriak aurrez eskatuta berrerabiltzea, ordenantza honen 70. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eta kasu horietan lizentzia batean ezarritako baldintzak txertatuz.
d) Ordenantza honen 68. artikuluan xedatutako kasuen araberako akordio esklusiboak.
2. Lizentzietan jasotako baldintzek honako irizpide hauek errespetatu beharko dituzte:
a) Argiak, bidezkoak eta gardenak izan beharko dute.
b) Ez dute murriztuko berrerabiltzeko aukera, ezta lehia mugatuko ere.
c) Ez dute bereizkeriarik egingo berrerabiltzeko antzeko kategorien artean.
3. Nolanahi, erabilera modu mugatuak ahalik eta gutxien erabiliko dira baldintza espezifikoak dituzten berrerabiltze kasuak arautzeko, eta beti eskura egongo dira formatu digitalean, irekian eta elektronikoki prozesatzeko modukoan. Erabilera modu mugatu horiek entitateak berak presta ditzake, baina lehentasuna emango zaie nazioan edo nazioartean onarpen zabala duten erabilera libre eta doakoei, beste administrazio publiko batzuekin edo batzuek adostutakoei. Erabilera modu mugatu horiek Udalaren web-orrian argitaratuko dira.
4. Funesko Udalak aukera izango du orain dauden baldintza espezifikoen edukia eta erabilera modu mugatuak aldatzeko. Halaber, baldintza espezifikoak eta erabilera modu mugatuak aplikatzen ahal dizkio halakorik ez zuten datu multzoei edo agiriei. Aldaketa horiek web-orrian argitaratuko dira eta, behin aldaketa argitaratu ondoren, datuen edo dokumentuen lehenbiziko eguneraketa argitaratzen edo eskura jartzen denetik aurrera behartuko dituzte berrerabiltzaileak, edo, nolanahi ere, egun horretatik sei hilabete iragandakoan.
5. Funesko Udalak agiriak kudeatzeko honelako sistemak sortuko ditu: herritarrei online eskuragarri dagoen informazioa zuzen berreskuratzea ahalbidetzen dietenak eta beste administrazio publikoek herritarren eskura jartzen dituzten kudeaketa sistemekin lotzen direnak. Halaber, berrerabiltzeko eskuragarri dauden agiriak bilatzea ahalbidetzen duten tresna informatikoak emango dituzte, dagozkien metadatuekin, elkarreragingarritasun arau teknikoek ezarritakoaren arabera, eta online eta makina bidez irakurtzen ahal den formatu batean eskuragarri egongo dira, posible eta egokia den guztietan.
Ahal den heinean, agiriak hizkuntza anitzetan bilatzeko aukera emango da.
6. Herritarrek edo berrerabiltze eragileek beren erantzukizun eta arriskupean erabiliko dituzte datu multzoak, eta haiei dagokie hirugarrenen aurrenean horren ondorioz sortzen ahal diren kalteengatik erantzutea.
7. Funesko Udalak ez du bere gain hartuko eragile berrerabiltzaileak informazioa erabiltzeko modua, ez eta berrerabilitako informazio horri ematen zaion erabilerak zuzenean edo zeharka sortzen dituen kalte-galera ekonomikoak, materialak edo datuen gainekoak ere.
8. Funesko Udalak berrerabil dadin agiri bat jartzeak ez dakar hori ustiatzeko eskubideari uko egitea eta ez du haren eginkizunak edo eskumenak gauzatzean han jasotako datuak aldatzea eragozten.
Informazioa berrerabiltzen dutenek ezin izango dute inolaz ere adierazi hark berrerabilitako informazioaren titular gisa berrerabiltzean parte hartu, babestu edo horren alde egiten duela.
71. artikulua. Berrerabiltzeko eskaerak tramitatzeko prozedura.
1. Azaroaren 17ko 37/2007 Legearen 10. artikuluko apartatuetan –oinarrizko araudiaren izaera dutenak– eta, hala badagokio, autonomiako araudian araututakoa da izapidetzeko prozedura.
2. Organo eskudunak berrerabiltze eskaerak ebatziko ditu, eskaera jaso eta hilabeteko epean gehienez ere. Epe hori betetzea ezinezkoa denean, eskatutako informazioaren tamaina eta konplexutasunagatik, beste hamabost egunez luzatzen ahalko da. Kasu horretan, epearen luzatzearen berri emango zaio eskatzaileari, baita luzapenaren arrazoiak jakinaraziko ere.
3. Aldi berean informazioa eskuratzea eta berrerabiltzea eskatzen bada, batera izapidetuko da ordenantza honen 56. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritako prozeduraren bidez, eta, ebazteko epeari dagokionez, bertako 59.1 artikuluan ezarritakoa beteko da.
4. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epean ez bada berariazko ebazpena ematen, eskatzaileak ulertzen ahal du eskaera ezetsi egin dela.
5. Izapidetze elektronikoari eusten dion plataformaren osagai teknologikoek gai izan behar dute espediente elektronikoa sortu, eta hura argitaratu eta berrerabiltzeko beharrezko administrazio kudeaketako prozesu guztiak elektronikoki kudeatzeko.
2. ATALA
Berrerabil daitekeen informazioaren publizitatea
72. artikulua. Berrerabil daitekeen informazioaren publizitatea.
1. Informazio berrerabilgarriaren argitalpen aktiboak honako hauek bilduko ditu: edukia, izaera, egitura, formatua, eguneratzeko maiztasuna, berrerabiltzeko modalitatea, aplikaziozko baldintzak eta, hala badagokio, berrerabiltzeko tarifa edo ordainarazpena.
2. Funesko Udalak bere agiriak emango ditu aldez aurretik horietan erabilitako edozein hizkuntza edo formatu elektronikotan, baldin eta posible eta egokia bada, makinak irakurtzeko modukoak badira, eta beren metadatuekin batera. Bai formatuak bai metadatuek, ahal den neurrian, arau formal irekiak bete beharko dituzte. Zehazki, dagokion kategorian sailkatutako estandarrak erabiliko dira eta irekiak izango dira, onartzen den gutxieneko bertsioan eta Estandarren Katalogoaren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoaren eranskinean ezarritakoari jarraikiz (Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzaren 2012ko urriaren 3ko Ebazpenaren bidez onetsia).
3. Informazioa eta argitaratutako dokumentazioa bilatzeko sistemak ahalbidetuko du adieraztea informazio berrerabilgarria bilatzen dela.
73. artikulua. Segurtasuna kudeatzea.
Funesko Udalak berrerabiltzeen erabiltzaileek gauzatutako jarduketa guztiak erregistratuko ditu, epemugarik gabe eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak eta Segurtasun Eskema Nazionalak ezarritakoa betez.
IV. KAPITULUA
Ediktuen taula elektronikoa (ediktuen taula)
74. artikulua. Xedea.
1. Ediktuen oholean, Funesko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitateen iragarkiak eta ediktuak jarriko dira, baita arau juridiko edo ebazpen judizial bidez udaleko ediktuen oholean argitaratu behar diren beste administrazio publikoenak ere.
2. Ediktuen taula udalaren egoitza elektronikoan txertatuta egongo da. Han iragarritako argitalpenak ofizialak eta egiazkoak izango dira, eta, ondorio guztietarako, ediktuen taula fisikoan argitaratutakoa ordeztuko dute, hura informaziorako soilik mantentzea baztertu gabe.
3. Prozeduraren arauak ediktuen taulan argitaratzeari buruzko aipamenik egiten ez badu, ez da beharrezkoa izango argitaratzea, salbu eta behar bezala arrazoitutako interes publikoko arrazoiengatik hala justifikatzen bada.
4. Alkatetzaren edo hark eskuordetutako organoaren aginduz, argitaratu beharreko iragarkien ezaugarriak ezarriko dira, bai eta administrazio erantzukizunen gaineko beste alderdi formalak ere.
75. artikulua. Organo eskudunak.
Idazkaritzak eskumena izango du ediktuen taulan testuak jartzeko eta bidaltzeko, eta, organoaren zigilu bidez, argitalpena automatikoki bidaltzen ahal da.
76. artikulua. Taularen funtzionamendua.
1. Toki entitateek eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek eta erakundeek ediktuen taula bakarra izango dute, eta aplikaziozko lege xedapenei jarraituko die.
2. Ediktuen taularen antolakuntza eta funtzionamendu arauek honako hauek ziurtatuko dituzte:
a) Iragarkiak eta ediktuak sartzean, edukia eskuragarria, egiazkoa eta osoa dela ziurtatzea.
b) Dibertsitate funtzionala duten pertsonek eskuratzeko beharrezko baldintzak eta bilakaera teknologikora etengabe egokitzea.
c) Ebidentzia elektronikoak agertzea, inolako zalantzarik gabe oholean zer egunetan eta ordutan argitaratu zen eta zer argitaratze epea duen erakusteko.
3. Egoitza elektronikoaren bitartez ediktuen taulara sartzea doakoa izango da eta ez da inolako identifikaziorik beharko.
Ediktuen taula internet bidez kontsultatu ahal izango da, eta Herritarren Arreta Bulegoan eta toki entitatearen eta haren mendeko eta harekin lotutako erakundeen eta entitateen sarbide puntu elektronikoetan ere bai.
4. Ediktuen oholean argitaratzeak erabilgarritasunaren eta erabiltzeko erraztasunaren printzipioak errespetatu beharko ditu, aplikaziozkoak diren arauen arabera. Herritarren erabilera orokorreko estandarrak erabiliko ditu, eta, bereziki, dibertsitate funtzionala duten pertsonek kontsultatzeko eskatutako baldintzak, desgaitasuna duten pertsonek informazioaren gizartearen eta komunikazio sozialen bitartekoen teknologiak, produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko oinarrizko baldintzei buruzko araudiaren arabera.
5. Edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktuen taulak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 17.2 artikuluan ezarritako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.
6. Ediktuen taula eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri egongo da. Arrazoi teknikoak direla-eta ibiliko ez dela aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emango zaie ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.
77. artikulua. Bidaltzeko modua eta epea.
1. Ediktuekin batera, ediktuak taulan txertatzeko legitimatutako organoaren ebazpena bidaliko da.
2. Ediktuaren testua eta ebazpena “pdf” formatuan eta posta elektronikoz bidaliko zaio eskumena duen unitate kudeatzaileari, eta argitaratzeko eskabidearen fitxa ere erantsiko da, dagokion instrukzioak onesten duen ereduaren arabera.
3. Ediktu horiek argitaratzeko eskabideak organo eskudunek horretarako ezarritako posta kontu elektronikoen bidez izapidetuko dira soil-soilik.
4. Kudeaketa unitateen eskabide fitxa berrikusi ondoren, zuzena ez bada, bidali duen organoari itzuliko zaio, zuzen dezan. Zuzena bada, testuak osorik argitaratuko dira, bidali zituen organoak bidali zituen moduan.
5. Sartzeko agindua ematen duen organoak ziurtatuko du organoek edo zuzendaritza zentroek bidalitako testua eta argitaratu behar duten kudeaketa unitateei bidalitako testuaren edukia berdin-berdinak izango direla, eta ezarritako prozedura beteko dela.
6. Argitaratutako ediktuetan egoten ahal diren akatsen zuzenketa argitalpena eskatu duenaren eskariz zuzenduko da, eta argitalpena egiteko prozedura berari jarraikiz.
7. Ediktuak argitaratzeko ezarritako data baino bi egun baliodun lehenago bidaliko dira gutxienez. Epe horrek zuzen bidali diren ediktuei egiten diela erreferentzia joko da.
8. Jendaurrean jartzeko epea bukatuta, fede publikoa emateko eskumena duen organoak diligentzia bidaliko dio argitaratzeko eskatu duenari, jendaurrean jartzeko epea egiaztatzeko, eta han adieraziko dira ediktuaren datuak eta zer datatan izan den jendaurrean.
78. artikulua. Epeen kontaketa.
1. Iragarkiak edo ediktuak ediktuen taulan argitaratuta egongo dira egintza edo espediente bakoitzean zehazten den epean zehar, eta, haren kontaketarako, agiriaren sinadura elektronikoaren ikusizko adierazpenean jasotakoa hartuko da argitalpen datatzat.
