160. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

621E/2018 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena Belaguako “Ángel Olorón” mendi-aterpea zaharberritzeko proiekturako, Izabako udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioa da.

2018ko maiatzaren 11n, Belaguako “Ángel Olorón” mendi-aterpea zaharberritzeko proiektuari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Izabako Udalak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak aurreikusten duenez 7.2.b artikuluan, I. eta II. eranskinetan sarturik ez dauden baina Natura 2000 Sareko naturagune babestuei, zuzenean nahiz zeharka, nabarmen eragin diezaieketen proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izanen dira.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumenei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten.

Kontsulta egin zaie 22 entitateri, eta haietako 3ren erantzunak jaso dira. Kontsulta egindako entitateen zerrenda eta erantzunen laburpena ingurumen eraginaren txosten honen I. eranskinean jaso dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumeneko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende jartzeari edo txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen eraginaren txostena, aldekoa, emateari buruz.

Proiektuan jasotako jarduketaren xedea da “Ángel Olorón mendi-aterpea” izan zenaren eraikina zaharberritzea, jatorrian zuen erabilera emateko, mendiko aterpearena alegia, egiturazko eta eraikuntzazko elementu guztiei eta instalazioetakoei egungo estandarren eta araudien araberako soluzioa emanez. Zaharberritzea egiteko, irizpide bioklimatiko eta bioeraikuntzakoak erabiltzea planteatzen da: sistema pasiboak (eguzkialdia, inertzia, isolamenduak), energia berriztagarriak (eguzkiarena, hidraulikoa, biomasa), konpostagailu lehorrak, ur grisen bereizketa eta iragazki biologikoen bidezko arazketa, bai eta urbanizazio biguna ere (desmuntagarria eta berrerabilgarria).

Zuzkidura hau erabiliko da mendizaleei eta eskiatzaileei zerbitzu emateko, bertan lo egiteko aukerarekin, jarduera prestatuak eta gidatuak eginen dituzten eskola-umeei eta gazteei, L’Abérouateko aterpean egiten den bezala, bai eta bisitariei ere.

Ingurumen eraginaren txosten honen II. eranskinean xeheki azalduta daude jarduketa eta aurreikusitako sistemak eta zuzkidurak.

Aurkeztutako dokumentazioan ingurumen eraginaren azterlan bat dago, aterpea kokatuta dagoen eremuaren ingurumen balorazio egokia egiten duena, eta intereseko edo katalogatutako flora eta faunarena ere, kontuan hartuta “Larra-Aztaparreta” Zainketa Bereziko Eremuaren eta “Larra” izeneko 12. natura-erreserbaren ondo-ondoan dagoela.

Eraikitzeko eta ustiatzeko faseetan izanen diren ukipenak edo eragina baloratzen dira azterlanean, bai eta eremuan orain dauden zuzkidurei, jarduerei eta zerbitzuei aterpearenak gehitu ondoren gertatuko diren eragin metatuak ere.

Neurri zuzentzaile egokiak proposatzen ditu, besteak beste honakoak: zaharberritzeko lanaren beraren diseinu neurriak; zuzkidura motaren hautaketa, hots, eragin txikikoa, energia behar txikia duena eta jasangarria; kudeaketa eta garbiketa neurriak aterpearen inguruan fauna oportunistarik ez erakartzeko, bai lanen fasean bai ustiatzekoan; kudeaketa eta informazio neurriak aterpearen erabiltzaileek zeharkako eraginik izan ez dezaten katalogatutako floran eta faunan; Larra-Aztaparretako Erabilera eta Kudeaketa Planean laguntzea, trebakuntza eta informazio lanetan; KBEko zenbait tokitara garai delikatuetan txakurrekin sartzeko mugak; ingurumen aldetik egokiak diren bidezidorrak hornitzea, etab. Azkenik, ingurumen zaintzarako programa bat ere jasotzen du, eraikitze faserako nahiz ustiapenerako, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Departamentuarekin lankidetzan aritzeko proposamena eginez katalogatutako floraren eta faunaren jarraipenean, aterpearen erabileraren jarraipenean, gorabeheretan eta beste gai batzuetan.

Dokumentazioa behin aztertuta, adierazten da ez dirudiela ingurumen eragin aipagarririk izanen denik, ikusita zaharberritze lanen izaera eta eraikinaren erabilera, hau da, mendizale eta eskiatzaileentzako mendi-aterpearena, aplikatuz gero diseinurako proposatu diren neurriak eta neurri zuzentzaileak, bai eta ingurumen zaintzarako proposatutako programaren garapenaren arabera ere.

