157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

175E/2018 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Lodosako “El Monte” inguruan hobi txikidun plater-tiroketako zelai bat egiteko proiekturako, Lodosako udal-mugartean. Sustatzailea Lodosako Tiro Elkartea da.

2016ko otsailaren 24an, Lodosako Tiro Elkarteak ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zuen, Lodosako 4. poligonoko 963. lurzatian, “El Monte” alderdian dagoen lur-zabortegi baten gainean plater-tiroketako zelai bat jartzeko.

Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E) kategorian dago sartuta; beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

2016. urtean, sustatzaileari eskatu zitzaion dokumentazioa aurkezteko, zer jarduketa egin nahi den, zer hondakin sortuko diren eta nola kudeatuko diren eta zer erabilera araubide finkatuko den zehazten duena, eta jarduketak ingurumenean zer ukipen izanen dituen egoki baloratzen duena, ingurumen arloko izapideekin jarraitu ahal izateko.

2017ko urtarrilaren 12an, sustatzaileak eskabidearekin batera aurkeztutako informazioa osatzeko agiriak aurkeztu zituen, eta aipatutako errekerimenduei erantzun zien beraz.

Jarduketa hau da: aipatutako kirol jarduera egiteko eremu bat mugatzea Lodosako 4. poligonoko 963. eta 964. lurzatietan, “El Monte” izeneko alderdian. Tiroketa zelaia jarri nahi den eremuaren zatirik handienean oso andeatuta eta soildua dagoen lur-zabortegi bat dago, idoi bat eta ortzagadi bat, bai eta balio naturala duten guneak ere, hala nola muinoen hegalak, larreak eta karkabak (963 D azpilurzatia). Gainera, Lodosako 4. poligonoko 964. lurzatiaren zati bat ere hartzen du goiko aldetik, sorotarako erabiltzen dena. Sarbidearen alboan aparkaleku bat egitea ere proposatzen da, Lodosako 4. poligonoko 963 A eta E azpilurzatietan dauden soro abandonatu batzuetan. Lehen, herritik mendebaldera, beste tiroketa zelai bat zegoen, hondakindegi-zabortegi baten gainean, baina Lodosako saihesbideak bertatik egin zen. Tiroketa zelai hau haren ordezkoa izanen da.

Gaur egun, markesina bat jarrita da tirogileentzat, harrera gune bat egokitu da, apaintzeko eta itzala emateko zuhaitzak landatuz, eta hobi bat egin dute, platerak jaurtitzen dituen makina jartzeko, hormigoizko estalki bat duena. Perimetroa ixtea proposatzen da, eta erabilera guneak, aparkalekua, tiroketa eta jaurtiketa gunea eta zelaiaren segurtasun eremua finkatu dira. Aparkalekua 800 m²-ko gune bat da, markesina dagoen tokitik ekialderantz 160 bat m-ra egonen dena, sarbidearen ondoan.

Urtean 8 bat jaurtialdi eginen direla kalkulatu da, 20 bat tirogilerekin, eta jaurtialdi bakoitzean 900 bat plater jaurtiko dira.

Agiri berrian eremuaren ingurumen arloko balorazio bat egin da, bai eta jarduerak sortuko dituen hondakinen arazoaren balorazio bat ere; azken horretan jasotzen da zer kopuru sortuko duten kartutxoek, ziriek, plater zatiek eta perdigoiek, eta horietako bakoitza kudeatzeko neurriak proposatzen dira.

Espedientean jasota daude Lodosako Udalak emandako aldeko txostena, 2016ko apirilaren 12koa, eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako aldeko txostena, zenbait baldintza ezartzen dituena, 2017ko apirilaren 24an emandakoa. Azken horrek beste txosten sektorial batzuk jasotzen ditu, eta adierazten du baimen honek behin-behinean egindako jarduketak legeztatuko dituela, hots, hobia eta plater tiroketako 5 postutarako estalkia.

