Iragarkia
160. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
317/2018 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2018. urtean nazioartekotze jarduerak egiteko lanak Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari esleitzeko hitzarmena onesten duena.
Nafarroako Nazioarteko Planak ardatz estrategiko nagusi hauek jasotzen ditu, besteak beste: gobernantza eta lidergoa bermatzea, enpresei laguntzea haien nazioartekotze programetan, eta laguntza publikoa jasoko duten lehentasunezko merkatuak finkatzea. Ardatz horien artean daude, halaber, Nafarroako Gobernuak 2018ko ekitaldian garatu nahi dituen neurrietako batzuk, eta horiek aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa du ezagutza eta esperientzia izatea nazioartekotzearen alorrean, gaitasuna izatea helburuko merkatuetan jarduteko, bai eta nazioartera ateratako enpresen errolda eguneratzeko beharrezko ezagutza izatea ere.
Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridikoaz gainera, bere helburuak lortzeko jardute-gaitasun osoa duena, eta Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzeko aholku organo gisa eratua dago. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu. Ganberak sarbide zuzena du Espainiako ganberen sareak Estatu Batuetan dituen kontaktuekin, eta bitartekari ofizial gisa aritzeko aitorpena du; horri esker, intereseko destinoetan prospekzio lanetan ari diren merkataritza eta administrazio arloetako erakundeen arduradunengana iristeko aukera dago.
Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialei buruzko apirilaren 1eko 4/2014 Legeak eta apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeak, 5. artikuluan, eginkizun publiko-administratiboak ematen dizkiete ganberei. Horri esker, oso baliabide onak izan daitezke gure erkidegoaren ekonomia eta enpresa-sarea garatzen laguntzeko. Eginkizun horien artean kanpo merkataritza bultzatu, lagundu eta akuilatzeko jarduerak egitea dago.
Apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluaren bidez, Administrazioari ahalmena ematen zaio Ganberari bere eskumeneko jarduera material edo tekniko batzuk edo zerbitzu batzuk esleitzeko, eraginkortasun arrazoiengatik edo jarduera horiek egiteko baliabide tekniko egokirik ez badu, betiere aurretik Parlamentuari jakinarazita. Kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Ganberaren arteko hitzarmen baten bidez gauzatuko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, bidezko bada, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak. Era berean, 17/2015 Foru Legearen 8. artikuluak xedatzen du Ganberak parte hartuko duela Ganberaren nazioarteratze-planaren taxuketan eta betetzean, eta Nafarroako Gobernuarekin koordinatu beharko dela.
Nafarroako Gobernuak, ikusirik ez duela langile nahikorik 2018ko ekitaldirako nazioartekotzearen alorrean aurreikusitako lan guztiak egiteko behar besteko gaitasunarekin, eta kontuan harturik Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak duen izaera juridikoa eta esleiturik dituen eginkizun publiko administratiboak, eta, orobat, eraginkortasun arrazoiengatik eta baliabideak optimizatzeko asmoz, gomendagarria da, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren babesean, Ganberari esleitzea jarduera hauen kudeaketa:
1. Mundu osoan barna dauden Nafarroako enpresen unibertsoa eguneratzea, 2018ko datuak sartuta (enpresa esportatzaileak, inportatzaileak eta kanpoan ezarrita daudenak).
2. Estatu Batuetara joateko hiru misio prestatzea, ondoko helburuekin:
a) Nekazaritzako elikagaien sektoreko Nafarroako enpresen sarbidea eta sustapena erraztea Estatu Batuetako merkatuan.
b) Estatu Batuetako erakunde eta enpresekin kontaktuak sortzea, automozio eta mekatronika arloko Nafarroako enpresen sarbidea sustatzeko.
c) Nafarroako ekintzaileei Estatu Batuetako ekintzailetza ekosisteman murgiltzen laguntzea.
