Iragarkia
157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
174E/2018 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena La Pedreratik uraren goi-hornidurarako hodi orokorraren proiekturako (1. fasea; 2. fasea; Azkoiengo adarra), Tafallako, Erriberriko, Pitillasko, Murillo el Cuendeko, Caparrosoko, Martzillako eta Azkoiengo udal-mugarteetan. Sustatzailea Mairagako Mankomunitatea da.
2017ko abenduaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuko jarduketa da Tafallako La Pedrera Edateko Uren Tratamendu Estaziotik hodi berri bat paratzea Nafarroako Erdialderako, bi fasetan, Caparrosoko deribazio ganberararaino, Azkoien eta Martzillarako urauren goi-hornidurarako adar berria. Ebazpen honen I. eranskinean daude jasota proiektuaren laburpen xehatua eta haren ukipen nagusiak.
2018ko otsailaren 6an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarri zen proiektua jendaurrean egonen zela hogeita hamar egun baliodunez, aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 35.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere. Epe horretan, alegazio bat jaso zen, proiektuaren hirigintza eta ingurumen izapideekin lotutako zenbait alderdiri buruzkoa. Ebazpen honen II. eranskinean bildu dira alegazio horren edukiaren laburpena eta hari emandako erantzuna.
Udal txostena eskatu zaie proiektuaren eraginpean dauden lursailen titular diren udalei (Tafalla, Erriberri, Pitillas, Murillo el Cuende, Caparroso, Martzilla eta Azkoien), eta Tafallako Udalak eta Murillo el Cuendeko Udalak emandako aldeko txostenak jaso dira.
Espedientean jasota dago Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren aldeko txostena, zenbait baldintza ezartzen dituena, 2018ko ekainaren 13an emandakoa, proiektua lurzoru urbanizaezinean baimentzeari buruz.
2018ko ekainaren 19an, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak proiektuaren aldeko txostena eman zuen, proposamena Nafarroan abelbideen babeserako indarrean dagoen legeriarekin bateragarria dela iritzita, baina zenbait baldintza ezarri zituen hura ezartzeko eta ustiatzeko.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, aurkeztutako dokumentazioan finkatutako ingurumen neurriak eta ingurumenaren jarraipena egitekoak kontuan hartuta, eta beste zenbait neurri ezarri ditu proposamenak ingurumenean izanen dituen eraginak gutxitzeko eta hura ingurumenarekin bateragarri egiteko.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea La Pedreratik uraren goi-hornidurarako hodi orokorraren proiekturako (1. fasea; 2. fasea; Azkoiengo adarra), Tafallako, Erriberriko, Pitillasko, Murillo el Cuendeko, Caparrosoko, Martzillako eta Azkoiengo udal-mugarteetan. Sustatzailea Mairagako Mankomunitatea da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Hirigintza arlokoak:
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
- Egin nahi diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan, eta honako hauek bereziki:
- Trazadurak Foru Komunitatearen jabetzakoak diren lursailei eragiten die. Sustatzaileak, espedientearen hirigintza izapideak egiteaz gainera, lursail horietan eginen diren ukipenetarako baimena eskuratu beharko du, Ondare Zerbitzuan izapidetzen dena.
- Herri Lanak: izapideak hasi ez baditu, sustatzaileak dagokion baimena eskatu beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, jarduketak Nafarroako Foru Komunitateko errepideetan eraginen dituen ukipenei dagokienez.
- Jarduketak eraginak izanen ditu Castejón-Iruña eta Altsasu-Iruña trenbideetan, bai eta etorkizunean eginen den AVEren trazaduran ere. Sustatzaileak dagokion baimena eskatu beharko dio Trenbide Azpiegituren Administrariari (ADIF).
- Aurkeztutako txostenetan Nafarroako aztarnategi arkeologikoak babesteari buruz jasotako jarraibideak beteko dira, eta bereziki obrek jarraipen arkeologikoa egiteari buruzkoak. Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehala, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo abian jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
–Ingurumen arlokoak, proiektu osorako:
- Proiektuak sortutako hondakinak kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu, haien izaeraren arabera, arlo horretan indarrean dagoen legeriarekin bat.
- Hondeaketako lur soberakinak sortzen badira, kudeatzaile baimendu bati eramanen zaizkio, edo inguruan andeatuta dagoen eremuren bat leheneratzeko baimendutako beste proiekturen batean erabiliko dira.
