169. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXABARRI

Udal ordenantza, Etxabarriko Kontzejuaren (Allin) eskumeneko herri-ondasunen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Etxabarriko Kontzejuak, 2018ko ekainaren 10ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxabarriko Kontzejuaren (Allin) eskumeneko herri-ondasunen erabilera arautzen duen udal ordenantza, 2018ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxabarrin, 2018ko abuztuaren 14an.–Kontzejuko burua, Iker Aramendía Jiménez de Vicuña.

ORDENANTZA, ETXABARRIKO KONTZEJUAREN HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Etxabarriko Kontzejuko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Definizioak:

–Herri-ondasunak: herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

–Familia-unitatea: familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beheitikoak baldin badira.

–Herri-larreak: Etxabarriko Kontzejuko herri-larreen aprobetxamenduari dagokionez, herri-larreak dira, tradizioko ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, finka partikular batzuk osatzen duten baterako ustiapen unitatea, ez banakakoa, Etxabarriko Kontzejuak adjudikazio bakoitzerako eremu desberdinetan ezartzen ahal dituenak.

–Nekazaritza-urtea: Etxabarriko Kontzejuko herri-larreen aprobetxamenduari dagokionez, nekazaritza-urtea da laborearen ziklo biologikoa, ekoizpena abian jarri eta horretarako beharrezkoak diren lanak hasten direnetik, aprobetxamendu ekonomikoa egin arte (uzta, bilketa, etab.).

–Euriondoa: ordenantza honi dagokionez, euriondoa da ura lurgainean ikustea –istiltzea– lurzatiaren edozein zatitan.

–Lehentasuna dutenendako aprobetxamendua: ordenantza honi dagokionez, lehentasuna izanen du familia-unitateak, baldin eta kide bakoitzeko lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik behera jasotzen badu, edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak aipatu soldata halako bat eta erdi baino txikiagoak badira.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek erabili edo aprobetxatzeko modua.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legea eta garatzen diren erregelamenduak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak.

II. TITULUA

Administrazioa eta erabilera

5. artikulua. Etxabarriko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen arloan Etxabarriko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Etxabarriko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Etxabarriko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Etxabarriko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitezkeen pribatizazio saioei edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren finken inmatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Etxabarriko Kontzejuaren Batzarrak hartuko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aurretiko onespen espresa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, haiek interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Etxabarriko Kontzejuak herritarrei itzuli beharko dizkie sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurretako aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren eta zurgaien aprobetxamendua.

d) Bestelako herri-aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Etxabarriko Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta horiek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. Orokorrean, Etxabarriko Kontzejuaren herri-aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.

c) Etxabarriko Kontzejuan gutxienez urtean bederatzi hilabetez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Etxabarriko Kontzejuarekiko eta Udalarekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

17. artikulua. Zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren herritarrei, titulu honen VIII. kapituluan ezarritakoaren arabera.

18. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, Etxabarriko Kontzejuak berdintasun eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emanen die familia-unitateko titular diren herritar hauei:

a) Diru-sarrera gutxien duten familia-unitateak.

b) Ezaugarri bereko lurrak ez dituztenak, ez jabetzan, ez bestela.

c) Bestelako herri-aprobetxamendurik ez dutenak.

19. artikulua. Aurreko paragrafoko irizpideak datu objektibo hauetan oinarrituko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena (norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta), baita horren gisako beste edozein datu ere.

20. artikulua. Adjudikazioa egin baino lehen, Etxabarriko Kontzejuak aprobetxamendu bakoitzaren urteko kanona onetsiko du, eta dagokion adjudikazio-agirian zehaztuko da.

1.–Aprobetxamendu mota bakoitzerako, Etxabarriko Kontzejuak urteko kanona finkatuko du azalera unitate bakoitzeko; kanona zehazteko herri-ondasunen ezaugarri teknikoak eta produkziokoak hartuko dira kontuan, bai eta ezaugarri bereko eskualdeko herri-lurren merkatuko prezioak ere.

