1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
229E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena aurreproiektu honetarako: 20 Kv-eko aireko linea elektrikoa, Ameskoabarreneko eta Eulateko udal-mugarteetan. Sustatzailea Electra Saltea SL da.
2018ko otsailaren 28an, 0001-0015-2018-000032 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko l) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Proiektuan jasotako jarduketaren xedea da Zudairitik Ameskoabarreneko eta Eulateko herriei eta horietako jarduerei zerbitzua ematen dien aireko linea elektrikoa berritzea eta haren tentsio izendatua 13,2 kV-etik 20 kV-era handitzea. Horretarako, trazadura berria duen aireko linea berri bat diseinatzen da, eta ondoren egungo lineako eta deribazioetako 7.900 metro inguru desmuntatuko dira. Aurreproiektuko 29. euskarriraino, linea egungo lineatik hurbil eta harekiko paralelo doa, hasieran hegoaldetik eta, 14. euskarritik aurrera, iparraldetik. Euskarri horretatik aurrera, linea egungo linearen hegoaldean jartzea proposatzen da, Ekalan eta Eulaten dauden landa-bideen tarteek, Antsomendiko bidearekin bat datozenek, duten zortasuna aprobetxatuta. Trazadura berria egin behar da, linea egungo trazaduratik berrituz gero eremua zerbitzurik gabe geratuko litzatekeelako denbora luzeegian.
Linea berrirako, kale bat irekiko da lehen dauden zuhaiztun mugetan eta ezpondetan, baita mendi-hegaletako eta muinoetako zuhaiztietan ere. Halaber, berekin ekar dezake zenbait tartetan linearen zerbitzua eta mantentze-lanak gauzatzeko sarbide berri etengabeak ezartzea, estalki naturaleko lurrak, larreak, sastrakadiak eta zuhaitzak behin betiko garbitzea eragin dezaketenak.
13. euskarritik 18.era, proposamenak “Lokizko mendilerroa” Kontserbazio Eremu Bereziko erkameztien baso-eremuak eta ihar frantseseko multzo txikiak ukitzen ditu. Multzo horiek Odoliturriko eta Menditsuko muinoetako mendi-hegaletan, muino horiek banantzen dituen La Mugako sakaneko ibarretan eta Menditsutik mendebaldera dagoen Itsastranako sakaneko ibarrean daude. Menditsuko muinoan ukitzen den lurra bada zati batean garrantzi txikiko landareekin eta beste zati batean baliozko baso landareekin (Odoliturriko aurreko muinoan daudenekin antza dute) lehengoratu den hondakindegi bat.
22. euskarriak Ameskoabarreneko 2. poligonoko 210. lurzatia du mugakide, 49. iraganbidea dena eta perpendikularki gurutzatzen duena. Gainerako trazaduran, aipatutako zuhaixkak eta mugak izan ezik, nekazaritza lurretan barna doa, eta natura, apaindu eta fruta zuhaitzak dituzten Zudairiko, San Martin Ameskoako eta Eulateko hiri inguruetako zein abeltegi, baratze eta abarretako eremuetako landareak uki ditzake.
Bereziki, proposatzen da 36. euskarritik 37.era arteko baoa Antsomendiko iturriaren gainean jartzea; bertan, Eulateko herriko atsedenleku bat dago, eta, guneko hondamen estetikoa alde batera utzita, bertan hazten diren zuhaitzak uki ditzake, batez ere tamaina handiko bi makal.
Espedientean ageri da Ameskoabarreneko eta Eulateko udalen aldeko txostena. 2018ko ekainaren 5ean, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, zenbait baldintzarekin, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena egin dio proposamenari, betiere zuzenketa-neurriak eta ingurumen segimendurako neurriak betez gero, kontuan hartuta baso-eremuetan zabaltzen den kale berria –bereziki, “Lokizko mendilerroa” KEBen barruan– eraitsiko den linearen trazadura berez bilakatzeko leheneratzea dakarrela; hori dela eta, baso eremua ez da txikitzen eta ukitutako baso habitaten kalitatearen gaineko ukipena itzulgarria eta lehengoratzeko modukoa da.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Zudairi-Eulate” izeneko 20 kV-eko aireko linea elektrikorako aurreproiektuari, Ameskoabarreneko eta Eulateko udal-mugarteetan. Sustatzailea Electra Saltea SL da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
• Ibilbidearen hasierako tartearen zuinketan, 4. euskarriaren aurreko eta atzeko baoetan eta 13. euskarriaren aurreko mugetako euskarrietan, kalitateko eta tamaina handiko zuhaitzak moztu beharra txikituz zuinkatuko dira.
• 13. eta 14. euskarriak 12. euskarria dagoen landatik eta Odoliturriko muinoko bidetik sartuz gauzatuko dira. Beharrezkoa ez bada, ez da sarbide etengaberik egonen 13. eta 14. euskarrien artean.