- Arroilak eta isurbide naturalak gurutzatu behar badira, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak xedatutakoa bete beharko da.
- Arroilak gurutzatzeko egin beharreko lanak, ahal bada, irailetik martxora bitarte eginen dira. Obrak denbora tarte horretatik kanpo egitekotan, teknikari eskumendunaren txostena aurkeztu beharko da, bisoi europarrarengan eraginik ez duela izanen justifikatuko duena.
- Isurbide obrak bat etorri ohi dira drainatze, ibarbide edo ibilgu naturalekin; hortaz, horiek diseinatzean eta gauzatzean, ahalegindu beharko da ahalik eta ukipen gutxien egiten, zuzenean edo zeharka, lurren drainatzeari, inguruan edo bazterretan hazten diren landaredi naturalei eta ibilguei beraiei.
- Landaredi naturalez estalita dauden guneak zeharkatzen dituzten zatietan, zanga egin baino lehen landare lurra soildu behar bada hura bildu eta, gero, zati bakoitza leheneratzeko erabiltzeko, kontu handiz eginen dira lanak, lur horrek inguru horietako landare autoktonoen haziak eta zati begetatiboak gorde ditzan, gerora egungoaren antzeko landare estalkia bizkor sor dadin berriz.
- Hodiak garrantzi txikiagoko landare estalkia duten lursailak, ezpondak eta bazterrak zeharkatzen baditu, eta makinekin egindako lanek ukipenak egiten badituzte haietan, topografikoki leheneratuko dira, eta landare lurrez estaliko.
- Bi kasu horietan, epe laburrean eta berez landare estalki on bat birsortu dela ikusten ez bada behintzat, gune eta elementu horiek landareztatu eginen dira, lanak egin eta hurrengo udazkenean edo udaberrian espezie autoktonoak ereinez edo hidroereinez.
- Baso masetan ukipenak egin beharra badago, lanak hasi baino lehen, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalaren baimena lortu beharko da (zuhaitzak moztea, etab.).
- Basozaintzari (“Tafalla-Zangoza” eta “Tutera” barrutiak) jakinarazi beharko zaio aurrez, moztu behar diren zuhaitzak markatzeko denbora izan dezan.
- Ingurumen jarraipen partikularra eginen da, Ingurumen Eraginaren Bulegoak gainbegiratuta, eta azken horri abisua eman beharko zaio lanak hasi baino 72 ordu lehenago.
- Abelbideen gaineko ukipenei dagokienez, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren 2018ko ekainaren 19ko txostenean zehaztutako baldintzak bete beharko dira; txostena ebazpen honen eranskinean jaso da.
–Ingurumen arlokoak, 1. faserako:
- Sastrakak garbitzeari buruz proiektu osorako lehen finkatutako neurriak bereziki aplikatu behar dira honako gune hauetan: Abaco arroilaren gurutzagunea, NA-6030 errepidearen alboan, Tafallan hilerriaren eta Las Cruces gainaren artean gurutzatzen duen zatia, idoi baten inguruko larreei eragiten diena, N-121 errepidearen kontra dauden bazterrak, belardiak eta zuhaiztiak dituztenak, eta Erriberriko hilerriko ezponda.
- N-121 errepidearen kontra dauden landaketen balioa, paisaiari eta ingurumenari dagokiena, kontuan hartuta (errepide zati hori ingurumen aldetik integratzeko egin ziren duela zenbait hamarkada), eta errepide bazter horietako tarte askotan dauden aleek tamaina eta egoera fitosanitario ona dutela aintzat hartuta, 6+000 k.p.tik N-121 errepidearekiko bidegurutzera arte (10+000 k.p.), errepidearen ekialdeko bazterretik azken zatia baino lehen, hodia errepidearen jabariko espaziotik eramatea birplanteatuko da, bertako larreetan eta basoetan ukipen txikiagoa egiteko, eta egoera onean dauden zuhaiztiak, errepidearen eskuinaldeko bazterraren (mendebaldean) alboan daudenak, ez kentzeko. Bereziki:
- 6+000 k.p.tik 6+160 k.p.ra, 7+280 k.p.tik 8+070 k.p.ra eta 9+100 k.p.tik 10+000 k.p.ra, itxura okerrena duten aleak dauden tokitik eta/edo ingurumen kalitate txikiko estalkia duenetik birplanteatuko da trazadura, bideragarria eta egokia denean aurrez proposatutako trazaduraren mendebaldean dagoen landa bidera gerturatuz.
