157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

192/2018 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako udalei diru-laguntzak emateko deialdi bat, beren gune sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko, 2018. urtean.

Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistema – SITNAren 2016-2019 eperako Plan Estrategikoak ezarri zuen, bere ildo estrategikoen artean, Helpbidea izeneko web aplikazioa sortzea, hots, web bisore geografiko bat, SITNA APIan oinarritua, ahalbidetzen duena Nafarroako posta helbide bat aurkitzea, hainbat irizpide konbinatuz: udalerria, entitate bakana, bidea, ataria, etxearen izena edo Helpbideako IDa (helbidearen identifikadore unibokoa).

Hura ezartzearen ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitatean hainbeste gune sakabanatu izanik, beharrezkoa da udalak bultzatzea beren gune sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko jarduketak egin ditzaten, azkeneko helburua izanik horiek errazago aurkitu ahal izatea, bereziki larrialdi zerbitzuek.

Horretarako, 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek honako partida hau jaso dute: 050007 02500 4609 134102, “Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea”. Haren xedea da finantzatzea udalek beren gune sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko egiten dituzten jarduketak, betiere 2018an gauzatzen badituzte.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Horrenbestez, espedienteko txostenak ikusirik, eta aldeko txostena, Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuarena, izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea Nafarroako udalei diru-laguntzak emateko deialdi bat, beren gune sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko, 2018. urtean. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. 30.000 euroko gastua baimentzea, guztira, 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren honako partida honen kargura: 050007 02500 4609 134102, “Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea”.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute interesdun diren administrazio publikoek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikulua.

5. Ebazpen hau igortzea Babes Zibilerako Zerbitzuari, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari.

Iruñean, 2018ko uztailaren 31n.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Deialdiaren xedea eta helburua

Oinarri arautzaile hauen xedea da deialdi honi aplikatu beharreko araudia ezartzea: Nafarroako udalei diru-laguntzak ematea, beren gune sakabanatuak lokalizatzen eta seinaleztatzen laguntzeko jarduketak egin ditzaten, betiere jarduketa horik 2018. urtean gauzatzen badira.

Deialdi honen ondorioetarako, gune sakabanatutzat jotzen dira landa-lurrean dauden eraikinak, habitatuak edo habitagarriak.

Hona hemen diruz lagundutako jardueraren helburuaren zergatia: begi-bistako garrantzia du, pertsonen eta beren ondasunen segurtasunaren ikuspuntutik, gune sakabanatuak aurkitzea eta horietara iristea, bereziki larrialdi zerbitzuentzat.

2.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak honako honen kargura finantzatuko dira: Nafarroako Gobernuaren 2018ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Babes zibilerako seinaleztapena finantzatzea” izeneko 050007 02500 4609 13410 partida. Gehienez ere 30.000 euro izanen dira.

3.–Onuradunak eta betebeharrak.

Nafarroako udalak izan daitezke diru-laguntza hauen onuradun, baldin Nafarroako Gobernuaren Posta Helbideen Kudeatzaileetan sartuta badituzte beren gune sakabanatuak.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4.–Gastu diruz lagungarriak eta egin beharreko jarduketen baldintzak.

Gastuak diruz lagungarriak izateko, nahitaezkoa izanen da ondoren zehazten diren jarduketetakoak izatea, eta jarduketa horiek 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko azaroaren 1era bitarte egitea, biak barne, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio eguna izanen da gastua egin den eguna.

Lehentasunez, honako hauek dira jarduketa diruz lagungarriak:

a) Metro-baserriko diseinua. Deialdi honen ondorioetarako, Metro-baserri izenaz ulertzen da mapa topologiko bat, zeinak metroko planoen itxura erabiliz ahalbidetzen baitu azkar eta aise aurkitzea udalerri bateko gune sakabanatuak, baita horietara iristea ere. Gutxienez ere adieraziko ditu ibilbidea eta gune sakabanatu bakoitzaren helpbideako identifikadorea. Planoak gutxienez ere PDF formatua izanen du.

Jada halako maparik baldin badago, diruz lagungarritzat joko da, orobat, hura egokitzea, hots, gune sakabanatu bakoitzaren helpbideako identifikadorea eranstea.

Betiere, deialdi honetatik kanpo gelditzen dira mapa hori inprimatzeko edo banatzeko gastuak.

b) Gune sakabanatu bakoitzaren identifikaziorako plakak egitea. Gutxienez ere 200 mm x 120 mm-ko neurria izanen dute. Handiagoa izanez gero, 5en multiploa izanen da tamaina. Aire zabalean eusteko moduko materiala izanen da (euriari, eguzkiari, izotzari eusteko modukoa), gutxienez ere dibond aluminioak duen kalitatea daukana. Honako hauek izanen ditu gutxienez: helpbideako logotipoa, gorriz eta grisez, goiko aldean, ezkerreko izkinan, eta gune sakabanatu bakoitzaren helpbideako identifikadorea, beltzez, Liberation Sans Bold letra motarekin. IV. eranskineko adibidearekin bat etorriko da.

Subsidiarioki, eta aurrekontuan krediturik dagoen bitartean, honako ekintza hauek ere diruz lagungarritzat joko dira:

c) Bidegurutzeetan seinale horizontalak jartzea, gune sakabanatuetarako norabidea agertzeko. Seinale horiek gutxienez ere honako hauek jasoko dituzte: gune sakabanatuen izena eta horien helpbideako identifikadorea. Jada halako seinalerik baldin badago, diruz lagungarritzat joko da, orobat, hura egokitzea, hots, helpbideako identifikadorea eranstea.

