Iragarkia
164. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
51/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 31koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2018-2019 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, bai eta oinarri arautzaileak ere.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa esleitzen dio kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskola mailetatik hasita, beste edozein kirol praktikaren aurretik, funtsezko gunetzat jotzen baita kirolak Nafarroan aurrera eginen badu maila guztietan.
Gauzak horrela, kirolari buruzko foru araudiak, 14. artikuluan, xedatzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak, elkarlanean Foru Komunitateko hezkuntza administrazioarekin, toki erakundeekin, Nafarroako kirol erakundeekin eta beste erakunde publiko edo pribatuekin, eskola-umeentzako kirola bultzatzen duten programak sustatuko dituela. Programa horien jomuga izanen da hezkuntza integralaren, nortasunaren garapen orekatuaren, egoera fisikoaren eta osasun ohitura prebentiboen osagarri izatea. Halaber, hezkuntza behar bereziak dituzten eskola-umeen integrazioa sustatuko dute.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak ezartzen du erakunde autonomo horri dagokiola Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.
Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 30eko 326/2011 Ebazpenaren bidez, adingabeentzako kirolaren erreferentzia-esparru autonomikoa onetsi zen, bi xede izanik: batetik, lanerako tresna izatea eskola-umeei zuzendutako jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko programen eragileentzat, eta bestetik, mekanismo babesgarri bat izatea programa horietan parte hartzen duten adingabe guztientzat.
Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunetariko bat kirol jarduera sustatzea da, laguntzak eta diru-laguntzak emanez. Orobat, Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:
–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.
–Kirolaren balioak sustatzea.
–Eskola-umeen kirol jarduerak sustatu eta bultzatzea, bai eta kirola sustatzeko programak ere arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren giza taldeentzat.
Horiek helburu, eta Foru Komunitateko eskola-umeen kirol ibilbidean beste bide bat eratzearren, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) 2018-2019 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programa garatzen jarraitu nahi du unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatuetan.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak sustatutako ekimen horren harira, esperientzia pilotu bat egin zen 2008-2009 ikasturtean. Ordutik hona, ikasturte guztietan egin da esperientzia pilotu hori, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan izan ezik. Edizio bakoitzean 2.000 eskola-ume baino gehiagok hartu dute parte.
Adierazi behar da programa hau urte anitzekoa dela, eta horren gastua aukerakoa dela, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren maiatzaren 21eko 32/2018 Foru Aginduaren arabera. Foru agindu horren bidez, Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak 2018an urte anitzeko espedienteak tramitatzean jarraitu beharreko irizpideak onesten dira. Foru agindu horretan 2019rako ezarritako proposamena errespetatzen da.
Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2018-2019 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak emateko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasotzen direnak, onestea, bai eta gainerako eranskinak ere.
3. Deialdi hori aurrera eramateko, 65.000 euroko gehieneko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:
• 15.000 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Diru-laguntza” izeneko A50002-A5110-4811-336100 partidaren kargura.
• 50.000 euro, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.
Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2018ko eta 2019ko ekitaldietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.
Iruñean, 2018ko uztailaren 31n.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
I. ERANSKINA
Oinarriak
1. Xedea.
2018-2019 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei diru-laguntzak emateko prozedura ezartzea dute xede oinarri arautzaile hauek.
Laguntza jaso ahal izateko, ekintzak baldintzei helduta eta programak dirauen bitartean egin behar dira, eta haien titularra ikastetxe eskatzaileak izan behar du.
2. Deialdiaren helburua.
Diru-laguntzak 1. oinarrian jasotzen diren ekintzak egitean sortutako defizitak hein batean ordaintzeko erabiliko dira, baldin eta titularra ikastetxea bada eta ekintzak 2018-2019 ikasturtean zehar egiten badira.
3. 2018-2019 ikasturteko Eskola-umeentzako Kirol Programa: xedeak eta helburuak.
3.1. Eskola-ume nafarren jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak bultzatzea du helburu programak, heziketaren osagaia nagusi izanik, ohitura har dezaten adinean gora egin ahala jarduera horiekin jarraitzeko; horrela, bizimodu osasungarria bultzatuko da eta umeen egoneko bizitza eta obesitatea, besteak beste, galaraziko dira.