2.–Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioari dagokionez, kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino txikiagoa.

3.–Herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioari dagokionez, Etxabarriko Kontzejuak zehaztuko du kanona eta antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 artekoa izaten ahalko da.

21. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, epe hori laborearen bizitza baliagarriaren arabera luzatzen ahalko da.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landuko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

23. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, herri-lurretako laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko. Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Etxabarriko Kontzejuak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzekoa, lehengaiak erostekoa eta produktuak saltzekoa (beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak).

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

24. artikulua. Onuradunek behartuta daude eta adjudikazioa egin aurretik onartzen dute, herri-lurren aprobetxamendu eta laborantza egokia egitera baldintza hauen arabera:

a) Adjudikatutako lurzatiaren jatorrizko mugak bere horretan mantentzea.

b) Herri-lurra hondatu edo kaltetzen ez duten laborantzako teknika eta lanak egitea. Gainera, ez dituzte aldatuko lurzatietan edo haien ondoan diren erreken ibilguak.

c) Mugakide diren onuradunek edo jabeek izan ditzaketen bide-zorrak errespetatu eta mantentzea.

d) Herri-lurra behar besteko maiztasunez mantentzea eta garbitzea, sastraka eta zuhaixkaz bete ez dadin.

e) Herri-lurretan edozein jarduketa egin aurretik, adjudikaziodunak Etxabarriko Kontzejuari eskaera egin eta haren onespen espresa eta erregelamenduz dagozkion baimenak eduki beharko ditu.

f) Adjudikaziodunak jardueran aritzeko beharrezko baimen guztiak eduki beharko ditu eta bere jarduerari dagozkion arauzko betekizun guztiak bete beharko ditu.

Baldintza horiek betetzen ez baditu, Etxabarriko Kontzejuak herri-lurraren adjudikazioa kenduko dio berehala.

25. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutako ez beste edozein aprobetxamendutarako, Etxabarriko Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe.

26. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua ezin izanen da onuradunen artean trukatu, aldez aurretik interesdunek eskaera egin ez badute eta Etxabarriko Kontzejuak horretarako baimenik eman ez badu.

27. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak bertan behera utzi ahal izanen du adjudikazioa, titulu honen VIII. kapituluan ezarritako arrazoiengatik eta gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazita. Nekazaritza-urtea amaitzerakoan, adjudikaziodunak lurrak utzi beharko ditu, eta ezin izanen du kalte-ordainik edo kontraprestaziorik eskatu bertan egindako lanengatik. Lurrak Kontzejuaren esku geldituko dira.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

28. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduari dagokionez, Etxabarriko Kontzejuak aprobetxamenduaren agirian zehaztuko du zein diren hura osatzen duten azpiegiturak (askak, artegiak, igarobideak, etab.) eta larratzeko eremuak, zeintzuk finka partikularrekin batuta, baterako ustiapen unitatea eta ez banakoa osatzen baitute, tradizioko ohiturari jarraikiz.

29. artikulua. Zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta eskaera egiten duten familia-unitateetako titular diren herritarrei, titulu honen VIII. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

30. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko, Etxabarriko Kontzejuak irizpide sozialei jarraituko die; horretarako, lehentasuna emanen die maila ekonomiko apalena duten familia-unitateei, bai eta, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian sailkatuta, lanbide nagusia nekazaritza dutenei ere.

Aurreko paragrafoak aipatzen duen familia-unitateen maila ekonomikoa zehazteko, Etxabarriko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 19. artikuluan zehazten den bezala.

31. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku da azpierrentan ematea edo beste batzuei lagatzea. Horri dagokionez, Etxabarriko Kontzejuak ondoko kasu hauetan ulertuko du herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen:

a) Familia-unitateko titular diren herritarrek beren jabetzako azienda Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistrotik ateratzen dutenean (Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua).

b) Bere ustiapeneko aziendak elikatzeko bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodunek beren jabetzako azienda ateratzen dutenean Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistrotik.

32. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiria izan behar du, honako hau egiaztatzen duena: Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Foru lege horretan, hura garatzeko erregelamenduetan eta jarduerak bete beharreko gainerako araudian xedatutako baldintza guztiak bete beharko dira.

33. artikulua. Etxabarriko Kontzejuko herritarrek beretako gordetzen dute larreen erabilera eta ohitura eskubidea, adjudikaziodun edo adjudikaziodunekin batera egitekoa, ordenantza honen 16. artikuluan xedatua betetzen duten familia-unitateen etxeko abeltegien animaliendako.

34. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak larreen adjudikazioa arautzen duen agirian ezarriko ditu larreen eremuak eta abere-zama. Ordenantza honetan aipatutako larratze-eremuek jasan dezaketen abere-zama zehazteko, Etxabarriko Kontzejuak baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:

a) Behi-azienda larriko abelburu bat, 1 AzLU; kumea, 0,2 AzLU.

b) Heldua den ardi edo ahuntz aziendako abelburu bat, 0,15 AzLU; kumea, 0,025 AzLU.

c) Heldua den zaldi-aziendako abelburu bat, 1,33 AzLU; kumea, 0,30 AzLU.

Hori hala izanik ere, Etxabarriko Kontzejuak ordenantza honen 33. artikulua eta Kontzejuko herritarren eskubide legitimoak bete daitezen zainduko du.

35. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, Etxabarriko Kontzejuak ahalmena du herri-larreetan esku-hartzeko, Batzarrak hala erabakita, herri-lurra defendatu eta behar bezala erabil dadin, artzaintza aldia, abere-karga edo herri-lurretan eragina duen beste edozein alderdi dela eta.

36. artikulua. Aprobetxamenduaren adjudikazioa arautzen duen agirian zehaztuko da kanona. Abelburuen arabera edo aprobetxamenduaren azaleraren arabera adierazi daiteke. Kanon hori herri-lurren egiazko balioaren %80 eta %90 artekoa izanen da eta ordenantza honen IX. kapituluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da.

37. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak bertan behera utzi ahal izanen du adjudikazioa, titulu honen VIII. kapituluan ezarritako arrazoiengatik eta gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazita.

38. artikulua. Larreen aprobetxamendua egiterakoan, adjudikaziodunak honako hau bete beharko du:

a) Abeltzaintzako azpiegiturak instalatu baino lehen (askak, bazka-landareak, etab.) edo aldi baterako bestelako instalazioak egin baino lehen, adjudikaziodunak Etxabarriko Kontzejuari eskaera egin beharko dio, eta haren onespen espresa eta beharrezko baimenak eduki beharko ditu.

b) Aziendak ez dira sartzen ahal nekazaritza lurzatietan, horietan euriondoa dagoenean, euria atertu eta 3 egun igaro arte.

c) Aziendak larratu beharko du laborearen nekazaritza-urtetik kanpo, eta ezin izanen du hirigunean larratu, ez eta adjudikazio-agirian, espresuki eta justifikatuta, kanpo utzitako eremuetan edo urte anitzeko laboreen landareen gainean ere.

d) Adjudikazioduna erantzulea izanen da bere aziendak ondasun eta pertsonei, publiko nahiz pribatuei, egindako kalteen aurrean.

e) Adjudikaziodunek abeltzaintzako instalazioen mantentze-lan egokiak egin beharko dituzte, proportzionalki; Etxabarriko Kontzejuak, presakoak direla iritziz gero jarduera horiek egiten baditu, horien kostua adjudikaziodunei jasanaraziko die, proportzionalki eta aldez aurretik jakinarazita.

