Iragarkia
163. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLAZTI
Ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari loturiko bertzelako elementuak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Olaztiko Udalak, 2018ko apirilaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari loturiko bertzelako elementuak paratzea arautzen duen ordenantza. Aitzinetik, 2018ko apirilaren 20an, Langileria, Ekonomia eta Ogasunaren Batzordeak aldeko irizpena eman zuen. Erabaki hori iragarki-taulan, web-orrian eta 2018ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 21ekoan, argitaratu zen.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta aurkezturiko alegazioak 2018ko uztailaren 13ko osoko bilkuran ebatzirik, batzorde mistoak 2018ko uztailaren 10ean aldeko irizpena eman ondoren, aipatu osoko bilkuran behin betiko onetsi zen Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari loturiko bertzelako elementuak paratzea arautzen duen ordenantza, jarraian jasotzen dena.
Argitara ematen da, orok jakin dezan.
Olaztin, 2018ko uztailaren 13an.–Alkate udalburua, Mikel Azkargorta Boal.
ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAN TERRAZAK ETA OSTALARITZARI LOTURIKO BERTZELAKO ELEMENTUAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA
Zioen azalpena
Ordenantza honen xedea da terrazak eta ostalaritzari loturiko bertzelako elementuak arautzea, horrela alde guztiek segurtasun juridiko handiagoa izaten laguntzen duen jarduketa esparrua ezartzen baita. Izan ere, Olaztiko ostalaritzako establezimendu batzuk terrazak eta antzeko elementuak paratu ohi dituzte eremu publikoan, eta egoera hori arautu behar da.
Partikularrek eremu publikoa jendeari zerbitzu egiteko baliatu nahi dutenean aprobetxamendu nahiz erabilera orokor horretarako, espazio horien titularrak diren toki entitateen kontrola behar da, zerbitzu pribatu horiek baldintza egoki eta seguruetan egiten direla bermatzearren. Ildo berean, toki entitateek bi eskubide hauek bateratu behar dituzte: batetik, jendeak zerbitzu pribatu jakin batzuk karrika, plaza eta abarretan egiteko daukan eskubidea eta, bertzetik, gainerako herritarrek espazio publiko horiek osorik eta haien aprobetxamendua edo bertze eskubide batzuen gozamena (hala nola, atsedenarena edo bide segurtasunarena) eragozpenik gabe baliatzeko daukaten eskubide saihestezina.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak.
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Ordenantza honen xedea da araubidea ezartzea, haren menpe egon dadin jabari eta/edo erabilera publikoko espazioetan egiten den aprobetxamendu berezia, haiek aldi baterako okupatuz, terraza, mahai hankabakar edo gisako instalazioekin, ostalaritzako establezimenduen zerbitzurako eta irabazi asmoz.
2. Ordenantza honetan ezarritako aginduen mende egonen dira, nahitaez bete beharrekoa izanen baita udal mugartearen barnean, taberna eta kafetegien jarduera lizentzia edo irekitzeko lizentzia duten jarduera guztiak, hala katalogatuta badaude irailaren 23ko 201/2002 FDaren arabera, bai eta merkataritzako establezimenduak ere, haien jarduera motagatik ordenantza honetan arauturiko baimena beharrezkoa badute. Hori guztia, deusetan galarazi gabe honako arlo hauetan aplikatu beharreko gainerako araudia: jardueraren baldintza higieniko-sanitarioak, erabiltzaile eta kontsumitzaileen babesa, irisgarritasuna eta ingurumenaren babesa; beraz, haien determinazioak oso-osorik galdatzen ahalko dira, ordenantza honetan berariaz ez aipatuagatik ere.
3. Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatzen ahal zaie, haien titulartasuna edozein izanik ere. Egitatezko egoerak nahiz indarra duen planeamenduak finkatzen dute erabilera publikoaren izaera.
2. artikulua. Definizioak.
