168. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1400E/2018 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, diru-laguntza deialdi bat onesten duena “2018-2021 aldian, osasun zientzien eta teknologien arloan ikertzeko doktoratu aurreko kontratu bat” finantzatzeko.

Ikerketa, zientzia eta berrikuntza Foru Komunitatearen aurrerapenerako baliabide diren aldetik, Nafarroako Gobernuak haiek garatzeko ekintzak sustatzen ditu. Ildo horretan, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposatu du ikerketa zientifikoa bultzatzea osasun zientzien eta teknologien ikertzaileen prestakuntzarako doktoratu aurreko kontratu baterako deialdia eginez.

Helburua da osasun arloko zentro eta zerbitzu publikoek garatu eta beren gain hartuko dituzten ikerketa lerro egonkorrak sustatzea, horien bidez ikerketa proiektuak sustatzeko hala oinarrizko zientzien arloan (klinika aurrekoetan) nola ikerketa aplikatuan, kalitatezko translazio-ikerketa lortzearren. Horretarako, biomedikuntzako ikerketaren arloan trebatutako langileak behar dira, eta horixe da deialdi honen xedea.

Onuraduna Osasun Departamentuaren edo haren erakunde autonomoen zentro bati edo Miguel Servet Fundazioari atxikiko zaio. Zentro hartzaileak ikerketa lerro egonkorrak garatu beharko ditu, eta behar den gaitasuna eduki beharko du onuraduna trebatzeko doktorego tesia eta ikerlanak egiten ari den bitartean.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren bidez, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuaren esku utzi zen Osasun Departamentuaren finantzaketaren bitartez egiten den ikerketa biomedikoaren deialdiaren kudeaketa.

Ikusirik Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak emandako txostena eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna, bidezkoa da osasun zientzien eta teknologien ikertzaileen prestakuntzarako doktoratu aurreko kontratu bat 2018-2021 aldirako finantzatzeko diru-laguntzaren deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza deialdi bat onestea osasun zientzien eta teknologien arloko ikerketan trebatzeko doktoratu aurreko kontratu bat finantzatzeko 2018-2021 aldian, ebazpen honen eranskinean ezarritako oinarri arautzaileekin bat.

2. Guztira 114.768,00 euroko gasturako baimena ematea, barne direla aipatutako kontratua finantzatzeko Gizarte Segurantzaren enpresa kuotak.

Baimendutako gastua honela banatuko da:

2018an, 27.192,00 euroko gastua, Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorren “Ikertzaileen prestakuntzarako bekak” izeneko 512002 51350 4809 465100 partidaren kargura.

2019an, 2020an eta 2021ean, hurrenez hurren, 27.192,00 euro, 33.192,00 euro eta 27.192,00 euro, aurrekontu-ekitaldi horietako partida egokien kargura.

Betiere, ekitaldi bakoitzerako baimendutako gastua aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratu arte, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko ekainaren 25ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburu publikoa.

Deialdi honen xedea da doktoratu aurreko kontratu bat finantzatzea osasun zientzien eta teknologien arloko ikertzaileei hasierako prestakuntza emateko, doktorego tesia egiteaz batera. Onuradunari ikertzaileen prestakuntzarako doktoratu aurreko kontratua eginen zaio, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanbide karrerak hastea sustatu nahi da, ikertzaileak Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sisteman sartuz, osasun arloko prestakuntzarako eta ikerketarako politika aktiboak garatzen laguntzeko, eta, horrela, gizartearen funtsezko arazoak konpondu ahal izateko ezagutza sortzen, hedatzen eta zabaltzen laguntzeko.

2.–Onuradunen betebeharrak.

Europar Batasuneko edozein estatutako nazionalitatea duten pertsonak izan daitezke diru-laguntza honen onuradun, baldintza hauek betez gero:

2.1. 2018-2019 ikasturtean, ofizialki egiaztatua dagoen doktorego programa batean onartuta edo matrikulatuta izatea Espainiako unibertsitate batean, edo horretarako eskaera egina izatea. Baldintza hori eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dute diru-laguntza hauen onuradun izan nahi duten pertsonek.

