155. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

201/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 31koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntzak emateko deialdi bat eta oinarri arautzaileak, 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriteek eta uholdeek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako kalteei aurre egiteko.

2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriak ohi baino askoz ugariagoak izan dira. Hori dela eta, uholdeak gertatu dira, eragin dutenak Ebro ibaia ohi baino askoz gehiago handitzea.

Ibaiaren handitzeak eta horren ondoriozko uholdeak honako hauek ekarri dituzte berekin, besteak beste: kalte handi samarrak azpiegitura publiko eta pribatuetan, galerak nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan, eta eraginak natur ingurunean eta ondasun publiko nahiz pribatuetan.

Egoera ikusita, Nafarroako Gobernuak adierazi du zenbait neurri hartzeko konpromiso irmoa duela, gertatutako kalteak konpontzeko, kaltetutako azpiegiturak berritzeko eta aparteko uholdeek eragindako kalteengatik ukitutakoei konpentsazioa emateko. Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 10eko 11/2009 Foru Legeak 2. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Nafarroako Gobernuak, 2018ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran, berretsi egin zuen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitzen joan den apirilean aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda.

Nafarroako Gobernuak ekainaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen joan den apirilean Nafarroako Foru Komunitatean aparteko eurite eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko jarduketa plana eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

Hondamendi naturalek eragindako errenta galera konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean agertzen dira elur-jausiak, luiziak eta uholdeak. Aldez aurretik laguntza hauen araubidea jakinarazi zaio Europako Batzordeari, eta hark hartu izanaren berri eman zuen, SA.51471 laguntza-zenbakiaren bitartez.

Ordaindu beharreko kalteak apartekoak direla ikusita, bidezkoa da laguntza hauen interes publikoa deklaratzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.

Ikusirik Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko kontu-hartzaile delegatuaren oniritzia.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Laguntzen deialdi bat eta horiek arautzeko oinarriak onestea, 2018ko apirilean izandako euriteek eta uholdeek nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan eragindako errenta galerei aurre egiteko, hain zuzen ere maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduan jaso ziren Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietarako, foru agindu honen I., II. eta III. eranskinetan jaso den bezala.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenerako eredua eta laguntzen eskabidearena onestea; ebazpen honen II. eta III. eranskinetan jasota daude.

3. 725.000 euroko gastua baimentzea, errenta galera konpentsatzeko gastu konpromisoei erantzuteko, 2019ko gastuen aurrekontuko “Azpiegitura pribatuetako kalteetarako eta errenta galerarako laguntzak” izeneko 710000 71210 4700 412107 partidaren kargura, edo horretarako gaitzen den partidaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta foru agindu hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu-basean (NGDDB) erregistratzea.

5. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.

6. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara ematen denetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2018ko uztailaren 31n.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

Laguntzak arautzeko oinarriak, 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriteek eta uholdeek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako kalteei aurre egiteko

Lehen oinarria.–Laguntza araubide honetatik salbuesteko baldintzak.

1. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

2. Laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ematen diren kasuan.

b) Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

3. Laguntzen araubide honek 2019ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Deialdiaren xedea eta aplikazio eremua.

1. Eranskin honek helburu du Gobernuak 2018ko ekainaren 6an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.6 puntuan jasotako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea. Erabaki horren bidez, jarduketa plana onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko apirilean izandako aparteko euriteek eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko, hau da, lurra normal landatu ezin izateagatik lortu gabeko irabaziak konpentsatzeko eta nekazaritzako aseguru polizek babestutako laboreetako galeretarako laguntzak emateko.

2. Oinarri arautzaile hauetan ezarritako laguntzak izenpetutako aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan antzeko jardueretarako aplika daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, ordena horretan.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 151/2018 Foru Aginduak mugatutako eremuan dauden ustiategiei emanen zaizkie laguntzak (foru agindu hori 2018ko ekainaren 12an argitaratu zen, eta haren bidez onetsi ziren 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatu aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda, kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak, eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak). Orobat, eskaerak aurkezteko deialdi honen bosgarren oinarrian aurreikusitako epean foru aginduak izan ditzakeen aldaketek mugatutako eremuan dauden ustiategiei ere emanen zaizkie laguntzak.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak, betekizunak eta konpromisoak.

