157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORTES

Administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cortesko Udalak, 2018ko apirilaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza.

Dagokion iragarkia 2018ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 8an, argitaratu zen, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, zuzenean behin betikoa bilakatu da 2018ko apirilaren 9an osoko bilkurak hartutako erabakia, zeinaren bidez onetsi baitzuen Cortesko Udalaren administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen duen udal ordenantza. Haren testu osoa argitara ematen da, orok jakin dezan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatua bete beharrez.

Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 b) eta 46. artikuluekin bat.

Cortesen, 2018ko uztailaren 4an.–Alkate udalburua, Fernando Sierra Estoduto.

CORTESKO UDALEAN ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDE ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

HITZAURREA

Administrazioko prozedurari eta araubide juridikoari buruzko lege berriek (batik bat lehenbizikoak) izandako eragina ikusita, administrazio elektronikoari buruzko udal ordenantzak eta erregelamenduak horien arabera egokitu behar dira. Honela definitzen da administrazio elektronikoa: «administrazio publikoetan IKTak erabiltzea, eta, horiekin batera, antolakuntzan aldaketak egitea eta gaitasun berriak bereganatzea, zerbitzu publikoak eta prozesu demokratikoak hobetzeko eta politika publikoen babesa indartzeko.» (Europako Batzordea)

Herritarren ikuspegitik, zenbait “pertsonen eskubide” aitortzen dira, eta administrazioarekin harremanetan egoteko bidea aukeratzea da horietan garrantzitsuena. Pertsona juridikoen eta pertsona fisiko jakin batzuen kasuan, bide hori elektronikoa izanen da derrigor. Administrazioa sinplifikatzea da lege erreforma egiteko beste arrazoietako bat, eta funtsean, erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko aukera eta edozein administrazio publikotan egindako edozein agiri ez aurkezteko eskubidea dira horren isla. Zalantzarik gabe, sinplifikatzeko beste moduetako bat izan da administrazioaren eta herritarren harremanetan identifikazio elektronikoko sistemak orokortu izana –ahal zen heinean–, sinadura legeak zorrozki murriztutako kasuetan baino ez baita behar.

Administrazioari dagokionez, eskubideak eraginkor bihurtzeko mekanismoak ezarri behar ditu, ororen gainetik. Barnera begira, prozedurak erabat elektronikoa izan behar du: erregistroa elektronikoa eta bakarra da, eta agiri original elektronikoen edo paperezko originalen egiazko kopien sarrera erregistratuko du; espedientea ofizioz eta bitarteko elektronikoekin irekiko da, eta elektronikoki izapidetu eta sinatu diren agiri elektronikoez osatutako indizea izanen da (frogak, txostenak, irizpenak...); artxiboa Segurtasun Eskema Nazionalak iragaziko du, bakarra ere izanen da eta sortutako agiri administratiboak bitarteko elektronikoen bidez segurtasunez eta konfidentzialtasunez gordetzeko balioko du. Espediente horiek izapidetzeari dagokionez, sinadura elektronikoa da gakoa, eta sinadura ziurtagiria izan behar dute prozedura izapidetzean erantzukizunen bat duten langile publiko guztiek, sinatzeko, zentzu hertsienean, zein informazioa izapidetzeko edo bidaltzeko. Pertsonari zuzenean lotutako sinadura elektronikoaz gain, azpimarratzekoa da administrazio jarduketa automatizatua orokortu dela, nortasun, organo eta denbora zigiluei esker, nagusiki.

Hitz gutxitan, honako hauetara egokitzeko beharrak justifikatzen du ordenantza hau onetsi behar izatea: prozedura eta araubide juridikoko lege berriak eta Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordearen (CORAren) ondoriozko beste berriago batzuk, batez ere gardentasunari dagokiona (prozedura elektronikoarekin duen loturarengatik ere bai).

Egiturari dagokionez, ordenantza hau bederatzi titulutan antolatuta dago, eta xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ere baditu.

I. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta honako hauek arautu: ordenantzaren helburua eta aplikazio-eremua, eta tokiko eremuan administrazio prozedura elektronikoa zuzen ezartzeko informazioa eta laguntza eman behar duten zenbait printzipio tokiko eremuan nola garatu. Azkenik, herritarren eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu.

II. tituluak “Administrazio prozedura elektronikoa” honako hau du helburu: administrazioaren alderdi guztien sinplifikazioa oinarri hartuta, prozedura izapidetzean gakoak txertatzea, administrazio publikoaren funtzionamenduaren ardatz izan behar duen heinean. Atal honetan, bereziki garrantzitsuak dira jakinarazpen elektronikoa arautzen duten alderdiak, herritarrentzat berme handia baita prozeduran, eta artxibo elektronikoa, toki entitateek administrazio elektronikoa ezartzean aurre egin beharreko erronka nagusietako baita. Izan ere, toki entitateek ez dute gaiari buruzko berezko arauketarik, eta, beraz, titulu honetan jasotako antolamenduak gabezia hori bete eta tokiko administrazioen berezitasunei irtenbidea eman nahi die.

III. tituluak egoitza elektronikoa tokiko eremuan arautzea du xede, eta, horretarako, honako hauek garatzen ditu: hura sortzeko prozedura, haren ezaugarriak eta gutxieneko edukia, eta egoitzaren segurtasunari eta erantzukizunari buruzko gaiak.

Bestalde, IV. tituluak identifikazioa eta sinadura elektronikoa arautzen ditu, bai zerbitzu elektronikoen kanpo erabiltzaile diren herritarren eta enpresen kasuan, bai langile publikoen kasuan. Halaber, administrazio eguneratze automatizatuaren beste ziurtagiri batzuk ere arautzen ditu. Ikuspegi teknikotik, beharbada, arauaren titulurik konplexuena da, araubide juridikoko eta prozedurako legeei eta europar eIDAS erregelamenduari egokitu behar zaielako. Lehenik, udalak honako lege betebehar hau gauzatu behar du: “administrazio publiko bakoitzak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne) publikoa izanen da eta bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko modukoa”. Gainera, “administrazio publiko bakoitzak bere zigilu elektronikoak egiaztatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu”. Horrenbestez, ordenantzaren puntu honek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura politikaren ziurtagiri profilak jasotzen dituen eranskinak ezarritakoa betetzen du, berezko zigilu ziurtagiriak egiteari dagokionez. Edonola ere, zigilu zerrendaren publizitatea arautzeko beharrari eutsiko zaio, eta batez ere adierazteko egoitza elektronikoan argitaratu behar direla, dagokion tituluan ezarritakoari jarraikiz. Bestalde, eraginkortasunaren mesedetan arautu dugu sarbide elektroniko bakoitzak egoitza elektronikoa izanen duela. Kasu honetan, beharrezkoa denez egoitzak webgunea autentifikatzeko ziurtagiri kalifikatua edo bitarteko baliokideren bat izatea (40/2015 Legearen 38.6 artikuluaren arabera), onartzen ahal da informazio hori berriz autentifikatu behar ez izatea. Nolanahi ere, administrazioak badu aukera tabletan eskuz idatzitako sinadura elektronikoa gaitzeko. Herritarren kasuan ere aurreikusten da, eta beharrezkoa izanen da, besteak beste, bulegotik kanpo egiten diren ikuskapenen aktak sinatzeko. Horrez gain, elektronikoki sinatzeko beste sistema batzuk ere aurreikusten dira.

Interesdunen sinadurari dagokionez, ezarri da onartzen diren identifikazio elektronikoko sistemek Segurtasun Eskema Nazionalak informazio sistema bakoitzerako xedatzen duenarekin bat etorri behar dutela. Gainera, ordezkariaren figura gorantz doala ikusita, pertsona juridikoen edo izaera juridikorik gabeko entitateen ordezkari diren pertsona fisikoen ziurtagiriak onartzen dira soilik. “Gako itunduaren sistemei eta administrazio publikoek ezarritako baldintzetan baliozkotzat hartzen duten beste sistemei” dagokionez, Cl@ve barruko identifikazio sistemak erabiltzea onartzen da, horiei atxiki ondoren: Cl@ve Iraunkorra, Cl@ve PINa eta Cl@ve Sinadura (Polizia Zuzendaritza Nagusiak egindako NANe ziurtagiria, gako zentralizatuarekin). Horrez gain, onartu eginen dira, dagokion prozedura gauzatu ondoren eta segurtasun mailaren arabera, Segurtasun Eskema Nazionala eta eIDAS erregelamendua betetzen direla bermatzen duen beste edozein identifikazio sistema publiko edo pribatu.

Edonola ere, 39/2015 Legearen 9.3 artikuluaren arabera, udalak Estatuko Administrazio Orokorrak onartzen dituen identifikazio sistema guztiak onartzen ditu, baina egoki diren izapideetarako erabiltzen ahalko dira, segurtasun maila kontuan izanik eta Segurtasun Eskema Nazionalean eta, igorpenez, eIDAS erregelamenduan ezarritakoa betez. Horregatik:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak dakar pertsona juridikoari zuzenean egozten zaiola jarduketa, ordezkaririk gabe.

b) Zigilu elektronikoa mugarik gabe erabiltzen ahal da, onartzen den izapide multzoaren barruan.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabiltzen ahal dute sinadura elektronikoaren sistemaren ordez, baina sistema bat nahiz bestea erabiltzen ahal da, interesdunaren erabakiaren arabera.

Identifikatzeko eta sinatzeko beste sistema batzuei dagokionez, ez dugu abagunea galdu nahi izan tabletan atzitutako eskuzko sinadura elektronikoaren erabilera ezartzeko (eta udal bakoitzari sartzeko aukera emateko). Aurrez aurreko eragiketetan (HAB) erabiliko litzateke. Ez da sinadura elektronikoko sistema aurreratu bat, baina, eraginkortasunaren eta zerbitzuaren aldetik, erabilgarria da.

Gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren arteko konexioa oinarrizko harremana da, gardentasuna ezartzeko helburua eraginkortasunez lortzeko, gardentasuna erakundeen kalitate demokratikoa hobetzeko tresna baita. Hortaz, V. tituluak bi nozioen arteko elkarrekintza arautzen du, administrazio elektronikoa tresnatzat hartuta, eta gardentasunak biltzen dituen bi alderdietan: publizitate aktiboa eta informazioa eskuratzeko eskubidea. Orobat, balio publikoa sortzeko hurrengo urratsa ere hartzen du kontuan, hots, informazioa berrerabiltzea, baita ediktu- eta iragarki-taula (orain, eremu elektronikoan) hedatzeko tresna gisa duen balioa ere.

Nolanahi ere, titulu honetako arauketa Cortesko Udalak kasuan-kasuan onetsi duen arauketaren osagarri izanen da, baita Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak Gardentasunerako, Informazioa Eskuratzeko eta Berrerabiltzeko Ordenantza Ereduaren osagarri ere, eta gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren elkarrekiko erlazioa hartu behar da oinarritzat.

VI. tituluak honako hau du xede: Cortesko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakundeen Erregistro Elektroniko Orokorra sortzea eta arautzea, baita laguntza bulegoek beren zerbitzuan eta herritarrei laguntza ematean betetzen duten eginkizuna arautzea ere. Horrez gain, erregistroko epeen zenbaketa eta herritarrek administrazio prozeduretarako agiriak ematea arautuko dira, burokrazia ezabatzea eta gizarteak administrazio zama txikiagoa izatea izanik helburu.

Ordenantzaren VII. titulua lizitazio elektronikoari buruzkoa da. Atal honetan, nabarmentzekoa da beharrezkotzat ezartzen duela prozedura horiek elektronikoki izapidetzea –pertsona juridikoei dagozkielako, gehien-gehienetan, edo administrazio prozedurak direlako, azken finean– eta, hala badagokio, konkurrentzia eta gardentasun printzipioak sustatzen dituen lizitazio plataforma bat erabiltzea. Prozedurei dagokienez, nabarmentzekoa da, halaber, Europako Kontratazio Agiri Bakarra (EKAB) orokortu eta enkante elektronikoak sustatuko direla, baita, antolakuntzari dagokionez, kontratazio bulegoak eta erosketa zentralak ere.

VIII. tituluak antolakuntza eta eskumenen gaikuntza jorratzen ditu, eta ordenantza hau, zehazki, eta, oro har, administrazio elektronikoa ezartzearen ondorioz sortzen diren antolakuntza alderdi oso praktikoei erantzuna ematen saiatzen da. Azpimarratzekoa da alkateak Elkarreragingarritasun Arau Teknikoekin lotutako soft law arauak emateko eskumena duela, hala nola agiriak sinatzeko eta kudeatzeko politikak eta segurtasun agiria.

Azkenik, IX. titulua komunikazioen gainekoa da, eta entitatearen barne funtzionamendua hobetzea du xede, batez ere udalkideei dagokienez. Horretarako, bitarteko elektronikoen erabilera orokortuko du, behar-beharrezkoa den Komunikazio Plan baten barnean.

Ordenantzari bukaera emateko, xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ditu; azken horien artean, azpimarratzekoa da grabatzeko eta grabazioa sinatzeko sistema ezartzen dela ikus-entzunezko agiriak sortzeko, akta gisa eta haren balioarekin –Ikus-entzunezko akta–.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantzak honako hau du helburu: Cortesko Udalaren administrazio kudeaketarako administrazio prozedura erkidea garatzea, eta kasu orotan, izapidetze hori bitarteko elektronikoen bidez eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidegoaren urriaren 1eko 39/2015 Legea edo Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea betez.

2. Horretarako, ordenantza honek honako xede hau izanen du: batetik, baldintza eta ondorio juridikoak arautzea administrazio jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko, Cortesko Udalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen arteko harremanetan, bai eta herritarrekiko harremanetan ere, betiere haien eskubideak berma daitezen, eta, bestetik, eta, bereziki, administrazio prozedurak izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzeak dituen ondorio juridikoak eta baldintzak arautzea.

3. Halaber, ordenantza honek oinarri arautzaileak xedatzen ditu udalaren administrazio-izapideak eta -prozedurak izapidetze elektronikoan txertatzeko.

4. Ordenantza hau udalak arauak emateko eta bere burua antolatzeko ahalmenaren babesean eman da; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. eta 70.bis.3 artikuluek aitortzen dute ahalmen hori.

2. artikulua. Aplikazio-eremu subjektiboa.

1. Ordenantza hau entitate hauetan aplikatuko da (aurrerantzean denak batera toki entitate izendatuko dira):

a) Cortesko Udala osatzen duten administrazio organoak.

b) Haren mendeko edo harekin lotutako erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

c) Haren mendeko edo hari lotutako merkataritza enpresak eta zuzenbide pribatuko beste entitateak, administrazio ahalmenak gauzatzen badituzte eta, ordenantza hau zehazki horiei buruz ari denean.

2. Horrez gain, udaleko zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen adjudikaziodunei aplikatuko zaie, lizitazio agiriek edo bestelako kontratu agiriek hala ezartzen dutenean, Cortesko Udalarekin eta erabiltzaile eta herritarrekin dituzten harremanetan, eta dagozkion zerbitzu publikoak emateko jardueren barnean.

3. Ordenantza hau herritarrei ere aplikatuko zaie. Horrelakotzat hartuko dira administrazio publikoekin jarduteko gaitasuna dutenak, Cortesko Udalarekiko eta lehenbiziko apartatuan adierazitako beste entitateekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzen dituztenean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluaren arabera, honako hauek dute administrazioekin jarduteko gaitasuna:

a) Arau zibilen arabera jarduteko gaitasuna duten pertsona juridikoek edo fisikoek.

b) Adingabekoek, beren eskubideak eta interesak gauzatu eta defendatzeko, antolamendu juridikoak baimena ematen badu jarduketa horiek guraso-ahala, zaintza edo kuradoretza gauzatzen duen pertsonaren laguntzarik gabe gauzatzeko. Salbuetsita daude adingabeko ezinduak, ezintasun mailak dagozkion eskubideak edo interesak gauzatu edo defendatzeari eragiten badio.

c) Ukitutakoen taldeek, nortasun juridikorik ez duten elkarteek eta entitateek, eta ondare independenteek edo autonomoek, lege batek berariaz hala adierazten badu.

3. artikulua. Aplikazio-eremu objektiboa.

1. Cortesko Udalak parte hartzen duen jardueretan aplikatuko da ordenantza hau. Zehatz-mehatz, hauetan:

a) Herritarrekiko harremanetan, izaera juridiko administratiboa badute.

b) Herritarrek toki entitate honen eskura dagoen informazio publiko administratiboari eta datu administratiboei buruzko kontsultak egitean.

c) Administrazio izapide eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.

d) Toki entitateak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioa tratatzean.

2. Halaber, ordenantza honetako printzipio orokorrak prozedura administratiboaren arauen mende ez dauden herritarraren komunikazioei aplikatuko zaizkie, eta bereziki, abisuak eta gorabeherak jakinarazteari, erreklamazioak eta kexak egiteari, iradokizunak aurkezteari, toki organoei galderak egiteari eta eskaerei eta bestelako partaidetza moduei, berariaz arautzen ez diren bitartean.

3. Cortesko Udalak bermatuko du herritarrak zerbitzu elektronikoetan sartzea, hainbat kanaletako sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:

a) Aurrez aurreko harrerarako zehazten diren bulegoak: ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko dituzte, libreki eta dohainik jarri ere. Laguntza eta orientabidea izan beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistemen bidez.

b) Cortesko Udaleko eta haren mendeko edo hari lotutako erakundeen organoetarako sarbide elektroniko orokorrak, komunikazio sareen bidez herritarren eskura daudenak.

c) Telefonoz harrera egiteko zerbitzuak: aukera ematen dute, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten heinean, herritarrari aurreko ataletan aipatu diren informazio eta zerbitzu elektronikoetan sarbide emateko.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Cortesko Udalak eta haren mendeko erakundeek Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 2ko 40/2015 Legearen 3. artikuluak zerrendatutako printzipioak errespetatu beharko dituzte beren antolaketan, jarduketetan eta sektore publikoko gainontzeko entitateekiko eta herritarrekiko harremanetan.

2. Orobat, tokian administrazio prozedura elektronikoaren ezarpena indartzeko, garatzeko eta xehatzeko helburuz, ondorengo artikuluetan jasotzen diren printzipioen arabera jardun beharko dute.

5. artikulua. Administrazio elektronikoaren antolakuntza printzipioak.

a) Herritarrarentzako zerbitzuaren printzipioa.

