157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165E/2018 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “Cordovilla-Recajo” 66Kv-ko zirkuituko aireko linean, AP 330 eta 332 artean (Lizarran) eginen den proiekturako, Lizarrako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución SAU da.

2017ko azaroaren 14an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Hau da proiektatutako jarduketa: “Cordovilla-Recajo” 66 Kv-ko goi-tentsioko linearen ibilbidea aldatzea Lizarrako udal-mugartean dauden 330 eta 332 euskarrien artean, hala, 2015ean onartu zen Udal Planean Lizarrako Enpresa Parkearen gunearentzat zehazten den garapen urbanistikoa ahalbidetzeko. Horretarako, gune urbanizagarri hori inguratzea proposatzen da. Saihesbidea landa-lurzoruan dagoen 330 euskarrian hasten da (Lizarrako 5. poligonoko 1062 B azpilurzatian dago). Euskarri horrek bao bakarrean NA-122 errepidea eta telefonia-hariteria bat zeharkatzen ditu hurrengo euskarrira ailegatu baino lehen. Bigarren euskarri hori, 331 euskarria, lehen aipatutako poligono bereko (Lizarrako 5.a) 402 A landa-azpilurzatian dago, eta hortik hurrengo baoak 129 metro zeharkatzen ditu airetik, gehienak landa-lurzoruan eta batzuk lurzoru urbanizagarrian, 331.1 euskarria dagoen tokira ailegatzeko. 331.1 euskarritik 331.2 euskarrira eta, ondoren, hortik 332 euskarrira doan hariteria gune berde publiko gisa sailkatuta dauden hiri-lurzatietatik igarotzen da. Beraz, 332 euskarria ordeztuko da eta Enpresa Parkeko gune urbanizatuaren barnean dagoen euskarri bat desegin eginen da.

Saihesbidea egiteko saretazko eta bloke bakarreko zimenduzko 4 euskarri erabiliko dira. Horrez gain, 4 lerrokadura ezarriko dira, oinplanoan 667 m-ko luzera izanen dutenak. Hariteria oraingo eroale berarekin eginen da. Emandako dokumentuetan ageri diren ezaugarri teknikoak direla medio, euskarrietan eroanbideak babesteko jarriko diren isolamenduek metro bat baino gehiagoko luzera izanen dute.

Lurralde eta Paisaia zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren 2018ko apirilaren 30eko espediente-txostena jarduketaren aldekoa den arren, sustatzaileak behar diren lizentziak eta baimenak jaso baino lehen bete beharreko zehaztapen batzuk ezartzen ditu, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren atalak jarduketaren aldeko txostena eman du, baina Lizarrako 5. poligonoko 402 C azpilurzatiak eta Lizarrako 5. poligonoko 1062 B lurzatiak duten ingurumen balioa seinalatu du; izan ere, aipatutako lehen azpilurzatian zuhaitz-erako landaretza naturala hazten da eta, bigarrenean, zuhaixka-erakoa. Hori dela eta, ezartzen du proiektuan landaretza horri ez eragiteko hartu beharreko neurriak indartu behar direla eta, hala badagokio, ukituko diren ingurumen baliodun guneetan baso-erabilera berrezarri beharko dela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, “Cordovilla-Recajo” 66 Kv-ko aireko linean, AP 330 eta 332 artean (Lizarran) eginen den proiekturako, Lizarrako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución SAU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eginen dira.

–Lehen euskarrian aldaketak egitean eta linea berria instalatzean euskarri horren inguruan (Lizarrako 5. poligonoko 1062 B azpilurzatia) hazten den landaretza naturalaren gaineko ukipena ahalik eta txikiena izatea bilatuko da.

–331 euskarriak Lizarrako 5. poligonoko lehorreko belarki-laboreak hazteko erabiltzen den 402 A azpilurzatian kokatuta egon beharko du. Euskarri hori basoditik eta Lizarrako 5. poligonoko 402 C azpilurzatian dauden tamaina handiko aleetatik distantzia nahikora egon beharko dute, euskarria eta linea instalatzean landare horien zuzeneko edo zeharkako ukipena ekiditea bermatuko duen distantziara.

–Behin azpiegitura instalatzeko beharrezko lanak bukatuta, ukitutako guneak lehengoratzeari ekinen zaio eta, hala badagokio, baso-erabilera berrezarriko da Lizarrako 5. poligonoko 1062 B azpilurzatian hondatu ahal izan diren guneetan.

Hirigintza arlokoak:

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak linea elektrikora lotzea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Lizarrako Udalari, Basozaintzari (9. barrutia, Lizarrako iparraldea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 19an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1808170