1. Laguntzen hartzaileak nekazaritzako ustiategi txiki eta ertainen titularrak izanen dira, betiere ustiategiek enpresa txiki eta ertainen izaera badute, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinarekin bat.

2. Bigarren oinarriko laguntzetarako baldintzak honako hauek izanen dira:

A.–Lortu gabeko irabaziak konpentsatzeko:

a) Eskatzaileek, 2018ko urtarrilaren 1ean, ustiategia inskribaturik izan behar dute Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan. Ustiategiaren azalerarik handiena beste erkidego batean duten ustiategien kasuan, ustiategiak kasuan kasuko erkidegoko nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatuta egon beharko du.

b) Laguntza zer lurzatitarako eskatzen den, horien ahalmen produktiboa lehengoratzen saiatu izana, ahal den lasterren.

d) Aire zabaleko alorretan, udako laborerik landatu edo arroza edo artoa erein ezin izana 2018ko maiatzaren 31 baino lehenago, salbu eta eskatzailearen zabarkeria edo ardura eza badira kaltetutako ureztatze azpiegiturak konponduta ez egotearen arrazoia, lurrak eta materialak behar bezala kenduta ez egotearena edo beharrezko lanak eginda ez egotearena.

Ondorio horietarako, galarazi gabe beste inguruabar batzuk justifikatu behar izatea, ulertuko da ezin izan dela erein edo landatu baldin ukitutako lurzatien egoerak ez badu ahalbidetu lanak 2018ko maiatzaren 20 baino lehen egitea. Errenta galeraren ordainsaria lurzati baterako eskatzeko, nahitaezkoa izanen da lurzati horretan deus landatzerik ez izatea 2018ko abuztuaren 30a arte.

e) Kaltetutako berotegietarako laguntza eskatzeko, nahitaezkoa izanen da haietan deus landatzerik ez izatea 2018ko maiatzaren 10a baino lehen, salbu eta eskatzaileak zabar edo ardurarik gabe jokatu badu beharrezko konponketa eta lanetan. Berotegietarako errenta galeraren ordainsaria eskatzeko, nahitaezkoa izanen da haietan deus landatzerik ez izatea 2018ko ekainaren 31 arte.

B.–Nekazaritzako ekoizpenetan izandako galeretarako laguntzetan, nahitaezkoa izanen da aseguru poliza baten titularra izatea, non sarturik egonen baitira konpentsazio-eskaeraren xede diren ekoizpenak. Agroseguro SAk kaltea zehaztu beharko du aipatutako poliza oinarri hartuta.

3. Konpromisoak:

a) Kasua bada, 2018an lurra landatu ezin izateagatik izandako galera errenta estaltzeko izenpetutako polizak adieraztea.

b) Administrazioaren kontrolak erraztea eta horri baimena ematea beharrezko datu guztiak egiaztatzeko, laguntzak kalkulatzeko orduan.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea laguntza ematen denean.

Laugarren oinarria.–Eskabideak aurkezteko tokia.

1. Eskabideak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira ahal bada (González Tablas kalea, 9, Iruña), departamentuaren arloko bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

2. Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Bosgarren oinarria.–Eskabidea aurkezteko epea eta harekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, foru agindu hau argitaratzen denetik hasita.

2. Interesdunek laguntzen eskaerak aurkeztu beharko dituzte, III. eranskineko ereduari jarraituz eta behar bezala beterik.

Seigarren oinarria.–Laguntzak zehaztea.

A.–Lortu gabeko irabazia.

1. Errenta galeragatiko konpentsazio gisa, laguntza ekonomiko bat eskura dezakete euritearen ondorioz ureztatzeko sareak kaltetuta egoteagatik behar denean ureztatzeko urik ez duten nekazaritzako ustiategiek edo ereintza edo landaketa egin ezin dutenek ureztalurrak urak hartuta egoteagatik edo lurrak, legarrak eta beste material batzuk lurzatietara eramateagatik edo horretaz beteta egoteagatik.

