166. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58/2018 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Cortesko “El Valle-Valdenavarro” parke eolikorako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eman, eta zehazki haren onura publikoa deklaratzen duena.

Enpresako zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2696/2010 Ebazpenaren bidez, administrazio baimena eman zitzaion Gamesa Energia SA-Unipersonali 31,5 Mw-eko “El Valle I+D 1. fasea” parke eolikorako, eta Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren apirilaren 20ko 872DGE/2012 Ebazpenaren bidez, berriz, 18 Mw-eko “El Valle I+D 2. fasea” parkerako administrazio baimena eman zitzaion.

Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren apirilaren 20ko 872DGE/2012 Ebazpenaren bidez, halaber, administrazio baimena eman zitzaion Gamesa Energia SA-Unipersonali 13,5 Mw-eko “Valdenavarro” parke eolikorako.

Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 4ko 1212/2012 eta 1213/2012 ebazpenen bidez, bi parke eoliko horien proiektuak onetsi ziren eta haien onura publikoa deklaratu zen.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 1120E/2016 Ebazpenaren bidez, “G10X Nafarroan” izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea onetsi zen, aipatutako parke eolikoetan haize-sorgailuaren modeloa aldatzeari buruzkoa.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 123/2017 Ebazpenaren bidez, “El Valle-Valdenavarro” parke eolikoari administrazio baimena eman zitzaion, haren proiektu bategina onetsi eta zehazki haren onura publikoa deklaratu zen. Parke eoliko hori 3,3 Mw-eko 14 kokagunek osatzen dute, eta guztira 46,2 Mw-eko potentzia du.

2017ko azaroaren 17an, Siemens Gamesa Renewable Energy Wind Farms SA-Unipersonalek (Gamesa Energia SA-Unipersonal zena), proiektuaren adenda bat aurkeztu zuen, haize-sorgailu bakoitzaren potentzia unitarioa handitzeko. Hala, parke eolikoa 3,465 Mw-eko 14 kokagunek osatuko dute, eta guztira 48,51 Mw-eko potentzia izanen du. Adenda horretan sartutako aldaketak hauek dira, labur azalduta:

–3,465 Mw-ko G132 haize-sorgailu modelo berria, 114 metroko altuerako abatza duena, 3,3 Mw-ko G132 modeloaren ordez (114 metroko altuerako abatza duena).

–Potentzia handitzeak ez du eraginik parkeko obra zibilean (zimenduak, plataformak eta bideak).

–Ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere ez da aldatzen.

Eskaerak jendaurreko tramitea bete zuen, Diario de Navarra egunkarian eta 2017ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 5ekoan, argitaratutako iragarkien bitartez. Eskaera Cortesko Udalari ere igorri zitzaion.

2018ko urtarrilaren 12an, Cortesko Udalak adierazi zuen ados zegoela eskatutako baimena ematearekin. Ez zen alegazio gehiagorik jaso baimenari buruz.

2018ko maiatzaren 24an, eskabide bat jaso zen, adieraziz Siemens Gamesa Renewable Energy Wind Farms SA-Unipersonalek Sistemas Energéticos El Valle SL-Unipersonali laga nahi zizkiola emandako administrazio baimenen ondorioz eta arestian aipatutako espedienteen bidez bere gain hartutako ahalmen, eskubide eta betebehar guztiak, eta Sistemas Energéticos El Valle SL-Unipersonal subrogatu nahi zuela horietan guztietan.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluaren arabera, espedientean daude garraio sarearen kudeatzailearen sarbide eta lotura baimenak (erref.: DDS.DAR.18-1361, 2018ko ekainaren 14koa eta DDS.DAR.18-1383, 2018ko ekainaren 18koa).

Aurrekoa ikusita, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatu du eskatutakoa onartzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Cortesko “El Valle-Valdenavarro” parke eolikorako aurretiazko administrazio baimena ematea Sistemas Energéticos El Valle SL-Unipersonali, potentzia 46,2 Mw-etik 48,51 Mw-era handitzeko.

2. Potentzia handitzeko aurkeztutako proiektuaren adenda, José Antonio Gil Embid industria ingeniari teknikoak sinatua, onestea. Hogeita hamasei hilabeteko epea eman zaio obrak burutzeko.

3. Instalazioak aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan, Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Eskaera horri obra amaierako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian adierazitako gainerako dokumentazioa ere.

5. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau igortzea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari (Estrategiaren eta Lurralde Antolamenduaren Atala, eta Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoa), behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Sistemas Energéticos El Valle SL-Unipersonali, eta Siemens Gamesa Renewable Energy Wind Farms SA-Unipersonali (Gamesa Energia SA-Unipersonal zena) eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau Cortesko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko uztailaren 5ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1808865