155. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Aldaketa 2018ko ekainaren 14an Giza Baliabideetako zuzendariak onetsitako deialdian, 10 inspektore-laguntzaile lanpostu lekualdatze-lehiaketa berezi murriztuaren bidez betetzeko, Iruñeko Udalaren zerbitzura

Iruñeko Udalak, Giza Baliabideetako zuzendaritzak 2018ko uztailaren 30an emandako Ebazpenaren bidez, aipatutako deialdiaren aldaketa ebatzi du. Zehazki 2. oinarriaren “b)” atala aldatu da; eta 2. eta 3. oinarriei “c” atala gehitu zaie. Azkenik, honakoak izango dira deialdi hau arautuko duten

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da lekualdatze-lehiaketa berezi murriztuaren bidez betetzea 10 inspektore-laguntzaile lanpostu, eta hura honako arau hauek xedaturikoari jarraikiz gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua eta deialdiaren oinarriak. Honako lanpostu hauek dira deialdiaren xede:

Argiteria (lanpostu 1):

–406.700 - 42.

Bide publikoa (5 lanpostu):

–406.700 - 4.

–406.700 - 25.

–406.700 - 39.

–406.700 - 41.

–406.700 - 45.

Hiri-altzariak (2 lanpostu):

–406.700 - 19.

–406.700 - 43.

Bide publikoaren garbiketa (lanpostu 1):

–406.700 - 44.

Ibilgailu parkea (lanpostu 1):

–406.700 - 18.

Lanpostuen eskaintza handitzen ahalko da prozesua amaitzean hutsik gelditu diren horiekin.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Indarreko araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, honako betekizun hauek bete behar dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Iruñeko Udaleko langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorreko Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zerbitzuan edo Hiri Ekologia eta Mugikortasunako alorrean.

b) D maila edo taldekoa izatea, Inspektore laguntzaile, hiri kontserbazioko mantentze-lanetako laguntzaile, edo mini-zooko laguntzaile lanpostuan.

c) “Ibilgailu parkea” zerbitzuko plazara aurkezteko asmoa duten izangaiek, “C” gida baimena eduki beharko dute.

Hala lanpostu-erreserbarik gabeko borondatezko eszedentzian nola nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek ere lehiaketa honetan parte hartzen ahalko dute, baldin eta deialdian eskatutako betekizunak betetzen badituzte. Horrela lortuko lukete berriz ere jardunean aritzea, eta lanpostuaren behin betiko esleipena.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3. oinarria.–Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabiliz, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina), eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean. Halaber, adierazi behar dute zer zerbitzutara sartu nahi duten, deialdi honetako 5. oinarrian jasotako probak zehatzari begira.

b) Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira, behar bezala konpultsatuta. Horretatik salbu geratuko dira Iruñeko Udalean emandako zerbitzuen inguruko merezimenduak, horiek ofizioz egiaztatuko baititu Administrazio honek.

c) “Ibilgailu parkea” zerbitzuko plazara aurkezteko asmoa duten izangaiek, “C” gida baimena edukitzea egiaztatu beharko dute.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta haiek ebatzirik, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera hasiko da helegiteak jarri ahal izateko epea.

Izangaietan inor bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5. oinarria.–Lehiaketaren garapena.

5.1. Lehiaketa oinarri hauetan zehaztutako eran gauzatuko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ematen den ebazpenean bertan zehaztuko dira lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan izanen diren.

5.2. Proba praktikoa, hemen adierazten diren zerbitzu zehatzetako lanpostu bakoitzaren eduki eta funtzioei buruz:

–Argiteria (II. eranskina).

–Bide publikoa (III. eranskina).

–Hiri-altzariak (IV. eranskina).

–Garbiketa publikoa (V. eranskina).

–Ibilgailu parkea (VI. eranskina).

Jasotako proba bakoitzean gehienez ere 25 puntuko balorazioa emanen da. Proba bakoitzaren balorazio-irizpideak hura hasi aurretik zehaztuko dira. Probak gaindituko dituzte ezarritako gehieneko puntuazioaren % 50 (12,5 puntu), gutxienez, lortzen duten izangaiek. Proba baztertzailea izanen da.

5.3. Proba bakoitzarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, AIZ edo pasaportea aldean dutela azalduko dira hartara. Agertzen ez diren edo nortasuna egiaztatzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

5.4. Txosten psikotekniko bat egitea. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak, hautaproba egin ondoren, izangai bakoitzaren inguruko txosten psikotekniko bat eginen du, izangai bakoitzaren egokitasuna deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarrietara baloratze aldera. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren epaimahai kalifikatzailearentzat.