Aitzineko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, Udalaren baimena duen ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri izanik, mahai, aulki eta behin-behineko instalazioen multzoari erraten zaie mahai hankabakarrak dituen terraza. Hona kontzeptu horiek:
a) Mahai hankabakarrak dituzten itxitura iraunkorrik gabeko terraza: mahai hankabakarrak dituen itxitura iraunkorrik gabeko terraza da hiri altzarietako elementu desmuntagarriek –mahai, aulki, eguzkitako, toldo, lore-aska, upel, taburete, haize-babes eta bertze– osaturiko instalazio multzoa, espazio ireki eta eraikuntzarik gabeko batean paratua eta hurbil dagoen ostalaritzako establezimendu bateko jarduerei lotua.
b) Altzariak: mahaiak, aulkiak, mahai garaiak, upelak, tabureteak, berogailuak, lore-askak, eguzki-babesak eta gisakoak paratzeari erraten zaio altzari.
3. artikulua. Muga orokorrak.
1. Terraza paratzeko eskubidea izateko, nahitaezko baldintza izanen da udal ogasunarekin zorrik ez izatea jardueraren eta/edo jarduera gauzatzen den establezimenduaren ondorioz, eta orobat zaratari buruzko araudia ez betetzeagatik zehatua ez izana.
2. Baimenen izaera juridikoa dela-eta, aldi baterako eteten ahalko dira, Udalak sustatu edo baimenduriko besta, kultur, gizarte edo kirol jarduerak egiten badira, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe. Orobat, eten eginen dira herri lanak egiten direlarik, edo zerbitzuen hornitzaile diren enpresek nahiz partikularrek egiten dituzten obra pribatuak egiten direlarik, gauzatzeko baimendu den denboran, horietarako nahitaezkoa baldin bada espazio publiko bera erabiltzea.
3. Mahai hankabakarrak dituzten itxitura iraunkorrik gabeko terrazak paratzea debekatzeko bertze arrazoi batzuk izan daitezke, behar bezala arrazoituz gero, bide segurtasuna edo oinezkoen trafikoari nabarmenki egiten dioten traba, irisgarritasuna edo segurtasuna (eraikin eta lokal hurbilen ebakuazioa eta hiri ekipamendu edo altzarien erabilera galarazi edo larriki trabatzea, edo interes publikoko gisako bertze inguruabar batzuk).
4. Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, Udalak edozein momentutan eta kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe errebokatzen ahal ditu baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo erabilera orokorra trabatzen denean, baita baimenaren baldintzak betetzen ez direnean ere, kasu honetan jartzen diren zehapenak deusetan galarazi gabe.
5. Lizentziek gehienez ere urtebeteko indarraldia izanen dute, betiere emateko eskatu ziren baldintzak mantentzen badira; luzapenak egiten ahalko dira, gehienez lau urte egin arte, baldin eta baldintzak aldatzen ez badira.
Lizentziaren indarraldia bukaturikoan titularrak ez badu bertze lizentzia bat lortu hurrengo ekitaldirako, okupaturiko gunea lehengoratu beharko du.
Titularra aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Udalari.
6. Establezimendua itxita dagoenean altzariak metatzen badira, ez zaio trabarik eginen eremu publikoko joan-etorriei, eta espaloiak libre utziko dira oinezkoentzat.
4. artikulua. Baimenak.
1. Halako instalazioak 2. artikuluan definitutako espazioetan ezarri baino lehen, udal baimena eskuratu beharko da ordenantza honetan eta sektoreko araudi aplikagarrian xedaturikoari jarraikiz. Ordenantza honetan arautzen den baimenen araubideak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legaren 122.1.b artikuluan xedatuari jarraituko dio. Horren arabera, lizentzia behar du pertsona nahiz entitate batzuek egiten duten jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboak, bertze batzuentzat erabilpen hori mugatu edo horretatik kanpo uzten dituena, eta obra edo instalazio iraunkorren beharrik ez duena.
2. Interesdunak dagokion eskaera aurkeztu beharko du Udaleko Erregistro Orokorrean, dokumentazio hau erantsita:
–Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzaileak funtzionamendurako udal lizentziaren titularra beharko du izan.
–Titularraren datuak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta NANa/ identifikazio-agiri pertsonala edo, hala bada, IFK.
–Memoria idatzia eta dokumentazio grafikoa, honako hau jasotzen duena:
–Lokala non dagoen adierazten duen planoa.
–Erabili nahi den espazio publikoko gunearen deskribapena, planoa eta azalera.
–Terrazaren elementu guztien deskribapena: altzariak, mahai hankabakarrak, etab.
–Establezimendua itxita dagoenean, terrazaren elementuak pilatzeko aurreikusitako tokia.
