Iragarkia
155. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
203/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 31koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bidez onetsi baitira 2018ko apirilean izandako aparteko euri-jasek eta uholdeek toki entitateen nekazaritza azpiegituretan eragindako kalteei aurre egiteko salbuespeneko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak.
2018ko apirilean euri-jasak izan ziren Nafarroako hainbat herritan, eta uholdeak ekarri zituzten, bai eta, horren ondorioz, azpiegituretako kalteak ere, batik bat Ebro, Aragoi, Arga eta Ega ibaien eta beren ibaiadarren arroetan. Euri horiek lur saturatuetan izan ziren. Hori dela eta, euri gehiena lur azalaren gaineko jariatzeetatik bideratu zen. Horrek kalteak eragin zituen higaduraren bidez, baita aipatutako Nafarroako ibai nagusiek gainezka egitea ere. Halaber, uharrak sortu ziren hainbat herritan, labore lurrak hartu eta nekazaritzako azpiegituretan munta handiko kalteak eragin zituztenak.
Azpiegitura horien titularrak diren toki entitateek ezinezkoa dute konponketa-obren kostua beren gain hartzea oso-osorik, gaur egun zailtasun ekonomikoak dituztelako.
Nafarroako Gobernuak, 2018ko ekainaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, jarduketa plan bat onetsi zuen 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatu aparteko eurite eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko. Aparteko euriteek maiatzean eta ekainean ere iraun dutenez, aurreikusten da jarduketa plana hilabete horietara ere luzatzea.
Plan hori lagungarria izanen da kaltetutako eremuetan normaltasuna berreskuratzeko, eta ahalmena ematen dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ezar dezan, foru agindu baten bidez, ukitutako zein udalerri eta kontzejutan aplikatuko diren jarduketa plan honetako neurriak.
Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 10eko 11/2009 Foru Legeak 2. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduaren bidez onetsi zen 2018ko apirilean aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda. Nafarroako Gobernuak foru agindu hori berretsi du 2018ko maiatzaren 30eko bilkuran, baina hori aldatzen ahalko da kalteak jasotzen dituzten udalerri berriak gehitzeko.
Foru agindu horren bidez onetsitako udalerri ukituen zerrenda honako hau da:
Zare, Ibargoiti, Orbaizeta, Orbara, Lerga, Irunberri, Auritz, Abaurregaina, Itzagaondoa, Ledea, Lizoain-Arriasgoiti, Elo, Untziti, Urrotz-Hiria, Galipentzu, Alesbes, Caparroso, Kaseda, Martzilla, Mélida, Santakara, Altsasu, Arakil, Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Ziordia, Etxarri Aranatz, Uharte Arakil, Irañeta, Iturmendi, Lakuntza, Olazti, Urdiain, Itza, Ollo, Artazu, Beraskoain, Berbintzana, Burlata, Ziritza, Etxarri, Etxauri, Ezkabarte, Faltzes, Girgillao, Uharte, Larraga, Mañeru, Mendigorria, Miranda Arga, Oltza Zendea, Iruña, Azkoien, Gares, Bidaurreta, Atarrabia, Zabaltza, Cortes, Buñuel, Ribaforada, Fustiñana, Cabanillas, Fontellas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Castejón, Milagro, Cadreita, Funes, Azagra, Lodosa, Lizarra, Cárcar, Andosilla, San Adrián, Lerin eta Ameskoabarrena, Burgi, Galar, Aribe, Orotz-Betelu, Tafalla, Erriberri, Beire, Pitillas eta Murillo el Cuende.
Nafarroako Gobernuak abian jarritako neurriak eta Espainiako Gobernuak segur aski ezartzen dituenak koordinaturik egonen dira, eta Europar Batasunak diru-laguntza mota honetarako ezarritako arau-esparruarekin bat datoz. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ezarri dituen laguntzak Estatu osorako ezartzen direnen osagarritzat hartu behar dira.
Foru agindu honen bitartez, oinarri arautzaileak onesten dira salbuespeneko laguntzak emateko, toki entitateen titulartasuneko nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko, 2018ko apirileko euri-jasek eta uholdeek kaltetutakoak, kalte horiek konpontzeko jarduketa plana onetsi zuen 2018ko ekainaren 6ko Gobernuaren Erabakiaren eranskineko 3.1 puntuarekin bat.