2. Horretarako, data eta ordua sinkronizatuko dira denbora zigilatzeko sistema batekin, eta edonola ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.
3. Artikulu honek jasotzen ez dituen kasuetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira epeak zenbatzean.
79. artikulua. Ondorioak.
1. Toki entitateak bere eskumenak betez ematen dituen administrazio egintzak ediktuen taulan argitaratzen dituenean, indarreko araudiak ezartzen dituen ondorioak sortuko dira.
2. Argitaratzeko epeak igarota, iritziko zaio jakinarazpena egina dagoela, eta dagokion izapidea bukatutzat hartu eta prozedurarekin jarraituko da.
3. Artikulu honek jasotzen ez dituen kasuetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira jakinarazpenei eta argitalpenei dagokienez.
80. artikulua. Ediktu-taula bakarra.
Toki entitatearen jakinarazpen iragarkiak, beste administrazio publikoenak bezalaxe, Estatuko Aldizkari Ofizialaren ediktu-taula bakarrean argitaratuko dira, baldin eta prozeduran interesa dutenak ezezagunak badira, jakinarazteko lekua edo bitartekoa ezagutzen ez badira, edo, jakinarazten saiatu ondoren, jakinarazi ezin izan bada.
81. artikulua. Datuen babesa.
Datu pertsonalak dituzten ediktuak ediktu-taulan argitaratzeko, honako hauek zorrotz bete beharko dira: datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta haren garapeneko xedapenak; gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea, eta arlo horretan aplikaziozkoak diren gainerako araudiak.
VI. TITULUA
Erregistro elektronikoa
82. artikulua. Erregistro Orokor Elektronikoa sortzea.
1. Ordenantza honen bitartez, Funesko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoa sortu eta haren funtzionamendua arautzen da. Erregistro orokor elektronikora sartzeko, egoitza elektronikoa erabiliko da (www.villadefunes.com) eta beharrezkoa izango da aurretik identifikatzea toki entitate honek onartutako eta ordenantza honen IV. Tituluan (“Identifikazio eta sinadura elektronikoa”) aipatutako bitartekoetako bat erabiliz.
2. Idazkaritzak kudeatuko du erregistro orokor elektronikoa.
3. Funesko Udalarekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoak elkarren artean konektatuta egongo dira; udalaren erregistro orokor elektronikoarekin elkarreragina izango dute, eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala bete beharko dute.
4. Bai Funesko Udalaren erregistro orokor elektronikoak, bai erakunde edo entitate horietako erregistroek bete beharko dituzte datu pertsonalak babestearen arloko legerian ezarritako segurtasun berme eta neurriak eta, nolanahi ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala.
83. artikulua. Erregistro orokor elektronikoaren funtzionamendua.
1. Erregistro orokor elektronikoan, Funesko Udalarekin lotuta edo haren mende dagoen edozein administrazio organotan, erakunde publikotan edo entitatetan aurkeztu edo jasotzen den agiri ororen erregistroa egingo da. Halaber, hartan idazten ahal da administrazio publikoen, haien erakundeen edo haiekin lotutako entitateen beste organoentzako edo partikularrentzako agiri ofizialen irteera.
Erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoetara sartzeko aukera emango duen atari gisa funtzionatuko du erregistroak, eta data eta ordu ofizialak (egoitza elektronikoan jasotako berak) adieraziko ditu, baita toki entitatearentzat eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeentzat baliogabetzat finkatutako egunen zerrenda ere.
Erregistroak aukera emango du agiriak urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan, aurkezteko.
Erregistro orokorrean sartzeko egoitza elektronikoan, erregistro orokor elektronikoan abiarazten ahal diren tramiteen zerrenda eguneratua agertuko da.
2. Dokumentuen sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraikiko zaio idazpenak egiteko, eta egin diren eguna adieraziko da. Erregistro-tramitea burututa, dokumentuak luzatu gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, zein erregistrotan jaso diren, handik.
3. Funesko Udalaren erregistro orokor elektronikoak eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek bermatuko dute erregistro bakoitzean honako hauek jasotzen direla gutxienez:
a) Erregistroaren zenbaki edo identifikadore unibokoa.
b) Erregistroaren izaera.
c) Aurkeztu zen eguna eta ordua.
d) Interesdunaren identifikazioa.
e) Igorri duen administrazio organoa, hala badagokio.
f) Zer pertsonari edo administrazio organori bidaltzen zaion.
g) Eta, hala badagokio, erregistratzen den agiriaren edukiaren erreferentzia.
Horretarako, ziurtagiri bat egingo da automatikoki; dagokion agiri elektronikoaren kopia kautotua izango da, eta honako hauek jasoko ditu:
a) Erregistroaren bidez erregistro elektronikoan aurkeztu den idazki, jakinarazpen edo eskabidearen edukia. Horri dagokionez, aurkezpen inprimakian sartutako datuak hitzez hitz erreproduzitzea onartzen ahal da.
b) Aurkeztu zen ordua eta data, eta horien arabera hasiko dira toki entitateak bete beharreko epeak zenbatzen.
c) Erregistroak erregistro elektronikoan duen zenbakia edo identifikatzailea.
d) Aurkeztutako agiriarekin batera eta erantsita doazen agirien zerrenda eta izena, eta horietako bakoitzaren aztarna elektronikoa ere bai; horiek egiaztatzeko ziurtagiria izango da azken hori, agiriak osorik daudela eta uko egiten ez zaiela bermatzeko.
e) Automatikoki jakiten ahal bada eta erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko, ziurtagirian, honako informazio hauek jasoko dira: hura izapidetzeko ardura duen administrazio unitatea, ebatzi behar duen organoa, arauz zenbateko epea ezarri den gehienez prozedura ebazteko eta jakinarazteko, eta administrazio isiltasunak izaten ahal dituen ondorioak.
f) Erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko eta automatikoki jakiten ahal bada dagokion prozedura abiarazteko dokumentazio osoa edo zati bat falta dela, zuzentzeko errekerimendua igorriko da aipatutako ziurtagiriarekin batera. 10 eguneko epea emango da horretarako.
4. Interesdunek toki entitateari helarazi nahi dizkioten agiriak hemen aurkezten ahal dira:
a) Funesko Udalaren edo helburu duten erakundearen erregistro elektronikoan, zein edozein administrazio publikoren erregistro elektronikoetan.
b) Posta bulegoetan, arauz ezartzen den moduan.
c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul bulegoetan.
d) Erregistroarekin laguntzeko bulegoetan.
e) Indarreko xedapenek ezartzen duten beste edozeinetan.
Funesko Udalaren eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek erabat elkarreragingarriak izan beharko dute, hala, informatikoki bateragarriak direla eta interkonektatuta daudela, eta erregistroetako sarrerak eta erregistroetako edozeinetan aurkezten diren agiriak telematikoki igortzen direla bermatzeko, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak eta aplikaziozko beste araudiek xedatutakoa betez.
5. Funesko Udalean buruz buru aurkeztutako agiriak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.5 eta 27. artikuluetan xedatutakoaren arabera, horiek administrazio espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitalizatu ezin diren formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.
Ordenantza honen bitartez, toki erakundeak derrigorrezko egiten du zenbait agiri bitarteko elektronikoen bidez aurkeztea egoitza elektronikoak hala adierazten duen izapideen, prozeduren eta pertsona fisikoen taldeen kasuan, eta haien gaitasun ekonomikoarengatik, teknikoarengatik, lanbide dedikazioarengatik edo beste arrazoiren batengatik egiaztatuta dagoenean beharrezko bitarteko elektronikoak lortzen ahal dituztela eta eskura dituztela.
6. Dagokion bulego publikora transferentzia eginda kitatzen ahal da Funesko Udalari agiriak aurkeztean ordaindu behar zaion edozein zenbateko, beste bitarteko batzuetatik ordaintzeko aukera baztertu gabe.
7. Funesko Udalaren egoitza elektronikoak argitaratu eta une oro eguneratuta mantenduko du erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoen zerrenda, eta pertsona fisiko interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko gaituta dauden funtzio publikoko pertsonen zerrenda eskura jarriko du.
8. Agiriak eta informazioa ez dira erregistroan aurkeztutzat joko, haien araubide bereziak beste modu batean aurkeztu behar direla ezartzen badu.
9. Uko egiten ahal zaie baldintza hauetan aurkezten diren agiri elektronikoei:
a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen ahal duten gailuak dituztenak.
b) Agiri normalizatuak erabiltzen direnean, eredu normalizatuak onartzeko ebazpenak beharrezkotzat jotzen dituen eremuak betetzen ez badira, inkongruentziak, ez-betetzeak edo tratatzea eragozten duten bestelako kausak badaude edo aurkezteko eskatzen den ezaugarrietako bat betetzen ez badute.
Aurreko apartatuan ezarritako kasuetan, egoera horren berri emango zaio agiria bidali duenari, agiriari uko egiteko arrazoiak jakinaraziz eta, ahal denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak eta zer helbidetan aurkezten ahal duen adieraziz. Interesdunak hala eskatzen duenean, agiria aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emango da, uko egiteko arrazoiak adieraziz.
Agiri elektronikoei uko egitea eragiten ahal duten baldintzak betetzen badira baina erregistro elektronikoak automatikoki errefusatu ez baditu, eskuduna den administrazio organoak dagokion zuzenketa egiteko eskatuko du, eta ohartaraziko du aurkezpena ez dela baliozko edo eraginkor izango, errekerimenduari kasu egiten ez bazaio.
84. artikulua. Epeen zenbaketa erregistroetan.
1. Funesko Udalak egun baliogabeen egutegia argitaratuko du erregistro elektronikora sartzeko egoitza elektronikoan, eta hura izango da erregistro elektronikoen epeak zenbatzeko aplikatuko den egutegi bakarra. Halaber, adierazi egingo da zer egun eta ordutan egongo diren zabalik erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.
2. Funesko Udalaren eta harekin lotuta edo haren menpeko entitate eta erakundeen erregistro elektronikoa, epeen zenbaketarako, sartzeko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan oinarrituko da; behar diren segurtasun neurriak izango ditu horiek ongi daudela bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egongo dira.
3. Epeak egun baliodunetan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik egon ezik. Dokumentuak aurkeztutzat joko dira, egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako dokumentuak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.
4. Toki entitateak eta haren mende edo harekin lotuta dauden erakundeek bete behar dituzten epeen zenbaketaren hasiera erregistro elektronikoan zer egunetan eta ordutan aurkeztu ziren aintzat hartuz erabakiko da.
5. Baldin eta, ustekabeko intzidentzia tekniko baten edo beharrezkoa den mantentze-lan tekniko planifikatu baten ondorioz, erregistro elektronikoaren sistemak edo aplikazioak ez badu ohiko moduan funtzionatu, toki entitateak eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeek iraungi ez diren epeak luzatzea erabakitzen ahal dute. Egoitza elektronikoan izandako intzidentzia teknikoaren berri eman beharko dute edo abisu baten bitartez aurrez adierazi beharko dute hala planifikatuta dagoelako ez dela eskuragarri egongo eta iraungi ez den epea luzatu egingo dela.
85. artikulua. Administrazio prozeduran interesdunek ekarritako dokumentuak.
1. Interesdunek eskatutako datuak eta agiriak eman beharko dituzte administrazio prozeduran, bai hasieran bai izapidetu bitartean, baita egoki deritzoten beste edozein agiri ere. Interesdunak izango dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.
2. Funesko Udalaren egoitza elektronikoak jaso egingo du interesdunek erregistro elektronikoan eskabidea aurkeztean eman behar dituzten datuen eta agirien zerrenda sinplifikatua eta eguneratua, administrazio prozedura bakoitzerako.