Txosten psikoteknikoan gehienez ere 15 puntu emanen dira, eta ez da baztertzailea izanen.

5.5. Lehiaketa-aldia. Aldi honetan merezimenduen balorazioa eginen da. Epaimahaiak eginen du balorazio hori, honako baremo honekin bat:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez, 35 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerlanak eta bestelako merezimendu batzuk: gehienez, 25 puntu.

Izangai bakoitzak aurreko bi ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak VII. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.

Epaimahaiak merezimenduen behin-behineko emaitza argitaratuko du, izangaiaren izena, abizenak eta a) eta b) ataletan lorturiko puntuazioa adieraziz, eta horien aurka erreklamazioa jartzen ahalko da 5 eguneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketaren epaimahaia:

Epaimahaiburua: Cristina Arregui Gonzalo, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioa eta Proiektuetako Zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Iñigo Anaut Peña, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Zuzendaria.

Epaimahaikidea: Javier Aoiz Pinillos, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Gloria Sangüesa Ortega, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.

6.2. Epaimahaia onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

6.4. Epaimahai kalifikatzaileko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen bada.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak zein bere espezialitate teknikoetan bakarrik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda eta lanpostu hutsak aukeratzea.

Epaimahai kalifikatzaileak izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren webgunean (www.pamplona.es), eta izangaien zerrenda helaraziko du, eskuratutako puntuazioaren hurrenkeran ordenatuta, espediente osoarekin batera, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko Zuzendariari.

Giza Baliabideetako zuzendariak interesdunen eskaeren arabera esleituko ditu lanpostuak, betiere horiek lortu duten puntuazioarekin bat. Interesdunek Giza Baliabideetako zuzendariaren aurrean egin beharreko agerraldian aurkeztuko dizkiote lanpostuen eskaerak, horrek zehaztuko dituen egun, ordu eta tokian, Udalaren webgunean argitara emanen den hitzorduarekin bat. Ezarritako egunean eskaera egin ez duten lehiatzaileek beren eskubide guztiak galduko dituzte lehiaketaren xede diren lanpostuetan jarduteko, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu. Behin lanpostu hutsak esleituta, Giza Baliabideetako zuzendariak dagozkion izendapenak eginen ditu, eta horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

8. oinarria.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

Giza Baliabideetako Zuzendariak, ebazpen bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiaketan puntuaziorik altuena lortu duten izangaiei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinduta segituz gero, adinez zaharrena den lehiatzaileari emanen zaio lehentasuna.

Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, non eta ebazpen horretan jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez den.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Giza Baliabideetako Zuzendariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazpena egiteko.

Iruñean, 2018ko uztailaren 30ean.–Iñigo Anaut Peña, Giza Baliabideetako zuzendaria.

I. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

Argiteria Zerbitzuaren berariazko gaiak

1.–Behe-tentsiorako Erregelamendu Elektroteknikoa, 2016ko abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuarekin bat onetsia. BT09 jarraibide tekniko osagarria (Kanpoaldeko argiteria-instalazioak).

a) Aplikazio-eremua.

b) Harguneak konpainia hornitzailearen banaketa-sareetatik.

c) Instalazioen dimentsionamendua.

d) Babes-, neurri- eta kontrol-kaxak.

e) Elikadura-sareak.

f) Luminarien euskarriak.

g) Luminariak.

h) Ekipo elektrikoak argi-puntuetan.

i) Babesa zuzeneko eta ez zuzeneko kontaktuen kontra.

j) Lur-konexioak.

2.–Kanpoko Argiterien Instalazioetako Eraginkortasun Energetikoko Erregelamendua, 1890/2008ko Errege Dekretuarekin bat onetsia. EA-02 jarraibe tekniko osagarria (Neurketa luminoteknikoak argiteria-instalazioetan).

a) Orokortasunak.

b) Bideko argiteria. Bideen sailkapena eta argiteria-moten aukeraketa.

c) Argiteria espezifikoak.

3.–Iruñeko udal-mugarteko Kanpoko Argiteria Publikoen instalazioei buruzko Udal-arauak.

a) Helburuak eta aplikazio-esparrua.

b) Irizpide orokorrak. Argiztapen-mailak. Goiko jario-hemisferikoaren mugak. Kanpoko argien urtaroko erregimena eta erabilera-ordutegiak. Instalazioen diseinua. Argi-maila erregulatzeko sistemak. Eragite-sistemak.

c) Argiteria publikoko elementuak. Aginte-zentroa. Gidariak. Obra zibila. Argi-puntuak.

d) Argiteria berriak hartzea.

e) Led teknologiako luminariak.

f) Obra zibila egiteko xehetasunak.

g) Aginte-zentroko kaxa-elektrikoko eskemak eta xehetasunak.

