Iragarkia
158. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NAFARROAKO ERDIALDEKO KIROL, GIZARTE ETA KULTURA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra.
Behin betiko onespena
Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2018ko martxoaren 14an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitateko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra. Hura 2018ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 16an.
Hasierako onespenaren espedientea jendaurrean egon da eta ez da alegaziorik aurkeztu. Hortaz, argitara ematen da testu osoa, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 17. artikulua betez eta Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuarekin bat, behar diren ondorioak izan ditzan.
Tafallan, 2018ko uztailaren 12an.–Mankomunitateko burua, Pedro Leralta Piñán.
NAFARROAKO ERDIALDEKO KIROL, GIZARTE ETA KULTURA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA OROKORRA
Zioen azalpena
Diru-laguntzak sustapen teknika dira, bai eta Administrazioa partikularrekin elkarlanean aritzeko tresna ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera, besteak beste, ondoko esparruetan: gizarte ekintza, gizakion eta herrien arteko lankidetza eta elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, merkataritza, interes publikotzat jotako hainbat jarduera pribaturen sustapena, aisia eta astialdia edo, halaber, herritarren parte-hartzea, hori zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren eskakizuna den aldetik.
Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitatearen eremuan jarduera hori erregulatzeko, esparru juridiko egoki bat onetsi beharra dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari egokituko zaiona, diru-laguntzak oinarrizko printzipio orokorren arabera sustatu eta emateko: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza, eraginkortasuna eta efizientzia.
Ordenantza honek araudi bat ezartzen du Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitateak diru-laguntzak emateko erakunde publiko nahiz pribatuei eta irabazi asmorik gabeko partikularrei, gisa horretara egin ditzaten zerbitzuak eta jarduerak, toki administrazioaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitateak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezartzea.
Diru-laguntzei buruz berariazko ordenantza duten gaietan ematen diren diru-laguntzak ordenantza propio horren arabera arautuko dira, ordenantza honen aginduei egokiturik, haien ordezko izanen baita.
2. artikulua. Diru-laguntza zer den.
1. Hona zer jotzen den diru-laguntzatzat, ordenantza honen ondorioetarako: Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitateak egindako diru-xedapen oro, pertsona publiko zein pribatuen alde egina, betiere ondoko baldintzak betez gero:
a) Ez onuradunen ez hirugarrenen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da dirua.
b) Diru-laguntza emateko baldintza izanen da xede jakin bat betetzea, proiekturen bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea –hori guztia gauzaturik nahiz gauzatzeko egonik– edo egoera bat gertatzea; eta ezartzen diren betebeharrak bete beharko ditu onuradunak.
c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak onura publikoko, gizarte intereseko edo interes orokorreko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea izan behar du.
2. Ordenantza honen aplikazio esparrutik baztertuta daude:
a) Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitatearen eta beste administrazio publikoen arteko diru-ekarpenak, oro har haien eskumenen esparruko jarduna finantzatzeko direnak.
b) Batzarkideei emandako diru-ekarpenak, aurrekontuan aurreikusiak daudenak.
c) Publizitatearekin deitzen diren sari ofizialak eta onuradunek aldez aurretik eskatu gabe ematen direnak.
3. artikulua. Aplikazio esparru orokorra.
1. Diru-laguntza jaso dezakete gizarte, kultura, gazteria, kirol edo bestelako alor batean Mankomunitateko eskumenen osagarri edo ordezko diren jarduera edo zerbitzuek (8. artikuluan aipatzen dira).
2. Jardueren lurralde-eremua Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitateko udalerriak izanen dira. Diru-laguntzaren xede diren jarduerak Mankomunitateko mugarteaz gaindikoak badira, bere interesen aldekoak izan beharko dute, zuzenean edo zeharka, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bitartez, diru-laguntza eman baino lehen. Baldintza horretatik salbuetsiak daude garapen bidean dauden herriendako laguntza programaren aurrekontuan aurreikusitako %0,7ari lotutako garapen proiektuetarako laguntzak.
4. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek jasotzen dituen diru-laguntzak:
a) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza.
b) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.
c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.