39. artikulua. Adjudikazioa, 8 urtekoa izanen da gutxienez, edo kasu bakoitzean adjudikazio-agirian zehazten den eperako; eta 15 urterako gehienez ere. Horretatik salbuetsirik dago etxeko abeltegiaren aprobetxamendua, herritarrek egindakoa, urtero berrituko baita ohitura eta tradizioa direla eta.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

40. artikulua. Mendian aski izan eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Basogintzako Administrazioak markatu ondoren, Etxabarriko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

41. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

42. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta ezin izanen dira saldu.

Onuradunen batek epaitza osorik edo partez saldu duela egiaztatzen bada, Kontzejuak behar diren zehapen neurriak hartuko ditu.

43. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona lotea markatzerakoan, kontuan hartuta loteak markatzearen eta bideak konpontzearen kostuak, bai eta lanak sortutako beste kostu batzuk ere, betiere behar bezala justifikatuta eta zuzenean loteei egotzita.

44. artikulua. Zozketa publikoaren bidez adjudikatuko dira epaitzak.

a) Adjudikazio prozedurari dagokionez, Kontzejuaren Batzarraren erabakiaren ondotik eta iragarki oholean iragarkia argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek etxerako egurraren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten. Aurretik, azken urteko epaitzen aprobetxamendua berrikusiko da, eta behar diren neurriak hartuko dira arautegia hautsi dela ikusiz gero.

b) Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, zozketa egiteko eguna ezarriko da eta iragarki oholean iragarriko da. Zozketa jendaurrean eginen da eta horren emaitza Etxabarriko Kontzejuaren iragarki oholean jarriko da.

45. artikulua. Epaitzak biltzea.

a) Zozketa egin ondoko bederatzi hilabeteko epean bildu beharko dira epaitzak. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori aldatzeko, baita epaitzak entregatzeko eguna eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira.

b) Onuradunak behartuta daude ezarritako epeak betetzera eta egurra bildu ondotik hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Etxabarriko Kontzejuak ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie.

Jarraibideak betetzen ez badira, Kontzejuak behar diren zehapen neurriak hartu ahalko ditu.

c) Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu honen emakida ukatuko zaie urtebetez, jasotzeke dituzten epaitzak biltzen dituzten egunetik aurrera, eta %100eko errekargua izanen dute kanonean.

46. artikulua. Epaitzan adierazitako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Lotea behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, Basogintzako Administrazioari eta Udaleko basozainei eginen zaie kontsulta. Kontzejuaren adostasuna beharko da, idatzizkoa, betiere. Bestela, behar diren zehapen neurriak hartu ahalko ditu Kontzejuak.

47. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzen, zuhaitz ihartuen eta abarren egurra aprobetxatzeko aurretiko baimen idatziak lortu baino lehen eta Kontzejuak horren berri duela, adjudikazioa zozketa bidez eginen da ordenantza honen 16. artikuluan xedatua betetzen duten familia-unitateen artean.

48. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea. Arau hau hautsiz gero, Kontzejuak edo bestelako entitate eskudunek behar diren zehapenak edo ekintza judizialak bideratuko dituzte.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

49. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak eremu bat gorde dezake etxeko baratzeen aprobetxamendurako.

a) Eremu hori loteetan banatuko da, Etxabarriko Kontzejuan jasotako eskaeren arabera.

b) Etxabarriko Kontzejuak otsailean iragarriko du etxeko baratzen urteko emakiden berritzea, eta 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten familia-unitateek parte hartzeko eskubidea izanen dute. Iragarki horretan jakinaraziko da Kontzejuaren Batzarrak hartutako erabakia, azalera unitate bakoitzeko aprobetxamenduaren kanonaren onespenari buruzkoa.

c) Zenbatekoa aldez aurretik ordainduko da, behin betiko adjudikazioa egin ondoren.

50. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da.