3.2. Hauexek dira programaren helburuak:
3.2.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraia) zein eskola-ordutegitik kanpo jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak egiten dituzten nesken eta mutilen kopurua handitzea, ikastetxearen babesean, hura baita programa oinarritzeko ardatza.
3.2.2. Eskola-ume nafarrek jarduera fisikoan ematen duten ordu kopurua handitzea.
3.2.3. Eskola-umeentzako Kirol Programaren babesean egiten den jarduera fisikoa gizarteratzeko, ongi izateko eta jostetarako tresna bihurtzea, eta horrela lagungarri izatea pertsonaren prestakuntza eta hezkuntza integralerako eta nortasunaren garapenerako.
3.2.4. Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.
3.2.5. Programan genero-ikuspegia zaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita neska-mutikoentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala onuragarria izan dadin osasunaren eta ongizatearen aldetik, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatuz.
Deialdi honetara aurkezten diren jarduera fisiko eta kirol-jardueren programek Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak bete beharko dituzte, puntu honetan ezarritakoari jarraikiz.
4. Onuradunak.
4.1. Deialdi honetako diru-laguntza eskatzen ahalko dute unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuek, baldin eta ikastetxeko kirol proiektu bat prest badute, eta hartan jasota baldin badago deialdi honen xede den Eskola-umeentzako Kirol Programa.
4.2. Deialdi honetatik baztertuta daude Eskola-umeentzako Kirol Programa hauek:
a) Deialdi berariazkoago batzuen xede direnak edo haien parte direnak.
b) I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarrietakoren bat betetzen ez dutenak.
4.3. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden ikastetxeei.
5. Deialdiaren diru-kopurua eta laguntzen zenbatekoa.
5.1. Deialdiak, guztira, 65.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida hauen kargura:
• 15.000 euro, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Diru-laguntza” izeneko A50002-A5110-4811-336100 partidaren kargura.
• 50.000 euro, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.
5.2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak programa bakoitzarentzat 4.000 euro bitarte bideratzen ahalko du, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den diru-laguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren diru-laguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren 2018ko eta 2019ko ekitaldietarako aurrekontuan horretarako kreditu aski egoteak baldintzatuko ditu.
5.3. Kasuan kasuko diru-laguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, III. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.
6. Parte hartzeko eskaerak.
Nafarroako unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuek aurkezten ahalko dute parte hartzeko eskaera.
7. Aurkezteko epea eta tokia.
7.1. Diru-laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2018ko urriaren 8an bukatuko da.
7.2. Diru-laguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 19. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.
7.3. Diru-laguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematika zein aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
8. Hasierako dokumentazioa.
Laguntzak eskatzeko dokumentuak eskaneatuta aurkeztu behar dira, artxibo bereizitan eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan bai webgunean: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu. Honako hau izanen da:
A) Ikastetxeko Kirol Proiektua eta Eskola-umeentzako Kirol Programa, argi bereizitako bi dokumentutan, alderdi hauek jasotzen dituztela:
A.1. Ikastetxeko Kirol Proiektua: ikastetxeak eskola esparruan bultzatzen eta garatzen dituen jarduera fisikoak eta kirolekoak jasoko dira bertan eta, beste batzuetan parte hartuz gero, haiek ere bai. Ez dira sartuko Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren eskoletan programatzen eta garatzen diren edukiak, ezta Eskola-umeentzako Kirol Programan sartutakoa ere.
A.2. Eskola-umeentzako Kirol Programa: diru-laguntzaren xedeko programa izanen da, II. eranskinean jasotako ezaugarrien arabera.
1.–Ikastetxearen datuak.
2.–Programaren titulua.
3.–Programaren ezaugarriak:
3.1. Helburuak: III. eranskinean jasotako baremoaren arabera aipatuko dira atalak.
3.2. Programa-mota: eranskinaren arabera. 2. puntua.
3.3. Edukiak: eranskinaren arabera. 3. puntua.
- Jardueren deskribapena.
- Jarduerak zer mailatara zuzentzen diren.
- Tenporalizazioa eta ordutegia.
3.4.–Metodologia eta antolaketa.
3.5. Giza baliabideak:
- Programa diseinatzen eta aurrera eramaten zuzenean parte hartzen duten Gorputz Hezkuntzako departamentuko langileen azalpena (titulua eta esperientzia).