Konpentsatu beharreko kalte horien izaerak, halaber, laguntza horien interes publikoa justifikatzen du. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.
Ikusirik Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko kontu-hartzaile delegatuak emandako aldeko txostena.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Salbuespeneko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, toki entitateen titulartasuneko nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko, 2018ko apirileko euri-jasek eta uholdeek kaltetutakoak, honako hauekin bat: foru agindu honen I. eranskina; II. eranskina, eskabide eredua ezartzen duena; III. eranskina, erreferentziako gehieneko prezioak biltzen dituena; eta IV. eranskina, gardentasunari buruzko aitorpen eredua arautzen duena.
2. Salbuespeneko laguntzen deialdia onestea toki entitateen titulartasuneko nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko, 2018ko apirileko euri-jasek eta uholdeek kaltetutakoak.
3. 1.100.000,00 euroko gastua baimentzea, foru agindu honek ekarritako konpromisoei erantzuteko, honako partida honen kargura: 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Ohi kanpoko uholdeek titulartasun publikoko nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteak konpontzeko laguntzak” izeneko 720000-71510-7609-414400 partida, edo horretarako gaitzen den partida baliokidea.
4. Diru-laguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
5. Foru agindu hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.
6. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2018ko uztailaren 31n.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak salbuespeneko laguntzak emateko, toki entitateen titulartasuneko nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko, 2018ko apirileko euri-jasek eta uholdeek kaltetutakoak
Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.
1. Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea salbuespeneko laguntzak emateko, toki entitateak titular dituzten nekazaritzako azpiegiturak konpontzea diruz laguntzeko. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduak zehaztutako lurralde eremuan egon beharko dute toki entitate horiek (foru agindu hori 2018ko ekainaren 12an argitaratu zen, eta haren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko apirilean gertatu aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda), edo deialdi honen bosgarren oinarriak eskaerak aurkezteko ezarritako epean foru agindu horretan egin daitezkeen aldaketetan aipatzen diren toki entitateak izan beharko dute.
2. Deialdi honetan ezarritako laguntzen helburua izanen da kaltetutako nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko lanak diruz laguntzea.
Bigarren oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Diruz laguntzekoa izanen da toki entitateen titulartasuneko nekazaritzako azpiegiturak konpontzea, 2018ko apirileko euri-jasek eta uholdeek kaltetutakoak.
2. Halaber, diruz lagungarriak izanen dira obra proiektuak idazteko, memoria teknikoak egiteko eta obra zuzentzeko gastuak eta obra egin bitartean segurtasunaren eta osasunaren arloan koordinatzeko gastuak, baldin diru-laguntzaren xedeko obrarako berariaz kontratatu badira.
3. Baldin Estatuko Administrazio Orokorrak laguntzarik ezartzen badu konponketa-inbertsio berberetarako, Nafarroako Gobernuaren laguntza osagarria izanen da.
4. Obra egiteko kostua baino gehiago ez du behin ere eginen oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzaren zenbatekoak, beste diru-laguntza batzuk gehituta ere, izan beste administrazio publiko batzuenak edo izan Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko eta pribatu batzuenak.
Hirugarren oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Ureztaketarako azpiegituretan diruz laguntzen ahal diren jarduketen %100era bitarte eman daiteke (BEZa barne).
2. Nekazaritzako azpiegituretan, salbu ureztaketarako azpiegituretan, diruz laguntzen ahal diren jarduketen %75era bitarte eman daiteke (BEZa barne).
Laugarren oinarria.–Onuradunak.
1. Foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzak jasotzen ahal izateko nekazaritzako azpiegituren titularrak diren toki entitateek ukitu gisa agertu behar dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduaren 1. puntuan. Foru agindu horren bidez onetsi zen joan den apirilean Nafarroako Foru Komunitatean izandako aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda.
2. Orobat, foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzak jasotzen ahal dituzte nekazaritzako azpiegituren titularrak diren beste toki entitate batzuek, hain zuzen ere eskaerak aurkezteko epe barnean Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduan egiten diren aldaketetan ukitu gisa agertzen direnek.