Alde horretatik, hornidura, energia, aireztapen, berokuntza eta arazketa sistemei buruz aurkeztutako justifikazioa, deskribapen teknikoa eta kalkuluak ikusita, natur ingurunearen gaineko zeharkako ukipenak ezabatu edo gutxitzeko bide ematen dute, baina proposatutako sistemen egokitzapen maila eta funtzionamendu ona zaindu beharko dira jarduera sailkatuaren lizentziaren barruan, batez ere uren eta gorotzen arazketari dagokionez.

Ingurunearen gaineko eragin zuzenekoari dagokionez, soilik aipatu beharrekoa da horniduraren hartunea kokatuta dagoen iturria eta erreka-zuloan emariak neurri batean kenduko direla, baina hori ingurumen balioak arriskuan ez dauden tarte batean gertatuko da, emari naturala hein handi batean oneratzen den erreka-zulo batean, uretan beherago, aurreikusitako arazketa egin ondoren oneratu ere; beste eragin bat larre naturalen okupazioa da, bertatik eraman behar diren hornidura hodiak eta proposatutako arazketa sistemarako eraikinaren kanpoko elementuak egin eta paratzean. Okupazio hori 50etik 100 m²-ra bitartekoa izanen dela kalkulatzen da, gehienez ere.

Proiektuaren inpaktu bisuala edo paisaiaren gainekoa eraikinak berak eragindakoa da, arkitektura berezia duelako, baina zaharra denez bat egina dago inguru hartako paisaiarekin eta, hortaz, haren estetika dela-eta, ez da beharrezkoa ezkutatzea edo disimulatzea. Halere, eraikinen ondoko perimetroan, toki hondatu samar batzuk daude, eta haien erabilera edo zeregina argi ez daudenez, epe ertainean urbanizazioan sartu beharko lirateke mugaketa eta xede zehatzekin, baldin badituzte; beharrezkoak ez badira, ordea, eraitsi beharko lirateke eta gune horiek leheneratu. Bestetik, eguzki panel fotovoltaikoak eta termikoak paratzeak eragina izan dezake ingurune hura inguruetatik ikusteko moduan, ziurrenik Belagua ibaitik hegoaldera dauden mendietatik dagoen ikusmiran.

Aterpearen erabilerari dagokionez, aurreikusi eta baloratzen da ibiltariena, autobusekin jardueretara joaten direnena, eta beste batzuena, (bertan lo eginda nahiz lo egin gabe), baina aparkalekua ez dagoenez proiektuan sartuta, eskaintza hori onartzeko proposamena handitu beharko litzateke, barne hartuta aparkalekua aldatu eta azalera hura hobetzeko lanak ere, erabili behar ez den eremua eraitsiz eta leheneratuz eta hidrokarburoak biltzeko eta bereizteko sistema bat ezarriz.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak adierazi du ez dela beharrezkoa proposamenaren gaineko ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioa izapidetzea, eta aldeko txostena eman du proposamenaren ingurumen eraginari dagokionez, proiektuan sartutako eremuaren balioekin (natura ingurunekoak eta ikusmirakoak) bateragarria dela ulertuta, baldin eta exekuzioa diseinuko ingurumen proposamenen araberakoa bada, balizko ingurumen eraginak zuzentzeko aurkeztutako dokumentazioan proposatzen diren neurriak betez eta espedienteak erantsia duen ingurumen zaintzako proposamena garatuz.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakorekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren txostena ematea Belaguako “Ángel Olorón” mendi-aterpea zaharberritzeko proiekturako, Izabako udal-mugartean. Txostenak ezartzen du proiektuak ez duela ingurumenaren gaineko eragin esanguratsurik, ebazpen honetako baldintzekin eta hemen jasotako neurriekin. Sustatzailea Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioa da.

2. Aldeko ingurumen eraginaren txosten honek neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Zaharberritzeak berak sortutako hondakinak haien izaeraren arabera kudeatuko dira, hondakinei buruzko legeria indarduna betez.

–Larreetan, arazketa sistemarako kanpoko elementuak ezarriko diren eta edateko uraren hornidurako nahiz turbinako hodiak ustez paratuko diren aldean, instalazio berrietarako zangak eta tarteak zulatu aurretik, landare lurra garbitu beharko da (posible bada zotalak kenduko dira), zangak eta eraikinaren inguruko beste toki batzuk leheneratzeko.

–Jarraipena eginen da funtzionamenduaren egokitasunaz, zaratak, aireztapena eta abar kontrolatzeko sistemez ere, eta bereziki arazketa sisteman eta iragazki biologikoaren aireztapenaren definizioan.