Betiere, deialdi honetatik kanpo gelditzen dira elementu horietako edozein ezartzeko edo paratzeko gastuak.

Nafarroako Gobernuaren Lurraldeko Informazio Sistemen Atalari eskatuko zaizkio helpbideako logotipoa eta kodeak, mezu elektroniko bat bidaliz sitna@navarra.es helbidera.

5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozeduraren gaineko ordenamendu eta instrukzio eginkizunak Babes Zibilerako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Prozedura ebazteko eskumena Barneko zuzendari nagusiari dagokio.

6.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

6.1. Epea:

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Aurkezteko modua:

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, zuzenean helbide honetan eskura baitago: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1 Edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura zuzenduko dira.

Interesdunen batek bertaratuta aurkezten badu eskaera, modu telematikoan aurkeztuz zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

6.3. Aurkeztu beharreko agiriak:

Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.4. Zuzenketa:

Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendu-jakinarazpena egin eta hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta eskaerak baloratzeko irizpideak.

7.1. Laguntzak emateko prozedura:

Diru-laguntza hauek prozedura arruntaren bidez emanen dira, norgehiagokako araubideari jarraikiz, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo puntuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

7.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak:

Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1. Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartutako eraikin sakabanatuen portzentajea, kontuan harturik udalak kudeatzaile horretan sartutako eraikin guztiak. Udal bakoitzari dagokion puntuazioa emanen zaio, taula honekin bat:

GUNE SAKABANATUEN PORTZENTAJEA

PUNTUAK

%50etik gora

30 puntu

%40tik %50era bitarte

25 puntu

%30etik %39ra bitarte

20 puntu

%20tik %29ra bitarte

15 puntu

%10etik %19ra bitarte

10 puntu

%10 baino gutxiago

5 puntu

2. Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartutako gune sakabanatuen kopurua. Udal bakoitzari dagokion puntuazioa emanen zaio, taula honekin bat:

GUNE SAKABANATUEN KOPURUA

PUNTUAK

300 baino gehiago

70 puntu

250etik 300era

60 puntu

200dik 249ra

50 puntu

150etik 199ra

40 puntu

100dik 149ra

30 puntu

50etik 99ra

20 puntu

20tik 49ra

10 puntu

20 baino gutxiago

5 puntu

Behin balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, lehenetsiko da Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean gune sakabanatu gehien dituena. Hala eta guztiz ere berdinketak badirau, 2017ko urtarrilaren 1ean biztanle gehien dituen eskatzailearen alde eginen da, Estatistikako Institutu Nazionalak 2017rako argitaratutako populazio ofizialarekin bat. Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.

8.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Eskaeren ordena ezarrita, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion onuradun bakoitzari 4. oinarrian lehentasunezkotzat jotako jarduketengatik, ondoren azaltzen diren arauekin bat, aurrekontuko kredituaren gehieneko mugara iritsi arte.

–Metro-baserriko diseinuak ekarritako gastuen %85 lagunduko da diruz, gehienez ere udal horrek Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sarturik dituen gune sakabanatu bakoitzeko 10 euro.

–Identifikazio plakak egiteak ekarritako gastuen %80 lagunduko da diruz, gehienez ere udal horrek Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sarturik dituen gune sakabanatu bakoitzeko 2,40 euro.

Gero, eta soilik aurrekontuko gehieneko kreditua agortu ez bada, bidegurutzeetako seinale horizontaletarako gastuetarako zenbatekoak esleituko dira, dagoen kredituaren eta horretarako eskatutako zenbatekoen proportzioan.

9.–Diru-laguntza ematea.

Eskaerak ebaluatu ondoren, eta instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Barneko zuzendari nagusiak ebatziko du diru-laguntzak ematea aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera, aurrekontuko gehieneko kreditua agortu arte.

Ebazpen arrazoituan diru-laguntza hartuko dituzten eskatzaileen zerrenda jasoko da, adierazita helburua eta emandako zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Laguntzak emateko ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.navarra.es helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdun diren administrazio publikoek; horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

10.–Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

10.1. Oro har, laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira. Aurretik, 2018ko azaroaren 1a arte, honako dokumentazio hau igorri beharko zaio Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari:

1.–Egindako jarduketen memoria, non zehaztuko baitira deialdi honen kargura egindako jarduerak.

2–Jatorrizko fakturak. Haien kopia behar bezala konpultsatuak ere aurkeztuko dira. Jatorrizkoei zigilua jarriko zaie, diruz lagundu direla dioena eta udalari itzuliko zaizkio. Kopia konpultsatuak espedientean geldituko dira.

3.–Faktura horiek ordaindu izanaren agiriak.

4.–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren arabera.

10.2. Diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa baino txikiagoa baldin bada diruz lagundutako gastutik egin eta justifikatzen dena, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastura egokituko da. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

Diru-laguntzen onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

b) Diru-laguntza ematea eragin duen xederako bakarrik erabiltzea laguntza.

c) Babes Zibilerako Zerbitzuaren aurrean justifikatzea betebehar eta baldintzak bete direla.

d) Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean, tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

f) Babes Zibilerako Zerbitzuari ematea diru-laguntzaren xedeko jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

g) Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

h) Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, III. eranskineko ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

i) Diruz lagundutako jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

12.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein diru-laguntzarekin, beste administrazio publiko batzuenak izan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak.

Deialdi honetako diru-laguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren diru-laguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako beste diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da osorik, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatuari jarraikiz.

15.–Errekurtsoak.

Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikuluarekin bat.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F1809910