2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
PITILLAS
Ordenantza, Mindak, simaurrak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako beste hondakin batzuk garraiatzea, erabiltzea eta botatzea arautzen dituena. Behin etiko onespena
Pitillasko Udalak, 2017ko maiatzaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Mindak, simaurrak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako beste hondakin batzuk garraiatzea, erabiltzea eta botatzea arautzen dituen ordenantza.
Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunean, aldez aurretik iragarkia argitaratuta 2017ko 147. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 1ean, eta Udalaren iragarki-taulan.
Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganda, ordenantza behin betiko onetsitzat hartzen da eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Pitillasen, 2018ko uztailaren 11n.–Alkatea, Francisco Arrazubi Pérez.
MINDAK, SIMAURRAK ETA NEKAZARITZAKO, ABELTZAINTZAKO ETA INDUSTRIAKO BESTE HONDAKIN BATZUK GARRAIATZEA, ERABILTZEA ETA BOTAZEA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Udal honek beharrezkotzat jotzen du behar diren neurriak hartzea ingurumena mantendu eta babesteko, hartan oinarritzen baitira udalerriko biztanleen jarduera eta erlazioak.
Abeltzaintzako ustiategietako mindak eta hondakinak botatzeak udalerrian sortzen dituen osasun eta ingurumen arazoak agerian utzita, Udalbatzak, bere eskudantziak erabiliz, hura arautzea erabaki du, ordenantza honetan ezartzen denaren arabera.
Aurreko guztiaren ondorioz, Europako Erkidegoko zuzenbidearen araudiaren barnean, kontuan hartuz Konstituzioaren 45. artikulua eta araudi sektoriala, bai autonomikoa bai estatukoa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 f) eta 28. artikuluek ematen dituzten eskumenak erabiliz, Mindak, simaurrak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako beste hondakin batzuk botatzea arautzen duen udal ordenantza hau onesten da.
Ordenantza honen bidez, helburu garrantzitsua bete nahi da: beharrezko neurriak ezartzea, lehenik, ingurumena kutsatzea prebenitzeko, eta besterik ezean, hori zuzentzeko, ahal den neurrian ezabatzeko mindak, simaurrak eta abeltzaintzako eta nekazaritzako beste hondakin batzuk botatzeak dakartzan eragozpenek, deserosotasunek eta osasungarritasunik ezak bizilagunen bizi kalitatean eragiten dituzten ondorio negatiboak.
Helburu horiek betetzeko, ordenantza honek hiru titulu dauzka.
–Lehenbiziko tituluan, haren xedea eta aplikazio eremua zehazten dira eta ondorengo artikuluetan erabiltzen diren oinarrizko kontzeptuak definitzen dira.
–Bigarren tituluan, “Xedapen orokorrak” izenekoan, aipatutako helburua betetzeko arauak biltzen dira. Xede horrekin, titulu horrek bi kapitulu dauzka; lehena, isurketen eta debekuen araubide orokorrari buruzkoa, eta bigarrena, usain txarrek kutsatu ditzaketen guneak eta zerrendak babesteko araubide orokorrari buruzkoa.
–Hirugarren tituluan, “Zehapen araubidea” izenekoan, kutsadura zuzentzeari buruzko helburua, funtsezko helburuaren ordezkoa dena, betetzeko arauak biltzen dira. Horretarako, titulu horretan arau-hausteak eta zehapenak ezartzen dira, eta zehapen prozedura arautzen da.
I. TITULUA
Xedea eta aplikazio eremua
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da minden kudeaketa (hau da, laborantzako landa-finketan simaurrak, mindak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako beste hondakin batzuk biltegiratzea, garraiatzea, botatzea eta banatzea) arautzea, jarduera horiek sor ditzaketen eragozpenak ahalik eta gehien gutxitzeko helburuarekin; orobat, arau-hausteak eta horiei dagozkien zehapenak arautzea. Ez dira hor sartzen etxeko ukuiluetan sortutakoak.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Pitillasko udal-mugarte osoan dira aplikatzekoak ordenantza honetako aginduak.
3. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honi dagokionez, honako esanahi hau izanen dute ondokoek:
a) Simaurrak: aziendak iraitzitako hondakinak edo hondakin horien eta hondarren nahasketa, eraldatuak barne.
b) Mindak: aziendak iraitzitako eginkari likidoak.
c) Azienda: aprobetxamendurako edo irabazi asmoarekin hazten den animalia oro.
d) Isurketa: mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak lursailean botatzea, bai gainaldean zabalduta, bai bertan injektatuz, lur azpitik sartuz edo lurzoruaren gainaldeko geruzekin edo ureztatzeko urarekin nahasiz.
e) Nekazaritza jarduera: nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako produktuak eskuratzeko beharrezkoak diren lanen multzoa.
f) Nekazaritzako ustiategia: nekazaritzako jarduera batean haren titularrak enpresa gisa antolatutako ondasun eta eskubideen multzoa, nagusiki merkataritzara bideratua eta bere baitan unitate tekniko eta ekonomikoa osatzen duena.
g) Industria-jarduera: Europako Erkidegoetan, jarduera ekonomikoen sailkapeneko C eta D ataletan bildutako jarduera oro (NACE 1. berr.), Kontseiluaren 3037/90 Erregelamenduan (EEE) jasoa, gehi elektrizitatea, gasa, lurruna eta ur beroa sortzearekin lotutako jarduerak; orobat, hondakin solido edo likidoak birziklatu, tratatu, suntsitu eta deuseztatzea.