3. Funesko Udalak ez die interesdunei honako hauek aurkezteko eskatuko:
a) Agiri originalak, non eta, salbuespenez, aplikatzekoa den araudi erregulatzaileak ez duen hala agintzen.
b) Toki entitateak berak edo beste administrazio batek egin dituen agiriak.
c) Aplikagarri den araudi erregulatzaileak eskatzen ez dituen datuak edo agiriak.
d) Interesdunak aurretiaz beste edozein administraziori eman dizkion datuak edo agiriak. Kasu horretan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organori eman zizkion aipatutako agiriak.
4. Funesko Udalak administrazio prozedura abiarazteko eta izapidetzeko agiriak eta datuak jasoko ditu, bere udal sareen bitartez edo datuen bitartekotza plataformetan edo administrazio publikoek gaitutako beste sistema elektronikoetan kontsultatuz. Ulertuko da kontsulta hori interesdunek baimendua dela, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun adierazia jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun adierazia ematea; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz.
5. Salbuespenez, Funesko Udalak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko dio interesdunari ekar ditzala.
6. Salbuespenez, Funesko Udalak interesdunari agiri originala aurkezteko eskatzen badio eta agiri hori paperean badago, interesdunak egiazko kopia lortu behar du, elektronikoki aurkeztu aurretik. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori. Egiazko kopiak horretarako gaitutako funtzionarioen bitartez lortzen ahal dira, herritarrei arreta emateko bulegoetan, horiek erregistroen gaietan laguntza emateko bulego gisa ariko baitira. Halaber, kopia horiek toki entitateak onetsi eta eskuragarri jartzen dituen administrazio jarduketa automatizatuko prozesuen bitartez lortzen ahal dira.
7. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Funesko Udalak eskatzen ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.
VII. TITULUA
Lizitazio elektronikoaren arau zehatzak
86. artikulua. Lizitazio elektronikoa sustatzea.
1. Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek egindako kontratu publikoak adjudikatzeko prozedura elektronikoa izango da soilik-soilik, eta honako hauek bete beharko ditu: administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko araudian jasotako xedapenak; sektore publikoko kontratuen araudia; gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko araudia, eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudia.
2. Edonola ere, lizitazio elektronikoko espedienteak izapidetzearen ondoriozko eskubide eta obligazio guztiak gauzatzeko, prozeduraren fase guztietan Segurtasun eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak betetzen direla ziurtatzen duten aplikazio teknologikoak behar dira.
3. Kontratazio publikoaren prozedurak elektronikoki izapidetu beharko dira guztiz, hasieratik bukaerara, eta une oro bermatu beharko da lizitatzaileek eta gainontzeko interesdunek bitarteko telematikoen bidez eskuratzen ahal dutela egoki deritzon dokumentazio eta informazio guztia, kontratatzailearen profilaren bidez. Hala ere, beste publizitate bitarteko batzuk erabiltzen ahal dira, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak eta Nafarroako toki entitateen kasuan aplikagarri den Kontratu Publikoen Foru Legeak ezarritako kasuetan.
87. artikulua. Lizitatzeko prozedura elektronikoa.
1. Obra kontratuak, emakidak, hornidurak eta zerbitzuak modu elektronikoan izapidetuko dira nahitaez.
2. Horrez gain, kontratu horien lizitazioa bitarteko elektronikoen bidez iragarri behar da kontratatzailearen profilean, lizitazioetan ahalik eta hautagai gehienak lehiatzen direla ziurtatzeko.
3. Kontratu txikitzat hartzen ez direnak kontratazio prozedura elektronikoki izapidetzea ahalbidetzen duen lizitazio elektronikoko plataforma baten bidez izapidetuko dira.
4. Aurreko artikuluaren bigarren apartatuaren arabera, artikulu honetan aipatzen den lizitazio elektronikoko plataformak Segurtasun Eskema Nazionalaren eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalaren arauak zorrozki bete beharko ditu, eta, zehazki, eskaintzak enkriptatuta eta modu konfidentzialean aurkezteko aukera emango du. Gainera, plataforma horrek espedienteen kudeatzailearekin integratuta egon beharko du.
88. artikulua. Lizitazioen publizitatea.
1. Funesko Udalak eta ordenantza honen aplikazio eremuaren barruan eta haren mende dauden gainontzeko entitateek eta erakundeek adjudikatutako kontratu guztiak dagozkion Gardentasun Atarietan argitaratu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte Gardentasunari, Informazio Publikoaren Eskuragarritasunari eta Gobernu Onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8.1.a) artikuluak adierazitako alderdiak.
2. Orobat, ordenantza honen aplikazio esparruko entitateen eta erakundeen kontratu jarduketen gaineko informazioa gardena dela eta publikoaren eskura dagoela bermatzeko, kontratazio organoek kontratatzailearen profilaren bidez hedatuko dute lizitazio guztietan ahalik eta hautagai gehienak lehiatzen direla bermatzeko informazio guztia.
3. Nolanahi ere, entitate eta erakunde horien kontratuak adjudikatzeko prozedurak dagokion aldizkari ofizialean iragarriko dira, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak hala eskatzen duenean.
89. artikulua. Lizitazio elektronikoa sinplifikatzea.
1. Oro har, Funesko Udalak eta haren mende edo harekin lotuta dauden entitateek eta erakundeek egindako kontratu guztien kasuan, lizitatzaileari erantzukizunpeko adierazpena egitea eskatzen ahal zaio, lizitazioan lehiatzeko aurretiazko baldintzak betetzen dituela elektronikoki egiaztatzeko. Adierazpen horrek administrazio baldintza berezien agirian ezarritako ereduari jarraituko dio.
2. Baldintza agiri horietan jasoko da lizitatzaileek eskubidea dutela Europako Kontratazio Agiri Bakarra (EKAB) elektronikoki aurkezteko, lehian sartzeko aurretiazko baldintzak betetzen dituztela egiaztatze aldera, kontratuek EBko mugak gainditzen badituzte, bai eta kontratazio organoak hala erabakitzen badu ere.
3. Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek eta erakundeek lizitatutako kontratu publikoei buruzko administrazio dokumentazio guztia herritarren eskura jarri behar da, kontratatzailearen profilaren edo Gardentasun Atariaren bitartez, herritarrek kontsultatu eta formatu berrerabilgarrian jaitsi ahal izan dezaten.
90. artikulua. Toki enkante elektronikoak.
1. Enkante elektronikoa prezioak hobetzea edo eskaintzen elementu zehatzetan balio berriak aurkeztea ahalbidetzen duen prozesu elektroniko errepikakorra da. Hori izango da kontratuak adjudikatzeko lehentasunez erabili beharreko baliabidea, adjudikaziorako irizpide guztiak edo ia guztiak objektiboak direnean eta automatikoki birkalkulatzen ahal diren zenbakizko baremoetan oinarritzen direnean, baldin eta adjudikatu beharreko kontratuaren ezaugarriak zehaztasunez ezartzen ahal badira eta helburua osatzen duten prestazioak izaera intelektualekoak ez badira.
2. Dagozkien kontratazio organoek modu arrazoituan justifikatu beharko dute enkante elektronikoa ez erabiltzea aurreko apartatuan aipatutako kontratuak adjudikatzeko lehentasunezko baliabide gisa.
91. artikulua. Kontratazio Bulegoa.
1. Kontratazio prozeduren izapidetzea departamentu berean bateratzeko, ordenantza honen aplikazio esparruko entitateek eta erakundeek Kontratazio Bulegoa sortzen ahal dute. Aipatutako arloarekin lotutako eginkizunak beteko ditu, kontratazio organoei dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe.
2. Kontratazio Bulegoak kontratazio prozedura guztian zehar bitarteko elektronikoak erabiltzea bultzatu beharko du, eta jarraibide zehatzak eman, arlo funtzional guztiek prozedura sinplifikatzeko neurriak har ditzaten.
VIII. TITULUA
Antolakuntzari buruzko arauak
92. artikulua. Organo eskudunak.
1. Udalbatzari dagokio ordenantza hau eta haren aldaketak onestea, bai eta administrazio elektronikoaren alorreko arauketa tresna eta plangintza estrategikoko tresna guztiak ere, hurrengo artikuluan ezarritakoa izan ezik.
2. Aurreko apartatuan aipatzen diren plan estrategikoak urte anitzekoak izango dira, eta, ahal bada, legealdi bat baino gehiago iraungo dute.
3. Alkateari dagozkio administrazio elektronikoaren gaineko beste eskumenak, eta, bereziki, prozedura elektronikoa ezartzeko prozesuak sustatzea eta zuzentzea, eta toki entitatearen antolakuntza eta funtzionamendua egokitzeko beharrezko aldaketa kudeatzea, Idazkaritzarekin batera.
4. Ahal den heinean, diziplina anitzeko taldeak eratuko dira administrazio elektronikoa ezartzeko planak eta hura garatzeko beharrezkoak diren bestelako plan estrategikoak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko. Talde horiek organo osagarri gisa eratzen ahal dira, Hobekuntza eta Berrikuntza Batzorde izenarekin edo egokitzat jotzen den beste batekin. Osaera mistoa izango dute, eta Alkatetzari dagokio berezko burutza. Haien osaera teknikoa diziplina anitzekoa izango da.
93. artikulua. Eskumenak gaitzea.
1. Ordenantza honek Alkatetzari eskumena gaitzen dio hura hobeki aplikatzeko behar adina xedapen onesteko.
2. Zehazki, Alkatetzari dagokio honako hauen ondoriozko agiriak onestea: Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen 3/2010 Errege Dekretua eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretua. Estatuko Administrazio Orokorraren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoen baliokideak dira. Eta zehazki, honako hauek onetsi behar ditu:
–Informazioaren segurtasunerako politikari buruzko agiria (3/2010 EDaren 11. artikulua).
–Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko agiria (4/2010 EDaren 18. artikulua).
–Agirien kudeaketarako eta artxibo elektronikorako politikari buruzko agiria (4/2010 EDaren 21. artikulua).
–Digitalizazio protokoloen/prozeduren agiria.
–Agiri eta espediente elektronikoen bizi zikloaren protokoloen/prozeduren agiria.
–Denbora zigiluari buruzko politikaren agiria.
–Toki prozedura elektronikoaren garapena legez hobeki estaltzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein.
3. Horrez gain, Alkatetzari dagokio egiaztatze kode segurua sortzea, ordenantza honen 38.5 artikuluan xedatutakoa betez eta, hala badagokio, langile publikoentzako gako itunduen sistemaren erabilera baldintzak eta zehaztapenak ezartzea (ordenantza honen 39.4 artikuluan jasotzen da).
4. Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak Alkatetzaren Ebazpen edo Dekretu bidez onetsiko dira. Eskudantzia Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen badio, “Tokiko Gobernu Batzarraren Erabaki” bidez onetsiko dira. Politikaren edo protokoloen agiria bera Ebazpenari edo Erabakiari erantsiko zaio.
5. Artikulu honetan jasotako agirien edukia udaleko teknikariek prestatuko dute, une bakoitzean indarrean dauden Elkarreragingarritasun Arau Teknikoak kontuan hartuz eta toki entitatearen antolakuntzaren ezaugarriei egokituz. Aukeran, aurreko artikuluko 3. apartatuan aipatutako organoek irizpena ematen ahal dute agiri bakoitzaren zirriborroari buruz.
IX. TITULUA
Barne komunikazio elektronikoak
I. KAPITULUA
Udalbatzako kideen komunikazioak
94. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko betebeharra.
Funesko Udalaren kideen betebeharra da bitarteko elektronikoen bidez komunikatzea haren organoekin, egoitza elektronikoa erabiliz, eta han eskabideak aurkeztu eta jakinarazpen elektronikoak jaso beharko dituzte. Udal taldeek, udaleko langileen laguntzaz, beren kideei komunikazio elektronikoak zuzen egitea erraztuko diete.
Funesko Udalak bere kideei beharrezkoak dituzten tabletak edo ekipamendu informatikoak emango dizkie, administrazio organoekin elektronikoki erlazionatzeko obligazioa bete dezaten beharrezkoak badira.
95. artikulua. Komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema.
