157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263E/2018 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Murchanteko udal-
mugartean produktu urratzaileak eta produktu mineral ez metalikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzen duena, ebazpen honen eranskinean zehaztatutako aldaketekin bat; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Forjados Orgues SL da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 21eko 755E/2017 Ebazpenaren bidez emana.

Ingurumen baimen integratua eman aurretik, titularrak 33.600 euroko fidantza ordaindu zuen Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan, Administrazioaren aurrean dituen betebeharrak betetzeaz erantzuteko, hain zuzen ere aurreko urteetan egin izan duen jarduera, hondakin ez arriskutsuen kudeaketa, betetzeak dakartzanak. Ingurumen baimen integratua emateko espedientea izapidetu bitartean, zenbateko horren kalkulua egin zen berriz, baimen hori eskatzeko proiektuan zehaztu ziren biltegiratzeko eta ekoizteko ahalmenetan oinarrituta, ahalmen horiek ez datozelako guztiz bat hasierako kalkuluan erabilitakoekin.

Horrez gain, ikusi da ingurumen baimen integratuan jasotako fidantzaren zenbatekoa ez datorrela bat berriz kalkulatutako zenbatekoarekin, eta beraz, egokitu egin beharko da. Era berean ikusten da briketatzen diren hondakin inorganikoen kopuruak ez direla berberak baimenaren I. eranskinean eta II. eranskinean, briketatzea zehazten den atalean.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Murchanteko udal-mugartean produktu urratzaileak eta produktu mineral ez metalikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Forjados Orgues SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Forjados Orgues SLri eta Murchanteko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1809485