2. Diru-laguntzak ezartzea proposatzen duten organoek aldez aurretik adierazi beharko dute, diru-laguntzen plan estrategiko batean, zein xede eta onura publiko edo sozialeko eraginak lortu nahi diren, zenbat denbora behar den horiek lortzeko, zenbateko izan daitezkeen kostuak eta zein finantzabide erabiliko diren, betiere, aurrekontu egonkortasunaren helburuaren mende jarriko dute diru-laguntza.
3. Lortu nahi diren xedeek merkatua ukitzen baldin badute, argi eta garbi identifikaturiko akatsak zuzentzera bideratu behar dira eta haien ondorioek ahalik distortsiorik txikiena eragin behar dute.
5. artikulua. Onuradunak.
1. Diru-laguntzaren onuraduntzat joko da diru-laguntzaren xede den jarduera egin behar duen pertsona, edo diru-laguntza ematea bidezko egin zuen egoeran dagoena.
2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta haren kontura diru-laguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.
3. Oinarri arautzaileetan espresuki aurreikusten delarik, onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, nortasun juridikorik izan gabe ere, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte edo diru-laguntza jasotzeko behar den egoeran badaude. Halakoetan, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak espresuki adieraziko dira eskaeran eta diru-laguntzaren ebazpenean; orobat, bakoitzari aplikatuko zaion diru-laguntzaren zenbatekoa. Kide guztiak onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin, harik eta 38/2003 Legearen 39. artikuluan ezarritako itzulketaren preskripzio epea bukatu arte.
6. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
1. Onuradunak betebehar hauek ditu:
a) Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.
b) Emandako diru-laguntza diru-laguntzaren xede diren gastuak finantzatzeko baizik ez erabiltzea.
c) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.
d) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, jarduketa horien ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.
e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
f) Diru-laguntza ematen duen ebazpenaren proposamena egiten denean, zergen gaineko obligazioak eguneratuak izatea Nafarroako Foru Ogasunarekin eta Mankomunitateko udalerriekin, ofizioz eginen baita egiaztapena, baita Gizarte Segurantzarekin ere.
g) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitateko egoera-orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea, eta horiek guztiak zaintzea.
h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
i) Zabalkunderako eskatzen zaizkion neurriak hartzea.
j) Eskuratutako funtsak itzultzea, bidezko denean.
2. Berariazko oinarri arautzaileetan betebehar hauen salbuespenak jasotzen ahalko dira, beren izaera dela eta.
3. Artikulu honen 1.f) apartatuko betebeharretatik kanpo daude larrialdi sozialen kasuak eta banakako gizarte laguntzak.
7. artikulua. Entitate laguntzaileak.
Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek ezarri ahal izanen dutenez, funts publikoak entitate laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkie onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Mankomunitatearen eta entitate laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira entitateak bere gain hartzen dituen baldintza eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.
II. KAPITULUA
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak
8. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 a) artikuluak ezarritakoa bete beharrez, ondotik azaltzen diren objektu, gai, helburu, proiektu, jarduera edo jokabideak izaten ahalko dira diru-laguntzen xede, kontuan hartuta, betiere, horiek dagozkien deialdietan berariaz garatzen ahalko direla, edo gehiago zehaztu. Hona hemen:
1. Kirol eta Gazteria arloan:
a) Kirol amateurrentzako laguntzak (kirol taldeak, klubak eta abar).
b) Kirol jarduera, ikuskizun edo ekitaldiak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko herritar elkarteentzako laguntzak.
c) Gazteentzako jarduerak, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatuak.
d) Ikastetxeek Haur eta Lehen Hezkuntzan egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduera osagarriak.
e) Gizarte eta kultura animazioko jarduerak, gazteentzako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultura eta sormenarekin zerikusirik duten bestelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta astialdiko programak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, aldizkariak eta argitalpenak, eta gazteen parte-hartzea zein elkartegintza bultzatzen dituzten jarduerak oro.
f) Kirol ekitaldiak, jarduerak eta ikuskizunak edo kirola sustatzekoak antolatzea, eta kirol entitateekin elkarlanean aritzea.