- Programa garatzen parte hartzen duten beste pertsona eta entitateak: ikastetxeko irakasleak, gurasoen elkartea, kirol elkarteak, kirol kudeaketako enpresak, udalerria edo toki entitatea, etab.
- Programaren jardueretako bat garatzeaz arduratzen diren eta Gorputz Hezkuntzako departamentukoak edo arlokoak ez diren langileen kasuan, haien titulazioa eta jarduerari lotutako esperientzia aurkeztu beharko dira.
3.6. Kirol arloko material suntsikorra:
- Programatutako jarduera guztiak garatzeko ikasturtean beharko den kirol arloko material suntsikorraren zerrenda.
- Material horrek deialdi honen 9.1.a) oinarriaren araberako diru-laguntza baino ez du izanen.
3.7. Jarraipena eta ebaluazioa.
B) Programaren aurrekontua: kirol proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontu xehatua.
C) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan egunean dagoela ziurtatzen duena.
D) Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, zerga arloko betebeharrak konplitzen direla egiaztatzen duena.
Ziurtagiriak ez dira aurkeztu beharko baimena ematen baldin bada Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zuzenean egiaztapen hori egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrean. (IV. eranskina. Eskabide-orria).
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ikastetxe publikoek ez dituzte C) eta D) ataletako ziurtagiriak aurkeztu beharko.
9. Gastu diruz lagungarriak.
9.1. Kontuan har daitezkeen kontzeptuak hauek dira:
a) Programan sartutako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol arloko material suntsikorra, hasierako dokumentazioan aurkeztua, honako hauek kontuan hartuta:
–Hezkuntza bereziko ikastetxeek eta deialdian lehenengoz parte hartzen duten ikastetxeek gastu osoaren %100 erabili ahal izanen dute kirol arloko material suntsikorra erosteko.
–2017-2018 ikasturteko deialdian parte hartu zuten ikastetxeek gastu osoaren %30 baino ezin izanen dute erabili kirol arloko material suntsikorra erosteko.
–Gainerako ikastetxeek gastu osoaren %50 erabili ahal izanen dute kirol arloko material suntsikorra erosteko.
b) Jarduera fisikoak eta kirolekoak, hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutakoak, ematen dituzten monitoreen gastuak.
Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da monitorearen titulazioa eta horrek irakasten duen jardueran duen esperientzia aurkeztea, haren datu pertsonalekin eta harremanetarako datuekin batera.
c) Jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak, hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutakoak, ematen dituzten langileen gastuak.
Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da langileen titulazioa eta horiek irakasten duten jardueran duten esperientzia aurkeztea, haien datu pertsonalekin eta harremanetarako datuekin batera.
d) Hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutako jardueretan egindako joan-etorriak.
9.2. Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak ez dira kontuan hartuko.
10. Eskaera zuzentzea.
Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
Akatsak zuzentzeko aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola justifikazio-agiriak aurkezteko orduan.
11. Antolaketa eta instrukzioa.
Diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.
12. Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
13. Ebazpena.
13.1. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta hiru hilabeteko epean argitaratuko da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
13.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.
13.3. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.
13.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.
13.5. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honen gainerako gainerako ebazpenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta argitalpen horren berri emanen da navarra.es Interneteko atarian. Argitalpenak jakinarazpenaren ondorio berberak izanen ditu.
14. Laguntzen ordainketa.
14.1. Bi zatitan ordainduko zaie diru-laguntza haren onuradun diren ikastetxeei banku transferentzien bidez; aldez aurretik, 15. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztuko ditu onuradunak; betiere, ematen den laguntza ez da jardueraren defizita baina handiagoa izanen.
14.2. Aldi bakoitzean ordaindutako gehieneko diru kopuruak programaren barruan garatu den ehunekoaren araberakoak izanen dira. 1. aldiko gehieneko ehunekoa emakida osoaren %25 izanen da, 2018ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa baita. 2. aldiko gehieneko ehunekoa, aldiz, emakida osoaren %75 izanen da, 2018ko abenduaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra bitartekoa baita.
15. Frogagiriak.
Frogagiriak eskaneatuta aurkeztuko dira bi epealditan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Agiriak bereizita aurkeztuko dira, eta beren izenaren bidez behar bezala identifikatuta egonen dira:
1. aldia:
–2018ko abenduaren 4ra arte, programa hasi zenetik 2018ko azaroaren 30era arte egindako gastuengatik.
