155. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 25ean hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2018rako ezarritako ordainsariak ehuneko 1,5 igotzen dituena, ondorioak 2018ko urtarrilaren 1ean hasita.

Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariak igoko dira, Estatuko legediak sektore publikoko langileentzat 2018rako ezarritako gehieneko globala igo ere, ondorioak 2018ko urtarrilaren 1ean hasita; halaxe xedatu baita 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen 6. artikuluko lehenengo atalean. Gainera, hala baldin badagokio, ordainsariak egokituko dira, lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat etorri behar baitu lanpostuaren beraren zailtasun tekniko, arduraldi, erantzukizun, arriskugarritasun edo nekagarritasun baldintza bereziekin.

Era berean, hitzarmen kolektiboan zehaztutako ordainsariak izanen dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan kontratudunek, foru lege honetan funtzionarioentzat finkatutako irizpideei jarraikiz, ondorioak 2018ko urtarrilaren 1etik hasita; halaxe xedatu baita 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen 7.1 artikuluan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, 20/2017 Foru Lege beraren 8.3 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Alde horretatik, arestian aipatutako abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen 9.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

Beraz, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak nahitaez aplikatu behar dituela arestian aipatutako legezko xedapenak; behin 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legea onartu eta hark indarra hartu ondoren, eta ikusirik dagokion legezko xedapenari jarraikiz langile publikoen ordainsaria igotzeko beharrezkoak ziren funtsak zehaztea eta bideratzea onartu zela, onartutakoa gauzatzeko zain egotea besterik ez zegoen.

Horiek horrela, joan den uztailaren 4an Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legea argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Lege horren 18. artikuluko bigarren apartatuan xedatu denez, 2018an, Sektore Publikoko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 1,5etik gorako igoera globalik izan 2017ko abenduaren 31n indarra zutenen aldean, erkaketaren bi aldietarako homogeneotasunaren aldetik, bai langileei dagokienez bai horien antzinatasunari dagokionez.

Apartatu horretako bigarren paragrafoan ezarri da, arestian aipatutakoaz gain beste %0,25 igoko direla soldatak, baldin eta %3,1ekoa edo handiagoa bada Barne Produktu Gordinaren (BPGd) igoera prezio konstanteetan. Soldata igoera horrek 2018ko uztailaren 1etik aurrera izanen lituzke ondorioak. Era berean, agindu horretan adierazi da, apartatu horretan bertan xedatutakoa betetze aldera, Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) urtero argitaratzen duen aurrerapen estimazioa hartuko dela kontuan BPGd-ren igoera kalkulatzeko orduan. EINek BPGd-ren aurrerapena argitaratzean, eta enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko Erabakiaren jarraipena egiten duen batzordeari jakinarazi ondoren, igoera aplikatzea onartuko da, Ministroen Kontseiluaren erabaki bidez, hala baldin badagokio. Erabaki hori igorriko zaie bai autonomia erkidegoei, bai hiri autonomoei bai eta Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioari ere.

Horrez gain, soldata masa beste %0,20 igotzea baimendu daiteke, beste neurri batzuen artean, produktibitatea edo efizientzia hobetzea helburu duten planak edo proiektuak ezartzeko, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri berariazkoak berrikusteko, destinoko osagarriak homologatzeko edota pentsio planetara ekarpenak egiteko; halaxe xedatu baita Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18. artikuluko bigarren apartatuko azken paragrafoan. Igoera hori %0,30ekoa ere izan daiteke 2017ko ekitaldian aurrekontuko superabita izan duten administrazioetan eta sektore publikoaren gainerako entitateetan. Aipatu berri dugun uztailaren 3ko 6/2018 Legearen artikuluan zehaztu da zein den sektore publikoa.

2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean gutxi gora behera kalkulatutako diru kopuru bat kontsignatu zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen ordainsarien %1,5 adinakoa zena: 17.325.000 euro, guztira. Horrenbestez, une honetan posible denez aipatu igoera hori exekutatzea, erabaki hau onartzeaz gain beste izapiderik egin behar izan gabe, egoki jotzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen ordainsariak %1,5 igotzea. Hortaz, egokia da baimendutako igoeraren gainerakoa ordaintzeko jarduketak izapidetzen hastea organo eskudunak, 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritakoarekin bat.

Ordainsariak igotzeko orain hartzen den erabaki honek atzerako eragina izanen du 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta 2018ko abuztuko nominan ordainduko da.

2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean badago behar adinako aurrekontuen kontsignazioa, legez aurreikusitako igoerak eragindako zenbatekoak ordaintzeko. Ordainketa hori gastuen indarreko aurrekontuko 020002 04100 1800 921402 partidaren kargura finantzatuko da.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2018rako ezarritako ordainsarien gehieneko ehuneko globala (hau da, %1,5) igotzea, ondorioak 2018ko urtarrilaren 1ean hasita, eta abuztuko nominan ordainduko da.

2. Igoera, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei ere aplikatzea.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egoki diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1809486