2. Bestelakoak: Mankomunitateko jardunaren osagarri izan eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.
3. Diruz laguntzen ahal diren objektuak, gaiak, helburuak, proiektuak, jarduerak edo jokabideak, artikulu honetan ageri direnak, ez dira numerus clausus moduan hartuko ordenantza honen ondorioetarako; aitzitik, dagokien deialdian zabaldu eta zehazten ahalko dira edo, orobat, diru-laguntza lerro berriak ezarri diru-laguntzen plan estrategikoaren bitartez.
III. KAPITULUA
Oinarri arautzaileak
9.artikulua. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak.
1. Diru-laguntzak emateko, horretarako erabiltzen den bitartekoa edozein izanik ere, oinarri arautzaileak onetsi behar dira eta beraiei jarraitu behar zaie, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan.
2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileetan alderdi hauek zehaztuko dira, gutxienez:
a) Diru-laguntzaren xedearen definizioa. Diru-laguntzari ezarri zaion onura publikoko edo gizarte onurako xedea azalduko da.
b) Onuradunek diru-laguntza eskuratzeko bete behar dituzten baldintzak.
c) Diru-laguntza emateko prozedura.
d) Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien haztapena.
e) Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak. Hala behar denean, onuradunen artean hainbanatzeko aukera.
f) Diru-laguntza emateko prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.
g) Deialdian ezartzen bada, balorazio batzordearen osaketa; hura diru-laguntzaren kudeaketari loturiko hiru lagunek osatuko dute gutxienez.
h) Ematen diren diru-laguntzei eta haien onuradunen zerrendari emanen zaien araubidea eta publizitate maila.
i) Diru-laguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.
j) Onuradunak edo entitate laguntzaileak zein epetan eta nola frogatu behar duen diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak aplikatu direla, hala egindako gastuari nola diruen ordainketari dagokionez.
k) Diru-laguntza ematen duen organoarentzako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek ezeztatzeko prozedura zein den.
l) Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epeak, eta onuradunei eskatzen ahal zaizkien bermeen mota eta zenbatekoa, halakorik eskatzen baldin bazaie, emandako diru-laguntzaren ordainketa aurreratuak egitea aurreikusten denean.
m) Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, zer inguruabarrek ekar dezaketen ebazpena aldatzea.
n) Jarduera azpikontratatzeko aukera.
o) Onuradunen betebeharrak, diru-laguntzaren xede den jardueraren finantzaketari buruzko publizitatea dela eta.
p) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, jatorria edozein izanik ere: administrazio edo entitate publiko edo pribatuak edo nazioko, Europako Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeak.
q) Diru-laguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak azkenean hartuko duen zenbatekoa zehazteko edo, hala denean, itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, eta proportzionaltasun irizpideari lotuko zaizkio.
r) Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka paratzen ahal diren administrazio errekurtsoak.
3. Oinarri arautzaileak onesteko proposamena bideratzen duen espedienteak txosten juridikoa eduki beharko du, oinarriak zuzenbidearen araberakoak direla adierazten duena, eta kontu-hartzailetzak fiskalizatuko du aurretiaz, eginkizun horri buruzko araudian ezartzen den moduan.
4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira diru-laguntzei buruzko arauak eta, halakorik izanez gero, diru-laguntzen deialdiak eta haien oinarri arautzaileak, zuzenean emateko ezarritakoak izan ezik.
5. Berariazko oinarri arautzaileak onesteko eskumena Mankomunitateko Burutzak izanen du, nahiz eta eskuordetzeak egiten ahalko dituen.
10. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
1. Mankomunitateak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, eta ondoko datuak zehaztuko: deialdia, diru-laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituari egozten zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren xedea.
Publizitatea Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren eta Mankomunitateko web-orriko gardentasunaren atariaren bidez eginen da.
Ondoko kasuetan, diru-laguntzen ematea ez da argitara eman beharko:
a) Banakako ebaluazio araubideari jarraikiz emanak.
b) Diru-laguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearen errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei, hala xedatzen baita ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko legerian.
2. Onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute diru-laguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.
11. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.
