Iragarkia
157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
45E/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2018an sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzen deialdia onesten duena.
–Erreferentzia:
- Espedientearen kodea: 0011-1505-2018-000000.
–Unitate kudeatzailea:
- Eskubide Sozialetako Departamentua.
- Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua.
- Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atala.
- Posta elektronikoa: servcoopdes@cfnavarra.es.
–Espedientea:
- Espediente mota: Sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzen 2018ko deialdia.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak Nafarroako garapenaren aldeko lankidetzari buruzko printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak ezartzen ditu. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, hango herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuz. Halaber, bere 2. artikuluak, beste helburu batzuen artean, lankidetza nabarmentzen du, hau da, garapen bidean dauden herrialdeetan agertzen diren larrialdiko egoerei laguntza humanitarioaren bidez erantzuten laguntzea, foru lege horren 3. artikuluan aipatutako printzipio gidarietako bati lotuta. Artikulu horretan honako hau adierazten da: “Nafarroako Foru Komunitateak bultzatzen duen garapenaren aldeko lankidetzak [...] honako printzipioak izanen ditu gidari: [...] Lankidetzaren jomuga izanen da pertsona eta familien premia oinarrizkoak asetzea, eta orotara txertatuko da bai ekintza sozialetan, kulturaletan, ekonomikoetan eta teknikoetan, botere publikoek bultzatuak nahiz erakunde pribatuek abiatuak izan”.
1975az geroztik, sahararretako batzuk Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan daude errefuxiatuta, eta zailtasun larriak pairatzen dituzte. Izan ere, eremu geografikoaren kondizio fisikoak oso zailak dira, eta, gainera, pertsona horien biziraupena kanpoko laguntzaren mende dago ia erabat. Halaber, beste saharar batzuk Fronte Polisarioaren kontrolpean dagoen Mendebaldeko Saharako lurraldean bizi dira, eta horiek ere zailtasun handiak dituzte ekonomiaren eta gizartearen aldetik garatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateak, gizarte zibilaren instituzio eta erakundeen bidez, bere babesa eta kezka agertzen ditu 1992tik, Mendebaldeko Saharako egoera dela-eta, eta horretan lagundu egiten du laguntza humanitarioaren bidez eta funtsean osasunaren eta hezkuntzaren arloan garatzen diren beste proiektu batzuen bidez, baita Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetara bisita instituzionalak eginez ere.
2016ko azaroaren 21ean “lankidetza protokolo” bat sinatu zen Nafarroako Gobernuaren eta Fronte Polisarioaren artean, Nafarroak bere elkartasuna adierazteko Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetan eta, Fronte Polisarioaren agintaritzapean, Mendebaldeko Saharako lurraldeetan dauden sahararrei. Honako hau adierazten da protokolo horretan: kanpamentuetan eta sahararren lurraldeetan “lankidetza proiektuak” gauzatzen ahalko dira 5 arlotan: osasuna, elikagai-laguntza, hezkuntza, enplegu gaztea eta Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea.
2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurrekontuko berariazko partida bat dago saharar herriari laguntza emateko, 315.950 euroko zuzkidura duena.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduak bere 5. artikuluan honako hau ezartzen du: “Foru lege honetan arautzen diren dirulaguntzak ondoko printzipioei jarraituz kudeatuko dira: a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeriarik eza eta kontrola. b) Dirulaguntza ematen duen administrazioak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna. c) Baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia”.
Ondorioz, beharrezkoa da sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko 2018ko diru-laguntzen araubidea erregulatuko duten oinarriak ezarri eta urteko deialdi baten bidez argitaratzea, bermatzearren diru-laguntza horietan publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasunaren printzipioa eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimenaren printzipioa ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzen 2018ko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak, onestea.
3. Helburu horretarako 315.950 euroko gastua baimentzea, 2018ko gastuen aurrekontuko “Sahararrekiko lankidetza eta elkartasuna” izeneko 900004 91100 4819 143104 (E) partidaren kargura.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko uztailaren 25ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
I. ERANSKINA
Sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzen 2018ko deialdiaren oinarriak
Lehena.–Xedea eta helburua.
