1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
164E/2018 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena zuntz optikoa Belastegiko TZ-ra igotzeko proiekturako, Lizarrako, Allingo eta Deierriko udal-mugarteetan. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.
2018ko otsailaren 21ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Hauxe da egin nahi den jarduketa: Allinen (3. poligonoko 454. lurzatia) kokatuta dagoen Lizarra TZ izeneko telekomunikazio zentroa Lizarran egun dagoen sarearekin lotzea. Konexio hori García Orcoyen ospitaleko rack aretotik eginen da.
Pentsatu da kanalizazio bat egitea, udal argiteriaren kanalizazioa aprobetxatuta, NA-132 A errepideraino, eta han 40 x 8 cm-ko mikrolubaki bat egitea errepidearen bazterrean zehar. Kanalizazioak NA-718 errepidetik jarraituko du 2+550 KP-ra arte; orduan, mendebalderantz desbideratuko da eta Lizarra TZ telekomunikazio zentrora doan argindar-hornidurarako airetiko linea elektrikoa aprobetxatuz, Lizarra TZ zentrora ailegatuko da.
Halaber, argindarraren lineak egun duen azken euskarria kentzea erabaki da, telekomunikazio zentroaren ondoan dagoena, alegia, eta horrez gain, argindarraren linea igarotzen den lursaila egokitzeko lanak egitea, inguru horretan sastrakak ez baitaude kenduta.
Espedientean, Allingo eta Lizarrako udalen txostena jaso da. Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Belastegiko telekomunikazio zentrora zuntz optikoa igotzeko proiekturako, Lizarrako udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Hirigintza arlokoak:
–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehatzago, jarduketa Urederra ibaiaren polizia-eremuan kokatuta dagoenez, sustatzaileak baimen egokia lortu beharko du dagokion arroko erakundearengandik (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa).
–Herri-lurren Atalak 2018ko martxoaren 21ean emandako txostenarekin bat:
–Proiektuaren sustatzaileak bere garaian baimenak eskatu zituen herri-lurretan telekomunikazio zentro hori eraikitzeko eta zentro hori argindarrez hornitzeko bide-zor elektriko bat egiteko errepidetik hasi eta herri-lurrak zeharkatuz. Orain, proiektu honetarako obra-lizentzia lortu baino lehen eta herri-lurretan inolako jarduketari ekin baino lehen, Herri-lurren Ataletik bere garaian telekomunikazioen zentroa eraikitzeko eta bide-zorra herri-lurretan zehar egiteko lortu zituen nahitaezko baimenen kopia bat aurkeztea eskatzen zaio sustatzaileari, “Lizarra-Belastegi” komunikazio zentroaren eta zentro horri zerbitzua ematen dion tentsio erdiko linearen legezkotasuna bermatze aldera.
–Sustatzaileak ez badauka legearen aurrean balioa duen dokumenturik edo dituen baimenetan ageri diren baldintzak ez badatoz bat orain proposatutako jarduketarekin, dagokion espedientea izapidetu beharko du herri-lurren erabilera lagatzeko baimena lortzeko eta/edo Nafarroako Gobernuak karga bat ezarri eta argindarraren bide-zor bat egin dezan. Azken hori gerta dadin, nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioaren 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onartzen duen 280/1990 Goru Dekretuaren 142. artikuluarekin bat.
–Sustatzaileak behar den baimena eskatu beharko du Deierriko 16/883 lurzatitik igarotzeko. Lurzati horren jabea Nafarroako Foru Komunitatea da (errepidea).
–Sustatzaileak behar den baimena eskatu beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, jarduketak Nafarroako Foru Komunitateko Errepideen gainean izaten ahal duen ukipena dela eta.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
Ingurumen arlokoak:
–Linea elektrikoan jarriko diren bi euskarri berriek egun indarrean dagoen abifauna babesteko araudia bete beharko dute: abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, abifauna goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak jasotzen dituena, eta apirilaren 4ko 129/91 Foru Dekretua, abifauna babesteko tentsio altuko eta baxuko instalazio elektrikoetarako arau teknikoak ezartzen dituena. Lokailu bidezko isolagailuak ordezkatu eginen dira, pausalekuaren eremua eta elementu eroalearen arteko distantzia metro bat baino gehiagokoa izan dadin.
–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Lizarrako Udalari, Basozaintzari (Lizarrako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko ekainaren 19an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1808160