157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

224E/2018 EBAZPENA, uztailaren 25ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Tuterako udal-mugartean La Cantera transformazio azpiestazioa egiteko proiektuari (La Serna TAren zabalkuntza). Sustatzailea Eólica Navarra SLU da.

2018ko maiatzaren 17an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren zuzendariaren maiatzaren 20ko 213E/2013 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Tuterako udal-mugartean La Cantera azpiestazio elektrikoa egiteko proiektuari (La Serna TAren zabalkuntza). Baimen hori lanak egiten hasi aurretik iraungi zenez eta eraikuntza lanak berehala hastekoak direnez, tramitazio prozesua berriro abiatu da, sustatzaileek hala eskatuta.

Proiektatutako jarduketa egungo La Serna TA zabaldu behar izatetik sortzen da. Horretarako, 400/220/66 kV-eko beste transformazio azpiestazio bat eginen da, La Cantera hain zuzen, energia elektrikoa sortzeko instalazioak, hainbat enpresak sustatzen dituztenak, garraio sarearekin lotu ahal izateko. Azpiestazio berri honek hektarea inguru hartuko du; horietatik 2.800 m² gaur egungo La Serna TAri dagozkio. Azpiestazio berria eraikitzeko lanen ondorioz, beharrezkoa izanen da 66 kV-eko lau linea hauek aldatzea: 66 kV-eko Montes del Cierzo I aireko linea elektrikoa, 66 kV-eko Montes del Cierzo II aireko linea elektrikoa, 66 kV-eko Caparroso lurpeko linea elektrikoa eta 66 kV-eko La Bandera lurpeko linea elektrikoa. Bestalde, azpiestazioko sarrerako eta irteerako linea egokitzeko, lan hauek aurreikusten dira: lehendik dagoen linea bat desbideratzea (hain zuzen ere 220 kV-eko Alcarama-La Serna linea) eta La Cantera transformazio azpiestazioko sarrerako eta irteerako linea elektriko berri bat behin behinekoz eraikitzea. Linea berri honen trazadura 107. euskarritik abiatuko da (220 kV-eko Alcarama-La Serna GLE linearen amaieratik). Handik 25 metrora beste euskarri bat eraikiko da (108.a) La Serna TAren esparruaren barnean; zehazki, hasierako 107. euskarriaren eta azpiestazioaren atariaren artean. Azpiestazio berriko sarrera eta irteera 108. euskarritik eginen da, linea bukaerako 109. euskarritik igarota. Lineak 306,1 metroko luzera du. Azkenik, La Cantera TA berriak “Camino de La Ermita” deritzon landa-bidearen trazadura hartzen du zati batean, eta hortaz, trazadura hori lehengoratu beharko da.

Proiektua “Agua Salada-Montes del Cierzo-Plana Santa Ana” izeneko balio handiko estepako hegaztiak zaintzeko intereseko eremuan kokatzen da, baita abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan jasotako neurriak aplikatzeko mugatutako eremuetan ere (dekretu horren bidez abifauna goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren).

Espedientean jasota daude Tuterako Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Tuterako udal-
mugartean La Cantera azpiestazioa eraldatzeko proiektuari (La Serna TAren zabalkuntza). Sustatzailea Eólica Navarra SLU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Hirigintza arlokoak:

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Obrak eta bideen lekualdaketak herri-lurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herri-lurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko edo horiek desafektatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. eta 140. artikuluetan ezarritakoarekin bat, hurrenez hurren.

–Lurretik ateratzen diren eraikuntzek, euskarriek edo instalazioek bidearekiko zortasun eremu bat errespetatu beharko dute, 3 metrokoa, haren kanpoko ertzetik neurtuta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112. artikuluaren arabera.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

Ingurumen arlokoak:

–Perimetroko ezpondaren malda gutxituko da, ondoko lurrekiko trantsizioa apala izan dadin; bereziki, mendebaldeko ezpondarena, zeina topografia etenik gabe eraiki beharko den bide berriaren trazaduraraino. Azken bide honetan ere ez da ezponda malkartsurik eginen, ezta malda handirik ere.

–Euskarri berrietan, tentsio- eta pausaleku-elementuen arteko distantziarako, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako arauak aplikatuko dira. Dekretu horren bidez, abifauna goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren.

–Azpiestazioak ukitutako bidea gertu dagoen beste trazadura alternatibo batekin ordeztu beharko da.

–Obrak ukitutako eremu guztiak behar bezala lehengoratuko dira eskualdeko belarren hazien nahasketa batekin landareztatuz.

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eta bertatik eramanen dira.

–Proiektuan sortzen diren hondakinak hondakinei buruz indarrean dagoen legerian eskatzen denaren arabera kudeatu beharko dira. Baimendutako hondakin kudeatzaile batek eginen du, hondakin bakoitzaren izaera kontuan hartuz.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 10.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren testu bateginaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Tuterako Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia), Azpiegitura Energetikoen Atalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 25ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1809578