3. Nafarroa-Estatu Batuak Enpresa Foroa antolatzen laguntzea.
4. Nafarroako Gobernuaren Mentoretza programa abian jartzea.
Lan horiek 2018an. eta 2019an. eginen dira, eta Nafarroako Gobernuari 77.631,12 euroko gastua eraginen diote.
Horrenbestez, eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren xedapen gehigarrietan bigarrenak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen eranskinean jasotako hitzarmena onestea, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari egiten zaion kudeaketa-esleipena formalizatzen duena, nazioartekotze jarduerak egin ditzan 2018an.
2. 77.631,12 euroko gastua xedatzea Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren alde (IFK: Q3173001C), hitzarmenaren ondoriozko konpromisoak bete daitezen.
- 74.890,47 euro, 2018ko aurrekontuko “Esleipenak Merkataritza Ganberari, Nazioartekotzea” izeneko 810003 81430 2276 146104 partidaren kargura.
- –2.740,65 euro, 2019ko gastuen aurrekontuan sortuko den partidaren kargura, zeina aurreko atalean adierazitakoaren baliokidea izanen baita.
3. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentura bidaltzea (Foru Erakundeekiko Prozeduren Kudeaketarako Atalera), Nafarroako Parlamentuari igor diezaion, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. Ebazpen hau Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari jakinaraztea.
5. Ebazpen hau eta esleipenaren hitzarmena, behin bi alderdiek sinatu ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2018ko ekainaren 27an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
HITZARMENA, NAFARROAKO MERKATARITZA, INDUSTRIA ETA ZERBITZU GANBERA OFIZIALARI EGITEN ZAION KUDEAKETA-ESLEIPENA FORMALIZATZEN DUENA, NAZIOARTEKOTZE JARDUERAK EGIN DITZAN 2018AN
Iruñean,...................(e)ko ................aren ..............(e)an
BILDU DIRA
Batetik, Izaskun Goñi Razquin andrea, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia.
Eta bestetik, Javier Taberna Jiménez jauna, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala ordezkatuz, Ganberako lehendakaria baita.
Bildutakoek, nork bere ordezkaritza erabiliz, eta adostasunez,
ADIERAZTEN DUTE:
Lehena.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako jarduera ekonomikoaren nazioartekotzea sustatzearen arloan dituen eskumenak erabiliz, ezinbesteko du Nafarroako 2017-2020 Nazioarteko 3. Planean zehaztutako jarduerak egitea. Jarduera horietako batzuk egiteko, beharrezkoa da Nafarroako Ganberak oro har nazioartekotzearen arloko ezagutza eta esperientzia izatea, eta, bereziki, lehentasunezkotzat hartutako helburuko merkatuen gainekoa, bai eta haietan jarduteko gaitasuna ere. Horrez gain, Zuzendaritza Nagusiak laguntza behar du nazioartera ateratako enpresen eta horien jardueren erregistroa eguneratuta edukitzeko.
Bigarrena.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera, apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridikoaz gainera, bere helburuak lortzeko jardute-gaitasun osoa duena, eta administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko aholku organo gisa eratua dago. Ganberaren helburua da merkataritzaren, industriaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea, deusetan galarazi gabe interes pribatuak, horiek ere xede baititu.
Apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeak, 5. artikuluan, eginkizun publiko-administratiboak ematen dizkie ganberei. Horri esker, oso baliabide onak izan daitezke gure erkidegoaren ekonomia eta enpresa-sarea garatzen laguntzeko. Ganberak dituen eginkizun publiko-administratiboen artean, zehazki, kanpo merkataritza bultzatu, lagundu eta akuilatzeko jarduerak egitea dago, eta, horretarako, Nafarroako produktu eta zerbitzuak kanpoan hedatzea eta esportazioak sustatuko ditu batez ere, baita Nafarroako Foru Komunitatean industria jardueretan eta zerbitzuetan aritzen diren enpresen errolda publiko bat sortzea ere.