1. Diruz lagundutako jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da diru-laguntzen araudian. Justifikatu beharra dago finantzaketa horren zenbatekoa, jatorria eta diru-laguntzaren xedea den jardueran egindako aplikazioa.
2. Araudiak bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea zehaztuko du beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako diru-laguntzak, laguntzak edo baliabideak eskuratzeko, hurrengo apartatuan xedatzen dena deusetan ukatu gabe.
3. Diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen diru-laguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.
4. Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, betiere, deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean baimendutako kasuetatik at beste hainbat diru-iturri eskuratzen badira, aldatzen ahalko da diru-laguntzak emateko ebazpena.
5. Araudiak horretarako bidea ematen badu, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Mankomunitateak balorazioa egin eta gero.
6. Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez diru-laguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.
IV. KAPITULUA
Diru-laguntzak emateko prozedurak
12. artikulua. Diru-laguntzak emateko prozedurak.
1. Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Mankomunitateak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean. Ordenantza honen ondorioetarako, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: diru-laguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskaerak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza adjudikatzen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Prozedura horretan, instrukzio organoak aurkeztuko dio organo emaileari diru-laguntzak emateko proposamena.
Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, proposatzen ahalko da diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea diru-laguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa.
2. Banakako ebaluazioaren araubidea, berriz, bestelakoa da: hartan, deialdiaren araudiak edo oinarriek irizpideak ezartzen dituzte eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
3. Diru-laguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:
a) Mankomunitateko aurrekontuetan aurreikuspen izenduna eta aurrekontuko zuzkidura dutenak.
b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da diru-laguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.
13. artikulua. Norgehiagokako araubideari jarraikiz diru-laguntzak emateko prozedura.
1. Abiaraztea:
a) Diru-laguntzak emateko prozedura hasi baino lehen, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo diru-laguntzaren deialdia ezarri behar du, bai eta oinarri arautzaileak ere, ez baldin badaude lehendik ezarrita.
b) Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da.
c) Interesdunak eskaera aurkeztu beharko du, arauan edo deialdian ezarritako ereduaren eta sistema normalizatuaren arabera egina. Eskaerarekin batera, diru-laguntza ezartzen duen arauan edo diru-laguntzaren deialdian eskatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira.
Eskaerak aurreko atalean finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Instrukzioa:
a) Oinarri arautzaileetan izendatutako organoak eginen du diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.
b) Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, bideak eta balorazio lehentasunak aintzat harturik.
c) Diru-laguntzen oinarri arautzaileek horixe aurreikusten dutenean, batzorde bat eratzen ahalko da eskaerak ebaluatzeko, eta horren funtzionamenduak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean organo kolegiatuentzat ezarritako araubideari jarraituko dio. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen du.
d) Diru-laguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek diru-laguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.
3. Ebazpena:
a) Ebazpen proposamena ikusita, organo eskudunak diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.
b) Ebazpena arrazoitua izanen da. Ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira betiere.
c) Ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, diru-laguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
4. Jakinarazpena:
Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedura erkideari buruzko legerian adierazitako moduan. Ebazpena jakinarazteko, diru-laguntzari buruzko arauan nahiz haren deialdian adierazitako komunikazio bidea erabiltzen ahalko da.
5. Ustezko ezespena:
Diru-laguntzari buruzko arauan edo deialdian prozedura ebazteko ezarritako epea iraganik, berariazko ebazpenik ez badago, eskaera ezetsitzat joko da. Ebazpena emateko eperik ezarri ezean, eskaera ezetsitzat joko da eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteren buruan.
6. Errekurtsoak:
Diru-laguntzaren arauak edo deialdiak ezarriko du ezespen espresaren nahiz ustezkoaren kontra ezartzen ahal den errekurtsoa.
14. artikulua. Banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz diru-laguntzak emateko prozedura.
Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokaren prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu eta, diru-laguntza mota honen izaera berezia dela-eta, “norgehiagoka” ezaugarri berariazkoari dagozkion alderdietan edo eskakizunetan.
Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideak, bideak eta balorazio lehentasunak aintzat harturik.
15. artikulua. Diru-laguntzak zuzenean emateko prozedura.
