157. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

104/2018 FORU AGINDUA, abuztuaren 1ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 19ko 172/2000 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergari dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onetsi ziren, eta haiek kudeatzeko arauak ezarri.

Abenduaren 30eko 1075/2017 Errege Dekretuak, beste arau batzuen artean, Zerga Berezien Erregelamendua aldatu zuen, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa.

Alde batetik, erregelamendu horren 60.3 artikuluko a) letra aldatu zuen, garagardogileen kontabilitate-betebeharrak errazteko, garagardoa egiteko prozesuan erabiltzen diren osagai asko lehengai gisa kontabilizatzeko betebeharra kentzen baitie; izan ere, osagai horiek ez dute inolako eraginik zerga bereziaren fiskalitatean, ez baitute edukirik aterakinean. Aldaketa horrek “Garagardo fabriketako eta zerga gordailuetako eragiketen aitorpena” izeneko 558 eredua ere aldatzea dakar, agiri horretan ager daitezen garagardo fabriketan gertatutako mugimendu guztiak, bai lehengaienak bai produktu bukatuenak.

Bestetik, errege dekretuak testu berria ematen dio erregelamendu horren 106. artikuluko 4. apartatuari. Hori dela eta, gasolio hobaridunaren amaierako kontsumitzaileek, hornikuntza bakoitzeko edo hornikuntza batzuetarako, frogatu beharko diote hornitzaileari halakoak direla, horretarako izenpetutako aitorpen bat aurkeztuz eta identifikazio fiskaleko zenbakia erakutsiz. Aitorpenak bat etorri beharko du Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak onesten dituen ereduekin. Horrenbestez, bi eredu berri onesten dira hornikuntza horiek jakinarazteko: “Amaierako kontsumitzailearen aitorpena, ZBEaren 106.4 artikulua, hornikuntza bakarra” eta “Amaierako kontsumitzailearen aitorpena, ZBEaren 106.4 artikulua, hornikuntza bat baino gehiago”.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35. artikuluko 5. apartatuan ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateari dagozkion zerga bereziak ordainarazteko, unean-unean Estatuko lurraldean indarra duten oinarrizko printzipioak eta funtsezko eta formazko arau berak aplikatuko ditu erkidegoak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta sarrerak egiteko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean sarrerak egiteko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko aldendu gabe.

Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen 18.3 artikuluak gaikuntza ematen dio Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari, fabrikazioaren gaineko zerga berezien subjektu pasiboek eta haiek ordaintzera behartuta dauden gainerakoek tributu zorra zehaztu eta ordaintzeko prozedura, modua eta epeak ezar ditzan.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako gaikuntza orokorra erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak irailaren 19an emandako 172/2000 Foru Agindua aldatzen da. Hartan, zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergei dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onetsi ziren eta haiek kudeatzeko arauak ezarri.

Irailaren 19ko 172/2000 Foru Aginduaren agindu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–Lehen atala. Bat. 2. a) eta 3:

“a) Garagardoaren gaineko zerga:

–“Garagardo fabriketako eta zerga gordailuetako eragiketen aitorpena” izeneko 558 eredua, Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzu telematikoen bitartez lortzen ahalko dena, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

––“Garagardoaren gaineko zerga. Aitorpen-likidazioa” izeneko 561 eredua, Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzu telematikoen bitartez lortzen ahalko dena, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.”

“3. Hidrokarburoen gaineko zergaren eredu hauek onesten dira:

–“Hidrokarburo fabriketako eta zerga gordailuetako eragiketen aitorpena” izeneko 570 eredua, Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzu telematikoen bitartez lortzen ahalko dena, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Era berean, amaierako kontsumitzailearen eredu hauek onesten dira, hidrokarburoen gaineko zergaren arloan, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 106.4 artikuluan aurreikusitako moduan:

–“Amaierako kontsumitzailearen aitorpena, ZBEaren 106.4 artikulua, hornikuntza bakarra”.

–“Amaierako kontsumitzailearen aitorpena, ZBEaren 106.4 artikulua, hornikuntza bat baino gehiago”.

Bi aitorpen eredu horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren webgunean, inprimakiak sortzeko zerbitzuaren bidez lortuko dira, http://hacienda.navarra.es helbidean, eta automatikoki eguneratzen joanen dira, foru agindu honek indarra hartu ondoren izan daitezkeen aldaketekin.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik, indarrik gabe utzi da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 19ko 172/2000 Foru Agindua, “Garagardo fabriketako eta zerga gordailuetako eragiketen aitorpena” izeneko 558 ereduari, “Garagardoaren gaineko zerga. Aitorpen-likidazioa” izeneko 561 ereduari, eta “Hidrokarburo fabriketako eta zerga gordailuetako eragiketen aitorpena” izeneko 570 ereduari dagokienez. Foru agindu horren bidez, zerga bereziei eta aseguru primen gaineko zergei dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onetsi ziren eta haiek kudeatzeko arauak ezarri.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrerako likidazioaldiei aplikatuko zaie.

Nolanahi ere, “Amaierako kontsumitzailearen aitorpena, ZBEaren 106.4 artikulua, hornikuntza bakarra” eta “Amaierako kontsumitzailearen aitorpena, ZBEaren 106.4 artikulua, hornikuntza bat baino gehiago” ereduei dagokienak 2019ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 1ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1809898