1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
397/2018 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez deialdia egiten da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak 2017-2018 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, aurkezturiko txostenean, adierazi du komenigarria dela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia argitaratzea, izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2017-2018 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.
2. 750 euroko gastua baimentzea, 2018ko gastuen aurrekontuko “Sariak eta lehiaketak” izeneko 420005 42800 2268 321100 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2018ko uztailaren 27an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
I. ERANSKINA
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia, 2017-2018 ikasturtekoa
Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2017-2018 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia egin du Foru Komunitatean. Hona hemen
OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak emateko deialdia egin du 2017-2018 ikasturterako. Gehienez ere hiru sari emanen dira.
Bigarrena.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako izangai izan daitezke, aldez aurretik inskribaturik, honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleak:
–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa Espainiako ikastetxeetan egin izana, dela araubide presentzialean, dela urrutiko araubidean, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren esparruan ezarritako aukeretako edozeinetan.
–Ikasketa horiek deialdian zehazten den ikasturtean bukatu izana Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, etapako irakasgai guztiak gaindituta dituela amaierako ebaluazio arruntean.
–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetan, orokorki, 8,75eko batez besteko nota edo handiagoa izatea. Batezbestekoa ateratzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetako irakasgai guztietako kalifikazioak hartuko dira aintzat, eta batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da. Kalkulu horretan, ez dira kontuan hartuko “gai”, “salbuetsia” edo “baliozkotua” adierazten duten kalifikazioak.
–Azken kalifikazioa “bikain” lortu izana Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasmailan, probaren xedeko irakasgai hauetan: Gaztelania eta Literatura edo Euskal Hizkuntza eta Literatura D ereduan, Lehen Atzerriko Hizkuntza eta Matematika.
Hirugarrena.
Aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. ikasmaila zein ikastetxetan egin duten, hartantxe, 2018ko irailaren 14ko 14:00ak baino lehen. Eskabidea II. eranskinari jarraikiz beteko da. Bere NANaren edo bizileku-txartelaren kopia aurkeztuko dute.
Laugarrena.
1. Izena emateko epea bukatu eta gero, eta betiere 2018ko irailaren 18ko 14:00ak baino lehen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari Batxilergoko ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, EDUCA kudeaketa aplikazioaren bidez jasoko dena eta behar bezala sinaturik eta zigilaturik egonen dena. III. eranskineko inskripzio-orriaren araberako ziurtagiriak ere baliozkoak izanen dira, behar bezala beterik, sinaturik eta zigilaturik badaude. Bai eskabideak bai ziurtagiriak telematika bidez igortzen ahalko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.
2. 2018ko irailaren 19an, onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baita baztertutakoena eta haiek baztertzeko arrazoia ere, webgune honetan horretarako prestatutako fitxan:
http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7049/Premios-Extraordinarios-de-Educacion-Secundaria-Obligatoria
Dokumentazioa zuzentzeko eskaerak ere sartuko dira zerrenda horretan, halako premiarik baldin badago. Dokumentazioa zuzendu ezean, eskaerari uko egiten zaiola ulertuko da.
Orobat, erreklamazioa aurkezten ahalko da onartuen zerrendaren kontra.
3. Izan litezkeen akatsen zuzenketak eta erreklamazioak, ahal dela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztu beharko dira, irailaren 21eko 14:00ak baino lehen betiere. Erreklamazioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen beste tokietako batean aurkeztu bada, interesdunak, zuzenketa eta/edo erreklamazioa aurkezturik, posta elektronikoz bidali beharko ditu, sie/hiz@navarra.es helbidera, erreklamazioaren kopia eta dokumentazio guztia, behar bezala zigilaturik eta dataturik.
4. Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda irailaren 25ean argitaratuko da.
Bosgarrena.
