1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
580E/2018 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena Ablitasko udal-mugartean kanpaleku turistiko baten jarduera proiekturako. Sustatzailea Camping Ablitas SL da.
2018ko apirilaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera igorri zitzaion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoan.
Proiektatutako jarduketaren helburua da Ablitasko 1. poligonoko 2375. lurzatian turismoko kanpaleku bat jartzea. Obra batzuk eginik daude aurreko jarduketa batean: bungalowetarako, kanpatzeko eta autokarabanetarako lurzatien zatiketa, harrerarako eraikina, eta hornidura, saneamendu, elektrizitate, gas eta argiteria publikoko azpiegiturak. Falta diren elementuak eta zerbitzuak eraikitzeari ekiteko asmoa dago, irekitzeko lizentzia eskuratzeko. Sustatzaileak ingurumen arloko agiri bat erantsi du (2018ko martxokoa), babes eta zuzenketa neurriak jasotzen dituena.
Espedientean Moncayoko Uren Mankomunitateak 2018ko maiatzaren 31n emandako txostena dago, hornidura eta saneamendu sareei buruzkoa. Besteak beste aipatzen du errespetatu behar dela Mankomunitatearen hornidura adarraren 3 metroko zortasuna, eta, “kontuan hartuta ur hornidura mugatuta dagoela, jakinarazten da beharrezkoak diren kontsumoak pertsonena asetzera mugatu beharko direla, eta alternatibak bilatu beste kontsumo batzuetarako, berduguneak ureztatzeko, adibidez”.
Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak txostena eman du 2018ko uztailaren 5ean, zein diren ebazpen honetan jasotako ingurumen arloko baldintzak adierazteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumeneko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende jartzeari edo txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen eraginaren txostena emateari buruz.
Aurrerakinen artean, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 4ko 1806/2009 Ebazpena dugu, ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena “Ablitasko lurzati berrantolamenduko 2. poligonoko 78. lurzatian turismoko kanpaleku bat egiteko plan bereziari” buruz. Promociones Urbanas Mendianike SLk sustatua zen plana (2009ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 2koa). Inguruetan dago Lorko Aintzira, interes berezia duena uretako hegaztientzat eta Nafarroako hezeguneen inbentarioan sartuta dagoena (urtarrilaren 13ko 4/1997 Foru Dekretua); turismoko kanpalekua handik gertu egotea oso kontuan hartu zen plan berezian ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduran zehar egin ziren aldaketetan. Lurzati horretan dauden ehun urtetik gorako olibondoek ere interesa dute, eta bere horretan utzi edota lurzatiaren barrenean birlandatu dira.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalarekin egindako bilera baten ondorioz, 2018ko ekainaren 1ean sustatzaileak jarduera sailkaturako proiektuaren dokumentazio osagarria aurkeztu zuen, gai hauei buruz: argi kutsadura, uraren kontsumoa eta berrerabilera, landaketak, hondakinak eta ura energia berriztagarriekin berotzea.
Sustatzaileak dio luminariek instalatua duten goi hemisferioko fluxua (FHS) 0 dela, eta argi iturria LED PC-Ambar motakoa, eta horri esker argi kutsadura eta basa faunaren gaineko eragina txikiagoak direla; horrez gain, hondakin organikoen berariazko bilketa jasotzen da (hasierako proiektuan ez zeuden aurreikusita).
Espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakorekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ablitasko udal-mugartean kanpaleku turistiko baten jarduera proiekturako ingurumen eraginari buruzko txostena ematea, ezartzen duena proiektuak, ebazpen honetako baldintzetan eta hemen jasotako neurriekin, ez duela ingurumenaren gaineko eragin esanguratsurik eta, beraz, ez dela ohiko ingurumen eraginaren ebaluaziorik eginen. Sustatzailea Camping Ablitas SL da.
2. Aldeko ingurumen eraginaren txosten honek neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Lorko aintzira hurbil dagoenez, faunaren gaineko ukipenak gutxitzeko, luminarien goi hemisferioko fluxu instalatua (FHS) 0 izanen da, eta argi iturria LED PC-Ambar motakoa, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio osagarrian adierazita dagoen bezala.
–Ur kontsumoa gutxitzeko neurriak hartuko dira kanpalekuko zerbitzuetan (komunak, dutxak, arroparen garbitokia, ibilgailuen garbitokia, igerilekuak), bai eta urak berrerabiltzeko ere, posible bada.