1. Eskubide Sozialetako Departamentuak 2018rako diru-laguntzen deialdi bat egin du garapenerako gobernuz kanpoko Nafarroako erakundeek (hemendik aurrera, GGKE) Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan dauden errefuxiatuen aldeko esku-hartze sozialak eta ekonomikoak finantzatzeko. Diru-laguntzen helburua pobreziaren kontra borrokatzea eta giza garapena sustatzea izanen da.
2. Esku-hartzeak lau mota edo modalitatetakoak izaten ahal dira:
–A) modalitatea: elikagai-laguntza.
–B) modalitatea: osasuna.
–C) modalitatea: Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea.
–D) modalitatea: hezkuntza.
Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.
Helburu horretarako 2018an 315.950 euro bideratuko dira, 2018ko gastuen aurrekontuko “Sahararrekiko lankidetza eta elkartasuna” izeneko aurrekontuko 900004 91100 4819 143104 (E) partidaren kargura. Zenbatekoa lau modalitateen artean banatuko da, honela:
–A) modalitatea. Elikagai-laguntza: 178.000 euro.
–B) modalitatea. Osasuna: 84.000 euro.
–C) modalitatea: Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea: 25.950 euro.
–D) modalitatea. Hezkuntza: 28.000 euro.
Modalitateren batean aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C) modalitatea, D) modalitatea, B) modalitatea eta A) modalitatea.
Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.
b) Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute ordezkaritza iraunkorra, non ez diren nazioarteko erakundeak.
c) Esku-hartzea egin behar den eskualdean tokiko bazkide edo partaide bat izatea, hura gauzatzen lagunduko duena. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du.
d) Helburu sozialak bete ahal izateko behar bezalako egitura izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.
e) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.
f) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.
Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei lotzea.
b) Jarduerak 2018an hastea. Ondorio horretarako, ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz.
c) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak Aljerian duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren berariazko oniritzia izatea.
d) Tindufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek berariazko oniritzia ematea proiektuari.
e) Zeharkako kostu diruz lagungarriak diru-laguntzaren %10 izanen dira gehienez ere.
f) Esku-hartze bakoitzeko eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira:
–A) modalitatea: 178.000 euro.
–B) modalitatea: 84.000 euro.
–C) modalitatea: 25.950 euro.
–D) modalitatea: 28.000 euro.
Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.
2. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.
Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:
A) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe, diru-laguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, betiere esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Multzo honetan, honako hauek sartuko dira:
a.1) Ondasun higiezinak alokatzea.
a.2) Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, barnean direla eskulana, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta tasak eta eraikuntzako materialak.
a.3) Ekipamendu materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, diru-laguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola makinak, altzariak, informatikako ekipamenduak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipamenduak igortzeko eta abian jartzeko gastuak, bai eta esku-hartzea gauzatzeko beharrezko materialak eta hornidurak ere.
a.4) Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, esku-hartzeari atxikitako langileen entitatearen kargura diren gizarte aseguruak, langileen izenean izenpetzen diren bestelako aseguruak eta tokiko araudiaren arabera nahitaez gordailutu beharreko funts-hornidurak. Bi kategoria bereiziko dira, salbuespenak izan ezik (horiek arrazoituta jakinaraziko zaizkio aldez aurretik instrukzio organoari, eta horrek onartuta egon beharko dute):
a.4.1. Herrialdeko langileak. Diru-laguntzaren xedeko esku-hartzea burutzen deneko eta haiek lanean ari direneko herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira.
a.4.2. Langile erbesteratuak. Entitate onuradunaren langileak dira, diru-laguntzaren xede den esku-hartzea gauzatzen deneko eremuan lanean ari direnak Espainiako legeen mende. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izan beharko da.
a.5) Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Langileen eta esku-hartzearen xedeko herritarren joan-etorriei lotutako gastuak dira, esku-hartzerako behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, esku-hartzea zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentze-lana, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatu hartzea.