II. TITULUA
Xedapen orokorrak
I. KAPITULUA
Isurketen eta debekuen araubide orokorra
4. artikulua. Isurketak.
1.–Mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea ondoko arau hauei jarraikiz eginen da:
a) Bakar bakarrik laborantzako landa-finketan botatzen ahalko dira, eta ardura berezia jarriko da hondakin horiek isuri ez daitezen eta ondoko bide, ubide edo finketara atera eta bazterrak kirats ez ditzaten.
b) Nolanahi ere, mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinak lurperatuko dira, egutegi honen arabera:
–Martxoaren 1etik urriaren 31ra, biak barne, isurketa egiteko unean bertan.
–Urteko gainerako egunetan, isurketa egin eta ondoko hogeita lau orduan.
2.–Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak garraiatu eta botatzen ahalko dira astelehenetik ostegunera. Debeku da haiek bota eta garraiatzea ostiraletan, larunbatetan, jai bezperetan, igandeetan eta jaiegunetan, eta herriko bestetan.
Ostiralez botatzeko salbuespena Udalak baimenduko du espresuki.
3.–Isurketa egiteko unean, kontuan hartu beharko dira bereziki baldintza klimatologikoak eta haizearen norabidea; nahitaez izan beharko da horren guztiaren berri isurketa egiteko eta isurketetatik heldu den kiratsa hirigunera edo industria eremuetara ailega ez dadin. Jarduketa horren erantzulea izanen da lan horien egilea, hura abeltzaina izan edo nekazari izan.
4.–Isurketa horiek ez dute inoiz gaindituko 250 kilogramo nitrogenoko muga, hektarea eta urte bakoitzeko, eta kopuru hori 210-170 kilogramo nitrogenora murriztuko da, hektarea eta urte bakoitzeko, kaltebera deklaratutako alderdietan, betiere ura nekazaritzako nitratoen kutsaduratik babesteko indarrean dagoen legediari jarraikiz.
5.–Ordenantza honetan xedatutakoaz gain, araudi sektorialak, bai estatukoak bai autonomikoak, eskatutako baimenak eta lizentziak eskuratu beharko dira.
5. artikulua. Debekuak:
1.–Erabat debekaturik dago Pitillasko hirigunean aparkatzea mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuak.
2.–Debeku da mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak botatzea Udalaren saneamendu sarera, bai eta ibaien ibilguetara, erreketara, areketara, erretenetara, kolektoreetara, bideetara eta antzekoetara botatzea ere.
3.–Debeku da mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak dituzten upelak Pitillasko (Nafarroa) kale eta zeharkaleetan barna eramatea, salbu eta haien estankotasuna bermatua badago itxitura hermetikoen bidez.
4.–Debeku da mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak finka barnean istiltzea eta laborantzako landa-finkatik kanpora isurtzea.
5.–Debeku da mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea larunbatetan, igandeetan, jaiegunetan eta jai bezperetan, bai eta herriko zaindariaren bestak ospatzeko egunetan ere.
6.–Debeku da mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea euri ugariko denboraldietan zein malda handia duten lurretan.
Halaber, debeku da mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea tarteka ura eraman dezaketen tokietan, hala nola arekak, erretenak, kolektoreak, bideak eta antzekoak.
7.–Debeku da mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea mendietan, titulartasun publiko nahiz pribatukoak izan, eta alfer-lurretan, haietan hondakinak lurperatu ezin direnean.
8.–Debeku da mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea biltegiratzeko baltsetan, beharrezko baimenik ez badute. Abeltzaintzako ustiategietan, mindak bilduko dira indarrean dagoen araudiari jarraikiz eraikitako eta araudi horren arabera nahitaezkoak diren baimenak dituzten hobietan.
II. KAPITULUA
Babes araubide orokorra
6. artikulua. Esklusio eremua.
1.–Esklusio eremua eratzen da 1.000 metro zabaleko zerrendan, hiri-lurzoruaren kanpoko mugen inguruan, une bakoitzean indarra duen Pitillasko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera mugatuta.
2.–Guztiz debekaturik dago esklusio eremuaren barnean mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea.
3.–Ordenantza honen ondorioetarako, interes publikokoak deklaratu diren jarduera guztiak esklusio eremutzat hartuko dira, kalifikazio hori daukaten bitartean.
7. artikulua. Segurtasun zerrendak.
