163. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren aldaketa

Iruñeko Osoko Bilkurak 2018ko ekainaren 7ko saioan onetsi zuen Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, testua argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 6an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

ONESTEA IRUÑEKO UDALTZAINGOAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDU ERREGELAMENDUAREN ALDAKETA

Atarikoa

Gaur egungo errealitate sozial eta ekonomikoak aurreko garaietan baino moldatze-gaitasun eta malgutasun handiagoak eskatzen dizkio gure Udal Administrazioari. Egun, behar sozialek abiadura handiagoa hartu dute, eta horrek berekin dakar administrazio-egiturak behar horiekin batera aldaraztea.

Bestalde, dinamismo politikoak berak, alderdi politikoen botere-txandaketak, koalizio politikoen bidezko gobernu-egonkortasunak eta gure inguru konstituzionalean gero eta ohikoagoak diren beste fenomeno batzuek lortu behar dute erakunde publikoak tresna moldagarri eta irekiak bihurtzea, hala antolakuntzaren nola egituraren ikuspuntutik.

Antolatzeko ahala Toki Administrazioaren esku dago. Antolatzeko ahala eskumenen sorta da, Administrazioei aukera ematen diena nork bere egitura taxutzeko, hots, nork bere burua antolatzeko, betiere Konstituzioak eta lege arruntek ezartzen dituzten mugen barruan. Konstituzioko 103. artikuluaren arabera “Administrazio Publikoak objektibotasunez betetzen ditu interes orokorrak, eta eragingarritasun-, hierarkia-, deszentralizazio-, deskontzentrazio- eta koordinazio-printzipioen arabera dihardu, legeari eta zuzenbideari bete-betean men eginez”.

Betiere erregelamenduaren egitura mantenduta, aldaketa bat egin nahi da antolaketan, eta horrekin, zerbitzua malgutasun handiagoz emango da. Halaber, aldaketa bat egiten da lanpostuak betetzeko prozeduran, zeina Nafarroako Poliziei buruzko 15/2015 Foru Legean ezarritakoarekin bat moldatzen baita, Berariazko Lehiaketa aldatuta.

Iruñeko Udaltzaingoaren plantillak egun bizi duen egoerak hartaratuta, aldaketa egiten da Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren 27. artikuluko 2. apartatuan; izan ere, Inspektore lanpostuan aritzeko bete beharreko baldintzak betetzen dituzten langile gutxi daude, eta horrek galarazi egiten du Zerbitzuaren funtzionamendua egokia izan dadin behar adina Txandako buruen lanpostuak betetzea. Hori dela eta, Txandako buruaren lanpostuan aritzeko aukera ematen zaie Inspektoreordeei –hori baita beheragoko hurrengo maila–, betiere salbuespenez eta baldin eta ez badago bete beharreko baldintzak betetzen dituen langilerik.

Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren 49.2 artikuluak ezartzen zuen zer lanpostu huts beteko zen berariazko lehiaketa bidez, eta zerrendan ematen ziren hamabi Talde, talde horietako Burutzak eta aipatutako taldeen mendeko lantaldeak.

Behin Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua onetsita, 1031/2017 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoa jarri zen Nafarroako Administrazio Auzitegira zuzenduta, Erregelamenduaren aipatu 49.2 artikuluaren zati baten kontra eginez. Zehazki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari eskatzen zitzaion lehiaketa arrunta deklaratzeko arau horretan jasotako Taldeetako 7tan lanpostu hutsak betetzeko sistema, eta ez berariazkoa.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2017ko azaroaren zazpian eman zuen 2627 zenbakiko Ebazpena, gora jotzeko errekurtsoaren gainean ebazteko, eta hura partez baietsi zuen. Errekurtsoa ezetsi zuen Atestatu Taldeez eta Ikuskapen Orokorreko Taldeaz bezainbatean, eta baietsi, lanpostu hutsak berariazko lehiaketa bidez betetzeari buruz aipatu artikuluan jasotakoa ez dagoela zuzenbideari egokiturik iritzita, honako taldeei dagokienez: Emakumeak, Adingabeak eta Pertsona Nagusiak Babesteko Taldea, Komunitate Poliziako Taldea, Bide Plangintzako Taldea, Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldea eta Ekintzak Koordinatzeko Zentroko Taldea (EKZ).

Nafarroako Administrazio Auzitegiko Ebazpenak dio nahiz eta Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legearen 45.2 artikuluak lanpostu hutsak berariazko lehiaketa sistema bidez betetzeko aukera jasotzen duen, betiere lanpostuek berezitasun edo profil zehatzen bat eskatzen badute, Nafarroako Administrazio Auzitegiak jo duela lanpostu horien espezializazio edo berezitasunak arrazoitua izan behar duela.

Arrazoi nahikorik zegoen edo ez zehazteko, “Iruñeko Udaltzaingoko Lanpostuen Balorazio Ikerketa” aztertu da, zeina oinarrituta baitago “Nafarroako Polizien lanpostuak Baloratzeko Eskuliburuan”, hots, 79/2016 Foru Dekretuaren I. Eranskinean.