Beharrezko egiten du sarbide elektronikoa bultzatzea informazioa eta tramite eta prozedura administratiboak jasotzeko, printzipio konstituzional hauek modu eraginkorragoan gauzatu ahal izateko: administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrentzako zerbitzua.

b) Sinplifikazio administratiboaren printzipioa.

Helburu du prozesu, prozedura eta tramite administratiboen sinplifikazioa eta integrazioa lortzea, eta herritarrarentzako zerbitzua hobetzea; horretarako, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko da, eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuko dira, eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuko, araudi aplikagarriarekin bat, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz.

c) bitarteko elektronikoak bultzatzeko printzipioa.

Beharrezko egiten du bitarteko elektronikoen benetako erabilera bultzatzea bere jarduera guztietan, eta, bereziki, herritarrarekiko harremanetan; horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide materialak erabiliko dira, eraginkorrak izan daitezen, eta herritarrek bitarteko elektronikoak erabil ditzaten bultzatzeko pizgarriak ezarriko dira.

d) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa.

Ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatzen du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Hala, garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren baliabide teknologiko egokienak, eta bereziki saihestuko da interes orokorretik aldentzen diren sektore pribatuarekiko kontzertazioak. Bereziki sustatuko da kode irekiko softwarearen erabilera administrazio elektronikoan.

e) Elkarreragingarritasunaren printzipioa.

Elkarreragingarritasun estandarren erabilera bermatzen du, eta begiratu, erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, betiere irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, alkatetzak beharrezkoak diren elkarreragingarritasun arau tekniko guztiak onetsiko ditu, ordenantza hau behar bezala garatzeko, betiere Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

f) Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa.

Herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna bermatzen ditu, datuen babesari buruzko araudian eta datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan. Toki entitateen organoek eta departamentuek batera erabiltzen duten informazioan jasotako herritarren datu pertsonalek babes berezia jasoko dute. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, Alkatetzak informazioaren segurtasunerako politikari buruzko agiria eta beharrezko segurtasuneko arau teknikoak onetsiko ditu, hura behar bezala garatzeko, betiere Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

g) Gardentasun printzipioa.

Beharreko egiten du haren fitxategietan dagoen informazioaren eta administrazio jardueren hedapen, publizitate eta gardentasunik handiena erraztea, sektore publikoaren gardentasunari buruzko legeriarekin eta gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin bat.

h) Eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak.

Printzipio horiek zuzenduko dute bitarteko elektronikoen ezarpena, eta irizpide hauen arabera eginen da:

–Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.

–Zein populazio sektoretarako den.

–Zerbitzuaren prestaziorako lortzen ahal diren hobekuntzak.

–Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako udal antolakuntzarekin eta udalaren informazio sistemekin.

–Beharrezkoak diren ahalegin teknikoen, antolakuntza ahaleginen eta ahalegin ekonomikoen maila.

–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

i) Lankidetza printzipioa.

Helburu de herritarrekiko zerbitzua eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetzea, eta, horretarako, hitzarmenak, akordioak eta kontratuak eginen dira elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkideek eta bezeroek administrazioarekin duten harremana errazteko.

j) Partaidetza printzipioa.

Parte hartzeko eskubideak gauzatzean bitarteko elektronikoen erabilera sustatzera behartzen du, bitarteko elektronikoen berezko tresnen bidez eta fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak errespetatuz; bereziki honako eskubide hauek: eskatzeko eskubidea, entzunaldiko eta informazio publikorako eskubideak, herritarren ekimena, kontsultak egitea eta kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea, eta ideiak eta iritziak jendaurrean eztabaidatzea eta adieraztea.

6. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipioak.

a) Irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioa.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Sistema errazak erabiltzea, herritarrarentzako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.

–Irizpide bateratuak erabiltzea, informazioa ikertzeko eta ikusteko, informazioa ahalik eta hobekien hedatzeko, irisgarritasun eta dokumentuen tratamenduaren nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz.

–Administrazio egintzak eta agiriak ulergarriak izatea, ahal den heinean, hizkuntza erraza eta kulturalki irisgarria erabiliz agiri horiek pertsona gehienek intelektualki ulertzeko modukoak izateko.

–Halaber, desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura behar diren baliabideak jartzea, informazio administratiboa bitarteko elektronikoen bidez lor dezaten, oro har onarturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.

b) Toki entitateak argitaratzen duen informazioaren zehaztasunaren printzipioa.

Informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzean, bermatzen du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki bera, egiazkoa, zorrotza eta zehatza izanen dela. Informazioa modu elektronikoan edukitzeak ez du galaraziko edo zailduko bulego publikoetan edo beste baliabide tradizionalen bidez aurrez aurre egiten den harrera.

c) Eguneratzeko premia.

Bide elektronikoetatik eskuratzen ahal den administrazio informazioa eguneratzea bermatzen du. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

d) Datu pertsonalen babesaren bermearen printzipioa.

Beharrezko egiten du une bakoitzean eskura dagoen teknologia baliatzea, datu pertsonalen babesari datxezkion eskubideak ziurtatzeko, eta xedeak edo adostasunak babestu gabeko edozein trazabilitate pertsonal galarazteko segurtasun neurriak bermatzea.

e) Kontsulta irekiaren printzipioa, denen eskura eta irekia dagoen informazio baliabideei dagokienez.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Indarreko legeriaren arabera denen eskura dagoen informazio administratiboa irisgarria izatea, aldez aurretik inolako identifikaziorik eskatu gabe.

–Indarreko legeriaren arabera publikoa eta orokorra den informazioa doakoa izatea, zerga ordenantzetan xedatutakoa eragotzi gabe.

7. artikulua. Herritarrak prozedura administratiboetan elektronikoki sartzearen printzipioak.

a) Legezkotasun printzipioa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako berme juridikoen osotasuna mantentzea bermatzen du.

b) Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzeko printzipioa.

Eragozten du bitarteko elektronikoak erabiltzeak bazterkeriarik edo kalterik ekarriko duela toki entitateekiko harremanetan erabiltzen dituenarentzat.

c) Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa.

Beharrezko egiten du behar diren ekintzak bultzatzea trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezartzeko, herritarrak noiznahi, eta bitarteko elektronikoen bidez, izapidetzearen egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.

d) Baliabideen intermodalitatearen printzipioa.

Horren arabera, ordenantza honetan eta hura hedatzen duten arauetan ezarri bezala, baliabide baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez jarraitu ahal izanen du, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira.

Bide elektronikotik sarbidea duten izapideak eta prozedurak toki entitateak zehazten dituen kanal eta bitarteko elektronikoen bidez gauzatzen ahalko dira.

e) Proportzionaltasun printzipioa.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haiexen araberakoak baizik ez direla izanen eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak.

–Helbururako beharrezkoak diren datuak baizik ez zaizkiola eskatuko herritarrei.

8. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza sustatzeko printzipioak, administrazio elektronikoaren arloan.

a) Administrazio arteko lankidetza eta elkarlanaren printzipioa.

Herritarrarentzako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketan eraginkortasuna hobetzeko xede du, eta, hartara, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatzen du, ordenantza honetan ezarritakoak gauzatze aldera, besteak beste: estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak, beti modu elkarreragingarrian.

Horretaz gainera, printzipio hau betetzeko, toki entitateak:

–Erkidegoaren esku eta, bereziki, toki entitateen eta gainerako administrazio publikoen esku jarriko ditu bere administrazio elektronikoko aplikazioak.

–Argitara emanen ditu beste administrazio publikoekin sinatutako akordio eta hitzarmenak.

b) Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa.

Toki entitateak behartzen ditu beste administrazio publikoei interesdunen inguruan euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzea erraztera, eta aipatutako datuetan segurtasuna eta osotasuna izateko berme handienekin sartzeko behar diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu.

Aurreko atalean aipaturiko datuen eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, Administrazio Publikoek, beren eginkizunetan ari direnean, beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabakitzeko eskatzen dituztenetara.

9. artikulua. Herritarraren eskubideak.

Ordenantza honen esparruan, herritarrei aitortzen zaizkie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako eskubideak, bai eta beste arau batzuetan aitortzen zaizkienak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Cortesko Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea.

b) Cortesko Udalari bitarteko horien bidezko harremana exijitzeko eskubidea, eta agiriak formatu elektronikoen bidez jasotzeko eskubidea.

c) Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko eskubidea.

d) Informazio administratiboan, erregistroetan eta fitxategietan bitarteko elektronikoen bidez sartzeko eskubidea.

e) Udalaren erabakiak hartzeko prozesuetan eta haren kudeaketa hobetzean bitarteko elektronikoen bidez parte hartzeko eskubidea, eta egindako eskaera eta kontsulten erantzuna jasotzekoa.

f) Administrazio elektronikoa erabiltzean formakuntza eta euskarria eskura izateko eskubidea.

g) Administrazio elektronikoan sartu eta hura erabiltzeko eskubidea, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak.

h) Datu pertsonalen konfidentzialtasunerako eta babeserako eskubidea, eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak, bereziki, emandako informazio pertsonala beste xede batzuetarako ez erabiltzekoa.

i) Toki entitatearekiko komunikazioen pribatutasunerako eta segurtasunerako eskubidea, bai eta toki entitateak egin ditzakeen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.

j) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak toki entitateak formatu elektronikoan kontserbatzeko eskubidea.

10. artikulua. Herritarren betebeharrak.

1. Administrazioaren jardueran eta Cortesko Udalarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzearen esparruan, eta administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu eta kudeaketa egokia bermatzeko asmoz, herritarren jarduketan, aplikatzekoa den estatuko eta autonomietako oinarrizko legeria bete beharko da, eta, bereziki, honako betebehar hauek:

a) Fede onez erabili behar ditu administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak eta gehiegikeriak ekidinen dira.

b) Cortesko Udalari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza eman behar dio, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.

c) Cortesko Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez dituen administrazio harremanetan, bere burua identifikatu behar du, indarreko araudiak hala eskatzen badu.

d) Zaindu egin behar ditu bitarteko elektronikoen bidez Cortesko Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo besterenezinak.

e) Begiratu behar ditu pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Gainera, pertsona juridikoek eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan aipatutako beste pertsonek eta entitateek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte Cortesko Udalarekin harremanetan egoteko.

II. TITULUA

Administrazio prozedura elektronikoa

I. KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoen izapidetzea

11. artikulua. Administrazio eraginkortasunaren printzipioa: analisia, sinplifikazioa eta aurretiazko hobekuntza.

1. Arauketa onaren eraginkortasun printzipioa aplikatuz, Cortesko Udalak berrikuntza prozesua gauzatuko du bere administrazio jarduketan, balio publikoa sortzeko, eta prozesu horrek bektore hauek jasoko ditu: balio analisia, ideiak sortzea, berriz diseinatzea, optimizatzea, sinplifikatzea, irekitzea eta administrazio zamak ezabatzea. Informazio-aplikazioak eta -sistemak toki entitatearen administrazio jarduketan txertatu eta erabili aurretik burutuko da prozesu hori.

2. Aipatutako berrikuntza prozesua administrazio- eta antolakuntza-eremu hauetan gauzatuko da:

a) Prozeduren eremuan.

b) Arauen eremuan.

c) Antolakuntzaren eremuan.

12. artikulua. Prozeduren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.

1. Cortesko Udalak herritarrentzako zama murriztuko du, eta, hartara, administrazio prozedurak abiaraztean, honako agiri hauek ez dira beharrezkoak izanen, aplikaziozko araudi erregulatzaileak salbuespenez kontrakoa ezartzen ez badu:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia.

b) Toki entitateak berak eskakizun jakinak betetzen direla egiaztatzeko eman behar duen edozein ziurtagiri edo agiri.

c) Toki entitateak berak aurretiaz egin eta/edo igorri duen edozein agiri.

d) Beste administrazio publiko batek egin eta/edo igorri duen edozein agiri, sektore publikoko datuen bitartekotza plataformen bidez eskuratzen ahal bada.

e) Aplikagarria den araudi erregulatzaileak eskatzen ez duen edozein datu edo agiri.

f) Interesdunek aurretiaz edozein administrazio publikotan eman dituzten datuak edo agiriak, administrazio horrek bitartekotza plataformetan besteen eskura jartzen baditu eta interesdunak adierazten badu noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen datu edo agiri horiek. Kasu horretan, kontsulta egiteko baimena ematen duela jotzen da, baldin eta berriz erabiltzeari berariaz kontra egiten ez badio edo berariazko baimena ematea exijitzen duen lege berezirik ez badago.

g) Beharrezko informazioa izanik ere, interesdunak hala eskatuta, datu edo metadatu gisa sartzen ahal den edozein agiri edo agiriren kopia.

Herritarrentzako zama murrizteko helburu berarekin:

a) Administrazio prozeduretako eskaera- eta abiarazte-betebeharren maiztasuna murriztuko du.

b) Erantzukizunpeko adierazpenei eta aurretiazko komunikazioei lehentasuna emanen die, bai eta aurretiaz eman diren baimenen eta lizentzien berritze automatikoei ere.

c) Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatuko ditu, arauetan ezarritako erantzun epeak eta denborak murrizteko.

2. Cortesko Udalak, aurreko apartatuaren arabera, aldizka berrikusi eta aztertuko du sektore publikoko bitartekotza plataformetan zama murriztea ahalbidetzen duten zerbitzu berriak agertzeak ukitutako administrazio prozeduren multzoa. Nolanahi ere, interesdunek ez dituzte aurkeztu beharko toki entitateek bitartekotza plataformen bidez bitartekotza zerbitzuak martxan jarri eta hilabetera lortzen ahal diren agiriak.

3. Cortesko Udalak bideragarritasuna aztertuko du, eta administrazio prozedura erkidearen izapidetze sinplifikatuaren alde eginen du, ahal denean. Haren egoitza elektronikoak eguneratuta mantenduko ditu izapidetze sinplifikatuaren eredu hori aplikagarri duten administrazio prozedurak. Hala ere, interesdunak eskubidea izanen du berariaz horri kontra egiteko eta izapidetze arrunta aukeratzeko.

13. artikulua. Arauketaren eremuko berrikuntza, irekitzea eta partaidetza.

1. Cortesko Udalak Gobernu Irekiaren printzipio hauek aplikatuko ditu bere ahalmenak eta jarduera egikaritzean indarrean dituen ordenantzak eta erregelamenduak jendaurrean jarri, egin eta horien kontu ematen dituenean:

a) Gardentasuna indarreko eta etorkizuneko arauetan eta erregelamenduetan.

b) Herritarrek ordenantzak eta erregelamenduak egiten eta hobetzen parte hartzea eta laguntzea.

c) Indarreko ordenantzen eta erregelamenduen emaitzen eta eraginen kontuak ematea.

2. Cortesko Udalak gardentasun aktiboa emanen dio eta Gardentasun Atariko araudiaren atalean argitaratuko du informazio hau:

a) Aplikagarria den araudia, toki entitateen eremuan indarrean dauden ordenantzen eta erregelamenduen multzoa barne.

b) Erregelamenduen proiektuak, berari badagokio horiek abiaraztea.

c) Sektoreko legeria indardunaren arabera, izapidetzean zehar epe batez jendaurrean egon behar duten agiriak.

d) Onetsitako Urteko Plan Arautzailea, hurrengo urtean onesteko aurkeztuko diren erregelamendu ekimenak jasoko dituenak. Horrela, tokiko segurtasun juridikoa ikusgai egonen da.

3. Cortesko Udalak sustatuko du herritarrek parte hartzea erregelamenduak eta ordenantzak egitean. Horretarako, lehenbizi, kontsulta publikoa eginen du, ukitzen ahal diren subjektu eta erakunde esanguratsuenen iritzia biltzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluaren esparrua eta zuzentarauak betez. Kontsulta publiko horren analisia jasotzen duen agiria erregelamendu edo ordenantzaren proiektuaren zati izanen da, eta erregelamendu edo ordenantza izapidetu bitartean argitaratuko da. Agiri horretan, aurkeztutako proposamenak onartu edo ukatu izana arrazoituko da, eta prozedurarekin jarraitzea beharrezkoa den ala ez adierazi.

Nolanahi ere, espedientean, informazio hau jasoko da:

a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.

b) Zergatik den beharrezkoa eta egokia araua onestea.

c) Lortu beharreko helburuak, eta ebaluatzeko eta gizarteari kontuak emateko sistema, helburu horiek benetan betetzen direla egiaztatzeko.

d) Kontsulta publikoan atera diren arauzko eta ez arauzko aukerako irtenbideak baztertu izanaren arrazoiak.

4. Herritarrek dauden ekimen arautzaileen hobekuntzan parte hartzea sustatuko du Cortesko Udalak. Horretarako, bideak sortuko ditu herritarrek unean indarrean dauden ordenantzetan eta erregelamenduetan hobetzen ahal diren edo funtzionatzen ez duten alderdiei buruzko iritzia emateko.

5. Cortesko Udalak onetsitako ordenantzen eta erregelamenduen oinarrizko helburuen ebaluazio adierazleak argitaratuko ditu, bere Gardentasun Atariko “Zerbitzu Publikoen Kalitatea” kategorian. Konpromisoa hartuko du erregelamendu ekimenak hobetzeko eta sinplifikatzeko, baita helburuen betetze mailan ebaluazio ona ez dutenak baliogabetzeko ere, gizartearentzat ahalik eta administrazio zamarik txikiena duen indarreko arau eredu iraunkor baten alde.

14. artikulua. Antolakuntzaren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.

Cortesko Udalak berrikuntza eta sinplifikazio printzipioak aplikatuko ditu antolakuntzaren eremuan, eraginkortasunaren mesedetan eta herritarrei bideratuta, eta honako irizpide eta berrikuntza hauei lehentasuna emanen die, besteak beste:

a) Gobernu organoen artean, erabakiak eraginkortasunez hartzera bideratutako ordezkaritza araubidea ezartzea, eta pertsona bakarreko organoek erabakitzen ahal dutena kide anitzeko organoen esku ez uztea.

b) Zerbitzu maila handiko herritarrentzako arreta bulegoak sortzea, berehalako erantzuna eman ahal izateko eta arreta ematen den unean bertan izapidetze proaktiboa egin ahal izateko.

c) Prozesuetan eta zeharkakotasunean oinarritutako antolakuntza ereduak, lantaldeetan sormena eta talentua bultzatzeko.

d) Erregistro osagarriak edo departamentuetako erregistroak ezabatzea eta administrazio kudeaketaren informazio aplikazioek eta sistemek eskaintzen duten trazabilitatearekin ordeztea.

e) Administrazioaren jarduketa fluxuen gaineko balio erantsia analizatzeko teknikak erabiltzea, herritarrei eta toki erakundeari balioa eransten dioten antolakuntza unitateak identifikatzeko, sustatzeko eta optimizatzeko, helburua izanik eraginkortasun publikoa lortzea eta analisi horren arabera alferrikakoak diren gainerako unitateak ezabatzea.