Hirugarrena.–17/2015 Foru Lege horrek ahalmena ematen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, Nafarroako Parlamentuari aurretik jakinarazita, bere eskumeneko lan material edo tekniko edo zerbitzu batzuk Ganberari esleitzeko, dela eraginkorrago aritzeko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokirik ez edukitzeagatik.
Laugarrena.–2017ko maiatzaren 6an, honako hitzarmen hau sinatu zen: “Lankidetzarako esparru hitzarmena Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren artean. Kudeaketa-esleipenak arautzeko oinarriak”. Hitzarmen horren 3. klausulan, adierazten da ezen bi aldeek zenbait lankidetza modalitate balia ditzaketela esparru hitzarmena eta ezarritako helburuak lortzen lagungarri izan litezkeen programak, proiektuak, jarduerak eta zerbitzuak garatzeko eta zehatz-mehatz definitzeko. Lankidetza modalitate horien barrenean sartzen dira, besteak beste, hitzarmenak, kontratu-programak, kudeaketa-esleipenak, eginkizun publikoak ematea eta prozedura administratiboaren legedian eta Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Legean jasotako beste batzuk.
Bosgarrena.–Esparru hitzarmen horren 7. klausularen b) atalean jasotzen da ezen, kudeaketa-esleipen bidez egiten bada Administrazioaren eta Nafarroako Ganberaren arteko lankidetza, kudeaketa-esleipen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Ganberaren arteko hitzarmen espezifiko baten bidez gauzatuko dela, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita. Honako hauek agertuko dira hitzarmen horretan: esleipenaren xedeko jarduerak, esleipenaren indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, bidezko bada, bi alderdiek jartzen dituzten bitarteko ekonomikoak.
Seigarrena.–Kasu honetan, eraginkortasun arrazoiak daude tartean, eta, gainera, Administrazioak ez du baliabide tekniko egokirik. Hortaz, Ganberari esleitzea baliabide egokia da Nafarroako ekonomiaren internazionalizaziora bideratutako baliabideak optimizatzeko, bai bere eginkizun publiko-administratiboak direla-eta, bai atzerriko ganberen sareko eta Munduko ganberen sareko kidea delako.
Honako hauek dira kudeaketa-esleipen honen helburuak 2018rako:
1. Mundu osoan barna dauden Nafarroako enpresen unibertsoa eguneratzea 2017ko datuak sartuta (enpresa esportatzaileak, inportatzaileak eta kanpoan ezarrita daudenak).
2. Estatu Batuetara joateko hiru misio prestatzea, hiru helburu hauek lortzeko:
a) Nekazaritzako elikagaien sektoreko Nafarroako enpresen sarbidea eta sustapena erraztea Estatu Batuetako merkatuan.
b) Estatu Batuetako erakunde eta enpresekin kontaktuak sortzea, automozio eta mekatronika arloko Nafarroako enpresen sarbidea sustatzeko.
c) Nafarroako ekintzaileei Estatu Batuetako ekintzailetza ekosisteman murgiltzen laguntzea.
3. Nafarroa-Estatu Batuak Enpresa Foroa antolatzen laguntzea.
4. Nafarroako Gobernuaren Mentoretza programa abian jartzea, programa pilotu gisa.
KLAUSULAK
Lehena.–Xedea.
Garapen Ekonomikorako Departamentuak honako jarduera hauek egitea esleitzen dio Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari:
1. Nazioartera atera diren Nafarroako enpresen errolda eguneratzea (enpresa esportatzaileak eta kanpoan ezarritakoak).
2016ko esleipen Hitzarmenaren esparruan, Nafarroako enpresa esportatzaileen, inportatzaileen eta kanpoan ezarritakoen errolda egin zen, EJZren 2.,3. eta 4. epigrafeei dagozkiena. Errolda hori 2017ko esleipenaren esparruan eguneratu zen eta EJZren 1., 5., 6., 7., 8. eta 9. epigrafeetara luzatu zen. Inkestaren xede ziren enpresen unibertsoa 2.796 enpresakoa izan zen.