Ikerketa hori 2016an egin zen, hau da, Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa Erregelamendua onetsi baino lehen, eta oinarri hartuta “Nafarroako Polizien lanpostuak Baloratzeko Eskuliburuan” –79/2016 Foru Dekretuko I. Eranskina– ezarritako irizpideak; bertan jasotzen ziren Udaltzaingoko Talde ezberdinak eta horien zereginak, ardurak, lana egiteko zailtasun fisiko eta operatiboak, udaltzainen lanpostua, sarbidea, Taldearen izendapena, eta abar.

Aipatu bost Taldeei dagokienez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak jo du, aipatu Balorazio Ikerketak jasotakoa ikusirik, ez dagoela arrazoi nahikorik, bazirelako hainbat desberdintasun Balorazio Ikerketan eta Antolaketa Erregelamenduaren 49.2 artikuluan jasotakoaren artean.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpen hori aztertuta, hauteman da bazirela formazko zenbait desberdintasun, Ebazpen horretan jasoak. Hori horrela, Erregelamenduko 49.2 artikuluan Bide Plangintzako Talde gisa agertzen zena Talde Teknologikoa zen Balorazio Ikerketan; eta Erregelamenduan Komunitate Poliziako Taldea zena Lotura Estrategikoko Taldea zen Balorazio Ikerketan. Taldearen izendapenean zegoen desberdintasun bat.

Balorazio Ikerketan, zehazki Taldea baloratzeko III. irizpideko 2. azpifaktorearen atalean, ez zen aipatzen EKZ Taldera eta Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntza Taldera sartzeko modurik, eta hor agertu behar zen, hain zuzen, “berariazko lehiaketa”. Emakumeak, Adingabeak eta Pertsona Nagusiak Babesteko Taldeari dagokionez, transkripzio-oker bat dela medio, Balorazio Ikerketaren III. irizpideko I. azpifaktorearen atalean kabo lanpostua agertzen zen, polizia lanpostua beharrean.

2018ko otsailaren 1eko Osoko Bilkuraren Erabakiz onetsi zen Nafarroako Administrazio Auzitegiak emandako Ebazpenaren jakinaren gainean geratzea, eta 279/1990 Foru Dekretuko 29. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta analogia bidez, 29/1998 Legearen 72.2 artikuluarekin, 2018ko martxoaren 2an NAOn eman zen argitara Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpen horren “Ebatzi du”.

Data horretatik aitzina automatikoki aldatuta geratu da Nafarroako Udaltzaingoaren Antolaketa Erregelamenduaren 49.2 artikulua, halako moduan non desagertu egiten baitira Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpenak aldeko erabakiz ukitutako bost taldeak, eta beraz, talde horietako lanpostu hutsak sistema arrunt bidez beteko ziren.

Aurrekoa aintzat hartuta, eta ikusita bost talde horiek, beren berezitasun eta partikulartasunak direla medio, gomendagarri ez ezik beharrezko dutela beren lanpostu hutsak berariazko lehiaketa bidez betetzea, planteatu egin da lanpostuak baloratzeko Ikerketa eguneratzea Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpenak ezarritakoarekin bat, eta bide batez, jarduneko beste zio batzuk direla medio beharrezkotzat jotzen diren beste eguneraketa batzuk txertatzea, bai eta Udaltzaingoko sindikatuek egindako alegazioak ere kontuan hartzea.

Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Zinegotzi Ordezkariak 2018ko otsailaren 6an emandako Ebazpen bidez onetsi zen Lantalde bat eratzea, “Iruñeko Udaltzaingoko Lanpostuen Balorazioa” eguneratzeko.

Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Zinegotzi Ordezkariak 2018ko martxoaren 27an emandako Ebazpen bidez onetsi zen “Iruñeko Udaltzaingoko Lanpostuen Balorazioaren” eguneraketa, horretarako eratu zen Lantaldeak egina; eta eguneraketa horretan jasotzen ziren, hain zuzen, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpenean jasotako aldaketak, Ebazpen horrek ukitutako bost Taldeez bezainbatean.

Horregatik, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpenaren exijentziak beteta, Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa Erregelamenduaren 49.2 artikulua aldatzea proposatzen da, berriro ere bertan sartuta lehen aipatutako bost Taldeak.

Iruñeko Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko modalitateetako bat berariazko lehiaketa da. Modalitate hori erabiltzen da berezitasun edo profil zehatz bat eskatzen duten lanpostuak betetzeko, eta bi fase ditu, merezimenduak baloratzekoa, eta proba objektibo teoriko-praktikoak egitekoa. Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren 57. artikuluan, berariazko lehiaketa arautzekoan, aipatu proba objektiboetan puntuazioaren %50 lortzea beharrezkotzat jotzen da, hots, proba baztertzaileak dira. Aitzitik, martxoaren 23ko Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legearen 45. artikuluak, lanpostuak betetzeari buruzkoak, honako hau dio, hitzez hitz, berariazko lehiaketa modalitateari buruz, eta zehazkiago, lanpostuak betetzeko modalitate horretako probei buruz:

“Sistema horren bitartez sartzeko ezartzen diren hautaprobek objektiboak eta ez-baztertzaileak izan beharko dute, eta izangaiek aurretik ezagutu beharko dituzte ebaluatuko diren parametroak.”