–Erantzukizun zibileko asegurua aurkeztu izanaren justifikazioa.
3. Terrazaren baimen agiria, xehetasun planoa eta/edo proiektu teknikoa, eta ezarritako elementuen homologazioak, edo haien fotokopia, jarduera egiten den tokian egon beharko dira, betiere erabiltzaileek eta herritarrek garbi ikusteko gisan, eta udal agintarien eskura.
4. Organo eskudunak onetsitako baimenean honako alderdi hauek jasoko dira: baimenduriko espazioaren neurriak, kokalekua, baimenduriko elementuak (kopurua eta ezaugarriak), baimenaren epea eta erabilera mugatzen duten baldintzak.
Udaleko langileek markatuko dute baimendutako espazio publikoa.
5. Baimena baldintza batekin ematen da: ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak erabili eta konpondu beharko dira.
6. Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren estaldurak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu.
7. Baimenak hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira.
8. Eremu publikoetan mahai hankabakarrak dituzten itxitura iraunkorrik gabeko terrazak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez diete traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ezta kalterik ere oinezkoen edo ibilgailuen segurtasunari.
9. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 103.1 artikuluan xedatuarekin bat, Alkatetzari dagokio ordenantza honetan arautzen diren baimenak emateko eskumena, hark ebazten ahal duen eskuordetzea galarazi gabe, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluak xedatuaren babesean.
II. TITULUA
Funtzionamendurako baldintzak eta instalazioa
5. artikulua. Funtzionamendurako baldintzak.
1. Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu. Orobat, eremu publikoan espazio publikoaren erabilera pribatiboaren ondorioz sortutako kalteen erantzuleak izanen dira.
2. Baimenen edo kontzesioen titularrak erantzuleak izanen dira erabiltzaileek auzokoei traba egiten badiete; haien lana da, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako gune baimendutik kanpora ateratzea.
3. Debeku da:
a) Musika ekipoak edo soinua sor dezakeen bertze edozein elementu paratzea, bai instalazio finkoekin bai eramangarriekin. Telebistak ezartzen ahalko dira, betiere soinua aktibaturik ez badute.
b) Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:
1. Ur, saneamendu eta/edo elektrizitateko harguneak.
2. Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak edo jakiak prestatzeko instalazioak.
3. Jolas makinak, ausazko jokoak, billarrak, mahai-futbolak edo antzeko bertze edozein. Gehiegizko haizea dabilenean, eguzkitakoak bildu eta altzariak gorde beharko dira.
4. Irekitzeko lizentziaren titularra izanen da baldintza horiek mantentzearen erantzulea, bereziki auzokoei eragozpenik ez sortzearena eta terrazaren gunea higiene baldintza egokietan eta garbi mantentzearena.
6. artikulua. Terrazak paratzeko baldintza orokorrak.
a) Espazioak eta banaketa:
Oro har, karrikara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen mahai hankabakarrak dituzten terrazak jartzeko, itxitura iraunkorrak izan edo ez.
Establezimenduko fatxadaren zabalera nolakoa, halakoa edo txikiagoa izanen da terraza, eta haren aitzinean kokatuko da.
Salbuespen gisa eta toki aldaketa justifikatu ondoren, betiere udal zerbitzu teknikoek erabakita, bertze toki batean jartzen ahalko da, irizpide orokorrari jarraitzea ezinezkoa baldin bada. Mahai hankabakarretarako guneak beti erabilera publikokoak izanen dira.
Erabilera publikoko lurzoruan aprobetxamendu pribatuko espazioa zehazteko, irizpide orokor gisa, mahai bat eta lau aulki paratuko dira terrazako 2x2 metroko (4m²) modulu bakoitzeko. Alboetako babesgarriek mugatzen ahalko dute, eta horiek esparrua zedarrituko dute eta bidea emanen diete itsuei oztopoa dagoela gaztigatzeko. Alboetako babesgarri horiek mugikorrak izanen dira, aldez aurretik baimena izan behar dute eta bat eginen dute inguruaren ezaugarriekin. Ezin izanen dute gainditu dagokien instalazioari baimenduriko zabalera.
