16. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TXULAPAIN

Udal ordenantza, Ezkontza zibilak eta hilberrien aldeko agur edo omenaldi zibilak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Txulapaingo Udalak, 2017ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, Udalbatzako kideen legezko gehiengo osoa edukita, hasiera batean onetsi zuen Ezkontza zibilak eta hilberrien aldeko agur edo omenaldi zibilak arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Markalainen (Txulapain), 2017ko azaroaren 28an.–Alkatea, Pablo Rota Arrieta.

UDAL ORDENANTZA, EZKONTZA ZIBILAK ETA HILBERRIEN ALDEKO AGUR EDO OMENALDI ZIBILAK ARAUTZEN DITUENA

Hitzaurrea.

Gizarteak oro har ederki dakienez, Estatu akonfesional eta laiko batean, erakundeek pertsonen eta komunitateen askatasuna bermatu behar dute, ideologiaz, erlijioaz eta kultuaz den bezainbatean, muga bakarra dela ordena publikoa mantentzeko behar dena. Aldi berean, agerikoa da gure gizartearen aniztasun ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita, eta gure artean etengabe eraldatzen baitira ohituren eta ekitaldi sozialen adierazpenak.

Gaur egungo gizartean beharrezkoa da ezkontza zibilak eta hilberrien aldeko agur edo omenaldi zibilak egiteko aukera ematea, erlijiorik gabe bizitzea hautatu duten pertsonen omenez ospakizun duin eta pertsonalak egin ahal izateko, hildakoaren bizitza-ikuskeraren arabera, alegia.

Gure gizarte eta herrietako erlijio desberdinen jarraitzaileek hildakoak omentzeko ospakizun liturgikoak antolatzeko tokiak edo tenpluak dituzten gisa berean, Txulapaingo Udalari dagokio gure herritarrek gero eta maizago eskatzen duten behar sozialari erantzutea.

Hortaz, ordenantza honen xedea da Udaletxean egin izan diren ezkontza zibilak arautzea, bai eta omenaldi, agur eta bestelako ekitaldien baimena eta ospakizuna ere, Txulapaingo gizarte zibila osatzen duten ahaide, adiskide, erakunde edo entitateek beren hildakoen omenez egin nahi dituztenak, haiek gizarteari egindako ekarpenak edo haien balio etikoak eta gizarte-balioak aitortzeko antolatuak, alegia.

I. TITULUA

Ezkontza Zibilak

I. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

1. artikulua. Herritar guztiek, Txulapainen erroldaturik egon ala ez, eskatzen ahalko diote Alkatetzari ezkontza zibilak egitea Txulapaingo udal-mugartean.

Eskaerak zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen; horregatik, Txulapaingo Udalaren instalazioetan ezkontza zibila egin ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da lehenago titularrek organo judizial eskudunaren (Erregistro Zibila, bake epailea etab.) aldeko auto irmoa lortzea, Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen espedientea aldez aurretik haren aitzinean tramitatuta.

Eskabidea Txulapaingo Udalak horretarako ematen duen inprimakian egin beharko da; hura, baldintza guztiak bete ondoan, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hilabete lehenago, gutienez. Dagokion ordenantza fiskalean horretarako tasa baldin badago, ordainagiria aurkeztu beharko da eskatutako tasa ordaindu dela ziurtatuz.

Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horren arabera eginen dira erreserbak. Udalak lokal horien erabilerari dagokionez dituen premien arabera emanen da baimena, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimenduko dira eguna eta ordua, baita ezkontza zibila egitea zer zinegotziren eskutan utziko den ere, hala eginen bada.

2. artikulua. Ezkontzak egiteko ordutegi zehatzik finkatu ez den arren, ordua alkatearekin edo ospakizuna eginen duen zinegotziarekin adostuko da.

3. artikulua. Ezkontza zibilak egiteko Udalak jarri duen lehentasunezko tokia Udaletxeko osoko bilkuren aretoa da. Aipatu aretoa okupaturik badago, beste toki bat utziko da ezkongaien eskura; bestela, beste egun batean egiteko aukera izanen dute. Ezkongaiek horrela eskatuz gero, beste toki bat erabiltzen ahal da, baldin eta Alkatetzak berariazko baimena ematen badu.

Ezkontza eginen den aretoan apaingarriren bat erantsi nahi izanez gero (loreak etab.) ezkongaiek egin beharko dute, beren kontura; horretarako, Udalak ematen dizkien oharrei segitu beharko diete.

Udal jarduera dela-eta edo aurreikusi gabeko beste arrazoiren bat dela-eta ezin bada ezkontza egin finkaturiko egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkongaiei, Alkatetzarekin aurretik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.

Eskatzaileetariko batek erabakitzen badu ezkontza zibila ez egitea, arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalean xedatuari jarraituko zaio.

4. artikulua. Erabat debekatuta dago arroza eta antzekoak botatzea udaletxe barnean, arkupeetan zein inguruetan, arriskutsua izan baitaiteke jendearen ohiko joan-etorrientzat. Betebehar hori betetzen ez bada, Udala ez da batere erantzulea izanen. Beraz, horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatzen dutenek izanen dute, eskaeran jasorik geldituko baita arau horien berri dutela eta horiek hertsiki betetzeko hitza ematen dutela.

Udaletxearen barnea erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udaletxearen barnea beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.

