16. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

633/2017 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeek egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena 2018-2019 ikasturterako.

0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Ataleko buruak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariaren oniritziarekin, ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du; 2018-2019 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onestea du xede ebazpen honek, baliagarriak izan daitezen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluan arlo horri buruz ezarritakoa garatzeko. Foru dekretu horrek Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen du Nafarroako Foru Komunitatean, eta lehen zikloa ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, bai eta hezkuntza edukiak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean egutegia eta ordutegia prestatzeko ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek 2018-2019 ikasturtean.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Haur Hezkuntzako lehen zikloko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak

Egutegia eta ordutegia irizpide pedagogikoei jarraikiz eginen dira. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ez dute oztopatuko azaldutako irizpideen aplikazioa.

1.–Egutegia prestatzeko irizpide orokorrak.

1.1. Ikastetxe publikoak.

1.1.1. Ikastetxeko egutegirako proposamen zehatza eta librea, hurrengo baldintzak beteko dituena, egiten ahalko dute entitate titularrek:

–Ikastetxea soilik 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek; aldiz, garbiketa orokorreko lanetan, zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.

–Ikastetxea irekita egoteko aurreko lerroaldean aipatzen diren egunak 10,6 hilabeteko edo 318 egun jarraituko erreferentzialdi baten barruan egonen dira, hilabeteak 30 egun naturalekoak izanik.

–Egutegia prestatzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Foru Komunitatearen egutegi ofizialean jaiegun gisa adierazitako egunak, honako hauek hain zuzen 2018-2019 ikasturterako: 2018ko urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 3a, 6a, eta 25a eta 2019ko urtarrilaren 1a, apirilaren 18a, 19a eta 22a, maiatzaren 1a eta Udalak erabakitzen duena, bertako zaindariari eskainia.

1.1.2. Proposamena 3.1. atalean ezarritako epean aurkezten ez duten ikastetxeei ofizioz esleituko zaie oinarrizko egutegi hau:

–Oro har, ikasturtea 2018ko irailaren 3an hasi eta 2019ko uztailaren 19an bukatuko da.

–Ikastetxea soilik 208 egunez irekiko da. Lehen bi egunak eta azken biak zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek; aldiz, garbiketa orokorreko lanetan, zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.

–Eguberrietako oporrak 2018ko abenduaren 26tik 31ra arte izanen dira, biak barne.

–Aste Santuko oporrak 2019ko apirilaren 18tik 26ra arte izanen dira, biak barne.

–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: 2018ko urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 3a, 6a, eta 25a eta 2019ko urtarrilaren 1a, apirilaren 18a, 19a eta 22a, maiatzaren 1a eta Udalak erabakitzen duena, bertako zaindariari eskainia.

1.2. Ikastetxe pribatuak.

1.2.1. Ikastetxearen egutegia ondoko baldintzetara egokituko da:

–Haurrez zuzenean arduratzeko egunak gutxienez 175 izanen dira.

–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: 2018ko urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 3a, 6a, eta 25a eta 2019ko urtarrilaren 1a, apirilaren 18a, 19a eta 22a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a eta Udalak erabakitzen duena, bertako zaindariari eskainia.

1.3. Ikastetxe publiko eta pribatuentzako egutegiko aldaketak.

Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.

2.–Irizpide orokorrak, ikastetxe publiko eta pribatuen ordutegia prestatzeko.

2.1. Ikastetxearen ordutegia ondoko baldintzetara egokituko da:

–Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte, biak barne.

–Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, baita sartzeko eta ateratzeko ordu tarteak ere, kontuan hartuta familien beharrak, hezkuntzako langileen ordutegia antolatu eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa.

–Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ez da baimenik izanen ikastetxean sartzeko, arrazoi justifikatuekin izan ezik.

–Eguneko lanaldia antolatzeko ardatza izanen da haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoa.

2.2. Ikasturte hasieran haurren harrera aldirako plangintza egin beharko da eta, besteak beste, honakoak hartuko dira kontuan: harrera errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza eta ikastetxearen ordutegien eta antolaketaren malgutasuna. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du egokitzapen epe horren plangintza, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik.

2.3. Gainera, ikastetxe publikoetan:

–Haurrak zein ikastalditan (osoa, murriztua, erdia) dauden matrikulatuta ikasturte guztian, haren araberako ordutegia beteko du ikastetxeak.

–Haurrez zuzenean arduratzeko ez den denbora, lanaldia osatu arte, familiekin izaten diren bilerak egiteko, materialak prestatzeko eta proposamenak, koordinazio-lanak eta prestakuntza-jarduerak egiteko erabiliko dute ikastetxeetako hezkuntzako langileek.

3.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

3.1. Ikastetxeko entitate titularrak egutegia eta ordutegia igorri beharko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura 2018ko ekainaren 1a baino lehen, unitateek zer-nolako lanaldia duten (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta.

3.2. Egutegiak eta ordutegiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, sie/hiz@navarra.es, igorri beharko dira eta, hark, haiek aztertu ondoren, onetsi edo ezetsiko ditu. Onetsitzat joko dira 2018ko ekainaren 29rako jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetakoak. Horietakoren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio.

3.3. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2018ko irailaren 1etik aurrera hasten badute, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dituzte egutegia eta ordutegia, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, beren unitateen lanaldia (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, haiek aztertu ondoren, egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, eta ikastetxeei jakinaraziko die hilabeteko epean. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen hilabeteko epean.

3.4. Egutegia eta ordutegia onetsirik, nahitaez bete beharko dira. Ikastetxeko Zuzendaritzaren erantzukizuna izanen da haiek betearaztea, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena egutegien ezarpena gainbegiratu eta kontrolatzea.

3.5. Egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki oholean ikusgai jarri beharko dira, eta aldaezinak izanen dira, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimena ematen, entitate titularrak eskatuta.

Iragarkiaren kodea: F1715177