Iragarkia
16. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
17/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka baten deialdia onesten duena.
Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka baten deialdia onetsi du Administrazioa eta Finantzak arloko Lanbide Heziketako goi mailako titulua duten pertsonei behar den ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa emateko, arlo publikoan zein enpresa pribatuan sortzen den lanari erantzun ahal izan diezaioten.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka baten deialdia onestea.
2. Beka emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 20.113,44 euroko gastua baimentzea, betiere kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean; gastu hori zenbait urtetan banatuko da, honela:
–2018. urterako gastua, guztira 8.380,60 euro, 2017ko Gastuen Aurrekontuko “Prestakuntza bekak” izeneko 810002-81400-4800-145100 partidaren baliokidea den partidaren kargura ordainduko da. Diru hori, hain zuzen ere, 800 euroko hamar hilekori dagozkio, gehi 38,06 euro hilero Gizarte Segurantzaren kotizazioarentzat.
–2019. urterako gastua, guztira 10.056,72 euro, aurreko atalean aipatutako partidaren baliokide izateko Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretan gaitzen den partidaren kargura ordainduko da. Diru hori, hain zuzen ere, 800 euroko hamabi hilekori dagozkio, gehi 38,06 euro hilero Gizarte Segurantzaren kotizazioarentzat.
–2020. urterako gastua, guztira 1.676,12 euro, aurreko atalean aipatutako partidaren baliokide izateko Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretan gaitzen den partidaren kargura ordainduko da. Diru hori, hain zuzen ere, 800 euroko bi hilekori dagozkio, gehi 38,06 euro hilero Gizarte Segurantzaren kotizazioarentzat.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2018ko urtarrilaren 9an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ordezkoa baita, Yolanda Blanco Rodríguez (Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 19ko 95/2015 Foru Agindua, 2015eko 238. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa).
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honen xedea da Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka bat ematea, Administrazioak eta Finantzak arloko Lanbide Heziketako goi mailako titulua duten pertsonei zuzendua, eskualde-politikak dakartzan betebeharrak direla-eta Europako funtsen kudeaketaren eta kontrolaren arloan trebatu daitezen sustatzeko.
2. oinarria.–Bekaren iraupena.
Prestakuntza bekak, hasiera batean, hamabi hilabete iraunen du, beka emateko ebazpenean ezartzen den hasiera egunetik kontatzen hasita; gero, beste 12 hilabetez luzatzen ahalko da, aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.
Beka luzatzen bada, ez da inola ere aldatuko bekaren izaera.
3. oinarria.–Bekaren zenbatekoa.
Prestakuntza bekak, hilero, 838,06 euroko zuzkidura du. Horietatik 800 euro onuradunari ordainduko zaizkio, hilabete bakoitza bukatutakoan, eta 38,06 euro Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaintzeko izanen dira.
Bekadunari ordaintzen zaion dirua ez da inola ere soldata edo ordainsaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
4. oinarria.–Bete beharrekoak.
1. Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
d) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat. Hori egiaztatzeko, eskabideari erantsitako “erantzukizunpeko adierazpena” erabiltzen ahalko da.
e) Bekaren xedeko prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
f) 1. oinarrian aipatzen den titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.
g) Eskatutako titulua prestakuntza bekaren deialdi hau egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
h) Ingelesez jakitea, B1 edo tarteko mailaren pare, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.
2. Beka eskatzearekin batera, baimena ematen zaio departamentu honi aurreko ataleko a), b) eta c) letretan adierazitako baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko. Baimena ematen zaio, orobat, beka emateko proposamena egiten den unean onuradunak bere zerga betebeharrak egunean dituen egiaztatzeko (Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.2.e) artikulua).
Goiko d) eta e) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Eta azkenik, f), g) eta h) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, 5.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.
Baldintza guztiak prestakuntzaldiak iraun bitarte bete beharko dira.
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hamabost egun balioduneko epean eskatzen ahalko da prestakuntza beka.
2. Garapen Ekonomikorako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira eskaerak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki beharko da, edo NANa+PINa.
Hala egiterik ez badago, eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan aurkezten ahalko dira.
3. Eskaerekin batera, agiri hauen kopiak aurkeztuko dira:
a) Eskatutako titulua. Tituluan ikasketak noiz bukatu ziren agertu ezean, ikastetxeak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, hori frogatzeko. Titulua atzerriko ikastetxe batek luzatu badu, ikasketen homologazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
b) Curriculum vitae-a, alegatutako merezimendu guztiak zehatz-mehatz zerrendatuta (orri batean gehienez), eta behar diren ziurtagiriak.
c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, berariaz aipatuta zein deialditan gainditu zituen; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.
d) Alegatutako gainerako merezimenduen egiaztagiriak.
4. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak goian adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta argitaratuko dela.
5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
6. oinarria.–Ebaluazio Batzordea.
Ebaluazio Batzordea arduratuko da izangaien baldintzak egiaztatzeaz eta haien eskaerak ebaluatzeaz, lehentasun hurrenkera bat ezartzeko asmoz, hurrengo oinarrian ezartzen diren balorazio irizpideei jarraikiz. 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonen eskaerak ez dira baloratuko.
Kide anitzeko organo hori honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Miren Ausin Lecuna, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezkoa: Minerva Ullate Fabo, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Nazioarteko Ekintzaren Ataleko burua.