4.–Baldintza tekniko berezien baldintza-agiria, barne hartzen duena Argiteria Publikoko instalazioen mantentze-lanen zerbitzuaren kontratazioa.

a) Mantentze-lan motak.

b) Mantentze-lan mota bakoitzak bere gain hartzen dituen zerbitzuak.

III. ERANSKINA

Bide Publikoko Zerbitzuaren berariazko gaiak

1.–Hormigoiak: Orokortasunak (osaera, erresistentziak, motak, nomenklatura). Obran jartzea.

2.–Galtzadak: Asfaltoen orokortasunak (osaera, nahasketa-motak). Zagorren eta porlan-zoruen orokortasunak (motak). Horien antolaketa bide-zoruen paketean. Obran jartzeko betekizunak.

3.–Zolaketa-materialak oinezkoendako eremuetan. Material motak eta horien erabilerak. Urbanizatzeko zeharkako sekzioa erabileren arabera.

4.–Eremu pribatuak eta ibiak. Mantentze-lanen eskumenak egungo araudiaren arabera. Materialak eta ibien seinalizazioa.

5.–Irisgarritasuna: Arrapalak, eskailerak eta pasabide beheratuak VIV/561/2010 Aginduarekin bat.

IV. ERANSKINA

Hiri-altzarietako Zerbitzuaren berariazko gaiak

1.–Hiriko materialak eta instalazioak hiri-altzarien euskarri eta ostatu gisa.

2.–Aglomeratu hidraulikoak. Morteroak eta hormigoiak. Motak, erabilerak eta ezaugarri orokorrak.

3.–Makineria eta tresnak. Hiri-altzarien instalazioarekin eta mantentze-lanekin loturiko motak, erabilerak eta aplikazioak.

4.–Arotzeria. Eraikuntzan eta hiri-altzarietan erabilitako zurak. Erabilerak eta aplikazioak.

5.–Pinturak eta estaldurak. Hiri-altzarietan erabilitako pinturak eta estaldurak: esmalteak, bernizak, pinturak, lasurak eta material osagarria. Erabilerak eta aplikazioak.

6.–Obren seinaleztapena bide publikoan. Xedea. Oinarrizko printzipioak, eskakizunak eta seinale motak.

7.–Iturgintza iturri publikoetan. Altzairuzko eta polietilenozko instalazioak, hoditeria, gailuak eta piezak.

8.–Haur-jolasen eremua eta segurtasunezko zoladurak:

–NE-1176-7. Instalazio, ikuskapen, mantentze-lan eta funtzionamendu gida.

–NE-1177. Inpaktuak arintzen dituzten estaldurak jolas-eremuen gainazaletan.

9.–Irisgarritasuna. Otsailaren 1eko VIV/561/2010, Agindua, esparru publiko urbanizatuetan sartzeko eta horiek erabiltzeko irisgarritasunaren eta bereizkeriarik ezaren oinarrizko baldintzen txosten teknikoa garatzen duena. VIII. Kapitulua. Hiri-altzariak.

10.–Norbera Babesteko Ekipamenduak (NBE). Norbera babesteko ekipamenduak eta babes-ekipamendu kolektiboak hiri-altzariekin loturiko ohiko lanetan.

V. ERANSKINA

Garbiketa Publikoko Zerbitzuaren berariazko gaiak

1.–Giza bitartekoak oinarrizko bide garbiketan. Orokortasunak. Lan-mota bakoitzean egin beharreko lanak.

2.–Bitarteko mekanikoak eta tresnak oinarrizko bide garbiketan. Orokortasunak Lan-mota bakoitzean egin beharreko lanak. Makina-motak.

3.–Oinarrizko bide garbiketan erabilitako prozedura eta metodoak. Koordinazioa zerbitzuaren barnean eta beste zerbitzu eta kontratekin.

4.–Bide garbiketan erabilitako garbiketa-produktuak. Orokortasunak. Aplikazioak. Erabilera.

5.–Kalitatearen kontrola bide garbiketako zerbitzuan. Bide garbiketan erabilitako aplikazio informatikoak: floten kontrola, inbentarioa eta oharren ataria.

6.–Ikuskaritza zerbitzua. Orokortasunak. Hiriaren kontrolean egin beharreko lanak. Kexuei erantzutea. Kontrataren kontrola.