Jasoko den zenbatekoa 481,92 eurokoa izanen da hektarea bakoitzeko aire zabaleko alorretan eta 1,58 euro metro koadro bakoitzeko babestutako alorreko lurzatietan. Laguntza zer azaleretarako eskatzen den, horiei aplikatuko zaie.

2. Diru-sarreren eta aipatutako laguntzen zenbatekoak kalkulatzeko, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30.7 artikuluaren arabera jokatu da, aire zabaleko alorrak eta babestutako alorrak bereiziz:

a) Ezbehar naturalaren urtean produzitutako nekazaritzako produktuen kopurua bider urte horretan saltzeagatik izandako batez besteko prezioa eginda ateratako emaitzari (0 euro, ez baitago landaketarik ez uztarik) kendu egin zaio ezbehar naturala gertatu aurreko hiru urteko epean nekazaritzako produktuen batez besteko zenbatekoa biderkatzearen emaitza (2015., 2016. eta 2017. urteak, INTIA SAk ebaluatuak).

b) Alde horren zenbatekoari ez zaizkio gehitu ezbehar natural batekin parekatu daitekeen hondamen klimatikoaren ondorioz onuradunak egindako beste gastu batzuk.

c) Zenbateko horretatik ezbehar naturalagatik egin ez diren gastuak kendu dira (laboreen batez besteko gastu guztiak, ez baita laborerik landatu, 2015ean, 2016an eta 2017an, INTIA SAk emanak).

d) Laboreen okupazio indizeak erabili dira onuradunaren urteko nekazaritzako produkzioa kalkulatzeko, kalkulatzeko metodoak bide ematen baitu kasuan kasuko urtean onuradunaren benetako galera aurreikusia zehazteko (Nekazaritza Zerbitzuak prestatu ditu indizeak, ukitutako eremuak ordezkatzen dituzten laboreen arabera).

3. Honako hauek dira laguntzaren gehieneko zenbatekoa eta aplikatutako intentsitatea errenta galera konpentsatzeko lurra landatu ezin izateagatik (ondoko kalkulua egin da):

a) Errenta galerari aplikatutako intentsitatea %65ekoa izanen da aire zabaleko laboreetan, eta, ondorioz, 481,92 eurokoa izanen da hektarea bakoitzeko eman beharreko laguntza.

b) Babestutako laboreetan (kaltetutako berotegietan), %75ekoa izanen da errenta galerari aplikatutako intentsitatea, eta, ondorioz, 1,58 eurokoa izanen da metro koadro bakoitzeko eman beharreko laguntza.

4. Kalteak arintzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik (batez ere aseguru polizetatik datozen ordainketak), ezin izanen da kostu diruz lagungarrien %100 gainditu.

5. Errenta galeragatik emanen den laguntza 9.000 eurokoa izanen da gehienez ustiategiko. Elkarteen nekazaritzako ustiategien kasuan, honako hau eginen da: zenbateko hori bider ogibide nagusia nekazaritza duten bazkideak, gehienez ere 3.

6. Aire zabaleko laboreen kasuan, gutxienez 0,5 hektareako azalera beharko da laguntza honi heltzeko. Babestutako laboreetan, 150 metro koadro beharko dira laguntza honi heltzeko.

B.–Nekazaritzako ekoizpenetako galerak.

Nekazaritzako aseguru poliza batek babestutako nekazaritza ekoizpenetan izandako galeretarako laguntza honela zehaztuko da: Agroseguro SAk tasazio aktan zehaztutako galeraren zenbateko osoa ken aipatutako entitateak ordaindutako zenbatekoa, betiere kostu diruz lagungarrien %100 gainditu gabe.

Zazpigarren oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Foru agindu honetan araututako laguntzak salbuespenez emanen dira norgehiagokako prozeduraren bidez, laguntza araubidean onartuak izateko baldintzak betetzen dituztenen artean.

