155. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

102/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 24koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Javier Martínez Eslava jauna Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkari izendatzen duena bitarte baterako.

Ekainaren 27ko 48/2018 Foru Dekretuaren bidez, abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretua, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa onesten duena, aldatu zen, eta Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko Idazkaritza sortu zen atalaren mailarekin. Horrek, atalaren maila baitu, departamentuko gainerako atalburutzek duten dedikazio araubide berbera izanen du, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrari atxikiko zaio zuzenean.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko 2. puntuak ezartzen du bulegoburutzak eta atalburutzak bitarte baterako bete daitezkeela, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek nahitaez Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikiak izan beharko dute.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, kasuan kasuko unitate organikoa atxikirik dagoen departamentuko titularrak izendatuko ditu ataleko eta bulegoko buruak bitarte baterako, funtzio publikoaren arloan eskudun den departamentuak aldeko txostena eman ondoren. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak aldeko txostena eman du,

AGINDU DUT:

1. Javier Martinez Eslava jauna Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkari izendatzea bitarte baterako.

2. Foru agindu hau interesdunari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko uztailaren 24an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren ordez (Lehendakariaren uztailaren 5eko 11/2018 Foru Dekretua).

Iragarkiaren kodea: F1809482