2.2. Doktorego programa batean sartzeko aukera ematen duten ikasketak (lizentzia, gradua, masterra, eta abar) bukatuak izatea.

2.3. Ikerketa lana egin behar duen zentro publiko hartzailearen adostasuna izatea.

2.4. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

2.5. Espainiako nahiz atzerriko unibertsitate batek emandako doktore titulurik ez izatea.

3.–Zentro edo zerbitzu hartzailearen ezaugarriak.

3.1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen menpeko zentroak izanen dira zerbitzu hartzaileak, baita Miguel Servet Fundazioa ere.

3.2. Zentro hartzaileak hirugarrenentzako arrisku-estaldura izan behar du.

3.3. Zentro hartzaileak ikerketaren arloan ibilbide egiaztatua izan behar du, bere ikerketa taldeen emaitza zientifikoetan islatua.

4.–Ikerketa taldea.

4.1. Izangaia bere ikerketa lana egin behar duen unitate organikoan sartuko da.

4.2. Zuzendaria edo zuzendarikidea arduratuko da ikertzailearen ikerketa jarduera eta prestakuntza zuzentzeaz.

5.–Kontratuaren baldintzak.

5.1. Ikertzailea lan-kontratu baten bitartez sartuko da zentro hartzailean, doktoratu aurreko kontratu modalitatea erabiliz, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat, lanaldi osoko dedikazioarekin; kontratua doktoratu aurreko ikertzaileak eta zentro hartzaileak izenpetuko dute.

5.2. Kontratuak urtebeteko iraupena izanen du, eta urtebeteko luzapenak izaten ahalko ditu, gehienez ere lau urte egin arte, doktorego programan dagoen bitartean, betiere aurrekontuetan horretarako dirua baldin badago.

Prestakuntzako ikertzaileak doktore titulua lortzen duenean edo doktorego programa bukatzen zaionean, laguntzaren xedearekin bat, bukatuko da kontratua. Horren ondorioetarako, doktore titulua lortzeko eguna izanen da doktorego tesia defendatu eta gainditzen duen eguna.

5.3. Urteko soldata gordinaren kontzeptu gisa 27.192 euro jasoko ditu, 14 saritan, Osasun Departamentuak osorik finantzatua. Gizarte Segurantzaren enpresa kuotak sarturik egonen dira zenbateko horretan.

6.–Prestakuntza programa beste zentro batzuetan.

Diruz lagundutako epe horretako hirugarren urtean ikerketa zentro nazional edo atzerriko batean egonaldi bat egiteko aukera izanen du ikertzaileak, gehienez ere 6 hilabetekoa, ezaugarri hauekin:

6.1. Egonaldia Osasun Zuzendaritza Nagusiak baimendu beharko du. Horretarako, interesdunek, gutxienez ere 45 egun lehenago, eskaera aurkeztuko diote Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, zuzendariak edo zuzendarikideak egindako aldeko txostenarekin batera. Eskabidean egonaldiaren iraupena, arrazoiak eta destinoko zentroaren egokitasuna azaldu behar dira. Eskabideari destinoko zentroaren adostasun agiria erantsi behar zaio.

6.2. Egonaldia egin bitartean, joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren gastuak ordaintzeko gehieneko zuzkidura osagarria 1.000 eurokoa izanen da hilean, eta guztira 6.000 eurokoa gehienez.

6.3. Egonaldia amaitzen denetik hilabeteko epean, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari egonaldiaren justifikazio-memoria igorriko zaio, ikertzaileak sinatua, eta, horrekin batera, hasiera eta amaiera egunak ageri diren dokumentua erantsiko da, destinoko zentroak emana.