II. KAPITULUA

Zeremonia nola gauzatuko den

5. artikulua. Zeremonia alkateak zuzenduko du, edo zinegotzi batek, haren eskutan utzi bada; horiek, ezkongaiekin mintzatuta, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den finkatzeko. Hala ere, ezkontza zibilak legeak ematen dizkion ondorioak izan ditzan, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko aginduzko artikuluen irakurketa.

6. artikulua. Ekitaldia jasota gera dadin, ezkongaiek, lekukoek, alkateak edo zinegotziak, ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako jasotzen dena.

II. TITULUA

Hileta zibilak

I. KAPITULUA

Prozedura hastea

7. artikulua. Araudi honen helburua da hileta eta omenaldi zibilak egiteko udalaren baimena eta lokalen eta espazio publikoen erabilera arautzea, Txulapaingo udal-mugartean.

8. artikulua. Alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak emanen du hileta edo omenaldi zibiletarako gordetzen diren guneak erabiltzeko baimena, betiere Txulapaingo Udalaren erregistroan eskabidea aurkezten duen ahaideak edo pertsonak bidali beharko dituen agiriak jaso ondoren.

II. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

9. artikulua. Hileta eta omenaldi zibilak egiteko eskabideak idatziz aurkeztuko dira erregistroan, alkateari zuzenduta eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

10. artikulua. Hiletak egiteko eskabideak berehalakotasun-printzipioaren arabera tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen duelako, eta horiek ebazteko eskumena duen pertsonari igorriko zaizkio.

11. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Ospakizunerako baimena eskatzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.

b) Hildakoaren izen-abizenak.

c) Eskabidean adierazi egin beharko da hileta edo omenaldi zibila zein egun eta ordutan egin nahiko litzatekeen, eta lehentasunez non egin nahiko luketen.

d) Eskabidea zein toki eta egunetan aurkezten den.

e) Eskatzailearen sinadura edo haren nahia benetakoa den froga, horretarako edozein bide erabilita.

f) Ekitaldiaren azalpen laburra, eta beharko den materiala (megafonia, mahaiak, aulkiak etab.).

g) Administrazioa, ahal duen heinean, eskabidean adierazitako leku, egun eta orduak errespetatzen saiatuko da, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira betiere. Kasu berezietan hurrenkera hori aldatzen ahalko da, aldaketa hori behar bezala arrazoitzen bada.

12. artikulua. Eskabidean aurreko artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoren.

III. KAPITULUA

Instrukzioa

13. artikulua. Alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak baimenduko ditu hileta edo omenaldi zibila egiteko lekua, eguna eta ordua.

Eskatzaileek lehenetsitako egun eta orduen ordena kontuan izanik zehaztuko dira lekua, eguna eta ordua. Udal aretoen erabileraren ondorioz, zenbaitetan ezin izanen dira utzi eskabidean adierazitako orduetan. Nolanahi ere, horrelakoetan erabakia behar bezala arrazoituta egon beharko da eta zegokien eskubidean aldaketa jasan dutenei entzun beharko zaie.

14. artikulua. Eskabidea ikusita, alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak erabakiko du hileta edo omenaldi zibila zein aretotan eginen den. Orokorki udaletxean izanen da, baina Alkatetzak badu lekua aldatzeko ahalmena. Hileta edo omenaldi bakoitzerako lokala zein izanen den erabakitzeko, kontuan hartuko da aukeratutako egunak eta orduak ez dezatela oztopatu lokal horietan egiten diren ohiko jarduerak.

15. artikulua. Hileta eta omenaldi zibilak astelehenetik ostiralera egiten ahal dira. Asteburuetako ordutegia udal langileen prestasunera egokituko da. Hiletetan ezin izanen da gorputza bertan eduki. Eskatzaileek erabiltzen ahal dituzte eskatutako lokaletan dauden baliabideak. Beste baliabide batzuk behar izanez gero, erabiltzailearen kontura izanen da horien erabilera, betiere, Udalak aldez aurretik baimenduta.

IV. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

16. artikulua. Honetarako erabiliko diren aretoak behar bezala zaintzen direla bermatzearren, baimena eskuratzen duen pertsona kalte edo hondamenen erantzulea izanen da, eta berak ordaindu beharko ditu kalteen gastuak.

17. artikulua. Ahaideek edo adiskideek lokala modu berezi batean apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Lekuaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira lokalaren apainketa eta egokitze gastuak, behar den garbiketa berezia barne. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez. Txulapaingo Udalak zerbitzu horiek ikuskatuko ditu, hala ere.

18. artikulua. Eskatzaileak kaleko espazio publikoa erabili nahi badu hileta edo omenaldi zibilerako, eskabidean aipatu beharko du. Udalak erabiliko den espazio publikoa mugatuko du, eta arestian aipatu eskubide eta betebeharrak ezarriko dira, besteak beste dagokion tasa ordaintzea.

19. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

Xedapen gehigarria.–Txulapaingo Udaleko alkateari baimena ematen zaio honako ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

Azken xedapena.–Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

ERANSKINA

Tasa

Ezkontza zibila ospatzeko tramitazioagatik:

150 euro, erroldatu gabe daudenentzat.

50 euro, erroldatuta daudenentzat, baldin eta erroldak etenik gabeko urtebeteko antzinatasuna badu.

Agur zibilak egiteko lokalen lagapenagatik:

50 euro, erroldatuta daudenentzat, baldin eta erroldak etenik gabeko urtebeteko antzinatasuna badu.

150 euro, erroldatu gabe daudenentzat.

Iragarkiaren kodea: L1713813