Aurtengo enkarguaren xedea da 2017an nazioartera atera diren Nafarroako enpresen zerrenda sortzea, eta Nafarroako enpresak nazioartera ateratzen laguntzeko politika publikoak definitze aldera garrantzitsutzat jotzen diren datuak bertan jasotzea. Datu horiek xede horietarako baizik ez dira erabiliko.
Datuok lortzeko, telefono bidezko inkesta bat eginen zaie Nafarroako Ganberak eskura dituen informazio iturrietan esportatzaile gisa identifikatuta dauden enpresei.
Hauek dira esportatzaile gisa identifikatutako enpresen datu esanguratsuak:
–Sozietatearen izena.
–Jarduera (EJZ).
–Plantilla.
–Kokalekua.
–Fakturazio maila.
–Atzerriko merkatuetan egiten duen jarduera (esportazioa, inportazioa, bertan ezarrita egotea).
–Zer merkatutan/herrialdetan egiten duen bere nazioarteko jarduera.
–Esportazioak/inportazioak atzerriko merkatuetan.
–Atzerrian salerosketa edo ekoizpen merkaturik baduen, eta baiezkoa bada, zein herrialdetan dauden.
–Atzerriko merkatuekin lotutako fakturazio portzentajea.
Datuen aurkezpenak hainbat aldagai uztartzeko moduko bilaketak egitea ahalbidetu beharko du. Oinarrizko taula dinamiko bat gehituko da, eta aldagaien gakoen araberako bilaketa zehatzak egiteko aukera emanen du horrek.
2. Estatu Batuetara joateko misioen antolaketa bateratua.
Estatu Batuak dira xede den herrialdeetako bat; hori dela eta, Nafarroako Gobernuak eta Ganberak elkarrekin antolatutako hiru misio egitea proposatzen da, Esportazioak Sustatzeko Ganberaren Planari esleitutako EGEF (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) funtsek kofinantzatuta.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ganberaren laguntzarekin, bidaia tekniko eta instituzional bat antolatu zuen 2017an, nekazaritza arloko enpresentzat Estatu Batuetan zer negozio aukera egon litezkeen aztertzeko. Bidaia hartan ikusi zen aukerak bazirela Nafarroako enpresentzat, merkatu organikoan eta gourmet motakoan hain zuzen.
Ikusitako aukeren ondorioz, 2018ko urrian Estatu Batuetara joateko bi misio antolatzea proposatu dute Nafarroako Ganberak eta Nafarroako Gobernuak, helburu hauetarako:
1) Nafarroan nekazaritzarekin lotuta dagoen sektorea sustatzea Estatu Batuetan. Horretarako, New York eta Miamira joanen diren Nafarroako enpresen kasuan, enpresa misio bat antolatu da, elkarrizketak egiteko hitzorduak zehaztuta.
2) Oraindik ere zehaztu gabe dauden hirietara bisitak egitea, identifikatzeko zeintzuk diren Estatu Batuetako merkatuak Nafarroako automozio eta mekatronikaren arloko enpresentzat eskaintzen dituen aukerak; zehazki:
–Automobilaren enpresa osagarrien arloko merkatuen funtzionamendua eta haien etorkizuneko joerak ezagutzeko.
–Hornidura kateko eragile nagusiak identifikatzeko, batez ere produkzioan eta merkaturatzean.
–Erakunde mailako harremanak eta harreman pertsonalak ezartzeko administrazio publikoarekin, bitarteko erakundeekin, enpresaburuen elkarteekin, lobby sektorialekin eta sektoreko gako-enpresekin.
Estatu Batuetara eginen den hirugarren misioak Nafarroako “startup” enpresak sustatzea izanen du helburu. “Startup” deritzenak nazioarteko izateko jaio dira, eta Nafarroako Gobernuak zein Nafarroako Merkataritza Ganberak nazioartekotze prozesua erraztu nahi diete Nafarroako “startup” enpresei; zehazki, beren produktu eta zerbitzuak Estatu Batuetan finantzatzeko, hedatzeko eta nazioarteko bihurtzeko aukerak bilatzeko interesa dutenei.