51. artikulua. Etxabarriko Kontzejuaren baimena beharko da boilurra biltzeko herri-lurretako barrutietan txakurrak sartu ahal izateko; eskaera Kontzejuan aurkeztuko da, eta haren banakako baimena beharko da.

52. artikulua. Ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Etxabarriko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko ditu.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

53. artikulua. Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete proiektu horiek, eta lehentasuna izanen dute. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Etxabarriko Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiko baitira proiektua eta ukitutako herri-lurretako aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Jendaurrean jartzea hilabetez, eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioen gainekoa.

c) Nafarroako Gobernuaren behin betiko onespena.

54. artikulua. Etxabarriko Kontzejuaren Batzarrak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean jarri eta gero.

VII. KAPITULUA

Herritarrek herri-lurrak luberritzea

55. artikulua. Herritarrek debeku dute herri-lurrak luberritzea, Etxabarriko Kontzejuaren aurretiko baimena ez badute.

56. artikulua. Kasu horietan, herritar interesdunek prozedura honi jarraituko diote:

a) Interesdunaren eskaera Etxabarriko Kontzejuari, herri-lurrak luberritzeko eta lur horiek nahi dituen helburuetarako erabiltzeko baimena eskatuz, zehaztutako agiriekin batera.

b) Kontzejuaren Osoko Bilkuraren erabakia, eskatutako luberritzea onetsiz edo ukatuz.

c) Erabakia Nafarroako Gobernura igortzea eta behin betiko onestea.

57. artikulua. Luberritzeen aprobetxamendua arautuko duen baldintza-agiria Etxabarriko Kontzejuko Batzarrak onetsiko du. Luberritutako herri-lurren aprobetxamenduaren emakidaren epea 5 eta 20 urte bitartekoa izanen da.

58. artikulua. Kasu horietan, Etxabarriko Kontzejuak onuradunari kanona murrizten ahal dio, adjudikazioaren epe osorako nahiz zati baterako, hobekuntza amortizatzeko kontzeptu gisa. Adjudikazioaren gainerako epean, ordenantza honetan aprobetxamendu mota honetarako ezarritako kanona ordainduko du, ordenantzaren artikuluetan xedatuari jarraituz.

VIII. KAPITULUA

Adjudikatzeko prozedura

59. artikulua. Herri-lurren aprobetxamenduak adjudikatu baino lehen, Etxabarriko Kontzejuak egin batzarrean onetsi beharko du aprobetxamendu hori arautuko duen baldintza-agiria, ordenantza honen jarraibideak jasoko dituena.

60. artikulua. Adjudikazio motak. Etxabarriko Kontzejuak hurrenkera honi jarraikiz eginen du adjudikazioa:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkantea edo bestelako ustiapen moduak.

61. artikulua. Herri-ondasunen adjudikaziorako prozedura.

a) Etxabarriko Kontzejuak iragarki oholean ikusgai jarriko du herri-lurren aprobetxamenduaren adjudikazioaren berritzea; 15 egun naturaleko epean adjudikazio horretarako eskubidea dutela uste duten herritarrek Kontzejuari horren berri emanen diote.

b) Etxabarriko Kontzejuak iragarki oholean ikusgai jarriko du onartuen behin behineko zerrenda, 5 egun naturalean.

c) Kontzejuak ebatziko ditu alegazioak, halakorik bada, eta eskaerak eta eskatzaileen ezaugarriak aztertuko; ondoren, banatzeko loteak eginen ditu, lehenik lehentasunezko eskaerak bermatuz, familia-unitateko kideen araberako honako proportzionaltasun irizpide honi jarraikiz, eta per capita errentaren alderantzizko proportzionaltasunaren arabera:

Familia-unitateko kideen araberako koefizientea:

–3 arte: 1.

–4tik 6ra: 2.

–6tik 9ra: 3.