15. artikulua. Administrazio prozedura erkidearen izapidetze sinplifikatuaren berezitasunak.

1. Cortesko Udalak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, administrazio prozedura erkidearen izapidetze sinplifikatura jotzen ahal du, interes publikoko arrazoiengatik edo prozedura konplexua ez izateagatik komenigarria bada. Kasu horretan, dagokion egoitza elektronikoak argitaratuko du zer prozedura izapidetuko diren bide horretatik. Hala ere, ahalik eta informazio gehiena emateko eta eskuratzeko aukera errazteko asmoz, informazio hori Gardentasun Atarian ere argitaratzen ahal da.

Kasu hauetan iritziko zaio prozedura ez dela konplexua:

a) Instrukzioan bi administrazio unitatek parte hartzea gehienez, edo

b) Ebazteko epea hiru hilabetekoa izatea gehienez.

2. Prozedura ebatzi aurretik edozein unetan, hura izapidetzeko eskumena duen organoak erabakitzen ahal du izapidetze arruntarekin jarraitzea, baldin eta espedientean erabaki hori hartzea aholkatzen duten arrazoiak nahikoa egiaztatzen badira eta, interesdunak izapidetze sinplifikatua eskatu badu ere, erabaki horren aurka ez badago.

3. Cortesko Udalak ofizioz erabakitzen badu prozeduraren izapidetze sinplifikatua eginen duela, interesdunei jakinarazi beharko die. Horietakoren batek, jakinarazpena jaso eta bost eguneko epean, horri kontra egiten badio, udalak izapidetze arruntari jarraitu beharko dio.

4. Interesdunek prozeduraren izapidetze sinplifikatua eskatzen ahal dute. Izapidetzeko eskumena duen organoak uste badu ez dela 1. apartatuan aipatutako arrazoietako bat betetzen, eskaera horri uko egiten ahal dio, eskaera aurkeztu eta hurrengo bost egunetan, eta interesdunak ezin izanen du errekurtsorik jarri. Bost eguneko epe hori igarota, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Izapidetze arrunta burutzeko denbora gutxiago falta den kasuetan izan ezik, modu sinplifikatuan izapidetutako administrazio prozedurak hogeita hamar egunetan ebatzi beharko dira, interesdunari izapidetze sinplifikatua eginen dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Honako izapide hauek izanen dituzte soil-soilik:

a) Prozedura abiaraztea, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

b) Eskaera zuzentzea, hala badagokio.

c) Prozeduraren hasieran egindako alegazioak, bost eguneko epeaz.

d) Entzunaldia, ebazpena interesdunaren kalterako izatekoa denean soilik.

e) Kasu bakoitzari aplikatzen zaion araudi espezifikoaren arabera dagozkion txostenak.

f) Ebazpena.

6. Prozeduraren batean aurreko apartatuan xedatu ez den izapideren bat egin behar bada, prozedura modu arruntean izapidetuko da, salbu eta izapide hori bost egun balioduneko epean ebazten ahal bada, eta, azken kasu horretan, izapidetze sinplifikatuarekin jarraitzen ahal du udalak.

II. KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoen jakinarazpena

16. artikulua. Jakinarazteko organo eskuduna.

1. Ebazpenak eta administrazio egintzak ematen dituen organoak eginen die jakinarazpena ukitutako eskubideak eta interesak dituzten interesdunei. Jakinarazpena modu automatizatuan eginen da lehentasunez, eskura jartzeko sistema elektronikoaren bidez.

2. Dena dela, Idazkaritzak emanen du kide anitzeko organoen erabakien berri, horiek egiaztatu ondoren. Jakinarazpena modu automatizatuan eginen da lehentasunez, duen sinadura elektronikoko sistemaren bidez.

17. artikulua. Jakinarazteko epea.

1. Jakinarazpen oro hamar eguneko epean egin behar da, egintza egin den egunetik aurrera. Ebazpenaren testu osoa ekarriko dute, eta adieraziko bide administratiboari amaiera ematen dion ala ez, zer errekurtso den bidezko bide administratiboan zein judizialean, zer organori zuzendu behar zaion eta zer epe dagoen haiek jartzeko, ukatu gabe interesdunek baliatzen ahal dutela, hala badagokio, bidezkotzat jotzen duten beste edozein.

18. artikulua. Datuen babesa eta jakinarazpenaren beste muga batzuk.

1. Cortesko Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu ebazpenetan eta administrazio egintzetan jasotako datu pertsonalak babesteko, interesdun bat baino gehiago direnean jakinarazpenaren hartzaile, eta, hala badagokio, gardentasunari buruzko legerian xedatutako beste muga batzuk aplikatuko ditu.

2. Neurri horiek honako hauek hartzen ahal dituzte barne, besteak beste: transkripzioa, erabakien eta ebazpenen egiaztapen partziala egiteko, zeina automatikoki eginen baita metadatuak erabiliz, hala badagokio, eta egiaztatu eta jakinarazi behar ez diren eranskinak erabiltzea.

3. Edonola ere, datuak eskuratzeko mugak badaude, hala adierazi beharko da, gardentasun legeriak ezarritako baldintzetan.

19. artikulua. Jakinarazpenen abisuak jasotzeko gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa.

1. Interesdunak edo haren ordezkariak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa adierazten ahal du, jakinarazpenak egin izanaren abisuak jasotzeko, jakinarazpenak edozein modutara eginda ere. Cortesko Udalak zehaztuko du zer gailu elektroniko onartzen dituen baliozkotzat artikulu honetan araututako abisua egiteko.

2. Horretarako, interesdunak edo haren ordezkariak bere burua identifikatu beharko du, toki entitateak horretarako onartu duen sistemaren bidez, eta dagozkion datuak bete beharko ditu.

3. Interesduna edo haren ordezkaria izanen da informazio hori eguneratuta izatearen erantzule bakarra.

20. artikulua. Jakinarazpena elektronikoki igortzea eta burutzea.

1. Jakinarazpena idatziz eta euskarri elektroniko originalean sortuko da beti, eta administrazio prozedura erkidearen legerian aurreikusitako metadatuak eta bestelako edukiak jasoko ditu. Halaber, hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera eginen da.

2. Jakinarazpen elektronikoa egiteko, baliozkotzat hartzen dira helbide elektroniko gaitua eta toki entitatearen egoitza elektronikora sartzean jakinarazpena jasotzea.

3. Jakinarazpena, hala ere, interesdunaren edo haren ordezkariaren esku jarriko da toki entitatearen egoitza elektronikoan, eta abisua bidaliko da interesdunak edo haren ordezkariak adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora.

4. Elektronikoki bertaratzean jakinarazpena gauzatu ahal izateko, erabilitako sistemak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Jakinarazpena atzitzen duen pertsonaren identifikazioa egiaztatuta gelditu behar da, toki entitateak ordenantza honetan baldintzen arabera ezarritako moduan.

b) Argi eta garbi adierazi beharko da interesdunak edukiak atzitu izana jakinarazpentzat hartuko dela, dagozkion lege ondorioetarako.

c) Jasota geratu beharko da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpenaren edukia atzitu izana, eta zer egunetan eta ordutan atzitu duten ere bai.

5. Horrez gain, interesdunak edo haren ordezkariak borondatez hala eskatu badu edo legez edo arauz jakinarazpenak bitarteko elektronikoetatik jasotzeko obligazioa badu, toki entitateak gaitutako helbide elektroniko bakarrean jartzen ahal du jakinarazpena interesdunaren edo haren ordezkariaren eskura, araudi erregulatzaileak xedatutako baldintzetan.

21. artikulua. Jakinarazpena paperezko euskarrian egitea.

1. Administrazio prozedura erkidearen legerian xedatutako kasuetan, Cortesko Udalak paperezko euskarrian egin beharko du jakinarazpena. Horretarako, posta zerbitzuen legeriak ezarritako mekanismoak erabiltzen ahal ditu, haren zerbitzuko langile publiko baten bitartez jakinarazpena eman edo interesdunari edo haren ordezkariari toki entitatearen bulegoetara edo horretarako gaitutako tokira bertaratzeko eskatu.

2. Kasu horretan, egoitza elektronikoan eskura jarritako jakinarazpenaren egiazko kopia bat sortu beharko da paperean, modu automatizatuan. Horretarako, jakinarazpena egiten duen organoaren egiaztapen-kode segurua edo toki entitatearen kode orokorra erabiliko dira.

3. Posta zerbitzuaren bidezko jakinarazpenak unean indarrean dagoen araudiak ezarri bezala eginen dira.

4. Bulegoetara bertaratuta edo langile publikoen bitartez ematen diren paperezko jakinarazpenak egitean, idatziz eta elektronikoki jasota utzi behar da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena jaso dutela. Jakinarazpena, halaber, digitalizatuko da, egiazko kopia elektronikoa eginez, espedientean sartzeko.

5. Paperez egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri behar dira toki entitatearen egoitza elektronikoan, aukera izan dezan horien edukia borondatez atzitzeko.

22. artikulua. Jakinarazi ezin izan diren iragarkiak argitaratzea.

1. Jakinarazpena ezin izan denean aurreko artikuluen baldintzetan burutu, Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuko da.

Horretarako, banakako iragarkiak edo, modu agregatuan, jakinarazpena jasotzeko bertaratzekoak argitaratzen ahal dira.

2. Cortesko Udalak oholean argitaratzeko beste administrazio publiko batzuek igorritako jakinarazpenen iragarkiak jasotzen baditu, argitalpen hori toki entitatearen bulegoetan eskuratzen ahal den ohol fisikoan edo elektronikoan soilik argitaratuko da.

III. KAPITULUA

Artxibo elektronikoa

23. artikulua. Dokumentuen fitxategi elektronikoa.

1. Agiriak eta jarduketak edozein artxibo elektronikotan jasotzean, gardentasun obligazioak betetzea erraztu behar da, eta aukera eman behar du herritarrei informazioa garaiz, azkar eta eguneratuta emateko.

2. Administrazio jarduketetan erabilitako agiri guztiak bitarteko elektronikoen bidez gordeko dira, salbu eta ezin bada eta modu arrazoituan egiaztatzen bada ezinezkoa dela.

Jatorrizko euskarrian gordeko dira egiazko kopia elektroniko bidez espediente elektronikoan gorde ezin diren euskarri fisikoko agiriak, legeak xedatutako baldintzetan.

3. Nolanahi ere, Cortesko Udalak agiriak hobeki jaso eta kudeatzeko beharrezkoa duen eta egoki deritzon agiri elektronikoen artxiboa izaten ahalko du, ordenantza honen 96. artikuluan aipatzen den Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agiriak ezarritakoaren arabera.

4. Aurreko apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Cortesko Udalak artxibo elektroniko bakarra izan beharko du, burututako prozedurei dagozkion agiri elektronikoekin, aplikagarria den araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan.

24. artikulua. Kontserbatzeko formatuak eta euskarriak.

1. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbestean, bai formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren izaera eta osotasuna segurtatuko duen beste edozeinetan erreproduzitu ahal izateko.

2. Amaitutako prozedurei dagozkien agiri elektronikoak honako hau ahalbidetzen duen formatu batean gorde beharko dira: agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzea, baita kontsultatzeko moduan daudela bermatzea ere eman zirenetik edozer denbora igaro dela ere. Horretarako, jatorrizko formatua kontserbazio formatura aldatzen ahal da, egiazko kopia elektronikoa sortuz.

3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, frogagiri izaten jarraitzen duten bitartean, agiri elektronikoak beren formatu originalean gorde beharko dira ahal bada, sinadura elektronikoarekin eta metadatuekin batera.

4. Cortesko Udalak datuak aplikazio desberdinetatik atzitzeko aukera ematen duten formatuetara eta euskarrietara aldatzeko prozedurak ezarriko ditu, hala beharrezkoa denean.

25. artikulua. Artxibo elektronikoen bermeak eta segurtasun neurriak.

1. Dokumentuak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako dokumentuen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa.

2. Bereziki, artxibo elektroniko guztiek bermatuko dute erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legerian ezarritako bermeak betetzen direla ere, eta administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoak berreskuratu eta luzaroan kontserbatzen dituztela, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi zikloari buruzko berezitasunekin bat.

3. Agiriak kudeatzeko politikak, toki entitateak Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agirian zehaztutako segurtasun politikarekin batera, agiri elektronikoei aplikatzen zaizkien segurtasun neurriak ezarriko ditu.

26. artikulua. Artxiboen kudeaketa erregulatzen duen araudia betetzea.

1. Artxibo elektronikoen eta, bereziki, burututako prozedurei dagokien agiri elektronikoen artxibo bakarraren ezarpena bateragarria izanen da indarreko legeriak ezartzen dituen beste sistemekin eta artxibo sareekin, eta dagozkion zaintza- edo eskualdaketa-erantzukizunen banaketa errespetatu beharko du.

2. Halaber, artxibo elektroniko bakarraz gain, artxibo historikoarekin jarraitzen ahal da, dagokion estatuko eta autonomiako araudiaren arabera.

3. Agiri elektroniko horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.

27. artikulua. Agiri elektronikoetan sartzea.

1. Herritarrek agiri elektronikoetan sartzea gardentasuna arautzeko legeriak ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Gainerako administrazio publikoak ordenantza honetan araututako agiri eta artxibo elektronikoetara sartzeari dagokionez, baldin eta eskatzaileak toki entitateari aurretiaz emandako agiriak ez emateko eskubidea gauzatzen badu, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen duen legeriak ezarritako mugen barruan jardun behar da, dokumentazioa araudi erregulatzaileak xedatutakoaren arabera ezabatu ez bada.

III. TITULUA

Egoitza elektronikoa

28. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Cortesko Udalaren egoitza elektronikoa sortu da, eta URL helbide honetan dago eskuragarri: http://cortes.sedelectronica.es.

Cortesko Udala da egoitza elektronikoaren titularra.

Egoitza elektroniko bakarra egonen da udaleko organo guztietarako, eta entitate eta erakunde publikoak zein haren mende dauden kapital erabat publikoko toki entitateak eta entitate mistoak sartzen ahal dira hor.

2. Egoitza elektronikoak printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Egoitza elektronikoak erabiliko du webgunearen autentifikaziorako ziurtagiri aitortua edo kalifikatua, edo horren baliokidea, identifikatzeko eta berarekin komunikazio segurua bermatzeko.

Egoitza elektronikoa erabilgarri egonen da herritarrentzat urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan. Mantentze-lan tekniko edo operatiboarekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzaren erabilgarritasuna, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aurrez iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan bertan, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

29. artikulua. Prozeduren katalogoa.

1. Aipatu 39/2015 Legearen 53.1.f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egiteko asmoa duen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.

Zentzu berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.

Ondorio horietarako, udalak publikoki jakitera emanen du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izanen du katalogo hori.

30. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak legeri aplikagarrian ezarritako edukia izanen du, eta, edozein kasutan, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz.

b) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

c) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemak.

d) Udaleko administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

e) Erregistro elektronikorako sarbide bat eta egoitzaren bidez irisgarriak diren erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

f) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

g) Informazio administratiboaren inbentarioa, udalak emandako prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.

h) Herritarrak udaleko administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda.

i) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

j) Espedientearen izapidetze egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, interesdunak bere burua identifikatu ondoren.

k) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen-kode seguruarekin autentifikatutako agirien egiazkotasunaren eta osotasunaren egiaztapena.

l) Data eta ordu ofiziala.

m) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

n) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.

o) Eguneratutako direktorio geografikoa, interesdunari bere etxetik gertuen dagoen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoa identifikatzen lagunduko diona.

p) Administrazio organo, zentro edo unitateen indarreko identifikazio kodeak.

q) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

31. artikulua. Egoitza elektronikoaren ezaugarriak.

1. Egoitza elektronikoaren bitartez eginen dira bitarteko elektronikoen bidezko autentifikazioa behar duten toki entitateen, beste administrazio publikoen edo herritarren jarduketa, prozedura eta zerbitzu guztiak. Halaber, zerbitzuen eraginkoratsunaren eta kalitatearen mesederako, organo eskudunak ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egiten ahalko dira, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkien kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoaren bidez lortzen ahal diren zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneraketa bermatu behar dira.

3. Egoitza elektroniko hauetan informazioak, zerbitzuak eta salerosketak argitaratzean, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrak erabili ohi dituenak ere.

4. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izanen ditu, baldin eta beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoek erabiliko dituzte webgunearen autentifikaziorako ziurtagiri aitortuak edo kalifikatuak, edo horien bitarteko baliokidea, identifikatzeko eta berarekin komunikazio segurua bermatzeko.

6. Cortesko Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.

32. artikulua. Egoitza elektronikoetan identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.

1. Cortesko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektroniko badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.

2. Egoitza elektronikoak eskuragarri izanen du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo dagokion aldizkari ofizialari lotutako estekaren bidez.

3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna ziurtatu beharko dituzte, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari jarraikiz.

33. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.

1. Egoitza elektronikoak ediktuen ohol elektroniko bat izanen du. Bertan legearen eta araudien arabera zehazten diren egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

2. Udalak iragarkien edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.

34. artikulua. Publizitate aktiboa.

1. Udalak aldian behin emanen du argitara jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturiko jardueren gardentasuna bermatzeko beharrezkoa den eguneratutako informazioa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak xedatutakoaren arabera.

Alde horretatik, udalak honako hauek emanen ditu argitara:

–Erakundeei, antolakuntzari eta plangintzari buruzko informazioa.

–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioak, hala ordenantzak edo araudiak nola zerga araudiak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.

–Informazio ekonomikoa eta aurrekontuari buruzkoa, bai eta estatistikoa ere.

35. artikulua. Kontratatzailearen profila.

Egoitza elektronikotik Udalaren kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egonen da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatutakoarekin.