Espainiak New Yorken duen Ganberak proposatu du Estatu Batuetako ekintzailetza ekosisteman murgiltzeko programa bat antolatzea Nafarroako hamar enpresaz osatutako talde batentzat, New Yorken ekintzailetzaren arloan giltzarri izan daitezkeen eragileekin bildu daitezen. Bilerok 4 egunetan eginen dira, eta aukera izanen dute eragile hauek ezagutzeko:
–Ekintzaile arrakastatsuak.
–Inbertsio-egileak:
- Arrisku kapitaleko inbertsio-egileak.
- Business Angels.
- Crowdfunding plataformak.
–Inkubagailuak eta azeleragailuak.
–New York eta Massachussets estatuetako bulego ekonomikoak, bai eta New York eta Boston hirietakoak ere.
–Taldean ordezkatuta dauden berariazko sektoreetarako garrantzitsuak diren beste erakunde batzuk.
Ekintzaileei zehatz-mehatz azalduko zaie zeintzuk diren estatu horietan dauden ekintzaileei laguntzeko programak.
Nafarroako Ganberak bi enpresa misio horiek Ganberaren Planaren barnean sartzeko eskatu du, eta horrela, jarduketa horiek EGEF funtsekin finantzatzen ahal izanen dira. Horrela, bi misioetan parte hartzen duten enpresek Estatu Batuetarako zehaztutako bidaia-poltsa eta elkarrizketa agenden kostuaren erdia ordaintzeko diru-laguntza eskuratuko lituzkete.
Nafarroako Gobernuak aurrekontu propioarekin finantzatuko du automozioaren merkatuan egon daitezkeen aukerak aztertzeko jardun instituzionalaren kostu osoa, baita Ganberako langileen kostuaren eta bidaia-gastuen zati bat ere, enpresa ekintzei loturik badaude. Misioetan parte hartzen duten enpresen gastuak ez dira behin ere finantzatuko.
3. Espainia-Estatu Batuak Enpresa Foroaren antolaketa bateratua.
Espainiak New Yorken duen Ganberak, beste erakunde batzuekin batera, Espainia-Estatu Batuak Foroa antolatzen du urtero Madrilen edo Espainiako beste hiri batzuetan. Foro hartan AEBetan dauden negozio aukerak azaltzen dira, eta herrialde hartan dauden Espainiako enpresek beren esperientzia kontatzen dute.
2018rako, Nafarroako Gobernuak Iruñean foro bat antolatzea proposatu da, Nafarroako Merkataritza Ganberarekin eta Espainiak New Yorken duen Ganberarekin batera, Nafarroako esportazioak AEBetan sustatzeko.
Foroak presentzia instituzionala izanen du, eta Nafarroako eta Estatu Batuetako enpresen topaketa bat izanen da. Estatu Batuek Nafarroako enpresentzat eskaintzen dituzten aukerak azpimarratuko dituzte bertan, eta protagonismo berezia emanen zaie Estatu Batuetan ezarritako Nafarroako enpresei eta herrialde hartara esportatzen dutenei.
Halaber, aurreikusten da Nafarroako Nazioarteko 3. Planean jasota dauden Estatu Batuetako lehentasunezko sektoreen mahai sektorialak egitea; hain zuzen ere elikakatea, automozioa eta energia berriztagarrien sektoreetakoak. Alor horietako Estatu Batuetako adituek parte hartuko dute bertan, bai eta sektorean esperientzia edo interesa duten enpresek ere.
Nafarroako Ganberak antolatu eta kudeatuko du ekitaldia, Espainiak New Yorken duen Ganberaren laguntzarekin eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin koordinaturik.
Jarduketa Espainiako Ganberaren Planari emandako EGEF funtsaren bidez eta Nafarroako Gobernuaren bidez finantzatuko da, hitzarmen honen eranskinean adierazten den proportzioan.
