155. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 25ean hartua, “Ponpaketa eta bulkada obrak Zuluetarako” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

2018ko maiatzaren 25ean, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak erabaki zuen “Ponpaketa eta bulkada obrak Zuluetarako” proiektua behin betiko onestea eta hasiera ematea desjabetze espedienteari. Horrekin batera, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onetsi zen.

Erabaki hori 2018ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 6koan.

2018ko uztailaren 4an, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak erabaki zuen proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea. Era berean, obrak presakoak direla deklaratzeko egindako eskaera berretsi zuen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen ondorioetarako.

Iruñerriko Mankomunitateak, lurralde mailako administrazio publiko bat ez bada ere, ahalmena du desjabetzea agintzeko, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 47.4 artikuluan ezarritakoa gertatzen delako; izan ere, lege horren bidez mankomunitateei baimena ematen zaie udalen prerrogatibak eta ahalmenak erabiltzeko beren estatutuetan hala ezarrita dagoenean, edo, bestela, bere helburuak betetzeko beharrezkoa den kasuetan. Kasu honetan, ez da beharrezkoa Nafarroako Foru Komunitateak erabiltzea desjabetzeko ahalmena, proiektua gauzatzeko nahitaez okupatu beharreko ondasunak udalerri bakar batean daudelako.

Hasitako desjabetzearen onuraduna “Servicios de Comarca de Pamplona SA” izanen da. Entitate horren kapital soziala Iruñerriko Mankomunitatearen esku dago. Bi entitate horien arteko harremanak arautzen dituen Erregelamenduaren 2.3 artikuluaren arabera, sozietate horri dagokio, besteak beste, zerbitzua emateko behar diren obrak egiteari lotutako eginkizunak eta eskumenak betetzea, Mankomunitateak atxikitzen dizkion ondasunak erabiltzea edo zerbitzuak hobeki ustitatzeko egokiak diren jarduerak ezartzea.

Era berean, erregelamenduzko arau beraren 6. artikuluan, adierazten da sozietate horrek arrazoi tekniko edo ekonomikoengatik beharrezkoak diren inbertsio berriak edo berrezartzekoak egin behar dituela, halako moldez non bere ondarea, gutxienez, zerbitzuen egungo kalitate eta efizientzia mailari eusteko adinakoa izanen den. Ildo horretan, obra proiektu honen xedea da Zuluetako ur biltegira eramaten den uraren ponpaketa sisteman atzemandako akatsak eta ahulezia konpontzea, biltegiak hornitzen dituen herrien eskariari erantzun ahal izateko.

Horregatik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 5.2 artikuluarekin bat, sozietate hori izanen da obra proiektua gauzatzearen ondorioz eta desjabetzearen ondorioz ukitutako ondasun eta eskubideen kostua bere gain hartuko duena, onuradun gisa. Obra proiektuaren aurrekontua 1.336.740,52 eurokoa da (BEZaren %21 barne).

Proiektuaren lanek ukituko dituzten ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da zenbait herriren ur hornidura hobetu beharra dagoelako –izan ere, uda aldean hornidura ez dago batere bermatuta–, eta, orobat, obrak udan egin behar direlako, teknikoki ahalik eta hobekien gauzatzen direla eta lurrak erauzi eta hoditeria jartzeko lanak seguruagoak izanen direla bermatzearren.

Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta egiaztatu ondoren balio justua ordaindu beharra duena entitate onuraduna dela, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Ponpaketa eta bulkada obrak Zuluetarako” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2018ko uztailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1809489