36. artikulua. Erantzukizun arau bereziak.

1. Egoitza elektroniko bat sortuz gero, haren titularrak izanen du ardura egoitza elektroniko horren bidez eskuratzen ahal diren informazio eta zerbitzuen osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz. Egoitza elektronikoak beste organo edo administrazio publiko baten erantzukizunpeko esteka edo loturaren bat badu, egoitza elektronikoaren titularra ez da azken horren osotasunaren, egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzule izanen.

Egoitzak beharrezko bitartekoak ezarriko ditu herritarrek jakin dezaten eskuratzen duten informazioa edo zerbitzua egoitzarena den, egoitza ez den sarbide puntu batena den edo hirugarren batena den.

2. Egoitza elektronikoen titular diren organo edo erakunde publikoek erantzukizuna izanen dute beren eduki propioen ondorioz eta, solidarioki, eduki komunen ondorioz ere bai.

IV. TITULUA

Identifikazio eta sinadura elektronikoa

I. KAPITULUA

Interesdunen identifikazioa eta sinadura elektronikoa

37. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikazio sistemak ezarrita daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legearen I. tituluko II. kapituluan.

Udal administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabili ahalko dute, betiere aldez aurreko erregistrokoa bada eta erabiltzailearen identitatea ziurtatzeko aukera ematen badu. Zehazki, sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak «Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda» delakoaren barruko emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoarena eta nortasun juridikorik gabeko entitatearena.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak «Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda» delakoaren barruko emaileek emanak badira.

c) Gako itunduko sistemak eta udal administrazioak ontzat eman dezakeen edozein sistema, ezartzen diren modu eta balditzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabili ahal izanen dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren egiazkotasuna, bai eta dokumentuaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek udaleko administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek onetsiko dira izenpetzeko:

a) Aitortutako edo kalifikatutako eta aurreratutako sinadura elektronikoko sistemak, sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutakoak, aipatu ziurtagiriak «Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda» delakoaren barruko emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoarena eta nortasun juridikorik gabeko entitatearena.

b) Zigilu elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutakoak, ziurtagiriak «Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda» delakoaren barruko emaileek emanak badira.

c) Udaleko administrazioak ontzat ematen ahal duen beste edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio prozeduran zehaztutako edozein jarduketa gauzatzeko, nahikoa izanen da interesdunek aldez aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako edozein identifikazio bitartekoren bidez.

Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baino ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

38. artikulua. Sinadura edo zigilu elektronikoari buruzko arau orokorrak.

1. Legez hala eskatzen ahal denean, interesdunek elektronikoki sinatzen ahalko dute, identifikazio elektronikoko edozein bitarteko eta konfiantzazko zerbitzuen legerian ezarritako edozein bitarteko erabiliz, haien borondatea eta baimena egiazkoak direla elektronikoki egiaztatzeko aukera ematen badu, dagokion jarduketarako eskatutako segurtasun mailaren arabera eta aplikatzekoa den legerian eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.

2. Konfiantzazko edozein sistema erabiltzeak doakoa izan behar du toki entitatearentzat, eta Estatuko eta Europako Batasuneko elkarreragingarritasun arauak bete beharko ditu.

3. Toki entitateak, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak jasotako arauak aplikatuz, ezin izanen du identifikazio elektronikoko sistema erabili interesdunari honako hauek erabiltzeko eskatu behar badio: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua.

4. Kasu horretan, mugaz gaindiko jarduketa bada, Europako Batasuneko gainerako estatu kideetan bizilekua duten interesdunek honako hauek erabiltzen ahal dituzte, baina Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1506 (EB) Exekuzio Erabakiak zehaztutako formatuetan soil-soilik: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua. Erabaki horrek ezartzen du zer zehaztapen izan behar dituzten sektore publikoko erakundeek aitortu behar dituzten sinadura elektroniko aurreratuen eta zigilu aurreratuen formatuek, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 27. artikuluaren 5. apartatuari eta 37. artikuluaren 5. apartatuari jarraikiz.

Espainian bizilekua duten interesdunek ere erabiltzen ahal dituzte aipatutako formatuak.

5. Toki entitateak ez du inolaz ere eskatuko sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua baino berme maila handiagoa duen sinadura edo zigilu elektronikoko sistema bat erabiltzeko.

6. Sinatzeko erabiltzen den identifikazio sistemak ez badu aukera ematen agiria osorik dagoela eta aldatu ezin dela egiaztatzeko, toki entitateak alderdi horiek ziurtatzeko mekanismo teknikoak ezarri beharko ditu bere identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikan.

7. Cortesko Udalak jarduketa bakoitzean onartzen diren sinadura elektronikoko sistemak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

II. KAPITULUA

Toki entitatearen identifikazioa eta sinadura elektronikoa

39. artikulua. Toki entitatearen identifikazioa eta sinadura elektroniko automatizatua.

1. Cortesko Udalak modu automatizatuan elektronikoki sinatzen ahal du, bai eta identifikatu ere, ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiliz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kalifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, aplikatzekoa den legeriak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.

2. Ahal dela, toki entitate honetako egoitza elektronikoaren ziurtagiri kalifikatuak entitatearen organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, toki entitateak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatua izateko bere izenean.

Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak jasoko dituzte, Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea izan ezik, ez baita beharrezkoa izanen.

3. Cortesko Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

4. Orobat, Cortesko Udalak kode seguruko egiaztapen sistemak erabiltzen ahal ditu modu automatizatuan sinatzeko, eta, ahal dela, toki entitateko organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak gauza ditzaten. Dena dela, toki entitateak kode seguruko egiaztapen sistema ere izaten ahal du bere izenean.

Toki entitatearen egiaztapen orokorrerako kode segurua agiri elektronikoen paperezko kopiak egiazkoak direla bermatzeko erabiltzen ahal da.

Nolanahi ere, egiaztapen-kode seguruak nahikoa berme tekniko eman beharko ditu, dagokion jarduketarako eskatzen den segurtasun mailarekin betez, aplikatzekoa den legeriak eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

5. Baliozkoa izateko, egiaztapen-kode segurua Alkatetza/Udalburutzaren edo hark eskuordetutako organoaren dekretu bidez sortu beharko da, eta berme hauek eman beharko ditu:

a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea eta igorlearekin duen lotura bakarra eta ausazkoa izatea.

b) Ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuaren baliokidea den segurtasun kriptografikoa izatea.

c) Kode bidez autentifikatutako agiria egoitza elektronikoaren –eta, hala badagokio, hura gordetzen duen artxiboaren– bidez eskuratzea, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan zehar. Pertsonek berehala eta doan eskuratzen ahalko dute agiria.

Egiaztapen-kode segurua sortzeko tresna Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6. Toki entitatea bere Internet atarian edo sarbide puntuan argitaratutako informazioan identifikatu dela iritzi ahal izateko, atari edo puntu horrek egoitza elektronikoa izan behar du.

Egoitza elektronikotik kanpo informazioa argitaratzen bada, toki entitateak autentifikatu beharko du, kapitulu honetan xedatutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako edozein erabiliz.

40. artikulua. Toki entitateko langileen identifikazioa eta sinadura elektronikoa.

1. Cortesko Udaleko organoen titularrek edo kideek eta udalaren zerbitzuko langileek ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiltzen ahalko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kalifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, aplikatzekoa den legeriak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.

2. Toki entitateek emanen dizkiete ziurtagiri horiek beren zerbitzuko langileei. Hala ere, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko dokumentuan, baimena ematen ahal dute pertsona horiek borondatez erabiltzeko pertsonalak soilik diren ziurtagiri kalifikatuak.

Ziurtagiriek informazioa osagarria izaten ahal dute, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz eta gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako mugak errespetatuz.

3. Goitizena darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak ematen ahal dira, indarreko legeriak mugak ezartzen baditu agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Goitizena osatzeko, lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea erabiliko da.

Organo judizialek edo legitimazioa duten beste organo eta pertsonek eskatzen ahal dute goitizena darabilten ziurtagiri kalifikatuak dituzten sinatzaileen nortasuna jakinarazteko, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluak xedatutako kasuetan.

4. Cortesko Udalak, Alkatetza/Udalburutzaren Dekretu bidez, gako itunduen sistema propioa igortzen eta kudeatzen ahal du bere langile publikoentzat, eta, dekretu horretan, gakoak erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak arautuko dira. Halaber, bermatu behar duen segurtasun mailaren arabera, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua eta Batzordearen 2015eko irailaren 2015/1502 (EB) Exekuzio Erregelamendua bete beharko ditu. Erregelamendu horrek identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun mailetarako zehaztapen eta prozedura minimoak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 8. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoa betez.

Halaber, toki entitatea beste administrazio publikoek gako itunduetan oinarrituz eskaintzen dituzten identifikazio eta sinadura sistemei atxikitzen ahal zaie, baldin eta segurtasun maila nahikoa badute.

5. Cortesko Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezartzen ahal ditu, haren zerbitzuko pertsonek aurrez aurreko harremanetan erabiltzeko.

Mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki entitateak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

41. artikulua. Aurreko artikulu guztietarako arau orokorrak.

1. Toki entitateak eskuratuko dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoen eta ziurtagirien politikaren II. Eranskinean jasotakoa beteko dute. Politika hori honako hauetan ezarritakoaren arabera onetsi da: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) 18. artikulua eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren (herritarrek zerbitzu publikoetara elektronikoki sartzea arautzen duen ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duena) 24. artikulua.

2. Cortesko Udalak ziurtagirietan oinarritutako sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzea sustatuko du, sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua eginez.

3. Elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta ziurtagiri kalifikatuetan oinarritzen ez diren sistemekin autentifikatutako agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea ahalbidetzeko, Cortesko Udalak ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko propioa gainezartzen ahal du agirietan, beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei bidaltzeko edo haien eskura jartzeko.

V. TITULUA

Informazio administratiboa hedatzea eta eskuratzea bitarteko elektronikoen bidez

I. KAPITULUA

Publizitate aktiboa

42. artikulua. Publizitate aktiboaren betebeharren esparrua.

1. Cortesko Udalaren publizitate aktiboko betebeharrak bide elektronikotik gauzatu beharko dira, ahal bada egoitza elektronikoaren bidez, informazio publikoaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen duen kanala baita.

2. Administrazio elektronikoa behin betiko ezartzearekin batera, Cortesko Udalak bere artxiboetan eta administrazio jarduketetan jasotako informazioaren hedapen, publizitate eta gardentasun ahalik eta handienak sustatuko ditu, antolamendu juridikoa eta aitortutako jardunbide onak betez.

3. Cortesko Udalak bere ekimenez argitaratuko du bere ezaugarri bereziengatik gardentasuna sustatzen duen, kontuak hobeki ematea ahalbidetzen duen eta herritarren eskubideak gauzatzea errazten duen informazioa, baita gizartearentzat eta jarduera ekonomikoaren sustapen eta garapenerako erabilgarriena dena ere.

43. artikulua. Administrazio prozedura elektronikoaren eta gardentasunaren arteko loturak.

1. Administrazio prozedura elektronikoaren ezarpenak bermatu behar du informazioa formatu egokian sortuko dela, hura publizitatu ahal izateko, irisgarria izateko, eta, bereziki, balio publikoa emateko berrerabilia izateko. Horretarako, dokumentazioa kudeatzeko politikarako estrategia gauzatuko da. Estrategia Alkatetza Udalburutzak onetsitako agiri batean zehaztuko da, ordenantza honen 93. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, eta bermatu behar du agiri elektronikoaren bizi ziklo osoan kudeaketa eredua eraginkorra izanen dela.

Bereziki, estrategia horrek:

a) Gardentasun atarian informazioa iraultzean, automatismo maila handiagoa bermatzeko sistemak eta mekanismoak ezarriko ditu, eta informazioa ahalik eta eguneratuen mantendu.

b) Gardentasunaren gaineko lege obligazioak betetzearen ondorioz izapide berriak txertatzea eta administrazio izapidetzea konplexuago bihurtzea ekidinen du.

c) Argitalpenean adieraziko du zein unitatek duen informazioaren ardura eta noiz eguneratu zen azkenekoz.

d) Herritarrei arreta emateko sistemak udaleko gainerako antolakuntzarekin eta informazio sistemekin integratuko ditu.

2. Prozedurak sinplifikatzeko printzipioa aplikatuz, publizitate aktiboari buruzko informazioa eskuratzeak errazago izan behar luke, lehenago aipatutakoari jarraituz.

44. artikulua. Informazioaren kalitatea eta irisgarritasuna.

1. Informazio administratiboa eta interes orokorreko informazioa egunean 24 orduz eta urteko 365 egunez izanen da eskuragarri egoitza elektronikoan, kalitatearekin, eta horien edukiaren ulergarritasuna bermatu beharko da, Europako eta nazioarteko irizpide eta estandarrei jarraikiz. Informazioaren publizitateak sistema errazen erabilera bermatuko du, herritarrarentzako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.

2. Egoitza elektronikoetan edo beste edozein formatu motatan jasotzen den informazioak egiazkoa izan beharko du, erraz eskuratzekoa, ez-baztertzailea, argia, erraza eta zehatza. Halaber, herritarrek ulertzeko moduko mezu eta hizkuntzarekin egituratu beharko da eta, bereziki, herritarrei emandako informazioaren irismena hobeki ulertzen laguntzen ahal dieten bideoak, grafikoak, argazkiak, irudiak eta orriaren edo agiri euskarriaren konposiziorako beste edozein bitarteko erabiliko dira.

3. Publizitate aktiboaren adierazpen grafikoak izanen dira lehentasunezko bitartekoa konplexutasun handiko gaien edo datuen publizitate aktiboa egiteko. Lehentasun hori informazio ekonomiko-finantzarioaren kasuan izanen da aplikagarria, bereziki, baita honako helburu hauek dituen informazio guztian ere: baliabide publikoak erabiltzea, politika publikoak lehenestea, herritarrak zerbitzu publikoekin asebeteta gelditzea edo estatistiken edo ehunekoen bidez erakusten ahal den beste edozein.

4. Cortesko Udalak desgaitasun edo dibertsitate funtzionalen bat duten herritarren eskura jarriko ditu egoitza elektronikoko informazio guztia eskuratzeko beharrezko baliabideak, udalaren baliabide teknologikoak eta ekonomikoak zein diren.

5. Toki entitateak zuzenean edo hirugarren pertsonen edo entitateen bitartez sortzen dituen agirietan eta euskarrietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatuko da, hizkera mota guztietan.

45. artikulua. Kanal ez-elektronikoak erabiltzea.

1. Herritarrek informazioa formatu elektronikoan eskuragarri izateak ez du inola ere ordezkatu behar Cortesko Udalak bere egoitzetan edo beste kanal batzuen bidez (hala nola telefonoan) ematen duen arreta pertsonalizatua.

2. Irisgarritasun unibertsalaren printzipioa bermatzeko, Cortesko Udalak beste baliabide batzuen bidez hedatu beharko du informazioa, bitarteko elektronikoak eskuratu ezin dituzten herritarrek ezagut dezaten eta, bereziki, Interneten nabigatzeko baliabideak, bitartekoak edo ezagutzak ez dituzten herritar taldeek edo pertsonek. Pertsona eta talde horiei guztiei publizitate aktiboko baliabideak edo informazio bera eskuratzeko tresnak emanen zaizkie, beste pertsonek edo taldeek eskuratzen ahal duten informazio bera lortu eta eskubide berak gauzatu ditzaten, betiere udalaren baliabide teknologikoak eta ekonomikoak aintzat hartuta.

46. artikulua. Publizitate aktiboaren mugak.

1. Informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko eta datuen babesari buruzko gatazkak ebazteko legezko mugak aplikatuko zaizkie publizitate aktiboa egiteko lege betebeharrei eta Cortesko Udalak bitarteko elektronikoen bidez hedatzen duen gainontzeko informazioari, indarreko araudiak ezarritako baldintzetan.

2. Informazioa hedatzean berdintasun printzipioa eta ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko, Cortesko Udalak haztapen irizpideak onetsiko ditu gertatzen ahal diren gatazkak ebazteko prozesuetarako, kontrol organoek ematen ahal dituzten irizpenen informazio balioa baztertu gabe.

47. artikulua. Datuak irekitzea.

1. Cortesko Udalak informazio publikoa berrerabiltzea sustatuko du, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen gaineko oinarrizko legeria betez. Udalak aske erabiltzeko dituen datuak herritarrek erabili ahal izatea da helburua.

2. Administrazio elektronikoaren garapenaren esparruan, Cortesko Udalak beharrezko neurriak jarriko ditu bere esku dauden datuak irekitzeko, horiek berrerabiltze aldera eta pribatutasunaren, segurtasunaren edo jabetzaren mugak erabat errespetatuz. Honako honetan datza datuak irekitzea: datuak web bidez eskuratzen ahal den formatu digital, estandarizatu eta irekian eskuragarri jartzea, herritarrek eta eragile konputazionalek horiek ulertzea eta berrerabiltzea ahalbidetzen duen egitura argia eta esplizitua erabiliz.

48. artikulua. Herritarrek publizitate aktiboan parte hartzea.

Cortesko Udaleko egoitza elektronikoan, espazio bat gaituko da herritarrek proposamenak eta iradokizunak egin ditzaten, eskatutako informazioari buruz zein haien eskura jarritako informazioari buruz, eta erabilitako formatu, programa edo lengoaia informatikoei dagokionez.

Espazio horrek datuak irekitzeko eta berrerabiltzeko aplikazio informatikoen garapenean parte hartzea ere gaitzen ahal du.

II. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

1. ATALA.

Araubide juridikoa

49. artikulua. Informazio publikoaren eskuragarritasunaren aldeko printzipio orokorra.

Oro har, informazio publikoaren eskuragarritasuna sustatuko da. Eskuratzeko mugarik edo eskuratzeko eskabidea ez onartzeko arrazoirik badago, erantzuna edo ebazpena arrazoitu beharko da, eta, halaber, erabat edo partzialki ez onartzea justifikatzen duten oinarriak adierazi beharko dira, baita, hala badagokio, eskuratzeko eta publizitatea egiteko ezintasunaren epea ere.

50. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Honako hauetan ezarritakoak arautuko du informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea eta hura gartzen duten oinarrizko arauak, garapeneko lege autonomikoa (toki entitateei aplikatzen ahal bazaie) eta ordenantza hau.

