155. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

202/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 31koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntzak emateko deialdi bat eta oinarri arautzaileak 2018ko bigarren hiruhilekoan Nafarroako Foru Komunitatean izandako aparteko uholdeek ureztatzaileen elkarteen nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteei aurre egiteko.

2018ko bigarren hiruhilekoan Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriak ohi baino askoz ugariagoak izan dira. Hori dela eta, Aragoi, Arga, Ebro eta Ega ibaiak normalean baino askoz gehiago handitu dira.

Horren ondoriozko uholdeek honako hauek ekarri dituzte berekin: kalte handi samarrak azpiegitura publiko eta pribatuetan, galerak nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan, eta eraginak natur ingurunean eta ondasun publiko nahiz pribatuetan.

Egoera ikusita, Nafarroako Gobernuak adierazi du zenbait neurri hartzeko konpromiso irmoa duela, gertatutako kalteak konpontzeko, kaltetutako azpiegiturak berritzeko eta aparteko uholdeek eragindako kalteengatik ukitutakoei konpentsazioa emateko.

Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak 2. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

2018ko ekainaren 6ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak jarduketa plan bat onetsi zuen 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako aparteko eurite eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko. Aparteko euriteak maiatzean eta ekainean mantendu direnez, jarduketa plana hilabete horietara hedatzea aurreikusten da.

Beraz, ekintza planean ezartzen diren neurriak Estatuko Administrazio Orokorrak har ditzakeen neurrien osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horri jarraikiz, eta, neurriok abiarazteko, behar bezalako koordinazioa egon beharko da bi administrazio publikoen artean, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra oztopatzen duten gainjartzeak edo irizpide ezberdinak saiheste aldera.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduak zehaztutako lurralde eremuan dauden ustiategiei emanen zaizkie laguntzak (foru agindu hori 2018ko ekainaren 12an argitaratu zen, eta haren bidez onetsi ziren 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatu aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda, kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak), baita eskaerak aurkezteko deialdi honen seigarren oinarrian aurreikusitako epean foru aginduak izan ditzakeen aldaketek mugatutako eremuan dauden ustiategiei ere.

Foru agindu honen bidez uholdeek kaltetutako ureztatzaileen elkarteei laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dira; nekazaritzako azpiegituretan izan diren kalteak konpontzea da laguntzen xedea, kalte horiek konpontzeko jarduketa plana onesteko Nafarroako Gobernuak 2018ko ekainaren 6an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.2 puntuari jarraikiz.

Hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude, izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean elur-jausiak, luiziak eta uholdeak agertzen dira.

Ordaindu beharreko kalteak nolakoak diren ikusita, bidezkoa da laguntza hauen interes publikoa deklaratzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela ikusirik, espedienteari izapidetze aurreratuko espedientearen izaera ematea proposatzen da, kreditu egokia eta nahikoa izateko baldintzarekin betiere.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko bigarren hiruhilekoan izandako aparteko uholdeek ureztatzaileen elkarteen nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den bezala.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenerako eredua, laguntzen eskabidearena eta erreferentziako gehieneko prezioena onestea; foru agindu honen II., III. eta IV. eranskinetan jasota daude.

3. 900.000 euroko gastua baimentzea ureztatzaileen elkarteen nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteen gastu konpromisoei aurre egiteko, 2019ko Gastuen Aurrekontuetan gaituko den partidaren kargura, 2018ko Gastuen Aurrekontuetako partida honen baliokide gisa: 720000-71510-7819-414100 partida, “Ureztatzaileen elkarteen nekazaritzako azpiegituren konponketa, aparteko uholdeengatik” izenekoa; betiere ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa baldin bada.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.

6. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara ematen denetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2018ko uztailaren 31n.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

Laguntzak arautzeko oinarriak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak maiatzaren 29an emandako 151/2018 Foru Aginduan zehaztutako lurralde eremuetako ureztatzaileen elkarteen nekazaritzako azpiegituretan izandako kalteei aurre egiteko

Lehen oinarria.–Laguntza araubide honen xedea eta baldintzak.