Bosgarren oinarria.–Eskabideak, dokumentazio osagarria eta eskatutako baldintzen egiaztagiriak aurkezteko epea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egunekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak igorriko zaizkio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari. Ahal dela telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Departamentu horretako Erregistroan ere aurkezten ahalko dira, baita Nafarroako Gobernuko Erregistro Nagusian ere, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan ere.
3. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen jakinarazpenak ez dira laguntza eskabidetzat hartuko, eta toki entitateek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak.
4. Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskaeraren inprimaki betea (II. eranskina).
b) Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, konpondu behar diren azpiegiturak Udalaren titulartasunekoak direla egiaztatzeko.
c) Memoria tekniko baloratua, 2018eko apirileko euri-jasek eta uholdeek Udalaren titulartasuneko nekazaritzako azpiegiturak kaltetu zituztela egiaztatzen duena eta horiek konpontzeko behar diren jarduketak zehatz-mehatz deskribatu eta baloratzen dituena.
Memoria teknikoak txosten bat izanen du non adieraziko baita proposatzen diren konponketa obrak aurretik daudenetara egokitzen direla edo horiek aldatzea dakartela. Kasu horretan, bakarrik izanen dira diruz lagungarriak teknikoki hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak edo kostuak murriztea dakartenak; zirkunstantzia horiek bertan frogatu beharko dira.
Memoria teknikon jasotako jarduketen erreferentzia geografikoak emanen dira, eta planoetan kokatuko dira.
Eredu ofizialik ez duten agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira. Proiektuaren edo memoria teknikoaren aurrekontua, berriz, Excel formatuan. Planoak PDF formatuan aurkeztuko dira, arras bukaturik eta behar diren legendekin. Agiriak ez dira izanen 8 megabytetik gorakoak.
Seigarren oinarria.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, lehentasun-ordena honen arabera:
a) Nekazaritza ustiategi kopuru handiena izatea inskribaturik Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan, deialdiaren aurreko urteko azaroaren 1ean, helbidea toki entitate eskatzailean dutenak.
b) Berdintasunik izanez gero, lehentasunezko ustiategi kopuru handiena izatea.
Salbuespenez, eskaeren zenbatekoa kreditu erabilgarria baino handiagoa bada, laguntzak proportzioan murriztuko dira eskatzaile guztien artean.
Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak eskatzaileei buruzko informazio hori eskatuko dio Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari.
Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaerak jaso ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak behar bezala bete ote diren eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ote den egiaztatuko du. Hala ez bada, toki entitateari hamar eguneko epea emanen zaio akatsak konpontzeko, eta adieraziko zaio horrela egin ezean eskaera bertan behera utzitakotzat hartuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.
2. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek egiaztatuko dute proiektuan edo baloratutako memoria teknikoan jasotako kalteak nekazaritzako azpiegitura publikokoak direla. Orobat, aurrekontua berrikusiko dute, aurkeztu diren kostuak moderatuak direla egiaztatzeko eta, beharrezkoa bada, egiaztapenen arabera finkatuko dute kalteen balioa. III. eranskinean agertzen diren moduluak erabiliko dira.
3. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena prestatuko du, entitate eskatzaile bakoitzari eman beharreko laguntza edo diru-laguntza zehaztuta, eta, kasua bada, baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ezesteko proposamena ere eginen du, atzera botatzeko arrazoiak emanda.
4. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean gehienez.
Zortzigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko betebeharrak ez ezik, hauek ere izanen ditu:
a) Inbertsioko obrak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera adjudikatzea.
b) Hartutako funtsak diru-laguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
c) Diru-laguntza ematen duen foru aginduaren proposamena egiten denean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.
d) Foru agindu honetan eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.
e) Xede berarekin beste diru-laguntzaren bat jasoz gero, horren berri ematea Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiari.
Bederatzigarren oinarria.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.
1. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diru-laguntzen xede diren jarduketak egin dituztela frogatzeko:
a) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, adierazten duena bete direla kontratazio publikoari buruzko xedapenak.
b) Obren ziurtagiriak, dagozkien fakturak eta ordainketen frogagiriak.
Obrako ziurtagiriak proiektu edo memoria teknikoko obra unitateei buruzkoak izan beharko dira. Modu berean, aurkeztutako faktura edo ordainketen frogagiri bakoitza aurkeztutako frogagiriari lotua egongo da.