2017ko uztailaren 26an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren Hondakinen Atalak txosten bat eman zuen, sortuko den hondakin mota bakoitzari zer kudeaketa dagokion adierazten duena. Txostenak dio ez dela erabili behar beruna, artsenikoa eta/edo antimonioa duen perdigoirik, eta horrelako instalazioetan lurzorua kutsa daitekeela Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoekin (HAP). Hori horrela, txostenak zenbait erabilera muga finkatzen ditu plater moten arabera, eta xedatzen du hamabost egunean behin kontrolak egin beharko direla tiroketa zelaiaren lurzorua kutsatuta dagoen aztertzeko.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du proiektua ingurumen balioekin bateragarria izaten ahal dela, zelaiaren eremuan dauden ingurumen balioko guneetan babes neurri jakin batzuk hartuz gero.

2017ko abuztuaren 25ean, sustatzailearekin bilera bat egitea adostu zen, aurkitutako arazoaren berri emateko, eta baimenak betetzen zailak izanen diren zenbait baldintza zorrotz ezar ditzakeela azaltzeko, hondakinei eta ingurumen balioko guneak babesteari buruzko baldintzak hain zuzen ere, horrek guztiak zelaia jartzea zailtzen ahal duelako. Bilera horren ostean, ingurumen ukipenetarako baimen baldintzatuaren proposamena idatzi zen, eta sustatzaileari igorri zitzaion 2017ko urriaren 17an, eta horrekin hasiera eman entzunaldi izapideari, ingurumen ukipenetarako behin betiko baimena idatzi baino lehen egoki irizten zituen zehaztapenak azaldu zitzan. 2017ko azaroaren 3an, sustatzaileak proposamen horri erantzuteko idazkia igorri zuen, eta ezarritako baldintzak onartu zituen oro har, baina alegazioa aurkeztu zuen berunezko perdigoiak erabiltzeko debekuaren aurka.

Idazki hori Hondakinen Atalari igorri zitzaion, beste txosten bat eman zezan. 2018ko ekainaren 18an, aipatutako atalak jakinarazi zuen agindu hori aldatzen ahal dela, baldin eta berunezko perdigoien alorrean aurrerapen edo azterlan berriren bat egin bada, eta osagai horren migrazioa eragozten duen osagairen bat gehituz lurzorua ez dela kutsatuko bermatzen ahal bada. Hori horrela, berunezko perdigoiak erabiltzen ahalko dira dokumentuen bidez egiaztatzen bada ez dutela inolako eraginik izanen lurzoruan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lodosako “El Monte” inguruan hobi txikidun plater tiroketako zelaia egiteko proiekturako. Proiektua Lodosako udal-mugartean gauzatuko da, eta Lodosako Tiro Elkarteak sustatu du.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza arlokoak:

–Udalak zainduko du indarrean den hirigintzako araudia bete dadila.

–Udalak proiektua gauzatuko den eremuko herri-lurren desafektazioaren onespena eskuratu beharko du, gero erabilera “Lodosako Tiro Elkarteari” laga ahal izateko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan, jarduketa behar bezala gauzatu ahal izateko. Bereziki, kontuan hartu beharko da Nafarroako Gobernuaren Barne Zuzendaritza Nagusiak, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak eta gaian eskumenak dituzten gainerako erakundeek xedatutakoa, udal baimenak eta jarduera gauzatzeko behar diren gainerako baimenak eman baino lehen.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo abian jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera utziz gero, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

Ingurumen arlokoak:

–Tiroketetarako ezin dira erabili osaeran honako hauek dituzten platerak: bentzo(a)pirenoa, 1 mg/kg mailatik gora; Hidrokarburo Aromatiko Polizikliko (HAP) guztien batura 10 mg/kg baino handiagoa.

–Ahal den neurrian, erretxina naturalez edo gai kutsagarririk edo erretxina sintetikorik ez duten materialez egindako platerak erabiliko dira.

–Ezin da erabili beruna, artsenikoa eta/edo antimonioa duen perdigoidun kartutxorik.

–Berunezko perdigoiak erabiltzekotan, agiri bidez egiaztatu beharko da haiek ez dutela lurzoruan eraginik izanen, berunaren migrazioa eragozten duen osagairen bat dutelako. Horrelakoetan, berariazko baimena eskatu beharko zaio Hondakinen Atalari.

–Tiroketa jardunaldi bakoitzaren ostean, lurzoruaren azalera ongi garbitu beharko da, plater zatiak kenduz, eta aldizkako beste garbiketa bat ere eginen da, beharra ikusten denean eta zelaiak duen erabileraren arabera, erabilitako platerek utzitako gai kutsagarrien balizko presentzia minimizatzeko, eta horiek hondakin ez arriskutsuen zabortegietara bideratzeko, ezin badira birziklatu.