Horregatik, eta Iruñeko Udaltzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamendu Erregelamendua egokitzeko Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearekin bat, hori maila goragoko araua baita, proposatu egiten da Berariazko lehiaketari buruzko 57. artikuluko 3 a) apartatua aldatzea, bertan behera utzita proba teoriko-praktikoan gehieneko puntuazioaren gutxienez %50 lortzeko betekizuna.

Bestalde, komenigarritzat jo da Iruñeko Udaltzaingoko Lanpostuen Balorazio Ikerketa txertatzea Iruñeko Udalaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduan, I. Eranskin gisa, hartara testuari arau-izaera handiagoa emateko, horrela segurtasun handiagoa emanez Udaltzaingoko kideei araututako arloaren gainean.

Halaber, azkartasun handiagoz aritzeko eta Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren 49.3 artikuluko azken paragrafoan ezarritakoa aintzat hartuta, egoki jo da Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea edozein Ikerketa berri edo unean uneko aldaketak onesteko eskumena.

Horretarako, Bosgarren xedapen gehigarri bat txertatu da, non jasotzen baita Iruñeko Udaltzaingoko Lanpostuak Baloratzeko Eskuliburua I. Eranskinean atxikitzen dela. Ikerketa hori eginda, Erregelamendu honek arau-izaera ematen die lanpostuak baloratzeko irizpideei, eta aurrerantzean erreferentziazkoak izango dira gauzatzen diren balorazio edo aldaketei begira. Iruñeko Udaltzaingoko funtzionarioek lortutako espezializazioak beharrezko bihurtzen du arauak egiteko tresna batzuk garatu eta abiaraztea, aintzat hartuko dituztenak, giza baliabideak kudeatze aldera, sistema egokien erabilera eta prozeduren beharrezko publikotasuna, eta legaltasun-printzipioa betez, Udaltzaingoko funtzionarioei behar duten segurtasun juridikoa emango dietena araututako arloari dagokionez, eta hori guztia ezertan galarazi gabe izaera honetako zerbitzuak bereizgarri dituen azkartasuna eta malgutasuna.

Artikulu bakarra. Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua aldatzea eta onestea.

Bat.–27. artikuluaren 2. apartatuaren berridazketa.

2. Oro har, Txandako burua inspektore bat izanen da. Eskatutako lanpostu hori duen langilerik ez badago, Txandako buruaren lanpostua bete ahalko dute beheragoko hurrengo mailako lanpostua duten langileek, inguruabar horrek iraun bitarte.

Bi.–49. artikuluaren 2. apartatuaren berridazketa. Lanpostu huts bakoitza betetzeko sistemak.

2. Berariazko lehiaketaren bidez beteko diren lanpostu hutsak.

Herritarren Arreta Bulegoko Taldea.

Ikerketako Taldea.

Emakumeak, Adingabeak eta Pertsona Nagusiak Babesteko Taldea.

Komunitate Poliziako Taldea.

Erakunde Segurtasuneko Taldea.

Atestatu Taldea.

Bide Segurtasuneko Taldea.

Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldea.

Herritarren Arretako eta Giza Baliabideetako Taldea.

Ekintzak Koordinatzeko Zentroko Taldea.

Ikuskapen Orokorreko Taldea.

Biktimen Arreta Bulegoko eta Prentsako Taldea.

Taldeetako Burutzak.

Talde zerrendatu berrien mendeko lantaldeak.

Hiru.–57. artikuluaren 3.a) apartatuaren berridazketa. Berariazko lehiaketa.

3. Bigarren fasean, proba objektibo teoriko-praktikoak edo/eta lanpostuarekiko egokitzapenari buruzko profil profesiografikokoak eginen dira; gehienez ere 60 puntu emanen dira, honela banatuta:

3.a) Proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoa, test motakoa, aldian aldiko epaimahaiak zehaztu beharrekoa, aitzinetik onetsi eta dagokion deialdian argitaratutako gaitegi baten gainean: gehienez ere 40 puntu.

Lau.–Bosgarren Xedapen Gehigarria.

Iruñeko Udaltzaingoko Lanpostuak Baloratzeko Eskuliburua txertatu da, I. Eranskin gisa.

Udaltzaingoko lanpostuen gainean aurrerantzean eginen diren balorazio edo aldaketak Tokiko Gobernu Batzarrak onetsiko ditu.

ERANSKINAK

–Nafarroako polizien lanpostuak baloratzeko eskuliburua (2016ko 190. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaen 30ean, 79/2016 Foru Dekretuaren eranskin gisa).

–Iruñeko Udaltzaingoaren lanpostuak baloratzeko eskuliburua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1810474