6.4. Egonaldia adierazi bezala justifikatu ezean, kontzeptu horretarako jasotako diru guztia itzuli beharko da, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzuleraren bidezkotasuna erabakitzen den arte sortutako berandutze-interesak ere.

7.–Eskaerak eta dokumentazioa.

Eskaerak agiri normalizatu hauek bilduko ditu:

–1. agiria: nortasun agiri nazionalaren kopia, edo indarreko pasaportearena, bakar-bakarrik lurralde nazionaleko egoiliarrak ez diren atzerriko herritarren kasuan.

–2. agiria: Espainiako unibertsitate bateko doktorego programa batean onartuta edo matrikulatuta egotea edo horretarako eskaera egina izatea frogatzen duen agiria, programa horren unitate arduradunak emana edo, hala badagokio, doktorego edo graduondoko eskolak emana. Eskabidea aurkezten denean aski izanen da Espainiako unibertsitate baten doktorego programa batean matrikula eskatu izanaren edo onartua izatearen egiaztagiria aurkeztea. Kasu horretan, matrikulazioari buruzko dokumentazioa laguntzaren kontzesioaren gaineko behin betiko ebazpena eman baino lehen aurkeztu beharko da.

–3. agiria: ziurtagiri akademikoa, doktorego programan sartzeko aukera ematen dion titulazioari dagokiona (lizentzia, gradua eta, kasua bada, masterra), bertan jarrita agiria eman duen unitatearen zigilua, ikasketen amaierako data eta titulazioaren programa osoa osatzen duten irakasgaiak, bai eta lortutako kalifikazioak eta horiek noiz lortu ziren ere. Aukeran, sinadura eta zigilua agertu beharrean, baliozkoak izanen dira, orobat, sinadura elektronikoa edo beste egiaztapen sistema seguru bat daukaten ziurtagiriak.

a) Atzerriko zentroek emandako ziurtagirien kasuan, adierazi beharko da, halaber, zein diren ebaluazio sistemaren barruan gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak eta, era berean, zein den gainditzeko gutxieneko kalifikazioa. Ikasketen ziurtagiria gaztelaniaz ez badago, itzulpen ofiziala ere aurkeztu beharko da.

b) Dagokionean, kasuan kasuko espezialitateko prestakuntza programa osorik egina duela frogatzea, hauetakoren bat aurkeztuz: espezialista titulua, espezialitatearen ziurtagiri ofiziala, hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria edo Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioaren ziurtagiria.

Eskatutako informazio hori ageri ez duten ikasketa ziurtagiriak aurkeztuz gero, gero osatu beharko da, atal honetan adierazitako informazioa erakusten duen dokumentazio osagarria aurkeztuz. Bestela, ez da baloratuko, eta, hala badagokio, eskaera ez onartzea ekarriko du.

–4. agiria: izangaiaren curriculum vitaea, eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera betea.

–5. agiria: proposamenari buruzko memoria, eredu normalizatuan, tesiaren zuzendariak eta zuzendarikideak edo, halakorik bada, tutoreak sinatua, bertan zehaztuta zein diren izangaiak egin beharreko ikerketa lanak, eta prestakuntzako ikertzaile bat taldean sartzeko arrazoiak azalduta; memoria hori zentroko zuzendariak ikus-onetsi beharko du.

–6. agiria: zentro hartzailearen txostena, izangaiak egin beharreko proiektua onartzen duela adierazten duena.

–7. agiria: erantzukizunpeko adierazpena, “diru-laguntzen onuradun” izateko debekurik ez duela dioena. Debeku egoera horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

Dokumentazioa aurkezteak berekin dakar baimena ematea Osasun Departamentuari Nafarroako Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan jakiteko ea eskatzaileak bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituen.

Agiri horiek egiteko txantiloi normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

8.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

8.1. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, nafarroa.eus webguneko tramiteen katalogoan dagoen diru-laguntzaren fitxaren estekatik abiatuta.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpena eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8.3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, instrukzio organoak mezu elektroniko baten bidez eskatuko dio interesdunari gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala, eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, beste tramiterik gabe.

