154. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Herritarren parte-hartzearen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2018ko apirilaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta, ondotik, erregelamendu bidez tramitatzea Herritarren parte-hartzearen udal ordenantzaren espedientea.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2018ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 21ean, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Zizur Nagusian, 2018ko uztailaren 2an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

HERRITARREN PARTE-HARTZEAREN UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Arlo publikoaren kudeaketa berriak erakundeak eta administrazioak, udalak barne, bultzatzen ditu aldaketa sakonak gauzatzera herritarrekin dituzten harremanetan, eskubideen jardun aktiboa bermatzen duten eta interes orokorrean laguntzeko dituzten eskumenen hobekuntza sustatzen duten jarduketen bidez.

Balio soziala ematen duen funtsezko elementu bihurtu behar da partaidetzaren inklusioa, udal administrazioaren eta kudeaketaren ohiko prozesuen erdigunean ezarrita, eta zeharkakoa honako jarduketa hauetan guztietan: informazioa, eztabaida, jarraipena, ebaluazioa eta adostasunen bilaketa gizartean dauden diskurtsoen eta interesen artean.

Gobernamenduaren eta gardentasunaren hobekuntza ekarriko duten estrategiak dira, haiekin batera ekarriko dutenak konfiantza eskuratzea egiazko partaidetzan eta justizian, parekidetasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritzen den kalitate demokratikoa maila guztietan.

Helburu horiek gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da jarduketak biltzea eta bateratzea udalaren esparru eta jarduketetan.

Zizur Nagusiko Udalak, Herritarren parte-hartzearen ordenantza honen onespenarekin, erakutsi nahi du daukan borondatea eta konpromisoa partaidetza prozesu egonkorrak uztartzeko udal alorren eguneroko lanean, Giza Eskubideak Babesteko Europako Gutunaren (2000) printzipioekin bat, udal kudeaketaren gardentasuna bermatuz herritarrekin, gizarte entitateekin eta elkarteen mugimenduekin dituen harremanetan.

Arreta eta aitorpen berezia merezi du gizarte sare antolatuak, Zizur Nagusiko lurralde esparruan jarduten duten irabazi asmorik gabeko entitateek parte hartzen baitute, herritarren interesak, beharrak eta kezkak adierazten dituen plataforma egituratu hurbilagoa diren aldetik, herritarren bizi-kalitatea eta gizarte kohesioa hobetzeko funtsezko elementu baitira; ondorioz, testu idatzian sartu da Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroaren sorrera.

Haren bidez, herrian diren elkarteen benetako egoera ezagutu nahi da, gogoeta egiteko eta gizarte sare antolatu eta modernoa sendotzen lagunduko duten ildoak definitzeko abiapuntu gisa, udalaren zereginetan herritarren interesen, kezken eta beharren ekarpena egiteko ahalmena erantsiz.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Oinarriko araudia.

Ordenantza honek xedea du Zizur Nagusiko herritarrek eta udalerriko herritarren elkarteek udal jardueran parte hartzeko bitarteko, modu eta prozedurak arautzea, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 1., 4.1.a) eta 69. artikulutik 72.era bitartekoetan ezarritakoari jarraikiz.

Aipatu artikuluez gain, honako xedapen hauek ere oinarritu dute ordenantza hau:

a) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 92. eta 96. ter arteko artikuluak eta 318.1 artikulua.

b) Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 227. eta 236. arteko artikuluak.

c) Toki Entitateen Esparruko Herri Kontsultak arautzen dituen azaroaren 21eko 27/2002 Foru Legea.

d) 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

e) 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.

f) Zizur Nagusiko Udalaren Erregelamendu organikoaren IX. titulua.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honetan jasotako arauen xedea da Zizur Nagusiko herritarren informazioa eta partaidetza garatzea eta sustatzea, afera publikoetan bai banaka bai taldeka esku-har dezaten, ordezkaritza organoen erabakietan eragina izateko asmoz, ekintza politiko eta administratiboaren eraginkortasun handiagoa ahalbidetzeko eta, azken batean, udal baliabideetara eta egituretara iristea bermatzeko.

Helburu horrekin, herritarrek benetan eta hurbiletik parte har dezaten, udal kudeaketan parte hartzeko eta informazioa jasotzeko moduak, bitartekoak eta prozedurak arautzea proposatzen da ordenantza honetan.

3. artikulua. Helburuak.

Zizur Nagusiko Udalak, ordenantza honen bidez, honako helburu hauek lortu nahi ditu:

1. Zizur Nagusiko herritar guztiek eskubideez baliatzeko duten ahalbidea hobetzea.

2. Udalaren jarduera, zerbitzu, proiektu eta programei buruz ahalik eta informazio zabalena ematea.

3. Bizilagunek eta entitateek udal kudeaketan parte har dezaten sustatzea eta horretarako bideak jartzea, Udaleko ordezkaritza organoek erabakiak hartzeko duten ahalmena ukatu gabe.

4. Herritarren eta udalerriko sektore guztien artean parte hartzeko eta komunikaziorako bideak eta moduak sor daitezen sustatu eta erraztea.

5. Herrian elkarte bizitza sustatzea.

6. Onura publikoko ekimenen garapena sustatu eta lehenestea, behar eta interes kolektiboen arazoei konponbidea eta arreta emateko.

7. Bizikidetza solidario eta orekatua sustatzea, herriaren intereseko afera publikoen gaineko alternatiben lehia irekian.

4. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Zizur Nagusiko udal erroldan inskribaturik dauden bizilagun guztiei aplikatuko zaie, bai eta herritarren elkarte eta entitateei ere, egoitza soziala edota jarduera eremua Zizur Nagusian badute eta Herritarren Elkarte eta Entitateen Zizur Nagusiko Udal Erregistroan inskribaturik badaude.

Alde horretatik, herritarren erakundeak dira elkarteak, federazioak, klubak, batasunak eta bizilagunen interes orokor nahiz sektorialak defendatzeko eratzen diren oinarrizko elkarteen gainerako modu guztiak, Zizur Nagusiko Elkarteen Udal Erregistroan izen emanda badaude.

Halaber aplikagarria izango da, informazioari dagokionez, aurreko apartatuan aipatu ez diren herritar eta entitateentzat, beren eskaerak modu arrazoituan egiten badituzte.

I. TITULUA

Informaziorako eskubidea

I. KAPITULUA

Edukia eta kontzeptua

5. artikulua. Edukia eta kontzeptua.

1. Udal jarduerari buruzko informazio zuzena, arina, ulerterraza, gardena eta eskarietara egokitua edukitzeko eskubidea, parte hartzea gauzatzeko baldintza oinarrizko, ukaezin eta ezinbestekoa da.

2. Honako hauek dira herritar guztien eskubideak, araudi orokorrean zein ordenantza honetan ezarri bezala:

a) Informazio zabala, puntuala eta objektiboa jasotzea udal zerbitzuei buruz.

b) Udal agintariei eskariak egiteko aukera edukitzea.

c) Udal agintariek entzunaldia ematea.

d) Osoko bilkuretara joatea.

e) Herritarren entitate eta elkarteen bidez, ordenantza honetan aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzea.

f) Interesdunak badira, espedienteetako dokumentazioa eskuratzea eta tramitazioaren prozesuaren berri izatea, hirugarrenei buruzko datuen konfidentzialtasuna errespetatuz eta indarreko legerian ezarritakoa betez.

g) Udalaren agiritegi eta erregistro publikoetan sartzea, horiei buruzko interesa eskabide batean arrazoituta frogatuz. Ez da interesa eskabide batean arrazoituz frogatu beharrik izango publizitate aktiboaren betebeharra duen informazioa bada, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 29/2013 Legearekin bat.

3. Eskubide hori arazorik gabe erabil dadin, Udalak informazio orokorreko kanalak sortu eta jarriko ditu herritar guztien eskura, legeek eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak ezarritako mugak besterik ez dituztenak, batez ere haurrak eta gazteak, pertsonen intimitatea edo herritarren segurtasuna babesteko eskubideei dagokienez.

4. Interes publikoa nagusi denean, eta udalaren organo eskudunak adostasuna eman ondoren, udal erabakiak eta xedapenak igorri ahalko zaizkie herritar guztiei edo haren sektoreetakoren bati, bestelako bitartekoetan argitaratu behar badira ere.

II. KAPITULUA

Informazio sistemak, jendea hartzekoak eta komunikaziokoak

6. artikulua. Herritarrentzako arreta.

1. Herritarrentzako arreta da udalaren informaziorako eta herritarrak hartzeko oinarrizko maila.

2. Hauek dira haren eginkizun nagusiak:

a) Herritarren kexuak, ekimenak, iradokizunak, eskaerak eta kontsultak jasotzea bai aurrez aurre, bai telefono bidez edo modu telematikoan, bai eta bisitaren hasieran behar duten orientabidea eta laguntza ematea ere. Gaiaren arabera eskumena duen alorra ahaleginduko da ekimen horien tramitazioaren egoeraren berri ematen 30 eguneko epean.

b) Udal jardueren publizitatearekin ikusteko duen jarduera oro bideratzea eta udalaren jarduerei eta herritar guztiek bertako bizitzan parte hartzeko bitartekoei buruzko informazioa ahalik eta gehien zabaltzea.

c) Jendeari informazioa ematea Udalaren erakunde eta zerbitzuen funtzionamendu, eskumen eta helburuei buruz, baita, ahalik eta gehien, beste administrazioei buruzkoa ere, herritarrak zuzen bideratzeko, tramitea beste administrazio batena denean.

d) Eskaera, kexa, iradokizun, ekimen eta proposamenen sarreren eta irteeren erregistroa izatea, eta zehazten diren tramite administratiboak egitea.

e) Kudeaketak lizentziak, baimenak, ziurtagiriak eskuratzeko; eskaintzen eta lehiaketen oinarriak, baldintza-agiriak ematea; eta tramite eta ebazpen jarduketak, premia eta erraztasunagatik berehalako erantzuna eskatzen duten kasuetan.

2. Zizur Nagusiko Udalak, herritarrei erantzun azkarra eta eraginkorra bermatzeko, bitarteko teknologiko, antolakuntza eta barneko koordinazio egokiak izango ditu.

7. artikulua. Tokiko komunikabideak.

1. Udalak zerbitzuen, talde politikoen, udalbatzaren, gainerako udal agintarien eta herritarren arteko komunikazioa sustatuko du. Horretarako zenbait bide jarriko ditu herritarren eta gizarte entitateen eskura, udal hedapenerako bitartekoaren ezaugarrien eta adierazitako interesaren arabera.

2. Xede horrekin, Udalak herritarren eskura jarriko ditu interes orokorreko jarduketei, arauei, ordenantzei eta gobernu organoen eta Udalaren osoko bilkuraren erabakiei buruzko informazio guztia, eta jarduera garrantzitsuenen agenda ere jakinaraziko du.