- 6+160 k.p.tik 6+250 k.p.ra, kale bat irekiko da bertako pinudian, ahalik eta estuena, eta baldintza hauen hurrengo puntuan xedatutakoa kontuan hartuz aukeratuko da trazadura, eta ezartzen den ingurumen jarraipenarekin bat.
- 6+250 k.p.tik 7+280 k.p.ra, errepidearen alboko zuhaitz lerroa ez kentzeko edo zeharka edo zuzenean ez ukitzeko ahaleginak eginen dira, eta berdin eginen da bertako zuhaitz masekin ere (P6+500 k.p.tik 6+700 k.p.ra, 6+930 k.p.tik 7+000 k.p.ra eta 7+220 k.p.tik 7+280 k.p.ra dagoen pinudi txikia). Horretarako, okupazioak gutxitzeko beste neurri batzuez gainera, hodiaren trazadura (6+700 k.p.tik 6+930 k.p.ra arteko zatian izan ezik) errepidearen bazterrean dagoen landa bidera eramanen da, errepidearen jabariko gunera, edo, bideragarria bada, errepidearen jabari hori hartzen duten soroetara. Errepidearekiko paralelo doan bidearen zati horrek, haren jabarian dagoenak, dirudienez azpiegitura horri zerbitzu ematea du egiteko nagusi. Zati horretan, gainera, bidearen alboko nekazaritza lursailetara sartzen ahal da La Fontanazarako bidetik, lursailen hego-mendebaldetik.
- 7+590 k.p.tik 7+700 k.p.ra bitarteko gunean, Santa Brigidako bidearen hegoaldean, La Fontanaza ingurua drainatzen duen ibilgu bat dago, idois bat sortzen duena errepidea gurutzatu eta urak ekialdean La Nava erretenean isuri baino lehen. Hodia ibilgu horretatik pasatzen da hain zuzen ere; hortaz, hodiaren hustubide bat diseinatu da, eta Erriberriko deribazioa ebakitzea aurreikusi da. Leku horrek duen ingurumen balioa kontuan hartuta, elementu horiek kontu handiz berraztertuko dira, haien okupazioak eta zeharkako ukipenak gutxitzeko, eta lursailaren drainatzea ez aldatzeko modu nabarian.
- 8+230 k.p.tik 8+730 k.p.ra, hodia errepidearen eta alboko landa bidearen artean dagoen pinuditik urruntzeko ahaleginak eginen dira, ale horiek edo haien sustraiak zuzenean ez ukitzeko edo ahalik eta gutxien ukitzeko. Ezin bada egin, gehienez ere bidetik gertuen dagoen pinu lerroari bakarrik eragiteko moduan eginen da trazadura.
- 8+730 k.p.tik 9+100 k.p.ra, egoera onean dauden zumar apaingarrien (Ulmus sp.) lerroa ukitu gabe ezarriko da hodia, eta lerro horren eta bidearen artean birplanteatuko da, zangaren okupazioa murriztuz, zuhaitz horien sustrai sistema ez kaltetzeko.
- N-121 errepidearen gurutzaketa, 10+000 k.p.ren inguruan diseinatutakoa, birplanteatu eginen da, ezkerreko bazterrean dagoen eta gutxi gorabehera puntu horretan hasten den pinudia ez ukitzeko.
- Errepidearen eskuineko bazterretik (ekialdea) doan amaierako trazaduran, bazter horretan barreiatuta dauden tamaina handiko zuhaitzak ahalik eta gutxien ukitzeko ahaleginak eginen dira.
–Ingurumen arlokoak, 2. faserako:
- Sastrakak garbitzeari buruz proiektu osorako lehen finkatutako neurriak bereziki aplikatu behar dira honako gune hauetan: hasieran, atsedengunean (0+060 k.p.tik 0+160 k.p.ra), Bardandongo idoiaren inguruko gurutzaketan (0+500 k.p.tik 0+560 k.p.ra), La Tejeria izeneko inguru osoan eta Aguilar eta Corral de Macua idoien inguruan (3+740 k.p.tik 3+990 k.p.ra) eta Vallacuera edo Balloquera arroilaren eta Venta de Murilleteko larreen arteko gurutzaketaren inguruko gunean (6+600 k.p.tik 7+000 k.p.ra eta 7+120 k.p.tik 7+200 k.p.ra).
