1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
105/2018 FORU AGINDUA, abuztuaren 1ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren maiatzaren 24ko 84/2018 Foru Agindua eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 105/2013 Foru Agindua. Lehendabizikoaren bidez 232 eredua onetsi zen (“Aitorpen informatiboa: eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak”). Bigarrenaren bidez, onetsi ziren 230 eredua (“Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga: zenbait loteria eta apusturen sarien gaineko karga bereziaren atxikipenak eta konturako sarrerak; sozietateen gaineko zerga: zenbait loteria eta apusturen sarien gaineko karga bereziaren atxikipenak eta konturako sarrerak. Autolikidazioa”) eta 136 eredua (“Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Zenbait loteria eta apusturen sarien gaineko karga berezia. Autolikidazioa”).
Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren maiatzaren 24ko 84/2018 Foru Aginduaren bidez onetsi zen 232 eredua (“Aitorpen informatiboa: eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak”).
Aipatutako 84/2018 Foru Aginduaren 4. artikuluak ezarri bezala, eman beharreko informazioa zer zergaldiri dagokion, hura bukatu eta ondoko hamar hilabeteren ondoko hilabeteko epean aurkeztu beharko da aipatutako eredua.
Kontuan harturik ezen aipatutako foru aginduaren azken xedapen bakarrak ezartzen duela 2017ari buruz 2018an aurkezten diren aitorpenetan aplikatuko dela lehenbizikoz, aitorpen gehienak 2018ko azaroan eginen dira.
2017an hasitako baina 2017ko abenduaren 31 baino lehen bukatutako zergaldietarako, non eredua 2018ko azaroa baino lehen aurkeztu behar diren, gerta daiteke behar den epean prest ez egotea. Horregatik, maiatzaren 24ko 84/2018 Foru Agindua aldatzen da, xedapen iragankor bakarra erantsiz, zeinak epe berezi bat ezartzen baitu kasu horietarako.
Orobat, 105/2013 Foru Agindua aldatzen da, halatan non 2.2 artikuluan sartzen baita nahi gabe ezabatutako paragrafo bat, adierazten zuena nahitaezkoa zela atxikipenak edo konturako sarrerak egitea ez-egoiliarren zergadunen kasuan, nahiz eta sariak kargatik salbuetsirik dauden, nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen baten arabera.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
Lehenbiziko artikulua.–Xedapen iragankor bakarra eranstea Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren maiatzaren 24ko 84/2018 Foru Aginduari. Foru agindu horren bidez onetsi zen 232 eredua (“Aitorpen informatiboa: eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak”)”.
“Xedapen iragankor bakarra.–232 eredua aurkezteko epea, 2017an hasitako baina 2017ko abenduaren 31 baino lehen bukatutako zergaldietarako.
2018ko azaroaren 1etik 30era izanen da 232 eredua aurkezteko epea, 2017an hasitako baina 2017ko abenduaren 31 baino lehen bukatutako zergaldietarako.”
Bigarren artikulua.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 105/2013 Foru Agindua aldatzea. Haren bidez honako hauek onetsi ziren: 230 eredua (“Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko zerga: zenbait loteria eta apusturen sarien gaineko karga bereziaren atxikipenak eta konturako sarrerak; Sozietateen gaineko zerga: zenbait loteria eta apusturen sarien gaineko atxikipenak eta konturako sarrerak. Autolikidazioa”) eta 136 eredua (“Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko zerga: zenbait loteria eta apusturen sarien gaineko karga berezia. Autolikidazioa”).
105/2013 Foru Aginduko 2.2 artikuluari azkeneko paragrafo bat eranstea:
“Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan ere atxikipena edo konturako sarrera egiteko betebeharra izanen da, saria salbuetsirik badago zergapetze bikoitza galarazteko hitzarmen batean xedatzen denaren ondorioz; halakoetan, bidezko dena itzultzeko eskatzen ahalko da, aipatu hitzarmenean xedatutakoari jarraituz.”
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek indarra hartuko du, berak aurreikusitako ondorioekin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.
Iruñean, 2018ko abuztuaren 1ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1809899