3. Herritarren informazio eta komunikaziorako bestelako prozedurarik ezartzen ez den artean, oinarrizko bitartekotzat hartuko dira honako hauek:

3.1. Tokiko informazio guneak. Zizur Nagusiko Udalak informazio panelak instalatzeko espazioen sorrera sustatuko du, jarduera hori arautzen duten udal ordenantzekin bat, tokiko intereseko jardueren publizitatea egin ahal izateko.

3.2. Ardui aldizkaria. Informazio, prestakuntza eta kultura arloetako udal aldizkari baten edizioa da.

3.3. Baliabide digitalak. Udalak teknologia berriak sustatuko eta erabiliko ditu bitarteko osagarri moduan, udal zerbitzu eta jardueren hedapen handiagoa eta eraginkorragoa egiteko, eta kontsultak, ekimenak, iradokizunak eta kexak bideratzeko. Eta horretarako tresnak garatuko ditu, adibidez, iradokizunetarako buzoia, udalaren web-orria, “alkateak erantzuten du”, sare sozialak eta horrelakoak, komunikazioa modu dinamiko eta malguan egoki dadin behar, errealitate sozial eta teknologia berrietara.

8. artikulua. Tramiteen gida.

1. Udalak tramitazio telematikoa sustatuko du administrazioan, herritarren mesederako. Horretarako, udal tramiteei buruzko oinarrizko gida bat prestatu eta eguneraturik edukiko du Udalaren web-orrialdean.

2. Udalak sustatuko du herritarren kartak edo kalitatearen kontrolerako bestelako tresnak egon daitezen, udalak ematen dituen zerbitzuei buruzko konpromisoak horietan jasotzeko, eta adieraziko da zein diren ebaluaziorako eta jarraipenerako bitartekoak, herritarren parte-hartze prozesuak kontuan hartuta.

II. TITULUA

Parte hartzeko eskubidea

I. KAPITULUA

Kultura politiko parte-hartzailea sustatzea

9. artikulua. Parte hartzeko eskubidea.

1. Tokiko afera publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubidea daukate pertsona guztiek, zuzenean edo herritarren elkarteen bidez; horretarako legeetan eta ordenantza honetan parte hartzeko ezarritako bide eta erakunde eskuragarriez baliatuko dira.

2. Xede horrekin, Zizur Nagusiko Udalak sustatuko du herritarren parte hartzea udal politiken diseinuan, bere eskumeneko esparru eta sektore guztietan, eta horretarako sustatuko du esperientziak egitea, egoera bakoitzari egokituriko parte-hartze metodologien erabilera inplementatuz.

10. artikulua. Partaidetza prozesuak.

1. Zizur Nagusiko Udalak ofizioz zein herritarren eskariz partaidetza prozesuak sustatu ahalko ditu udal jarduketa politiken diseinuan esku hartzeko eskubidea edo aukera bermatzeko.

2. Ordenantza honen ondorioetarako, partaidetza prozesutzat ulertzen da, oro har, honako fase hauek hartzen dituen prozesua:

a) Informazio fasea: helburua da haren bidez ukitutako herritar orori helaraztea informazioa parte hartzea nahi den gaiari edo proiektuei buruz.

b) Herritarren eztabaida, kontsulta eta ekarpen fasea, diagnostikoa egin eta proposamenei bidea emateko.

c) Itzulera fasea: haren bidez parte-hartzaileei eta herritar guztiei prozesuaren emaitzaren berri ematen zaie.

d) Herritarren ebaluazio eta ebaluazio teknikoaren eta jarraipen fasea, hurrengo jarduketetan hobekuntzak sartzeko.

3. Administrazio prozesuek partaidetzaren garapena ahalbidetuko dute, bereziki garrantzia edo inpaktua duten proiektu eta zerbitzuetan, esaterako, planen, hirigintza-proiektuen, ordenantzen, aurrekontuen eta abarren onespenetan.

II. KAPITULUA

Udal erakundeetan parte hartzeko eskubidea

11. artikulua. Eskaerak, erreklamazioak eta iradokizunak egiteko eskubidea.

1. Pertsona guztiek eskubidea dute udal gobernuari eskariak edo eskaerak egiteko haren eskumeneko gaien inguruan, edo azalpenak eskatzeko Udalaren jarduketei buruz, legeek ezarritako mugekin, besterik ez. Zuzenbidean baliogarria den edozein bitartekoz baliatuta erabil daiteke eskubide hori, zalantzarik gabe jasota geratzen baldin bada eskatzaileak nor diren, jakinarazpenak egiteko lekua edo bitartekoa eta eskaera zertarako egiten den eta norentzat den.

2. Eskariak egiteko eskubide horren bidez, halaber, jarduteko proposamenak, iruzkinak, kexak edo iradokizunak igor dakizkioke edozein agintaritzari edo udal organori, eta udal erregistroan aurkeztuko dira horretarako.

Udal erregistroaz gainera, Udalak bitarteko elektroniko edo telematikoak edo bestelakoak ezarri ahalko ditu ondorio horietarako. Taldeka egindako eskarietan eskatzaileak nor diren ongi jasota gelditu behar da.

3. Eskaria jaso izanaren berri emango du Udalak, gehienez ere jaso eta 10 eguneko epean. Idazkiak ez baditu artikulu honen 1. apartatuan ezarritako eskakizunak betetzen, edo datuak ez baditu aski argi ematen, eskatzaileari eskatuko zaio hori zuzentzeko 15 eguneko epean eta jakinaraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta orduan jakinaraziko zaio artxibatu egingo dela, horretarako arrazoia adierazita.