8.4. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

9.–Ebaluazio Batzorde Teknikoa.

Aurkezten diren eskaerak baloratzea eta ebaluatzea eta diru-laguntzak emateko proposamen loteslea egitea batzorde tekniko bati dagokio. Hona hemen batzorde horretako kideak:

–Carlos Martirena Irureta. Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua. Hezkuntza Departamentua.

–Carmen Beorlegui Arteta. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua.

–Maite Mendioroz Iriarte. Neurologia Zerbitzua. Nafarroako Ospitalegunea.

–Carmen Fuertes Goñi. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua.

–Olga Díaz de Rada Pardo, idazkari lanak eginen dituena. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua.

10.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

Diru-laguntza hau nori eman erabakitzeko, norgehiagokako araubidearen prozedura erabiliko da: aurkezten diren eskaerak alderatuko dira, lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, behean ezartzen diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie diru-laguntza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Batzorde Teknikoak irizpide eta parametro hauen arabera ebaluatuko ditu eskaerak:

A) Ikertzaile eskatzailearen balorazioa: 35 puntu gehienez.

a.1. Ikasketa-espedientearen balorazioa (diploma, lizentzia edo gradua), gehienez 20 puntu.

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota (0-10 eskala) Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat kalkulatuko da, kontuan hartu beharreko ohar hauekin:

a.1.1. Bi dezimal hartuko dira, biribiltzearen arau orokorrei jarraikiz.

a.1.2. Espedientean zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, irakasgai bakoitzean eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira:

a) Ohorezko matrikula = 10 puntu.

b) Bikain = 9,25 puntu.

c) Oso ongi = 7,75 puntu.

d) Nahikoa edo gai = 5,75 puntu.

a.1.3. Baliozkotutako irakasgaiei dagokienez, jatorrizko zentroan eskuratutako kalifikazioari dagokion puntuazioa emanen da; egokitutako irakasgaietan, jatorrizko zentroan erdietsitako kalifikazioa hartuko da aintzat, eta kalifikaziorik ez duten kredituen onarpena ez da kontuan hartuko batez besteko notarako.

a.1.4. Ateratzen den batez besteko nota birekin biderkatuko da.

a.2. Curriculum vitaean agertzen diren argitalpenen balorazioa. 5 puntu emanen dira gehienez, honela banaturik:

–Jorunal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, puntu bat; gainerako egileak, 0,5 puntu.

–Beste datu base batzuetan edo beste aldizkari zientifiko batzuetan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada, 0,3 puntu; gainerako egileak, 0,15 puntu.

a.3. Lehiaketa bidezko deialdien xedeko ikerketa proiektuetan parte hartu izana, 5 puntu gehienez, honela banaturik:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 1,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 1 puntu.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,6 puntu.

Laguntzaile gisa partu hartu izanez gero, puntuazioaren erdia emanen da atal bakoitzean.

a.4. Beste merezimendu batzuk: 5 puntu gehienez. Hizkuntzak jakitea (hizkuntza bakoitzean: C1 maila, 2 puntu; B2 maila, puntu bat); masterra (2 puntu master bakoitzeko); eta karrera bukaerako aparteko saria (2 puntu).

B) Izangaiak egin beharreko ikerketa jardueraren proposamenaren balorazioa: 65 puntu gehienez.

a) Proposamenaren kalitate zientifiko-teknikoa: 40 puntu gehienez.

Atal honetan honako hauek baloratuko dira:

a.1. Hipotesia eta helburuak (10 puntu gehienez), honako azpiirizpide hauekin bat:

–Hipotesiaren eta helburuen argitasuna, zehaztasuna eta egokitasuna (5 puntu gehienez): argitasuna, zehaztasuna eta proiektuarekiko egokitasuna baloratuko dira.

