1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1468/2018 EBAZPENA, 2018ko uztailaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “0011-1365-2018-000140 HPGEL”.
2019ko uztailaren 19an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deia egiteko eskatu zuen, proiektuko laguntzaile gisa “0011-1365-2018-000140 HPGEL” ikerketa proiektua egiteko. Ikerketa proiektuaren ikertzaile nagusia Paloma Virseda Chamorro da, unibertsitateko katedraduna eta Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.
Langileen Kudeaketarako Ataleko buruaren proposamenez, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.
Ikerketako errektoreordea ez dagoelako, hura ordeztuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2015eko ekainaren 24an emandako 1042/2015 Ebazpenaren hamabosgarren atalean (127 zenbakiko NAO, 2015eko uztailaren 2koa) ezarritakoarekin bat,
EBATZI DUT:
Lehena.–Hautaprobetarako deialdia egitea ikertzaileen lan kontratazioa egiteko “0011-1365-2018-000140 HPGEL” ikerketa proiektua garatzeko.
Bigarrena.–Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa onestea.
Hirugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2018ko uztailaren 23an.–Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordea, Manuel Rapún Gárate.
OINARRIAK
1.–Datu orokorrak.
–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko ikerketa proiektu hau garatzeko: “0011-1365-2018-000140 HPGEL”.
–Maila profesionala: proiektuko 2 laguntzaile, batez ere ikerketa lanetan aritzeko.
–Egin beharreko eginkizunak: presio hidrostatiko altuen aplikazioa disfagian debekatutako ohiko elikagaiak egokitzeko.
–Kontratu mota: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian, Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartu zuen erabaki baten bidez onetsitakoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.
–Iraupena: 2019/12/31ra arte, kontratua sinatzen denetik.
Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 15. artikulua garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, iraupen hori orientagarria da, eta iraupena inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funts falta kontratua iraungitzeko zioa izango da.
Lanaldi mota: lanaldi partziala.
–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak.
Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egongo da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
–Finantzaketa: FEDER Funtsekin kofinantzaturiko kontratuak.
–Argitaratzeko tokia: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webean argitaratuko dira.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izango dute.
b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.
c) Graduko, diplomaturako, arkitektura teknikoko, ingeniaritza teknikoko titulazio akademiko ofiziala edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarritako titulazioak, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 2. mailari (graduari) dagozkion titulazioak.
Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.
d) Carnet de conducir clase B.
e) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
f) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea epai irmoaren bidez.
2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean eta kontratazioa egin arte bete beharko dira.
3.–Eskaerak.
Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Eskabide eredua esteka honetan dago:
http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf
Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dituzte:
–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitaea, egoki jotzen dituen merezimendu egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.
Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.
4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izango dira eta ez dute probarik egingo.
4.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.5. Izangaiak hautaketa prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.6. Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako erantzunkizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa prozesua.
Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.
Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautapen Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautapen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.
6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.
6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautapen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean argitaratuko da.
6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
7.–Hautapen batzordea.
Batzordeburua: Cristina Arroqui Vidaurreta, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.
Idazkaria: Paloma Virseda Chamorro, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.
Batzordekidea: Francisco Ibáñez Moya, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.
Hautapen batzorde ordezkoa:
Batzordeburua: María José Beriain Apesteguía, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.
Idazkaria: Montserrat Navarro Huidobro, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.
Batzordekidea: Remedios Marín Arroyo, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.
Hautapen Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Hautapen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.
8.–Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da.
Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari edo kontratupekoak jasotzen duen beste edozein ordainsariri buruzko datuak lagako zaizkio erakunde horri. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta errektoreak harturiko izendapen erabakiaren aurka zilegi da errekurtso hauetako bat:
a) Aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Hautapen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka, zilegi da gorako errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA
ERABILIKO DEN ETA/EDO EGINGO DIREN PROBAK |
1. atala: Ikasketa espedientea | Puntuak: | 40 |
Izangaiaren ikasketa espedientea espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da, gehienez ere 4 punturekin. Ikasketa espedientearen batez besteko nota 10 faktoreaz biderkatuko da izangaiak Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua, Elikagaien Teknologiako Gradua, Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Gradua edo baliokideren bat baldin badu; 2 faktoreaz Biologiako, Biokimikako eta Kimikako Gradua badu; eta 1 faktoreaz titulua bestelakoa bada. |
2. atala: Bestelako prestakuntza | Puntuak: | 25 |
–Proiektuaren gaiekin lotutako prestakuntza osagarria. Unibertsitateko masterrak balioetsiko dira, elikagaien ikerketarekin lotuak badira, baita ikertzeko gaitasunaren egiaztagiriak ere, eta, gaiak proiektuaren eginkizunekin nolako zerikusia duen, lotura-faktore bat aplikatuko da: 1 faktorea, gaiak zuzeneko lotura badu. 0,5 faktorea, gaiak nolabaiteko lotura badu. 0 faktorea, loturarik ez badu elikagaiekin. Puntuak = ECTS kopurua (edo baliokidea) * faktorea 20 puntu gehienez ere. –Ingelesezko ezagupena: 5 puntu emango dira B2 ziurtagiria edo goragokoa izateagatik. |
3. atala: Lan esperientzia | Puntuak: | 25 |
Puntu bat emango da proiektuaren arloarekin lotutako ikerketa-lan egiaztatuetan emandako hilabete bakoitzeko. Esperientzia moten arabera, ponderazio-faktore desberdinak aplikatuko dira. 1 faktorea, lan esperientzia elikagaien arlokoa bada. 1,5 faktorea, elikagaien arloko lan esperientzian analisi teknika instrumentalik erabili badu. 2 faktorea, lan esperientzia elikagaien eta presio altuen arlokoa bada. 3 faktorea, elikagaien arloko lan esperientzian presio altuak landu badira eta analisi teknika instrumentalak ezagutzen dituela egiaztatzen badu. |
4. atala: Elkarrizketa | Puntuak: | 10 |
Behin baremazioa eginik, batzordeak elkarrizketa pertsonala egingo die puntuazio hoberena lortu duten izangaiei, betiere 40 puntutik gora badute. Elkarrizketan, izangaiek proiektuaren xede den lanerako nolako gaitasuna duten aztertuko da gehienbat. |
Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.
Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 4. atalean puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 3. atalean puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketaz erabakiko da.
Iragarkiaren kodea: F1809881