a.6) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak: esku-hartzearen formulazioan jasotzen diren gaikuntza jarduerak, mintegiak, txostenak, argitalpenak, kudeaketaren kontrola edo beste behar batzuk egiteko behar diren gastuak sartzen dira sail honetan, betiere lan harremanik sorrarazten ez badute eta beste partida batzuetan sartu ezin badira.
a.7) Jarduna. Esku-hartzearen eremuko ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lanak eta segurtasuna, besteak beste).
a.8) Beste batzuk: bankuko gastuak, identifikazioko gastuak, eta ebaluazioko eta auditoriakoak, besteak beste. Identifikazioko gastuen kasuan, harengandik zuzenean datozenak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta deialdi hau argitaratu baino sei hilabete lehenago arte egindakoak aplikatzen ahalko dira; gehienez ere, haren %1 egotziko zaio diru-laguntzari.
B) Zeharkako gastuak.
Esku-hartzearen zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.
Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zailak diren gastuak izan ezik. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.
2. Gastu finantzarioak, notario eta erregistro gastuak eta banku-bermearenak diruz lagungarriak izanen dira, jarduerari zuzenean lotuak badaude eta jarduera egoki prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira. Gastu horiek zuzeneko gastutzat joko dira.
3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.
4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta eskulanaren gaineko balorizazioak, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Balorizazio horiek egiaztatu egin behar dira tokiko bazkidearen edo partaidearen, esku-hartzearen onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa adieraziko dira. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.
5. Diru-laguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitzako edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.
6. Gastu diruz lagungarriak obrak egiteko badira eta 30.000 eurotik gorakoak, GGKE onuradunak, tokiko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, salbu eta diru-laguntzaren xedeko gastuen eta/edo herrialdearen ezaugarriengatik merkatuan behar adina entitate ez daudenean edo, egonda ere, baldintza egokietan egiten ez badituzte. Betiere, txosten gehigarri bat aurkeztuko da kontratistak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruz.
7. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:
–Egoitzan aritzen diren langileen gastua, zuzeneko gastu gisa.
–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute diru-laguntza.
–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.
Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean adierazitako tokietan aurkezten ahalko dira. Kasu horretan, egun berean, servcoopdes@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko da eskaera. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, ziurtapena egin baino lehen eguna eta zigilua jar diezazkioten.
Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:
A) Entitate eskatzailearen agiriak:
a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):
a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.
a.2) Entitatearen estatutuak.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek esku-hartzeko zikloaren faseren batean parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta esku-hartzean egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela dioena.
c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.
d) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.
B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa, egiaztatzeko hirugarren oinarriaren c) atalean ezarritako baldintzak betetzen dituela:
b.1) Estatutuak.
b.2) Legezko eraketaren frogagiriak.
b.3) Legezko ordezkariaren nortasun agiriaren kopia.
Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela frogatzen duen agiria aurkezten ahalko du.
Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia adierazi beharko da.
C) Laugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko:
c.1) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren Aljeriako Lankidetzarako Bulego Teknikoak proiektuari berariazko oniritzia eman diola frogatzeko agiria.
c.2) Tindufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek berariazko oniritzia eman dutela frogatzeko agiria.
D) Esku-hartzea baloratzeko dokumentazioa:
d.1) Esku-hartzearen memoria teknikoa, honako hauek adierazteko: proiektua gauzatuko den tokietako egungo egoera sozial, politiko eta ekonomikoa, lortu nahi diren helburuak, eta garatuko diren jarduerak; baita aurrekontua ere, inprimaki ofizialetan.
d.2) Entitate eskatzailearen azken hiru urteetako urteko kontuak (2015, 2016 eta 2017), kontu horiek ikuskatuak, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak diren adierazita.
d.3) Eranskinak: dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa. II. eranskineko (“balorazio irizpideak”) dagokion atala adieraziko da, eta analizatu beharreko edukia eranskineko zein tokitan dagoen zehaztuko da.
Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.
1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.
3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:
a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.
b) Zortzigarren oinarriaren A, B eta C ataletan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea.
c) Laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz esku-hartzeetan bete beharreko baldintzetan akats materialak izatea.
d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.
e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.
Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.
Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.
1. Eskaerak zein bere modalitatean (lehenengo eta bigarren oinarrietan adieraziak) baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.
2. Diru-laguntzaren eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 70 puntu lortu beharko ditu guztira.
3. Diru-laguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako muga gainditu gabe.
4. Esku-hartze modalitate bakoitzean positiboki baloraturiko eskaerei guztira dagokien zenbatekoak aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badu, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak aurrekontu-muga horretaraino banatuko dira.
Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.
1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.
2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den diru-laguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako aurrekontuan, diru-laguntzaren gaineko kofinantzaketa portzentajea eskaeran adierazitakoa edo handiagoa izanen da.
Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.
1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.
2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: diru-laguntza zer eskatzaileri adjudikatu zaion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.
Modalitate bakoitzaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.
Hamalaugarrena.–Diru-laguntza ordaintzea.
Gardentasun betebeharra bete ondoren, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarrian eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.
Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.
1. Esku-hartzeak bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epea luzatzea baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.
2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:
a) Aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
b) Tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola eta zer truke-tasa aplikatu den frogatzeko dokumentazioa, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada; bestelako kasuetan, erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.
c) Tokiko bazkideak funtsak jaso izana frogatzen duen dokumentazioa; bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten bankuko dokumentuak.
d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.
e) Esku-hartzearen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, Nafarroako Atarian (www.cooperacion.navarra.es) eskuragai dagoen eredu ofizialaren araberakoa, non lorturiko helburuak eta emaitzak eta egindako jarduerak zehaztuko diren gutxienez; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.
f) Txosten ekonomikoa, esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txosten bat erantsita, Excel formatuan, Nafarroako Atarian (www.cooperacion.navarra.es) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua. Txosten horretan honako hauek jasoko dira:
–Esku-hartzearen gastuen balantzea.
–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.
–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.
–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda barne dela. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.
g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Frogagiriak tokiko partaideak behar bezala frogatutako kopiak izanen dira, edo, Espainian sortutako gastuen kasuan, entitate onuradunak frogatutako kopiak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.
Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.
h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, auditorea Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean jardunean dagoela agertu beharko da; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, betiere haren izendapena Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, diru-laguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.
Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek diru-laguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (2007ko 125. Estatuko Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira:
–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.
–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” atala: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.
–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” atala: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezko” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.
–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu-ikuskapenetan onartu ohi diren praktiken arabera. Aipatu EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gain, honako hauek aztertuko dira berrikuspenean: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza ordaindu egin dela, eta gastuak diruz lagungarriak direla oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera.
–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen diru-laguntzaren gastuaren frogagiriak onuradunaren kontabilitate erregistroetan jasotzea; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.
–Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez bestelako finantzaketarik bada, egiaztatuko da beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendako datuak osorik daudela eta zerrenda hori oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela.
i) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.
j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako esku-hartzearen gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.
3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaz besteko finantzaketa izanez gero, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia, zenbatekoa eta proiektua adierazita, bestelako diru-laguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.
4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.
5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.
Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Esku-hartze jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, diru-laguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.
b) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.
c) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatzea eta hura eskuratzea, esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak barne; kasu horietan, diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko eskatu beharko dute. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, honako hauetan izan beharko du eragina: helburuetan, emaitzetan, xedeko populazioan, lurralde kokapenean, tokiko bazkidean, diruz lagundutako aurrekontuko partidetako aldaketa (halakotzat hartuko da aurrekontuko aldaketa, guztira, emandako diru-laguntzaren %20 baino handiagoa bada, edo 20.000 eurotik gorakoa) edo guztirako kostua %10 edo gehiago gutxitzen bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpena txikiagoa izateagatik. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoi bidez adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.
d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bidez erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean edo inguruko herrialdeetan erosiko dira eta bertako produktuak izanen dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaldurik.
e) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatutako eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.
f) Tokiko bazkideari edo partaideari diru-laguntza nondik datorren aditzera ematea berariaz.
g) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez.
h) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.
i) Nafarroako Gobernuari esku-hartzearen zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.
j) Esku-hartzearen zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.
k) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. apartatuan aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrako arau-haustea gertatu dela.
l) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
m) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.
n) Diru-laguntzen aurrerakinak ezin badira berehala igorri xedeko herrialdera, entitate adjudikazio-hartzaileak ezin izanen ditu funts horiek utzi kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende, eta inbertsioak onartuko dira, bakarrik, baldin eta funtsak ez transferitzeko zergatikorik bada, inbertsioak arriskurik ez badu eta bermaturik badago.
Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, diru-laguntzen onuradun direnek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.
2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarriko c) apartatuan aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da. Orobat, behin esku-hartzea bukaturik eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, alderdi teknikoak eta aurrekontua %50 baino gutxiago gauzatzen badira, ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da; gainerako kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen gauzatze maila txikia eragin duten inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea gertatu den erabakitzeko.
3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.
4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:
–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.
–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.
–Azken justifikazio-txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu horretan, atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, %0,1 gutxituko da emandako diru-laguntza.
5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.
Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.
2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko foru legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.
Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.
II. ERANSKINA
Balorazio irizpideak
A. Erakundeen bidezkotasuna (50 puntu):
a.1. Saharar errefuxiatuentzako garapenerako lankidetzako eta laguntza humanitarioko proiektuetan esperientzia izatea (10 puntu gehienez):
–Bat ere ez: 0 puntu.
–Urte 1etik 5 urtera bitarte: 5 puntu.
–5 urtetik gora: 10 puntu.
a.2. Esku-hartzearen eskualde geografikoan egindako esku-hartzeen kopurua (20 puntu gehienez):
–Bat ere ez: 0 puntu.
–1 eta 5 esku-hartze artean: 5 puntu.
–6 eta 10 esku-hartze artean: 10 puntu.
–11 eta 15 esku-hartze artean: 15 puntu.
–15 esku-hartze baino gehiago: 20 puntu.
a.3. Hautatu den modalitatean egindako esku-hartzeen kopurua (10 puntu gehienez):
–Bat ere ez: 0 puntu.
–1 eta 5 esku-hartze artean: 5 puntu.
–6 eta 10 esku-hartze artean: 7,5 puntu.
–10 esku-hartze baino gehiago: 10 puntu.
a.4. Entitate eskatzaileak eta tokiko bazkideak lanean batera emandako urteak (10 puntu gehienez):
–Bat ere ez: 0 puntu.
–Urte 1etik 5 urtera bitarte: 5 puntu.
–5 urtetik gora: 10 puntu.
B. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (50 puntu gehienez):
b.1. Diagnostikoaren analisia eta eremurako egokitzapena (10 puntu gehienez):
–Proposamena nola egokitzen zaion proiektua garatuko den testuinguruari (5 puntu gehienez).
–Esku-hartzeari jarraipena ematea (2 puntu gehienez).
–Toki eragileen parte-hartzea (3 puntu gehienez).
b.2. Helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentzia (20 puntu gehienez):
–Helburu orokorraren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (5 puntu gehienez).
–Emaitzen analisia (kuantifikazioa, errealismoa) (5 puntu gehienez).
–Emaitzen eta jardueren arteko koherentzia (5 puntu gehienez).
–Jardueren analisia (zehaztapena, egokitasuna) (5 puntu gehienez).
b.3 Baliabideen eta aurkezturiko esku-hartzearen aurrekontuaren egokitasuna (20 puntu gehienez):
–Giza baliabideak eta baliabide teknikoak egokiak izatea esku-hartze horretarako (3 puntu gehienez).
–Aurrekontua nola aurkezten den eta jarduerak zenbateraino xehatzen diren (7 puntu gehienez).
–Aurrekontuaren eta jardueren arteko koherentzia (5 puntu gehienez).
–Gastuen partidak zenbateraino diren beharrezkoak, eta aurrekontuaren azalpen memoria (5 puntu gehienez).
Iragarkiaren kodea: F1809507
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