1. Gardentasun eta publizitate printzipioen arabera erakundearen webgunean egiten diren argitalpenak baztertu gabe, komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema bat egongo da, kide anitzeko organoen aktak, bilkura bakoitzeko gai zerrenda eta horri dagozkion espedienteak, eta zinegotzi edo udal talde politiko batek partekatu edo eskatzen duen beste edozein informazio eskuratu ahal izateko, hori guztia administrazio izapideak arintzeko eta nabarmen aurrezteko, paperean inprimatutakoak ahalik eta gehien mugatuz.
2. Sistema horretara sartzeko, idazkariari edo udal talde politikoek adierazten duten pertsonari emandako pasahitza erabiliko da, edota ezartzen den identifikazio elektronikorako sistema, baldin eta espedienteak gordetzen dituen zerbitzarira sartzea ahalbidetzen badu. Sarbide hori aipatutako agiriak irakurtzera eta inprimatzera mugatuko da, eta ezin izango da edukia aldatu.
96. artikulua. Udalbatzako kideei komunikazio elektronikoen sistema erabiltzen laguntzea.
Idazkaritza eta Informatika Departamentuek zein gainerako udal zerbitzuek, ahal duten heinean, Udalbatzako kideei eta, hala badagokio, talde politikoen bozeramaileei eta idazkariei laguntza emango diete, komunikazio elektronikoen sistemak zuzen funtziona dezan eta titulu honek aitortzen dizkien eskubideak eta obligazioak egoki bete ditzaten.
97. artikulua. Informazioa erabiltzearen erantzukizunak.
Edozein bitartekoren bidez (elektronikoa izan nahiz ez izan) lortzen den udaleko edozein informazio, hura eman, argitaratu edo eskuragarri jartzeko helburua ez den beste batekin erabiltzen bada, erantzukizunak sortuko dira eta aplikagarri den legeriaren arabera eskatuko dira, sistema babesteko helburuz.
98. artikulua. Langile publikoen komunikazioak.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikuluak ezarritakoaren arabera, Funesko Udalaren langile publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra dute, izapideak egitean bai eta administrazio prozeduren barruan egiten diren barne eta kanpo komunikazioetan ere. Funtzionamenduari buruzko komunikazioen arloan, bitarteko elektronikoei eta informazioa hobeki jasotzea ahalbidetzen dutenei emango zaie lehentasuna, eta, horretarako, titulu honetan jasotakoen antzeko baliabideak egituratzen ahal dira udalbatzako kideentzat.
99. artikulua. Arau osagarriak.
Titulu honek jasotzen ez dituen kasuetan, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio, arlo horren lege mailako araudiei kontra egiten ez badie, behinik behin.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.–Ikus-entzunezko akta (audio aktak eta bideo aktak).
1. Funesko Udalaren kide anitzeko organoen bilkurak grabatzen ahal dira.
2. Bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakitzen bada, dagozkien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan gorde behar dira; orobat, kide anitzeko organoaren kideek horiek eskuratu ahal izatea ere bermatu behar da.
3. Grabaketaren fitxategia, idazkariak hura egiazkoa eta osoa dela egiaztatzeko egiten duen ziurtagiria eta bilkuran zehar erabiltzen diren beste agiri elektroniko guztiak bilkuren aktarekin batera eransten ahal dira, eta ez da beharrezkoa izango aktan deliberamenduen alderdi nagusiak jasotzea.
4. Aipatutako grabaketa audio akta izango da, audio agiria bada, eta bideo akta, berriz, ikus-entzunezko agiria bada. Osoko bilkuren aktek agiri motaren arabera hartuko dute audio akta edo bideo akta sistema. Gainerako kasuetan, sistema hori erabiliko da, lehentasunez eta ahal den guztietan.
Ikus-entzunezko akta multimedia agiri elektronikoa da, eta elementu hauek osatzen dute gutxienez:
–Akta laburbildua: kide anitzeko organo baten bilkuraren gai zerrendaren puntuak eta hartutako erabakiak jasotzen dituen agiri elektronikoa. Bilkura motaren arabera, akta laburbilduak formatu zehatza izaten ahal du, eta, kasu batzuetan, indarreko legeriak ezarriko du hori; hala gertatzen da, adibidez, osoko bilkuren aktekin.
–Audio edo bideo agiria: bilkuran gertatu denaren audio edo bideo grabaketa da, eta audioa edo audioak eta irudiak ditu. Agiri horrek hizlari bakoitzak esandakoa hitzez hitz jasotzen du, eta agiri elektronikoan txertatzen da, esteka bidez.
–Sinadura elektronikoa: bilkuran idazkari kargua duen pertsonaren legezko sinadura elektronikoa da, eta agiria fede emaile bihurtzen du eta zuzenbide ondorioak ematen dizkio. Sinadura hori pertsona horren sinadura ziurtagiriaren bitartez egiten da. Osoko bilkuren kasuan, presidenteak ere sinatuko du ikus-entzunezko akta.
5. Aurreko apartatuaren arabera, ikus-entzunezko akta agiri publikoa eta ofiziala da, sinatua eta idazkaritzaren titularra den pertsonak baliozkotua, fede publikoa emateko bere eginkizunean. Ondorioz, hura erabiltzean eta tratatzean, tentuz jokatu behar da, eta komenigarria da osorik edo zati batean jaistea eta berrargitaratzea ekiditea, kontuan izanik nahikoa dela audioa edo bideoa ikustearekin gardentasun eta publizitate printzipioak babesteko eta fitxategia pertsona guztien eskura dagoela, gune ofizialean, erreprodukzio mugarik gabe. Artikulu honetan ezarri bezala tentuz jokatzeko betebeharra hautsiz gero, erantzukizunak sortuko dira, ikus-entzunezko aktaren trafikoak edo berriz hedatzeak udalaren irudia edo interesak kaltetzen baditu.
6. Partikularrek kide anitzeko organoen bilkura publikoak grabatzen ahal dituzte. Herritarren ekimenak baztertu gabe, udalak bilkura guztiak grabatzea eta herritarren eskura dauden plataformetan argitaratzea sustatuko du. Grabaketa horiek toki titulartasunekoak izango dira, eta kide anitzeko organoaren idazkariak ziurtagiri elektronikoaren bitartez izenpetuko ditu, fede publikoa emateko bere eginkizunean.
7. Xedapen honetan jasotzen ez diren kasuetan, akten gaineko indarreko araubide juridikoa aplikatuko zaie ikus-entzunezko aktei.
Bigarrena.–Prozedura eta izapide berriak sartzea eta iragartzea.
1. Egoitza elektronikoan prozedura eta izapide berriak sartzeko, Alkatetzak ezarritako protokoloari jarraitu beharko zaio.
2. Egoitza elektronikoa erabiliko da elektronikoki izapidetzen eta komunikatzen ahal diren prozeduren eta tramiteen berri emateko eta horiek hedatzeko modu eguneratuan, nahiz eta erabili aginduzkoak diren edo egokitzat jotzen diren beste publizitate baliabide osagarri batzuk ere.
Hirugarrena.–Erregistro elektronikoa sortzea Funesko Udalean.
Sortu da Funesko Udalaren Erregistro Elektronikoa eta datu pertsonalak bertan sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak eta Segurtasun Eskema Nazionalak ezarritako baldintzetan. Ondoren, xehatuta agertzen da fitxategi hori.
“Izena: Erregistro telematikoa eta hirugarrenen baseak.
Administrazioko zein organok duen fitxategiaren ardura: Udaleko Idazkaritza.
Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: udal idazkaritza.
Segurtasun neurriak: maila altua.
Oinarrizko egitura: datu pertsonalen motak:
–Datu bereziki babestuak (ideologia, sinesmenak, erlijioa, jatorri etnikoa, osasuna edo bizi sexuala).
–Egiten diren arau-hauste penal edo administratiboei buruzko datuak.
–Identifikaziorako datuak:
• NANa / IFZ.
• Izen-abizenak.
• Helbidea.
• Telefonoa.
• Sinadura / Hatz marka.
–Datu pertsonalak.
• Familia datuak.
• Jaioteguna / tokia.
• Sexua.
–Inguruabar sozialen datuak.
–Enpleguaren eta administrazio karreraren zehaztasunak.
–Ikasketa eta lanbide datuak.
–Merkataritza arloko datuak.
–Datu ekonomiko-finantzarioak.
–Transakzioen datuak.
Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: sarrera/irteera agirien tratamendua, eskuzkoa zein informatikoa.
Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek eman behar dituztenak: lege ordezkariak, eskatzaileak, herritarrak eta egoiliarrak.
Datuak biltzeko prozedura: inprimakiak, igorpen elektronikoa/Internet.
Datu pertsonalen lagapen aurreikusiak: ez dago. Datu pertsonalen transferentzia aurreikusiak: ez dago”.
Laugarrena.–Bitarteko elektronikoak erabiltzea barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Funesko Udalaren kide anitzeko organoetan.
Ordenantza honen IX. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko da administrazioaren barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Funesko Udalaren kide anitzeko organoetan bitarteko elektronikoak erabiltzea.
Bosgarrena.–Egoitza elektronikoa abian jartzea.
Egoitza elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.
Seigarrena.–Erregistro elektronikoa abian jartzea.
Erregistro elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.
Zazpigarrena.–Datuen babesa.
Telekomunikazio-sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten xedapen espezifikoetan jasotakoa ere.
Zortzigarrena.–Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra.
Udalak bermatu egingo du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta formularioak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek beren eskariei dagokienez eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, Udalak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko formularioak normalizatzeko.
Bederatzigarrena.–Garatzeko gaitzea.
Alkatetza udalburutza gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.
Hamargarrena.–Ordenantza honen xedapenak aplikatzea.
Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatu egingo dira Udalaren tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Udala saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emango da egoitza elektronikoan.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.–Administrazio Kontrataziorako Bulegoa.
Ordenantza honen 91. artikuluan jasotzen den Administrazio Kontrataziorako Bulegoa sortzea onetsi eta abian jartzen den arte, udaleko departamentuek betearaziko dute ordenantza honen VII. tituluan ezarritakoa, beren unitateen eta funtzionarioen bitartez. Horretarako, lan tresna berriei buruzko prestakuntza egokia izango dute.
Bigarrena.–Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabiltzea.
Interesdunek aukera dute Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legeak ezarritakoaren arabera eman diren pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabiltzen jarraitzeko, beren indarraldia bukatzen den arte.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Prozedura eta izapide berriak arautzea.
Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta administrazio izapide berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek xedatu beharko dute horiek bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin.
Bigarrena.–Indarra hartzea.
Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatzen denean.
2. Ordenantza, Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa. Behin betiko onespena.
HITZAURREA
Ordenantza honen bidez, Funes herri garbiagoa, higienikoagoa eta osasungarriagoa bilakatu nahi da, bizi kalitate onekoa eta, bereziki, bizigarriagoa, non mota eta klase guztietako herritarrek elkarrekin parte hartzen duten bizi kalitatearekin eta garbitasunarekin ikusteko duten arazo guztietan.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek xede hauek ditu:
1. Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.
2. Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.
Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei dagozkie, hala nola, kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, museoak eta kultur zentroak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, mutiloiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, eta Udalaren ibilgailuak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.
Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barnean daude beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, udalerriko hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo herri zerbitzu bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta mahai hankabakarrak, eguzki-oihalak, landareontziak, objektuak ematen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.
Ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke. Izan ere, hiriko ondare eta paisajearen parte dira, apaindura publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.
3. Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.
4. Bizikidetza arauak hausten dituztenen birgaitzea sustatzea.
2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.
1. Ordenantza hau Funesko udal-mugarte osoan aplikatuko da, eta beharturik egongo dira bertako biztanle guztiak, edozein dela ere haien kalifikazio juridiko-administratiboa.
2. Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.
3. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.
4. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioekin ikusteko duten jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.
5. Udalaren nahiz udalez gaindiko instalazio eta zerbitzuetan, kirol, kultur nahiz aisia arlokoetan, arau berariazkoei jarraituko zaie. Halakoei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, eta bidezkotzat jotzen bada, honen zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.
II. TITULUA
Gizalegearen sustapena
3. artikulua. Xedapen orokorra.
Funesko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.
Era berean eta berariaz, Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabili eta hiri ingurunea zaindu dezaten.
4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.
Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jardueren bitartez.
Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, portaera sozialaren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen saiatuko da Udala, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik gainerakoen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko moduan zaintzea.
5. artikulua. Hitzarmenak.
Udalak hitzarmenak egingo ditu bai beste administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.
Aipatu hitzarmenen bitartez, eremu publikoetan kultur, kirol eta aisia arloko gizalegezko jarduerak bultzatzen dituzten herritarren ekimenak sustatuko dira.
Halaber, eremu publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea sustatuko da.
6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.
Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu, herritar guztiei edo biztanle talde jakin batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.
III. TITULUA
Herritarren portaera
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
7. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.
1. Herritarrek bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.
2. Herritarrek eskubidea dute udal mugapeko eremu eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta haien askatasuna errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.
3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen zaratarik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.
4. Herritarrek ez dute eremu publikoan egingo abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.
8. artikulua. Elkartasuna eremu publikoan.
1. Udalak herritarren elkartasuna bultzatuko du, laguntza eman diezaieten haren beharra dutenei eremu publikoetan edo beste leku batzuetan ibiltzeko edo orientatzeko, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei. Ohitura bultzatuko da gehien behar dutenei bide emateko edo hiri altzariak uzteko, baita elkartasuneko eta jendetasuneko beste jokabide batzuk bultzatuko ere.
2. Galdutako ume edo minusbaliatuak zein anomalia fisiko edo psikiko nabariko pertsonak aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzako agenteei jakinarazi behar diete, eta horiek galdutako pertsonak babestu eta haien tutoretzaren erantzuleei emateaz arduratuko dira.
9. artikulua. Kautelazko neurriak.
1. Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzaren agenteek kendu edo altxatzen ahalko dute aldi baterako.
2. Halaber, udalerriko halako toki batzuk hutsarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko da, egiaztaturik gelditzen bada bertan ordenantza honetako arau-hausteak maiz gertatzen direla edo gertatzen ari direla, eta portaera berak beste toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau-hausterik ekarriko.
IV. TITULUA
Ondasunak hondatzea
10. artikulua. Hondatzea eta galerak.
Ezin izango da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haien itxura zakartzea badakar edo haien estetika hondatzen badu 1. artikuluan ezarri bezala.
11. artikulua. Pintadak eta grafismoak.
1. Ordenantza honetan babesten diren ondasun guztietan, publikoak nahiz pribatuak izan, debeku dira pintadak, idazkiak, idazkunak eta grafismoak, bai haien egiturazko elementuen, galtzaden, espaloien eta hiri altzarien gainean, bai herriko kanpo murru eta pareten gainean.
2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geratuko dira udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.
Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.
3. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izango dituzte agintaritzako agenteek, jarduerak udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.
4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.
V. TITULUA
Arbolak, parkeak, lorategiak, iturriak eta ur ibilguak
12. artikulua. Arbolak eta bestelako landare espezieak.
Arbolak eta bestelako landare espezieak babesteko neurri gisa, hauek debeku dira:
a) Haiek kaltetu edo modu txarrean erabiltzea.
b) Haiei edozein elementu itsatsi edo lotzea, udalaren baimenik gabe.
c) Zuhaitz-txorkoan edo inguruan zaborrak eta obra-hondakinak botatzea.
13. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.
1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.
2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ekintza hauek:
a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo kaltetzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belaiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.
b) Soropila kaltetzea eta haren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.
c) Zuhaitzak moztu, inausi edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.
d) Azalak grabatu edo pintatzea, puntak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.
e) Arbolen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea, edo halakoak ez direnak ere bai, espezieei kalte egiten badiete.
f) Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.
g) Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.
h) Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.
i) Dauden seinaleen ohartarazpenei kasurik ez egitea, edo halako eremu batzuetara sartzeko murriztapen aldi baterako nahiz behin betikoei ez obeditzea.
j) Lagun egiteko animaliekin sartzea parke eta lorategi publikoetan eta espresuki debeku den lekuetan.
3. Udalaren eskumenekoa da eremu publikoko parkeak eta lorategiak landatu eta mantentzea. Parke eta lorategietan edozein landareri kalte egiten dionak hura lehengoratzeko gastuak ordaindu beharko ditu.
14. artikulua. Iturri publikoak.
Iturri publikotzat hartuko dira eremu publikoan daudenak edo landa bazterretan izanagatik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuen gaineko araua urari buruzko legeek osatuko dute.
Debeku da iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da barrenean sartzea edo edozein gauza garbitzea, animaliei edaten ematea eta gaiak edo gauzak haietara botatzea.
15. artikulua. Ikastetxe publikoak.
1. Debekatua dago ikastetxe publikoetako patioetan sartzea haiek jendearentzat irekitzen diren orduetatik kanpo.
2. Aurreko apartatuan aipatu debekutik kanpo dago, Udalaren baimena izanik, ikastetxe publikoetako patioak erabiltzea. Baimen horretan azalduko dira haiek erabiltzeko baldintza eta beharkizunak.
3. Debekatuta izanik jolaslekuan sartu eta ikastetxe publikoetako instalazioetan edozein hondamen eginez gero, udalak enpresa, entitate edo pertsona erantzuleei egotziko die kalte-ordainen balioa eta garbitu, berritu, konpondu, egokitu edo lehengoratzeko lanen zenbatekoa, dagokion zehapena aparte.
VI. TITULUA
Publizitatea, afixak, pankartak eta gisakoak
16. artikulua. Publizitatea.
1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izango da jarri eta udalaren berariazko baimena eduki beharko da.
2. Establezimenduen titularrek ezin izango dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.
3. Debeku da, udalak baimena eman ezik, edozein iragarki mota paratzea eraikin publikoen fatxadetan, karrerapeetan, markesinetan, hiri altzarietan, arboletan eta murruetan. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola ezartzea.
17. artikulua. Afixa, pankarta eta banderolak.
1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:
a) Udalerrian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.
b) Udalerrirako interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egitea laguntzen dutenean.
c) Hauteskunde kanpainetan, leku behar bezala baimenduetan.
d) Publizitate helburua dagoenean.
Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitakoen artekoetako bat ez denean.
2. Artikulu honetan aipatu baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:
a) Kartel edo banderolen edukia eta neurriak.
b) Haiek jartzeko lekuak.
c) Zenbat denboran eta zein egunetan egongo diren jarrita.
d) Erantzulearen konpromisoa, eremu publikoan edo bertako egiturazko elementuetan egindako kalteak konpontzeko, eta sor daitezkeen kalte eta galerak ordaintzeko.
e) Banderolak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriak bere pinturan edo galbanizatuan kalterik jasoko ez duela bermatuta.
3. Udalean eskumena duen organoak kasu bakoitzean arautuko du nolako baldintzetan erabiltzen ahalko diren Udalaren toki eta espazioak publizitatea egiteko, eta nolako tramiteak egin behar diren horretarako baimena lortzeko.
4. Kartelak eta banderolak baimenean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta interesdunek berek kendu beharko dituzte jartzeko baimena bukatu ondoren. Hala egiten ez badute, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta zerbitzu horri dagokion kostua erantzuleei ordainaraziko zaie, ordenantza honen 70. artikuluan (zehapenen graduazioari buruzkoa) ezarritakoa deusetan ukatu gabe.
5. Ez da afixarik eta banderolarik paratzen hasten ahal aurretik udal agintariei horren berri eman gabe.
6. Paratzen ahal diren afixa, iragarki edo bandoak horretarako erakustokietan paratuko dira espresuki. Debeku da afixak eta eranskailuak bereziki horretarako diren tokietatik aparte paratzea eta itsastea, saltokietako beira-arasa, beira edo erakustokietan paratzen direnak izan ezik; hori guztia, udal agintaritzak bereziki baimendutako kasuetan salbu.
7. Udalak hartarako erabakitako tokietan paratzen diren kartel eta eranskailuek herritarrentzat interesgarriak diren ekitaldien edo jardueren berri eman beharko dute.
8. Atarietan, markesinetan, fatxadetan, paretetan, murruetan, zoladuretan, hiri altzarietan eta, orokorrean, eremu publikotik ikusten ahal den edozein tokitan ez da inolako iragarkirik edo afixarik paratzen ezta pintatzen ahalko, horretarako baimenik ez bada; erantzulea enpresa iragarlea izango da.
9. Era berean, debeku da hesien edo balkoien gainean gai publizitarioen gaineko pankartak paratzea, Udalaren baimenik gabe baldin bada, hauteskunde kanpainetan salbu. Azken kasu horretan, toki bakoitzean afixak edo pankartak finkatzeko manera udaltzainari edo albienteari aurretik galdetuta eta berak azalduta izango da.
Kale-argi edo argietan paratu baino 24 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak instalazioa berrikus eta kontrola dezan.
10. Fatxadetan, jarduera profesionalen idazkunak homologatuak izan beharko dira, eta Udalak baimenduak.
18. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.
1. Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.
Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.
2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izango dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.
3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.
VII. TITULUA
Herritarren jarduketak
I. KAPITULUA
Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak
19. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.
1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izango dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez ezarritako tokietan eta ezarritako baldintzetan izan ezik.
Debeku da bide edo eremu publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.
Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.
Udalak bizikidetzarako arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu, kartelen bidez.
2. Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, udalaren baimenik izan ezean.
20. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.
Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokira daraman edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak eta/edo Udaltzaingoa maltzurkeriaz mugiaraztea.
II. KAPITULUA
Suak eta bestak
21. artikulua. Su eta bestekin loturiko ekitaldiak.
1. Debeku da erabilera publikoko eremuetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere.
2. Besta edo gertaera jakin batzuk direla eta, udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak, unean unean indarrean den suaren erabilera arautzen duen foru araudian ezarritako baldintzak betez.
III. KAPITULUA
Zaratak, keak eta usainak
22. artikulua. Zaraten eragozpenak.
1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bai indarra duen legedian bai ordenantza honek hots mailei buruz arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera, bizikidetza arrunta trabatzen duten asotsak egitea saihestuko dute:
a) Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko. Ozen dagoela ulertuko da, kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal denean.
Irizpide berari segituko zaio, trabak nahita egiten direnean ibilgailuen motorra, ihes-hodia edo pneumatikoak erabiliz, edo zarata modu ez ohikoan gidatzeagatik edo tutua behar ez bezala erabiltzeagatik egiten denean trafikorako araututako kasuetatik kanpora.
b) Bereziki gogaikarritzat hartuko dira animaliek edo alarmek egiten dituztenak eta, azken batez, bestelako zaratak ateratzen direnean, horiek neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez bada; nolanahi ere, nahita egiten ez denean, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.
Zakurren jabeek berehala isilarazi behar dituzte animaliek egindako zaunkak eta zaratak, eta beharrezko neurriak hartuko dituzte bizilagunei trabarik ez egiteko, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortzietara bitartean gertatzen denean.
c) Eremu publikoan zaratarik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan zaratak eginez gero begiratu beharko diren arauak izango dira jarduera sailkatuei buruzko foru araudia eta zaratak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen foru dekretua.
d) Debeku da asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, udalaren baimenik gabe.
e) Obrak beti egingo dira goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitartean, eta debeku da ordutegi horretatik kanpo obrarik egitea.
f) Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izango da bozgorailurik erabili edo jarri, baimenik lortu ezean.
g) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunak gogaitzen dituzten jarduerak, batez ere gauaz (goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitartean).
h) Aisialdiko baratzeen kasu berezian, debeku dira bizilagunak gogaitzen ahal dituzten jarduera guztiak, baita baratzezaintzak berezko ez dituen erabilera guztiak ere; ordenantza hau modu orokorrean aplikatuko da, salbuespenak izanik erabilera baimendu eta toleratuen ondorioz sortzen ahal diren trabak.
23. artikulua. Kea eta usainak.
1. Herritarrek uko egingo diote lasaitasuna galarazten duten edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak diren keak, usainak edo hautsa sortzen dituen jarduerarik egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, haiei eragiten badiete, indarra duen legedian eta ordenantzetan ezarri mugak edozein direla ere.
Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Hala ere, lan horiek egingo dira kalera ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailera, eskailera-burua eta patio txikietara.
Barbakoa mugigarriak edo gisakoak eginez gero, kontuan hartuko da airearen norabidea, eta hori jakinda gainerako bizilagunei ahalik eta traba gutxien egiteko moduko tokian paratuko dira. Nolanahi ere, ahalik eta ke txikiena ateratzen duten erregaiak erabiliko dira.
Debeku da barbakoa finkoak paratzea edo barbakoa mugigarriak egitea terraza eta balkoietan.
Udalaren berariazko baimenik izan ezean, debeku da barbakoa finkoak edo mugigarriak egitea kale eta espazio publikoetan.
2. Ibilgailuek ezin izango dute bost minutu baino gehiago aparkatuta egon motorrak piztuta, bizitegien eraikinetatik 10 metro baino gutxiagora badaude.
3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.
IV. KAPITULUA
Hondakinak, zaborrak eta kanpaldiak
24. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.
1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta eremuak -orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne- zikin ditzaketen jarduera edo baimendu gabeko eragiketa guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu bide edo eremuetan mota guztietako ibilgailuak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbesteko kasua izan ezean, zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak eta bolumen handiko hondakinak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako beste ekintza batzuk, helburu horretarako ez den edozein lekutan.
2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietan botatzera.
Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietara bota behar dira, birziklagarriak izan ezean: halakoak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.
Debeku da paperontzi edo edukiontzietara material, tresna edo objektu arriskutsuak eta zigarrokin piztuak edo beste edozein gauza botatzea. Horretarako, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai sorgorgarriak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatu eta zabaltzen ahal dituzten osasun laguntzako materialak, baita edozein droga toxiko, sorgorgarri eta produktu kimiko, erradioaktibo, pirotekniko edo gisakorik ere.
Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako jarritako edukiontzietara bota beharko dira, Erriberagoiengo Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen bilketa sailkatuaren printzipioarekin bat.
3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.
4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera edo barreiatzea.
5. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.
6. Eremu publikora ez da arroparik, mahai-zapirik, alfonbrarik eta abarrik inarrosten ahal leiho, balkoi edo terrazetatik.
7. Debeku da hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten dioten xaboiak, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.
25. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.
1. Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea eta sakabanatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.
2. Paperontzi eta edukiontzien erabilera hondakin eta zaborrei buruzko apartatuan agintzen denari jarraikiz egingo da.
26. artikulua. Hondakin organikoak.
Debeku da eremu publikoetan kaka, pixa edo listu egitea, eta erabilera publiko nahiz pribatuko espazioetan, espazio publikorako ikusmira baldin badute.
27. artikulua. Animaliak.
Animaliak edukitzeko eta horiek eremu publikoan ibiltzeko baldintzak izango dira indarrean den araudian eta Etxeko animaliak eduki eta babestea arautzen duen ordenantzan ezarritakoak, Udal honek onetsi baitzuen.
28. artikulua. Jarduera berariaz debekatuak eremu publikoan.
1. Berariaz debeku dira ekintza hauek:
a) Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.
b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.
c) Debeku da eraikinen kanpoaldean jarritako landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren elementuen gainean kalteak egin baditzake.
2. Eremu publikoan mahaitxoak eta aulkiak paratzeko, tasa hori arautzen duen ordenantza fiskaleko arauak bete beharko dira.
29. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.
1. Ezin izango da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik ezarri 226/1993 Foru Dekretuan, edo une bakoitzean arautzen duen araudian, jaso gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.
Agintaritzako agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa ukatu gabe. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatu ahal izango dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.
2. Ezin izango da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.
3. Ezin izango da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Nolanahi ere, oro har, inork ezin du gainerako pertsonen eskubidea edo ekiteko askatasuna gutxietsi, ezta sinesmenak edo orokorrean onarturik dauden bizikidetza arauak arbuiatu eremu edo espazio publikoetan duen portaerarekin. Alde horretatik, debeku da sexu-organoak erakustea, baita ordenantza honetan edo aplika daitekeen beste araudi batean debekatutako jokaera edo jarduerak ere.
V. KAPITULUA
Betebehar bereziak
30. artikulua. Merkataritzako eta industriako jarduerak.
1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileen eta nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.
2. Terrazak, mahai hankabakarrak eta eremu publikoko beste instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak beraiek ere.
Gainera, kioskoetako titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.
Aipatu lekua eta inguruak etengabe garbituko dira eta, nolanahi ere, establezimendua ixten den unean.
Ezin izango da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ezta aldi baterako elementurik -ez finkorik, ez zoluan finkaturik- erabili ere udalaren baimenik gabe.
Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea.
Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izango du, eremu publikoan baimenik gabe jarria bada edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, eta dagokion zehapena izango du.
31. artikulua. “Botila festa”.
1. Debeku da botila festa egitea Funesko kale eta espazio publikoetan.
2. Ondorio horiekin, botila festa esaten zaio ostalaritzako lokaletatik atera ez diren edariak, batez ere alkoholdunak, kalean edo eremu publikoetan, taldean edateari; izan ere, bildutako jende kopuruagatik edo kontsumoaren ondorioz, eragozpenak sortzen zaizkie eremu publikoa erabiltzen dutenei eta auzokoei, ingurunearen lasaitasuna galarazten da edo egoera osasungaitzak sortzen dira.
3. Bereziki debekatua dago botila festa herritarren bizikidetza modu larrian kaltetzen denean. Horrela gertatzen da, zein den ere bildutakoen kopurua, inguruabar hauetako bat gertatzen denean:
a) Toki publikoaren morfologia edo izaeragatik, herritar talde askok parte hartzen ahal dutenean kontsumoan, edo haiek pilatzeko aukera ematen duenean.
b) Kontsumoa modu laidogarrian kanporatzen denean inguruan pasatzen direnentzat edo eremu publikoen gainerako erabiltzaileentzat.
c) Edari alkoholdunak hartzen diren tokietan adingabeak, hau da, haurrak eta neraberak, biltzen direnean.
32. artikulua. Industrialdeak.
Jarduera ezaguna izan edo ez, industrialdeetan kokaturiko etxabe edo nabeen titularrek izango dute instalazioaren ingurua nahiz instalazioaren aldamenean dagoen eremu publikoaren zatia garbi atxikitzeko ardura. Paletak, kartoiak, material hondarrak eta gisakoak modu jarraituan egoteak zehapena ekarriko du, eta udal zerbitzuek kendu behar badituzte, horren kostua haien bizkar izango da.
Orobat, titularren ardura izango da erabilera pribatuko edukiontziak, etxabe edo nabeen inguruan kokaturik egoten direnak, edukia barrenean izatea; hondakinak kanpoan izateak, eremu publikoa edo udalaren jabetzako lurrak okupatzen, zehapena ekarriko du, eta, udal zerbitzuek kendu behar badituzte, horren kostua haien bizkar izango da.
33. artikulua. Eskean ibiltzea.
Ezin izango da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.
Administrazioak eskean ibiltzeko baimena ematen ahalko du interes humanitario edo sozialeko kasuetan.
Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izango dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten eskeak, besteak beste.
34. artikulua. Eskaletza.
Ordenantza honi dagokionez, eskaletzatzat joko da eremu publikoan edo erabilera publikoko espazioetan eskean aritzea, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea.
Debeku da dirua edo eskean aritzea larderiaz edo modu gogaikarrian -hitzez zein obraz- eskatzea. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskatzea.
Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.
Agintaritzaren agenteek eskaletza eragotziko dute, eta nolanahi ere, eskaleari gizarte zerbitzuen berri emango diote, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.
35. artikulua. Establezimendu publikoak.
Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira, lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean. Jokaera horiek eragozten ahal ez direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emango diete uneoro esku hartzen duten agenteei.
36. artikulua. Ekitaldi publikoak.
1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izango dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.
2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Kasuan kasuko eremu publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.
3. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.
37. artikulua. Arropa hedatua eta apaingarriak.
Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan ez da arroparik hedatzen ahal, kaletik ikusteko maneran. Halaber, balkoi edo galerietan ez da eraikinaren estetikari kalte egiten dion materialik, tresnarik edo altzaririk uzten ahal, kanpotik ikusten ahal badira.
Kaletik nahitaez ikusten diren hedatokiak dituzten eraikinetarako, udalak berariazko araubidea baimendu ahal izango du.
Inolaz ere ezingo dira erabili kaleak eta espazio publikoak, ez haien elementuak ere, aurreko apartatuetan azaldutako helburuetarako.
Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan apaingarririk jarriz gero, hala nola loreontziak-eta, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen.
38. artikulua. Antena parabolikoak, telekomunikazioetako antenak eta instalazioak oro har.
1. Antena parabolikoak estalkietan, teilatuetan eta halako eremuetan jarriko dira, hiri barnean ibiltzeko guneetatik ahalik eta gutxien ikusteko moduan, eta inolaz ere ez dira jarriko erlaitzetan edo goialdeetan, edo teilatu edo estalkien irtenguneetan, irekiguneetan, leiho, balkoi, fatxada eta eraikinen inguruko paramentuetan, ez bada edozein kale edo eremu publikotik ikustea galarazi ahal dela, eraikuntza-elementu iraunkor egokien bidez.
2. Fatxada edo barneko patioa duten eraikinetan, haietara teilatu-hegalen batetik urik isurtzen bada, teilatu horien barreneko isurialdean paratuko dira.
3. Ezingo dira instalatu eraikinik gabeko espazio libreetan, publiko nahiz pribatu izan.
4. Telekomunikazioak hartzeko sistema bakarra utziko da, erabilera banakoa ala kolektiboa izan.
5. Eraikin berrietan antena kolektiboa(k) paratu beharko da/dira eta kableak eraikinaren barnetik joango dira. Hori ezinezkoa denean, kableak horma-hobietan edo patio txikietan paratuko dira, proiektuaren egileen nahien ariora; haiena izanik erantzukizun osoa.
6. Antena horien koloreak eta propaganda eraikineko estalkikoei egokituko zaizkie, hirigintzako estetikari kalterik ez egiteko.
7. Ikus-entzunezkoen instalazioen funtzionamenduaz eta zainketa egoeraz haien erabiltzaileek izango dute erantzukizun osoa.
8. Aurretik jasotakoa betetzen ez duten antenek sei hilabeteko epea edukiko dute dauden lekutik kentzeko edo arautegi honetara egokitzeko, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita.
39. artikulua. Basa animaliak, kalekoak, basatuak eta jabe ezagunik gabeko etxeko animaliak elikatzeko debekua.
Debeku da basa animaliak, kalekoak, basatuak eta jabe ezagunik gabeko etxeko animaliak elikatzea, hala nola usoak, txoriak, katuak, zakurrak, etab., sortzen duten zikinkeriagatik eta haien ugalketak eritasun kutsakorrak kutsatzeko dakarren arriskuagatik.
Arau hori urratzea, zehapenari dagokionez, hutsegite larritzat joko da.
VIII. TITULUA
Eremu publikoaren garbiketa
I. KAPITULUA
Garbiketa, erabilera arrunt eta orokorraren ondorioz
40. artikulua. Eskumena.
Udalak egingo du eremu publikoko plaza eta kaleen garbiketa, salbu eta berak erabakitzen duenean.
Garbitasunari begira, honako hauek hartzen dira eremu publikotzat: etorbideak, pasealekuak, kaleak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, bide-tunelak eta zuzenean herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.
41. artikulua. Bizilagunen lankidetza.
1. Nahitaezkoa izango da bizilagunen lankidetza espaloiak garbitzeko lanetan, norberaren kalera jotzen duen zati proportzionalean, eta orobat elurteak edo bestelako gorabehera klimatologikoak gertatzen direlarik, espaloiak oinezkoak pasatzeko moduko baldintzetan uzteko. Betebehar hori pertsona eta titular hauei dagokie:
a) Beheko solairuan kokaturiko industriako eta merkataritzako establezimenduen, biltegi edo bulegoen titularrei, establezimendu horiek okupatzen dituzten lokalen aurrealde osoan.
b) Higiezinen okupatzaileei; horiek ados jarri beharko dira, beren artean txandaka aritzeko, baina badute garbiketa egiteko beste aukera bat, beste lagun batzuen zerbitzua kontratatzea, alegia. Hori espaloiei dagokie, aurreko apartatuan aipatzen ez den zatian. Betebehar hori ez betetzeak zehapenak ekartzen baditu, okupatzaile titular guztiek erantzukizun komun eta solidarioa izango dute administrazioaren aurrean.
c) Eraiki gabeko lur eta orubeen jabeei.
d) Eraikin publikoen entitate titularrei.