1. Indarreko araudian ezarritako curriculum elementuak hartuko dira erreferentziatzat probetan, eta hiru ariketa izanen dira:
a) Lehenbiziko ariketan, hizkuntza komunikazioan eskuratu den gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak izanen dira, Gaztelania eta Literatura irakasgaiarekin loturik (edo Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiarekin, D ereduko ikasleentzat). Ariketak honako hauek izanen ditu: gaztelaniazko testu baten azterketa eta iruzkin kritikoa (edo euskarazkoa, D ereduko ikasleentzat), eta hizkuntzari edo literaturari buruz planteatzen diren galderetarako erantzunak.
b) Bigarren ariketan, Matematikan eskuratu den gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak izanen dira. Galderei erantzun beharko zaie eta/edo ariketa praktikoak ebatzi eta/edo problemak ebatzi, irakasgai hauek berezkoak dituen edukiekin loturik: Irakaskuntza Akademikoetara bideratutako Matematika edo Irakaskuntza Aplikatuetara bideratutako Matematika, segun zer irakasgai ikasi duen ikasleak, inskripzioan hala jasota.
c) Hirugarren ariketan, hizkuntza gaitasunaren maila egiaztatzeko alderdiak izanen dira, Atzerriko Lehen Hizkuntza irakasgaiarekin loturik. Kulturako, literaturako edo dibulgazioko testu bat eman eta ulermeneko eta idatzizko adierazpeneko eginkizunak bete beharko dira.
2. Probak 2018ko urriaren 3an eginen dira Iruñeko Basoko BHIan.
3. Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahal dituzte probak, ikasketetan izan duten hizkuntza ereduaren arabera.
4. Ariketa bakoitzak kalifikazio bakarra izanen du, 1etik 10era artekoa, gehienez bi dezimalekin. Probaren azken kalifikazioa ikaslearen hiru ariketetan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin adierazia, eta hurbileneko ehunenera biribildua. Ekidistantziarik izanez gero, goiko ehunenera biribilduko da nota.
5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzeko, ikasleek gutxienez 5 puntu lortu behar dituzte ariketa bakoitzean.
6. Ariketetan, zuzenketa egitean izangaiak anonimo izateko moduko prozedura aplikatuko da.
Seigarrena.
Ebaluazio epaimahaia hezkuntzako ikuskatzaileek eta probetako gaietan adituak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute. Epaimahaiburu lanetan Hezkuntzako ikuskatzaile bat arituko da. Ebaluazio epaimahaiak, orobat, probak prestatzeko ardura izanen du.
Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatuko ditu mahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa ariko direnak zehaztuko.
Zazpigarrena.
1. Ebaluazio epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzak jendaurrean jarriko ditu horretarako prestatutako web fitxa honetan: http://navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7049/Premios-Extraordinarios-de-Educacion-Secundaria-Obligatoria.
2. Ikasleek erreklamazioa aurkez dezakete, kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.
3. Interesdunek, ahal dela, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztu behar dituzte erreklamazioak. Erreklamazioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen beste tokietako batean aurkeztu bada, interesdunak, erreklamazioa aurkezturik, posta elektronikoz bidali beharko ditu, sie/hiz@navarra.es helbidera, erreklamazioaren kopia eta dokumentazio guztia, behar bezala zigilaturik eta dataturik.
4. Izangaiak azken kalifikazioaren arabera ordenaturik, handienetik txikienera banatuko dira sariak. Proposatzen den sari kopuruak ez du gaindituko deialdiko sari kopurua.
5. Berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, ezarritako ordenan, berdinketa hautsi arte:
a) Ariketa bakoitzean lortutako puntuazio hoberena, arau honen bosgarren oinarrian ezarritako ordenan.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota hoberena.
c) Izangaien ordena alfabetikoa, deituren arabera. Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketa egin zuen Nafarroako Foru Komunitateko hautapen prozesuetan izangaiak aritzeko, eta zozketa hartan ezarritako letratik hasiko da ordena alfabetikoa.
6. Epaimahaiak 2018ko urriaren 26rako izan beharko ditu bukatuak bere lan guztiak.
Zortzigarrena.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aintzatespen ofiziala jasoko dute eta horren berri emanen da ikasketa espediente pertsonalean.
Bederatzigarrena.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak 250 euro gordineko zuzkidura izanen du, 200 euro garbi PFEZaren %20ko atxikipena egin ondoren, eta ordainduko da 2018ko gastuen aurrekontuko “Sariak eta lehiaketak” izeneko 428000 42800 2268 321100 partidaren kargura.
Hamargarrena.
Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia erdiesten duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Nazionala eskuratzeko lehian parte hartzen ahal dute.
Hamaikagarrena.
Deialdi honen eta beronen ekintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
II. ERANSKINA
Inskripzio-orria, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sare Berezietarako deialdikoa, 2017-2018 ikasturtekoa (PDFa).
III. ERANSKINA
Ikasketen ziurtagiria, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdirakoa, 2017-2018 ikasturtekoa (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1809724