- 4+900 k.p.ren inguruan, hoditeriaren trazadura errepidera hurbilduko da, handik gertu dagoen eta landaredi naturala duen mendixka ez ukitzeko edo ahalik eta gutxien ukitzeko. (Pitillasko 3. poligonoko 431 B azpilurzatia). Ibilgailuen eta makinen lanek eta obra metaketek ez dute muino horretan ukipenik izan behar.
–Ingurumen arlokoak, Azkoiengo Adarrerako.
- Proiektuaren zuinketa eta exekuzioa Nafarroako Ubidearen 1. Fasea Handitzeko Arga 4 XXII. aektoreko ureztalurrak modernizatzeko lanekin koordinatu beharko da, eginen diren azpiegitura berriekin gurutzatzeko moduak koordinatzeko, bide berriekin eta Argaren Adarrarekin batez ere, eta, gainera, sektore horretako proiektuan proposatutako ingurumen korridore berriarekin gurutzatzeko modua behar bezala finkatzeko.
- Ureztalurreta eta Azkoiengo eta Martzillako hiri inguruetan barreiatuta dauden zuhaitzak ez ukitzeko ahaleginak eginen dira, bereziki Torrenueva ingurutik gertu eta Errege Altxonbidearen 5. zeharbidearen amaierako zatian, Arlas ibaiaren alboko zatian, eta ureztalur berrien eta Sotopardaleko ureztalur tradizionalaren arteko mugan, NA-115 errepidera iristen den gunetik gertu.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Tafallako, Erriberriko, Pitillasko, Murillo el Cuendeko, Caparrosoko, Martzillako eta Azkoiengo udalei, Basozaintzari (“Tafalla-Zangoza” eta “Tutera” barrutiak) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko ekainaren 22an.–Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
I. ERANSKINA
Proiektuaren eta haren ingurumen ukipen nagusien laburpena
–1. fasea:
600 mm-ko diametroko hodi batekin hasten da: La Pedrerako EUTEtik jaisten da, Tafalla mendebaldetik igarotzen da, Tafalla-Artaxoa NA-6030 errepidea eta ondoko Abaco arroila gurutzatzen ditu (mota horretako arroilen bazterretan egon ohi den landare estalki egokia du arroilak), eta hego-mendebalderantz jotzen du NA-132 errepidea gurutzatu arte. Ondoren, Tafallako hilerriaren ingurutik pasatzen da; idoi bat duen larre bat dago bertan, Tafallan eginen den saihesbidearen ondoko gunean.
Inguru horretatik, hego-ekialderantz jotzen du, Margalla inguruko larreak eta bideak gurutzatuz (horietako batek Errege Altxonbideren 9. zeharbidearekin bat egiten du). Gero, Badinas, Latriain eta las Hoyas inguruak zeharkatzen ditu, AP-15 autobidea eta Tafallatik Azkoienera arteko NA-115 errepidea gurutzatu arte, eta N-121 errepidearen bazterreraino iristen da ,Erriberriko saihesbide deritzonean, Erriberrirako sarbidearen hasiera aldera. Leku horretatik aurrera, hodiaren diseinua gune naturalizatuetan eta saihesbide horren eskuineko bazterrean paisaian integratzeko landatutako eremuetan barna doa, azpiegitura horrentzat finkatutako jabariaren barnetik.
Santa Brigidarako bidearen beheko pasabidera arte (Erriberrirako deribazioa hor lotuko dela aurreikusten da), hodiak lehen aipatutako diametro bera izanen du; hortik aurrera, berriz, 500 mm-ra murriztuko da diametroa. Trazadurak N-121 errepidearen eskuineko bazterraren jabariko eremu landatuetan zehar jarraitzen du, eta NA-6620 errepidea, Erriberritik Azkoiengo errepidera doana, gurutzatzen du hegoalderago, Erriberriko hilerriaren inguruan. Gero, Erriberrirako sarbidearen hegoaldeko lotunearen ingurura iristen da, eta N-121 errepidea gurutzatzen du hor. Proiektuaren diseinuak errepidearen ezkerreko bazterretik jarraitzen du 1. Fasearen amaierara arte.