4. Ez da onartuko eskaerarik honako arrazoi hauengatik:

a) Udalaren eskumengabetasuna.

b) Parlamentu prozedura, administrazio prozedura edo prozesu judizial baten bidez ebatzi behar diren eskaerak, eskaera eskubidearen beste titulu espezifiko baten babesean ebatzi behar direnak.

c) Jada hasita dagoen parlamentu prozedura, administrazio prozedura edo prozesu judizial baten bidez ebatzi behar diren eskaerak, haien gaineko ebazpen edo erabaki irmorik eman ez den artean.

Eskaria ez onartzeak berekin dakar erabaki arrazoitua hartu beharra, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio 45 eguneko epean, eskaria aurkeztu eta biharamunetik hasita.

Eskaria ez onartzeko arrazoia bada ordenamendu juridikoko bestelako prozedura espezifikoak izatea eskaeraren xedea betetzeko, ez onarpen deklarazioan espresuki azaldu behar dira horretarako oinarritzat hartzen diren xedapenak, eta horretarako eskumena duen organoa.

5. Tramiterako sarrera ematen bazaio, Udalak eskatzaileari hiru hilabeteko epean erantzun beharko dio gehienez ere, eta horretarako zer neurri hartuko diren edo zer jarduketa egin nahi diren jakinaraziko dio, hala badagokio.

12. artikulua. Biltzeko eskubidea.

Zizur Nagusian erroldaturiko adinez nagusi diren guztiek, eta ordenantza honen 21. artikuluan aipatzen den Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarteek, biltzeko eskubidea gozatzearren, erabilgarri dauden Udalaren lokal, ekipamendu eta eremu publikoak erabiltzeko eskubidea dute, programaturiko erabilerak aldatzen ez badituzte, eta baldintza bakarrak espazioaren ezaugarriek, udal ordenantzek, egiten diren hitzarmenek edo ematen diren ebazpenek jarritakoak izango dira, baita bilerak joan-etorri publikoko tokietan edo manifestazioak egiteko ezarritakoak ere, Biltzeko Eskubidea arautzen duen 9/1983 Lege Organikoari jarraikiz.

13. artikulua. Herritarren ekimena.

1. Herritarren ekimentzat hartzen da Zizur Nagusiko herritarrek Udalarekin lankidetzan aritzeko duten modua, haren eskumeneko eta interes publikoko eta irabazi asmorik gabeko jarduera jakin bat egin dadin, eta horretarako bi alderdiek behar diren baliabide ekonomikoak, ondasunak, eskubideak edo pertsonen lana jartzen badituzte.

2. Ekimen horrekin ezin dira, inolaz ere, tributu edo prezio publikoen eta antolamenduari buruzko arauak ukitu.

3. Udalak, ekimena jasotzen denean, jendaurrean jarri ahalko du, bere bitartekoen bidez 30 eguneko epean iragarriz, non ez den epe laburrago bat erabili behar, eta presazko arrazoiak direla eta, proposamena egin duenari azalpen gehiago eskatu.

4. Nolanahi dela ere, Udalak herritarren ekimenari buruzko erabakia hartu beharko du gehienez ere 90 eguneko epean, kontuan hartuz interes publikoa eta balorazio teknikoa eskaera betetzeko egokitasunari eta aukerei buruz.

5. Udalak herritarren ekimena onesten badu, hori garatzeko modua eta egutegia jakinaraziko dira, dagokion partida ekonomikoa jarriko du horretarako, beharrezkoa bada, eta dagokion hitzarmena sinatuko du, halakorik bada.

14. artikulua. Herri ekimena.

1. Udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten bizilagunak herri ekimenaz baliatzen ahal dira, legeek ezarritako ildotik, erabaki proposamenak edo xedapen orokorretarako proiektuak aurkeztuz udal eskumeneko gaietan.

2. Ekimena eztabaidatu egingo da dagokion batzordean, gehienez ere bi hilabeteko epean, aurkezten den egunaren biharamunetik hasita.

3. Ondoren osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu beharko da, deusetan ukatu gabe ekimenari buruzko ebazpena gaiari dagokion organo eskudunak ematea. Edozein kasutan, beharrezkoa izango da aldez aurretik udal idazkariaren legezkotasun txostena, baita kontu-hartzailearen txostena ere, ekimenak eraginik baldin badu udalaren eskubide eta betebehar ekonomikoen gainean.

4. Herri ekimen horiek tokiko herri kontsulta baterako proposamena eraman ahal dute erantsita.

15. artikulua. Jendaurreko entzunaldia izateko eskubidea.

1. Jendaurreko entzunaldien oinarria da saio espezifiko irekiak egitea Udalaren eskumeneko eta interes legitimoko gaiei buruz informatuak eta entzunak izateko helburuarekin. Saioa egin aurretik, jendaurrean jarriko da deialdia, eztabaidatu beharreko gaiari buruzko informazio guztiarekin batera.

2. Entzunaldia eskatu ahalko da prozeduren tramitazioetan edo udal jarduketak egiten direnean, interes legitimoa adierazten baldin bada, indarreko legerian ezarritakoarekin bat, deskribatzen diren irizpideen arabera, eta honako hauek proposaturik:

a) Udal erroldan inskribaturik dauden hemezortzi urtetik gorakoen %5.

b) Herritarren Entitateen Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarte edo taldeen %10 baino gehiago.

c) Dauden kontseilu sektorialetako edozeinek.

3. Horiek guztiek, eskaerarekin batera erantsiko dute eztabaidatu beharreko gaiari edo gaiei buruzko txostena eta, inskribaturiko pertsonen kasuan, behar bezala egiaztatutako sinaduren agiria ere bai.