2. Baldin laguntzak hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztietako zenbatekoa handiagoa bada deialdi honetarako baimendutako gastuaren zenbatekoa baino, zenbatekoa hainbanatu eginen da, halatan non eskura dagoen zenbateko osoa banatuko den onartutako eskaeren artean, oinarritzat harturik eskatzaile bakoitzari dagokion gehieneko laguntza. Betiere, kostu diruz lagungarrien intentsitate portzentajea izanen da gehieneko laguntza.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du diru-laguntzei buruz, eskaerak aurkezten direnetik gehienez 3 hilabeteko epean, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

2. Laguntzak eman eta ordainduko dira beharrezko egiaztapenak egin ondoren, besteak beste aseguruen primengatik eta lurzati eta helburu bererako emandako laguntzengatik jaso diren edo jasoko diren zenbatekoak egiaztatzea, eta, halaber, eskatzailearen kontularitzako informazioa, trazabilitatekoa eta tratamenduen erregistrokoa eskatzea.

3. Landako egiaztapenek administratiboak osatuko dituzte, eta kontuan hartuko dituzte instalazioen egungo egoera, lurra landu ezin izateak sortutako kaltea eta ondoko ustiategien egoera.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntza deialdien antolaketa eta instrukzioa.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da bosgarren artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu dela. Agiri guztiak ez badaude, 10 eguneko epean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta hala egin ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko foru agindu bat emanen dela adieraziko zaio. Foru agindu hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, zortzigarren oinarrian agindutako kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko foru aginduaren proposamena eginen du.

4. Emandako laguntzen ordainketa foru agindu baten bidez eginen da, laguntzetako zenbateko guztiak jakinda, eta horiek deialdi honetan erabil daitekeen diru-kopuruarekin alderatu ondoren, horrela, beharrezkoak diren murrizketak eta doikuntzak aplikatzen ahalko baitira, foru agindu honen zazpigarren oinarrian horri buruz xedatutakoaren arabera.

Hamargarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan jasotako entitateak (foru dekretu haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak) behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen foru agindua jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaikagarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Laguntza hauen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onartu edo ematen dituen laguntzen gainean egiten dituen egiaztapenak onartzea.

b) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinaraztea edozein administrazioren beste diru-laguntza batzuk eskatu edo eskuratu direla helburu bererako eta aseguruen primak jaso direla eskaeretako lurzatien errenta galtzeagatik.

c) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

Hamabigarren oinarria.–Metaketa.

1. Laguntza hauek bateragarriak eta subsidiarioak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak jakinarazi egin beharko ditu bai helburu bererako eskatzen dituen laguntzak bai azkenean lortzen dituenak.

2. Aurreko paragrafoko laguntzen metaketa gertatuz gero, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 8. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

3. Laguntzak honako hauei gehitzen ahal zaizkie:

a) Estatuaren beste edozein laguntza, baldin laguntza-neurri horiek beste kostu diruz lagungarri eta identifikagarri batzuetarako badira;

b) Estatuaren beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar laguntza horri aplika dakiokeen gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa.

4. Laguntzak ez zaizkie gehituko, kostu diruz lagungarri berberetarako, 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 81.2 eta 82. artikuluetan jasotako ordainketei, baldin metaketa horrek berekin badakar Erregelamendu honetan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

5. Estatuaren laguntza horiek ez zaizkio gehituko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

6. Nekazaritzako ekoizpen potentziala berreskuratzeko inbertsioetarako laguntzak –14.4.e) artikuluan jasoa– ez zaio gehituko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan jasotako kalte materialak konpentsatzeko laguntzari.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Deialdi honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, diru-laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarren oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, egoki den fitxan, 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriteek eta uholdeek nekazaritzako ustiategietan eragindako errenta galerei aurre egiteko laguntzei buruzko fitxan.

II. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

III. ERANSKINA

Laguntza eskaeraren gutxieneko edukia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1809877