1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
163E/2018 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 31ko 132E Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Iribasko iturburua-San Migeltxo tartean Iribas-Irurtzun hornidura proiekturako, Larraungo udal-mugartean. Sustatzailea Sakanako Mankomunitatea da.
2018ko apirilaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.
Ikusirik 132E/2018 Ebazpenean akats baten ondorioz ez direla jaso Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak egindako txostenaren ondorioak (Herri-lurren Atalarenak barne), Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposatu du hura aldatzea, txosten hori aldekoa izatea dakarten baldintzak ebazpen honen ebazpen zatian jasotzeko.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 31n emandako 132E/2018 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Iribas-Irurtzun hornidura-proiektuko Iribas-Sanmigeltxo zatirako, Larraungo udal-mugartean. Sustatzailea Sakanako Mankomunitatea da.
2. Baimenak maiatzaren 31ko 132E/2018 Ebazpenean jasotako neurri guztiak bete beharko ditu, eta baita beste hauek ere:
–Plazaola trenaren ibilbidean baimena ematen da azpiegitura bidearena ez den maila batean egiteko, betiere azpiegitura instalatzeko lurzoruan jarritako elementuek, kanpora ateratzen direnek, ez badute galtzada historikoan ukipenik sortzen.
–Behin beharrezko lanak bukatuta, ukitutako guneak lehengoratzeari ekinen zaio; bereziki, Plazaola bide berdeko lehengo baldintzak berreskuratu direla bermatuko da.
–Eroanbidearekin zerikusia duten eta lurzoruaren sestratik ateratzen diren elementuak badaude, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko da, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtzen hasita (Lurraren Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).
–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
–Herri-lurren gaineko ukipenari dagokionez, Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa beteko da (2018-06-04): Obren zati bat herri-lurretan eginen denez, obren lizentzia eman aurretik, herri-lurren titular diren toki entitateek herri ondasunak desafektatzeko/okupatzeko baimena eskuratu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko dituzte, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. eta 172. artikuluetan ezarritakoarekin bat.
–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiarena, ukitutako errepideei dagokienez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legearekin bat, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena, ubideen gaineko ukipenei dagokienez, urei buruzko indarreko legediarekin bat.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Larraungo Udalari, Basozaintzari (Arakil-Ultzamako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko ekainaren 19an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1808157