1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
59/2018 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, aurretiazko administrazio baimena ematen duena Cavar-3A haize-parkerako, Valtierrako udal-mugartean.
2018ko otsailaren 21ean, Renovables de la Ribera SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Cavar-3A haize-parkerako. Haize-parkeak 8 haize-sorgailu ditu, bakoitza 3.465 kW-ekoa, eta instalatutako potentzia guztira 27.720 kW-ekoa da, Valtierrako udal-mugartean.
Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko haize-parkeen udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zen. Gobernuaren erabaki horrek ezartzen duenez, Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3A eta Cavar-3B haize-parkeak, baita horiei lotutako instalazioak ere, espedientera ekarritako dokumentazio teknikoan ezarritako baldintzak betez garatu beharko dira, baita Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 10ean emandako 1209E/2016 Ebazpenean ezarritako baldintzak betez ere; ebazpen horren bidez eman zen aurreproiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluaren arabera, espedientean dago garraio sarearen kudeatzailearen sarbide eta lotura baimena (erref.: DDS.DAR.18-1383 2018ko ekainaren 18koa) 400 kV-eko La Serna azpiestazioan.
Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, “nahitaezko jendaurreko aldiaren tramitea berbera izanen da plan berezia edo proiektu sektoriala tramitatzeko nahiz instalazioen administrazio baimena emateko”.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoa, bai eta Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa ere, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatzen du enpresaren eskaera onartzea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Renovables de la Ribera SLri aurretiazko administrazio baimena ematea Cavar-3A haize-parkerako, eta hamabi hilabeteko epea ematea eraikuntza proiektua aurkezteko.
2. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari; Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari; Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoari; eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalari.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen hau Renovables de la Ribera SLri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
Iruñean, 2018ko uztailaren 5ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.
Iragarkiaren kodea: F1808840