1. Eranskin honen xedea oinarri arautzaileak ezartzea da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduan, Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko apirilean izandako euriteek eta aparteko uholdeek eragindako kalteengatik ukitutako udalerrien zerrenda onesten duen horretan, zehazten den lurralde eremuko ureztatzaileen elkarteen nekazaritza azpiegituretan izandako kalteak konpontzeko laguntzen gainekoak (2018ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 12koa), baita deialdi honen seigarren oinarriak eskaerak aurkezteko ezarritako epean foru agindu horretan egin daitezkeen aldaketetan aipatzen diren udalerrietan egondako kalteak konpontzekoak ere.

2. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3. Laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ematen diren kasuan.

b) Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

4. Laguntzen araubide honek 2019ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Onuradunak.

Laguntzen hartzaileak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduan zehazten den lurralde eremuko ureztatzaileen elkarteak izanen dira (foru agindu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko apirilean izandako euriteek eta aparteko uholdeek eragindako kalteengatik ukitutako udalerrien zerrenda), baita aipatutako foru aginduan egin daitezkeen aldaketetan jasotako udalerriak ere, baldin eta ureztatzeko azpiegituraren oinarrizko funtzionaltasuna oso-osorik berrezartzeko konponketak badira.

Hirugarren oinarria.–Eskabideak aurkezteko tokia.

1. Eskabideak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira ahal bada (González Tablas kalea, 9, Iruña), departamentuaren eskualdeko eta eremuko bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

2. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen jakinarazpenak ez dira laguntza eskabidetzat hartuko, eta interesdunek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak.

Laugarren oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, eta lehentasuna izanen dute erlazio honetan balio altuena dutenek: “Administrazioak zehaztutako aurrekontu babesgarria zati lurralde eremuaren azalera”.

Bosgarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauek berriki izandako uholdeek ureztatzaileen elkarteen nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteak konpontzeko gastuak konpentsatuko dituzte, eta ez dira inola ere hobekuntza jarduketetarako izanen.

2. Kalteak onuradun bakoitzaren arabera kalkulatuko dira. Eragindako kalte materialak kalkulatzeko, konponketaren kostua hartuko da aintzat, edo hondamendiaren aurretik ukitutako aktiboek zeukaten balio ekonomikoa. Laguntzak ez du konponketaren kostua gaindituko, ez eta hondamendiak eragin duen merkatuko balio justuaren jaitsiera ere, zehazki, ondasunak hondamendia gertatu aurretik eta gertatu ondoren duen balioaren arteko aldea.

3. Laguntzak Estatuko Administrazio Orokorrak ezartzen dituen laguntzen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira.

4. Teknikari eskudun batek emandako memoria tekniko batean deskribatzen diren konponketa edo aldaketa kostuen %100era arteko diru-laguntza ematen ahalko da.

5. Ureztatzaile elkarteen azpiegiturak konpontzeko jarduketen artean, soilik honako hauek jasotzen ahalko dute diru-laguntza:

–Kutxetetan eta erretenen sekzio osoetan hondakinak kentzea.

–Erretenetako eta hustubideetako legarrak eta harea kentzea.

–Euskarri eta babes moduko lubetak eraikitzea.

–Kutxak eta erretenen sekzio osoak ordeztea.

–Presiozko hoditeriak ordeztea.

–Bide-zoruak eta errodadura-geruzak konpontzea.

6. Diru-laguntza jaso ahal izanen dute foru agindu hau onetsi aurretik presaz egindako jarduketek, baldin eta ureztatzaileen elkarteak behar bezala dokumentatu baditu eta konpondu aurretik Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko teknikari batek kalteak aitortu baditu.

7. Babesteko moduko gutxieneko kopurua 500 eurokoa izanen da, eta gastu diruz lagungarrien artean sartzen ahalko dira memoria tekniko baloratua egiteko eta obren bitarteko aholkularitza teknikoa emateko lansariak, IV. eranskinean jasotako muga kontuan hartuta.