1. Ematen diren diru-laguntzak bideratzeko administrazio egintzek haien oinarri arautzaileak ezarriko dituzte, ordenantza honetako aurreikuspen guztiei jarraikiz, lehia printzipioari dagozkionak izan ezik.
2. Diru-laguntzak baztertzen badu beste interesdunek eskuratzeko aukera, diru-laguntzaren onura, interes soziala edo xede publikoaren lorpena arrazoitu beharko dira, eta lehia printzipioa zergatik ezin den aplikatu azaldu beharko da.
3. Diru-laguntzak hitzarmenen bidez gauzatzen direnean, diru-laguntza emateko eskumena duen organoak onetsiko du hitzarmena.
V. KAPITULUA
Diru-laguntzen kudeaketa eta justifikazioa
16. artikulua. Diru-laguntzen deialdia eta banaketa.
1. Diru-laguntzen deialdiek berekin ekarriko dute gastu-baimena, aurrekontua betearazteko oinarrietan adierazten diren baldintzetan. Deialdiaren testuan aditzera eman beharko da zenbateko gastua egiteko baimena eman den, eta, diru-laguntza urteka banatu behar bada, urteko zenbateko guztiak jarriko dira.
2. Ordenantza honetan jasotzen diren prozeduretarik edozein erabiliz diru-laguntzak emateak dagokion gastu-konpromisoa ekarriko du.
3. Ezin izanen da deialdian zehaztutako zenbatekoa baino diru-laguntza handiagoa eman, ez eta urte bakoitzeko aurrekontuari gehienez egotzi ahal zaion zenbatekoaren muga gainditu ere. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
Ondoko aurrekontu ekitaldiaren aitzineko deialdietan, ekitaldi horretan kreditua egotea izanen da gastua baimentzeko baldintza; horrek ez du gainditu behar aitzineko ekitaldian horretarako izendatu den zenbatekoa.
17. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.
Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, diru-laguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta diru-laguntzei buruzko kasuan kasuko oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten badira. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
18. artikulua. Diru-laguntza publikoen justifikazioa.
1. Diru-laguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, hura kudeatzen duen organoaren aitzinean aurkeztuko da justifikazioa, deialdiaren oinarrietan zehazten diren agiriekin batean.
2. Justifikazioko kontua derrigorrez eman behar dute onuradunak edo entitate laguntzaileak. Kontu horretan sartu behar dira, aitortzailearen erantzukizunaren pean, gastuaren frogagiriak edo diru-laguntza publikoaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duen beste edozein agiri. Diru-laguntza publikoei buruzko kasuan kasuko oinarrietan zehaztuko dira gastua frogatzeko kontuaren forma eta hura aurkezteko epea.
Betiere, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Idatzia, Mankomunitateko erregistroan sartuta, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Hartan agertuko dira onuradunaren izena eta izen soziala, haren NANa edo IFZ , eta bankuko kontu zenbakia, hura ordaindu ahal izateko.
b) Onuradunaren zinpeko aitorpena, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak eta agiriak diruz lagundutako jardueran aplikatu direla dioena.
c) Egindako jarduerari eta gastuei buruzko txosten zehatza, emaitzak zehazturik.
3. Gastuak fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten agirien bidez frogatuko dira, oinarrietan ezarrita dagoen bezala. Gainera, faktura elektronikoen bidez frogatu ahalko dira gastuak, baldin eta zergen arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte. Dokumentuak jatorrizkoak edo organo kudeatzaileak baliozkotutako fotokopiak izanen dira, eta diru-laguntzaren xede den aldian dataturik egonen dira.
4. Baldin eta, diru-laguntzaz gain, funts propioak edo bestelako diru-laguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta diru-laguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.
5. Ordenantza honen 6. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako entitateetako kideek justifikazioaren arloko baldintzak bete beharko dituzte onuradunaren izenean eta haren kontura egindako jarduerei dagokienez, aurreko apartatuetan zehaztu bezala. Diru-laguntza eskatu duen onuradunak aurkeztu behar duen justifikazioaren atal izanen da dokumentazio hori.