7.–Garbiketa bertikala. Orokortasunak. Gertakari-mota nabarmenak. Kasu bakoitzean erabili beharreko giza bitartekoak eta bitarteko materialak. Programatutako zerbitzuak eta premiazko jarduketak.

8.–Paperontziak, txakurren edukiontziak eta txakurrendako eremuak. Orokortasunak. Horiek kokatzeko lekuak. Paperontzi motak eta txakurrentzako edukiontzi motak. Mantentze-lanetako eta garbiketako lan nagusiak.

9.–Garbiketa lanak sanferminetan. Orokortasunak. Egin beharreko zerbitzu-motak. Eremu eta ikuskizun nabarmenenak. Beharrezko giza bitartekoak eta bitarteko materialak. Egin beharreko ikuskaritza-lanak.

10.–Asteburu, jaiegun eta ekitaldi berezietako egunetan erabilitako eremuen garbiketak. Orokortasunak. Egin beharreko lanak. Gatazka-eremu motak. Egin beharreko ikuskaritza-lanak.

11.–Saretak eta hustubideak. Orokortasunak. Sareta- eta hustubide-motak. Garbiketarako eskuzko metodoak. Garbiketarako metodo mekanikoak.

12.–Iturri apaingarrien garbiketa. Orokortasunak. Garbiketa-metodoak. Programazioa eta bete beharreko protokoloak.

13.–Hostoen erorialdian egin beharreko jarduketak eta erabilitako garbiketa-bitarteko eta -prozedurak.

14.–Elur, izotz eta tenperatura baxuen kasuan egin beharreko jarduketak eta erabilitako garbiketa-bitarteko eta -prozedurak.

15.–Erabilitako garbiketa metodoak koipe-, olio-, gasolio- eta pintura-orbanak eta halakoak daudenean.

16.–Orubeen eta belarrak hartutako eremuen garbiketa.

VI. ERANSKINA

Ibilgailu Parkeko Zerbitzuaren berariazko gaiak

1.–Ibilgailuen inguruko dokumentazioa, ordezko piezak, tresnak eta osagarriak indarreko araudiarekin bat. Gidabaimena: Baimen-motak eta horiek lortzeko betekizunak.

2.–Ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT): Ibilgailu mota ezberdinei egin beharreko ikuskapenen maiztasuna. Berrikusitako elementuak. Akats-motak.

3.–Ibilgailuen ekipamendua eta osagarriak: Segurtasun-ekipamendua eta konfort-ekipamendua. Segurtasun-elementuak autoan: Segurtasun aktiboa eta segurtasun pasiboa.

4.–Deskribapen teknikoa eta funtzionamenduaren deskribapena auto baten honako mekanismo nagusi hauei buruz: Karrozeria, motorra, banaketa, lubrifikazioa, hozte-sistema, elikatzea, ihesa, sistema elektrikoa, transmisioa, balaztak, direkzioa, esekidura, gurpilak eta argiak.

5.–Autoen honako mekanismo hauen mantentze-lanak: Karrozeria, motorra, hozte-sistema, elikatzea, ihesa, sistema elektrikoa, transmisioa, balaztak, direkzioa, esekidura eta argiak.

6.–Matxurak eta horien balizko konponbideak autoen honako elementu hauetan: Motorra, hozte-sistema, lubrifikazioa, elektrizitatea, ihesa, transmisioa, direkzioa, esekidura, balaztak eta pneumatikoak.

VII. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa, Iruñeko udaleko inspektore-laguntzaile lanposturako lehiaketarako

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) atala. Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak.

1.–Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatutako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan: puntu bat urte bakoitzeko.

2.–Edozein Administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoez besteko lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak.

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira. Horren ondorioetarako, ez da aintzat hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntza eta hobekuntzarako jardueretan emandako denbora, atal honen 1. puntuan xedatutakoarekin bat baloratuko baita.

5. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerlanak eta bestelako merezimendu batzuk.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.

5. Atal honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.

2.–Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo sariren bat jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: bi puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).

3.–Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edo/eta halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere, bi puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

4.–Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoez bestelakoak: gehienez ere 2 puntu.

5.–Euskararen ezagupen egiaztatua.

a) B2: 3 puntu.

b) C1: 4 puntu.

Oharrak, b) atal osorako:

1. Atal honetan soilik baloratuko dira deialdi honen xedea diren lanpostuekin zuzeneko zerikusia duten merezimenduak.

2. b) atal honi dagokion puntuazioa 25 puntukoa izanen da gehienez ere.

Iragarkiaren kodea: L1809882