–Proiektuaren gai berariazkoaren ezagutza zientifiko-teknikoen aurrekariak eta egungo egoera (5 puntu gehienez): hori baloratzeko, gaiaren gaineko ezagutza maila hartuko da kontuan eta hori nola jasotzen den bibliografia eguneratu eta sakon batean.

a.2. Metodologia (30 puntu, gehienez): proiektuaren metodologiaren alderdi azpimarragarrienak eta mugapen nagusiak baloratuko dira, eta batez ere metodoa egokia ote den proposatutako helburuetarako (diseinua, xedeko biztanleria, aldagaiak, kalitatea neurtzeko mekanismoak, datuen analisia, azterketaren mugak).

Metodoaren ebaluazioan, oso alde handia dago bizitzaren zientzien arloko proiektuetan, gizakiekin egindako azterketak izan edo ez izan. Oro har, proiektu guztiek honako hauek frogatu beharko dituzte:

–Aztertuko den lagina balekoa dela planteatzen diren helburuetarako.

–Erabiliko diren metodoak eskuratzeko modukoak direla taldearentzat.

–Kontuan hartu direla gerta litezkeen ezusteko eta bazterketak, lortutako emaitzen baliozkotasuna mugatuko dutenak.

Gizakiak erabili behar dituzten azterketen proiektuak izanez gero, puntuazioa irizpide hauen arabera emanen da:

–Bikaina (20 eta 30 puntu bitarte): diseinua zuzena bada, hautatutako biztanleria aipatzen bada eta zuzena bada, laginketa aipatzen bada eta zuzena bada, laginaren tamaina aipatzen bada eta egoki kalkulatzen bada, aldagaiak aipatzen eta azaltzen badira, datuen analisia aipatzen eta azaltzen bada, eta proposatutako helburuekin bat badator.

–Tartekoa (10 eta 19 puntu bitarte): goian adierazitako alderdiak zentzuz ondorioztatzen ahal badira.

–Gutxienekoa (0 eta 9 puntu bitarte): goian adierazitako alderdiak aipatzen ez badira eta/edo haiek garbi ondorioztatzeko modurik ez badago.

Baldin eta, proiektu batean, metodoak deskribatzerakoan teknika sail bat aipatu besterik egiten ez bada, helburuekin lotura zuzenik izan gabe, horrek agerian uzten du proposatzen den ikerketaren gaineko ezagutza eza, eta, beraz, puntuazioa 0 izanen da horrelakoetan.

Antzeko irizpideak erabiliko dira beste azterketa mota batzuen puntuazioa emateko orduan.

b) Proposamenak Nafarroako osasun sistema publikoarentzat duen interesa, 10 puntu gehienez, honela banaturik:

–Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean sartutako programa bat baldin bada: 10 puntu.

–Beste programa estrategiko batzuk: 5 puntu.

c) Proiektuaren emaitzak osasun arazoak konpontzera bideratzeko potentzialtasuna: 15 puntu gehienez.

–Proiektuaren eragina, bai osasunean dituen emaitzen ikuspegitik (heriotza-tasa, gaixotze-tasa, pazientearen autonomia eta bere buruaz baliatzeko gaitasuna) (5 puntu gehienez), bai ekitatea aintzat hartuz (gizatalde kalteberekin jardutea, osasunari lotutako alderdi sozialak, etikoak edo lege arlokoak ebaluatzeko gaitasuna) (5 puntu gehienez).

–Osasun zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa hobetzeko gaitasuna (segurtasuna, zerbitzuen koordinazioa eta informazio sistemak hobetzea, eta/edo jardun klinikoaren aldakortasuna murriztea) (5 puntu gehienez).

11.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

11.1. Ebaluazio Batzordeak, 10. puntuan ezarritako irizpideei jarraikiz, diru-laguntza emateko behin-behineko proposamen bat onartu beharko du. Proposamena Nafarroako Atarian argitaratuko da (tramiteen katalogoan).

