1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
166E/2018 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena moto-kroseko zirkuitu bat legalizatzeko proiekturako, Andosillako udal-mugartean. Sustatzailea Motoclub Andola da.
2017ko urriaren 30ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Hona hemen proiektuak barne hartzen dituen alderdiak: lurraren orografian salto eta oztopodun zirkuitu bat taxutzea, horiek indartzeko lur-mugimendu konpentsatua eginez; boxen gunea sortzea (parkinga), lurra berdinduz; ibilgailuak konpontzeko gunea ezartzea (hormatxoz mugatutako hormigoizko zolataduna); lurzatiaren inguruko hesia, zirkuitura sartzeko sarbide-puntu batekin, eta ureztatze-sistema (hodi-sarea eta ihinztagailuak) hauts gehiegi harrotzea ekiditeko. Ureztatze-sistema San Sebastian Ureztatzaile Elkartearen ur-hargunetik (3. poligonoko 1213. lurzatiarekiko mugan) hornituko da.
Proiektuak Andosillako Udalaren aldeko txostena du, 2017ko abuztuaren 28koa. 2017ko abenduaren 11an txostena osatu egin zen. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak legalizazioaren aldeko txostena aurkeztu du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 117. artikuluaren testu bateginaren ondorioetarako, baina baldintza batzuk ezarri ditu.
Araudian jasota dauden ingurune-neurriak betetzea asmo duen eta zirkuitua ingurunean eta bisualki integratzeko instalazioak landareztatzea iradokitzen duen proposamenaren aldeko txostena eman du Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Andosillako udal-mugarteko moto-kros zirkuitu bat legalizatzeko proiektuari. Sustatzailea Motoclub Andola da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Hirigintza arlokoak:
–Baimenak ez du barne hartzen ur-hornidura lortzeko azpiegitura udal-hornidura sareari lotzea, ez eta saneamendu azpiegiturak eta argindar-hornidurarenak ere.
–Moto-kros zirkuituko lurzatiaren barruan instalatuko den ureztatze-sarea ureztatze-azpiegitura batera konektatuta egonen da San Sebastian Ureztatzaile Elkartearen ur-hargunearen (3. poligonoko 1213. lurzatiarekiko mugan) bidez. Lurzatiaren ureztatze-sarea instalatzeko, obra-lizentzia lortu baino lehen, ureztatze-azpiegitura horren kudeatzailearengandik baimena lortu beharko du sustatzaileak.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategineko 86. artikuluari jarraiki, lursailaren amaierako baldintzak eta egoera zaindu eginen dira eragina minimizatzeko eta amaierako topografia eta lursailaren akabera ingurunean integratuta daudela bermatzeko.
–Lurzatiaren mugan dagoen bideari dagokionez, eraikinetatik eta itxituretatik bide publikoetara 3 m-ko zortasun eremua utzi beharko da bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtzen hasita.
–Jarduera lurzoru urbanizaezinean gertatzen denez gero, horrelako jarduerak erregulatzen dituen araudi berariazkoetan xedatutakoa bete beharko du jarduerak. Zehatzago, otsailaren 14ko 36/1994 Foru Dekretua, haren bidez arautu baitziren lurzoru urbanizaezinean barna ibilgailu motordunekin antolatutako jarduerak eta ibilgailu motordunen zirkulazio librea, baita martxoaren 44/1990 Foru Dekretua ere, horren bidez arauak eman baitziren eremu publikoetan egiten diren ikuskizunak baimentzeko.
–Herri-lurren gaineko ukipenari dagokionez, sektoreko legediak dioena eta Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa beteko da:
Moto-kroseko zirkuituak herri-lurrak ukitzen dituenez, jarduera sailkatuetarako lizentzia eman baino lehen, udalak jarduera garatzeko behar-beharrezkoak baino ez diren lurren desafektazioa onartzea lortu beharko luke (ondoren Motoclub Andola-ri erabilera lagatzeko). Kudeaketa hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez egiten da, nahitaezko izapideen egiaztagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluari jarraiki.
–Gaur egun lurzatia Nafarroako Ubidearen 1. Fasearen hedapenean sartuta dagoenez, Nekazaritzako Azpiegituren martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 6. artikuluak dioenari jarraituz, Nafarroako ubidearen eta haren alderdi ureztagarrien eraldaketaren UPSak ukitutako lurzoruen araudian xedatzen den gune ureztagarriei buruzko araubide iragankorrak dioenaren arabera, beharrezkoa da jarduerak hasi baino lehen Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak emandako baimena lortzea.
–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarengandik, uren arloan indarrean dagoen legediarekin bat.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
Ingurumen arlokoak:
–Sustatzaileak emandako ingurumen ukipenetarako azterlanean proposatzen diren neurri zuzentzaileak betetzeko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan plan bat aurkeztu beharko da. Plan horren helburua instalazioa lorategiz hornitzea eta landareztatzea izanen da, lursaila ingurunean eta bisualki integratzea errazteko. Plan hori 2019. urtea baino lehen aurkeztu beharko da, eta honako puntu hauek barne hartzen dituen balorazio-memoria sinple bat izaten ahal da: proposamenaren deskribapena testuan eta neurridun planotan emanda, eta denboran mailakatua izaten ahal den burutze-epea.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Andosillako Udalari, Basozaintzari (11. barrutia “Lizarrako hegoaldea”) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko ekainaren 19an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1808171