–Edonola ere, jarduera hasi eta 5 urteko epean, tokiko lurzoruaren egoerari buruzko txosten bat aurkeztu beharko da, lagin adierazgarriak jasota, eta lurzoruan honako parametro hauek aztertu beharko dira gutxienez: HAP (banakakoa eta batukaria), beruna, artsenikoa eta antimonioa. Egoerari buruzko txostenaren behin betiko irismena une horretan zehaztuko da lurzoru kutsatuez arduratzen den ingurumen organoarekin batera.

–Sortuko diren hondakinetako bakoitzaren kudeaketarako aurreikuspena, antzeko jardueretan oinarrituta, honako hau da:

HONDAKINA ETA OSAGAIAK

EUROPAKO HONDAKIN ZERRENDA (EHZ)

GOMENDATUTAKO KUDEAKETA

Kartutxoa

ZORROA: dentsitate handiko polietilenoa.

02 01 04

02 01 10

Zorroa, pistoia eta kulatina berrerabiltzeko aukera

Edukiontzi batean uztea, plastikoa eta metala birziklatzeko

KULATINA eta PISTOIA metalezko pieza da, normalean letoizkoa izaten dena

ZIRIA: plastikoa, kartoia, artelazkia eta feltroa

Platera

Buztina, igeltsua, deribatu eta erretxina sintetikoak, pinu kolofonia naturala

02 01 99

Tiroketa gunean aldizka bilketak egitea, eta hondakin ez arriskutsuen zabortegietara bidaltzea, ezin badira birziklatu

Plateren eta kartutxoen kartoizko kutxak

Papera eta kartoia

15 01 01

Gaikako bilketa bidez birziklatzea

Perdigoiak

Altzairua/burdina

02 01 10

Birziklatzea, aldizka bil daitezkeen kasuan

–1 eta 1,5 m arteko garaierako ildo bizkarrak eginen dira iparraldean eta mendebaldean, segurtasun gunearen barnean, zabortegi gunea bertako larre naturaletatik bereizteko, balio naturala duten gune horietan (larre guneak eta maldak eta hezeguneak dituzten karkabak) ahalik eta plater eta perdigoi gutxien eror daitezen. Horrela, gainera, errazagoa izanen da hondakinak kentzea eta zelaia garbitzea.

–Era berean, zabortegi gunean, ortzagadi gunearen ekialdean, UTM ETRS 89 573.318, 4.695.237 koordenatuetan dagoen idoi txikiaren mendebaldeko mugan, lehen esandakoaren antzeko ildo bizkar bat eginen da, helburu berarekin, hots, han plater eta perdigoi gutxiago erortzea, eta errazagoa izan dadin haiek kentzea eta zelaia garbitzea.

–Segurtasun gunearen barnean dauden zabortegiko azalerak, landarediz estalita ez daudenak, sastrakaz garbitzen, berdintzen eta/edo eraikuntzakoak ez diren materialez estaltzen ahal dira, errazagoa izan dadin haiek garbitzea.

–Ildo bizkarren bidez babestuta dauden eta landaredi naturalez estalita dauden guneetan eta markesinatik gertu daudenetan, segurtasun gunearen hego-mendebaldean daudenetan bereziki, garbiketak miaketa bidez eginen dira, guneak sastrakaz garbitu gabe, arrazoituta eskatzen eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren aldeko txostena lortzen ez bada behintzat.

–UTM ETRS 89 573.384, 4.695.138 puntuko metaketako lurrak kendu egin behar dira, ez baita zilegi hondakin horrek larreak hartzea. Aurreko puntuetan aipatutako tiroketa gunea egokitzeko erabiltzen ahal dira lur horiek, edo aparkalekurako, erabilera horretarako egokiak badira. Tiroketa zelaiaren proiektuan erabiltzen ez badira, edonola ere, kendu eginen dira. Kudeatzaile baimendu batek arduratu beharko du horretaz, eta baimendutako tratamendu zentroren batera eraman beharko ditu, edo baimendutako beste eraikuntza edo egokitze proiektuaren batean erabiltzen ahal dira.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Lodosako Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 22an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1808263