–9tik gora: 4.

d) Behin adjudikazioa ebatzita, Kontzejuaren iragarki oholean ikusgai jarriko da 15 egun naturalean.

e) Epe hori bukatuta eta Kontzejuak alegazioak ebatzita, halakorik bada, adjudikazioa behin betikotzat joko da.

62. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak zehaztuko du zenbat lur adjudikatzen zaion herritar bakoitzari; horretarako honako hauek hartuko ditu kontuan: dagoen herri-lurra, adjudikatzen den lurraren produkzio gaitasuna, eskatzailearen ustiategiari edo beharrei dagokienez, familia-unitatearen egoera ekonomikoa eta agirian ezarritako ohartarazpenak.

63. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak larre guztien bostena gordeko du urteko adjudikaziorako, eta laborantzako lurren ehuneko hamarra, onuradun berririk dauden kasuetarako. Lur horiek modu proportzionalean eta behin-behinean adjudikatuko dira adjudikaziodunen artean.

64. artikulua. Etxabarriko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Eskatzaile berriendako loteetatik gordetako zatiaren adjudikazioa.

b) Haien gaineko kargak kentzea.

c) Herri-lurra hobetzea.

d) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

65. artikulua. Aprobetxamendurako eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Etxabarriko Kontzejuko udalerriaren errolda-ziurtagiria, ziurtagiria eman den egunetik gutxienez urtebeteko antzinatasuna duena.

b) Udalerri honetan gutxienez 9 hilabetez bizi izatearen zinpeko aitorpena.

c) Familia-unitateko kideen zinpeko aitorpena eta familia liburuaren fotokopia konpultsatua, edo bestela, Elkartze Zibilen Erregistroarena.

d) Udal Ogasunaren Esku-hartzailetzaren ziurtagiria, Udalarekiko/Kontzejuarekiko zerga betebeharrak eguneratuta izatearena.

e) Zinpeko aitorpena eta ziurtagiriak, udal honetan eta beste batzuetan jabetzan dituen lurren azalera eta labore motak egiaztatzeko.

f) Zinpeko aitorpena, errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrena.

g) Zinpeko aitorpena eta ziurtagiriak, hiri-lurreko jabetza egiaztatzeko, ohiko bizilekua den norberaren etxebizitza kenduta.

h) Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko ziurtagiria.

i) Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, aziendaren osasun kanpainak animalien osasunaren arloko legeriari jarraituz betetzen direla dioena.

j) Zinpeko aitorpena, familia-unitateko kideak zein errenta tartean dauden dioena.

k) Zinpeko aitorpena, jakinarazitako datuak egiaztatzeko jatorrizko agiriak edo legez konpultsatuak aurkezteko konpromisoa hartuz.

IX. KAPITULUA

Kanona ordaintzeko prozedura

66. artikulua. Kanona ordaintzeko epea behin betiko adjudikazioaren biharamunean hasiko da, eta aprobetxamendua bukatu arte izanen da, horren kontratuan zehazten baita.

67. artikulua. Kanona urtero ordainduko da, aprobetxamenduaren urte bukaeran.

68. artikulua. Kanona urtero eguneratuko da, lehenengo ordainketatik hasita. Horretarako, KPIaren azken erreferentzia erabiliko da, eguneratze dataren aurrekoa, organo eskudunak argitaratutakoa.

69. artikulua. Behin betiko adjudikaziodunak Etxabarriko Kontzejuko kontuan aldi osorako adjudikazio prezioaren %3 utzi beharko du, fidantza gisa.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

70. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea, baita herri-lurraren aprobetxamendutik datorren bazka berdea, ondua edo silokoa beste batzuei saltzea ere.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Ez betetzea Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen eta hori garatzen duen Eregelamenduan xedatua, herri-larreetan eta antzekoetan bazkatzen duen aziendaren osasuna zaintzeari buruzkoa.

i) Hildako abereak bertan uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

71. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

–g) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da zehapen gisa, edo adjudikazioaren balioaren %50.

Iragarkiaren kodea: L1810339