2. Ez da araubide hori aplikatuko, eskuratzeko eskubideari buruzko arauketa berezia badago edo eskatzaileak martxan dagoen prozesu bateko agiriak eskuratu nahi baditu eta prozesu horretan interesdun ere bada. Kasu horretan, dagokion administrazio prozedura erregulatzen duen araudiak gobernatuko du informazioaren eskuragarritasuna, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen lehen xedapen gehigarriak ezarritakoa betez.

Bukatutako espedientea bada, informazioa modu iraunkorrean eskuratzeko printzipioaren arabera, informazioa bere zaintzapean duenak espedientea zuzenean eskuratzeko aukera bermatu beharko du, dagokion prozeduraren arauek ezartzen dutenaren arabera, eta interesdunak interesdun izaera egiaztatu beharko du aurretik; ez da galaraziko aipatutako espedientean jasotako dokumentuen kopia lortzeko eskubidea.

51. artikulua. Eskubidearen titulartasuna.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13.d) artikuluak xedatutakoa aintzat hartuz, lege horren 3. artikuluaren arabera administrazio publikoetan jarduteko gaitasuna dutenak dira lege berak xedatzen duen informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen titularrak.

Eskubide hori nazionalitate, auzotasun edo antzeko baldintzarik eskatu gabe gauzatuko da, eta prestakuntza, baliabideak, inguruabar pertsonalak edo baldintza edo egoera soziala edozein dela ere, hori guztia legeek kasu bakoitzean ezartzen dituzten baldintzak eragotzi gabe.

52. artikulua. Informazio publikoa.

1. Kapitulu honen ondorioetarako, informazio publikotzat hartzen dira hurrengo apartatuan zerrendatutako subjektuetako batek dituen edukiak edo agiriak, formatua edo euskarria edozein dela ere, beren eginkizunak gauzatzean sortu edo lortu badituzte, informazioa zer datatan sortu den alde batera utzita.

2. Hauek dira aurreko apartatuak aipatzen dituen subjektuak:

a) Cortesko Udala.

b) Erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateak, udalarekin lotutakoak edo haren mendeko direnak.

c) Merkataritza sozietateak, baldin eta kapital sozialean aurreko bi letretan aipatutako entitateen partaidetza, zuzena edo ez-zuzena,%50etik gorakoa bada.

d) Cortesko Udalaren mendeko edo harekin lotutako fundazioak eta elkarteak.

Horiek guztiak kapitulu honetan ezarritakoak behartuta daude.

53. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Kapitulu honetan ezarritakoa bete behar duten subjektuek informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea edo eskuragarri egotea sustatuko dute, datu pertsonalak babesteko eskubidea inolaz ere eragotzi gabe.

2. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan arautzen diren datu pertsonalen babesaren ondoriozko mugak aplikatuko dira. Informazioak bereziki babestutako datuak dituenean, publizitatea aurrez disoziazio eginez soilik gauzatuko da.

3. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebaztean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete ostean soilik emanen da datu bereziki babestuak dituen informazioa.

Informazioak identifikaziorako baino ez diren datuak baditu, organoaren antolakuntzarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotuak, eskuratzeko aukera oro har emanen da, baldin eta, kasu zehatz horretan, datu pertsonalen babesa edo konstituzionalki babestutako beste eskubide batzuk gailentzen ez badira.

Informazioak ez badu bereziki babestutako daturik, eskuratzeko baimena ematen ahal da, informazioa hedatzearen interes publikoa eta ukitutakoen datuen babesaren eskubidea haztatu ondoren. Horretarako, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15.3 artikuluak, eta Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluak eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak batera ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, besteak beste. Haztapen horren ostean, datu pertsonalak dituen informazioa eman nahi bada, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19.3 artikuluan ezarritako alegazio izapidea egin beharko da aurrena.

4. Ukitutako pertsonak identifikatzea eragotzi ahal izateko informazioa bereizita ematen bada, ez da 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa aplikatuko.

5. Oro har, informazioa eskuratzeko ebazpenetan, eskatzaileari berariaz adieraziko zaio datu pertsonalak babesteko araudia aplikatuko dela informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzearen bidez lortutako datuen geroko tratamenduan.

6. Ordenantza honen esparruan eskumena duten organoek artikulu honetan ezarritakoari buruzko kontsultak egiten ahal dizkiote toki entitatean datuak babesteko eskumena duen unitateari.

7. Artikulu honek aurreikusten ez dituen kasuetan, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduan babesteari buruzkoa eta Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 95/46/EE Zuzentaraua baliogabetzen duena; eta, bestetik, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.

54. artikulua. Beste muga batzuk.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluak eta aplikagarria den sektoreko legerian ezarritako mugak aplikatuko dira.

2. Muga horien interpretazioa ezin izanen da zabaldu, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak ezarritako irizpideak betez, eta informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea eta ahalik eta eskuragarrien egotea sustatuko du, muga horiek kaltetu gabe. Edonola ere, muga horiek modu arrazoituan eta neurriz aplikatuko dira, mugaren bidez babestu nahi den interes publikoa eta hedapenerako interes publikoa kontuan hartuta.

2. ATALA

Prozedura

1. AZPIATALA

Ebazteko eskumena

55. artikulua. Organo eskudunak.

1. Cortesko Udalak informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoei buruzko informazioa identifikatuko du eta publizitate nahikoa emanen dio. Ahalik eta espezializazio handiena sustatuko du, eta eskumenak sakabanatzea ekidin, eraginkortasun printzipioa eta eskubide hori hobeki babestea ziurtatzeko.

Edonola ere, Cortesko Udalaren organo eskudunei dagokie informazioa eskuratzeko eskaerak ebaztea, baldin eta ordenantza honen 51.2 artikuluaren b), c) eta d) letren bitartean zerrendatzen diren erakundeen edo entitateen esku edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatu duten kontratu baten adjudikaziodunen esku badago.

2. Informazioa eskuratzeko eskaerak jasotzen dituzten organoak inhibitu egingo dira, nahiz eta beren esku dagoen informazio publikoa izan, baldin beste batek prestatu edo sortu badu, osorik edo nagusiki. Kasu horretan, eskuduntzat jotzen den organoari igorriko diote eskaera, eta eskatzaileari jakinaraziko diote hori.

Modu berean jokatuko dute aurreko apartatuaren bigarren paragrafoak aipatzen dituen erakundeek eta entitateek, jasotzen dituzten informazio eskaerei dagokienez.

2. AZPIATALA

Eskatzailea aurretiaz identifikatu gabe
informazioa eskuratzeko prozedura

56. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.

1. Kapitulu honek behartzen dituen subjektuek informazio publikoa eskuratzeko bide bat ezartzen ahalko dute, eskatzailearen nortasuna egiaztatzea eskatzen ez duena, eta, horren bidez, jada argitaratu den informazioa edo baldintza hauek betetzen dituena emanen zaio soilik:

a) Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluan zerrendatutako mugetako bat bera ere aplikagarria ez izatea.

b) Datu pertsonalaren babesari ez eragitea, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan xedatutako baldintzetan.

c) Ez onartzeko kausetako bat bera ere aplikagarria ez izatea.

a) eta b) paragrafoetako mugetako bat, ez onartzeko kausaren bat edo eskuratzeko araubide juridiko espezifikoren bat aplikatzen ahal bada, eskaerak ebazteko eskumena duen organoak informazioa eskuratzeko eskaerari uko eginen dio. Eskatzaileari jakinaraziko dio hori, hark egoki baderitzo ordenantza honetako 52. artikuluan eta hurrengoetan araututako prozedura abiarazteko.

2. Eskatzaileak helbide elektroniko bat eman beharko du, informazioa edo argitaratutako informazioaren kokalekua ematen zaiola bermatu ahal izateko.

3. Eskatutako informazioa honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridikoen edo fisikoen esku badago, ebazteko eskumena duen organoak hari eskatuko dio informazioa: zerbitzu publikoak ematea, administrazio ahalmenak gauzatzea edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatutako sektore publikoko kontratu baten adjudikaziodun izatea. Errekerimenduan, informazioa bidaltzeko epea adieraziko da; gehienez, 15 egun naturalekoa izanen da epe hori.

Epe hori bete ezean, hertsapen-isunak jartzen ahal dira, baldin eta legeak horretarako baimena ematen badu.

4. Bide horretatik egindako informazio eskaeren erantzuna hilabeteko epean bidali behar da, ebazteko eskumena duen organoari hura izapidetzea esleitu zaion egunetik zenbatzen hasita.

Emandako informazioa ez bada aurretiaz argitaratu, garrantzitsua bada eta hura hedatzea interes orokorrekoa bada, Gardentasun Atarian argitaratuko da, eta informazioaren kokaleku zehatzaren berri emanen zaio eskatzaileari.

5. Artikulu honen arabera onartu edo ukatzen diren informazio eskuratzeei ez zaie abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan jasotako aurkaratze araubidea aplikatuko.

6. Informazioa eskuratzeko bide hori aurretiaz erabili arren, eskuratzeko eskabidea egin ahal izanen da ordenantza honen 56. artikuluaren babesean, baldin eta eskatzaileak uste badu organo eskudunak emandako erantzuna ez dela nahikoa edo egokia, edo administrazio ebazpena lortu nahi badu Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutako edukiarekin eta bermeekin.

2. AZPIATALA

Eskatzailea aurretiaz identifikatuta informazioa eskuratzeko prozedura

57. artikulua. Eskaera.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoek eskatzaileei ez diete identitateari buruzko datu gehiagorik eskatuko, ebazteko eta jakinarazteko behar-beharrezkoak direnak baino.

Ordenantza honi lotutako entitateen zerbitzuko langileek laguntza eta informazioa eman behar diete hala eskatzen duten pertsonei, beren eskabideak aurkezteko moduari eta lekuari buruz, eta, batez ere, desgaitasunen bat edo informazioa eskuratzea zailtzen duten inguruabar pertsonalen bat dutenei.

2. Informazioa eskuratzeko eskabidea urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako bitartekoetako edozeinen bidez aurkezten ahal da, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 17.2 artikuluak aipatzen dituen datuak jasota uzteko aukera ematen badu.

Informazio publikoa eskuratzeko eskabideak aurkeztean, ahalik eta baldintza gutxien eskatuko dira eskatzailearen nortasuna bitarteko elektronikoen bidez egiaztatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta hura garatzen duten arauek hala ahalbidetzen duten heinean.

Eskabidea egitea errazagoa izan dadin, eredu normalizatua onetsiko da, eta herritarren eskura jarri.

3. Informazio publikoa eskuratzeko, ez da beharrezkoa izango eskaera arrazoitzea. Nolanahi ere, interesdunak adierazitako interesa edo motibazioa kontuan hartzen ahalko da, hala badagokio, informazioa zabaltzearen interes publikoa eta eskatutako informazioan agertzen diren eta datuen titular diren ukituen eskubideak haztatzeko, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Eskaeraren aurkezpena ez dago epeen mende.

5. Eskabidea jaso eta hurrengo bost egunetan, ebazteko eskumena duen organoak ebazpena eman eta jakinarazteko ezarrita dagoen gehieneko epearen berri emanen dio eskatzaileari, bai eta adierazi ere administrazio-isiltasunak izan dezakeen ondorioa, administrazio prozeduraren gaineko araudiak xedatutako baldintzetan.

58. artikulua. Ez onartzea.

1. Ebazteko eskumena duen organoak informazioa eskuratzeko eskabidea izapidetzeari uko egiten ahal dio, ebazpen arrazoitu bidez, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 18. artikuluak zerrendatutako kausetako bat gertatzen bada. Abiapuntutzat hartuko da informazioaren eskuragarritasuna ahalik eta gehien erraztearen aldeko printzipio orokorra, eta Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluak eta, hala badagokio, autonomia erkidegoko organo baliokideak onartutako irizpideei jarraituko zaie.

2. Ondorio horietarako, ez onartzeko kausak irizpide hauen arabera aplikatuko dira:

a) Informazioa prestatzeko edo argitaratzeko fasean badago, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer epetan aurreikusten den erabilgarri izanen dela eta zer organori dagokion informazioa prestatzea edo argitaratzea.

b) Ohiko tratamendu informatikoa ez da berriz prestatzetzat hartuko.

c) Aginduzko txostenak eta aginduzkoak izan ez arren ebazpenen zioetan zuzenean ala zeharka erabili diren agiriak ez dira osagarritzat edo lagungarritzat hartuko.

59. artikulua. Izapidetzea.

1. Bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko da prozedura.

2. Eskatutako informazioa honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridikoen edo fisikoen esku badago, ebazteko eskumena duen organoak hari eskatuko dio informazioa: zerbitzu publikoak ematea, administrazio ahalmenak gauzatzea edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatutako sektore publikoko kontratu baten adjudikaziodun izatea. Errekerimenduan, informazioa bidaltzeko epea adieraziko da; gehienez, 15 egun naturalekoa izanen da epe hori. Epe hori bete ezean, hertsapen-isunak jartzen ahal dira, baldin legeak horretarako baimena ematen badu.

3. Informazio eskabidea zuzentzeko izapideek, baldin eta informazioa behar bezala identifikatu ez bada, eta behar bezala identifikatutako eskubide eta interesen titularren entzunaldi izapideek ebazpena emateko epea eten eginen dute, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritako moduan.

4. Eskatzaileari emanen zaio aurreko apartatuan aurreikusitako etetearen eta etenaren bukaeraren berri, jakin dezan nola zenbatu ebazteko epea.

60. artikulua. Ebazpena eta jakinarazpena.

1. Ebazpena eta jakinarazpena hilabeteko epean eginen dira gehienez ere, eskabidea toki entitatearen erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori beste hilabete batez luzatzen ahal da, eskatzaileari jakinarazi ostean, eskatutako informazioa bolumen handikoa edo konplexua bada. Ebazpena emateko gehieneko epea iraganik ebazpen espresua eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Jakinarazpena eskatzaileari eta prozeduran parte hartu duten hirugarren interesdunei jakinaraziko zaie, eta han emanen zaie ebazpenaren kontra jartzen ahal dituzten errekurtsoen eta erreklamazioen berri.

2. Ebazteko eskumena duen organoak uste badu informazioa garrantzitsua dela eta interes orokorrekoa dela hura hedatzea, Gardentasun Atarian argitaratzea aginduko du, datu pertsonalak bereizi ondoren. Argitaratze hori informazioaren eskuragarritasuna formalizatzeko modalitatetzat hartzen ahal da. Kasu horretan, ebazpenaren jakinarazpenean, informazioaren kokaleku zehatza adieraziko da.

3. Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluaren mugak aplikatuz ematen den ebazpena publiko eginen da, datu pertsonalak bereizirik eta interesdunei jakinarazi ondoren.

Aipatutako artikulua betez eskabideari uko eginez gero, epe bat igarotzearen mende egoten ahal da informazioaren eskuragarritasuna, baldin eta ukoaren arrazoia loturik baldin badago toki entitate eskuduna bakar-bakarrik ukitzen duen interes batekin.

Kasu horretan, ezezteko ebazpenean, epe horren eta epea igaro ondoren beste eskabide bat egiteko aukeraren berri emanen zaio eskatzaileari.

61. artikulua. Eskuragarritasuna gauzatzea.

1. Informazioaren eskuragarritasuna abenduaren 9ko 19/2013 Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera formalizatuko da. Lehentasunez, bide elektronikoz gauzatuko da, salbu eta posible ez denean, edo eskatzaileak administrazioarekin bitarteko elektronikoetatik harremanetan egoteko betebeharra ez duenean eta berariaz beste bide bat aukeratu duenean.

2. Informazio iturrietara, artxiboetara edo espedienteetara zuzenean sartzeko eskabideen kasuan, ebazpenak bermatu behar du eskuratzeko baimena ematen denean zerbitzuari ez zaiola eragozten.

Kasu horietan, eskuratzeko eskaerari uko egiten ahal dio ebazpenak, lekuaren eta agirien edo informazioaren euskarri originalen zaintzarako eta kontserbaziorako segurtasun baldintzak horretarako aukera ematen ez badute.

3. ATALA

Aurkaratze araubidea

62. artikulua. Aurkaratzeko legezko bideak.

Informazio publikoa eskuratzeko prozedura bati bukaera ematen dion ebazpen espresuen zein presuntziozkoen kontra, erreklamazioa aurkezten ahal da Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluan edo autonomia erkidegoko organo baliokidean, aukeran eta administrazioarekiko auzibidean aurkaratu aurretik, bat etorririk abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan xedatuarekin.

63. artikulua. Kexak eta erreklamazioak.

Edozein pertsonak erabiltzen ahal du kexen eta iradokizunen sistema adierazteko ez dagoela ados informazio publikoa eskuratzeko eskabidea izapidetzearekin edo horren gaineko ebazpenarekin. Hori erabiltzeak ez ditu aurkaratzeko legezko bideak erabiltzeko epeak etenen.

III. KAPITULUA

Informazioa berrerabiltzea

1. ATALA

Xedapen orokorrak

64. artikulua. Berrerabilpenaren helburuak.

Cortesko Udalak eta ordenantza honen aplikazio-eremuan eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek beren jardunean sortutako informazioaren berrerabilpenak erakusten du sektore publikoak duen elkarlaneko gardentasuna, eta funtsezko helburu du gizartean balio publikoa sortzea.

2. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek eta erakundeek behar diren eginahalak eginen dituzte beren informazio publiko berrerabilgarriaren katalogoa federa dadin sektore publikoko gainerako entitateen katalogoekin batera, modu erantsian, plataforma komunetan, hala nola http://datos.gob.es plataforman, helburu bakarra izanik laguntza ematea informazio publiko berrerabilgarriaren katalogo bakar bat sortzeko, gizartearen sektore berrerabiltzailearen jarduera erraztea, eta, horrela, sektore publikoaren elkarlaneko gardentasunak sortutako balio sozial, berritzaile eta ekonomikoa handitzea.

65. artikulua. Jabetza intelektualaren eta eskubide esklusiboen mende dauden agiriak berrerabiltzeari aplikatzeko araubidea.

1. Jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideen mende dauden dokumentuei ez zaie aplikatzen ordenantza honetan araututako informazioaren berrerabilpena, bereziki hirugarrenena denean.

Ordenantza honen ondorioetarako, jabetza intelektualeko eskubidetzat jotzen dira egile eskubideak eta antzekoak, barnean direla babesteko modu espezifikoak.

