16. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (1. fasea)” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko fasea ebatzi, eta horiek behin betiko onesten dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren urriaren 26ko 433/2017 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurreko aldia bukaturik, alegazio bat jaso da. Hona hemen alegazioa eta erantzuna:

–Alegazioa: Manuel Forcada Huguet jaunak Autopistas de Navarra SA (Audenasa) ordezkatuz aurkeztutakoa.

Audenasak eskatu du kontuan har daitezela autopista ixteko hesian gertatutako ukipenak, piloteak sartuz zulaketa horizontala egiteko lanek eragindakoak 5. poligonoko 259. eta 6. poligonoko 232. lurzatietan, Tafallako udal-mugartean.

Era berean, lan horien exekuzioari buruzko dokumentazioa helarazteko eskatu du.

Erantzuna:

Onetsi da alegatutakoa. Lanak egin bitartean azpiegituraren itxitura mantenduko da eta ukipenak izan dituzten instalazio edo zerbitzu guztiak lehengoratuko dira.

Bestalde, alegatzaileak eskatutako informazio guztia igorri da, lan horien eraikuntzako ezaugarrien berri izan dezan.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Behin betiko onestea “Uraren goi hornidurako hodi nagusia La Pedreratik (1. fasea)” izeneko proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta aurkeztutako alegazioa ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mairagako Mankomunitateko eta Tafallako eta Erriberriko udaletxeetako iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.

3. Ebazpen hau Mairagako Mankomunitateari eta Tafallako eta Erriberriko udalei eta alegatzaileari jakinaraziko zaie. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 10ean.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xavier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1800724