–2. fasea:
Aurreko zatiaren amaieran hasten da, diametro berarekin (500 mm). 3 aukera aztertu dira, baina 1. Aukera gisa izendatutakoa aukeratu da, luzera dela eta edo lehendik dauden azpiegituren gaineko ukipena dela eta.
Aukera honen ibilbide osoa N-121 errepidearen ezkerreko bazterretik (ekialdea) doa, hegoalderantz. Lehenengo zatian, Bardandongo idoiaren iturburua gurutzatzen du; gero Pitillasera doan errepidearen (NA-5330) bidegurutzeraino doa; hegoaldera jo, eta gero La Tejeria landaredi naturaleko gunea eta Aguilar eta Corral de Macua urmaelak gurutzatzen ditu; jarraian, Errege Altxonbidearen 15. zeharbidea eta Casilla del Reinoko pinudia gurutzatzen ditu. Hortik, aurrera jarraitzen du NA-5381 errepidera iritsi arte, landaredi naturaleko eremu elkorren bat gurutzatuz Pitillasen eginen den industrialdearen inguruan, bai eta ezpondaren bat ere. Gero, ingurumen balioa duen gune bat gurutzatzen du La Ventako idoiaren eta ezponden inguruan, bai eta “Venta de Murilleteko idoiko adarra” Errege Altxonbidea eta Vallacuera arroila ere. Hegoalderantz jarraitzen du Caparrosoko geltokira arte, trenbidea gurutzatzen du eta, hortik, amaierara arte jarraitzen du NA-124 errepidearen bidegurutzeraino.
–Azkoiengo Adarra:
400 mm-ko diametroa izanen du, eta bi aukera aztertu dira: iparraldeko 2. Aukera eta hegoaldeko 1. Aukera. Teknikaren eta ingurumenaren ikuspegitik alderatu dira biak. Batasunaren intereseko habitat babestuetan edo espezie mehatxatuengan eragin kritikorik ez duela izanen egiaztatu ostean, iparraldeko 2. Aukera hautatu da, hobeki egokitzen delako edo gehiago errespetatzen dituelako lursailak, bai lanen fasean, bai eta ustiapen fasean ere, trazaduraren zati luzeagoak doazelako bideen albotik, Azkoiengo Adarraren albotik, eta Martzillarako deribazioaren zatitik.
Aukeratutako ibilbideak iparralderantz jotzen du N-121 errepidearen ekialdeko bazterretik, mendebalderantz gurutzatzen du, eta noranzko horretan jarraitzen du landa bide baten ertzetik, trenbidea gurutzatzen du Martzillako mugatik gertu, “Errege Altxonbidearen 3. zeharbidea” gurutzatzen du hor, bide baten ertzetik jarraitzen du Azkoienen AP-15 autobidea gurutzatu arte; Torrenuevako eraikinak eta negutegiak inguratzen ditu, eta NA-660 errepidearekiko paralelo jarraitzen du Campoaltoko bideraino (“Bikariotza Adarra” izeneko Errege Altxonbidearekin bat egiten du zati batean), hortik diseinatu baita Martzillara arteko zatia.
Torrenuevako leku horretatik mendebalderantz, Azkoiengo Adarra Nafarroako Ubidearen 1. Faseko ureztalurrak handitzeko Arga 4 XXII. Sektoretik igarotzen da (laster hasiko dira lanak); lehenbizi lurzati berriak zeharkatzen ditu mugatik, eta, gero, “Errege Altxonbidearen 4. zeharbidea berrezarriarekin bat egiten duen bide berri baten ertzetik diseinatu da, Tafallatik Azkoienera doan NA-115 errepidera iritsi arte, IAT dagoen industrialdearen inguruan. Azken zati horretan Argaren Adarra gurutzatzen du, Funesko eta Azkoiengo sektoreei ura ematen diena Nafarroako Ubidearen 1. Faseko ureztalurren handitzearen baitan. Halaber, kolektore berri bat ere gurutzatzen du; kolektore horrek ingurumen arloko zeregina du, bisoi europarraren, igaraba paleartikoaren edo beste ugaztun batzuen mugikortasuna bermatzea alegia. Arga 4 XXII. Sektorearen gunerako proposatu da, neurri zuzentzaile gisa. Izan ere, ureztatze proiektu horiek sinplifikatzean, desmuntatu egiten dira erreten zaharren sareak eta isurbide batzuk, eta arrazionalizatu egiten dira hodi eta isurbideen sare berriak; espezie horiek, hain zuzen ere, horien bazterrak erabiltzen dituzte bizitzeko, kumeak izateko eta populazioa hedatzeko.