- Dokumentazio teknikoa:
- Hezkuntza mailaka garatutako jardueren zerrenda eta parte-hartzaileen zerrenda.
- Dokumentazio ekonomikoa:
- Justifikazio-orria (VI. eranskina), datu guztiak behar bezala beteta.
- Programa hasi zenetik 2018ko azaroaren 30era arte egindako gastuen fakturak edo horien agiri baliokideak, eta ikastetxeak egindako ordainketen frogagiriak.
Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZ agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan PFEZaren atxikipenak agertu beharko du, bai eta atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izana frogatzen duen ikastetxearen agiriak ere.
2. aldia:
–2019ko ekainaren 3ra arte, 2018ko abenduaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra edo programa bukatzen den egunera bitartean egindako gastuengatik:
- Dokumentazio teknikoa:
- Programaren memoria, non nahitaez hurrengo kontuak jasoko diren: (gehienez ere 5 orrialde).
1.–Edukiak:
- Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.
- Partaidetzaren gaineko datuak: Programako parte-hartzaile guztien kopurua (sexuka banatuta).
2.–Balorazio teknikoa. Hobetu beharrekoak.
3.–Egindako jarduera bakoitzaren argazki bidezko euskarria.
(Norberaren irudia izateko eskubidea babeste aldera, argazki horiek ez dira jendarteratuko).
- Dokumentazio ekonomikoa:
- Justifikazio-orria (VI. eranskina), datu guztiak behar bezala beteta.
- 2018ko abenduaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra arte egindako gastuen fakturak edo horien agiri baliokideak, eta ikastetxeak egindako ordainketen frogagiriak.
Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZ agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan PFEZaren atxikipenak agertu beharko du, bai eta atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izana frogatzen duen ikastetxearen agiriak ere.
16. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren programen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, in situ bisitak egingo ditu programa garatu bitartean, eta proiektuen kudeatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.
Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute programa ez dela garatzen ari programatutakoaren arabera, emandako diru-laguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, ikastetxeari aldez aurretik jakinarazita.
17. Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
17.1. Diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.
17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
17.3. Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.
17.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.
17.5. Onuradun diren ikastetxeek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute diru-laguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.
17.6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.
18. Gardentasun betebeharrak.
18.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, diru-laguntza jasotzen duten entitateek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, baldin bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Urtean emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
18.2. Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.
18.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten ikastetxeek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
18.4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
18.5. Ikastetxeek gardentasun betebeharra bete behar ez badute, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Ikastetxeak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Toki entitateak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betebehar horiek betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
19. Ez-betetzeak.
19.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.
19.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
19.3. Ikastetxeren batek ezarri diren epeetan aurkeztutako programazioa betetzen ez badu, esleitzen zaion diru-laguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.
20. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
20.1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.
20.2. Deialdi honen prozeduraren barnean egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.
Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.
21. Errekurtsoak.
21.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
21.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.
22. Aplikatu beharreko legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA
Programaren ezaugarriak
1. Programaren ezaugarri orokorrak.
1.1. Ikastetxe bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Alabaina, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeen kasuan, hezkuntza-etapa bakoitzerako aldaera bereziak biltzen dituen proiektua aurkeztea onartuko da.
1.2. Gorputz Hezkuntzako departamentuari edo arloari bakarrik dagokio programa prestatzea; gainera, hura koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratuko da.
Ezinbestekotzat jotzen da programa honen eta Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren edukien arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio-tresnak sortzea. Horrela, irakasgai horren curriculum garapenari lotuko zaio programa.
1.3. Ikastetxeak aurkezten duen programa herriko udal kirolaren arduradunekin koordinatu beharko da.
1.4. Aurkezten den programak bermatu beharko du baterako hezkuntzaren parametroei jarraituz diseinatzen eta antolatzen dela jardueren eskaintza, hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzan, ohiko kirol jarduera “femeninoen” eta “maskulinoen” arteko estereotipoak hauts daitezen.
1.5. Aurkezten diren programek, xede eta helburuez gain, oinarri hauetan zehazten diren ezaugarriak ere bete beharko dituzte programa motei, jarduera motei, langileei, iraupenari eta abarri dagokienez.
2. Programa motak eta iraupena.
2.1. Motak.
2.1.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraian) garatzen den programa.
