169. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1535E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 16koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez aldatzen dira espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitartean tratamendua jasotzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 23ko 2581E/2017 Ebazpenaren bidez onetsiak.

Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 23an emandako 2581E/2017 Ebazpenaren bidez, espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitartean tratamendua jasotzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi ziren. Diru-laguntza horien eskaerak aurkezteko epea 2018ko irailaren 3an hasi eta 2018ko irailaren 28an bukatzen da.

Aipatutako ebazpena argitaratu zenetik gaurdaino ohartu gara aurrekontuko zuzkidura handitzeko beharra dagoela, luzeagoa baita estali beharreko aldia eta eskatzaileen kopurua igoko baita, ziur aski. Horrez gain, oinarri arautzaileak aldatzea beharrezkoa da, batetik, murriztu behar delako eskatzaileek Nafarroan bizi izandako denbora, Foru Erkidegoan benetan bizi den inor egon ez dadin ahulezia egoeran; bestetik, egokitu behar direlako diruz lagundu daitekeen terapia mota bakoitzaren gehieneko tarifak, bat etorri behar baitute bai eskatzaileek jasotzen duten terapia mota bakoitzarekin bai eta familiek ordaintzen duten benetako prezioarekin ere; eta, azkenik, gehitu behar direlako datuak babesteari buruzko Europar Batasuneko arau berriak. Era berean, oinarriak aldatzeko beharra dago baliabide elektronikoei lehentasuna eman behar zaielako eskaerak aurkezteko bideen artean, halaxe xedatu baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenean. Horrez gain, ebaluazio batzordea eguneratu behar da, gaur egun Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Atalean dauden pertsonak kontuan izanik.

Espedienteko txosten teknikoetan nabarmendu da badagoela aukera deialdi honetarako gastu gehigarria baimentzeko eta oinarri arautzaileak aldatzeko. Horrez gain, espedienteko txosten juridikoetan nabarmendu da deialdia eta oinarri arautzaileak bat datozela legeetan xedatutakoarekin.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aldaketak egitea espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitartean tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileetako 2., 3., 5., eta 12. puntuetan, ebazpen honen eranskinean xedatzen den moduan. Oinarri arautzaile horiek Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 23an emandako 2581E/2017 Ebazpenaren bidez onetsi ziren.

2. 25.000,00 euroko gastu gehigarria baimentzea, eta hura Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Autismoa duten pertsonentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311103 partidaren kargura ordaintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea ebaluazio batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeari jarraikiz.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 16an.–Osasuneko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (Osasuneko kontseilariaren irailaren 21eko 202/2015 Foru Agindua), Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendaria, Lázaro Elizalde Soto.

ERANSKINA

Espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek 2017ko urritik 2018ko irailera bitarte jasotako tratamendurako diru-laguntzen deialdia. Oinarri arautzaileak

2.–Onuradunen betekizunak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–Espektro autistaren nahasmenduaren diagnostikoa izatea, sendagile espezialista batek emandakoa. Halaber, onuradun izaten ahalko dira nahasmendu hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean daudenak, betiere sintomak bateragarriak badira eta prozesuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.

–Interesdunak ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzea urte batez, 2018ko irailaren 28a baino lehen. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta beren familia unitatekoak, asilo eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana komeni dela interesdunak tratamendua hartzea.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.

3.1. Espektro autistaren nahasmendua duten pertsonek deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete, baita haietako bakoitzaren aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea 2018ko irailaren 3tik 28ra bitarte izanen da.

3.3. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa honen bidez aurkeztuko dira, ahal dela; eskaera izapidetzeko botoia sakatuta:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7152/Subvencion-para-tratamiento-de-personas-con-trastorno-del-espectro-autista-2018

Bestela ere, eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkez daitezke, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Horrek ez du ezertan galaraziko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

3.5. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Diru-laguntza emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak:

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.

5.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

Ana Guinea Hidalgo andrea, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa.

Mariano Lacarra López jauna, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko teknikaria.

M.ª Luisa Solano Nuin andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko Administrazio Aferetarako Bulegoko administraria; eta

M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua.

5.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 2. oinarrian diru-laguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Honako zenbateko hauek ezarri dira diruz laguntzen ahal diren gehieneko tarifa gisa, tratamendu moten arabera:

  • Banakako terapiaren ordua: 40 euro.
  • Taldeko terapiaren ordua: 16 euro.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

–Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta familia unitatea 2017an eta/edo 2018an genero indarkeriaren biktima edo gizarteratze errentaren / errenta bermatuaren hartzaile izan bada.

–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakinik badago, ezarritako mugetatik gorako gastua egin dutela frogatu duten onuradunen artean banatuko da, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.

–Diru-laguntza ez da inola ere izanen jasotako tratamenduaren kostu osoa baino handiagoa.

12.–Datuak babestea.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Onuradunek erabili dezakete honako hauek guztiak jakiteko eskubidea: beren datuak zertarako erabiltzen diren, datu horiek zenbat denboraz gordetzen diren, erreklamazioak aurkez dakizkiokeela Datuak Babesteko Europako Agentziari, badirela zenbait erabaki automatizatu, profilak egiten direla eta horiek ondorioak dituztela. Era berean, eskubidea dute arduradunari beren datuak erabiltzeari utz diezaiola, beren datuak gorde ditzala eta datuok eramangarriak izan daitezela eskatzeko. Horrez gain, eskubidea dute datuak ezabatzeko eta inork haien datuak erabiltzeari kontra egiteko. Eskubide horiek guztiak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EE) Erregelamenduan jasota daude (datu pertsonalen erabilerari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa).

Iragarkiaren kodea: F1810381