II. ERANSKINA
Informazioa jendaurrean jartzeko izapidearen eta erantzunen laburpena
Mairagako Mankomunitateak aurkeztutako “La Pedreratik uraren goi-hornidurarako hodi orokorrerako proiektua (1. fasea; 2. fasea; Azkoiengo adarra)” jendaurrean jarri zen, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere. Tarte horretan, alegazio idazki bakar bat jaso zen, Jesús Martínez García jaunak aurkeztutakoa, zehazki.
Idazki horretan, honako alegazio hauek azaltzen dira:
–“Ez dago inolako hirigintza tresnarik ez lehenengo faseko, ez bigarreneko, ez hirugarreneko obrak babesten dituenik (ez dagoen eta egon beharko lukeen tresna Udalez gaindiko Plan Sektorial bat da); hori horrela, proiektu horiek hirigintza tresnarik gabe gauzatzeak ZKren 320. artikuluan jasotako ustezko delitua egitea ekartzen ahal du.
–“Ez dago inolako ingurumen tresnarik ez lehenengo faseko, ez bigarreneko, ez hirugarreneko obrak babesten dituenik (ez dagoen eta egon beharko lukeen tresna ingurumen ondorioen azterketa bat da, eta hari dagokion ingurumeneko nahikotasun aitorpena); hori horrela, proiektu horiek ingurumen tresnarik gabe gauzatzeak ZKren 325. artikuluan jasotako ustezko delitua egitea ekartzen ahal du”.
Alegazio horren lehenengo puntuari buruz, Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuaren Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren iritzia hau da:
Ez dago xedatuta lurzoru urbanizaezinetik igarotzen diren azpiegituren jarduketak egiteko lurralde edo hirigintza plangintza edo hirigintza tresnaren bat beharko denik. Alabaina, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluarekin bat, jarduketa horietarako, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduketetarako baimena eskuratu beharko da. Baimena lortzeko prozedura horretan, bai eta udal baimena lortzekoan ere, jardueraren “hirigintza kontrola” gauzatzen da, jarduketen hirigintza bateragarritasuna aztertzean, lurralde antolamenduko tresnen zein hirigintza plangintzako tresnen bidez.
Udalez gaindiko plan sektorialak lurraldea antolatzeko tresnak dira, eta honakoak dituzte xede (1/2010 LFDren 42. artikulua): garraio sistemako azpiegiturak edo instalazioak ezartzea, azpiegitura hidraulikoak, ingurumenaren kudeaketakoak, energia alorrekoak, telekomunikaziokoak eta antzekoa den beste edozein, baldin eta horiek lurraldearen antolamenduan duten eraginak eta dituzten ondorioek, beren tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badute oinarri duten udalerria (edo udalerriak). Lurralde plangintzako plan horien egitekoa da lurraldea egituratzea, azpiegiturak eta komunikazio loturak ezarriz; baina, lehen esan dugun eran, ez dira derrigorrezkoak haien xede izaten ahal diren jarduketak egiteko.
Dena den, esan behar da alegazioen xede diren jarduketak, Mairagako Mankomunitateak emandako informazioaren arabera (ikus txosten honen eranskina), 2015eko Uren Plan Zuzentzailean jasota daudela; hortaz, lurralde plangintza sektorial baten xede izan dira.
Alegazioaren bigarren zatiari dagokionez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak xedatutakoarekin bat (foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen), lurzoru ez urbanizaezinean gauzatzen diren ur hornidurarako proiektuek, aztertzen ari garena bezalakoek, behar duten ingurumen izapidea ingurumen ukipenetarako baimena dela, eta ingurumen ukipenen ebaluazioa, berriz, ingurumenean eragina duten planetarako soilik erabiltzen da. Behin dagokien ingurumen ondorioen adierazpena aldekoa denean, eta onesten direnean, zenbait motatako jarduketak eta proiektuak sortzen dira haietatik, eta, hala badagokio, beren ingurumeneko esku-hartzea izaten dute, dagokion planarekiko koherentzia eta lotura zainduz betiere.
Iragarkiaren kodea: F1808266
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