2. Ordenantza honek ez du galarazten bere aplikazio-eremuko entitateek jabetza intelektualeko eskubideak izatea.

3. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek beren jabetza intelektualeko eskubideak erabiliko dituzte berrerabilpena errazteko moduan.

66. artikulua. Irizpide orokorrak.

1. Aurreko artikuluetan aipatzen den informazio publikoa berrerabiltzen ahalko da, betiere sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen arloko indarreko araudian ezarritako mugen barnean.

2. Orokorki, argitaratutako edo herritarren eskura utzitako informazio guztia izanen da berrerabilgarria eta eskuragarria, aldez aurreko baimen beharrik gabe eta doan, salbu hartan berariaz kontrakorik adierazten bada.

3. Bereziki, bai ordenantza honetan bai abenduaren 9ko 19/2013 Legean publizitate aktibotzat jotzen den informazioa berrerabiltzeko ez da inoiz aldez aurreko baimenik eta/edo baldintza espezifikorik beharko, eta makinek irakurtzeko moduko formatu elektronikoetan eskainiko da, formatu irekietan, aukera izan dadin zabaltzeko, berrerabiltzeko eta aprobetxatzeko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan, baita informazio baliabideak berrerabiltzeari buruzko Elkarreragingarritasuneko Arau Teknikoan xedatutako moduan ere (arau hori Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak 2013ko otsailaren 19an emandako Ebazpenaren bidez onetsi zen), edo hura ordezten duen arauan xedatutako moduan.

4. Datu pertsonalak dituzten agiriak berrerabiltzean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da.

Informazioa ez da inolaz ere berrerabiliko, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen (gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzkoa) 5.3 eta 15. artikuluek aipatutako haztapenak ondorioztatzen badu datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea lehenetsi behar dela, salbu eta datuak bereizten badira, Lege horren 15.4 artikuluak adierazi bezala.

67. artikulua. Berrerabiltzeko baldintzak.

1. Informazioa berrerabiltzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Informazioaren edukia, metadatuak barne, ez aldatzea.

b) Informazioaren esanahia ez desitxuratzea.

c) Iturria aipatzea.

d) Azken eguneraketaren data aipatzea.

e) Informazioak datu pertsonalak dituenean, datu horiek etorkizunean zer helbururekin berrerabiltzen ahal diren aintzat hartzea.

f) Bereizita eman arren informazioak berrerabiltzeko prozesuan interesdunak identifikatu ahal izateko elementu nahikoak baditu, bereizteko prozedura beste iturri batzuetako datuak erantsiz lehengoratzeko debekua.

2. Informazio publikoa argitaratzeak edo eskuragarri uzteak berarekin dakar informazioa jatorrian argitaratu duen entitateak doan lagatzen dituela, eta ez esklusiboki, berrerabilpena gauzatzeko beharrezkoak diren jabetza intelektualeko eskubideak, izaera unibertsalarekin eta Legeak baimentzen duen gehieneko eperako.

3. Informazioa argitaratzen den web-orriaren edo egoitza elektronikoaren atal berean, berrerabiltzeko baldintza orokorrak argitaratuko dira.

68. artikulua. Tarifak.

1. Cortesko Udalak, dagokion zerga ordenantza onetsi ondoren, sortutako informazioa berrerabiltzeko tarifak eskatzen ahal ditu, eta horien zenbatekoak ezin izanen du informazioa erreproduzitu, eskura jarri eta hedatzeko kostu marjinalen guztizkoa gainditu.

2. Udalarekin lotuta edo haren mende dauden eta ordenantza honen aplikazio-eremukoak diren entitateek eta erakundeek sortutako informazioa berrerabiltzeko tarifak eskatzen ahal dituzte, eta tarifa horiek informazioa erreproduzitu, eskura jarri eta hedatzeko kostu marjinaletara mugatuko dira.

Ez zaio muga hori honako hauei aplikatuko:

a) Zerbitzu publikoko helburuak gauzatzearen kosteen zati handi bat estaltzeko diru-sarrerak sortu behar dituzten entitateak eta erakundeak.

b) Liburutegiak, museoak eta artxiboak.

Muga hori ez zaio agirien berrerabilpenari ere aplikatuko baldin eta entitate eta erakunde horiei eskatzen bazaie diru-sarrera nahikoak sortzea agiriak jasotzeko, sortzeko, erreproduzitzeko eta hedatzeko kostuen zati handi bat estaltzeko. Aurretiaz zehaztuko da zer agiri motari ez zaion mugarik ezarriko, eta bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira, posible eta egokia denean.

Aurretiaz ezarritakoarekin bat etorriz muga hori aplikagarria ez denean, Sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legearen 7. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera ezarriko da berrerabiltzeko prezioa.

3. Tarifa desberdinak aplikatzen ahal dira, helburu komertzialetarako edo ez-komertzialetarako berrerabiltzen den.

4. Posible eta egokia den guztietan, bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira ordenantza honen aplikazio-eremuaren barneko entitateen esku dauden agiriak berrerabiltzeko tarifak, aplikatzen ahal diren baldintzak eta horien benetako zenbatekoa, baita kalkulurako erabilitako oinarria ere.

5. Tarifa bat aplikatzen den gainerako kasuetan, ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek aurretiaz adieraziko dute zer faktore hartuko diren kontuan hura kalkulatzeko. Hala eskatzen zaienean, entitateek azalduko dute, halaber, nola kalkulatu duten berrerabilpen zehatzerako tarifa hori.

69. artikulua. Eskubide esklusiboak debekatzea.

1. Oro har, debekatua da informazioa berrerabiltzearen arloan akordio esklusiboak izatea. Merkatuko eragile potentzial guztientzat irekia dago agirien berrerabilpena, baita eragile batek edo gehiagok jadanik balio erantsiko produktuak ustiatzen badituzte ere agiri horietan oinarriturik. Agirietan eta hirugarrenetan jasotzen ahal diren sektore publikoko erakundeen arteko bestelako kontratu edo akordioek ez dute eskubide esklusiborik emanen.

2. Nolanahi ere, interes publikoko zerbitzu bat emateko eskubide esklusibo bat behar denean, ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateak aldian behin berrikusiko du, gehienez ere hiru urtetik behin, eskubide esklusiboa onartzea justifikatu zuen arrazoiaren balioa.

3. Salbuespenez, baliabide kulturalak digitalizatzearekin lotutako akordio esklusiboa badago, esklusibotasunak ez ditu hamar urte baino gehiago iraunen, oro har. Gehiago iraunen balu, hamaikagarren urtean berrikusiko litzateke, eta, hala badagokio, zazpi urtetik behin, hortik aurrera. Akordio horiek gardenak ere izan behar dute, eta jendaurrean jarriko dira.

4. Aurreko paragrafoaren ildotik ezarritako akordio esklusiborik badago, administrazioari edo dagokion sektore publikoko erakundeari, akordio horren barnean, digitalizatutako baliabide kulturalaren kopia emanen zaio, originalaren kalitate eta ezaugarri berekin (formatua, bereizmena, kolore gama, etab.), haren metadatuekin eta dagozkion arau nazionaletan eta nazioartekoetan ezarritako digitalizazio baldintza teknikoekin. Kopia hori berrerabiltzeko eskuragarri egonen da esklusibotasun epealdia bukatu ondoren.

70. artikulua. Informazioa berrerabiltzeko modalitateak.

1. Cortesko Udalak sailkatuko du beren esku dagoen informazio guztiaren berrerabilpena, berrerabiltzeko modalitate hauetako batean argitaratzen bada:

a) Publikoaren eskura jarritako agiriak berrerabiltzea, baldintzarik gabe.

b) Publikoaren eskura jarritako agiriak berrerabiltzea, ereduzko lizentzietan ezarritako baldintzekin.

c) Agiriak aurrez eskatuta berrerabiltzea, ordenantza honen 70. artikuluak xedatutako prozeduraren arabera; kasu horietan lizentzia batean ezarritako baldintzak txertatzen ahal dira.

d) Ordenantza honen 68. artikuluak xedatutako kasuen araberako akordio esklusiboak.

2. Lizentzietan jasotako baldintzek irizpide hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Argiak, bidezkoak eta gardenak izan beharko dute.

b) Ez dute murriztuko berrerabiltzeko aukera, ezta lehia mugatuko ere.

c) Ez dute bereizkeriarik eginen berrerabiltzeko antzeko kategorien artean.

3. Nolanahi, erabilera modu mugatuak ahalik eta gutxien erabiliko dira baldintza espezifikoak dituzten berrerabilpen kasuak arautzeko, eta beti eskura egonen dira formatu digitalean, irekian eta elektronikoki prozesatzeko modukoan. Erabilera modu mugatu horiek entitateak berak presta ditzake, baina lehentasuna emanen zaie nazioan edo nazioartean onarpen zabala duten erabilera libre eta doakoei, beste administrazio publiko batzuekin edo batzuek adostutakoei. Erabilera modu mugatu horiek Udalaren web-orrian argitaratuko dira.

4. Cortesko Udalak aukera izanen du orain dauden baldintza espezifikoen edukia eta erabilera modu mugatuak aldatzeko. Halaber, baldintza espezifikoak eta erabilera modu mugatuak aplikatzen ahal dizkio halakorik ez zuten datu multzoei edo agiriei. Aldaketa horiek web-orrian argitaratuko dira eta, behin aldaketa argitaratu ondoren, datuen edo dokumentuen lehenbiziko eguneraketa argitaratzen edo eskura jartzen denetik aurrera behartuko dituzte berrerabiltzaileak, edo, betiere, egun horretatik sei hilabete iragandakoan.

5. Cortesko Udalak agiriak kudeatzeko honelako sistemak sortuko ditu: herritarrei online eskuragarri dagoen informazioa zuzen berreskuratzea ahalbidetzen dietenak eta beste administrazio publikoek herritarren eskura jartzen dituzten kudeaketa sistemekin lotzen direnak. Halaber, berrerabiltzeko eskuragarri dauden agiriak bilatzea ahalbidetzen duten tresna informatikoak emanen dituzte, dagozkien metadatuekin, elkarreragingarritasun arau teknikoek ezarritakoaren arabera, eta online eta makina bidez irakurtzen ahal den formatu batean eskuragarri egonen dira, posible eta egokia den guztietan.

Ahal den heinean, agiriak hizkuntza anitzetan bilatzeko aukera emanen da.

6. Herritarrek edo berrerabilpen eragileek beren gain eta galorde erabiliko dituzte datu multzoak, eta haiei dagokie hirugarrenen aurrenean horren ondorioz sortzen ahal diren kalteengatik erantzutea.

7. Cortesko Udalak ez du bere gain hartuko eragile berrerabiltzaileak informazioa erabiltzeko modua, ez eta berrerabilitako informazio horri ematen zaion erabilerak zuzenean edo zeharka sortzen dituen kalte-galera ekonomikoak, materialak edo datuen gainekoak ere.

8. Cortesko Udalak berrerabil dadin agiri bat jartzeak ez dakar hori ustiatzeko eskubideari uko egitea eta ez du haren eginkizunak edo eskumenak gauzatzean han jasotako datuak aldatzea eragozten.

Informazioa berrerabiltzen dutenek ezin izanen dute inolaz ere adierazi hark berrerabilitako informazioaren titular gisa berrerabilpenean parte hartu, babestu edo horren alde egiten duela.

71. artikulua. Berrerabiltzeko eskaerak tramitatzeko prozedura.

1. Azaroaren 17ko 37/2007 Legearen 10. artikuluko apartatuetan –oinarrizko araudiaren izaera dutenak– eta, hala badagokio, autonomiako araudian araututakoa da izapidetzeko prozedura.

2. Organo eskudunak berrerabilpen eskaerak ebatziko ditu, eskaera jaso eta hilabeteko epean gehienez ere. Epe hori betetzea ezinezkoa denean, eskatutako informazioaren tamaina eta konplexutasunagatik, beste hamabost egunez luzatzen ahalko da. Kasu horretan, epearen luzatzearen berri emanen zaio eskatzaileari, baita luzapenaren arrazoiak ere.

3. Informazioa eskuratzea eta hura berrerabiltzea aldi berean eskatzen badira, batera izapidetuko dira, ordenantza honen 56. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozeduraren bidez; ebazteko epeari dagokionez, ordenantzaren 59.1 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epean ez bada ebazpen espresua ematen, eskatzaileak ulertzen ahal du eskaera ezetsi egin dela.

5. Izapidetze elektronikoari eusten dion plataformaren osagai teknologikoek gai izan behar dute espediente elektronikoa sortu, eta hura argitaratu eta berrerabiltzeko beharrezko administrazio kudeaketako prozesu guztiak elektronikoki kudeatzeko.

2. ATALA

Berrerabiltzen ahal den informazioaren publizitatea

72. artikulua. Berrerabiltzen ahal den informazioaren publizitatea.

1. Informazio berrerabilgarriaren argitalpen aktiboak honako hauek bilduko ditu: edukia, izaera, egitura, formatua, eguneratzeko maiztasuna, berrerabiltzeko modalitatea, aplikaziozko baldintzak eta, hala badagokio, berrerabiltzeko tarifa edo ordainarazpena.

2. Cortesko Udalak bere agiriak emanen ditu aldez aurretik horietan erabilitako edozein hizkuntza edo formatu elektronikotan, baldin eta posible eta egokia bada, makinak irakurtzeko modukoak badira, eta beren metadatuekin batera. Bai formatuak bai metadatuek, ahal den neurrian, arau formal irekiak bete beharko dituzte. Zehazki, dagokion kategorian sailkatutako estandarrak erabiliko dira eta irekiak izanen dira, onartzen den gutxieneko bertsioan eta Estandarren Katalogoaren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoaren eranskinean ezarritakoari jarraikiz (Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzaren 2012ko urriaren 3ko Ebazpenak onetsia).

3. Informazioa eta argitaratutako dokumentazioa bilatzeko sistemak ahalbidetuko du adieraztea informazio berrerabilgarria bilatzen dela.

73. artikulua. Segurtasuna kudeatzea.

Cortesko Udalak berrerabilpenen erabiltzaileek gauzatutako jarduketa guztiak erregistratuko ditu, epemugarik gabe eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak eta Segurtasun Eskema Nazionalak ezarritakoa betez.

IV. KAPITULUA

Ediktuen ohol elektronikoa (ediktuen ohola)

74. artikulua. Xedea.

1. Ediktuen oholean, Cortesko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitateen iragarkiak eta ediktuak jarriko dira, baita arau juridiko edo ebazpen judizial bidez udaleko ediktuen oholean argitaratu behar diren beste administrazio publikoenak ere.

2. Ediktuen ohola udalaren egoitza elektronikoan txertatuta egonen da. Han iragarritako argitalpenak ofizialak eta egiazkoak izanen dira, eta, ondorio guztietarako, ediktuen ohol fisikoan argitaratutakoa ordeztuko dute, hura informaziorako soilik mantentzea baztertu gabe.

3. Prozeduraren arauak ediktuen oholean argitaratzeari buruzko aipamenik egiten ez badu, ez da beharrezkoa izanen argitaratzea, salbu eta behar bezala arrazoitutako interes publikoko arrazoiengatik hala justifikatzen bada.

4. Alkatetzaren edo hark eskuordetutako organoaren aginduz, argitaratu beharreko iragarkien ezaugarriak ezarriko dira, bai eta administrazio erantzukizunen gaineko beste alderdi formalak ere.

75. artikulua. Organo eskudunak.

Idazkaritzak eskumena izanen du ediktuen oholean testuak jartzeko eta bidaltzeko, eta, organoaren zigilu bidez, argitalpena automatikoki bidaltzen ahal da.

76. artikulua. Oholaren funtzionamendua.

1. Toki entitateek eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek eta erakundeek ediktuen ohol bakarra izanen dute, eta aplikaziozko lege xedapenei jarraituko die.

2. Ediktuen oholaren antolakuntza eta funtzionamendu arauek honako hauek ziurtatuko dituzte:

a) Iragarkiak eta ediktuak sartzean, edukia eskuragarria, egiazkoa eta osoa dela ziurtatzea.

b) Dibertsitate funtzionala duten pertsonek eskuratzeko beharrezko baldintzak eta bilakaera teknologikora etengabe egokitzea.

c) Ebidentzia elektronikoak agertzea, inolako zalantzarik gabe oholean zer egunetan eta ordutan argitaratu zen eta zer argitaratze epea duen erakusteko.

3. Egoitza elektronikoaren bidez ediktuen oholera sartzea doakoa izanen da eta ez da inolako identifikaziorik beharko.

Ediktuen ohola internet bidez kontsultatu ahal izanen da, eta Herritarren Arreta Bulegoan eta toki entitatearen eta haren mendeko eta harekin lotutako erakundeen eta entitateen sarbide puntu elektronikoetan ere bai.

4. Ediktuen oholean argitaratzeak erabilgarritasunaren eta erabiltzeko erraztasunaren printzipioak errespetatu beharko ditu, aplikagarriak diren arauen arabera. Herritarren erabilera orokorreko estandarrak erabiliko ditu, eta, bereziki, dibertsitate funtzionala duten pertsonek kontsultatzeko eskatutako baldintzak, desgaitasuna duten pertsonek informazioaren gizartearen eta komunikazio sozialen bitartekoen teknologiak, produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko oinarrizko baldintzei buruzko araudiaren arabera.

5. Edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktuen oholak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 17.2 artikuluan ezarritako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

6. Ediktuen ohola eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri egonen da. Arrazoi teknikoak direla-eta ibiliko ez dela aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

77. artikulua. Bidaltzeko modua eta epea.

1. Ediktuekin batera, ediktuak oholean txertatzeko legitimatuta dagoen organoaren ebazpena bidaliko da.

2. Ediktuaren testua eta ebazpena “pdf” formatuan eta posta elektronikoz bidaliko zaio eskumena duen unitate kudeatzaileari, eta argitaratzeko eskabidearen fitxa ere erantsiko da, dagokion instrukzioak onesten duen ereduaren arabera.

3. Ediktu horiek argitaratzeko eskabideak organo eskudunek horretarako ezarritako posta kontu elektronikoen bidez izapidetuko dira soil-soilik.

4. Kudeaketa unitateen eskabide fitxa berrikusi ondoren, zuzena ez bada, bidali duen organoari itzuliko zaio, zuzen dezan. Zuzena bada, testuak osorik argitaratuko dira, bidali zituen organoak bidali zituen moduan.