–Batez ere, isurien kontrolari buruzko datuak bildu eta haien jarraipena eginen da, unean uneko funtzionamendu arazoak edo funtzionamenduko akatsak atzemateko, horrek indize onargarriak ez betetzea ekartzen badu eta, horren ondorioz, aterpea aldi baterako itxi beharra baldin badago arazketa sistema aldatu edo akatsak dituen sistema konpondu arte.

–Energiaz hornitzeko sistema handitu edo aldatu behar izanez gero, edo komunikazio antenaren bat jarriz gero, ingurumen arloko izapidetzea bete beharko da, eta, kontuan hartu beharko diren alderdietako batzuk izanen dira, beharrezkoa bada, instalazioak agerian egotea, haien inpaktu bisuala eta hegaztien gainean izan dezaketen eragina.

–Hegaztientzat talka egiteko arriskua ekar dezaketen elementuen balizko eraginen gaineko segimendua eginen da, hala nola: leihoak, eguzki panelak, tentsoreak, etab., ukipen horiek gutxituko dituzten neurri errazak jartzeko, beharrezkoak badira. Edonola ere, orain dagoen tximistorratzaren tentsoreek, hura eraisten ez bada, bai eta halako tentsoreak behar dituen zutikako edozein elementu berrirenek ere, seinalizaturik egon beharko dute, hegaztiek hobeki bereizteko eta talka arriskua saihesteko.

–Epe ertainera, aterpeko eraikinen ondoko ingurua hobetzea aztertuko da, argi mugatuta eta sektorizatuta egon dadin; horrez gain, bazterreko espazioak birlandatuko dira, ondoko larreekin bat egiteko edo lorategi bihurtzeko, aterpetik hurbilen dauden tokien kasuan.

–Aparkalekuaren erabilera handitzen bada, hidrokarburoak bildu eta bereizteko sistema bat aurreikusi beharko da gutxienez; komeni da proiektu bat egitea aparkalekuaren azalerari neurri berriak eta erabilerarik onena emateari buruz, eta, horrekin batera, erabili behar ez den eremua eraitsi eta leheneratzeari heltzea.

–Aterpearen arduradunek Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Pirinioaldea Kudeatzeko Atalarekin koordinatu beharko dute, mendizaleei inguruen erabilerari buruz ematen zaien informazioan sar ditzaten eremuan ezar litezkeen mugak eta gomendioak, habitatak, flora eta fauna katalogatua babestekoak, eta Nafarroako Gobernuko unitate tekniko horrek aterpearen erabiltzaileei eskaintzen zaizkien jardueren berri izan dezan.

–Lanak hasten direnean, batez ere larreetan hornidura hodien eta arazketa sistemaren zuinketa egitean, abisua igorriko zaio Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Ataleko Ingurumen Jarraipenerako Bulegoari, haren jarraipena egin dezan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Izabako Udalari, Basozaintzari (3. barrutia, Erronkari-Zaraitzu) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 27an.–Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendaria, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ordezkoa (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak 2015eko abenduaren 23an eman eta 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8an, argitaratutako 316/2015 Foru Aginduaz baliatuz), Fermín Olabe Velasco.

I. ERANSKINA

Kontsulta egin zaien entitateen zerrenda, 21/2013 Legearen
46. artikulua betez, eta jasotako erantzunen laburpena