4. Nafarroako Gobernuaren Mentoretza programa ez-formalaren kudeaketa.
Nafarroako Gobernuak 2017an nazioartekotzearen arloan Nafarroako Ganberari egindako esleipenean, mentoretza programa bat diseinatzeko eskatu zitzaion Ganberari, eta aholkulari boluntarioak aukeratzeko, nazioartekotzearen esparruan esperientzia handikoak eta programan parte hartzeko gogotsu zeudenak. Nafarroako Ganberak 15 pertsona aukeratu zituen, hainbat enpresa sektoretan esperientziadunak eta lan egin duten enpresetan nazioartekotze arrakastatsua lortu dutenak.
2018an, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren xedea da programa irailean abiaraztea.
Horretarako, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak ardura hauek eman dizkio Nafarroako Ganberari:
–Irailean, informazio eta prestakuntza jardunaldi bat antolatzea. Asociación Española de Mentoring elkarteak parte hartuko du bertan, eta mentoretza programa baten edukia azalduko da, baita halako programa batetik zer espero daitekeen ere.
–Mentoreen fitxak egitea, CVa, espezialitatea, sektoreak eta herrialdeak adierazita, Datuak Babesteko Europako Erregelamenduan xedatutakoari jarraiki.
–Mentore gisa arituko direnek hartutako sektoreen eta herrialdeen zerrenda bat egitea, interesa duten enpresei emateko.
–Mentoretza programa pilotua kudeatzea. Irailetik abendura arte egonen da zabalik eta 2019ra arte luzatuko da, 2018an eskatutako prozesuek irauten duten bitartean.
–Enpresa eskatzaileak eta mentoreak bikoteka jartzea, egokitzapenaren arabera.
–Mentoretza prozesuan egindako bileren jarraipena egitea.
–Prozesuaren ebaluazioa egitea.
Eskatutako informazio guztia, programaren azterketarekin eta balizko hobekuntzekin batera, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura bidaliko da, esleipenaren azken justifikazioa aurkezten denean.
Programaren bilakaeraren berri emanen zaio hilero Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari.
Aurkezpen ekitaldiko programak, gutxienez, ondoko alderdi hauek bilduko ditu:
1.–Nafarroako Mentoretza Programaren aurkezpena eta entitate parte-hartzaileen zeregina.
2.–Mentore lana:
a) Zer da eta zer ez da mentore lana?
b) Lan esparrua.
c) Mentoretza, coaching eta aholkularitzaren arteko desberdintasunak.
3.–Rolak enpresen mentoretza programetan. Konpromisoak eta itxaropenak:
a) Entitate sustatzailea.
b) Entitate bermatzailea.
c) Mentorea.
d) Mentorea edukiko duen enpresaren “mentee” delakoa.
4.–Lanabesak eta eskura dauden baliabideak.
5.–Programaren egitura eta mugarriak.
6.–Mentoreen aurkezpen laburra.
7.–Bertaratutakoen artean iritziak trukatzea.
Bigarrena.–Ganberaren betebeharrak.
Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak konpromiso hauek hartzen ditu:
–Esleipen honen xedeko jarduketak egitea, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak ematen dizkion jarraibideekin bat.
–Nafarroako Gobernuarekin koordinatzea, bi erakundeek batera antolatutako jarduerak diseinatzeko eta kohesioz gauzatzeko.
–Esleitutako jarduketak garatzeko eta zabaltzeko sortzen diren agiri guztietan adieraztea Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ganberarekin elkarlanean egindako jarduera dela, eta bertan txertatzea Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Nazioarteko 3. Planaren eta Nafarroako Ganberaren logoak.
–Lankidetzan antolatutako jarduketetarako sortzen diren agiri guztietan ondoko hauen logoak jartzea: Nafarroako Gobernuarena, Nafarroako Nazioarteko 3. Planarena, Nafarroako Ganberarena, Ganberaren Planarena eta EGEFarena.
–“Lankidetzarako esparru-hitzarmena Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren artean. Kudeaketa-esleipenak arautzeko oinarriak” izenekoaren 7. c1 atalean jasotako gainontzeko betebeharrak betetzea.