5. Sartzeko agindua ematen duen organoak ziurtatuko du organoek edo zuzendaritza zentroek bidalitako testua eta argitaratu behar duten kudeaketa unitateei bidalitako testuaren edukia berdin-berdinak izanen direla, eta ezarritako prozedura beteko dela.

6. Argitaratutako ediktuetan egoten ahal diren akatsen zuzenketa argitalpena eskatu duenaren eskariz zuzenduko da, eta argitalpena egiteko prozedura berari jarraikiz.

7. Ediktuak argitaratzeko aurreikusitako data baino bi egun baliodun lehenago bidaliko dira gutxienez. Joko da epe horrek zuzen bidali diren ediktuei egiten diela erreferentzia.

8. Jendaurrean jartzeko epea bukatuta, fede publikoa emateko eskumena duen organoak diligentzia bidaliko dio argitaratzeko eskatu duenari, jendaurrean jartzeko epea egiaztatzeko, eta han adieraziko dira ediktuaren datuak eta zer datatan izan den jendaurrean.

78. artikulua. Epeen kontaketa.

1. Iragarkiak edo ediktuak ediktuen oholean argitaratuta egonen dira egintza edo espediente bakoitzean zehazten den epean zehar, eta, haren kontaketarako, agiriaren sinadura elektronikoaren ikusizko adierazpenean jasotakoa hartuko da argitalpen datatzat.

2. Horretarako, data eta ordua sinkronizatuko dira denbora zigilatzeko sistema batekin, eta edonola ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

3. Artikulu honetan ezarrita ez den orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira epeak zenbatzean.

79. artikulua. Ondorioak.

1. Toki entitateak bere eskumenak betez ematen dituen administrazio egintzak ediktuen oholean argitaratzen dituenean, indarreko araudiak ezartzen dituen ondorioak sortuko dira.

2. Argitaratzeko epeak igarota, iritziko zaio jakinarazpena egina dagoela, eta dagokion izapidea burututzat hartu eta prozedurarekin jarraituko da.

3. Artikulu honetan ezarrita ez den orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira jakinarazpenei eta argitalpenei dagokienez.

80. artikulua. Ediktuen ohol bakarra.

Toki entitatearen jakinarazpen iragarkiak, beste administrazio publikoenak bezalaxe, Estatuko Aldizkari Ofizialaren ediktuen ohol bakarrean argitaratuko dira, baldin eta prozeduran interesa dutenak ezezagunak badira, jakinarazteko lekua edo bitartekoa ezagutzen ez badira, edo, jakinarazten saiatu ondoren, jakinarazi ezin izan bada.

81. artikulua. Datuen babesa.

Datu pertsonalak dituzten ediktuak ediktuen oholean argitaratzeko, honako hauek zorrozki bete beharko dira: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta haren garapeneko xedapenak, Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea, eta arlo horretan aplikagarriak diren gainerako araudiak.

VI. TITULUA

Erregistro elektronikoa

82. artikulua. Erregistro Elektroniko Orokorra sortzea.

1. Ordenantza honen bitartez, Cosrtesko Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorra sortu eta haren funtzionamendua arautzen da. Erregistro elektroniko orokorrera sartzeko, egoitza elektronikoa erabiliko da (http://cortes.sedelectronica.es) eta beharrezkoa izanen da aurretik identifikatzea toki entitate honek onartutako eta ordenantza honen IV. Tituluan (“Identifikazio eta sinadura elektronikoa”) aipatutako bitartekoetako bat erabiliz.

2. Idazkaritzak kudeatuko du erregistro elektroniko orokorra.

3. Cortesko Udalarekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoak elkarren artean konektatuta egonen dira; udalaren erregistro elektroniko orokorrarekin elkarreragina izanen dute, eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala bete beharko dute.

4. Bai Cortesko Udalaren erregistro elektroniko orokorrak, bai erakunde edo entitate horietako erregistroek bete beharko dituzte datu pertsonalak babestearen arloko legerian ezarritako segurtasun berme eta neurriak eta, nolanahi ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala.

83. artikulua. Erregistro elektroniko orokorraren funtzionamendua.

1. Erregistro elektroniko orokorrean, Cortesko Udalarekin lotuta edo haren mende dagoen edozein administrazio organotan, erakunde publikotan edo entitatetan aurkeztu edo jasotzen den agiri ororen erregistroa eginen da. Halaber, hartan idazten ahal da administrazio publikoen, haien erakundeen edo haiekin lotutako entitateen beste organoentzako edo partikularrentzako agiri ofizialen irteera.

Erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoetara sartzeko aukera emanen duen ataritzat funtzionatuko du erregistroak, eta data eta ordu ofizialak (egoitza elektronikoan jasotako berak) adieraziko ditu, baita toki entitatearentzat eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeentzat baliogabetzat finkatutako egunen zerrenda ere.

Erregistroak aukera emanen du agiriak urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan, aurkezteko.

Erregistro orokorrean sartzeko egoitza elektronikoan, erregistro elektroniko orokorrean abiarazten ahal diren tramiteen zerrenda eguneratua agertuko da.

2. Dokumentuen sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraikiko zaio idazpenak egiteko, eta egin diren eguna adieraziko da. Erregistro-tramitea burututa, dokumentuak luzatu gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, zein erregistrotan jaso diren, handik.

3. Cortesko Udalaren erregistro elektroniko orokorrak eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek bermatuko dute erregistro bakoitzean honako hauek jasotzen direla gutxienez:

a) Erregistroaren zenbaki edo identifikadore unibokoa,

b) Erregistroaren izaera,

c) Aurkeztu zen eguna eta ordua,

d) Interesdunaren identifikazioa,

e) Igorri duen administrazio organoa, hala badagokio,

f) Zer pertsonari edo administrazio organori bidaltzen zaion,

g) eta, hala badagokio, erregistratzen den agiriaren edukiaren erreferentzia.

Horretarako, ziurtagiri bat eginen da automatikoki; dagokion agiri elektronikoaren kopia autentifikatua izanen da, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Erregistroaren bidez erregistro elektronikoan aurkeztu den idazki, jakinarazpen edo eskabidearen edukia. Horri dagokionez, aurkezpen inprimakian sartutako datuak hitzez hitz erreproduzitzea onartzen ahal da.

b) Aurkeztu zen ordua eta data, eta horien arabera hasiko dira toki entitateak bete beharreko epeak zenbatzen.

c) Erregistroak erregistro elektronikoan duen zenbakia edo identifikadorea.

d) Aurkeztutako agiriarekin batera eta erantsita doazen agirien zerrenda eta izena, eta horietako bakoitzaren aztarna elektronikoa ere bai; horiek egiaztatzeko ziurtagiria izanen da azken hori, agiriak osorik daudela eta uko egiten ez zaiela bermatzeko.

e) Automatikoki jakiten ahal bada eta erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko, ziurtagirian, honako informazio hauek jasoko dira: hura izapidetzeko ardura duen administrazio unitatea, ebatzi behar duen organoa, araudian zehaztutako gehienezko epea prozedura ebazteko eta jakinarazteko, eta administrazio isiltasunak izaten ahal dituen ondorioak.

f) Erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko eta automatikoki jakiten ahal bada dagokion prozedura abiarazteko dokumentazio osoa edo zati bat falta dela, zuzentzeko errekerimendua igorriko da aipatutako ziurtagiriarekin batera. 10 eguneko epea emanen da horretarako.

4. Interesdunek toki entitateari helarazi nahi dizkioten agiriak hemen aurkezten ahal dira:

a) Cortesko Udalaren edo helburu duten erakundearen erregistro elektronikoan, zein edozein administrazio publikoren erregistro elektronikoetan.

b) Posta bulegoetan, erregelamenduz ezartzen den moduan.

c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul bulegoetan.

d) Erregistroarekin laguntzeko bulegoetan.

e) Indarreko xedapenek ezartzen duten beste edozeinetan.

Cortesko Udalaren eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek erabat elkarreragingarriak izan beharko dute, hala, informatikoki bateragarriak direla eta interkonektatuta daudela, eta erregistroetako sarrerak eta erregistroetako edozeinetan aurkezten diren agiriak telematikoki igortzen direla bermatzeko, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak eta aplikaziozko beste araudiek xedatutakoa betez.

5. Cortesko Udalean bertaratuta paperean aurkeztutako agiriak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.5 eta 27. artikuluetan xedatutakoaren arabera, horiek administrazio espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, salbu eta, arauaren arabera administrazioak gorde behar baditu, edo nahitaezkoa bada objektuak edo digitalizatu ezin diren formatuetan dauden dokumentuak aurkeztea.

Ordenantza honen bitartez, toki erakundeak derrigorrezko egiten du zenbait agiri bitarteko elektronikoen bidez aurkeztea egoitza elektronikoak hala adierazten duen izapideen, prozeduren eta pertsona fisikoen taldeen kasuan, eta haien gaitasun ekonomikoarengatik, teknikoarengatik, lanbide dedikazioarengatik edo beste arrazoiren batengatik egiaztatuta dagoenean beharrezko bitarteko elektronikoak lortzen ahal dituztela eta eskura dituztela.

6. Dagokion bulego publikora transferentzia eginda kitatzen ahal da Cortesko Udalari agiriak aurkeztean ordaindu behar zaion edozein zenbateko, beste bitarteko batzuetatik ordaintzeko aukera baztertu gabe.

7. Cortesko Udalaren egoitza elektronikoak argitaratu eta une oro eguneratuta mantenduko du erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoen zerrenda, eta pertsona fisiko interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko gaituta dauden funtzio publikoko pertsonen zerrenda eskura jarriko du.

8. Agiriak eta informazioa ez dira erregistroan aurkeztutzat joko, haien araubide bereziak beste modu batean aurkeztu behar direla ezartzen badu.

9. Uko egiten ahal zaie baldintza hauetan aurkezten diren agiri elektronikoei:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen ahal duten gailuak dituztenak.

b) Agiri normalizatuak erabiltzen direnean, eredu normalizatuak onartzeko ebazpenak beharrezkotzat jotzen dituen eremuak betetzen ez badira, inkongruentziak, ez-betetzeak edo tratatzea eragozten duten bestelako kausak badaude edo aurkezteko eskatzen den ezaugarrietako bat betetzen ez badute.

Aurreko apartatuan zehaztutako kasuetan, egoera horren berri emanen zaio agiria bidali duenari, agiriari uko egiteko arrazoiak jakinaraziz eta, ahal denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak eta zer helbidetan aurkezten ahal duen adieraziz. Interesdunak hala eskatzen duenean, agiria aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emanen da, uko egiteko arrazoiak adieraziz.

Agiri elektronikoei uko egitea eragiten ahal duten baldintzak betetzen badira baina erregistro elektronikoak automatikoki errefusatu ez baditu, eskuduna den administrazio organoak dagokion zuzenketa egiteko eskatuko du, eta ohartaraziko du aurkezpena ez dela baliozko edo eraginkor izanen, errekerimenduari kasu egiten ez bazaio.

84. artikulua. Epeen zenbaketa erregistroetan.

1. Cortesko Udalak egun baliogabeen egutegia argitaratuko du erregistro elektronikora sartzeko egoitza elektronikoan, eta hura izanen da erregistro elektronikoen epeak zenbatzeko aplikatuko den egutegi bakarra. Halaber, adierazi eginen da zer egun eta ordutan egonen diren zabalik erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

2. Cortesko Udalaren eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitate eta erakundeen erregistro elektronikoa, epeen zenbaketarako, sartzeko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan oinarrituko da; behar diren segurtasun neurriak izanen ditu horiek ongi daudela bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egonen dira.

3. Epeak egun baliodunetan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik egon ezik. Dokumentuak aurkeztutzat joko dira, egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako dokumentuak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.

4. Toki entitateak eta haren mende edo harekin lotuta dauden erakundeek bete behar dituzten epeen zenbaketaren hasiera erregistro elektronikoan zer egunetan eta ordutan aurkeztu ziren aintzat hartuz erabakiko da.

5. Baldin eta, ustekabeko intzidentzia tekniko baten edo beharrezkoa den mantentze-lan tekniko planifikatu baten ondorioz, erregistro elektronikoaren sistemak edo aplikazioak ez badu ohiko moduan funtzionatu, toki entitateak eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeek iraungi ez diren epeak luzatzea erabakitzen ahal dute. Egoitza elektronikoan izandako intzidentzia teknikoaren berri eman beharko dute edo abisu baten bitartez aurrez adierazi beharko dute hala planifikatuta dagoelako ez dela eskuragarri egonen eta iraungi ez den epea luzatu eginen dela.

85. artikulua. Administrazio prozeduran interesdunek ekarritako agiriak.

1. Interesdunek eskatutako datuak eta agiriak eman beharko dituzte administrazio prozeduran, hasieran zein izapidetu bitartean, baita egoki deritzoten beste edozein agiri ere. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

2. Cortesko Udalaren egoitza elektronikoak jaso eginen du interesdunek erregistro elektronikoan eskabidea aurkeztean eman behar dituzten datuen eta agirien zerrenda sinplifikatua eta eguneratua, administrazio prozedura bakoitzerako.

3. Cortesko Udalak ez die interesdunei honako hauek aurkezteko eskatuko:

a) Agiri originalak, non eta, salbuespenez, aplikatzekoa den araudi erregulatzaileak ez duen hala agintzen.

b) Toki entitateak berak edo beste administrazio batek egin dituen agiriak.

c) Aplikagarri den araudi erregulatzaileak eskatzen ez dituen datuak edo agiriak.

d) Interesdunak aurretiaz beste edozein administraziori eman dizkion datuak edo agiriak. Kasu horretan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organori eman zizkion aipatutako agiriak.

4. Cortesko Udalak administrazio prozedura abiarazteko eta izapidetzeko agiriak eta datuak jasoko ditu, bere udal sareen bitartez edo datuen bitartekotza plataformetan edo administrazio publikoek gaitutako beste sistema elektronikoetan kontsultatuz. Ulertuko da kontsulta hori interesdunek baimendua dela, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun espresik jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun espresa ematea; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz.

5. Salbuespenez, Cortesko Udalak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko dio interesdunari ekar ditzala.

6. Salbuespenez, Cortesko Udalak interesdunari agiri originala aurkezteko eskatzen badio eta agiri hori paperean badago, interesdunak egiazko kopia lortu behar du, elektronikoki aurkeztu aurretik. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori. Egiazko kopiak horretarako gaitutako funtzionarioen bitartez lortzen ahal dira, herritarrei arreta emateko bulegoetan, horiek erregistroen gaietan laguntza emateko bulego gisa ariko baitira. Halaber, kopia horiek toki entitateak onetsi eta eskuragarri jartzen dituen administrazio jarduketa automatizatuko prozesuen bitartez lortzen ahal dira.

7. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Cortesko Udalak eskatzen ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.

VII. TITULUA

Lizitazio elektronikoaren arau zehatzak

86. artikulua. Lizitazio elektronikoa sustatzea.

1. Lizitazio elektronikoari buruzko titulu honetan ezarritakoak ez dio Nafarroako Foru Komunitateak kontratu publikoen eta administrazio emakiden kasuan duen eskumenari eragiten, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, indarreko araudiak eta Nafarroako toki entitateei lizitazio elektronikoaren arloan aplikagarri zaizkien neurriek ezarritakoa betez.

2. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek egindako kontratu publikoak adjudikatzeko prozedura elektronikoa izanen da soilik-soilik, eta honako hauek bete beharko ditu: administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko araudian jasotako xedapenak; sektore publikoko kontratuen araudia; gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko araudia, eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudia.

3. Edonola ere, lizitazio elektronikoko espedienteak izapidetzearen ondoriozko eskubide eta obligazio guztiak gauzatzeko, prozeduraren fase guztietan Segurtasun eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak betetzen direla ziurtatzen duten aplikazio teknologikoak behar dira.

4. Kontratazio publikoaren prozedurak elektronikoki izapidetu beharko dira guztiz, hasieratik bukaerara, eta une oro bermatu beharko da lizitatzaileek eta gainontzeko interesdunek bitarteko telematikoen bidez eskuratzen ahal dutela egoki deritzon dokumentazio eta informazio guztia, kontratatzailearen profilaren bidez. Hala ere, beste publizitate bitarteko batzuk erabiltzen ahal dira, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak eta Nafarroako toki entitateen kasuan aplikagarri den Kontratu Publikoen Foru Legeak ezarritako kasuetan.

87. artikulua. Lizitatzeko prozedura elektronikoa.

1. Obra kontratuak, emakidak, hornidurak eta zerbitzuak modu elektronikoan izapidetuko dira nahitaez.

2. Horrez gain, kontratu horien lizitazioa bitarteko elektronikoen bidez iragarri behar da kontratatzailearen profilean, lizitazioetan ahalik eta hautagai gehienak lehiatzen direla ziurtatzeko.

3. Kontratu txikitzat hartzen ez direnak kontratazio prozedura elektronikoki izapidetzea ahalbidetzen duen lizitazio elektronikoko plataforma baten bidez izapidetuko dira.

4. Aurreko artikuluaren bigarren apartatuaren arabera, artikulu honetan aipatzen den lizitazio elektronikoko plataformak Segurtasun Eskema Nazionalaren eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalaren arauak zorrozki bete beharko ditu, eta, zehazki, eskaintzak enkriptatuta eta modu konfidentzialean aurkezteko aukera emanen du. Gainera, plataforma horrek espedienteen kudeatzailearekin integratuta egon beharko du.

88. artikulua. Lizitazioen publizitatea.

1. Cortesko Udalak eta ordenantza honen aplikazio-eremuaren barruan eta haren mende dauden gainontzeko entitateek eta erakundeek adjudikatutako kontratu guztiak dagozkion Gardentasun Atarietan argitaratu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8.1.a) artikuluak adierazitako alderdiak.

2. Orobat, ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateen eta erakundeen kontratu jarduketen gaineko informazioa gardena dela eta publikoaren eskura dagoela bermatzeko, kontratazio organoek kontratatzailearen profilaren bidez hedatuko dute lizitazio guztietan ahalik eta hautagai gehienak lehiatzen direla bermatzeko informazio guztia.

3. Nolanahi ere, entitate eta erakunde horien kontratuak adjudikatzeko prozedurak dagokion aldizkari ofizialean iragarriko dira, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak hala eskatzen duenean.