11.2. Argitaratu ondoren, 10 egun naturaleko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

11.3. Hautagaiek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez Batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, Ebaluazio Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du.

11.4. Osasun Zuzendaritza Nagusiak laguntza ebatzi eta emanen du, Ebaluazio Batzorde Teknikoaren proposamenari jarraituz.

11.5. Prozedura antolatu eta izapidetzeaz arduratuko den organoa Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala izanen da. Hari dagokio eskabideetako datuak egiaztatzeko eta eskaerak ebaluatzeko beharrezkoak diren jarduketak erabakitzea ofizioz.

12.–Jakinarazpena eta publizitatea.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

13.–Prestakuntzaldian ari diren ikertzaileen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

13.1. Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.

13.2. Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

13.3. Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

13.4. Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

13.5. Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

13.6. Onuradunak, gainera, Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak izanen ditu.

13.7. Prestakuntzaldian argitaratzen dituzten lanetan, onuradunak aditzera eman behar du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuan prestatzen ari den ikertzailea dela.

14.–Laguntzen ordainketa.

Osasun Departamentuak, urtero, urte horretarako esleitutako diru kopurua igorriko dio zentro hartzaileari, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak txostena eman ondoren.

15.–Jarraipena.

15.1. Urtero, azaroaren 15a baino lehen, onuradunak urteko memoria bat aurkeztu beharko du Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean, ikerketa eta prestakuntza arloetan egindako jarduera azaltzeko. Memoria horrekin batera, tesiaren zuzendariaren eta/edo zuzendarikidearen txostena aurkeztu beharko du, honako hauek adieraziko dituena: aurreikusitako jarduera zenbateraino bete den, lortutako helburuak, hurrengo urterako aurreikusitako helburuak eta ikertzailearen arduraldia, egokitzapena eta erakutsitako lankidetza maila.

15.2. Laguntza bukatu eta hurrengo hilabetean, onuradunak doktorego tesia irakurri izanaren frogagiria aurkeztu beharko du.

16.–Bateraezintasunen gaineko araubidea.

16.1. Laguntza hau bateraezina da antzeko kontratu eta laguntzekin eta, oro har, edozein soldata jasotzearekin.

16.2. Kontratua bateragarria izanen da irakaskuntza eta ikerketa lanen ondoriozko ordainketekin, betiere lan horiek zuzeneko lotura badute garatutako jarduerarekin, kontraturik gabe egiten badira eta ohikoak ez badira.

16.3. Laguntza, nolanahi ere, bestelako ordainketa batzuekin bateratzen ahalko da Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak baimena emanez gero. Horretarako, zuzendariak edo zuzendarikideak egin eta zentroko zuzendariak ikus-onetsitako aldeko txostena aurkeztu behar da. Txostenak adierazi behar du jarduera horrek ez diela eragiten laguntzaren xedeko ikerketa eta prestakuntzari eta ez dela ordutegi berean egiten.

17.–Dirua itzultzea.

17.1. Doktorego tesia defendatu ezean edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezean, harturiko diru kopurua itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

17.2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

18.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuraduna Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen da, eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

19.–Finantzaketa.

Deialdi honen ondoriozko diru-laguntzen finantzaketa Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura eginen da, honela: 114.768,00 euro 2018-2021 aldirako, Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorren “Ikertzaileen prestakuntzarako bekak” izeneko 512002 51350 4809 465100 partidaren kargura.

2019an, 2020an eta 2021ean laguntzak finantzatzeko, gehienez 27.192,00 euro, 33.192,00 euro eta 27.192,00 euro jarriko dira, hurrenez hurren, aurrekontu-ekitaldi horietako partida egokien kargura.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

21.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta hura garatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

22.–Emandako laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus webgune ofizialean (tramiteen katalogoan), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaizkien, onuraduna eta diru-laguntzaren xedea, baita Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean ere.

Iragarkiaren kodea: F1808790