1.–Eremu hauek osatuko dituzte segurtasun zerrendak:
a) Biztanleria edateko urez hornitzeko edo bestelako horniduren hargune eta biltontzien inguruan, 500 metro zabaleko zerrenda, haien kanpoaldeko mugatik hasita.
b) 50 metro zabaleko zerrenda, bide sare nazional, autonomiko eta probintzialaren komunikazio bideekiko paraleloan, eta haien kanpoaldeko mugatik hasita.
c) 300 metroko erradioan, esklusio eremuaren inguruan, haren kanpoaldeko mugatik hasita.
d) Tarte horiek ez dira aplikatuko simaur solidoak biltegiratzen direlarik, halakoetan 148/2003 Foru Dekretuari jarraituko baitzaio. Haren arabera:
Utzi beharreko tartea:
1. Errepideak: 10 metro.
2. 300 biztanletik beheitiko biztanleguneak: 50 metro.
3. 300 biztanletik goitiko biztanleguneak: 100 metro.
4. Ubideak, aintzirak eta urtegiak: 25 metro (1).
5. Biztanleria hornitzeko putzuak, iturburuak eta urtegiak: 200 metro (2), betiere haien babeseko perimetroa errespetatuz.
6. Ohiko bainu tokiak: 50 metro.
(1) Konfederazio Hidrografikoen eskumenak ukatu gabe.
(2) Inguruneko baldintza hidrogeologikoek beste tarte bat uztera behartzen ez dutenean salbu.
Isurketa horiek usain eta kalteak saihesteko ezarritako araudia bete beharko dute, hau da, botatzeko unean, kontuan hartuko dira baldintza klimatologikoak eta haizearen norabidea, kiratsa ez dadin hirigunera edo industria guneetara iritsi.
III. TITULUA
Zehapen araubidea
8. artikulua. Arau-hausteak.
1.–Ordenantza honek arautzen dituen gaiei dagokionez, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza osatzen duten arauetan ezarritakoa hausten duten egiteak edo ez-egiteak. Horiek ondorengo artikuluetan tipifikatu eta zehatzen dira.
2.–Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
9. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Ondoko hauek arau-hauste oso larriak dira:
a) Mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea laborantzako landa-finkaren kalifikazioa ez duten lurretan.
b) Mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea Udalaren saneamendu sarera, eta ibaien eta erreken ibilguetara.
c) Mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzea mendietan, titulartasun publiko nahiz pribatukoak izan, eta alfer-lurretan, haietan hondakinak lurperatu ezin direnean.
d) Mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzeko lurretan aplikatu beharreko gehienezko kantitateak ez betetzea. Horiek ordenantza honen 4. artikuluaren 4. apartatuan ezartzen dira.
e) Ez betetzea esklusio eremuan ezarritako murrizketak, ordenantza honen 6. artikuluan zehaztuak.
10. artikulua. Arau-hauste larriak.
Ondoko hauek arau-hauste larriak dira:
a) Ez betetzea ordenantza honen 4. artikuluaren b) apartatuan ezartzen diren arauak, mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak botatzeari buruzkoak.
b) Ez betetzea segurtasun zerrendetan ezarritako murrizketak, ordenantza honen 7. artikuluan zehaztuak.
c) 5. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako debekuak ez betetzea.
11. artikulua. Arau-hauste arinak.
Ondoko hauek arau-hauste arinak dira:
a) 5. artikuluaren 4., 5., 6. eta 8. apartatuetan ezarritako debekuak ez betetzea.
12. artikulua. Zehapenak.
1.–Titulu honetan aipatzen diren arau-hausteak honela zehatuko dira:
a) Arau-hauste arinak 750 euro bitarteko isunekin.
b) Arau-hauste larriak 751 eurotik 1.500 eurora bitarteko isunekin.
c) Arau-hauste oso larriak 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunekin.
2.–Aurrekoa ukatu gabe, ordenantza honen arloan ezarritako arau-hausteek Estatuko edo autonomia-erkidegoko araudi sektorialean zehaztutako aginduak urratzen badituzte, horietan ezarritako moduan zehatuko dira.
13. artikulua. Erantzuleak.
Ordenantza honen arabera arau-haustetzat hartzen diren egintzengatik pertsona fisikoak eta juridikoak zeha daitezke, haien erantzuleak badira, legearen ez-betetze soila bada ere.
14. artikulua. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.
Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:
a) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.
b) Kalteak nolakoak diren eta bereziki osasungarritasunari eragindako nahasmendua zenbaterainokoa izan den.
c) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
15. artikulua. Zehapen prozedura.
Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera eginen da.
16. artikulua. Eskumena.
Ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatzeko ahalmena alkateari dagokio.
Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2. eta 70.2. artikuluetan ezarritako baldintzetan. Indarrean egonen da harik eta aldatzen edo espresuki indargabetzen ez den artean.
Pitillasen, 2018ko maiatzaren 11n.–Alkatea, Francisco Arrazubi Pérez.
Iragarkiaren kodea: L1809063