2. Lan horiek egin behar dira garbiketaren ondoriozko produktuak kalean utzi gabe; aldiz, bildu beharko dira ontzi homologatuetan edo zabor-bilketa edo garbiketa zerbitzuaren eskura jarri, horren premia baldin bada haien pisuagatik eta bolumenagatik. Lan horiek egunero egin beharko dira, goizeko lehen orduetan, eta industriako edo merkataritzako establezimenduei dagokienez, irekitzeko orduaz geroztik.
42. artikulua. Zamalanak.
Zamalanen ondorioz zikintzen badira kaleak, plazak edo haien espaloiak, haiek garbi atxikitzea izango da haien arduradunen betebeharra.
Lan horiek lanaldi bat edo gehiago irauten badute, haien arduradunek hesi mugikorren bidez babestu beharko dute ukitutako espaloi puska, eta horiek kendu lanaldia bukatzen delarik. Albienteei edo udaltzainei eskatuko zaie hesi mota hau erabiltzeko baimena.
43. artikulua. Galtzadaren garbiketa.
Ibilgailu batek, edozein izanik haren trakzio mota, lursailetan edo orubeetan aritu ondoren, ateratzean lokatz arrastoak uzten baditu galtzada publikoen gainean, haren erabiltzaileak berehala garbitu beharko ditu.
Arau hau urratzea hutsegite larritzat hartzen da.
44. artikulua. Garbiketa bereziak.
Beharrezkoa izanez gero, Alkatetzak, dagokion zerbitzuaren txostena izanda, garbiketa bereziko egunak ezartzen ahalko ditu kaleka edo kale puskaka; egun edo ordu horietan debeku izango da bertan aparkatzea; beraz, behar den denboraz iragarriko da, Udalean trafikoaren kontrolaren ardura dutenek erabakitzen dituzten baliabideen bitartez. Garbiketa bereziko egun edo orduetan behar ez bezala aparkatzeak bere zehapena izango du.
45. artikulua. Kaleko saltokiak.
Beren merkataritza mota dela-eta aritzen diren tokiaren inguruetan zikinkeria eragiten duten kaleko saltokien jabeek alderdi horiek garbitu beharko dituzte, sorrarazitako hondakinak eskobatuz eta bilduz. Garbiketa hori lanaldiaren bukaeran egingo da eta 10 metroko erradioko eremua harrapatuko du saltokiaren inguruan. Hondakinak poltsetan sartuko dira, familiako zaborren gisara, eta beren eremuetan agintzen den modu, ordu eta egunetan utziko dira.
46. artikulua. Paperontziak.
Herriko hainbat tokitan paperontziak paratu dira paperak eta hondakin txikiak bertara biltzeko; beraz, hutsegite larritzat hartuko da etxeko zaborrak edo bestelako gauza eta produktuak bertan sartzea.
47. artikulua. Teilatuetako euri-urak.
Eraikin bateko teilatu-hegalean tantakinak daudela egiaztatuz gero, haren jabea konpontzera beharturik egongo da, baita teilatuetatik euri-urak husteko sistema aldian behin ikuskatzera ere; oker funtzionatzen badute, erantzuleak jabeak izango dira, eta beraiei ezarriko zaizkie kasuan kasuko zehapenak. Fatxaden kontserbazioari eta garbiketari dagokienez, eraikuntzaren gaineko udal ordenantzetan xedatzen denari jarraituko zaio.
II. KAPITULUA
Obren eta zenbait jardueren ondoriozko zikinkeria
48. artikulua. Eremu publikoko zikinkeria.
1. Eremu publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, non-nahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta, era berean, behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egitura elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakinak jasotzera.
2. Obrak eremu publikoan edo aldameneko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.
3. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurrak babestu beharko dira, nolanahi.
4. Eraikinak zutitu bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra obraren kontratistarena da.
49. artikulua. Hondakinak uztea.
1. Debeku da eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Hondakinak uzteko, udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.
2. Eremu publikoan abandonatutako materialak, indarra duen legeriari jarraikiz, udal jabetzakoak dira, eta interesdunak ezin izango dio ez udalari ez egiteko horren ardura hartu duenari deus erreklamatu egin dutena egiteagatik, material horiek bertatik kentzeagatik, eta gainera aplikatzen ahalko zaio egindako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo kasu bakoitzean legozkiokeen zehapenak.
3. Behar diren zerbitzuak bildu bitartean, eremu publikoan utzitako hondakinetan debeku da bilaka ibiltzea eta handik deus hartzea.
50. artikulua. Subjektu erantzuleak.
1. Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obrak nahiz biltegietako sartu-ateratzeak, etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu diren langileak eta, bestela, establezimendu edo obretako titularrek eta, azken finean, ibilgailuaren jabe edo gidariek garbitu beharko dituzte eremu publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko dute.
2. Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izango dira, aipatu hurrenkera berean, ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.
III. KAPITULUA
Eraikin higiezinetako elementuen
eta kanpoaldeen garbitasuna eta mantentze-lana
51. artikulua. Subjektu erantzuleak.
1. Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaindura publikoko baldintzak zaintzera.
2. Debeku da arropa, janzki eta etxeko gauzak hedatzea edo agerian uztea balkoietan, leihoetan, kareletan, kanpoko terrazetan edo, beren kokapen eta orientazioagatik, kaletik ikusten ahal den beste edozein lekutan, 37. artikuluan xedatua izan ezik.
3. Finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, kaleko zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, higiezinetako sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.
4. Honen aurreko artikuluari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal-agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.
5. Jabeek, orobat, garbi eduki beharko dituzte tximiniak, deposituak, patioak eta argi-patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebisten antenak eta, oro har, eraikinen osagarri diren gainerako instalazioak.
IV. KAPITULUA
Orubeen eta eraikuntzen aldameneko
espazioen garbitasuna eta mantentze-lana
52. artikulua. Lursail pribatuen mantentze-lanak.
1. Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube, lursail eta lorategiak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.
2. Aurreko aginduan sartzen da orubeetan arratoi-garbiketa eta desinfekzioa egin beharra.
3. Eraiki gabeko orubeen edo eraikuntzen aldameneko eremuen jabe edo titularrek, haietan barne direla lorategiak, parterrak, ezpondak, etab., urbanizaturik egon edo ez, izango dute belarrak, adarrak, orbela, etab. garbitzeko ardura, horiek eremu publikora ateratzen direnean edo hura inbaditzen edo okupatzen dutenean. Landaresiak, adakerak edo espazio horietatik eremu publikoaren aldera zintzilikatzen diren gainerako lore-apaingarri natural edo artifizial guztiek errespetatu beharko dute haren hegalkina ez inbaditzeko araua.
4. Udalak ahalmena du aurreko zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.
5. Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatu diren lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.
V. KAPITULUA
Zabor-bilketa
53. artikulua. Zabor-bilketari buruzko betebeharrak.
1. Etxebizitzetako bizilagunak eta ostalaritzako establezimenduen titularrak beharturik daude beren zaborrak lokaletik edo establezimendutik hurbil dauden edukiontzietara botatzera; poltsak egun osoan uzten ahalko dira behar diren tokietan.
2. Bestelako zaborra (kristalak, burdinak, latak, baxerak, altzariak, tresnak, etab.) kopuru handian baldin bada, hainbeste, ezin baitira tokatzen diren edukiontzietan sartu, orduan ez dira eramaten ahalko zabor-bilketa sistema arruntaren bidez eta interesdunek mankomunitateari dei egin beharko diote, berak eraman ditzan.
3. Harri-morroiloak eta eraispeneko materialaren bilketa, garraioa eta gordailua, berriz, interesdunek berek egin beharko dute; osotara debekaturik dago horien gordailua, udal-mugartearen barnean bada.
4. Animalia handi nahiz txikien hilotzak, baita harategi, arrandegi, hestebete fabrika eta abarren hondakinak ere, garraio bereziaren bidez bilduko dira, eta abeltzaintzako higiene eta osasunari buruz indarra duten arauei jarraikiz eta hilotzen gaineko osasunaren arloko neurriak harturik.
VI. KAPITULUA
Herritarrak elurteetan egin beharrekoak,
eremu publikoa garbi egon dadin
54. artikulua. Elurteetan nahitaez egin beharreko jarduketak.
1. Finketako enplegatuek edo, bestela, higiezinetako bizilagunek edo eraikinak garbitzeko ardura duten pertsonek elurra eta horma kendu beharko dituzte fatxada aurrean dagokien espaloi zatian, oinezkoak pasatu ahal izateko behar duten lekua libre utzi beharrez.
2. Elurra eta izotza espaloian pilatuko dira, galtzadan utzi gabe eta gisa honetara:
a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.
b) Uraren eta ibilgailuen ibilia eragotzi gabe.
c) Estolderia sareko kainozulorik hurbilenaren sarbidea estali gabe.
3. Eremu publikoan elurra garbitu eta biltzeko lanek dirauten bitartean, ibilgailuen jabe eta gidariek kasu egin beharko diete udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dizkieten jarraibideei.
4. Inola ere ez da eremu publikora botako terraza, balkoi eta eraikinen bestelako irtenguneetan pilatu den elurra, Alkatetzak kontrako xedapenik eman ezean.
VII. KAPITULUA
Erreka bazter, parke eta belardien garbitasuna
55. artikulua. Jokabide debekatuak.
1. Debeku da arras edozein ibilgailu klase garbitzea, zisternak garbitzea edo haien edukia hustea udalerriko erreka bazter eta ibilguetan, bideetan, parkeetan eta belardietan.
2. Hutsegite oso larritzat hartuko da obra-hondakinak edo zaborrak botatzea ezpondetan eta erreka ertz edo bazterretan, idoietan, parkeetan eta belardietan. Lan horiek egiteko modua eta tokiak aurreko kapituluan xedatu direnak izango dira.
3. Debeku da, era berean, paperak, latak, botilak eta janari hondarrak botatzea parke eta belardietan, ibilgu zaharrean edo haren ertzetan, horretarako dauden ontzietan baizik ez baita egiten ahal.
IX. TITULUA
Garbitasuna, eremu publikoaren erabilera arrunt, berezi
eta pribatiboari eta bertako agerpen publikoei dagokienez
I. KAPITULUA
Baldintza orokorrak eta aplikazio eremua
56. artikulua. Aplikazio eremua.
Titulu honek udalerriko garbitasuna gordetzeko arauak ematen ditu, honako hauei dagokienez:
a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunta, berezia eta pribatiboa.
b) Herriko kalean egiten diren ekitaldi publikoen eta publizitateko zenbait jardueren ondoriozko zikinkeriaren prebentzioa.
57. artikulua. Erabilera pribatiboaren ondoriozko zikinkeria.
1. Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz eremu publikoan zikinkeria sortzen denean, erabiltzaile titularrak izango dira haren erantzule. Finkoak nahiz ez-finkoak izan, establezimenduetako titularrek, hala nola ostatu, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta gisakoek behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko hiri espazioa.
2. Udalak edo udal agenteek aurreko paragrafoan aipatutako titularrak behartu ditzakete kontsumoaren ondorioz beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko elementu homologatuak paratzera. Horretaz gain, titular horiei dagokie, baita ere, elementu horiek zaintzea eta garbitzea.
3. Kalean ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak ekitaldi hori egiteagatik sortzen den zikinkeriaren erantzule izango dira.
4. Udalerriaren garbitasuna dela eta, ekitaldi publikoen antolatzaileek ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.
58. artikulua. Publizitateko elementuak paratzeko baimena.