Ordainketen frogagiri horiek aurkezten ez badira edo horien zenbatekoa frogatutako gastua baino txikiagoa bada, ordainduta dagoela frogatzen ez den inbertsio zatiari dagokion laguntza ez da emanen.
2. Diruz lagundutako jarduketak 2018ko abenduaren 1erako bukatu beharko dira. Egun hori baino lehenago aurkeztu beharko dira ordainketa eskaera, obra esleipenaren ziurtagiria, obren ziurtagiriak, fakturak eta ordainagiriak.
3. Laguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak bertatik bertara egiaztatuko du zer jarduketa egin diren.
Hamargarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.
Jarduketak gauzatu direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren, hiru hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, ordainketa ebazpena.
Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak izanen dira toki entitateak helburu bererako jaso ditzakeen beste batzuekin, betiere inbertsioen kostu osoa gainditu gabe.
Hamabigarren oinarria.–Ez-betetzeen kontrola eta graduazioa.
1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak diru-laguntzak emateko baldintzak betetzen direla eta inbertsioak behar bezala egiten direla begiratuko du, eta, horretarako, behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatzen ahalko die laguntzen onuradunei.
2. Foru agindu honetan ezarritako konpromisoak ez betetzeak ekar dezake emandako diru-laguntza ukatzea edo jasotako laguntzak itzuli behar izatea, osorik edo hein batean, kasuaren arabera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamahirugarren oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.
Zerbitzuen katalogoan, salbuespeneko laguntzei dagokien fitxan, argitaratuko da toki entitateen titulartasuneko nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko (2018ko apirileko euri-jasek eta uholdeek kaltetutakoak) foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun diren toki entitateen zerrenda.
Hamalaugarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.
59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan jasotako entitateak (foru dekretu haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak) behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
II. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
III. ERANSKINA
Erreferentziako gehieneko prezioak
OBRA UNITATEAREN DEFINIZIOA | EURO/UNITATEA |
Botatako erretenetako kaxa eta sekzio osoetatik heldu diren materialak kentzea, m³ bakoitzeko | 10,00 |
Hustubideetatik legarrak mekanikoki kentzea, m³ bakoitzeko | 2,00 |
Erretenetatik (<0,05 m³/ml) legarrak kentzea, metro lineal bakoitzeko | 2,00 |
Jalkinez beteta dauden eta sarbide zaila duten erretenetik legarrak eskuz kentzea, metro lineal bakoitzeko | 8,00 |
Jalkinez beteta dauden erretenetatik legarrak mekanikoki kentzea, metro lineal bakoitzeko | 5,00 |
Kareharrizko babes-lubeta, m³ bakoitzeko | 35,00 |
Saneatzeko errefus-boloak, m³ bakoitzeko | 18,00 |
Material hautatuarekin egindako lubeta trinkotua, erretenen eta hodien oinarrietarako, betelan berezietarako eta bideen zoladurarako, m³ bakoitzeko | 22,00 |
Berreskuratutako eta hautatu gabeko materialarekin egindako lubeta, erretenen estaldurarako, m³ bakoitzeko | 3,00 |
Toki zehatz bateko erauzketa mekanikoa, botatako erreten-kaxak lehengoratzean eta estradosaren hutsunea betetzean, m³ bakoitzeko | 9,00 |
Kofratua, botatako erreten-kaxak lehengoratzean, m² bakoitzeko | 18,00 |
HM-20 hormigoia, erreten-kaxak lehengoratzean, m³ bakoitzeko | 75,00 |