KONTSULTA EGIN ZAION ENTITATEA

ERANTZUNA

IZABAKO UDALA

ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA

VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIA

HERRI LAN ZUZENDARITZA NAGUSIA

X

KUTSADURAREN AURKAKO AURRENEURRIEN ATALA. EKONOMIA ZIRKULARRAREN ETA URAREN ZERBITZUA

X

INGURUNE NATURALAREN PLANGINTZA ESTRATEGIKORAKO ATALA. NATUR INGURUNEAREN ZERBITZUA

PIRINIOALDEA KUDEATZEKO ATALA. NATUR INGURUNEAREN ZERBITZUA

LURRALDEAREN ANTOLAMENDUAREN ETA ESTRATEGIAREN ATALA. LURRALDE ETA PAISAIA ZERBITZUA

X

LANDA GARAPENEKO, NEKAZARITZAKO ETA ABELTZAINTZAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA

MERKATARITZA ETA TURISMO ZUZENDARITZA NAGUSIA

TURISMOA ETA MERKATARITZA ANTOLATU ETA SUSTATZEKO ZERBITZUA

DÉPARTEMENT DES PYRÉNÉES-ATLANTIQUES DÉLÉGATION DE BAYONNE

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

NAFARROAKO UDAL ETA KONTZEJUEN FEDERAZIOA

NAFARROAKO UNIBERTSITATEA, ZIENTZIETAKO FAKULTATEA. ZOOLOGIA ETA EKOLOGIA DEPARTAMENTUA

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA. LANDA INGENIARITZAREN ETA PROIEKTUEN DEPARTAMENTUA

ECOLOGISTAS EN ACCION DE NAVARRA- EKOLOGISTAK MARTXAN IRUÑEA

GURELUR-INGURUNE NATURALA BABESTEKO NAFARROAKO FUNTSA

LURRA LURRAREN DEFENTSAREN ALDEKO ELKARTEA

SUSTRAI ERAKUNTZA FUNDAZIOA

LANDAZURIA

WWF/ADENA

SEO/BIRDLIFE

Hona jasotako erantzunen berri:

Herri Lan Zuzendaritza nagusiak jakinarazi du proposamena eta eremu hartan aurreikusitako proiektuak bateragarriak direla eta, edonola ere, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoa bete beharko dela.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak jakinarazi du ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluan (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) xedatutakoarekin bat, “Lurzoru urbanizaezinean –bai babestutakoan, bai gorde beharrekoan–, jarduera eta erabilera onartuak izanen dira lurzoru urbanizaezina babestu eta zaintzeko helburuekin berez bateragarriak direnak, eta bermatzen dutenak lurzoru hori babestu edo gorde behar izateko aintzat hartutako balioak edo arrazoiak ez dituztela aldatuko”.

Artikulu horretan xedatutakoaren ondorioetarako, honako hauek jotzen dira jarduketa onartutzat:

a) Lehendik dauden eraikin edo instalazioetako esku-hartzeak, betiere jarduera edo erabilera aldatzen ez bada eta bolumena handitzen ez bada, eta zerbitzu berririk behar ez badute.

Erabilera eta jarduera onartuek ez dute beharko lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenik, baina horrek ez du esan nahi beste organo edo administrazioen lizentzia, baimena edo txostena beharko ez dutenik.

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak adierazi du argibideak behar dituela gai batzuei buruz, batez ere, planteatzen den arazketa sistemaz eta aparkalekuan biltzen diren uren arazketarako neurriez. Sustatzaileekin bilera egin ondoren, dokumentazio osagarria jaso da, informazio zabalagoa emanez, bai oro har bai arazketa sistemaz bereziki, diseinuko aldaketa batzuekin. Dokumentazio berrian aipatzen da, halaber, egungo aparkalekua izapidetze honen xede den proiektutik kanpo dagoela.

II. ERANSKINA

Jarduketaren eta aurreikusitako sistemen eta zuzkiduren azalpen xehea

Beheko solairuan oztopo arkitektonikoak kentzen dira, egungo estalpea (negutegia) aldatu eta handitzen da, sarbide zuzen bat diseinatzen da gune publikorako (egongela-jangela, taberna, sukaldea eta komunak dituena hegoalderantz), erabilera anitzeko gela bat diseinatzen da aurreko gunearekin lotuta, bi logela irisgarri iparraldeko absidean, eta aldagela eta gela osagarriak harrera gelaren eta logeletara igotzeko eskaileren ondoan. Lehen solairuan 4 logela daude, 34 lagunentzako tokiarekin, eta komunen eta dutxen bloke nagusia. Hegoalderantz bi logela daude, 10 lagunentzako tokiarekin (zaintzaileak eta langileak); egongela, sukalde eta bainugela independenteak ditu eremuak. Bigarren solairuan, lojamendua beste 4 logelarekin osatzen da, 22 lagunentzako tokiarekin, eta horrekin batera bainugelak eta zerbitzurako tokiak.

Erdi sotoko solairuan biltegiak, instalazioak eta aterpe librea egonen dira, kanpotik zuzeneko sarbidearekin.

Egun dagoen eraikin erantsia ere zaharberrituko da, erabilera mantenduz (garajea); estalkia aldatuko da, eguzki panelak jartzeko, eta teilatu azpian haien ekipoak.

Kanpoko urbanizazioa aparkalekuetatik sarbideak (arrapalak) antolatzera mugatzen da. Dagoen malda aprobetxatuz, plataforma-terraza gisako bat sortzen da, eta haren azpian egur-toki bat, lurraren kontra bermatua.