4. Interes legitimoak sortutako eskubide hori ukatu gabe, entzunaldia izateko eskubidea erabil daiteke Udalak deituta, alkatetzaren bidez edo zinegotzitza eskuordetuen bidez, dela bere ekimenez dela herritarrek eskatuta, bidezkoa bada.

5. Honelakoa izango da bilkuren funtzionamendua:

a) Alkatetzak beteko du bilkuretako burutza, eta horretarako edozein zinegotzi eskuordetu ahal du. Udalbatzako idazkaria arituko ahalko da idazkari, bidezkoa bada, edo bestela eskuordetza jasotzen duena.

b) Gai horretaz aritu nahi duenak parte hartuko du.

c) Udalaren arduradun politikoak parte hartuko du eta bere jarrera erakutsiko.

d) Bertaratutakoek parte hartuko dute, bakoitzak bost minutuz gehienez ere. Denbora hori murrizten ahalko da hitza zenbatek eskatu duten kontuan izanik; izan ere, bilkurak bi ordu iraungo du guztira.

e) Arduradun politikoak erantzungo du bidezkoa bada, hamar minutuz gehienez ere.

f) Ondorioak, bidezkoa bada.

6. Deialdia ohiko bitartekoen bidez egingo da, eta banakako deia egingo zaie eskaera egin dutenei edo haien ordezkariei.

16. artikulua. Osoko bilkuran parte hartzea.

1. Herritarrek edozein udal agintari edo organotara jo dezakete azalpenak edo udal jarduerak eskatzeko. Eskaera idatziz aurkeztuko da eta legedi orokorrean ezarritako baldintzetan emango zaio erantzuna.

2. Herritar orok Udalaren interesekoak diren jarduketetarako proposamenak aurkezten ahal dizkio bai Udalbatzako edozein kideri bai edozein udal erakunderi. Proposamena jasotzen duenak nora bideratzeko asmoa duen jakinaraziko dio haren sustatzaileari. Proposamena Udalaren kide anitzeko edozein organotako gai-zerrendan sartzen bada, kide anitzeko organo horretako buruak proposamen egileari dei egiten ahal dio bilkurara agertzeko, proposamenaren defentsan parte har dezan. Udalbatzako idazkariak proposamenari dagokion aktaren zatiaren kopia igorriko dio haren sustatzaileari.

3. Herritar batek edo Udalaren Erregistroan inskribatutako herritarren elkarteetako batek Udaleko osoko bilkuran azalpenak eman nahi baditu gai zerrendako puntu baten inguruan, eta aurretik puntu hori tramitatzean interesdun gisa parte hartu badu, Alkatetzari eskatu beharko dio, osoko bilkura hasi baino 48 ordu lehenago gutxienez.

Alkatetzak baimena emanda, elkarteak, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia adierazten ahalko du, gai-zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketa, eztabaida eta bozketaren aitzin, zehaztuko den denbora tartean. Gai zerrendako puntu batera etorrita jendea mintzatu ahal izateko, alkate udalburuak etenaldi bat egingo du eta parte hartzea bukatu ondoren jarraipena emango zaio bilkurari.

Osoko bilkuran parte hartuko du estatutuen arabera elkartea legez ordezkatzen duen kideak edo, bestela, horren Zuzendaritza Batzordeko beste kide batek, horretarako espresuki izendatuta.

4. Udalak herritarren parte-hartzea erraztu eta bultzatuko du, indarra duen legediak ezarritako baliabideen bitartez.

17. artikulua. Bestelako erakundeetan parte hartzea.

Zizur Nagusiko Udalaren menpeko oraingo edo geroko patronatu eta beste erakunde autonomo edo erakunde aholku emaile batzuen estatutuetan arautzen ahalko da herritarren parte hartzea, haien jarduerari eta gobernu organoei dagokienez.

III. KAPITULUA

Kontseilu sektorialetan parte-hartzea

18. artikulua. Kontseilu sektorialak.

1. Herritarrek gai publikoetan parte hartzeko dituzten organo gakoetako bat da. Horietan proposamenak egiten dira eta hiriari buruzko gai zehatz eta berariazkoei buruzko informazioa ematen da udal jarduketako alor bakoitzean, informazioa eta herritarren entitateen parte-hartzea sustatuz eta bideratuz Udalak herrian eskumena duen alorretan. Modu horretan ahalbidetu egiten da herritarren ardurakidetza handiagoa Zizur Nagusiko udalerriko afera publikoetan.

2. Alkateak proposatuta edo Herritarren Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden entitateen %10ek proposatuta eratu ahalko dira, baldin eta eratu gogo den kontseilu sektorialaren xedearekin lotura badute.

3. Udalak osoko bilkuran onetsiko du kontseilu sektorialen sorrera, herritarren parte-hartzea sustatzeko egokitzat hartzen baditu, udal bizitza eta jardueraren arlo zehatzetara bideratuak badaude edo ordenantza honen eduki zehatza eta espiritua garatzera bideratuak badaude (Herritarren kontseilua, Parte-hartzerako kontseilua edo beste batzuk).