1. Afixa eta pankartak paratzeko eta itsasteko, orrixkak banatzeko eta titulu honetan araututako beste edozein publizitate jarduera egiteko, beharrezkoa izango da udalak aurretik udal baimena ematea.
2. Errotuluak eta publizitateko gainerako elementuak paratzeko baimena emateak berarekin dakar arduradunaren betebeharra eremu publikoan erabili diren espazioak eta gainerako osagarriak garbitzeko; udalak fidantza edo banku-abal bat eratzeko eskatzen ahalko du, garbiketarako edo zikinkeria sortzen ahal duten elementuak kentzeko aurreikusten ahal diren kostuen bezainbatekoa.
X. TITULUA
Udalerriko garbitasuna, kontserbazioa eta ordena
I. KAPITULUA
Errotuluak eta zenbakiak
59. artikulua. Errotuluak eta zenbakiak.
1. Eremu publikoen errotulazioa zerbitzu publikoa da eta egiten ahalko da oroitarri edo plakaren bidez eta ongi ikusteko tokian finkatuko da.
2. Higiezinen jabeak beharturik daude egokitu zaien zenbakia paratzera, banan-banan nahiz kolektiboki horretarako errekerimendua egiten zaielarik. Errekerimenduak finkaturiko epearen barnean betebehar hori betetzen ez bada, Alkatetzak izendaturiko langileek paratuko dute, eta gastuak eraikinaren jabearen bizkar izango dira, errekerimendua ez betetzeagatik dagokion zehapenaz aparte.
60. artikulua. Errotuluak edo seinaleak paratzeko zortasunak.
1. Errotulu eta zenbakiak bertan paratuz gero, ukituriko higiezinen jabeak beharturik daude horien finkapena onartzera eta bertan egoten uztera; gainera, zaindu beharko dute haien kontserbazioa eta haien ikusgarritasuna.
2. Idazkunak atxikitzen dituzten elementuek eta idazkunek berek harmonia artistikoa gorde beharko dute finkatzen diren fatxada, alderdi edo sektorearekin.
3. Zortasun administratibo hau doan izango da eta jakinarazi beharko zaio ukituriko jabeari.
II. KAPITULUA
Eremu publikoen kontserbazioa
61. artikulua. Kontserbazioa.
Udal Administrazioaren eskumenekoa da eremu publikoetako egiturazko nahiz apaindurazko elementuen kontserbazio zuzenerako lan eta obrak egitea. Eremu publikoen kontserbazio egoera hobetzeko izanik ere, inork ez du elementu horiek berritzeko edo konpontzeko lanik egiten ahalko, aurretik udalaren baimenik ez badu.
XI. TITULUA
Zehapen araubidea
62. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.
2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura -hasita badago-, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.
Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
3. Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izango da; haien ordaina Funesko Udalak erabakitzen duen maneran egingo da, arau-hausteari dagokion zehapena aparte utzita.
Arau-hauste edo zehapenik ezean, kalte-galeren ordainak zerbait egin beharra edo ez egin beharra dakarrenean, hura ez betetzeak udalaren baimen bat ez betetzearen ondorio berak izango ditu zehapen.
Udalarenak ez diren ondasunak badira eta horiek eremu publikotik ikusten ahal badira, ez da beharrezkoa izango ukitutako alderdiaren salaketa.
63. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egiteak nahiz ez-egiteak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.
Hori hala izanik ere, eta zaraten eta dardaren arloko arau-hausteak kalifikatzearren mugak gainditzen direnean, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio, dekretu horrek ezartzen baititu zaratak edo dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak; dekretu hori ordezten duen araudia ezartzen bada, hura beteko da.
64. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Oso larriak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:
a) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoan ezarritako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.
b) Nolanahi dela ere, arau-hauste oso larria izango da asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan edo unean uneko araudian ezarritako muga 10 dezibeletan (dBA) baino gehiagoan gainditzen bada.
c) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.
d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.
e) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo oso larriak jartzea.
f) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Nolanahi dela ere, arau-haustea izango da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.
g) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte. Nolanahi, arau-hausteak dira jokabide hauek:
–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.
–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.
–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.
h) Animaliekin ankerkeria, tratu txarrak eta eraso fisikoak erabiltzea, bai eta haiek abandonatzea ere.
i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.
j) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.
k) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.
l) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.
m) Arau-hauste larria edo oso larria egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso larria egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izango da zehapena.
n) Desobeditze oso larria. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste oso larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
65. artikulua. Arau-hauste larriak.
Arau-hauste larriak honako hauek dira:
a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian jaso gabeko jokaerak badira.
b) Nolanahi dela ere, arau-hauste oso larria izango da lokal hartzaileak asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan edo unean uneko araudian ezarritako muga 3 eta 10 dezibel artean (dBA) baino gehiagotan gainditzen bada.
c) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi ere, arau-haustea izango da bide edo eremu publikoetan terrazak edo mahai hankabakarrak jartzea Udalaren baimenik gabe.
d) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.
e) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.
f) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, honako hauek arau-hausteak izango dira:
–Estolderia-sarera edo bide edo eremu publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.
–Eraikin edo ibilgailuetatik edozein gauza botatzea edo axolagabekeriaz edo zuhurtziagabekeriaz erortzera uztea, bidearen erabiltzaileei arriskurik sorrarazten bazaie.
–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.
–Eremu publikoan pixa edo kaka egitea.
–Edozein ondasun edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.
g) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.
h) Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratu eta hartan nahasmendu larria sortzea.
i) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
j) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.
k) Desobeditze larria. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean eta, era berean, arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
l) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda.
Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatze gisa joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikusteko.
66. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian jaso gabeko jokaerak badira. Nolanahi, arau-hauste arina izango da:
–Asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan edo unean uneko araudian ezarritako muga 3 dezibeletan (dBA) baino gutxiagoan gainditzen bada.
–Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak eramatea uhal edo katez lotu gabe, eta eremu debekatuetan sartzen uztea, baimenik izan gabe.
–Eremu publikoan su egitea.
–Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.
b) Zerbitzu edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi, arau-hauste arina izango da:
–Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.
–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.
–Bide edo eremu publikoetan terrazak edo mahai hankabakarrak paratzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.
–Baimenik gabe kanpatzea.
–Bankuen gainean, markesinetan edo kutxazain automatikoetan, gaua eman edo etzatea.
–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.
–Eremu publikoa erabiltzea ibilgailuak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.
–Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratzea, sailkapen larriagorik merezi ez badu.
c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Nolanahi, arau-haustea izango da iturri edo urmael publikoetan bainatzea.
d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Nolanahi, arau-hauste arina izango da:
–Edozein ondasun edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea udalaren baimenik gabe.
–Arbola, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.
–Zerbitzu edo espazio publiko bateko apaingarri, ekipamendu, azpiegitura, muntadura edo elementuetan kalte egitea eta, era berean, kale-argietan eta gainerako hiri altzarietan, argiztatzeko izan edo ez eta udalarenak izan edo ez.
e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Nolanahi, arau-hauste arina izango da:
–Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.
–Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.
–Hiri altzarien gainean listu egitea, haien erabilera lotetsirik dagoenean edo udalerriaren irudia kalteturik gelditzen denean.
–Eremu publikoan pixa, kaka edo listu egitea.
–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein gauza botatzea edo uztea, baita edukiontzi batetik hurbil edo haren ondoan ere.
–Apaintzeko zeren bat edo hiri altzariren bat lekualdatu, mugitu, altxatu, beheratu, biratu edo zernahi gisaz zegoen bezala ez uztea, bere lehengora itzuli behar bada.
f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, sailkapen larriagorik merezi ez badu.
g) Desobeditze arina. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta, hala ere, egiten duenean eta, era berean, arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
h) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoren nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek zailtasun arina badakar.
i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan jaso ez direnak.
67. artikulua. Zehapenak.
1. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 3.005 euro arteko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak, eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketa eta konponketa gastuen ordaina eta, hala behar badu, salaketa aurkez daiteke agintari judizial eskudunaren aurrean.
2. Arau-hauste arinei 750 euro arteko isuna ezarriko zaie, 66. artikuluaren a) eta b) apartatuetan aipatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 60.01 eurotik 150.25 euro arteko isuna ezarriko zaie.
3. Arau-hauste larriei 750,01 eurotik 1.500 euro arteko zehapena ezarriko zaie, 65. artikuluko 2. lerroaldeko a) apartatuan aipatutakoari izan ezik; izan ere, horri 151 eurotik 600 euro arteko isuna ezarriko zaio.
4. Arau-hauste oso larriei 1.500,01 eurotik 3.000 euro arteko zehapena ezarriko zaie, 64. artikuluko 2. lerroaldeko a) eta f) apartatuan aipatutakoei ezik; izan ere, horiei 601 eurotik 3.005 euro arteko isuna ezarriko zaie.
5. Enpresek edo entitateek egindako arau-hausteak zehatzen ahalko dira, eta haien gain uzten ahal dira, baita ere, sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako legeei jarraikiz.
6. Orokorrean, enpresen edo entitateen erantzukizuna egiaztatzen bada hondakin solidoen kaleko garbiketaren arloan udal ordenantza honen kontra egiten diren arau-hausteetan, hauek zehatzen ahalko dira eta haien gain utzi sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak.
68. artikulua. Kalteei ordaina ematea.
Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.
Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.
Udalak zergapekoaren kontura egingo ditu gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko egin beharrekoak, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Zergapekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.
69. artikulua. Erantzuleak.
1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izango dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.
2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.
3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izango dira, modu solidarioan, kanpoko publizitateari buruzko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.
4. Etxebizitza edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izango dira zarata eta zaborren arloan VII. tituluko 3. eta 4. kapituluetan aipatzen diren arau-hausteen erantzuleak.
5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izango dira arau-hausteen zuzeneko egileak.
6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izango dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko. Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izango dira.
7. Zehapen prozeduraren ondoriozko erantzukizun administratiboekin batera, aldatutako egoera lehengora itzultzeko eskatuko zaio arau-hausleari, baita kalte eta galeren ordaina emateko ere, organo eskudunak zenbatekoa zehaztuta. Kasu horretan, erabakitzen den epean ordaintzeko jakinaraziko zaio arau-hausleari; bestela, auzibidea libre geldituko da.
8. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izango dira erantzule modu solidarioan.
70. artikulua. Zehapenen mailakatzea.
Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.
c) Nahita egitea edo ez.
d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.
e) Zer kalte egin diren eta zein den haien larritasuna.
f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.
71. artikulua. Kautelazko neurriak.
Arau-hausleak gizalegerik gabe jokatzen segitu eta, hartara, beste erabiltzaileei traba egiten badie, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, galarazteko.
Honi dagokionez, aldi baterako kendu edo altxatzen ahal diren ondasunak izango dira hauek: ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta gauza sendoak, musika tresnak eta musika edo soinu aparatuak, baloiak, pilotak, makuluak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, kartelak, pankartak, banderolak, paskinak, eskuorriak, baita puntu honetan espresuki bildu gabeko beste edozein gauza ere, agintaritzako agenteen aburuz inork erabiltzen baditu ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada aldi baterako kentzea edo altxatzea.
XII. TITULUA
Birgaitzea
72. artikulua. Itundutako amaiera.
Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izango litzateke.
Arau-hausleak adingabeak badira, hezigarritasun nabaria izaten ahal du komunitateari egin beharreko zerbitzuak.
Aukera hori arau-hausleen errehabilitaziorako bidea izan dadin eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:
–Arau-hausteak oso zehapen larria ezartzea dakarrenean.
–Zehapen larria dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste larriak edo oso larriak egin direnean.
–Arau-hausleak adingabeak edo ezgaiak direnean.
–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.
Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen esango dio udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izango dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaleko albienteek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.
Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten egingo da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio udalak arau-hausleari.
Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.
Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, udalak kautelazko neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.
Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 86. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Hasierako arau-haustearen larritasun bera izango du arau-hausteak.
b) Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izango da udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Funesen, 2018ko abuztuaren 2an.–Alkatea, Ignacio Domínguez Martínez.
Iragarkiaren kodea: L1810029
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