–Espainia-Estatu Batuak Foroaren antolaketaren kostuak Ganberaren Planarekin eta EGEF Funtsekin kofinantzatzea, hitzarmen honen eranskinean adierazitako zenbateko eta ehunekoei jarraikiz.
–Estatu Batuetako misioetan parte hartuko duten enpresen bidaiak eta agendak Espainiako Ganberaren eta EGEF Funtsen bitartez kofinantzatzea.
–17/2015 Foru Legearen 38. artikuluan jasotako aurreikuspen guztiak betetzea, eta, zehazki, esleipen honi dagokionez, ezagutzera ematea hemen aurreikusitako baliabide ekonomikoak jaso dituela.
Hirugarrena.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren betebeharrak.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak konpromiso hauek hartzen ditu:
1. Beharrezkoa den informazio guztia Ganberaren esku jartzea eta behar diren kudeaketak egitea, esleitutako lanak errazte aldera.
2. Nafarroako Ganberarekin koordinatzea, esleipen honen jarduerak behar bezala garatzeko.
3. Estatu Batuetako misioen deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta bertan adieraztea jarduerak Nafarroako Ganberarekin koordinatuta eta EGEF funtsekin kofinantzatuta daudela.
4. Lehenengo klausulan aipatutako jarduketak egiteko, gehienez ere 77.631,12 euro ordaintzea Nafarroako Ganberari, Nafarroako Gobernuaren Aurrekontuen kargura eta Europa Batasuneko funtsen kofinantzaketarik gabe. Diru hori honela banatuko da:
1.–Datu base bat diseinatzea eta nazioartera ateratako enpresen errolda eguneratzea: 12.952,96 euro.
2.–Enpresak Estatu Batuetara joateko misio zuzenaren antolaketa bateratua: 5.473,10 euro.
3.–Automobilaren eta mekatronikaren sektoreko aukerak Estatu Batuetan identifikatzeko agenda instituzionala: 23.389,90 euro.
4.–Ekintzailetza Estatu Batuetan, misio bateratua: 5.677,26 euro.
5.–Espainia/Estatu Batuak Foroaren antolaketa bateratua: 20.662,90 euro.
6.–Mentoretza programaren kudeaketa: 9.475,57 euro.
Jarduketa batean hari esleitutako aurrekontua baino gehiago gastatuz gero, konpentsatu egin daiteke, baldin eta beste jarduketa batean horri esleitutako aurrekontua baino gutxiago gastatzen bada, betiere jarduketari esleitutako aurrekontuaren %10eko gorabeherarekin gehienez.
–Egindako ekintzen justifikazioa eta ordaintzeko modua:
1. Aurreko atalean zehaztutako diru kopuruak erabiliko dira Ganberak, esleitu zaizkion lanak egiteko, izaten dituen gastuak konpentsatzeko, hitzarmen honi erantsitako aurrekontuan azaltzen denaren arabera.
2. Diru hori Ganberari ordainduko zaio bukaerako exekuzio memoria eta izandako gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren; zehazki, honako hauek:
a) Gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, Ganberaren arduradun ekonomikoak eginak, non agertuko baitira egotzitako gastuen datuak eta egindako ordainketak, frogagiriak erantsita, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak konprometitutako gehieneko mugaraino.
b) Langileria gastuak justifikatzeko, langileen nominak, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 kotizazio agiriak (epe horri dagozkionak), PFEZaren atxikipenen eredua eta aipatutako gastuak ordaindu izanaren banku agiriak aurkeztu beharko dira. Zehaztasunez justifikatuko dira, halaber, kudeaketa-esleipeneko zereginei egotzitako orduak.
c) Gainerako zuzeneko gastuak justifikatzeko, gastu horien jatorrizko fakturak eta ordaindu izanaren banku agiriak aurkeztu beharko dira, baita gastuak hainbanatzeko erabilitako metodo zuzen eta justua azaltzeko memoria ere, bidezko bada.
d) Zeharkako gastuen ehunekoa, hain zuzen ere langileen gastuen %10a, itxitako azken ekitaldian eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituta justifikatuko da, oro har onartutako kontabilitateko printzipio eta arauekin bat.
e) Gastuen artean ezin da zeharkako zergarik sartu, berreskuratu edo konpentsatzeko modukoak badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, gastu gisa egozteko baldintzak betetzen dituenean, 390 eredua aurkeztu beharko da, hots: “Balio erantsiaren gaineko zergaren urteko laburpena-aitorpena”.