8. Jasandako BEZa diruz lagungarritzat hartuko da, salbu eta ureztatzaileen elkartearentzat berreskuratzeko modukoa bada.

9. Kalteak konpontzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik (batez ere aseguru polizetatik datozen ordainketak), ezin izanen da diruz laguntzen ahal diren kostuen %100 gainditu.

Seigarren oinarria.–Eskabidea aurkezteko epea eta harekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1. Laguntza eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Ureztatzaileen elkarteek diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala beteta, aurkeztuko dute agiri hauekin batera:

a) Eskatzailearen IFZren fotokopia.

b) Ureztatzaileen elkarteen Identifikazio Fiskalaren Kodearen eta eskabidea izenpetzen duenaren legezko ordezkaritza frogatzen duen dokumentuaren fotokopia konpultsatuak.

c) Ureztatzaileen elkarteko idazkariak emandako ziurtagiria, konpondu behar diren azpiegiturak ureztatzaileen elkarteari atxikitako ondasunak direla frogatzeko.

d) Kalteei buruzko memoria tekniko baloratua. Memoriak frogatuko du 2018ko bigarren hiruhilekoko aparteko uholdeek azpiegiturak kaltetu dituztela, eta zehatz-mehatz deskribatu eta baloratuko ditu horiek konpontzeko behar diren jarduketak.

Memoria teknikoak adieraziko du proposatzen diren konponketa obrak aurretik daudenetara egokitzen direla edo horiek aldatzea dakartela. Kasu horretan, bakarrik izanen dira diruz lagungarriak kostuak murriztea dakarten aldaketak; zirkunstantzia hau bertan frogatu beharko da.

e) Nafarroako Gobernuari emandako baimena, datu fiskalak eta Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak egiaztatzeko.

d) Ureztatzaileen elkarteko ordenantzen ale bat.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena eta laguntzen ordainketa.

1. Eskaerak harturik, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egiaztatuko du seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu dela. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere 10 eguneko epean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko du Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak. Horretarako, bidezko diren kontrolak egin ahal izanen ditu, eta, bereziki, egiaztatuko du kalteen memoria baloratua oinarri arautzaileen xedearekin bat datorren.

3. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikari aditu batek baloratuko du memoria teknikoa, eta kalteak konpontzeko aurrekontu babesgarria eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko ditu, foru agindu honen IV. eranskinean adierazitako erreferentziako gehieneko prezioen arabera.

4. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak laguntzak emateko Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren proposamena eginen du, eta banaketa arrazoi bidez ebatziko da. Berariaz aipatuko dira ezetsi diren eskaerak.

5. Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi gabe hiru hilabeteko epea iraganik, ezetsitzat jotzen ahalko da eskaera, isiltasun administratiboaren ondorioz.

6. Laguntza eskaeraren xede diren ondasunen konponketak edo aldaketak egin ondoren eta egindako gastua eta ordainketa justifikatuta daudela emanen da betebeharra onartu eta ordaintzen duen foru agindua. Horretarako, fakturak eta gastu ziurtagiriak aurkeztuko ditu Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuan, eta behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko dira, baita laguntzak jaso dituzten ureztatzaileen elkarteei beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatu ere.

7. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko eta onuradunek haien justifikazioa aurkezteko epea 2018ko abenduaren1ean amaituko da.

8. Ezarritako epean jarduketak ez gauzatzeak eta funtsak diruz lagundutako jarduketetan ez erabiltzeak kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko dute.

Zortzigarren oinarria.–Ureztatzaileen elkarteen betebeharrak.

