1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
208E/2018 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Martzilla-Caparroso interkonexiorako zuntz optikoaren proiekturako, Martzilla eta Caparrosoko udal-mugarteetan. Sustatzailea Nasertic da.
2018ko apirilaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketaren helburua da AP-15eko 29+400 k.p.an dagoen ordainlekua Caparrosoko NA-5501 errepideko 0+300 k.p.an jarriko den DF kutxatilarekin lotu ahal izateko hoditeria jartzea eta zuntz optikoa hedatzea. Horretarako, lur azpiko hoditeria (10.900 metro) jartzea aurreikusi da, tritubo hormigoiztatua (PEAD 40 mm-ko diametrokoa) duen mikrozanga baten bidez (8 x 40 cm), asfaltatua edo lurrez estalia, igarotzen den lekua nolakoa den, eta loturako kutxatilak jartzea eta kablea erreserbatzea trazadura osoan. Hoditeria zagor-bideetatik, lurrezko bideetatik eta bide zolatuetatik igaroko da.
Espedientean jasota daude Martzillako eta Caparrosoko udalek eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Martzilla-Caparroso interkonexiorako zuntz optikoaren proiekturako, Martzilla eta Caparrosoko udal-mugarteetan. Sustatzailea Nasertic da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
- Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, kultura arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.
- Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.
- Lanak gauzatzeko fasean, abelbidea gurutzatzean, ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako ordezko iraganbide bat prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.
–Hirigintza arlokoak:
- Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal duten edo horren trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Sustatzaileak behar diren baimenak lortu beharko ditu instalazioak Foru Komunitatearen jabetzapeko lurzatietan eragiten dituen ukipenetarako. Baimen horiek Ondare Zerbitzuan tramitatzen dira.
- Trazadura herri-lurretatik igarotzen da eta/edo herri-lurrak ukitzen ditu. Kontuan harturik sustatzailea ez dela herri entitatea bera, obren lizentzia eman aurretik, herri-lurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
- Martzilla-Caparroso proiektuaren jarduketa Zaragoza-Altsasu trenbidearekiko paraleloan eginen da 560 metroz, eta Abiadura Handiko Trenarentzat pentsatuta dagoen trazadura gurutzatuko du; hori dela eta, sustatzaileak behar den baimena lortu beharko du ADIF-engandik.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
3. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Martzillako Udalari, Caparrosoko Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko uztailaren 2an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1808813