155. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

75/2018 EBAZPENA, uztailaren 26koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriaren Osasun Laguntzarako zuzendariak emana, zuzendaritza horretako Osasun Laguntza Integraturako zuzendariordea eta Farmaziako zuzendariordea aldi baterako ordezteko izendapenak egiten dituena.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 13.1 artikuluak ezartzen du administrazio organoen titularrak aldi baterako ordeztu daitezkeela titularrak kanpoan edo eri daudenean, edo karguak hutsik daudenean, edo abstenitzea edo errefusatzea deklaratuta dagoen kasuetan, haiek izendatzeko eskumena duen organoak izendaturik. Ordezkorik izendatzen ez bada, kasuko administrazio organoa menpean duen goragoko administrazio organo hurrenak izendatzen duenak hartuko ditu bere gain haren eskumenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41.3 artikuluak xedatzen duenez, zerbitzuetako zuzendariak eta ataletako, bulegoetako eta beheragoko unitateetako buruak hierarkikoki zer organoren mende dauden, horri egokituko zaio haien ordezkoak izendatzea, horretaz araudi berariazkorik ez baldin bada. Hori aplikatuko da kargua hutsik dagoenean, titularrak kanpoan edo eri daudenean edo aldi baterako ezintasunen bat dutenean.

Artikulu horretako 6. apartatuaren arabera, ordezkoen izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, salbu kasu jakin batzuetarako izendatzen direnena.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntza Integraturako zuzendari kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, honako hauek izanen dira haren aldi baterako ordezkoak, hurrenkera honi jarraikiz:

1.–Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasun Zerbitzuko burua.

2.–Herritarren eta Erien Arretarako Zerbitzuko burua.

3.–Kudeaketa Klinikorako eta Osasun Laguntzaren Ebaluaziorako Zerbitzuko burua.

4.–Prestazioen eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmaziako zuzendari kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, honako hauek izanen dira haren aldi baterako ordezkoak, hurrenkera honi jarraikiz:

1.–Farmazia Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

2.–Ebaluazioaren, Botiketarako Aholkuen eta Ikerketaren Ataleko burua.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

4. Ebazpen hau interesdunei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 26an.– Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriaren Osasun Laguntzarako zuzendaria, Alfredo Martínez Larrea.

Iragarkiaren kodea: F1809571