Hauek dira laguntzen onuradunen betebeharrak:

a) Laguntzaren xedeko nekazaritza azpiegituretako kalteak konpontzea.

b) Funtsak diru-laguntzaren xederako erabiltzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onartu edo ematen dituen laguntzen gainean egiten dituen egiaztapenak onartzea.

d) Edozein administrazioren beste diru-laguntza batzuk, helburu berekoak, eskatu edo lortu izanaren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

e) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan jasotako entitateak behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen foru agindua jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Deialdi honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, diru-laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien ureztatzaileen elkarteak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamaikagarren oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko bigarren hiruhilekoan izandako aparteko euriteek eta uholdeek ureztatzaile elkarteen nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzei buruzko fitxan.

Hamabigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek bateragarriak eta subsidiarioak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak jakinarazi egin beharko ditu bai helburu bererako eskatzen dituen laguntzak bai azkenean lortzen dituenak.

2. Aurreko paragrafoko laguntzen metaketa gertatuz gero, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 8. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

3. Laguntzak honako hauei gehitzen ahal zaizkie:

a) Estatuaren beste edozein laguntzarekin, baldin laguntza-neurri horiek beste kostu diruz lagungarri batzuetarako badira.

b) Estatuaren beste edozein laguntzarekin, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa.

4. Laguntzak ez dira metatuko, kostu diruz lagungarri berberetarako, 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 81.2 eta 82. artikuluetan jasotako ordainketekin, baldin metaketa horrek berekin badakar Erregelamendu honetan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

5. Laguntza horiek ez zaizkio metatuko kostu berei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati, baldin horrek berekin badakar 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

6. Nekazaritzako ekoizpen potentziala berreskuratzeko inbertsioetarako laguntzak –14.4.e) artikuluan jasoa– ez zaio metatuko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan jasotako kalte materialak konpentsatzeko laguntzari.

II. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

III. ERANSKINA

Laguntza eskaeraren gutxieneko edukia (PDFa).

IV. ERANSKINA

Erreferentziako gehieneko prezioak

OBRA UNITATEAREN DEFINIZIOA

EURO/UNITATEA

m³ suntsitutako kutxetan eta erretenen sekzio osoetan materialak kentzea

10,00

m³ hustubideetako legarrak mekanikoki kentzea

2,00

Ml erretenetako legarrak kentzea (<0,05 m³/ml)

2,00

MI irispide zaileko eta lohiz betetako erretenetatik legarrak eskuz kentzea

8,00

MI lohiz betetako erretenetatik legarrak mekanikoki kentzea

5,00

m³ babesteko kareharrizko lubeta

35,00

m³ saneamendurako errefus-boloa

18,00

m³ hautatutako materialekin trinkotutako lubeta, erreten eta hoditeria osatzeko, material betegarri gisa erabiltzeko eta bide-zoruak konpontzeko

22,00

m³ erretena babesteko lubeta, hautatu gabe bildutako materialekin

3,00

m³ erauzketa mekaniko lokalizatua, suntsitutako erretenetako kutxak lehengoratzeko eta estradoseko zuloa betetzeko

9,00

Kofratua, suntsitutako erretenetako kutxak ordezteko

18,00

m³ HM-20 hormigoia, erretenetako kutxak ordezteko

75,00

MI HM-20 erretena 90x53 cm-ko sekzioduna edo baliokidea den beste bat osorik ordeztea kofratua erabiliz

93,00

250-315 mm-ko presiozko hoditeria ordeztea

42,00

MI 1000 mm bitarteko hormigoizko tutua

77,00

MI 600 mm bitarteko hormigoizko tutua

33,00

m³ HM-20 hormigoia, erretenetako euskarri lokalizatuetan

70,00

m² zorua harrotzea, profilatzea eta trinkotzea, materialik gehitu gabe

0,52

m² bidearen zoladura betetzea (e=2 cm)

0,44

Oharra: Prezioak erabat amaiturik dauden obra unitateei buruzkoak dira, eta horiek gauzatzeko behar diren material guztiak, laneskua eta makinak hartzen dituzte barnean.

Un.: memoria tekniko baloratua egitea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2 edo 1.250 euro geh.).

Un.: obren bitarteko aholkularitza teknikoa ematea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2 edo 1.250 euro geh.).

Iragarkiaren kodea: F1809885