Nolanahi ere, Udaleko zerbitzuek markatuko dute terraza bakoitzaren muga.
b) Mahai hankabakarrak dituzten itxitura iraunkorrik gabeko terrazak paratzea.
b.1) Terraza edo hori osatzen duten elementuetakoren bat paratzeko lekurik egokiena zein den erabakitzea Udalari dagokio.
b.2) Nahiz eta espazio batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, debekua jaso dezake edo eskatu baino tamaina txikiagokoa paratzeko baimena, lehentasuna eman behar baitzaio interes orokorrari interes partikularraren gainetik; gehieneko muga ere jar daiteke eremu publikoa okupatzeko.
b.3) Mahai hankabakarrak dituzten itxitura iraunkorrik gabeko terrazen kokalekuak ez du inolaz ere trabatuko galtzadarako sarbidea ondoan diren finketako atarietatik edo haien lokalen sarbideetatik, ez eta ibilgailuen sar-atereak zaildu ere, legez baimenduak diren pasabideetan barna. Atari edo sarbide horien eta terrazen arteko gutxieneko distantzia metro batekoa izanen da; handiagoa ere izaten ahalko da. Distantzia horri murrizten ahalko da baldin eta atarian sartzeko ukitutako erabiltzaileak berariaz adierazten badu ados dagoela terraza eremu publikoan paratzearekin.
b.4) Espaloiak eta galtzadak bereizita badaude eta terrazak espaloietan kokatzen badira, gutxienez ere 1,80 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da, modu jarraian eta etxesail baten lerroan zehar etenak saihestuz. Espaloiaren zabalera 1,80 metrotik beherakoa bada, dagoen zabalera errespetatu beharko da.
b.5) Oinezkoentzako kale eta plazetan, terraza establezimenduaren fatxadari atxiki dakioke, betiere 3,50 metroko zabalerako espazioa libre uzten bada larrialdiko ibilgailu, zamalanetako ibilgailu eta abarretarako.
b.6) Sarbidea bermatu beharko zaie beti Udalaren zerbitzu eta ekipamenduei, larrialdietako zerbitzuei eta zerbitzu konpainiei, 24 orduetan bermatu ere.
b.7) Itxitura eta mahai hankabakarrak dituzten terrazak paratzen badira, edozein lekutan gehieneko altuera 2,80 metro izanen da, eta gutxienekoa 2,20 metro.
c) Baldintza estetikoak.
Mahai hankabakarrek batasun estetikoa zaindu beharko dute, eta egoki integraturik egonen dira hiri inguruan.
Mahai hankabakarren elementu guztiak, haien egitura barne, desmuntagarriak izanen dira. Ez dira inoiz ere iraunkorrak izanen.
Upelak eta tabureteak: Upelak eta tabureteak paratzen ahal dira, betiere pisu eta neurriengatik eraman errazak badira.
d) Segurtasun eta osasungarritasun baldintzak.
Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak, eta haiek arrastaka eramatean egiten duten zarata minimizatu behar da.
Irekitzeko lizentziaren titularra izanen da baldintza horiek mantentzearen erantzulea, bai eta mahai hankabakarren gunea higiene baldintza egokietan eta garbi mantentzearena ere.
III. TITULUA
Diziplina araubidea
7. artikulua. Lizentziarik gabeko instalazioak.
1. Udal agintaritzak mahai hankabakarrak dituzten itxitura iraunkorrik gabeko terrazak edo bertzelako elementu osagarriak kentzen ahalko ditu, eskura dituen baliabideak, bereak nahiz bertzerenak, erabiliz horretarako, kautelazko eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paratu badira, eta, orobat, horretarako toki batean gordailutuko ditu, betiere erantzulearen bizkar eta bidezko diren zehapenak ezartzeaz aparte.
2. Lizentziak babesten duen aldia bukatu ondoan terrazak eta mahai hankabakarrak bertan segitzea, diziplina kontuei dagokienez, baimen faltaren parekoa izanen da.
8. artikulua. Arau-hausteak.
1. Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatuaren aurka doazen ekintzak eta omisioak.
2. Aplikatzen ahal den araudi sektorialaren arabera zehatuko dira ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko legerian nahiz adin txikikoen babesari eta kontsumitzailearen babesari buruzkoan tipifikaturiko arau-hausteak.
9. artikulua. Subjektu erantzuleak.
Jardueren titular diren pertsona fisiko edo juridikoak dira arau-hausteen erantzuleak. Lokalaren titularra Udala bada, eraikina erabiltzen duten elkarteak ere izanen dira erantzuleak.
10. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
1. Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Auzokoei traba egitea.
b) Behar diren neurriak ez hartzea instalazioaren erabiltzaileek mahai hankabakarrak okupatzeko markatu den gunetik kanpora heda ez ditzaten.
c) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.
d) Terrazak edo mahai hankabakarrak hartzen duen espazioa behar bezain garbi ez uztea instalazioa eremu publikotik kendu ondotik.
e) Lizentzian baimendu tokia ez, bertze bat okupatzea.
f) Lizentzian zehaztu gabeko gauzak paratzea.
g) Ordenantza honetan arauturiko elementuak paratzea Udalaren aginduzko lizentzia gabe, legeztatzeko aukera dagoenean.
h) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, betiere larritzat edo oso larritzat jotako hutsegiteak ez badira.
2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:
a) Arau-hauste arinetan hiru aldiz berrerortzea.
b) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %10etik goiti eta %25etik beheiti, edo mugatzeari dagokionez dauden bertze baldintza batzuk ez betetzea.
c) Nahitaezko asegururik ez izatea.
d) Instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz auzokoei edo oinezkoei traba frogatuak berriz eragitea.
3. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Arau-hauste larrietan hiru aldiz berrerortzea.
b) Mahai hankabakarrak dituzten terrazak baimenik gabe edo baimenduriko alditik kanpora paratzea.
c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %25etik goiti.
d) Instalazioak zerbitzu publiko baten erabilera edo funtzionamendua galarazten edo trabatzen duenean edo ekipamenduei, azpiegiturei, zerbitzu publikoen instalazioei, espazio publikoei edo haien instalazio guztiei hondamen larria ekartzen dienean, hura berehala eteteko agindua ez betetzea.
e) Ordenantza honetan ezarritako baldintzak behin eta berriz eta larriki ez betetzeagatik, instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz auzokoei edo oinezkoei traba larriak eragitea.
11. artikulua. Zehapenak.
1. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ezartzea ekarriko du berarekin:
a) Arau-hauste arinek 300 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.
b) Arau-hauste larriek 301etik 1.200 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.
c) Arau-hauste oso larriek 1.201etik 2.000 eurorainoko isuna izanen dute zehapen, eta lizentzia errebokatzen ahalko da.
12. artikulua. Zehapenak finkatzea.
Zehapen espedientea instruitu bitartean hautematen diren inguruabar zehatzen ponderazioak aparte utzirik, urratze zehatzak duen garrantziari begiraturik graduatuko dira isunak, arau-hauste bakoitzak espazio publikoaren erabilera erkide orokorrari, Udalaren zerbitzu publikoen garapen arruntari eta elkarbizitza publikoko harremanei egiten duen ukipena kontuan hartuta. Bete beharrekoak bete daitezen agintaritzaren agenteek ematen dituzten jarraibide eta errekerimenduei kasurik ez egitea bereziki hartuko da kontuan, zehapenen zenbateko zehatza finkatzeko tenorean. Betiere, proportzionaltasun printzipioa kontuan hartuko da zehapenen zenbatekoa zehazteko, eta aipatu diren inguruabarrez landa, asmoa, berrerortzea edo errepikatzea hartuko dira aintzat.
13. artikulua. Zehapen prozedura.
Ordenantza fiskal orokorrari eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeari jarraituko zaie.
14. artikulua. Zehapenak betetzea.
Administrazio bidean irmo bilakatu ondoko hilabetean bete beharko dira zehapenak, hau da, zehapenaren ebazpenaren kontra hautara jar daitekeen berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean; batere errekurtsorik paratzen ez bada, zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean. Zehapena ordaintzeko emaniko epea iraganik, haren ordainarazpena betearazpen-bidetik eginen da, bidezko diren errekargu eta interesekin. Ezartzen den epean ordainarazpena ez gauzatzeak baimena errebokatzeko edo iraungitzeko prozedura abiatzea ekarriko du.
Xedapen iragankorra.
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehenago emaniko lizentziak ordenantza honetako edukira egokituko dira.
Bigarrena.–Indarra hartu baino hilabete lehenago aurkezturiko eskaerak ordenantza honetako estipulazioen arabera ebatziko dira.
Azken xedapena.
Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako tramitazioa egin ondoren.
Iragarkiaren kodea: L1810296
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