Gutxienez ere 25 minutuko jolasgarai bakar batean gauzatuko da, eta astean 3 jolasgaraitan talde bakoitzeko.
2.1.2. Eskola-ordutegitik kanpo (jantoki orduetan, arratsaldez, asteburuetan...) gauzatzen den programa.
Gutxienez ere 50 minutuko jolasgaraitan gauzatuko da, eta astean bitan talde bakoitzeko.
2.2. Iraupena.
Programa ikasturtean garatu beharko da, eta 6 hilabetez gutxienez ere.
Atal honetan ezarritako gutxienekoetatik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.
3. Programaren edukiak: jarduera motak.
3.1. Ikastetxeak berak finkatuko du programaren barrenean dauden jarduerak egiteko ordutegia.
3.2. Jarduera guztiak ikastetxearen instalazioetan eginen dira, ikastetxeak eskaini bai baina haiek aurrera eramateko berariazko instalaziorik ez dutenak izan ezik.
3.3. Ez da programa honen barnean izanen iraupen-eskia egiteko kanpainan, bela kanpainan edo naturako jardueren kanpainan parte hartzea, ez eta gorputz-hezkuntza ikasgaian programatzen diren egun bateko txangoetan parte hartzea ere, dela bizikletan ibiltzeko, piraguan ibiltzeko, mendira joateko, eta abar.
3.4. Programak bi jarduera mota biltzen ahalko ditu:
Jarduerak eskolako hezkuntza integrala osatzera bideratuko dira, nortasuna harmonikoki garatzera eta baldintza fisiko batzuk eta prestakuntza teoriko bat lortzera, pertsona bakoitzak, adinean gora egin ahala, beharrezko tresnak izan ditzan ohitura osasuntsuak eskuratzeko.
A) Jarduera fisiko eta kirolekoak.
Lehiaketa ofizial arautuei edo lehendik ezarrita dauden beste programa batzuei lotu gabeko jarduera fisiko eta kirolekoak gauzatuko dira, kirol prestakuntzaren osagarri, hezkuntzaren ikuspegitik.
Planteatzen diren jarduera guztiak neskei zein mutikoei eskainiko zaizkie, eta lehentasuna emanen zaie parte-hartze ekitatiboa duten jarduerei.
Jarduera motak:
a.1. Aisiari lotuak.
Bizimodu osasungarriko ohiturak sortzera bideratutako jarduerak izanen dira, baliagarri direnak parte-hartzaileek egiten dituzten ikasketen curriculuma garatzeko, batez ere Gorputz Hezkuntzarekin lotutakoak.
a.2. Lehiaketetakoak.
Kirol hastapeneko jarduerak egiten ahalko dira, kirol bakar batekoak edo gehiagokoak.
Ezin izanen dira gehitu ikastetxeak ordutegi berean bere kirol klubaren bidez eskaintzen dituen gorputz eta kirol modalitateak.
B) Jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak.
Gorputz Hezkuntzaren departamentuak edo arloak koordinatzen dituen jarduerak dira, ikasleen prestakuntza integrala osatzea helburu, osasunari, ongizateari, ohitura osasuntsuei eta abarri loturiko eduki teoriko praktikoen bitartez.
4. Langileak.
4.1. Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du, eta, horrenbestez, behar diren baliabideak jarriko ditu behar bezala gauza dadin.
4.2. Programa bakoitzean sartzen diren langileek honako profil hau izan beharko dute:
–Arduraduna ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak bakarrik diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du programa, eta, hortaz, kirol arduradunak edo koordinatzaileak lan horretarako behar diren prestakuntzaren eta esperientziaren jabe izan beharko du Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Zientziei dagokienez.
–Laguntzako langileek programa garatzeko, Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak Batxilergoko gainerako irakasleen edo ikasleen laguntza izan beharko dute; betiere, arduradunaren oniritzia duela. Halaber, parte-hartzaileen artean “kiroltasuneko arduraduna” hautatuko da, kirolaren balioez gehien arduratzen den ikaslea izanen dena eta joko garbia, pertsona guztiekiko errespetua, elkarrekiko laguntza eta jokalarien arteko elkartasuna sustatuko dituena.
