1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
220E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Legariako udal-mugartean hegazti ustiategi baten (oilo erruleen ustiategia, hazkuntza gabe) instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena, isurketen baimena berrikusteko eta isurketen kudeaketa hobetzeko. Instalazioaren titularra Granja Legaria SA da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 448/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 180E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 220E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.
2014ko abenduaren 17an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak titularrari informazioa eskatu zion, hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko beste txosten lotesle bat emateko. Txosten horren helburua zen baldintza berriak, ingurumen baimen integratuan txertatu beharrekoak, ezartzea, sustantzia arriskutsuak lurpeko uretan sartzea ekiditeko eta isurketen gehieneko mugak errespetatzen zirela bermatzeko.
2018ko urtarrilaren 18an, titularrak proposatutako jarduketaren aldeko txostena eman zuen Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, eta horrekin batera hondakinak ur jabari publikora isurtzea debekatu zuen. Titularrak honako hau proposatu zuen: instalazioak garbitzearen ondorioz sortutako ur beltzak eta hondakin urak biltegi iragazgaitz batean gordetzea, eta ondoren, horretarako baimena duen kudeatzaile batek kudeatzea.
2018ko urtarrilaren 22an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proposamena jakinarazi zuen: hodi bat instalatu nahi zuen ustiategiko hondakin urak (garbiketako urak eta ur beltzak) Legariako saneamendu sarera eramateko eta handik Murietako HUAra bidaltzeko.
Une honetan, hondakin uren ezaugarriei eta instalazioaren barneko saneamendu sarearen egungo baldintzei buruzko informazioa aintzat hartuta, zerbitzu honek uste du konponbide berriak ez duela bermatzen arrain-faunari kalteak eragitea galaraziko duenik, eta, hortaz, ez da bidezkoa instalazio hori saneamendurako udal sareari lotzeko baimena ematea. Sortutako hondakin urak (ur beltzak eta instalazioetako garbiketakoak) biltegiratu beharko ditu titularrak eta hondakinen kudeatzaile baimendu bati eman beharko dizkio.
Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Legariako udal-mugartean hegazti ustiategi baten (oilo erruleen ustiategia, hazkuntza gabe) instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, hondakinen kudeaketa hobetzeko proiektua abian jartzeko. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Granja Legaria SA da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Seigarrena.–Ebazpen hau Granja Legaria SAri, Legariako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko abuztuaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1810093