HM-20 hormigoizko erretena osorik lehengoratzea, gehienez ere 90x53 zentimetroko sekzioa, eskuzko kofratuaren bidez, edo sekzio baliokidea. Metro lineal bakoitzeko | 93,00 |
250-315 mm-ko presioko hodia lehengoratzea, metro lineal bakoitzeko | 42,00 |
Gehienez 1.000 mm-ko hormigoizko tutua, metro lineal bakoitzeko | 77,00 |
Gehienez 600 mm-ko hormigoizko tutua, metro lineal bakoitzeko | 33,00 |
HM-20 hormigoia, erretenetako euskarri zehatzetan, m³ bakoitzeko | 70,00 |
Hormigoizko erretena, 0,5 x 0,5 sekziokoa, erauzketa barne, metro lineal bakoitzeko | 45,00 |
Hormigoizko erretena, 1 x 0,8 sekziokoa, erauzketa barne, metro lineal bakoitzeko | 60,00 |
Burdinazko ataka, itxitura elastikokoa, m² bakoitzeko | 60,00 |
Hustubide berria, m³ bakoitzeko | 2,00 |
Drainatzeak, hodia eta legarra, metro lineal bakoitzeko | 8,00 |
Legarra drainatzea, metro lineal bakoitzeko | 6,00 |
Bidea (3 ml zabal) eta 0,25 cm-ko betegarria, metro lineal bakoitzeko | 20,00 |
Hautaturiko materiala “Buztina”, trinkoan neurtua, materiala, zamalanak eta garraioa barne, m³ bakoitzeko | 5,50 |
Hautaturiko materiala “Zabor naturala”, trinkoan neurtua, materiala, zamalanak eta garraioa barne, m³ bakoitzeko. | 7,50 |
150 ZP-tik gorako makina, h bakoitzeko | 60,00 |
150 ZP-tik beherako makina, h bakoitzeko | 45,00 |
1. mailako ofiziala, h bakoitzeko | 18,38 |
Peoi espezializatua, aldi baterako araubidean, h bakoitzeko | 15,92 |
Areken garbiketa motonibelagailuarekin, metro lineal bakoitzeko | 0,30 |
Jalkinez beteta dauden areken garbiketa atzerako hondeamakinarekin (bide bazterra kentzea), metro lineal bakoitzeko | 1,20 |
Kargatzea eta D hondakindegira garraiatzea 3 km baino gutxiago, luizietan, are ezpondak fintzea eta arekak garbitzea ere, m³ bakoitzeko | 2,30 |
Ibilguak atzerako hondeamakinarekin garbitzea, eta lurra zabaltzea (20 ml bitarte) beldar-traktoreari erantsitako xaflarekin, m³ bakoitzeko. | 1,50 |
Bidearen zoladura harrotzea, profilatzea eta trinkotzea, bertan materiala bota gabe, m² bakoitzeko | 0,52 |
Zorua harrotzea, xehatzea, profilatzea eta trinkotzea zoladura konpontzean, m² bakoitzeko | 0,95 |
Bidea finkatzea 2”-ko material granularra gehituz zoladura konpontzean (e = 10 cm), D materiala kargatzea eta garraiatzea barne (15 km baino gutxiago), m³ bakoitzeko. Distantzia handiagoa izanez gero, 2 euro gehituko dira 10 km-ko | 15,00 |
Bideko zoladuran betegarria (e=2 cm), m² bakoitzeko. | 0,44 |
Harri lubeta (60 cm-tik beherakoa) eta 15 km-ko distantziatik beherakoa (m³/ m³), m³ bakoitzeko. Distantzia handiagoa izanez gero, 2 euro gehituko dira 10 km-ko | 35,00 |
0,16 metroko lodierako zoladura hormigoizkoa (H-30), m² bakoitzeko | 20,00 |
Armatzeko hormigoia edo masako hormigoia (H-25), 20 mm-ko agregakinekin, m³ bakoitzeko | 95,00 |
Armatzeko hormigoia edo masako hormigoia (H-30), 20 mm-ko agregakinekin | 110,00 |
Armatzeko hormigoia edo masako hormigoia (H-30), 20 mm-ko agregakinekin, m³ bakoitzeko | 110,00 |
Proiektu edo memoria tekniko baloratua egitea, unit. | Obra gauz. aurrek.ren %3 |
Obra zuzendaritza, unit. | Obra gauz. aurrek.ren %4 |
Oharra: prezioak erabat amaiturik dauden obra unitateei buruzkoak dira, eta horiek gauzatzeko behar diren material guztiak, laneskua eta makinak hartzen dituzte barnean. Harri lubeta eta ubideak berriz jarriz gero, adierazi diren makina-orduen, materialaren eta langileen araberako moduluak erabiliko dira. | |
IV. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1809887
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