Kudeaketa-esleipenaren ordainketa bi zatitan eginen da, programatutako jarduerak gauzatu izanaren frogagiriak egiaztatu ondoren.
2018an egitekoak diren jardueren justifikazioa aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 30a izanen da.
Mentoretza arloko eta Brexitaren behatokiaren ekintzen amaierako justifikazioa aurkezteko azken eguna 2019ko ekainaren 15a izanen da.
Laugarrena.–Jarraipen Batzordea.
Esleipen hau egoki gauzatzen dela ziurtatzeko, Jarraipen Batzorde bat eratu da. Batzorde horretako burua Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da, edo horren eskuordetza hartzen duen pertsona, eta bi batzordekide hauek ere izanen ditu: bata, Zuzendaritza Nagusi honek izendatua, eta, bestea, Ganberak izendatua.
Batzordeko buruak boto erabakigarria izanen du. Zuzendaritza nagusi horrek izendatuko du batzordeko idazkaria, zeinak hizpidea izanen baitu baina botorik ez.
Batzordearen funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluan, 3. atalean administrazio publikoetako kide anitzeko organoei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio, eta, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan xedatutakoari.
Bosgarrena.–Auziak ebaztea.
Alderdien artean sortzen diren eztabaida eta auzien gainean Jarraipen Batzordean adostasunik lortzen ez bada, Garapen Ekonomikorako kontseilariak ebatziko ditu, eta, bidezko bada, administrazioarekiko auzien gaineko jurisdikzio-ordenari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Seigarrena.–Iraupena.
Kudeaketa-esleipen honek sinatzearekin batera hartuko du indarra, 2019ko ekainera arte.
Esleitzen diren jarduerak nola garatzen diren, epe hori luzatzen ahalko da, Jarraipen Batzordeak proposatuz gero eta bi alderdiek berariaz hala erabakita.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia. Izaskun Goñi Razquin | Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako lehendakaria Javier Taberna Jiménez |
I. ERANSKINA
Kudeaketa-esleipenaren ekintzen aurrekontu osoa (eurotan)
EKINTZEN GASTUAK, GUZTIRA | FINANTZATZAILEA | |||
EGEF | Enpresak | Nafarroako Gobernua | ||
ERROLDA | ||||
2018 | 12.952,96 | 0 | 0 | 12.952,96 |
NEKAZARITZA MISIOA AEBetan | ||||
2018 | 58.742,77 | 28.185,63 | 25.084,03 | 5.473,10 |
AGENDA INSTITUZIONALA AEBetan | ||||
2018 | 23.389,20 | 0 | 0 | 23.389,20 |
EKINTZAILETZA AEBetan | ||||
2018 | 47.621,56 | 22.742,62 | 19.201,68 | 5.677,26 |
FOROA AEBetan | ||||
2018 | 32.724,90 | 12.062,00 | 0 | 20.662,90 |
MENTORETZA PROGRAMA | ||||
2018 | 6.735,05 | 0 | 0 | 6.735,05 |
2019 | 2.740,65 | 2.740,65 | ||
GUZTIRA | ||||
2018 | 182.166,44 | 62.990,25 | 44.285,71 | 74.890,47 |
2019 | 2.740,65 | 0,00 | 0,00 | 2.740,65 |
GUZTIRA | 184.907,09 | 62.990,25 | 44.285,71 | 77.631,12 |
Iragarkiaren kodea: F1809623
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