Batzordekide titularra: Ana Osés Marín, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Programen Ataleko burua.
Ordezkoa: Marina Roncal Delgado, Europako Lurralde Lankidetzarako Ataleko burua.
Idazkaria: Javier Garmendia Fernández, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Fondoak Kontrolatzeko Bulegoko burua.
Ordezkoa: Dolores Miranda Beguiristain, Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua.
7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.
Prestakuntza beka emateko, irizpide hauek erabiliko dira:
1. Alegatutako merezimenduak, baremo honi jarraikiz baloratuko direnak:
a) Ikasketa-espedientea.
Espedientearen batez besteko nota 45 puntuz baloratuko da gehienez, eskala honen arabera:
BATEZ BESTEKO NOTA | PUNTUAK |
7tik behera | 15,0 |
7 edo 7tik gorakoa eta 9tik beherakoa | 22,5 |
9 edo 9tik gorakoa | 37,5 |
9 edo 9tik gorakoa eta “Ohorezko matrikularen” aipamena | 45,0 |
b) Ingeles maila.
Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako ingeleseko ziurtagiria (B1 mailatik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27an, argitaratu zen ebazpen hori), 5 puntu bitarte lortzen ahalko dira, eskala honen arabera:
ZIURTAGIRIA | PUNTUAK |
B2 | 2,5 |
C1 | 5,0 |
c) Europar Batasunarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak:
Gehienez 15 puntu. 10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
Prestakuntza jardueretan parte hartu izana honela baloratuko da: 10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo 10 orduko prestakuntza tarte bakoitzeko.
Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.
d) Kontabilitatearekin, auditoretzarekin eta administrazio publikoarekin zerikusia duten beste prestakuntza ikastaro batzuk. Gehienez 20 puntu.
Aurreko atalean ezarritakoaren arabera baloratuko dira.
2. Aurrez aurreko elkarrizketa.
Gehienez 10 puntu emanen dira, kontuan hartuta zenbateraino menperatzen diren bete beharreko eginkizunekin lotutako gaiak, baita motibazioa, ekimena eta erantzunen argitasuna eta ordena ere.
Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, horretara bertaratzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu.
8. oinarria.–Laguntza emateko ebazpena.
1. Aurreko oinarrian adierazitakoaren araberako ebaluazioa bukaturik, Ebaluazio Batzordeak hautatutako pertsonaren aldeko proposamen loteslea igorriko dio organo eskudunari, beka jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela adierazita. Onartu diren pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.
2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia izanen da beka ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
3. Beka jasotzen ez dutenak zerrenda batean sartuko dira. Zerrenda horretan agertzen direnei aurrerago deitzen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren arabera, onuradunak bekari uko eginez gero edo beka hutsik gelditzeko beste gorabeheraren bat gertatuz gero.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Bekaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:
a) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea.
b) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.
c) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.
d) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
e) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
f) Organo eskudunari komunikatzea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.
h) Prestakuntza jarduera bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.
i) Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren barne edo funtzionamendu araudia betetzea, zuzendaritza horretan jardunen baitu.
2. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren.
Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, ezertan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.
10. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
1. Prestakuntza bekaren onuradunak hamar eguneko epean hasi beharko du jarduera, beka eman zaiola jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hala egin ezean, bekari uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez duen ikusten ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein arrazoi.
2. Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari eskaintzea beka, deusetan galarazi gabe lehenengo bekadunak uko egin arte zituen betebeharrak.
11. oinarria.–Jarduerak eta tutoretza.
1. Bekaduna, oro har, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bulegoetan arituko da (Arrieta kalea, 8, 5. solairua, Iruña), astean 30 orduz gehienez. Bekaren iraupenaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia dagokio.
Bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko ditu, eta eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.
2. Zerbitzu horren Europako Programen Atalean, jarduera hauek egin beharko ditu:
a) Europako Gizarte Funtsaren (EGIF) Programa Operatiboen, Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren (GEPO) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) Programa Operatiboaren jarraipena egitea.
b) Programen Jarraipenerako Batzordeetan parte hartzea, horiek betetzeaz arduratzen diren departamentu, unitate eta entitateekin koordinaturik.
c) EGIF, GEPO eta EGEF programetako diru-sarrerak kontrolatzea eta kudeatzaileen artean banatzea.
d) EGEF, GEPO eta EGIF programa operatiboak kudeatu eta kontrolatzeko sistemak deskribatu, aldatu eta eguneratzea.
e) Kudeaketa, ziurtapen eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak eskaturik, tarteko erakundeak gastuen ziurtapenei buruz egindako txostenak prestatzea.
3. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak izendatzen duenak zuzendu eta ikuskatuko du prestakuntza jarduera. Pertsona horrek tutoretza lanak eginen ditu, eta, zehazki, bekadunak egin beharreko zereginak agintzeaz, ordutegiak finkatzeaz eta haren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen ote dituen begiratzeaz arduratuko da.
12. oinarria.–Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
Bekadunaren lan edo jarduerak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionarioei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
2. Bekadunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri baitzen.
Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen direnek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.
13. oinarria.–Bateraezintasunak.
Deialdi honetako prestakuntza beka bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste beka batzuekin.
14. oinarria.–Araubide juridikoa.
Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
15. oinarria.–Publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko du emandako beka Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1800457
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
