2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TXULAPAIN
Udal ordenantza, Ingurumeneko txostenak egiteko, jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia eskuratzeko, txostenak eta hirigintza-espedienteak egiteko eta obra-lizentziak tramitatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Txulapaingo Udalak, 2017ko irailaren 28an egin osoko bilkuran eta Udalbatzako kideen legezko gehiengo osoa edukita, erabaki zuen hasiera batean onestea udal ordenantza, ingurumeneko txostenak egiteko, jarduera sailkaturako eta irekitzeko lizentzia eskuratzeko, txostenak eta hirigintza-espedienteak egiteko eta obra-lizentziak tramitatzeko tasak arautzen dituena.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.
Markalainen (Txulapain), 2017ko azaroaren 28an.–Alkatea, Pablo Rota Arrieta.
ORDENANTZA, INGURUMENEKO TXOSTENAK EGITEKO, JARDUERA SAILKATURAKO ETA IREKITZEKO LIZENTZIA ESKURATZEKO, TXOSTENAK ETA HIRIGINTZA-ESPEDIENTEAK EGITEKO ETA OBRA-LIZENTZIAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria.
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zerga-egitatea.
A) Orotariko obren kasuan:
2.1. artikulua. Zerga honen zerga-egitatea da udal-mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin eta hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo hartarako aurretiazko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, betiere Txulapaingo Udalari badagokio lizentzia ematea edo kontrol-jarduera egitea.
Tasa eskatzen duten hirigintzako jarduketek aurretiazko lizentziaren menpeko egintzak dituzte xede, edo ondoko kontrolaren menpekoak, lizentzia eskatu beharrean aurretiazko jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatutakoarekin bat. Zehazki:
a) Eraikuntza eta instalazio berriak eraikitzeko obrak.
b) Eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.
c) Eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatu edo berritzeko obrak.
d) Eraikinen barreneko banaketa aldatzen duten obrak, edozein erabilera emanda ere.
e) Behin-behineko obra eta erabilerak.
f) Hirigintza-lurzatiketak eta landa-finken banantze eta banaketak.
g) Lur-mugimenduak, hala nola lur-erauzketak, zelaitze-lanak, hondeatu eta betelanak, salbu eta lan horiek onetsitako urbanizazio edo eraikuntza proiektu bateko zehaztu eta programatutako obrak badira.
h) Eraikin eta instalazioen lehenbiziko erabilera edo okupazioa eta haien erabileraren aldaketa.
i) Eraikuntzen eraispenak, salbu eta berehalako aurri-adierazpena egiten denean.
j) Lurpea ukitzen duten instalazioak.
k) Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin eta zuhaitz-masa, basogune, arboladi edo parke badira, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimendutako lanak direnean.
l) Bide publikotik ikusten diren kartelak paratzea, betiere lokal itxietan ez badaude.
m) Presak, idoiak eta defentsa-obrak egitea eta ibilgu publikoak zuzentzea, betiere interes orokorreko obra publikoak ez badira.
n) Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, jabari publikoko lurretan egin eta administrazioaren kontzesioa behar izanda ere.
ñ) Finkak ixtea.
B) Planeamendurako hirigintza-espedienteen kasuan:
2.2. artikulua. Hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza zerga-egitatea, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu ahal izateko indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.
c) Jardueren kasuan:
2.3. artikulua. Zerga-egitatea da zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen ondorioz jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten instalazio eta jarduerak ezartzeko, ustiatzeko, lekuz aldatzeko, funtsezko aldaketak egiteko, berriz irekitzeko eta abian jartzeko, bai eta jarduera kaltegabeen kasuan, udal lizentzia behar dutenetan ere. Eta gainera, kontrolerako jarduera administratiboak egitea lizentzia emantzat jotzen den kasuetan edo lizentziaren ordez erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar denean. Zehazki:
a) Jarduera-lizentzia.
b) Irekitzeko lizentzia.
c) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.
d) Instalazio eta lokalak berriz irekitzeko baimena.
e) Jarduera hasitakoan edo irekitakoan kontrolak egitea, lizentzia emantzat jotzen den kasuetan edo lizentziaren ordez erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar bada.
Ordaindu beharra.
3. artikulua. Tasak sortuko dira Udalak txosten horien kostuak ezagutzen dituenean, edo/eta obrak egiteko, jarduera sailkaturako, irekitzeko edo abian jartzeko lizentziak ematen dituenean.
Subjektu pasiboa.
4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, baita, nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin eta haien izenean lizentzia eman, aldatu edo berraztertzen bada.
Tarifak.
5. artikulua. Aplikatuko diren tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.
Kudeatzeko arauak.
6. artikulua. Jarduteko eta irekitzeko lizentziak zein obra lizentziak eskuratu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Udalean, lokalaren kokapena eta bertan egin beharreko jarduera(k) zehazten dituztela, legediak eta dagozkien udal ordenantzek eskatutako dokumentazioarekin batera.
7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesdunak zenbatekoa ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.
8. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu.
Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.
TARIFEN ERANSKINA
–Jarduera sailkatuaren espedienteak: txostenen kostua.
–Edozein establezimendu irekitzeko lizentziak ematea, Udala denean baimena eman behar duen organo eskuduna: txosten teknikoen kostua.
–Obra-lizentzien tramitazioa:
Obra gauzatzeko aurrekontua 0 eurotik 100.000 euro bitartekoa bada, 75 euroko tasa aplikatuko da txosten bakoitzeko.
Obra gauzatzeko aurrekontua 100.000 eurotik 600.000 euro bitartekoa bada, 100 euroko tasa aplikatuko da txosten bakoitzeko.
Obra gauzatzeko aurrekontua 600.000 eurotik gorakoa bada, 150 euroko tasa aplikatuko da txosten bakoitzeko.
–Hirigintzako kontsultak, txostenarekin: 50 euro.
–Lurzatiketa lizentziak: txostenaren kostua.
Lurzatiketa lizentzia bakoitza tramitatu eta ebazteagatik: txostenaren kostua.
Iragarkiaren kodea: L1713812