Moncayoko Uren Mankomunitateak 2018ko maiatzaren 31n emandako txostenaren baldintzak bete beharko dira. Zehazki, berdeguneak eta landatutako eremuak ureztatzeko ur hornidura ez da hartuko edateko uraren kontsumotik, ureztaketarako ur-hartuneetatik baizik.
–Kanpaleku turistikoan sortzen diren hondakin organikoak tokian bertan konpostatzeko gomendioa egiten da.
–Departamentu honi jakinaraziko zaio zein diren sortutako hondakin uren ezaugarriak, garaian garaikoak; izan ere, jarduerak oso okupazio maila desberdinak dituenez urtean zehar, sortutako hondakin uren bolumenak ere oso aldakorrak izan daitezke. Bereziki kontuan hartu beharko dira igerilekuak garbitzeko eta husteko lanak. Eguneko batez besteko ur emaria, astebetez, eta eguneko gehieneko emaria. Kutsaduraren parametro desberdinen mailak.
–Sukaldeko hondakin uren lerroetan, beste hondakin ur batzuekin elkartu aurretik elikadurako gantzak eta olioak berreskuratzeko ekipamenduak instalatu beharko dira, elektromekaniko automatikoak edo erdiautomatiko pasiboak, soinu alarma edo alarma optikoa dutenak eta EN 1825 araua betetzen dutenak.
–Informazioa eman beharko da bideetako eta ibilgailuen aparkalekuetako eremu zolatuetan biltzen diren euri urek sortzen dituzten azaleko isuriak ateratzeko sistemaz eta sareaz.
–Hidrokarburoak bereizteko ekipamenduak (UNE-EN 858 araua) jarriko dira, beharrezkoak direnak, euri uren azaleko isuriak kanporatu aurretik tratatzeko. Diseinuaren eta neurrien justifikazioa.
–Informazioa aurkeztu beharko da ibilgailuen garbitokiaz (eskuz erabiltzekoa edo automatikoa den, makineria, erabiliko diren produktuak, zenbat garbitzeko gaitasuna), eta zehaztu zer zerbitzu mota emanen duen eta funtzionatzeko modua, bai eta egunean (hilean), batez beste eta gehienez, kontsumituko duen ur bolumenaren kalkulua ere. Eguneko batez besteko kontsumoa m³ batetik gorakoa bada, garbitokiko hondakin urak tratatzeko sistema bat proposatu beharko da, garbitzeko prozesuan bertan tratatutako uraren zati bat berriz zirkulatzeko bide emanen duena, uraren %70 gutxienez.
–Justifikatu beharko da betetzen dela apirilaren 12ko 105/1999 Foru Dekretua, igerilekuetako ura tratatzeko erabiltzen diren produktu kimikoen biltegiak jartzeko segurtasuneko ontzi estankoak izateari dagokionez, bai eta igerilekuetako ura berritzeko eta igerilekuak hustu eta garbitzeko ezarrita dauden xedapenak ere.
–Ekipamendu elektrogenoan zer erregai mota erabiltzen den zehaztu beharko da. Biltegiaren ezaugarriak. Segurtasuneko ontzia, bidezkoa bada. Atmosferara isurtzeko bidearen ezaugarriak (tximinia, isuritako gai kutsakorren mailak).
–Ekipamendu eta instalazio osagarriek sortutako zarata moteltzeko behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira, batez ere ekipamendu elektrogenoak sortzen duena, eta gehieneko immisio balio hauek betetzen direla justifikatu beharko da:
EREMUA | ZARATAREN INDIZEAK (1) |
Lk,d | Lk,e | Lk,n |
Turismoko kanpalekuak okupatzen duen lurzatiko muga | 65 | 65 | 55 |
–Erabiltzen diren indizeak bat datoz epe luzerako batez besteko zarata etengabearen indize baliokide zuzenduekin, egunerako (07:00etatik 19:00ak arte), arratsalderako (19:00etatik 23:00ak arte) eta gauerako (23:00etatik 07:00ak arte), hurrenez hurren, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinean zehaztu bezala. |
–Jardueran sortutako hondakin guztiak zehatz-mehatz azaldu beharko dira, instalazio osagarrietan, makinen mantentze-lanetan eta bestelako lanetan sortutakoak barne. Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren araberako LER kodeak (L 370 EEAO, 2014ko abenduaren 30ekoa) adierazi beharko dira, sortuko diren kopuruen kalkuluarekin eta eginen den kudeaketarekin batera.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Kutsaduraren Prebentziorako Atalari, Ablitasko Udalari, Moncayoko Uren Mankomunitateari, Basozaintzari (12. barrutia, Tutera) eta interesdunari.
Iruñean, 2018ko uztailaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1809594