4. Ahalegina egingo da kontseilu sektorialak osaera paritarioa izan dezan.

5. Kontseilu sektorialak kontsultarako erabiliko dira, eta haietan proposamenak eta iradokizunak adieraziko dira.

6. Honako hauek har dezakete parte kontseilu sektorialean:

a) Alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia, kontseiluko burutza beteko duena.

b) Udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko bakoitzetik ordezkari bat, zinegotzia izan daitekeena ala ez.

c) Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroan inskribaturik egonik arlo horrekin loturiko entitateen ordezkariak, hartan parte hartzeko borondatea adierazten badute, eta Kontseiluaren barne funtzionamendurako erregelamendu batean zehazten ahalko den kopuruan.

d) Norbanakoak, arloarekin zuzeneko lotura edo arloan garrantzi berezia dutenak.

e) Kontseiluaren xede arloarekin zuzenean loturiko beste instituzio batzuetako ordezkariak, halakorik bada, Kontseiluaren barne funtzionamendurako erregelamendu batean zehazten ahalko den kopuruan.

7. Kontseiluetako idazkaria, dagokion arloko udal langilea izango da, hitza bai baina botorik ez duena.

8. Kontseilu sektorialek helburu hauek izango dituzte:

a) Zerikusia duten sektoreen babesa eta bizi kalitatearen sustapena bultzatzea.

b) Ukituak edo interesaturik dauden pertsona, entitate eta sektoreen zuzeneko partaidetza sustatzea, beren jardueren informazio, bultzada eta jarraipen mekanismoak ezarriz horretarako.

c) Sustatzea eta bultzatzea elkartegintza eta banakakoen lankidetza eta elkarteen arteko lankidetza.

d) Aholkua ematea udalerriari kontseiluaren xedeko kolektiboari zuzentzen zaizkion programa eta jarduketetan.

e) Udalak aurkezten dituen gaiak ezatabaidatzea eta balioestea, bereziki urteko programen informazio, jarraipen eta ebaluazioari dagokienez.

f) Kontseiluaren esparruan ari diren instituzio edo entitate publiko nahiz pribatuen arteko koordinazioa indartzea.

g) Pertsonen eskubideen babesa bilatzen duten udal politika eta jarduketa integralen aplikazioa sustatzea.

h) Kontseilu sektorial bakoitzaren jarduketa eremuari buruzko proposamenak egitea.

i) Sustatzea sektoreari lotutako azterlanak, txostenak eta jarduketak egin daitezen.

j) Kontseiluarentzat interesa duten gaiei buruzko informazioa lortzea, aldez aurretik eskaera arrazoitua eginda.

k) Kontseilu sektorial bakoitzak, gainera, bere erregelamenduan zehaztu ahalko dituen helburu espezifikoak edukiko ditu.

9. Kontseilu sektorialen funtzionamendurako arau orokorrak:

Kontseilu sektorialek, beren izaera eta helburuak kontuan hartuta, honako arau orokor hauek bete beharko dituzte funtzionamendurako:

a) Urtean behin bilduko dira gutxienez, eta alkateak edo zinegotzi ordezkariak edo kideen heren batek deitzen dituen aldiro.

b) Bilkuretako aktak igorriko dizkiete kontseilu sektorialetako kideei eta sektorearekin lotura duten beste entitate batzuei. Aktak, era berean, eskuragarriak izango dira jendearentzat.

c) Kontseilu sektorialak bi urtean behin berritu ahalko dira, kanpoko pertsona edo entitateek parte hartzeko interesa adierazten badute. Eta lau urtean behin Udaleko ordezkariei dagokienez, udalbatzako agintaritza berritzearekin batera.

d) Kontseilu sektorialak, era berean, lantaldeetan antolatu ahalko dira eta, horietan, gai zehatz baterako interesgarriak diren beste pertsona batzuk parte hartu ahalko dute aldian behin.

10. Urtero, epe horretan egindako jarduketei buruzko txosten bat eztabaidatu eta onetsiko da kontseilu sektorial bakoitzean, eta hobetzeko zer egin proposatuko da. Txosten hori Udalean aurkeztuko da, eta batzordeetan edo dagokion erabakitze-organoetan eztabaidatuko da hari buruz.

11. Kontseilu sektorialak eratu ondoren, barne erregelamendua prestatuko dute, zeina osoko bilkurak onetsi beharko baitu.

19. artikulua. Udalbatza Txikia.

Zizur Nagusian, Udalbatza Txikia programaren bidez, esperientzia luzea dago haurren parte hartzeari dagokionez, eta aitortu beharra dago haur guztien ordezkaritza organo horrek daukan balioa udalerrian, belaunaldien arteko lankidetza aktiborako aukera ematen baitu udal politikan.

Haren eginkizun nagusia da haurren bizipenak txertatzea, baita erraztea udal jarduketei eta herrirako interesgarriak diren gaiei buruzko eztabaidetan, proposamenetan, iradokizunetan eta kexetan parte har dezaten ere, eta gauzatzea informazioa jasotzeko eskubidea eta bereziki haurrei eragiten dieten jarduketei buruzko iritzia ematea. Gainera, Udalaren ordezkaritza ofizialean parte hartzen du zenbait unetan eta jarduera ofizialetan.

Haren eginkizun nagusia, parte hartzailea izateaz gainera, pedagogikoa eta hezitzailea ere bada herriko haurrentzat.

Udalbatza Txikia urtero berritzen da eta urte bakoitzean 11 urte betetzen dituzten eta beren borondatez parte hartzea proposatzen duten adingabeen artetik hautatzen da, haurren arloko prebentzio programaren bidez.

Udalbatza Txikiari herritar helduei aitortzen zaizkion eskubide berak aitortzen zaizkio entzuteko, eskatzeko eta herritar ekimenerako.

III. KAPITULUA

Herri kontsulta eta kontsultarako beste zenbait tresna

20. artikulua. Herri kontsulta.