89. artikulua. Lizitazio elektronikoa sinplifikatzea.

1. Oro har, Cortesko Udalak eta haren mende edo harekin lotuta dauden entitateek eta erakundeek egindako kontratu guztien kasuan, lizitatzaileari erantzukizunpeko adierazpena egitea eskatzen ahal zaio, lizitazioan lehiatzeko aurretiazko baldintzak betetzen dituela elektronikoki egiaztatzeko. Adierazpen horrek administrazio baldintza berezien agirian ezarritako ereduari jarraituko dio.

2. Baldintza agiri horietan jasoko da lizitatzaileek eskubidea dutela Europako Kontratazio Agiri Bakarra (EKAB) elektronikoki aurkezteko, lehian sartzeko aurretiazko baldintzak betetzen dituztela egiaztatze aldera, kontratuek EBko mugak gainditzen badituzte zein kontratazio organoak hala erabakitzen badu.

3. Ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek eta erakundeek lizitatutako kontratu publikoei buruzko administrazio dokumentazio guztia herritarren eskura jarri behar da, kontratatzailearen profilaren edo Gardentasun Atariaren bitartez, herritarrek kontsultatu eta formatu berrerabilgarrian jaitsi ahal izan dezaten.

90. artikulua. Toki enkante elektronikoak.

1. Enkante elektronikoa prezioak hobetzea edo eskaintzen elementu zehatzetan balio berriak aurkeztea ahalbidetzen duen prozesu elektroniko errepikakorra da. Hori izanen da kontratuak adjudikatzeko lehentasunez erabili beharreko baliabidea, adjudikaziorako irizpide guztiak edo ia guztiak objektiboak direnean eta automatikoki birkalkulatzen ahal diren zenbakizko baremoetan oinarritzen direnean, baldin eta adjudikatu beharreko kontratuaren ezaugarriak zehaztasunez ezartzen ahal badira eta helburua osatzen duten prestazioak izaera intelektualekoak ez badira.

2. Dagozkien kontratazio organoek modu arrazoituan justifikatu beharko dute enkante elektronikoa ez erabiltzea aurreko apartatuan aipatutako kontratuak adjudikatzeko lehentasunezko baliabide gisa.

91. artikulua. Kontratazio Bulegoa.

1. Kontratazio prozeduren izapidetzea departamentu berean bateratzeko, ordenantza honen aplikazio-eremuko entitateek eta erakundeek Kontratazio Bulegoa sortzen ahal dute. Aipatutako arloarekin lotutako eginkizunak beteko ditu, kontratazio organoei dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe.

2. Kontratazio Bulegoak kontratazio prozedura guztian zehar bitarteko elektronikoak erabiltzea bultzatu beharko du, eta jarraibide zehatzak eman, arlo funtzional guztiek prozedura sinplifikatzeko neurriak har ditzaten.

VIII. TITULUA

Antolakuntzari buruzko arauak

92. artikulua. Organo eskudunak.

1. Udalbatzari dagokio ordenantza hau eta haren aldaketak onestea, bai eta administrazio elektronikoaren alorreko arauketa tresna eta plangintza estrategikoko tresna guztiak ere, hurrengo artikuluan xedatutakoa izan ezik.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren plan estrategikoak urte anitzekoak izanen dira, eta, ahal bada, legealdi bat baino gehiago iraunen dute.

3. Alkateari dagozkio administrazio elektronikoaren gaineko beste eskumenak, eta, bereziki, prozedura elektronikoa ezartzeko prozesuak sustatzea eta zuzentzea, eta toki entitatearen antolakuntza eta funtzionamendua egokitzeko beharrezko aldaketa kudeatzea, Idazkaritzarekin batera.

4. Ahal den heinean, diziplina anitzeko taldeak eratuko dira administrazio elektronikoa ezartzeko planak eta hura garatzeko beharrezkoak diren bestelako plan estrategikoak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko. Talde horiek organo osagarri gisa eratzen ahal dira, Hobekuntza eta Berrikuntza Batzorde izenarekin edo egokitzat jotzen den beste batekin. Osaera mistoa izanen dute, eta Alkatetzari dagokio berezko burutza. Haien osaera teknikoa diziplina anitzekoa izanen da.

93. artikulua. Eskumenak gaitzea.

1. Ordenantza honek Alkatetzari gaitasuna ematen dio hura hobeki aplikatzeko behar adina xedapen onesteko.

2. Zehazki, Alkatetzari dagokio honako hauen ondoriozko agiriak onestea: Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen 3/2010 Errege Dekretua eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretua. Estatuko Administrazio Orokorraren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoen baliokideak dira. Eta zehazki, honako hauek onetsi behar ditu:

–Informazioaren segurtasunerako politikari buruzko agiria (3/2010 EDaren 11. artikulua).

–Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko agiria (4/2010 EDaren 18. artikulua).

–Agirien kudeaketarako eta artxibo elektronikorako politikari buruzko agiria (4/2010 EDaren 21. artikulua).

–Digitalizazio protokoloen/prozeduren agiria.

–Agiri eta espediente elektronikoen bizi zikloaren protokoloen/prozeduren agiria.

–Denbora zigiluari buruzko politikaren agiria.

–Toki prozedura elektronikoaren garapena legez hobeki estaltzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein.

3. Horrez gain, Alkatetzari dagokio egiaztatze kode segurua sortzea, ordenantza honen 38.5 artikuluak xedatutakoa betez eta, hala badagokio, langile publikoentzako gako itunduen sistemaren erabilera baldintzak eta zehaztapenak ezartzea (ordenantza honen 39.4 artikuluak jasotzen du).

4. Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak Alkatetzaren Ebazpen edo Dekretu bidez onetsiko dira. Eskumena Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen badio, “Tokiko Gobernu Batzarraren Erabaki” bidez onetsiko dira. Politikaren edo protokoloen agiria bera Ebazpenari edo Erabakiari erantsiko zaio.

5. Artikulu honetan jasotako agirien edukia udaleko teknikariek prestatuko dute, une bakoitzean indarrean dauden Elkarreragingarritasun Arau Teknikoak kontuan hartuz eta toki entitatearen antolakuntzaren ezaugarriei egokituz. Aukeran, aurreko artikuluko 3. apartatuan aipatutako organoek irizpena ematen ahal dute agiri bakoitzaren zirriborroari buruz.

IX. TITULUA

Barne komunikazio elektronikoak

I. KAPITULUA

Udalbatzako kideen komunikazioak

94. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko betebeharra.

Cortesko Udalaren kideen betebeharra da bitarteko elektronikoen bidez komunikatzea haren organoekin, egoitza elektronikoa erabiliz, eta han aurkeztu beharko dituzte eskabideak eta jakinarazpen elektronikoak jaso. Udal taldeek, udaleko langileen laguntzaz, beren kideei komunikazio elektronikoak zuzen egitea erraztuko diete.

Cortesko Udalak bere kideei beharrezkoak dituzten tabletak edo ekipamendu informatikoak emanen dizkie, administrazio organoekin elektronikoki erlazionatzeko obligazioa bete dezaten beharrezkoak badira.

95. artikulua. Komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema.

1. Gardentasun eta publizitate printzipioen arabera erakundearen webgunean egiten diren argitalpenak baztertu gabe, komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema bat egonen da, kide anitzeko organoen aktak, bilkura bakoitzeko gai zerrenda eta horri dagozkion espedienteak, eta zinegotzi edo udal talde politiko batek partekatu edo eskatzen duen beste edozein informazio eskuratu ahal izateko, hori guztia administrazio izapideak arintzeko eta nabarmen aurrezteko, paperean inprimatutakoak ahalik eta gehien mugatuz.

2. Sistema horretara sartzeko, idazkariari edo udal talde politikoek adierazten duten pertsonari emandako pasahitza erabiliko da, edota ezartzen den identifikazio elektronikorako sistema, baldin eta espedienteak gordetzen dituen zerbitzarira sartzea ahalbidetzen badu. Sarbide hori aipatutako agiriak irakurtzera eta inprimatzera mugatuko da, eta ezin izanen da edukia aldatu.

96. artikulua. Udalbatzako kideei komunikazio elektronikoen sistema erabiltzen laguntzea.

Idazkaritza eta Informatika Departamentuek zein gainerako udal zerbitzuek, ahal duten heinean, Udalbatzako kideei eta, hala badagokio, talde politikoen bozeramaileei eta idazkariei laguntza emanen diete, komunikazio elektronikoen sistemak zuzen funtziona dezan eta titulu honek aitortzen dizkien eskubideak eta obligazioak egoki bete ditzaten.

97. artikulua. Informazioa erabiltzearen erantzukizunak.

Edozein bitartekoren bidez (elektronikoa izan nahiz ez izan) lortzen den udaleko edozein informazio hura eman, argitaratu edo eskuragarri jartzeko helburuaz bestelako batekin erabiltzen bada, erantzukizunak sortuko dira eta aplikagarri den legeriaren arabera eskatuko dira, sistema babesteko helburuz.

98. artikulua. Langile publikoen komunikazioak.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikuluak ezarritakoaren arabera, Cortesko Udalaren langile publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra dute, izapideak egitean zein administrazio prozeduren barruan egiten diren barne eta kanpo komunikazioetan. Funtzionamendu komunikazioen arloan, bitarteko elektronikoei eta informazioa hobeki jasotzea ahalbidetzen dutenei emanen zaie lehentasuna, eta, horretarako, titulu honetan jasotakoen antzeko baliabideak egituratzen ahal dira udalbatzako kideentzat.

99. artikulua. Arau osagarriak.

Titulu honetan xedatua ez den orotan, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio, arlo horren lege mailako araudiei kontra egiten ez badie, behinik behin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ikus-entzunezko aktak (audio aktak eta bideo aktak).

1. Cortesko Udalaren kide anitzeko organoen bilkurak grabatzen ahal dira.

2. Bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakitzen bada, dagozkien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan gorde behar dira; orobat, kide anitzeko organoaren kideek horiek eskuratu ahal izatea ere bermatu behar da.

3. Grabaketaren fitxategia, idazkariak hura egiazkoa eta osoa dela egiaztatzeko egiten duen ziurtagiria eta bilkuran zehar erabiltzen diren beste agiri elektroniko guztiak bilkuren aktarekin batera eransten ahal dira, eta ez da beharrezkoa izanen aktan deliberamenduen alderdi nagusiak jasotzea.

4. Aipatutako grabaketa audio akta izanen da, audio agiria bada, eta bideo akta, berriz, ikus-entzunezko agiria bada. Osoko bilkuren aktek agiri motaren arabera hartuko dute audio akta edo bideo akta sistema. Gainerako kasuetan, sistema hori erabiliko da, lehentasunez eta ahal den guztietan.

Ikus-entzunezko akta multimedia agiri elektronikoa da, eta elementu hauek osatzen dute gutxienez:

–Akta laburbildua: kide anitzeko organo baten bilkuraren gai zerrendaren puntuak eta hartutako erabakiak jasotzen dituen agiri elektronikoa. Bilkura motaren arabera, akta laburbilduak formatu zehatza izaten ahal du, eta, kasu batzuetan, indarreko legeriak ezarriko du hori; hala gertatzen da, adibidez, osoko bilkuren aktekin.

–Audio edo bideo agiria: bilkuran gertatu denaren audio edo bideo grabaketa da, eta audioa edo audioak eta irudiak ditu. Agiri horrek hizlari bakoitzak esandakoa hitzez hitz jasotzen du, eta agiri elektronikoan txertatzen da, esteka bidez.

–Sinadura elektronikoa: bilkuran idazkari kargua duen pertsonaren legezko sinadura elektronikoa da, eta agiria fede-emaile bihurtzen du eta zuzenbide ondorioak ematen dizkio. Sinadura hori pertsona horren sinadura ziurtagiriaren bitartez egiten da. Osoko bilkuren kasuan, buruak ere sinatuko du ikus-entzunezko akta.

5. Aurreko apartatuaren arabera, ikus-entzunezko akta agiri publikoa eta ofiziala da, sinatua eta idazkaritzaren titularra den pertsonak baliozkotua, fede publikoa emateko bere eginkizunean. Ondorioz, hura erabiltzean eta tratatzean, tentuz jokatu behar da, eta komenigarria da osorik edo zati batean jaistea eta berrargitaratzea ekiditea, kontuan izanik nahikoa dela audioa edo bideoa ikustearekin gardentasun eta publizitate printzipioak babesteko eta fitxategia pertsona guztien eskura dagoela, gune ofizialean, erreprodukzio mugarik gabe. Artikulu honetan aurreikusi bezala tentuz jokatzeko betebeharra hautsiz gero, erantzukizunak sortuko dira, ikus-entzunezko aktaren trafikoak edo berriz hedatzeak udalaren irudia edo interesak kaltetzen baditu.

6. Partikularrek kide anitzeko organoen bilkura publikoak grabatzen ahal dituzte. Herritarren ekimenak baztertu gabe, udalak bilkura guztiak grabatzea eta herritarren eskura dauden plataformetan argitaratzea sustatuko du. Grabaketa horiek toki titulartasunekoak izanen dira, eta kide anitzeko organoaren idazkariak ziurtagiri elektronikoaren bitartez izenpetuko ditu, fede publikoa emateko bere eginkizunean.

7. Xedapen honetan ezarrita ez den orotan, akten gaineko indarreko araubide juridikoa aplikatuko zaie ikus-entzunezko aktei.

Bigarrena.–Prozedura eta izapide berriak sartzea eta iragartzea.

1. Egoitza elektronikoan prozedura eta izapide berriak sartzeko, Alkatetzak ezarritako protokoloari jarraitu beharko zaio.

2. Egoitza elektronikoa erabiliko da elektronikoki izapidetzen eta komunikatzen ahal diren prozeduren eta tramiteen berri emateko eta horiek hedatzeko modu eguneratuan, nahiz eta aginduzkoak diren edo egokitzat jotzen diren beste publizitate baliabide osagarri batzuk ere erabili.

Hirugarrena.–Cortesko Udalaren Erregistro Elektronikoa sortzea eta Agirien Erregistroa izeneko fitxategia ezabatzea.

Ezabatu egiten da Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren Erregistroan jasota dagoen Dokumentuen erregistroa izeneko fitxategia. Fitxategi horren datuak Cortesko Udalaren Erregistro Elektroniko sortu berrian sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak eta Segurtasun Eskema Nazionalak ezarritako baldintzetan. Ondoren, xehatuta agertzen da fitxategi hori.

“Izena: Erregistro elektronikoa.

Administrazioko zein organok duen fitxategiaren ardura: udal idazkaritza.

Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: udal idazkaritza.

Segurtasun neurriak: maila altua.

Oinarrizko egitura: datu pertsonalen motak:

–Datu bereziki babestuak (ideologia, sinesmenak, erlijioa, jatorri etnikoa, osasuna edo bizi sexuala).

–Egiten diren arau-hauste penal edo administratiboei buruzko datuak.

–Identifikaziorako datuak: NANa / IFZ.

  • Izen-abizenak.
  • Helbidea.
  • Telefonoa.
  • Sinadura / Hatz marka.

–Datu pertsonalak.

  • Familia datuak.
  • Jaiotze eguna / tokia.
  • Sexua.

–Inguruabar sozialen datuak.

–Enpleguaren eta administrazio karreraren zehaztasunak.

–Ikasketa eta lanbide datuak.

–Merkataritza arloko datuak.

–Datu ekonomiko-finantzarioak.

–Transakzioen datuak.

Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: sarrera/irteera agirien tratamendua, eskuzkoa zein informatikoa.

Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek eman behar dituztenak: lege ordezkariak, eskatzaileak, herritarrak eta egoiliarrak.

Datuak biltzeko prozedura: inprimakiak, igorpen elektronikoa/Internet.

Datu pertsonalen lagapen aurreikusiak: ez dago. Datu pertsonalen transferentzia aurreikusiak: ez dago”.

Laugarrena.–Bitarteko elektronikoak erabiltzea barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Cortesko Udalaren kide anitzeko organoetan.

Ordenantza honen IX. tituluak ezarritakoaren arabera arautuko da bitarteko elektronikoak erabiltzea administrazioaren barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Cortesko Udalaren kide anitzeko organoetan.

Bosgarrena.–Egoitza elektronikoa martxan jartzea.

Egoitza elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

Seigarrena.–Erregistro elektronikoa abian jartzea.

Erregistro elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

Zazpigarrena.–Datuen babesa.

Telekomunikazio sareen bitartez emandako zerbitzuak eta harreman juridikoak honako hauek ezarritakoaren arabera garatuko dira: Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoa eta, aplikatzekoak direnean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduan babesteari eta datu horiek libreki zirkulatzeari buruzkoa), eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizartearen zerbitzuak arautzen dituzten xedapen zehatzak.

Egoitza elektronikoak beharrezko informazioa jasoko du datu pertsonalak ematen dituzten interesdunentzat, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. eta 14. artikuluek eskatutakoa betez.

Zortzigarrena.–Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra.

Udalak bermatu eginen du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta formularioak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek beren eskarien inguruan eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, Udalak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko formularioak normalizatzeko.

Bederatzigarrena.–Garatzeko gaitzea.

Alkatetza Udalburutza gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

Hamargarrena.–Ordenantza honen xedapenak aplikatzea.

Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatu eginen dira Udalaren tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Udala saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emanen da egoitza elektronikoan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Administrazio Kontrataziorako Bulegoa.

Ordenantza honen 91. artikuluan aipatzen den Administrazio Kontrataziorako Bulegoa sortzea onetsi eta abian jartzen den arte, udaleko departamentuek betearaziko dute ordenantza honen VII. tituluan ezarritakoa, beren unitateen eta funtzionarioen bitartez. Horretarako, lan tresna berriei buruzko prestakuntza egokia izanen dute.

Bigarrena.–Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabiltzea.

Interesdunek aukera dute Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legeak ezarritakoaren arabera eman diren pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabiltzen jarraitzeko, beren indarraldia bukatzen den arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Lehena.–Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza indargabetzea.

1. Indarrik gabe gelditzen da Cortesko Udalaren administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza, 2010eko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, azaroaren 15ean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Prozedura eta izapide berriak arautzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta administrazio izapide berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek xedatu beharko dute horiek bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan zehazten diren baldintzekin.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatzen denean.

Iragarkiaren kodea: L1808778