6. Diru-laguntzak hartzailearen egoera jakin bat aintzat harturik ematen direnean, diru-laguntza eman baino lehen hartzailea egoera horretan dagoela frogatu beharko da besterik gabe, zuzenbidean onargarria den edozein frogabide erabiliz, eta ez da bestelako justifikaziorik eskatuko, baina egoera hori egiaztatzeko kontrolak ezarri ahalko dira.
19. artikulua. Justifikatzeko epea.
1. Oinarri arautzaileetan, deialdietan edo lankidetza hitzarmenetan adieraziko da diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea.
Eperik adierazten ez badute, jarduera egiteko epea bukatu eta hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 31 izanen da gehienez ere.
2. Diru-laguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, osorik edo partez, eta dirua itzuli beharko da, orobat osorik edo partez, betiere ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak kontuan harturik.
20. artikulua. Ordainketa.
1. Oro har, diru-laguntzak zer jarduera egiteko edo zer jokabide hartzeko ziren, horiek egin eta hartu direla egiaztatu ondoan ordainduko dira diru-laguntzak.
2. Egiaztapena eta ondoriozko ordainketa, dena batera egin liteke jarduera bukatutakoan, edo zatika, justifikazio partzialen ondoren, oinarri arautzaileetan agertzen diren baldintzak eta betekizunak betez.
3. Organo kudeatzaileak txostena erantsiko dio ordainketa-proposamenari edo, bestela, gastuaren justifikazioari, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua izan bada; txosten horren bidez egiaztatuko da diru-laguntza ematean ezarri ziren helburuak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla.
4. Diru-laguntzaren ordainketa aurreratu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da oinarri arautzaileetan hori jasota egotea, eta oinarri horietan zehaztutako mugak, baldintzak eta, behar denean, bermeak egonen dira; gainera, betiere frogatu beharko da diru-laguntzaren helburuak betetzeko diruak jaso beharra dagoela.
21. artikulua. Zorrak konpentsatzea.
Diru-laguntza baten onuraduna Nafarroako Erdialdeko Kirol, Gizarte eta Kultura Zerbitzuen Mankomunitatearen zorduna bada, diru-laguntzaren ordainketa harekin dituen zorren konpentsazioaren bidez egin ahalko da.
22. artikulua. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.
1. Organo kudeatzaileek komenigarriak iruditzen zaizkien egiaztapenak egiten ahalko dituzte eta onuradunei eskatu baldintzak ezarritako epeetan betetzeko. Ondorio hauetarako, organo horiek behar diren erregistroak eginen dituzte halako diru-laguntzen jarraipen egokirako, jarduketa hauek barne:
a) Diru-laguntzen onuradunek diru-laguntzak emateko betekizun, baldintza eta betebeharrak betetzen ote dituzten eta jasotako diru publikoak beren xederako behar bezala erabiltzen ote dituzten begiratzea.
b) Beharrezkoa izatera, diru-laguntzak onuradunen kontabilitatean edo erregistro liburuetan behar bezala jasotzen ote diren begiratzea.
c) Oinarri arautzaileetan ezartzen diren gainerako jarduketa guztiak.
2. Baldin eta, jarraipen eta kontrol eginkizunen ondorioz, jasotako diru-laguntzaren lorpen, helburu edo justifikazio okerren zantzuak antzematen badira, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak hartu ahalko ditu, eginkizun haiei dagozkien dokumentuen desagerpena, deuseztapena edo aldaketa eragozteko. Hartzen diren neurriek inola ere ez diote kalterik eraginen onuradunari eta, edonola ere, lortu nahi den helbururako neurrikoak izanen dira.
3. Diru-laguntzen kontrol finantzarioa Mankomunitateko Kontu-hartzailetzak egiten ahalko du, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 44. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
VI. KAPITULUA
Diru-laguntzak itzultzea eta zehapenak
23. artikulua. Diru-laguntzak itzultzea.
Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatuari jarraituko zaio.
24. artikulua. Diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.
Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatuari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Arau osagarriak.
Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamendua.
Bigarrena.–Indarrean jartzea.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.
Iragarkiaren kodea: L1809100
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