Alkateak, osoko bilkuran gehiengo osoz hala erabakita, herriari kontsulta egiten ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion gaiei buruzko iritzia jasotzeko, gai horri buruz indarrean diren legeetan eta 27/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat, herritarrek sustaturiko ekimenez egindako kontsultak alde batera utzita, eta Toki Ogasunari buruzkoak ez badira.

Era berean, herriari kontsulta egiten ahalko zaio Udalaren eskumenekoak izan eta herritarrentzat interesekoak diren gaiei buruz.

Bi kontsultetan honako jardunbide honi jarraituko zaio:

a) Gutxieneko bermeak.

Herri kontsultak betiere baldintza hauek beteko ditu:

1. Udal erroldan izena emanda dauden herritar guztiek kontsultatuak izateko duten eskubidea. Gutxieneko adin muga bat jarri ahalko da kontsultaren xedearen arabera.

2. Kontsultagai diren aukeren berri izateko eskubidea, idatziz nahiz irudi bidez ahalik eta informazio gehien jasoz.

3. Udalak behar diren neurriak hartuko ditu hautesleen partaidetza eskubidea eta kontsultaren gardentasuna bermatzeko.

b) Prozedura.

1. Zizur Nagusiko Udalari dagokio bere eskumeneko gaietan herri kontsulta egiteko behar diren tramiteak egitea.

2. Kontsultarako ebazten den partaidetza portzentajea kontsultagaiaren izaeraren eta interesaren arabera erabakiko da.

3. Kontsulta berean, gaiari buruzko galdera bat baino gehiago egin ahalko da. Hala ere, urte bakoitzean artikulu honetan jasotakoen moduko bi kontsulta baino gehiago ezin dira egin, ez eta kontsulta bera agintaldi berean errepikatu ere. Era berean, ezin izango da herri kontsultarik egin herriko hauteskundeak egin aurreko sei hilabeteetan ez eta hauteskunde horietatik eta Udalbatza eratu bitarteko denboran ere.

21. artikulua. Kontsultarako bestelako tresnak.

Udal zerbitzu eta beharrei dagokienez, herritarren eskaerak eta iritzia uneoro ezagutzeko xedez, iritzi-inkestak, asebetetze inkestak eta datuen gardentasuna eta egiazkotasuna bermatzen duten gizarte ikerketarako beste edozein metodo kuantitatibo eta kualitatibo gauzatu ahalko dira.

III. TITULUA

Herritarren elkarte eta entitateak

I. KAPITULUA

Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroa

22. artikulua. Kontzeptua eta helburua.

1. Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroaren xedea da Zizur Nagusiko Udalari bide ematea udalerrian diren entitateen kopurua, motak, xedeak, ordezkagarritasuna eta eragina ezagutzeko, herriko elkarte egitura sendotzen lagunduko duen udal politika egokia antolatze aldera. Era berean, hartan izena emanda dauden entitateei ahalbidetzen die Udalarekin hitzarmenak izenpetzea eta ordenantza honetan ezarritako eskubideez baliatzea.

2. Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroak ez du loturarik Elkarteen Erregistro Orokorrarekin. Beraz, entitate edo erakunde bat bigarren horretan inskribatzeak ez du esan nahi lehenengoan inskribatzen denik, eta alderantziz.

3. Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko datuak nornahik ikus ditzake.

4. Herritarren Elkarte eta Entitateen Erregistroan inskribatzen ahalko dira irabazi-asmorik gabeko herritarren entitateak, baldin eta egoitza Zizur Nagusian badute eta haien xedea udalerriaren interes orokor edo sektorialak defendatu, sustatu edo hobetzea bada eta Zizur Nagusiko herritarren mesederako programak eta jarduerak egiten badituzte. Zehazki, auzoen elkarteak, aita eta amen (gurasoen) elkarteak, kultura, kirol eta aisialdiko elkarteak, gazteenak, elkarte sindikalak, enpresaburuenak eta profesionalen elkarteak, eta udal mugapean edo haren alde batean diharduten eta bertan egoitza soziala duten antzeko entitate guztiak.

23. artikulua. Inskribatzeko prozedura.

Inskripzioa egin nahi duten herritarren elkarte eta entitateek eskaera aurkeztu beharko dute Zizur Nagusiko Udalaren Erregistro Orokorrean, eta honako agiri hauek erantsi:

1. Elkarteen kasuan:

a) Indarrean dauden estatutuen edo funtzionamendu arauen kopia eta elkartearen eratze dataren ziurtagiria.

b) Elkarteen Erregistro Orokorreko eta bestelako erregistro publikoetako inskripzio zenbakiak.

c) Elkarteetako zuzendaritza karguetan dauden pertsonak izendatzeko onetsi eta batzarretako aktetan jaso ziren erabakien hitzez hitzeko ziurtagiriak, kargudunen izenekin.

d) Elkartearen egoitza soziala.

e) Bazkideen kopuruari buruzko ziurtagiria. Agiri hau urtero berrituko da.

f) Identifikazio Fiskaleko Kodea.

g) Egin beharreko jardueren programa.

2. Herritarren entitateen kasuan, herri baten nortasuna eratzen duten irabazi-asmorik gabeko herritarren elkarteen multzo bat denez gero, honako puntu hauek.

a) Herritarren entitatearen izen ofiziala, helburuak eta egiten dituen jardueren deskribapen laburra azaltzen duen agiria edo ziurtagiria.

b) Egoitza soziala jakinarazpenetarako eta arduradunarekin harremanetan jartzeko datuak.