• 14. euskarritik 18.era artean, linea berriaren zuinketa ikuskatuko da honako helburu hau izanda: ibilbidearen aldaketa txikiak eginda eta lurzati berriak okupatu gabe, adin edo tamaina txikiagoko zuhaitzak dituzten baso eremuetatik diseinatzen saiatzea, erkametz eta ihar frantses zaharrenen gaineko ukipena txikiagotuta.
• Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eta bertatik eramanen dira.
• “Lokizko mendilerroa” Kontserbazio Eremu Berezian dagoen lehengo linea elektrikoaren zortasun-eremua, gutxi gorabehera 13. eta 18. euskarrien artean dagoena, berez bilaka dadin utziko da.
• 22. euskarria Ameskoabarreneko 2. poligonoko 210. lurzatitik kanpo jarriko da, haren mugatik 3 metrora, 2. poligonoko 211. lurzatian edo lurzoru urbanizagarrian.
• Antsomendiko iturriaren ingurunearen gainean linea instalatzea eta tamaina handiko bi makal moztu beharra eragozteko, Eulateko 2. poligonoko 103. lurzatiaren gainetik ez pasatzeko aukera aztertuko da, bertan baitaude iturriaren ingurua eta makalak. Horretarako, 36. eta 37. euskarrien kokapena aldatuko da Eulateko 2. poligonoko 225. eta 227. lurzatietako mugetako puntuetan, hau da, proposamenean kokapenerako jasotzen den landabidearen iparraldean.
• Lehendabiziko zuinketaren ondoren, sustatzaileak Urbasa aldeko Basozaintzari abisatuko dio (948 554 824, ogfourba6@navarra.es), behin betiko zuinketaren aurretik ibilbidea gainbegira dezan, inausketak eta mozketak gutxitzeko eta ipurditik moztu beharreko aleak markatzeko proposatutako aurreko baldintzak betetzen ote diren egiaztatze aldera.
• Gainera, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak bestelakorik zehaztu ezean, ez da beharrezkotzat jotzen landareztatze-neurririk, landatzerik eta ereiterik gauzatzea, baldin eta aldi baterako trazadurak egiten ez badira landare naturalez estalitako lurzatietan edo ezpondetan, obren ondoren ukitzen direnak.
• Linea berria hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar da; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. Zirkuitu bikoitzeko tarteetan, zirkuitu bakarra seinaleztatuko da.
• Elektrokuzio arriskua prebenitzeko, honako neurri hauei jarraituko zaie:
- Amarratzeko euskarri guztietarako, U120AB132 isolagailu eredua erabili, eta dokumentazioan adierazi beharko da metro isolatu bateko distantzia errespetatu behar dela elementu eroalearen eta pausalekuaren artean. Eteteko euskarrietarako ere U70YB20P isolagailu eredua erabili behar da.
- Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalearen finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa-estalki aurreformatuen bidez.
- Eroaleen eta pausalekuen arteko distantziak 1,5 m-koak izanen dira; eroaleen eta tentsio-elementuen artekoa, berriz, 0,70 m-koa.
- Tentsio-elementuak, lokailuak, lur azpiko harguneak, ebakitzeak eta abar gurutzetaren azpitik kokatuko dira.
- Lur azpiko euskarrietan (edo linea amaierakoetan), lineako eroaleen, tximistorratz autobalbulen, hala denean etengailuen eta loturako botilen arteko lotune zubiak erabat isolatuko dira. Isolamenduan erabilitako materiala egokia izan beharko da goi tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
- Ganga erako euskarrietan, eroale nagusia isolatu beharko da. Amarratzeko grapa badago, grapa-estalki bidez estali beharko da.
–Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:
• Baimen honek lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia babesten du bakar-bakarrik.
• Instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).
• Baimen honek ez ditu babesten ez lurzoru urbanizaezinean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea, ez lurzoru urbanizaezinean kokatzen diren jarduera zehatzak, lotura horretarako baimenik ez dutenak.
• Herri-lurren Atalaren 2018ko maiatzaren 3ko txostenean ezarritakoa beteko da; txosten hori ebazpen honi erantsi zaio.
• Abelbidearen gaineko ukipenari dagokionez, Nafarroako Abelbideei buruzko 19/1997 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio, eta arloko organo eskudunari kasu eginen zaio.
• Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
• Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, ukitutako errepideei dagokienez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena ibilguen ukipenei dagokienez, urei buruzko indarreko legedian ezarritakoarekin bat.
• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ameskoabarreneko Udalari, Eulateko Udalari, Urbasa aldeko Basozaintzari (6. barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko abuztuaren 7an.–Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Ataleko burua, Amaia Casado Pérez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren ordez (Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuko zuzendarien aldi baterako ordezkoak izendatzeko emandako 767/2016 Ebazpenaren bidez).
Iragarkiaren kodea: F1810245