–Gainerako langileek Jarduera Fisikoaren Programaren barreneko jarduerak gauzatzeko ardura duten langileek beharrezko prestakuntza izan beharko dute, egin beharreko lanaren arabera. Zer jarduera ematen duten, hari dagokion kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulua izan beharko dute, gutxienez ere, bai eta ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuaren edo arloaren oniritzia ere. Kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulurik ez dagoen modalitateetan, arlo horretako monitorearen esperientzia eskatzen ahalko da.
4.3. Aipatu langileek, zein den ere betetzen duten eginkizuna programa garatzeko, ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
4.4. Aipatu langileek, zein den ere betetzen duten eginkizuna programa garatzeko, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren arabera.
Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak, 13. artikuluko 5. apartatuan (uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua), honako hau ezartzen du: “Adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza dela epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko”.
5. Parte-hartzaileak.
5.1. Programa ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua, Haur Hezkuntzako ikasleei izan ezik, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetatik eratorritako murrizketarik egin.
5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu sexu, arraza, erlijio, ideologia, desgaitasun, sexu joera eta abar direla-eta, hautapen prozesuak eginez. Hori betetzen ez bada, diru-laguntza galduko da.
6. Instalazioak.
Ikastetxea bera arduratuko da programako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren instalazioak harentzat prest izateaz.
7. Laguntza teknikoa.
Programak gauzatzeko orduan, ikastetxeek kanpoko eragileen lankidetza izan dezakete, konparazio batera: toki entitateak, kirol federazioak, kirol elkarteak, kirol kudeaketarako enpresak eta kirol arloko beste entitate batzuk.
8. Osasun laguntza.
Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe guztiek dagokien eskola asegurua eduki beharko dute.
Jarduera eskola-ordutegitik kanpo egiten denean, parte-hartzailearen aseguru pertsonalaren kontura izanen da osasun laguntza.
III. ERANSKINA
Baremoa
1. Xedea.
2018-2019 ikasturtean, Eskola-umeentzako Kirol Programako diru-laguntzen deialdiaren babesean, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuen eskaerak baloratzeko baremoa ezarri da eranskin honetan.
–Balorazio-irizpideak (34 puntu gehienez):
1.–Programaren helburuak: 2 puntu arte.
- Programa nola egokitzen den ezarritako xede eta helburuetara, oinarritzat harturik eskola-umeentzako programen erreferentziazko esparru autonomikoan ezarritako orientabide orokorrak:
- Ohitura osasuntsuak sortzea (1 puntu). Eskola-ordutegitik kanpoko gorputz eta kirol ekintzen kopurua baloratuko da.
- Parte-hartzea bultzatzea (1 puntu). Hainbat maila eta taldetara bideratutako jardueren kopurua baloratuko da.
2.–Eskola ingurunearen eta komunitatearen arteko eragin eremua: 4 puntu arte.
- Departamentuak (Gorputz Hezkuntzako departamentua izan ezik) (1 puntu).
- Hezkuntza erkidegoa (irakasleak, ikasleak, irakasle ez diren langileak, guraso elkarteak), toki entitateak, kirol elkarteak, beste batzuk...: (3 puntu).
3.–Aurreikusitako hezkuntza-zikloak (gehienez ere 6 puntu).
- Ikastetxe arruntetarako baino ez:
- Lehen Hezkuntza (2 puntu).
- Bigarren Hezkuntza (2 puntu).
- Batxilergoa (2 puntu).
- Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako baino ez:
- Oinarrizko prestakuntza (3 puntu).
- Lanbide Heziketa (3 puntu).
4.–Garatu beharreko programak: 5 puntu arte.
- Jolasgaraiko programa (1 puntu).
- Jantoki orduetako programa (2 puntu).
- Arratsaldeko edo asteburuko programa (2 puntu).
5.–Aurreikusitako ekintzak: 9 puntu arte.
- Kirolean hasteko jardueren aniztasuna (3 puntu).
- Josteta eta aisiako jardueren aniztasuna eta berrikuntza (3 puntu).
- Garatu beharreko jarduera osagarri edo prestakuntzakoen kopurua (3 puntu).
6.–Proiektuaren iraupena: 8 puntu arte.
- 6 hilabete (6 puntu).
- 7 hilabete arte (7 puntu).
- 8 hilabete arte (8 puntu).
IV. ERANSKINA
V. ERANSKINA
VI. ERANSKINA
Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1809903
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