24. artikulua. Inskribatzeko eskaeraren gaineko ebazpena.

Alkatetzari dagokio inskribatzeko espedienteen gaineko ebazpena ematea, Idazkaritza nagusitik egin beharreko egiaztapenak egin ondoren, eta agindutako agiriekin batera erregistroa eskatzen denetik hasi eta hogeita hamar egun balioduneko epean emango da. Horren ondoren, inskripzio zenbakia jakinaraziko zaio elkarte interesdunari.

Epe hori eteten ahalko da, elkarteari agiri gehiago eskatu behar bazaizkio hasieran aurkeztutakoez gainera. Elkarteak, ematen zaion epean, eskatutako datuak aurkezten ez baditu, inskribatzeko asmoa bertan behera utzi duela ulertuko da.

Arestian aipatutako hogeita hamar egun balioduneko epean elkarte eskatzailearen inskribatzeko eskaerari erantzuten ez bazaio, inskripzioa egintzat joko da, baldin eta elkarteak aurreko artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztuak baditu.

25. artikulua. Interes edo onura publikoaren deklarazioa.

1. Elkarte inskribatuek udalerriaren interes edo onura publikoko elkarte deklaratu ditzatela eskatzen ahalko dute, baldin eta haien xede soziala eta egiten dituzten jarduerak altruistak eta udal eskumenen osagarriak badira. Udalak, osoko bilkuran, erabakiko du deklarazio hori eman edo ukatzea, zerbitzu tekniko eskudunek txostena egin ondoren. Deklarazio hori beharrezkoa izango da ezartzen ahal diren onurak lortzeko dagozkion hitzarmenetan ezarritako araudiaren arabera.

2. Hona elkarteak udalerriaren onura publikokoak deklaratuak izateko prozedura eta tramitaziorako behar diren agiriak:

–Alkatetzari zuzendutako eskaera.

–Izendapen hori onartzeko bidea ematen duren arrazoien azalpena.

–Udalbatzako Idazkaritza Nagusiak luzaturiko ziurtagiria, Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko inskripzio datuak jasotzen dituena.

–Entitateko lehendakari eta idazkariaren zinpeko aitorpena, udalerriaren onura publikoa eskatzeko uneko kide kopurua egiaztatzen duena.

–Eskabidearen aurreko urtean egindako jarduketen edo jardueren memoria.

–Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroko inskripzio zenbakiaren ziurtagiria.

–Espedientea baloratzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein agiri.

26. artikulua. Herritarren elkarte eta entitateen betebeharrak.

1. Herritarren elkarte eta entitate inskribatuek Herritarren Elkarte eta Entitateen Zizur Nagusiko Udal Erregistroan jakinarazi beharko dituzte beren inskripzio datuen aldaketa guztiak, gertatzen diren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

2. Urtean behin, urtarrilean, erregistroa kudeatzeko ardura duen unitateak eskatuta, herritarren elkarte eta entitateek, memoria labur baten bidez, aurreikusten duten urteko jardueren programa aurkeztuko dute.

3. Herritarren elkarte eta entitateek erantzukizuna izango dute udal instalazioen erabilerarengatik eta haietan eragiten ahal dituzten kalteengatik.

4. Betebehar horiek bete ezean, behar den espedientea tramitatu ondoren, herritarren elkarte edo entitatea erregistrotik kentzen ahalko da. Horrek ordenantza honetan jasotako eskubideak galtzea ekarriko du.

II. KAPITULUA

Elkartegintza sustatzea

27. artikulua. Elkartegintza laguntzea.

1. Herritarrek beren herrian duten konpromisoaren adierazpen kolektiboa da elkartegintza, eta haren adierazpen konprometitu eta eraldatzaileenetako bat boluntariotza da. Horregatik, elkarteak sustatzeko politikak jarriko dira abian, udalerriko ehun soziala indartsuagoa izan dadin eta interes orokorreko ekimenak gara daitezen.

2. Alde batera utzita bestelako laguntza neurriak, Udalak, ahal duen heinean, udalerriko lokal publikoak eta beste baliabide batzuk erabiltzen utziko die herritarren elkarte eta entitateei, beren jarduerak berme osoz garatu ahal ditzaten.

Eskaerak idatziz egingo dira eta Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko. Baimena emateko unean kontuan hartuko dira programatutako jarduerak, erabilgarri dauden tokiak, langileak eta ordutegiak, eta eskatutako baliabideak kudeatzeko ardura duten unitateek finkatzen dituzten irizpideak. Era berean, espazio publikoak lagatzeari buruzko ordenantza espezifikoan edo Udalak onesten dituen beste araudi batzuetan ezarritakoa errespetatuko da.

3. Legeek ezarritako esparruan, bereziki gizarte elkarrizketarako egoerarik txarrenean dauden pertsonak eta taldeak (esaterako, etorkinak, emakumeak) elkarteetan biltzea sustatuko du Udalak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra

Ordenantza hau argitaratzen den egunean Zizur Nagusiko udal mugapean jardunean izan eta ordenantza honetan aitortutako eskubideak dituzten herritarren elkarte eta entitateek inskripzioa eskatu beharko dute urtebeteko epean, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.

Epe hori iraganik, inskribatu gabe daudenek ordura arte izandako eskubideak galduko dituzte.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra

Herritarren Partaidetzarako edo bestelako udal kontseiluak sortzen ahalko dira, Udalaren ekimenez edo eremu sektorial nahiz orokorreko herritarren erakundeek eskatuta, beren partaidetza beharren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du hamabost egun iraganik behin betiko onespenaren erabakia eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L1808711