Erreformarako proiektuan aterpearen inguratzailea aldatu da, gorputz erantsi batzuk kenduz (txapitulak) eta beste batzuk gehituz, perimetroa erregularizatzeko (hegoaldeko absidea soto erdia). Horri guztiari esker, formako faktorea hobea da eta kanpoaldea eraikitzeko nahiz mantentze lanetarako errazagoa.

Bestalde, hirugarren solairu osoa eraitsiko da, bizitzeko moduko gutxieneko altuera lortzeko.

Argindarra turbina hidraulikoaz ekoiztea planteatzen da, egungo ur-hartuneko 2-3 l/s-ko emariaz elikatuta. Desnibela 100 metrokoa da errepideko biltegiraino, gehi beste 24 metro aterpearen mailaraino, bertan jarriko baita turbina; ura bertako errekara itzultzen du. Energia fotovoltaikoa ere lortuko da, 30 panel fotovoltaiko paratuta (51 m²-ko azalera). Aukera eolikoa ere zabalik dago, baita fotovoltaikoa handitzekoa, beste 16 panel jartzeko tokia dagoelako, eta seriean beste turbina bat jartzekoa ere.

Ura Lakora mendiaren hegaletan dagoen hartunetik eta errepidean dagoen biltegitik hartuko da. Klorazio automatikoa paratuko da. Biltegiaren aurretik “T” itxurako deribazio bat eginen da, eta bertatik, egungo hodiaren trazadurari segituz, bi hodi paratuko dira, bata ur kloratuarena eta bestea kloratu gabekoarena, arestian aipatutako turbina hidraulikoa elikatzeko. Turbinatik pasa ondoren, ura erreka-zulora isurtzen da, proposatutako arazketa sistemaren irteeratik uretan gora.

Ur berorako eguzki instalazio termiko bat proiektatzen da, 12 panelekin (24 m²) eta biomasako galdara bat. Zuzkidura horretarako instalazioak eguzki panelen azpian paratuko dira, garajeko goiko solairuan, eta sukaldetik sarbide zuzena izanen dute.

Eguzki berokuntza pasiboa, aurreikusitako elementu arkitektonikoekin, isolatzaileekin eta eraikuntzakoekin, eta biomasa bidezko berokuntza, metaketako berogailu zeramikoen bidezkoa, beheko solairuan horiek sortzen duten beroa eta lehen solairuko horma eta hodi irradiatzaileek sortutakoa aterpe osora hedatzen baita konbekzioz.

Aireztapen mekaniko kontrolatua ere planteatzen da, bi bero-trukagailurekin, eta bulkatze eta erauzte hodiak gela guztietan. Sistemaren funtzionamendua aterpeak unean-unean edo sasoiaren arabera dituen beharretara egokituko da, behar besteko aireztapena eta airearen kalitate nahikoa lortzeko eta elektrizitatearen kontsumoa gutxitzeko.

Planteatzen den arazketa biologikoaren sistemak elementu batzuk ditu:

–Bainugeletako eta sukaldeko ur grisak bereizi eta dekantagailu-digestore batera bideratzea, bertatik arazketa biologikorako aurreikusitako sistemara bidaltzeko.

–Pixa jatorrian bereizi, bildu eta dekantagailu-digestorera eramaten da, bertan ur grisekin elkartu eta arazketa biologikorako aurreikusitako sistemara bideratzeko.

–Gorotzak inodoro lehorren bidez bildu eta biltegietara joaten dira. Digestio aerobioak sortzen duen konposta kendu eta kudeatzaile baimendu batera eramanen da. Lixibiatuak biltegiaren beheko aldean bildu eta dekantagailu-digestorera joaten dira.

–Arazketa biologikorako aurreikusi den sistema iragazki biologiko bat da, marka komertzial ziurtatua duena; hezegune bertikalez eginiko sistema bat da, fabrikatzaileak “azal azpiko fluxua duen hezegune aurrefabrikatua zirkulazio bertikalarekin” deitzen duena, betegarri mineralaren ordez landare jatorria duen betegarria erabiltzen duena, arazketa gauzatzen duten mikroorganismoen euskarri.

–Amaierako etapan infiltrazioa egiten da harean, aska estanko baten bidez kontrolatua, lurrean kontrolik gabeko infiltraziorik gerta ez dadin. Inguru karstikoa denez, egokiagoa da azken isurketa aurreikusitako ur-ibilguan egitea, ura baitu urte osoan. Tratamendu tertziarioak atxikitze mekanikoko eta adsortzioko prozesuak sortuko ditu, eta horrela arazketa orokorreko prozesua burutu eginen da azken isurketa egin aurretik.

Iragarkiaren kodea: F1809614